2026-01-25
Blog Page 459

Pentsio sistema propioaren alde, otsailaren 13an langileok ere kalera!

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak larunbata honetarako mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. LAB sindikatuak mobilizazio deialdiarekin bat egin eta langileak mobilizazioetan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Izan ere, langileon etorkizuneko pentsioak eta gure pentsio sistemaren oinarriak daude jokoan, bizi baldintza duinak bermatu edo prekarietatea, genero arrakala, ezberdintasun sozialak zein elkartasun ezan oinarrituko den sisteman sakondu.

Zentzu horretan, pentsiodunen mugimenduak eginiko aldarrikapenekin bat egiten dugu:

• 2010 eta 2012. urteetako lan erreformak indargabetzea.
• 2011 eta 2013. urteetako pentsio erreformen aspektu erregresiboak indargabetzea.

Era berean, pentsio sistema propioa eta 1.080 eurotako pentsio minimoak aldarrikatzen ditugu, Euskal Herrian erabakiaren erabakitzeko eskubidea aintzat hartuz, Babes Sozial eta Lan Harremanetarako Euskal Esparru baten norabidean. Hortaz, Toledoko Itunak eginiko gomendioak gaitzetsi eta pentsioen inguruko erabakiak hartzeko eskumen osoa exijitzen dugu.

Osasun krisialdiak lehendik zetorren alde anitzeko krisia azeleratu egin du, estrukturalak diren krisiak ikusaraziz: zaintza krisia, eskubide sozialak unibertsalizatzeko zerbitzu publikoen gabeziak, osasuna, hezkuntza… Bidegurutze baten aurrean gaude, baina uste dugu badugula aukerak politikaren lehentasunak herritarron zerbitzura jartzeko. Beraz, larunbata honetan hitzordu garrantzitsua dugu bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatzeko.

Plastibor-eko langileak zoriondu nahi ditugu lortu duten akordioarengatik #LortuDugu

Astelehen gauez, 2021-2013rako enpresa-hitzarmenaren inguruko akordio batera heldu ziren Plastibor Slko langileen-batzordea (LABeko 7 delegatu, ELAko 1 eta CCOOeko 1) eta zuzendaritza. Akordioa langileen asanbladak berretsi du.

Plastibor SL Zornotzan dagoen kimika arloko enpresa da, 111 langile ditu eta automoziorako eta alor elektrikorako plastikozko piezak ekoizten ditu.

Enpresako lan-hitzarmenaren inguruan akordio bat lortu nahian, bilera mordoa egin zituzten 2020ko martxotik inongo akordiorik lortu gabe. Azkenean, langileen-batzordearen proposamenari jarraituz, asanbladak urtarrilean mobilizazioei ekitea erabaki zuen. Horrela, egunero enpresa aurrean elkarretaratzeak egiten hasi ziren. Hala ere, eta enpresarekin akordioa erdiestea posible izan ez zen, greba mugagabea deitu zuten negoziazioetako blokeoa hautsi asmoz. Greba mugagabea otsailaren 7ko gaueko txandan hasi zen eta gaurko, otsailaren 9ko goizeko txandara arte luzatu da, akordioa atzo gauez lortu zelako.

Hitzarmenaren eduki garrantzitsuenak:

-3 urterako iraupena (2020-2023).

-Ia 7 egun gutxiago lan egingo dira urtean, otartekoaren denbora lanordu kontsideratzearen ondorioz.

-Soldata igoerari dagokionez, lehenengo urtean gutxien irabazten dutenek igoera altuagoa izango dute. Hurrengo urteetan, aurreko urteko KPI + 0,5 eta KPI + 0,75 izango dira hurrenez hurren, igoera nabarmena gaueko plusean eta erreleboko plusa ezartzen da lehen aldiz. Adibide bezala, kategoria baxueneko langile batentzat, 2021eko soldata-igoera %6 ingurukoa izango da.

-Kategoria-promozioetarako protokolo bat landuko da.

-%100 edozein bajetan, eta bajek ez diete aparteko pagei eragingo.

-Lan erreformari mugak jarri. Enpresak ezingo du hitzarmena ez ezarri, lan baldintzak aldatu edo nahieran inor kaleratu. Behartuta egongo da langileen ordezkariekin borondate onarekin akordioa bilatzera.

