2026-01-26
Blog Page 464

Krisi sozial eta ekonomikoari erantzuteko, aurrekontuetan gidoi neoliberala albo batera uzteko deia egin dugu

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek agerraldia egin dute, EAEko aurrekontuen azterketa egiteko. Langile borrokak puri-purian dauden honetan, langileen aldarrikapenek aurrekontuetan ez dutela islarik salatu dute: “Ez dago bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri batera trantsizio bat abiatzeko borondate politikorik”.

EAJ eta PSEk osatutako Gobernuak agindu neoliberalak hitzez hitz beteko dituen aurrekontuak onartuko dituela nabarmendu dugu. Kapitalak ezarri du krisi sistemiko honetatik irteteko gidoia:

-Zorpetzearen alde egin. Zorpetzea zerga politika ukitu gabe, kapital errentak edota irabazi enpresarialak gehiago zergapetzeari uko eginez. Oraingo zorpetzea, etorkizuneko murrizketak.

-Zerbitzu publikoen pribatizazioarekin eta zerbitzu publikoak negozio eremu bilakatzeko politikekin jarraitu.

-Soldatak murriztu eta lan harremanen prekarizazioan sakondu.

-Diru publiko gehiago bideratu esku pribatuetara.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “hauxe da, goitik behera, puntuz puntu, aurrekontu hauetan jasotzen den gidoia. Ez dago bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri batera trantsizio bat abiatzeko borondate politikorik. Lan, pentsio eta bizitza duina ezinezko egiten duten egiturazko arazoei irtenbidea emateko, politika publikoek eskatzen duten norabide aldaketari uko egiten zaio. Hau erabaki politiko bat da, klase enpresarialaren aldeko erabakia”.

Langile aldarrikapenei entzungor egiten zaiela kritikatu du idazkari nagusiak, “inor atzean utziko ez dituen aurrekontuak direla esatea eslogan bat besterik ez da”.

Hain zuzen ere, bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren langileek ez dute behar bezalako aitortzarik. Bizitza sostengatzeko ezinbesteko langileak dira osasun eremukoak, zaintza lanetan ari direnak, garbitzaileak, supermerkatuetako langileak…. Langile hauetako gehien gehienak emakumeak dira, eta langile hauek balkoietako txaloak baino zerbait gehiago merezi dute. Sektore hauetako asko mobilizatzen ari dira, kalean egon dira edo daude, beraien lan baldintzak duinduz zerbitzu hobeak eskaini ahal izateko. Atzo Gizarte Zerbitzuetako greba, bihar Osakidetzan, Gipuzkoako garbitzaileak ere soldata arrakalaren aurka…

Langile hauen egoera hobetzeko neurririk ez dago aurrekontuetan:

-Osakidetzako langileei dagokionez. Kontratazio berriak egiteko, ratioak murrizteko, lehen arreta indartzeko… langileen aldarrikapenak ez daude jasoak. Jaurlaritzak negoziazioa ukatu egiten du. Langileen intereseko gaiak negoziazio mahaiko gai ordenetik kanpo daude, baita aurrekontuetatik kanpo.

-Gizarte zerbitzuetako langileen lan baldintzak hobetu, pribatizatuak izan diren zerbitzuak publifikatu eta agortua dagoen zaintza eredu asistentziala aldatzen hasi eta zaintza sistema publiko bat eratzeko ez dago borondate politikorik, ezta diru partida gehigarririk ere. 

-Sektore prekario eta feminizatuetako lan baldintzak hobetzea edo soldata arrakalarekin amaitzea ez dago agenda politikoan. Langile hauetako asko 1.200 euroko gutxieneko soldataren azpitik ari dira lanean.

Pribatizazioak, merkantilizazioak eta murrizketek, bere horretan

Zerbitzu publikoak indartzeko apusturik ez dago. Covid programan salbuespenez dagoen gehikuntza honek ez ditu aurreko urteetako murrizketak leheneratzen eta urrun geratzen da osasungintzara BPGren %7a edo hezkuntzara %6a bideratzetik. Azken urteetan nagusi izan den pribatitzazio, merkantilizazio eta murrizketa politikari mugarik ez zaio jartzen.

