2026-01-25
Blog Page 461

Enplegu suntsiketak gehiago zigortu ditu gazteak, berriro

Urtearen hasierak osasun-krisiaren larritzearekin eta hirugarren olatuaren eraginarekin bat egin du, eta, ondorioz, murrizketa berriak eta enplegu-suntsiketa handiagoak izan dira.

Enplegu Zerbitzu Publikoen arabera, urtarrilean 2.578 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, gehiengoa emakumeak. Hala ere, datu horiek ez dute zehatz-mehatz islatzen Gabonen ostean gertatutako lan- suntsiketaren tamaina.

Izan ere, Gizarte Segurantzaren hileko balantzearen arabera, 10.925 lanpostu galdu dira hilabete bakarrean. Ondorio hori ateratzen da, behintzat, sisteman afiliatutako pertsonen kopuruaren bilakaeratik.

Bestalde, urtetik urterako datuei erreparatuta, duela urtebete baino 20.934 pertsona gehiago daude langabezian (afiliazio-jaitsieraren antzekoa).

Gainera, enplegua suntsitzeak gehiago zigortzen ditu gazteak; izan ere, kolektibo hori aldi baterako lan-harreman oso prekarioen eraginpean dago bereziki. Zehazki, langabezian dauden gazteen kopuruak %37 egin du gora.

Kutsatzeak behar bezala ez kontrolatzearen ondorioz susperraldia atzeratzen ari da eta krisialditik goiz ateratzeko aukera kolokan jartzen. Gainera, larrialdia luzatu ahala, etsipena, axolagabekeria eta elkartasunik ezean bilaka daiteke.

Joera arriskutsu hori zabaldu eta nagusitzea saihestu nahi badugu, babes sozialeko sistemak indartzea ezinbesteko zaigu langabeziaren eta desberdintasunen igoeraren aurrean. Ez da pobreziaren aurkako borrokan ahaleginak murrizteko unea.

Zutabe soziala indartzea konponbidearen funtsezko eta ezinbesteko zatia da; hala ere, ez da nahikoa izango, gero eta enpresa gehiagok bizi duten finantza-egoeraren pixkanakako narriaduraren aurrean.

Krisiaren luzapenak likidezia arazoak behin betiko kaudimen gabezia bihurtzearekin mehatxatzen du, batez ere krisiak gehien kaltetu dituen eta “finantza muskulu” txikiagoa duten enpresentzat.

Alde horretatik, komeni da gogoraraztea enpleguaren %80 baino gehiago mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan biltzen dela. Eta badakigu ekoizpen-sarea gero eta gehiago suntsituz gero berehala kaleratze ugari izango direla.

Nafarroako helduen egoitzetarako hitzarmen baten aldeko kanpaina hasi dugu, eta otsailaren 27an mobilizazio bat egingo dugu Iruñean

Orain arte Estatuko hitzarmen batek araututako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena lortu ondoren, LAB sindikatuak helburutzat jarri du adinekoen egoitzen Nafarroako lehen hitzarmena sortzea. Sektore hori erabat feminizaturik dago, eta oso egoera larria du pribatizazioaren, prekarizazioaren eta bitartekoen faltaren ondorioz. Beraz, aipaturiko helburu hori lortzeko, LAB sindikatuekin, egoitzetako erabiltzaileekin eta familiakoekin jarriko da harremanetan, baita Nafarroako Gobernuarekin ere; eta mobilizazio bat eginen du Iruñean otsailaren 27an.

Nahiz eta hitzarmen berriak sortzea ez den batere ohikoa -Nafarroan hiru sortu dira azken hogei urtean-, LABek uste du zahar egoitzetan bizi den egoera larriak eta Esku-hartze Sozialeko hitzarmen sortu berriaren bultzadak beharrezko eta posible egiten dutela erronka honi heltzea.