LAB sindikatuarentzat, hitzarmen honetan aurrerapauso ikaragarriak jasotzen dira Plastibor-eko langileentzat, eta agerian uzten du langileen batasunak eta lan sindikal serio eta konprometituak bere emaitzak ematen dituela. Antolakuntza eta borroka.

[IRITZIA] “Aski da!”

LAB Irakaskuntzako ordezkari Edurne Lekunberrik Iruñeko haur eskolen aferari buruz idatzi du:

Azken egun hauetan, uste dut, bizirik gabeko gauza bat balitz bezala tratatua senti daitekeen haurtxo bat bezalaxe ari naizela sentitzen. Mugimendu zakarrak erabiliz, esperientziarik gabeko eskuek helduta, ekarri-eramanda, baita bultzatua ere, haurtxoa bezala, ziurgabetasuna, egoneza, estutasuna eta dardara, ari naiz  sentitzen, ni ere. Eskuartean daramaten bitxikeriari erreparatu gabe, beharrezkoa den arreta, zaintza eta maitasuna ematen ez duten eskuek ibiltzen naute. 

Jostailu bat banintz bezala sentitzen naiz; erraldoiek elkarri pasatzeko erabiltzen duten pilota bat bainintzan; batzuek, ostikoka, nire norabidea markatzen dute, niretzat lortuezinak diren jarreretan jarraraziz, garatu gabeko gaitasunak erabiltzeko exigituz…  Nik, jokaldi honetan, zer esan handia dudala ohartu ere, egin gabe.

Izan ere, ASKI DA! Oihukatzeko gogoa dut, eta zentzugabeko partida hau, geldiarazi dezatela. Eta jokoa, berriro hasi baino lehen, guztion artean, modu lasai batean, hemendik aitzina, joku hau gobernatuko duten arauak asma ditzagun. Aurreiritziriak albo batera utzita, ingurua eta jokuan dauden elementuak, aztertuz; ahalegin handiz, ilusioz eta bokazioz arlo honetan lan egiten duten profesionalen iritziak, kontuan hartuz; familiak ere entzunez eta batez ere, hiri honetako 0 eta 3 urte tarteko haurren eskubideei erreparatuz eta horiek errespetatuz.

Sindikatuok bat egin dugu sakabanaketa politikaren aurka

Hauxe da LAB, ELA, CCOO, UGT, STEILAS, ESK, EHNE (Gipuzkoa-Nafarroa), Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuon ohar bateratua:

Sindikatu sinatzaileok euskal gizarteari adierazi nahi diogu EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemos-Ezker Batua alderdi politikoek hartutako akordio garrantzitsua sinatzeko jarrera dugula, espetxe-politikak presoei, haien familiei eta hurbilekoei ezarri dien urruntze-politikaren ondorioz hildako 16 pertsonei dagokienez.

Foro Sozial Iraunkorrak bultzatutako akordio politiko eta sindikal hau Lasarte-Orian (2021/01/14), Tolosan (2021/01/28) eta Soraluzen (2021/02/3) onartutako mozio baten bidez adierazi da, eta datozen asteetan, hildako 16 pertsonen beste 5 herrietan aurkeztuko da.

ELA, LAB, CCOO, UGT, STEILAS, ESK, EHNE (Gipuzkoa-Nafarroa), Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek honako akordio hau sinatu dugu:

1.- Urruntze-politikaren testuinguruan trafiko-ezbehar batean hildako 16 pertsonen familiek jasandako sufrimenduaren aitorpena adieraztea, espainiar estatuko hainbat presondegitatik urrun dagoen preso bat bisitatzera joan/itzultzen zirenean.

2.- Espetxeko Lege Orokorraren birgizarteratze printzipioak jarraituz, askatasuna kentzeko zigorra dutenen deserrotzea ekiditeko urrunketaren espetxe politikarekin desadostasuna adierazten dugu, eta era berean, ETAren behin betiko amaieraren ondoren ireki den garai berriaren barruan, espetxe politika berri baten beharra ikusten dugu, zigortuak zigorra errotze sozial eta familiarretik gertu betetzea ahalbideratzen duena, horrela haien senideekin duten harremana erraztuz eta adingabeko seme-alaben eskubideak defendatuz, haien ongizatea bermatzeko.