Lan, pentsio eta bizitza duinari dagokienez, urtebete igaro da Greba Orokorra egin genuenetik. Kalera atera ginen, langileon lan eta bizi baldintzen arazoa egiturazkoa dela salatzera. Pandemiak areagotu duen egoera bat da, gainera. Hala, enplegu suntsiketa eta prekarizazioari muga jartzeko gutxieneko soldata edota gutxieneko pentsiorik ez dago. Pobrezia gorantz doaz neurri gabe. Beharrak handituz doaz, eta, prestazio sozialetara bideratzen den diruan, iazko kopuruak igoera hutsala izan du.

Bestalde, ostalaritza, tokiko merkataritza eta COVIDak bereziki kaltetutako sektore ekonomikoak laguntzeko ez da behar adinako esfortzurik egiten. Ematen diren laguntzak motz geratzen dira, eta diru laguntza horiek enpleguarekiko behar adinako konpromisorik ez dute eskatzen.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “eta auzolana bai,  CONFEBASKekin eta hauek ordezkatzen dituzten elite enpresarialen interesekin. Patronalaren eta enpresa handien interesak ondo zaintzen dituzte”.

Zentzu honetan, diru gehiago bildu eta sorturiko aberastasuna hobeto birbanatzeko zerga erreformari ateak itxi zaio. Aldi berean, gero eta diru gehiago jartzen da esku pribatuetan. Kapitalari eginiko transferentzia: partida %8 (774 milioi euro) handitzen da, diru publikoa esku pribatuetan jartzeko, kontrol publikotik kanpo eta inolako baldintzarik gabe, enpleguarekin konpromisorik hartu gabe.

Era berean, diru gehiegi azpiegitura handietara; AHTaren adibidea.

Idazkari nagusiaren arabera, “alderdi sistemikoak eta patronalak osatzen duten binomioa eskuz esku ageri zaigu, eta, gaur gaurkoz, instituzioetan ez dago indar korrelazio nahikorik politika publikoak aldatzeko”. Horren aurrean, lantoki zein kaleak aktibatzen, mobilizatzen, jarraitu beharko dugu. “Erronka handien garaia da eta esfortzu berezi bat egin beharko genuke eraldaketaren aldeko eragileon artean aliantzak eraikitzeko; eredu zaharretik berrira egin beharreko trantsizio horrek eskatzen dituen akordio sozialak eraikitzeko”, aldarrikatu du Garbiñe Aranburuk.

 

Garbiñe Aranburu: “Sistema osoa dago auzitan”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako “Egun on Euskadi” saioan izan da, egunerokotasuneko gaiei buruz hitz egiteko. Besteak beste, txertaketarekin izandako polemikari buruz galdetu diote, LABek epaitegietan jarritako salaketaren harira. Osakidetzako EPE-arekin izandako irregulartasunak ekarri ditu gogora, hau ere auzibidean dagoena; hala, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzarekiko mesfidati egoteko arrazoiak badaudela esan du, eta mesfidantza horretan kokatu du epaitegietara jo izanak.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “sistema osoa dago auzitan, goi karguen antolaketa nola dagoen eraikita dago auzitan, eta argibideak nahi ditugu”. Iñigo Urkullu lehendakariaren azalpenei buruz, adierazi du, sakoneko egiturazko arazoan begirada jarri ordez, jo puntuan dauden Osakidetzako bi arduradun horietara mugatu duela kritika, erantzukizun politikorik onartu gabe.

Osakidetzaren haritik tira, urtarrilaren 28rako deitutako greba ere izan dute hizpide elkarrizketan. Zentzu honetan, LABeko idazkari nagusiak Osasun Sailaren jarrera salatu du. Negoziatzeko borondate errealik ez dagoela esan du, eta zailtasun asko aurkitu dituztela langileen aldarriak negoziazio mahaian kokatzeko eta eztabaidatzeko, eskaerak guztiz zilegiak direnean, are eta gehiago egungo egoeran, gauzatutako murrizketek hutsuneak agerian utzi dituztenean. Arazoa egiturazkoa dela azpimarratu du, eta zaintza arloan asteartean egindako greban ere hori salatu genuela aipatu du.

Hain zuzen ere, behar sozialak areagotu diren momentu honetan, pandemiak bizitzen ari ginen krisi ekonomiko eta soziala areagotu duenean, Eusko Jaurlaritzak ez duela sakoneko aldaketa eta erabakirik hartu kritikatu du, aurrekontuekin ikusi ahal izan den bezala.