Nafarroako zahar egoitzetako langile gehienak emakumeak dira eta egoitzen egoera oso larria da pribatizazioaren, prekarizazioaren eta baliabide faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du erakundeek zenbateko utzikeria daukaten zaintzen esparruan; funtsezko esparrua izaki, berrantolatu eta lehentasuna eman behar zaio. Nafarroako gizartearentzat erronka estrategikoa da zaintza-sistema publiko komunitario bat sortzea, esparru sindikalak, mugimendu feministak eta pentsiodunen mugimenduak sarritan eskatu dutena.

Hitzarmenak bi urrats garrantzitsu ekarriko lituzke. Alde batetik, negoziazio-eremu hori Nafarroara ekarriko litzateke, eta, beraz, egoitzetako langileek eta haien ordezkariek lan-baldintzen erregulazioan zuzenean parte hartzeko eskubidea irabaziko lukete. Beste aldetik, sektoreko lan-baldintzak nabarmen hobetuko lirateke, Esku-hartze Sozialean gertatu den bezala. Bi urrats horiek eskutik doazela frogatu da: lan-baldintzen estatalizazioa prekarizatzeko bide bat da, eta, aldiz, negoziazio kolektiboko esparru propio batean aurrera egitea lanbidea duintzeko aukera paregabea da.

Oso adierazgarria da alderatzea, batetik, hirugarren adinekoen egoitzetan estatuko hitzarmenarekin lan egiten duten langileen lan-baldintzak, eta bestetik, desgaitasuna duten pertsonak artatzeko zentroetan Nafarroako hitzarmen berrituarekin lanean ari direnenak. Bi eremu horietan ezaugarri bertsuko lana egiten da, baina aldeak nabarmenak dira: esaterako, 11 urteko antzinatasuna duen adinekoen egoitzetako zaintzaile batek 653,13 € gutxiago kobratuko lituzke eta 32 egun gehiago egingo lituzke desgaitasuna duten pertsonentzako zentro bateko zaintzaile batek baino.

Gure iritziz, hirugarren adinekoen egoitzen hitzarmen probintziala Nafarroako egoitzetan bizi den egoera larriari aurre egiteko beharrezko hiru neurri estrukturaletako bat da. Beste neurri bat litzateke ratioen legea, lan-kargak benetan arinduko dituena eta egoiliarrek jasotzen duten arreta hobetuko duena; eta hirugarren neurria litzateke publikotasun-plan bat, gaur egun Nafarroako Gobernuak zuzenean adinekoentzako 2 egoitza bakarrik kudeatzen baititu: Iruñeko El Vergel eta Lizarrako Santo Domingo; bien bitartean, ordea, plazak kontzertatzen ditu 42 egoitza eta eguneko zentrotan, gehienak kudeaketa pribatukoak.

LABek informazio-kanpaina bat eginen du Nafarroako egoitzetan, eta, horren ostean, mobilizazio bat Iruñean, otsailaren 27an. Era berean, LABeko kideok harremanetan jarriko gara sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiekin, erabiltzaile eta senideekin eta Nafarroako Gobernuarekin, legegintzaldi honetan Nafarroako zahar egoitzen hitzarmena sortzea ahalbidetuko duten akordioak bilatzeko.

LABen iritziz, funtsezko zerbitzu publikoa denez eta zati batean Nafarroako Gobernuak hitzartua denez, Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak zuzenean inplikatu behar dute egoitzen hitzarmena lortzeko; horrela jokatu zuten Esku-hartze Sozialeko hitzarmena sortzeko prozesuan eta desgaitasuna artatzeko zentroen hitzarmena berritzeko prozesuan.

Laudion, Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan egondako lan-istripu larria salatu nahi dugu

LAB sindikatuak Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan egondako lan-istripu larria salatu nahi du. Atzo jakin genuen ostiralean langile bati bihotzekoak eman ziola. Larri dagoen langileari elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu. Laudioko ikastetxe publikoan gertatu da. Ez zaigu ahaztu behar, besteak bete, asteburuan beste lan-istripua egon dela Derioko GUFEko egoitza batean, non langilea bihotzekoa jota hil egin den.