3.- Preso dauden pertsonak urruntzea haien senide eta lagunei ezarritako zigor gehigarritzat hartzen dugu. Hori dela eta, espetxe politika honekin premiaz amaitzeko eskaera egiten dugu, 16 heriotza hauek bezalako gertaera tragikoak berriro gerta ez daitezen.

4.- Legedi arrunta eta normalizatutako espetxe politika bat aplikatuz, beste neurri batzuekin batera, presoen problematikari erantzun bat ematea elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko kontutan izateko ekarpena litzatekeela uste dugu.

EAEko Mahai Orokorrean zaharrak berri: enpleguaren eta zerbitzu publikoak hobetu baino, atzeraka jarraitzen dugu

Betiko moduan, astelehenean izandako EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera tramite huts bezala amaitu zen. Administrazioaren aldetik negoziazio egutegi bat proposatu bada ere, ez du LABentzat lehentasunezkoak diren gaiak jaso, ezta konpromisorako erantzun bat jaso ere, urteak daramagun bezala. 

Errelebu kontratuaren proposamenari dagokionez, duela bi urteko proposamena berarekin jarraitzen dugu eta orduko balorazioa errepikatzen dugu: soilik langile finkoenzat; legearen aplikazio husa; errelebistaren kontratua behin-behinekoa eta partziala izan daiteke, eta ez da bermatzen lanpostuak ez direla desagertuko. Administrazioak ez du proposamena negoziatzen jarraitzeko asmorik adierazi, eta LABek erantzukizunagatik ezin du proposamen mugatu hau sinatu.

Madrilen irizpideen araberako soldata igoera proposamena bere horretan ez du onartzen LABek, eta berriro ere 2010eko taulak berreskuratzeko plan bat adostea proposatu dugu. Jaurlaritzaren borondatea da behar dena.

Negoziazioaren lehentasuna enplegua izan behar da, ezkutukoa azaleratu, gehiago sortu eta egonkortu, eta egindako murrizketak atzera botatzea. Eusko Jaurlaritzak enplegu plan bat negoziatzeari eta murrizketak itzultzeko aldarrikapenari uko egitea eskatzen digu “negoziazioan aurreratzeko” aitzakiapean.

Argi gelditu da Gobernuaren borondate falta, izan ere borondaterik balego, kontsolidaziorako eta enplegurako lege propioak prestatuko lituzke parlamentuak onartzeko eta aurrera ateratzeko. Bere jarduera eta asmoa hitzen kontrako bidean doa: auzolana delakoarekin ahoa bete, baina arrabola erabiliz negoziazio kolektiboa ukatu eta langileok bilera antzuetan denbora galtzen eduki nahi gaitu.

Enplegu publikoa sustatzeko eta egonkortzeko Eusko Jaurlaritzaren borondatea behartu beharra dugu beraz, mobilizatzen jarraitu behar dugu. Efektismo eta irudi hutsak sahiestuz, ezinbestez egonkorra izan behar duen enplegu publiko duinaren alde aktibatu behar gara langile guztiok. LABek mobilizazioak sustatzen jarraituko du, guztion elkarlana lehenetsiz.

Eskubide Sozialen Kartako eragileok Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua arbuiatu eta mobilizatzeko deia egin dugu

Joan den abenduaren 13an, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioak egin zituen EAEko hiriburuetan, aldarri batekin: aurrekontu sozial, burujabe, parte-hartzaile, feminista eta ekologistak gauzatzea. Kartako partaide garen erakunde sozial eta sindikalok salatu genuen Jaurlaritza osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE) proiektua herritarrei bizkar emanda ari zirela egiten, inolako parte hartze prozesurik gabe. Orain Kartak adierazi nahi du ez duela onartzen aurkeztu den proiektua, zeina Eusko Legebiltzarrean aztertzen ari den, ez baita aintzat hartu guk egindako 7 aldarrikapen konkretuetako bat ere. 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak salatu du 2021eko aurrekontu proiektua 2020aren jarraipen hutsa dela, eta gastu erreala iazkoarekiko %3 besterik ez dela gehituko. Ondorioa argia da: aurrekontuak berez ez baziren nahikoak pandemia aurreko beharrizan sozialei aurre egiteko, 2021erako proiektua are urrunago geratu da, pairatzen ari garen krisi sanitario, ekonomiko eta soziala medio. 