Igorreko langileek Kelvionek Arratiako lantegia ez ixtea lortu dute

Enpresa batzordearen oharra:

Kelvion Thermal Solutions S.A.U. enpresak Igorren du lantegi nagusia, 73 langilerekin. Lantegi horretazgain, Kelvion multinazionalaren filialak beste lantegi bat du Kantabrian eta bulego tekniko bat Madrilen.Igorreko enpresa-batzordea LABeko 3 ordezkarik eta ELAko 2 ordezkarik osatzen dute.

Azaroaren 5ean, Kelvion enpresako zuzendaritzak Igorreko lantegia ixteko eta langile guztiak kaleratzekoerabakiaren berri eman zuen. Itxiera hori iraungitzeko enplegu-erregulazioko espediente baten bidezartikulatzen da hiru lantegietako langile guztientzat. Gea Kelvion Igorreko langileek, enpresa batzordeaburu zutela, erabaki horri aurre egitea erabaki zuten, Igorreko fabrikaren itxiera saihesteko. KelvionIgorreko langileek greba mugagabea eta mobilizazio ezberdinak egin zituzten, tartean, Igorreko herriosorako ordubeteko lanuztea. Erakunde publikoak interpelatu dira, bereziki Eusko Jaurlaritzako IndustriaSaila.

Lan-erregulazioko txostena Kantabriako eta Madrilgo ordezkarien akordioarekin amaitu zen. Kelvion etaordezkaritza batzordearen gehiengoaren arteko akordioak, Kelvion enpresako zuzendaritza langile guztiakkaleratzeko gaitzen zuena, Igorreko fabrikako 73 langileak barne. Igorreko enpresa-batzordeak ez zuenakordio hori onartu, eta ez zuen enplegu-erregulazioko espedientea sinatu.

Abenduaren 23an egindako batzarrean, Igorreko langileek enplegu-erregulazioko txostena errefusatu zuen,eta borrokan jarraitzea erabaki zuten, helburu bakar batekin: Igorreko lantegia irekita mantentzea. Igorrekolangileen irmotasunak lantegiaren itxieraren aurka, Kelvion enpresako zuzendaritza negoziatzera behartudu, zuzendaritzak Igorreko lantegia ixteko alternatibak kontuan izan ditzan. Eta, azkenik, akordio bat eginda. Akordio hori itxieraren alternatiba da.

Lortutako akordioak gutxienez 43 lanposturi eusten dio, eta proiektuari gutxienez 4 urtez eustekokonpromisoa hartzen du. Igorreko langileek, trukean, urte hauetan zehar izan dituzten onura sozialetakobatzuk galduko dituzte. Eta aurre-erretiroak erraztuko dira. Orain enpresatik ateratzen diren langileekurtean 30 eguneko kalte-ordaina jasoko dute, gehienez 18 hileko soldatarekin, 50.000 euroko mugalinealarekin edo bidegabeagatiko kalte-ordainari dagokion kopuruarekin. Langile horiek lan-poltsa bateansartuko dira, eta enpresak poltsa hori erabili beharko du aldi baterako edo mugagabeko edozein eskulanbehar izanez gero.

Gure fabrika ez ixtea lortu dugu. Eta horregatik balio handia ematen diogu gure borrokarekin lortutakofruituari. Azken minutura arte borrokatu gara. Amore eman gabe. Unerik gogorrenetan ere, enpresak lan-erregulazioko txostena onartu eta Kantabriako eta Madrilgo sindikatuen ordezkariek sinatu zutenean,borrokan jarraitu dugu. Denen aurka eta guztiaren aurka. Multinazionalek deslokalizatzea, kaleratzea etalantokiak ixtea ahalbidetzen eta bermatzen duen legediaren aurka. Langileen eskubideak benetanerrespetatuko direla bermatzeko ezer egiten ez duten erakunde publikoen aurka.

Horregatik guztiagatik, gure eskerrik beroenak Arratiako gizarteari. Igorreko herriari bereziki. Udal-erakundeei, erakutsitako babes eta elkartasunagatik. Gea Kelvion Igorre ez ixtea herri oso baten eta bereeskualdearen batasunaren eta elkartasunaren garaipena da. Arratiak etorkizun hobea merezi du eta denonartean lor dezakegu. Borrokan jarraituko dugu, ez bakarrik egungo enpleguari eusteko, baita suntsitutakoenplegua berreskuratzeko ere. Elkarrekin egingo dugu, sindikatuen antolaketarekin eta mobilizaziosozialarekin.