LABek aspalditik salatzen ari da kolektibo honen egoera, non langileen %68 behin-behinekoa da (administrazioko kopururik altuena), langileek ez dituzte haien funtzioak zehaztuta, ordezkapenak ez dira betetzen, ratioak kontuan izanda laguntza kontratuak ez dira izendatzen eta covid-19ko errefortzuak ez dira kontratatzen hainbat ikastetxeetan, lan-zama gero eta handiago da,…

Azken urteetan, kolektibo honetan ari diren langileen kasuan hainbat gaixotasun profesional suertatzen ari dira eta baita, lan-istripuak. Lanpostu arriskutsuak direla esan dezakegu.

LABek kolektibo honen lanpostu guztien balorazioa eskatzen du, arriskuak ezagutu eta aztertu daitezen eta langileen osasun zaintza berma dezatela exijitzen du. Negoziazio kolektibo zintzo baten bidez arazoa ondo bideratu daiteke, langile guztientzako irtenbide egokia bilatuz. Kontsolidazio prozesuak behar dira eta egiteko lege propioa behar da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzunez.

Tubacexeko langileen enpleguaren aldeko borroka babestu eta bultzatuko dugu

Tubacexek Laudioko eta Amurrioko lantegietarako ABEEE bat eta EEE berri bat aurkeztu direla formalki jakinarazi ondoren, LABek honako hau adierazi nahi du:

– Lehenik eta behin, Laudioko eta Amurrioko lantegietarako Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurkeztu izanaren iragarpenak, ezustekoa izan ez arren, sumindu egiten gaitu.

-Sistema kapitalistak, erakundeak kapitalarentzat lanean ari direla, Tubacex bezalako enpresei enplegua suntsitzeko aukera ematen die, administrazio-kontseilu baten diru-goseagatik; izan ere, kontseilu horrek orain arte irabazi duten diru bera edo gehiago irabazten jarraitu nahi du langileen kontura. Beraz, argi eta garbi esan behar da inposatu nahi dituzten kaleratzeak eta prekarizazioa ez direla enpresaren biziraupena eta enplegua bermatzeko.

– Azken ABEEE aurkeztuta, Tubacexek lortu nahi izan duen gauza bakarra atzoko eguna antzezteko eta iragarritakoa prestatzeko behar adina denbora irabaztea da. Horretarako, zalantzarik gabe, bere langileen langabezia eta diru publikoa erabili ditu bere estrategia finantzatzeko.

– LABek Tubacexeko langileek enpleguaren defentsan hasiko duten borroka babestu eta bultzatuko du. Era berean, erantzun eta borroka hori eskualdeko sektore guztietatik etor dadin lan egingo dugu, Tubacexeko lanpostuen etorkizuna ez ezik, Aiaraldeko enpleguaren eta ekonomiaren etorkizuna ere jokoan baitago.

PCBko langileen kontra Ertzaintzak egindako kargan jipoitutako langile guztiei gure babes eta elkartasuna erakusten dizkiegu

Gogoratu nahi dugu atzo bizi izan zen egoera ez dela berria. Eraso hauek duela bi astetik ari dira ematen. Egunero, polizia indarren neurriz kanpoko indarkeria ari dira jasaten jangileak. Erabat gaitzesgarri eta tamalgarria iruditzen zaigu PCBren jabe den ITP taldeak, 90 langileren kaleratzearekin, sortu duen gatazkaren aurrean Eusko Jaurlaritzak ematen duen irtebide bakarra.

Industria Sailak, uko egin zion langileen ordezkaritza sindikalarekin batzartzeari urtarrilaren 29rako aurreikusitako bilera baino ordu batzuk lehenago, pikete informatiboen indarkeria argudiatuz. Hala ere, atzo argi ikusi ahal izan genuen goizero PCBko atarian erabiltzen den indarkeria bakarra Ertzaintzarena dela.

LABetik, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu behingoz gatazka honetan parte har dezan, egin dezala PCBko langileen eta euren bidezko aldarrikapenen alde, eta irakur dezala itxiera EEEa modu serioan auzitan jartzen duen laneko agintearen txostena. Arantza Tapiak “lanerako eskubidea ez errespetatzea” leporatzen die PCBko piketeei. Tapia anderea, non dago miseriara kondenatutako 90 familia horien lanerako eskubidea?