Kartak esan beharra dauka aurrekontuak ez datozela bat herritarren lehentasunekin, ez baitituzte zerbitzu publikoak garatzen edo eskubide sozial berriak aitortzen, ez eta urratsik egiten ere zaintza sistema publiko, unibertsal eta doako baterantz. Ondorioz, aurrekontu proiektu honek ez du aintzat hartzen bizi dugun unearen larritasun eta garrantzia. Horren froga argia da osasun publikoko aurrekontua ez dela BPGren %7ra iristen (%5,32-koa da), eta hezkuntzakoa ez dela BPGren %6ra iristen (%3,95ean geratzen da). Era berean, enplegu duina bermatzeko proposamenik ez dago. Kartaren lehentasunezko aldarrikapenetan jasotzen genituen proposamenen norabidean ez dago ekimenik 35 orduko lanaldia sustatzeko, lana banatu dadin, edota aberastasunaren banaketa justuagoa bermatuko lukeen gutxieneko 1.200 euroko soldataren erreferentziarik ere ez. 

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak 3 urte daramatza astelehenero herri eta auzoetan mobilizatzen, pentsio sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatuz. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bere egiten dituen aldarrikapenak dira, eta osasun-krisiarekin azeleratu den egiturazko krisiari aurre egiteko lehentasunetako bat, zalantzarik gabe. 2021erako aurrekontuek, herritar guztiei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko proposamen edota partida zehatzak jaso beharko lituzkete. Eusko Jaurlaritzak, ordea, baztertu egin du aldarrikapena. 

Halaber, gogoratu nahi dugu Kartak zerga-erreforma bat egiteko proposamena plazaratu zuela, diru-bilketan jauzi handi bat egiteko; horretarako aldaketak egin behar dira Sozietateen Zergan, PFEZean eta Ondarearen gaineko Zergan, gehiago ordain dezaten errenta altuak dituztenek, aberatsek eta enpresen etekinek. Haatik, Eusko Jaurlaritzak ez dio ekin nahi eztabaida honi eta diru-bilketaren jaitsiera hein batean zorra handituz osatu nahi du. Kartak deritzo, zerga-erreforma hori egin ezean, gaurko zorraren ondorio izango direla etorkizuneko murrizketak. 

Eredu berri baten aldeko gehiengo sozial eta sindikala interlokutore gisa alboratzen duen bitartean, egiturazko krisi honetara eraman gaituen eredua defendatzen duen Patronalaren interesak aurrekontuetan ipar direla ere salatu behar dugu. 

Halaber, Kartaren arabera, oposizioaren alderdiek ere ez dituzte gure proposamenak defendatu Gobernuaren eta legebiltzarreko talde ezberdinen arteko aurrekontuaren inguruko elkarrizketetan. 

Euskal herriko Eskubide Sozialen Kartaren aburuz, inoiz baino premia handiagoa dugu kalera irten eta mobilizatzeko, aurrekontuen kontrako jarrera ikusarazi eta aurrekontu zein zerga-politika goitik behera aldarazteko. Aberastasuna banatu behar da, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak garatu. Horregatik dei egiten dugu otsailaren 11n Eusko Legebiltzar aurrean, goizeko 10etan, hasiko den mobilizazioan parte hartzera.

Eskola jangeletako langileen prebentzio neurri kaxkarrak salatu ditugu

LABeko mobilizazioa egin du Bilbon, lan ikuskaritzaren aurrean, eskola-jangeletan ematen diren prebentzio neurri kaxkarrak salatzeko. Eskola-jangeletako langileei ikastetxeetan aldagela modura egokitzen zaizkien espazioak aproposak ez direla adierazi dugu.

Pandemiaren aurretik arazo hau bazegoen, baina areagotu egin da segurtasun neurrien ondorioz. Aldagelen neurriak ez dira egokiak, armairu falta dute eta hau gutxi ez balitz, euren lanalditik kanpo denbora erabili behar dugu txandak egiteko, aldageletan pertsona pilaketa ez egoteko eta euren osasuna babesteko.

Horrela, hainbat salaketa jarri ditugu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan-ikuskaritzetan, jangeletako langileen segurtasun-neurriak bermatzeko eta langileei lanalditik kanpo erabilitako denbora ordain diezaieten eskatzeko.