Salaketa jarri dugu Bilbo-Basurtu eta Santa Marina ESIko kudeatzaile ohien aurka, txertaketa irregularra egiteagatik

LAB sindikatuak salaketa aurkeztu du gaur bertan Bilboko goardiako epaitegietan, Santa Marina Ospitaleko eta Bilbo-Basurtu ESIko gerente ohiek egindako txertaketa irregularraren harira. Gure ustez, gertaera honek, oraingoz bi kargu horietara mugatuta dagoena baina txertaketa irregularreko beste kasu batzuei buruzko informazioa ezagutzen dugun heinean zabaldu daitekeena, erantzukizun pertsonalak eta politikoak ez ezik, penalak ere badakartza.

Zehatzago esanda, eta aurkeztutako salaketan adierazten dugun bezala, honako delituen aurrean egon gintezke:

– Ondasun publikoen administrazio desleiala.

– Bidegabeko jabetza.

– Langileen eskubideen aurkako ekimena.

– Prebarikazioa.

– Eragin-trafikoa.

– Bidegabeko erabiltzea.

– Funtzionario-eroskeria pasibo desegokia.

Adierazi nahi dugu, halaber, lan-eskaintza publikoko azterketetako filtrazioen esperientzia ikusita, ez dugula inolako konfidantzarik Osakidetzak edo Osasun Sailak egin ditzaketen barne-ikerketetan. Horregatik, iruzurrezko lan-eskaintza publikoekin egin dugun bezala, justiziara jo beharra ikusi dugu gertatutakoa argitzeko eta era guztietako erantzukizunak argitzeko modu bakar gisa.

Zentzu horretan, LABek dimisioetatik haratago joatea eskatzen du. Ikerketa inpartzial bat eskatzen dugu, gertaerak nola gertatu diren argitzeko, mota guztietako erantzukizunak argitzeko eta praktika hori beste ESI batzuetan gertatu den eta hori egin behar ez zuten pertsonak txertatu diren argitzeko, beren boterea edo kargua baliatuta. Euren ekimenaz COVIDen aurko lehenengo lerroan aritzen diren langileak kaltetu dituzte, kontuan hartuta gaur egun dagoen txerto eskasia.

Gaur egun, inoiz baino nabarmenago geratzen da Osakidetza goitik behera demokratizatzeko eta gure osasun-sistema publikoaz eta milaka langileen osasunaz benetan arduratuko diren buruzagitzez hornitzeko premia larria. Buruzagi eta arduradun ez-ustelak, protokoloak eta araudiak alde batera utzi gabe beren probetxurako jokatzen ez dutenak, eta orain arte ezagutu dugun zigorgabetasunarekin jardungo ez duten buruzagitzak, alegia.

LABetik, EPEen kasuan herri-akusazio gisa egiten ari garen bezala, honetan ere azken ondorioetaraino joateko asmoa dugu, delituzkoak izan daitezkeen jarduera irregular eta ustel horien guztien salaketan.

Zaintza lanen aitortza politiko, ekonomiko eta soziala aldarrikatu dugu Gasteizen, Bilbon eta Donostian

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek egindako lehen greba eguna dela-eta, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleak hartu ditugu, “Zaintza lanak aitortu orain!” leloarekin, zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren defentsan. Pikete Feminista goizean goiz mobilizatu da, zaintzakoa sektore feminizatu eta, ondorioz, prekarizatua dela salatzeko; ondoren, manifestazio bateratuak egin ditugu sindikatuok hiriburuetan, bakoitzak bere zutabe propioarekin.

Bilboko mobilizazioan izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, eta adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean: “Zaintza sistema publiko bat eraikitzeko urratsak eman behar ditugu, eta, horretan, lehenik eta behin, zaintza lanen aitortza politiko, ekonomiko eta soziala egitea beharrezkoa da. Aitortza hori lan baldintzetara eraman behar da; kontratazioak handituz, ratioak murriztuz eta soldatak hobetuz. Bestalde, salatzen dugu zaintza ezin dela negozio iturri izan, zaintza ezin da merkantilizazioaren eta pribatizazioaren menpe egon. Zentzu honetan, behar beharrezkoa da publifikazio plan bat egitea”.

Bilbon, etxeko langileek bat egin dute gure zutabearekin.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “eredu asistentzialaren aldaketa beharrezkoa dela ikusi dugu egungo testuinguruan, eta aldaketa horretarako iruditzen zaigu adostasun soziala, eztabaida soziala, gauzatu behar dela; horretan, langileok eta sindikatuok parte hartu behar dugu, baita erabiltzaileek eta senitartekoek ere”.

