2024-04-19
HomeEkintza SindikalaAkordio historikoa lortu dugu, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileekin batera, sektoreko lehenbiziko hitzarmen...

Akordio historikoa lortu dugu, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileekin batera, sektoreko lehenbiziko hitzarmen probintziala ezar dadin #LortuDugu

ANEISek, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko patronalak, eta LAB sindikatuko ordezkariek aurreakordioa lortu dute sektoreko Nafarroako lehen hitzarmena ezartzeko; zalantzarik gabe langileen lan-baldintzak duinduko dituena. Nafarroako Gobernuak, ANEISek eta LAB eta UGT sindikatuek aurreakordio hori sinatu dute Iruñean. LAB sindikatuak oso positibotzat jo du 2016an hasitako borroka honen bidez lorturiko emaitza.

LABek, ezer baino lehen, Esku-hartze Sozialeko langileen borroka, gogoa, ahalduntzea eta determinazioa nabarmendu nahi ditu, ekimen eta mobilizazio ugariren bidez — sektoreko lehenbiziko lanuzteak eta greba barne— ez dutela amore eman Nafarroan sektoreko lehen hitzarmena lortzeko helburu historikoa lortu arte. Erakutsi digute merezi duela antolatzea, mobilizatzea, borrokatzea eta grebara joatea. Erakutsi digute aldarrikapenak kalera aterata soilik hartzen dutela lekua agenda politiko eta instituzionalean. Gainera, haren borroka klase-elkartasunaren erakusgarri argia izan da, izaera orokorra baitu, eta ez soilik sektoriala, zeren eta, bere lan-baldintzak babesteaz gain, pertsona guztientzako gizarte-zerbitzu duinak defendatzen baititu.

Esku-hartze Sozialean, adingabeei laguntzeko zentro eta zerbitzu publikoak daude, familia programena, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeenak, egoera ahulean eta gizartetik baztertuta dauden pertsonenak, migratzaileenak, langabezian dauden pertsonenak… Nafarroan, Esku-hartze Sozialeko zerbitzuetako 2.000 langile inguru daude, diru publikoaren bidez finantzatzen diren hainbat elkarte, fundazio eta enpresa pribaturen lan zentro anitzetan banatuta. Bada, langile horiek 10 urte baino gehiago daramatzate beren soldatak eguneratu gabe, berez prekarioak baitira. Urte hauetan KPIaren %12ko igoerak eta soldaten izozteak langile bakoitzari 15.000€ baino gehiago galtzea ekarri diote erosteko ahalmenean.

LAB sindikatuak, sektoreko ordezkaritza sindikalaren %70 izanik, Nafarroako hitzarmen bat lortzeko bideari ekin zion 2016. urtean. Hitzarmen horrek lan-harremanen esparru propioa sortuko zuen, Foru Komunitatearen errealitatearekin bat zetorrena, ordu arte sektorea arautzen zuen estatuko hitzarmenak jasotzen duena baino gehiago. Aitzitik, ez da bide erraza izan.

Ez da erraza izan hain sakabanatuta dauden eta hain lanpostu desberdinak dituzten langileak borroka berean aktibatzea eta batzea. Ez da erraza izan sektorea definitzea eta zehaztea. Ez da erraza izan patronalak patronal gisa dagozkion betebeharrak bere gain hartzea. Ez da erraza izan negoziazio-mahaia sortzea eta martxan jartzea. Ez da erraza izan Nafarroako Gobernuak lan baldintza benetan duinak finkatuko dituen hitzarmena gauzatzeko behar den finantzaketa jartzea. Ez da erraza izan, behin finantzaketa ziurtatuta, patronalak tokiz kanpo zeuden eskakizun batzuei uko egitea. Baina azkenean lortu da.

Elkarretaratzeak; manifestazioak; kalejirak; auto-karabanak; sinadura-bilketak; batzarrak; bilerak sindikatuekin, alderdi politikoekin, Gobernuarekin eta patronalarekin; iritzi-artikuluak, prentsa-oharrak eta informazio-buletinak; lanuzteak, greba… Lau urte hauetan dozenaka ekimen egin dituzte LABeko delegatuek eta afiliatuek, eta haiekin batera ehunka langilek, iritzi publikoa zentzu batean mugitzeko eta edozein erabaki hartu behar zuen edozein pertsona erabaki hori hartzera bideratzeko. Eta hori guztia langileendako, bereziki, baina, oinarrizko zerbitzu sozialez hizketan ari garen heinean, gizartearendako hain garrantzitsua den hitzarmen bat lortzeko. Ez gara nekatuko eta berriz erranen dugu langileek erakutsi duten bultzada, konpromisoa eta duintasuna funtsezkoak izan direla azkenean helburu egokira ailegatzeko.

Esku-hartze Sozialeko borrokak eta erdietsitako lorpenek bide eman beharko lukete Gizarte Zerbitzuen bertze hitzarmen sektorial batzuk lortzeko, hala nola adinekoen egoitzena.

Abenduaren 23an sinatutako aurreakordioaren eduki nagusiak:

  • Indarraldia: 4 urte 2021-2024
  • Ultraaktibitate mugagabea.
  • Borondatezko arbitrajea.
  • Eduki ekonomikoak, 2021eko uztailetik aurrera. Zailtasunak dituzten enpresentzako behin-behineko akordioa, 2022ko ekainera arte.
  • Lanaldia: 20 ordu gutxiago urtean, 2024an 1.620 ordura iritsi arte.
  • Oporrak: gero eta gehiago, 2024an 32 lanegun edo 44 egun natural izateraino.
  • Plusen aitortza: asteburuak eta jaiegunak, txandakako lana, gaueko lana, antzinatasuna, guardiak eta erantzukizuna.
  • 2021eko oinarrizko soldatak:
    • 1. taldea: 24.381,12 €
    • 2. taldea: 22.896,00 €
    • 3. taldea: 20.698,56 €
    • 4. taldea: 18.912,00 €
  • %13ko soldata igoera hitzarmenaren indarraldian.
  • Bajak:
    • Kontingentzia profesionala: % 100 lehen egunetik hasita
    • Kontingentzia arruntak:% 100, 3. egunetik hasita. Banakako poltsa, urtean 6 egunekoa,% 100ean
  • Subrogazioa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.