Amaitzeko, balioa eman nahi diogu PCBko langileen borroka eta duintasun eredugarriari. Eskrupulorik gabeko multinazional baten aurka borrokan jarraitzen dute, milioitako irabaziak dituena eta diru publikoa jaso izan duena, oraingoa bezalako krisi koiuntural batengatik langileen %20a kaleratu nahi duena.

PCBko langileak ez daude bakarrik borrokan, herria dute euren ondoan.

Tuterako Reina SofĂ­a ospitaleko aldageletan ez dira gutxieneko baldintzak betetzen

LABek jendaurrean salatu nahi du Ospitaleko aldagelen egoera, ez baitituzte gutxieneko baldintzak betetzen, ez espazioari dagokionez, ez azpiegiturei dagokienez. Hori dela eta, profesionalek, behin baino gehiagotan, komunetara joan behar izaten dute arropaz aldatzeko. Egoera, gutxienez, danteskoa dela esan daiteke.

Tuterako Reina SofĂ­a ospitaleko profesionalek aldageletara sartzen diren bakoitzean bizi duten egoera tamalgarria da: ez dago armairu nahikorik langile guztientzat, eserleku gutxi daude, ez dago espazio nahikorik gutxieneko baldintzetan arropaz aldatzeko… Eta horri guztiari gehitu behar zaio txanda-aldaketak egiten diren orduetan langile asko pilatzen direla. Arazo horren aurrean, Gerentziari okurritu zaion “konponbidea” izan da armairu bikoitzak jartzea. Horrela, lehengo armairuen tamaina erdira murriztu dute, eta, horrekin batera, langileen arteko segurtasun-tartea ere murriztu dute: espazio berean langile kopuru bikoitza sartzea nahi dute.

Bestalde, kartel baten bidez, Gerentziak zenbait gomendio helarazi dizkie langileei korridoreak behar bezala erabiltzeko. Horietako gomendio bat erabat harrigarria da: korridore bakoitzean bost pertsona baino gehiago ez egotea aldi berean. Txanda aldaketak egiten diren orduetan, hori betetzea erabat ezinezkoa da.

Horri guztiari gehitu behar zaio, armairu nahikorik ez dagoenez, langileek batzuetan armairua konpartitu behar izaten dutela. Gaur egungo egoeran, jokabide hori ez da batere gomendagarria, kutsatzeak saihestu nahi baditugu.

Azken batean, egoera normal batean ere gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten aldagelak dira Reina SofĂ­a ospitalekoak. Eta jasaten ari garen salbuespenezko egoera pandemiko batean, zer esanik ez! Arazoa lehenbailehen konpondu beharra dago. Ospitaleko gerentziak konponbide integral bat bilatu beharra du, baina, betiere, langileen osasun baldintzei behar bezalako garrantzia emanez eta baldintza horiek bermatzeko behar diren azpiegiturak jarriz.

Horregatik, idazki honen bidez, LABek jendaurrean salatu nahi ditu Tuterako ospitaleko zuzendaritzak gai hau gainetik kentzeko erabiltzen dituen “adabakiak”. Ezarri dituzten neurriak erdipurdiko konponbideak baino ez dira, osasungarritasuneko eta arriskuen prebentzioko gutxieneko baldintzak ere errespetatzen ez dituztenak. Eta larriagoa dena: profesionalak kutsatze-arrisku egoera handiago batean jartzen dituzte.

Administrazio publikoetako behin-behinekotasunaren iruzurra bideratzeko proposamena aurkeztu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Sindikatuok Gasteizko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean agerraldiak egin ditugu enplegu publikoaren diagnostikoei eta erronkei buruz. LABen Zerbitzu Publikoen Federazioko Gorka Berasategi eta Jon Otegik hartu dute parte agerraldian, eta, enplegu publikoaren eta kontratazioetan ematen diren iruzurren testuingurua azaltzeaz gain, bai Legebiltzarrak zein Eusko Jaurlaritzak dituzten eskumenak baliatuz negoziazio kolektibo zintzo baten bidez arazoa ondo bideratu daitekeela azaldu dugu. Parlamentarien kezkei erantzunez, negoziazio kolektibo ezagatik eta Jaurlaritzaren borondate faltagatik langile guztientzako irtenbide egokia greba eta mobilizazioen bidez borrokatu beharko dela argitu dute ere.