Idazkari nagusiaren arabera, “pandemia gogorra izaten ari da langileentzat, baina indarberrituta daude zaintza sistema publikoaren borrokan jarraitzeko. Dena den, jendarte bezala, denok egin behar dugu gogoeta eta ekarpena beste zaintza eredu baten alde urratsak emateko, guztiok gure bizitzaren etaparen batean zainduak izateko behar hori izango dugulako”.

Gasteizko manifestazioa.

Azkenik, Garbiñe Aranburuk Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du: “Aurrekontuetan langileen aldarrikapen bakar bat ere ez da kontutan hartzen. Berriro ere, Jaurlaritzak esaten digu zaintza lanak emakumeek sostengatu behar dituztela eta modu prekarioan izan behar duela”.

Zaintza arloaren funtsezko eginkizuna aldarrikatu du Pikete Feministak, greba eguneko mobilizazio nagusien atarian

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek greba eguna dute, urtarrilaren 26aren etorrerarekin. Sektore feminizatu eta, ondorioz, prekarizatua da; eta horixe salatu dugu Pikete Feministaren bitartez, goizean goizetik, Bilboko udaletxearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eta barruan. Hala, eskuorriak banatzen eta informatzen ibili gara. Izan ere, egungo testuinguruak inflexio-puntua izan behar du langileek eta erabiltzaileek beste gizarte eta zaintza zerbitzuen eredu bateranzko bidea egiteko.

Hain zuzen ere, nabarmen hobetu behar dira langileen lan baldintzak zaintza arloan, eta merezi duen bezala konpentsatu behar da nagusiki feminizatuta dagoen sektore honek betetzen duen funtsezko eginkizuna. Hori aldarrikatu dugu goizeko mobilizazio nagusien aurretik.

Urtarrilaren 26ko mobilizazio bateratuak: Gasteiz, Andra Mari Zuriaren plaza (11:30); Bilbo, Plaza Eliptikoa (11:30); Donostia, Bulebarra (11:30). Zutabeak irtengo dira aurretik.

Datorren larunbatean mobilizatzeko deia egin dugu, Arabako enpleguaren defentsan

Azken hilabete hauetan, enpresa eta sektore asko atera gara kalera kaleratzeak, ABEEEak, eskubideen murrizketa, zainketen merkantilizazioa, itxiera behartuak, zerbitzu publikoen murrizketak, kontrataziorik eza eta abar salatzeko.

Kalera atera garenean, ehunka lagunen elkartasuna eta babesa ikusi dugu. Etengabeko borroka horren ondorioz, jakin dugu gaur egungo egoerak, norbanakoaren edo sektore jakin baten arazoa izatetik urrun, lantokiak gainditzen dituela eta herritar guztiei eragiten diela.

Ezin dugu beste alde batera begiratu, inor ez baitago salbu; enplegu duinaren aurkako eraso sistematiko horrek edonori eragin diezaioke.

Ezin dugu esan milaka langileren urteetako ahalegina arriskuan jartzen denik, administrazioak pandemiaren kudeaketan egiten dituen akatsen erantzule egiten dituenik.

Ezin gara geldirik egon, langabeziak eta egungo enplegu prekarioak gazteei, emakumeei, pertsona arrazializatuei eta lan egiteko adinean daudenei eragiten dielako, baina etorkizuneko pentsioei ere eragiten die, eta pentsiodunen kolektiboak aspalditik salatu du hori.

Ezin dugu alde batera utzi gure ekoizpen-sarea desegin eta administrazioetatik diru-laguntzak eta laguntzak jasotzen dituztenek eskubideak deuseztatzen dituzten bitartean. Horregatik, borroka eta aldarrikapena bidea elkarrekin eginez hazten eta indartzen dira.

Eta horixe da, hain zuzen ere, enpresa-batzorde, sektore eta kolektibo horiek proposatzen dutena: edozein arrazoirengatik enplegu duinarekin konprometitutako egoera bizi duten enpresa eta sektore guztien manifestazio bateratua, globala eta plurala. Deialdi hori eragindako enpresa eta sektoreei helaraziko diegu, beren egin eta bertan parte har dezaten. Era berean, deialdi bateratu horretatik, herritarrak mobilizazio horretan parte hartzea nahi dugu, eta erantzun sozial bateratu eta masibo bat bihurtzea.