Greba egingo dugu, ostiralean, Iruñeko Udal Haur Eskoletan

Berriz ere, euskararen kontrako erabaki bidegabe batekin egin dugu topo, Iruñeko Udal Haur Eskoletan bete-betean eragiten diguna. Enrique Mayaren Gobernuak, Iruñeko PSNren burua den Maite Esporrinen babesarekin udal haur-eskoletan euskararen presentzia zokoratu nahian hainbat neurri hartu dituzte, besteak beste, enplegua egonkortzeko abian zen oposizio deialdia deuseztatu, plantilla organikoa aldatu euskarazko hizkuntza-eskakizuna duten plazak nabarmen murrizteko, aurreko gobernu-taldeak hizkuntza-eredua aldatu zien eskolak lehengoratu, eta azkenik euskara ingelesarekin nahasten duen eredu txapuza bat inposatu.

Ezer ez planifikatu gabe, adostasunik gabe eta inolako gogoeta pedagogikorik egin gabe inposatu nahi digute haien hizkuntza-eskaintza berria. Alde bakarreko erabaki honek gure eskoletan 40 urtez hainbeste mimoz eta kontuz landu dugun pedagogia suntsitzea ekarriko du ondorioz.

Nafarroako Gobernuarena da orain azken hitza, bidegabekeria hau gelditu eta benetako eztabaida prozesu bat abiaraztea exijitzen diogu:

– Murgiltze eredua defendatzen dugulako.
– Supremazismo linguistikoa delako.
– Proposamen honek langileen ezegonkortasuna oraindik gehiago areagotzen duelako.
– Inboluzioa bizitzen ari garelako.
– Hausnaketa pedagogikoa eskatzen dugulako.
– Aldebakarreko erabaki politikoa inposatu nahi digutelako.
– Planifikazio eza gaitzesten dugulako.
– Irizpide linguistikorik gabe egin delako.
– Kalitatezko hezkuntza nahi dugulako.
– Haurtzaroarekiko begiruneagatik.

Iruñeko Udal Haur Eskoletako Langileen Batzordean, aho-batez, desadostasuna adierazten dugu, eta grebara deitzen dugu ostiralerako, otsailak 12.

Aeronautika sektoreko Txoke Planak ez du enplegua bermatuko

Jakin dugunez, aeronautika sektoreko Txoke Plana sinatu berri dute Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta TEDAE patronalak. Plan horren oinarria, diru publikoarekin sektoreko enpresa nagusiak finantziatzea da. Patronalaren neurrira egindako Plan honek 700 milioi euroko finantziazioa izango luke, medio batzuk argitaratu dutenez.  

Finantziaketa publikoa beharrezkoa da estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, baina beti ere jendartearen ongizatea lortzeari lotuta egon behar da. Kasu zehatz honetan, enplegu zuzen eta zeharkakoa sortzearekin edo mantentzearekin lotuta.  

Euskal Herrian dauden enpresetan. Enplegu suntsiketa basatia izaten ari da enpresa garrantzitsuenetan:  ITP, ITP-Aero Castings-PCB, Alestis, Aernnova, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Feliu & Madinabeitia Servicios a la Industria, Egile, Metaltrec, Aciturri edo Mtorres enpresetan, esaterako. Bestelako alternatibak erabili beharrean,  kaleratzearen alde egin dute.

Egoera honetan, onartu duten Txoke Plana ez da enplegua deuseztu duten enpresentzako Finantziaketa Plan besterik ez, ez baitu enpleguarekiko konpromisorik hartzen, borondate adierazpen batzuk besterik ez. Herritarrek jakin behar dute kaleratzeak egin dituztenak sarituko dituztela diru publikoarekin euren irabaziak finantzatuz.  

Hortaz, LABek ondorengoa eskatzen du:

Pandemia egoera baliatuta kaleratzeak egin dituzten enpresariei kaleratutako langileak berhartzeko, eta egun indarrean dauden kaleratze prozedurak eteteko.  

Txoke Planaren ezarpena Euskal Herriko instituzioetan erabaki dadila.

Nafarroako Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari enpresen finantziaziorako baldintza moduan pandemia garaiko kaleratutako langileak berhartzea ezartzea eta dirua jasotzen duten enpresei enplegua mantentzeko bermeak exijitzea.