Testuinguruaren laburpen bat egitearren: 50.000 langile baino gehiago behin-behinekotasunean, iruzurra eta abusua eman da; administrazio batzuetan 20 urte baino gehiago lanpostu deialdirik gabe; 20.000 lanpostutik gora Lanpostu Zerrendetatik kanpo, administrazioek lotsagabeki onartuta; lanpostu guztiak ez dira betetzen; lan zamak eta ratioak jasanezinak; inposizioak, negoziazio kolektiboa ukatuta, aurrekontu neoliberalak, lege murriztaileak eta agintarien borondate falta…

LABek proposatzen duena kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzutearren. Hain zuzen ere, tresna legal ezberdinak barnebilduko dituen lege bat sortzea, gero administrazio bakoitzean bere errealitatea kontuan hartuta negoziazio kolektiboaren bidez erantzuteko. Iruzurrean dauden lanpostuak eta ratioak eta lan zamak behar bezala zainduta, behar direnak azalarazi eta deialdi egokiak egin. Murrizketak atzera bota, aurre-erretiroaren saria berreskuratzea kasu, eta oinarrizko zerbitzu publikoetan egin beharreko inbertsioa handitu eta babestu.

Azken finean, LABen betidanik aldarrikatu izan badugu ere, kalitateko zerbitzu publikoak bermatzeko kalitateko enplegu publikoa ezinbestekoa dela are argiago utzi du pandemiak eta Jaurlaritzaren kudeaketa negargarriak. Estatutik datozen inposizioen aurretik, parlamentuak bere ahalmen legegile osoa erabili eta Jaurlaritzaren norabidea aldarazi ahal eta behar du. Eta hori lortzeko langileok mobilizazioa dugu tresna.

EITB Mediako lan-gatazka kolektiboak Auzitegi Nazionalera bideratuko ditu zuzendaritzak

Zuzendaritzaren eta bere zerbitzu juridikoaren jokabide eta estrategia arduragabearen ondorioz, EITB Mediako lan- gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dira aurrerantzean. Eskandalu bat. Erabaki lotsagarria, ulertezina eta arduragabea zentzu guztietan.

Eta, zergatik hartu du erabaki hori? Bada, LABeko ordezkariok gure lan sindikala egin ahal izateko, eta legez hala dagokigulako, bere garaian enpresaren jarduerari buruzko hainbat informazio emateko eskatu genion zuzendaritzari, baina uko egin zioten eta auzitegira jo behar izan genuen.

Prozesu judizial horretan eztabaida ekiditeko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak auzi hori aztertzeko eskumenik ez zuela argudiatu zuen Manu Salinero enpresak kontratutako abokatuak, EITB Mediak Madrilen eta Bartzelonan lan- zentroak dituelako eta, beraz, gatazka hori Auzitegi Nazionalean epaitu beharko litzatekeela adieraziz. Epaimahaiak arrazoia eman zion. LAB sindikatuko abokatuak Auzitegi Gorenera jo zuen, baina EITBko abokatuak argudio berari eutsi zion, lan-hitzarmenean jasotako akordioari balioa kenduz, eta Gorenak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena berretsi zuen.

Laburbilduz, gardentasunez jokatu eta ordezkari sindikalen informazio-eskubidea bermatu beharrean, zuzendaritzak eta bere zerbitzu juridikoak nahiago izan dute Euskal Herriko komunikabide publikoaren lan-gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratzea. Zergatik? Zer dute ezkutatzeko? Zeren beldur dira?

Andoni Aldekoak EITB Mediako zuzendari nagusi kargua hartu zuenean esan genuen garai ilunak eta zailak datozkigula, eta erabaki honek gure susmoak berresten ditu.

Edonola ere, azpimarratu nahi dugu EITB Mediako LAB sindikatuak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela enpresak eskatutako informazioa eman diezagun eta langile guztien eskubide guztiak defendatzeko, horretarako aurrerantzean Espainiako Auzitegi Nazionalera jo beharko badugu ere.

KRONOLOGIA:

–  2017ko urtarrilaren 2an: LABek bere ekintza sindikalerako eta EITBren lan eremuaren kudeaketaren ingurukokontrola eraginkortasunez aurrera eramateko, hainbat informazio emateko eskatu zion zuzendaritzari, 37 galdera zehatz eginez.

–  2018ko urtarrilaren 23an: Urtebete geroago enpresak informaziorik emateko asmorik ez duela ikusita, LABek Lan Harremanen Kontseilura jo zuen, ETBko lan-batzordearen izenean. Ez zen akordiorik izan.

–  2017-2018: Bitartean, 2017 urtearen amaieran eta 2018aren hasieran, zuzendaritzak lan-zentro bilakatu zituen Madrileko eta Bartzelonako korrespontsaliak. Aurrez, korrespontsalietako langileak autonomo faltsuak zirela egiaztatuta, Lan Ikuskaritzak langile horiei kontratu mugagabe ez finkoak egiteko agindua eman zion.

–  2018ko apirilaren 10ean: EITBk informazio eskubidea urratzen duela salatu ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian epaiketa abiatzen da. Alabaina, enpresaren abokatuak EAEko Auzitegi Nagusiak auzi hori epaitzeko eskumenik ez duela esaten du, EITBk Madrilen eta Bartzelonan lan-zentroak dituela argudiatuta. Epaimahaiak arrazoia ematen dio.

–  2018 urtean zehar: Lan-gatazkak Auzitegi Nazionalera bideratzearen larritasunaz ohartarazi genion enpresari eta irtenbide bat bilatzea proposatu genuen. Auziak Madrilen epaitu behar izatea saihesteko asmoz, Madrileko eta Bartzelonako langileak Bilboko eta Miramongo lan-zentroetara lotuta daudela dioen testu bat lan-hitzarmenean sartzea adostu zuten ETBko langile-batzordeak eta zuzendaritzak.

–  2020an: Bitartean, zuzendaritzak eskatutako informazioa eman gabe jarraitzen zuen eta Auzitegi Gorenera jo genuen. Ezustean, enpresaren abokatuak bere teoriari eusten dio informazio-eskubidearen urraketaren gaiari heldu behar ez izateko: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez duela eskumenik EITBko lan-gatazka kolektiboak epaitzeko. Eta horren harira zuzendaritzak langile-batzordearekin egindako akordioak baliorik ez duela eransten du, auzia lehenagotik zetorrelako.

–  2021ko urtarrilaren 13an: Auzitegi Gorenak LAB sindikatuaren helegitea atzera botatzen du, enpresari arrazoia emanda. Ondorioa: EITB Mediako lan-gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dira aurrerantzean.

Beste lan heriotza bat, oraingoan Gasteizen; azken lau egunetan, hiru langile hil dira bihotzekoak jota

Gasteizen, FCC enpresako kale garbiketako langile bat, lanean zegoela, bihotzekoa eman eta bertan hil da. Azken lau egunetan, 3 langile hil dira bihotzekoak jota. Ostiralean, Bilbon, SADER enpresako 57 urteko langilea eta larunbatean, Derion, 52 urteko langilea, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde zentroan.

Honekin, gutxienez 5 izan dira hildako langileak aurten Euskal Herrian. Eta gainera, Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du, iazko otsailaren 6tik, Zaldibarreko zabortegian.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, senide eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu.

Larritzekoa da istripu hilgarri ez traumatikoen gorakada. Istripu guztien atzean lan eta bizi-baldintza kaxkarrak aurkitzen dira. Istripu ez traumatikoak bilakatu dira laneko istripu hilgarrien lehen arrazoia.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko zein ez traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula; indibiduala, familiarra eta gizarte osoarena den lakra honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla. Lan harreman eta joko arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena beste guztiaren gainetik.