Araban enplegu duina defendatzea, gizarte-eskubideetan, zaintzan, zerbitzu publikoetan eta abarretan dituen ondorioekin, gizarte osoak inplikatu behar duen eta administrazioek ozen eta argi entzun behar duten aldarrikapena da.

Datorren larunbatean, urtarrilaren 30ean, egingo da “Araba enpleguaren defentsan” manifestazioa, Aernnova, SDA, Laminaciones Arregui eta Alestis-eko enpresa-batzordeek eta Pentsionistak Araba, kirol jardueretako langileak, SOS Ostalaritza eta GPSk deituta. 17:00etan hasiko da Bilbo plazatik.

ELAk, CCOOk eta UGTk berriro soldatak izoztera eraman dituzte Bizkaiko kolektibitateetako eta ostalaritzako langileak

ELAk, CCOOk eta UGT sindikatuek 6 hilabeteko luzapena sinatu dute Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenean, soldata igoerarik eta hobekuntzarik gabe.

Joan den urrian, Bizkaiko Ostalaritzako patronalak Bizkaiko Ostalaritzako hitzarmen berri baterako negoziazio-mahaia irekitzeko eskatu zuen, hitzarmenaren indarraldia abenduaren 31n amaitzen baitzen.

Patronalak ez du inoiz hitzarmen berri bat negoziatzeko asmorik izan, egungo 6 hilabeteko luzapena sinatzea baizik, soldatak izoztuta eta hobekuntzarik gabe, eta horrela izan da ELA, CCOO eta UGTren sinadurari “esker”.

Gainera, patronalak mehatxu gisa erabili zuen EAEko ostalaritzako esparru-akordioa ez berritzea. Akordio hori berez luzatu zen, aldeetako batek ere ez baitzuen salatu.

LAB sindikatuak ez zuen Bizkaiko ostalaritzako aurreko hitzarmena sinatu, eta oraingoan luzapena ere ez. ELAk, CCOOk eta UGTk berriro soldatak izoztera eraman dituzte kolektibitateetako eta, oro har, ostalaritzako langileak, inolako hobekuntzarik gabe; azken finean, prekarietate handiagora.

Negoziazio-mahaian adierazi genuen beharrezkoa dela mahai bat irekitzea EAEn kolektibitateen hitzarmen bat negoziatzeko, baina ELAk eta CCOOk ez zuten ezer aipatu. Ez da ahaztu behar kolektibitateetako sektoreko gehienak emakumeak direla, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituztela, eta sektorearen zati handi bat martxotik egon dela ERTEn, eta gaur egun horietako askok egoera horretan jarraitzen dutela (enpresa-jantokiak, sukalde zentralak, administrazioa, etab.).

Abenduan CCOOk eta UGTk kolektibitateetako hitzarmen estatala sinatu zuten Madrilen, 2020 eta 2021erako soldatak izoztuta. Bizkaian gauza bera egin dute, baina oraingoan ELA sindikatuarekin batera.

Eta amaitzeko, dei egiten diogu euskal gehiengo sindikalari eta, bereziki, kolektibitateetako patronalari, EAE mailako kolektibitateetako hitzarmen baterako mahai baten irekiera negoziatzera eser daitezen.

Haurreskolak Partzuergoko langileen grebak jarraipen handia izan du berriz ere

2020ko abenduan bezala, 2021. urte-hasiera honetan LAB, STEILAS  eta ELA sindikatuok deituriko greba-deialdiarekin bat egin dute Haurreskolak Partzuergoko langileek. EAEko Lan Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoek, eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi eta %65eko jarraipena izan du gaurko grebak.  Horretaz gainera, asko dira familiek eta hezkuntza-komunitateek helarazi diguten langileekiko  eta haurreskolen proiektuarekiko atxikimendu-erakusketak.

Hurrengo asteazkenean, hilak 27, laugarren greba-eguna egingo dugu, eta mobilizazio batera deitu dugu Lakuako atarian, 11:30ean. Egoera konpondu ezean, prentsa-aurrekoan iragarri genuen bezala, greba eta mobilizazioekin jarraituko dugu otsailaren 22, 23 eta 24an, honako eskaera hauen defentsan:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea. 
  • Aurrekontua handitzea.

Eskertu nahi diegu, oztopo guztien gainetik, mobilizazioetan parte hartu duten edo/eta beren sustengoa adierazi diguten langile, familia eta udalei. Era berean, gogorarazi nahi dugu 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugula eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugula LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok.