2026-01-30
Blog Page 455

Lan Ikuskaritzak arrazoia eman digu, eta CLECE enpresa langileen heren bat baino gehiago finko egitera behartu du #LortuDugu

LAB sindikatuak 2020ko abuztuaren 4an lege-iruzurreko kontratuak daudela zehaztuz egindako salaketaren ondoren, lan-ikuskaritzak arrazoia eman digu eta CLECE enpresa, martxoaren 15a baino lehen, lege-iruzurreko kontratuak dituzten 60 langile baino gehiago mugagabe egitera behartu du. Gainera, enpresari jakinarazi dio duela 20 urteko behin-behineko11 kontratu iruzurrean daudela. CLECE, Araban Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren zenbait lote kudeatzen dituen enpresetako bat da.

Langileen nominak eta lan-bizitzak berrikusi ondoren, konturatu ginen 15 urte edo gehiagoko antzinatasuna zuten langile askok behin-behinekoak zirela. 2020ko urtarrilaren 7an, irregulartasun horren berri eman genion CLECE enpresari, eta enpresak ez zion kasurik egin komunikazio horri. Ondoren, salaketa aurkeztu genion lan-ikuskaritzari, eta 200 langile baino gehiagoren lan-bizitza guztiak biltzen eta berrikusten hilabete batzuk eman ondoren, arrazoia eman digu.

Irregulartasun horiek argi eta garbi erakusten dute gizarte-zerbitzuen sektoreko pribatizazioek lan-prekarietatea eragiten dutela, bereziki emakumeen artean; ez da ahaztu behar etxez etxeko laguntza-zerbitzua oso sektore feminizatua dela. LABek urteak daramatza salatzen onura bilatzen duten enpresen eskuetan gizarte-zerbitzuak jartzeak, lan-ezegonkortasuna baino ez duela sortzen eta zerbitzuaren kalitateari eragiten diola.

LABek irregulartasun horiek guztiak salatzen jarraituko du, eta gizarte-zerbitzuak publifikatzea eskatuko du; izan ere, gizarte-zerbitzu horietan laguntzaren kalitatea lehenetsi beharko litzateke enpresa-irabazien aurretik.

Auzitegi Gorenak arrazoia eman digu, Igorreko Kelvionek greba eskubidea urratu zuelako #LortuDugu

Kelviongo langileek 2018ko maiatzean eta ekainean 4 orduko lan-uzteak egin zituzten lankide baten kaleratzea salatzeko. Honen aurrean enpresak lantegiko hainbat bitarteko beste enpresa batera eraman zituen lanak bertan jarraitzeko asmoz. LAB sindikatuak irmoki salatu zuen greba eskubidearen urraketa hau, bai kalean ekintza sindikalaren bidez, bai epaitegietan. Orain jakin berri dugunez Espainiako Auzitegi Gorenak ekintza hau legez kontrakotzat jo du, Kelvion taldeak eskirolaje teknologikoa egin zuela ebatziz.

Ondorioz, Kelvion-ek 3.125 euroko kalteordaina eman beharko dio salaketa jarri zuten hamabi langileetako bakoitzari, eta honetaz aparte, 3.600 euro ordaindu beharko du kostu penaletan.

Sententzia honen harira, LABetik ozen ezan nahi dugu, argi ikusten ari garela egun patronalak eta Eusko Jaurlaritzak greba ezberdinen aurrean hartu duten jokamoldea. Lehenak, greba eskubidea ahalik eta gehien mugatuz eta oztopatuz. Eta bigarrenak, Ertzaintza patronalaren bizkartzain bezala erabiliz. Hor daude PCB eta Tubacexen ertzaintzak burututako karga bortitzen irudiak.

LAB sindikatutik aldarrikatu nahi dugu ez garela geldi geratuko langileen greba eskubideak murrizteko dauden ahaleginen aurrean ata tinko erantzungo dugula ekintza sindikalaren bitartez edota borroka judiziala erabiliz.

Sindikatuok greba egingo dugu, apirilaren 22an, EAEKo sektore publiko osoan

EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da. Enplegu publikoaren suntsiketa, ezegonkortasuna eta bere sorrerarako borondaterik eza sintoma gero eta larriagoak dira, eta eragin negatiboa dute langile publikoen lan-baldintzetan. Ez dugu gehiegikeriarik esaten gobernuak zerbitzu publikoak kontzienteki ahultzen ari direla baieztatzean. Ildo horretan, azken urteotan pribatizatuz joan diren zerbitzu publikoak kontaezinak dira, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko.

Ia administrazio guztietan dauden behin-behinekotasun mailak onartezinak dira. Egoera hau gobernu ezberdinek urteetan zehar hartu dituzten erabakiek eragin dute, edozein kolore edo eremu geografikoko gobernuek. EBJAk gai horri buruz argitaratu dituen epaiek argi eta garbi adierazten dute zerbitzu publikoetan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabili dela, eta behin behineko langileen eskubideak kaltetu direla.  Urteetan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten pertsona horiek ezin dute lanpostua galdu. Salbuespenezko egoera da, eta salbuespenezko neurriak behar dira.

Zerbitzu publikoak ahultzen dituen behin-behinekotasunaren abusua hainbat faktoreren ondorioa da. Azken urteotan deitutako LEPak nahikoak ez direla salatu dugu. Programa-kontratuekin edo zereginak metatzeko kontratuekin egiten den iruzurra salatu dugu, besteak beste. Lanpostuen zerrendak eta egiturazko plantillak  handitzeaaldarrikatu dugu, milaka langilek betetzen dituzten baina gure agintariek ezkutatzen dituzten egiturazko lanpostu horiek guztiak gehituz. Urte hauetan guztietan enplegu publikoko arazoek, konpondu beharrean, okerrera egin dute, borondate politiko faltaren erakusgarri.

Ildo beretik, plantillak handitzeko, egungo ratioak hobetzeko eta  lan-kargak murriztu eta araututa ez dauden eremuetan arautzeko beharra ikusten dugu.Orohar sektore publikoko plantillak lan-karga jasanezinak hartzen ari dira beren gain.

Ezinbestekoa da negoziazio kolektiboa aktibatzea, arazo hauei aurre egiteko. Era berean, enplegu publikoan bizi dugun salbuespenezko egoerari aurre egiteko legezko mekanismoak behar ditugu. Horregatik guztiagatik:

Instituzioei orain mahai gainean dauden lege-proiektuak aldatzeko eskatzen diegu, nahikoak ez direlako, ez dutelako enpleguarenkontsolidazioa bermatzen ezta aldi baterako kontratazioaren gehiegikeriarekin amaitzen ere.

-EAEko erakunde guztiak interpelatzen ditugu, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, bai eta erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere, beharrezko arau-aldaketak bultzatzeko ezinbesteko urratsak eman ditzaten, salbuespenezko kontsolidazio prozesuak gaitzeko.Prozesu horiek administrazio guztietan abiarazteko eskatzen diegu, nahitaez bete beharrekoak izatea, bermatzaileak eta ordezkaritza sindikalarekin negoziatuak.

-Kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzeari derrigor amaiera emateko, plantillen behar guztiak identifikatu, azaleratu  eta horien arabera handitzeko,eta, horrela, egungo egoerara itzultzea saihesteko mekanismoak exijitzen ditugu.

-Dagoeneko martxan dauden lan eskaintza publikoko prozesuek, negoziazio kolektiboaren ondorioz, kolektibo bakoitzaren premiekin bat datozen ezohiko neurriak barneratzea eskatzen dugu.

  • Administrazioei pribatizazioen eta externalizazio politikekin amaitzeko eskatzen diegu.
  • Plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat ezinbestekoa dela uste dugu.

Hori dela eta, ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek enplegu publikoa sortzearen, eta aldi baterako enplegua zein behin behinekotasun hori pairatzen duten langileen enplegua finkatzearen alde proposatutako mobilizazio dinamika bateratuan parte hartze aktiboa izatera dei egiten diegu sektore publikoko langile guztiei.

Adostutako mobilizazioak hauek dira:

  • Martxoak 17 elkarretaratzeak  honako erakunde hauen aurrean:

-Eusko Jaurlaritza: Lakua Gasteiz.

-Bizkaiko Foru Aldundia: Foru Aldunadiaren aurrean, Bilbo

-Donostiko udaletxea: Alderdi Eder- Donostia

Martxoaren 4ko grebara deitu dugu, zaintza lanak aitortzeko aldarriarekin

Ostegunerako, martxoaren 4rako, greba deituta dugu gizarte zerbitzuetan, “Zaintza lanak aitortu orain. Zaintza zaindu” leloarekin. Bada, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean ekintza egin dugu, deialdia zabaltzeko eta zaintza lanen aitortza aldarrikatzeko. Pintura beltza bota dugu Foru Jauregiaren aurrean, patronalak eta administrazioak sustatutako eredua irudikatzeko, non langileen lan baldintza eskasak eta zerbitzuen kalitate kaskarra nagusi diren. Donostian ez ezik, Bilbon ere egin dugu ekintza grebara deitzeko; kasu honetan, mosaiko bat egin genuen ostiralean.

Sistema publiko unibertsal, doako eta komunitario baten alde

Gure bizitzako uneren batean, pertsona guztiok mendekotasun-egoeraren batean egongo gara, laguntza beharrean, eguneroko oinarrizko beharrak betetzeko edo laguntza emozionalerako laguntza beharrean. Azkenean, zaindu egin beharko gaituzte.

Baina gaur egungo gizarte-zerbitzuen sistema ez da horretarako. Erantzukizuna publikoa izan arren, zerbitzu gehienak pribatizatuta edo azpikontratatuta daude, enpresen onura ekonomikoak onura asistentzialei gailentzen zaizkie, kasu askotan zerbitzu eskasak eskainiz, zaintza duina ezin bermatuz eta are gutxiago egoerei egokitutako zerbitzu bat. Zer esan erakundeek gainbegiratutako enpresa horiek eskaintzen dituzten lan baldintzei buruz: Txanda amaigabeak, soldata lotsagarriak, langileen osasuna larriki kaltetzen duen lan erritmoa, lan-karga eta zerbitzuaren kalitate eskasa langile faltagatik.

Besteak beste, kezkagarriak dira, erabiltzaileak duintasunez artatu ezin direlako.

Martxoaren 4ko grebak inflexio-puntu bat gehiago izan behar du zaintza-funtzioa aitortzeko borroka kolektiboan, kalitatezko zaintzak jasotzeko eskubidean. Horretarako, zuzeneko kudeaketarako sistema publiko unibertsal, doako eta komunitario bat eskatu behar da, kalitatezko zerbitzuaren eta emandako funtzioari egokitutako lan baldintzen bermatzaile gisa, prekarietate faktorerik gabe.

Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako garbitzaileek lau greba egun egingo dituzte martxoan

LAB, ELA eta UGT sindikatuok deituta, martxoaren 15, 16, 17 eta 18 egingo ditugu grebak. Patronalari eskatuko diogu unea dela hitzetatik ekintzetara pasatzeko, unea dela soldata-arrakalarekin amaitzeko.

Hauxe da greba iragartzeko egindako agerraldian esandakoak:

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako hitzarmenak 5.000 langile ditu. 5.000 langile; horietatik % 80 emakumeak dira, eta kontratu partzialak dituzte. Guk garbi daukagu, garbikuntzako pandemia prekarietatea da. Berriro ere emakume aurpegia duen prekarietatea.

Pandemiak iraun duen bitartean, 5.000 langile horiek lantegiak, egoitzak, osasun-klinika pribatuak, supermerkatuak, garraio publikoa… garbitzen aritu dira, gizarteak pandemia horretatik ahalik eta modu seguruenean biziraun zezan.

Ondo dakizuenez, pandemiak iraun bitartean ez da garbiketa-jarduera gelditu, indartu baizik. Zergatik? Agintariek funtsezkotzat jo gaituztelako, funtsezkotzat, gizarteak eta ekonomiak beren jarduera modu seguruan jarraitu ahal izateko.

Baina, nola da posible funtsezko zerbitzu batek % 28ko soldata-arrakala izatea? Kale-garbikuntzako gizonek guk baino 5.000 euro gehiago kobratzea? Hori da egungo sistemaren koherentzia-maila.

Gure pandemia ez da COVID-19ra mugatzen, hau da, gure pandemia nagusia perakrietatea da, eta horretarako ez dago borroka ez den beste txertorik. Emakume aurpegia duen prekarietateak, sistema depredadore bateko estamentu matxista eta kapitalistek bultzatuta, pandemian zehar (zerbitzu publikoak argalduz) bizitzak jokoan ondoren, ez du nahikoa, eta orain, langile klasearen bizi-baldintzen eta, bereziki, garbitzaileen baldintzen aurka doa.

Baina sistema hori ez da erakunde abstraktua, hezur-haragizko agenteak ditu, botere publikoa eta ekonomikoa dutenak eta beren pribilegioak babesteko elkar hartuta jarduten dutenak. Esplotazioan oinarritutako azpikontratazioaren alde egiten duten politikariak eta enpresak. Soldata-arrakalarekin amaitu behar dela esanez publizitate-kanpainak egiten dituztenak, edo martxoaren 8an desberdintasunarekin amaitu behar dela esaten dutenak, soldata-arrakala hori bera sustatu eta ematea ahalbidetzen dutenak dira. Epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileek egin zuten 9 hilabeteko greba gogoratzerik besterik ez daukagu, Eusko Jaurlaritzako sailen (Lana eta justizia eta barne sailak hurrenez-hurren) erabakia baitzen diskriminazioa egoera honekin amaitzea.

Aipatu dugunez, garbikuntzak ez du bere jarduera eten konfinamendu-garaian, eta gu, gure beldur eta segurtasunik ezarekin, gure lanpostuetara joan gara. Gure lanpostuetara norbera babesteko ekipamendurik gabe joan gara, inolako babesik gabe. Lantegiak, egoitzak, supermerkatuak… EPIrik gabe garbitzen aritu gara, baina gu gure lanpostuetara joan gara.

Eta zer dio patronalak guzti honen aurrean?

Patronalak soldata arrakala aitortu gabe jarraitzen du, garbitasun feminizatuari balioa kentzen dio, baina ez hori bakarrik, beste urte batzuetan adina irabazi ez dutela izan eta 2019 eta 2020rako % 0ko igoera proposatu digute.

Urtarrilean eginiko bi eguneko grebaren ondoren, eskaintza %0,5 igo da 2021 eta 2022rako, %1ko eta %1,5ko eskaintzarekin 2021 eta 2022rako hurrenez-hurren.  % 0 sektorearen jarduera gelditu ez denean? KPI-ri inungo erreferentziarik egin gabe, hortaz, erosteko ahalmena ere bermatu gabe.

Ez hori bakarrik, 2020ko irabaziei buruz galdetzean, patronalak esan du oso garai gogorra izan dela eta diru asko inbertitu behar izan dutela norbera babesteko ekipamenduetan. Benetan ausartzen da hori esatera? Nora bideratu dituzte NBEak? Patronalaren bulegoetara? Izan ere, langileek, askotan, lan-ikuskaritzaren bidez erreklamatu behar izan dituzte NBE horiek, 200 garbiketarako erabilgarriak diren maskarak ematen direlako. Gaur egun, langileek erosi behar izaten dituzte maskarak gehienetan, enpresek ez dituztelako behar adina hornitzen. Benetan ausartzen al da patronala norbera babesteko ekipamenduen gastuari leporatzera, soldata ez igotzeko?

Jarrera hori probokatzailea eta onartezina iruditzen zaigu. Nazkatuta gaude. Nazkatuta gu mespretxatzeaz, ez haintzat hartzeaz. Garai latz hauetan gizarte hau sostengatu duen lubakietako bat gara. Ez dugu txalorik nahi, lan-baldintza duinak nahi ditugu, gure lanpostuetara seguru joan nahi dugu, errespetatuak izan nahi dugu eta soldata-arrakalarekin amaitu nahi dugu! Gainera, oraintsu ikusi dugu posible dela egoera hoenkin amaitzea. Zarautzko udaleko garbikuntzako akordioz ari gara, aurreko akordioan soldata-arrakalarekin amaitu ondoren, oraingo akordioak KPI+%1,3 jaso baitu, %2,3ko gutxineko soruarekin, honela, 2021an zarautzko garbitzaileek, denak emakumeak, 24.216,9€ko urteko soldata izango dute. Hau da ehundaka udalek hartu beharreko adibidea, garbikuntzako zerbitzua azpikontratatzen baitute 18.000€ko urteko soldatarekin, kale-garbikuntzako gizon azpikontratatuei 23.000€ baino gehiago ordaintzen dietenean. Europako agintariek kontratazio publikoaren inguruan pliegoetan emakume eta gizonen arteko berdintasun neurriak sartzea bultzatzen dute, hauen artean soldata-arrakalerakin amaitzeko neurriak. Hortaz, zeren zain daude gure agintariak gai honetan duten erantzunkizuna eurenganatzeko?

Gauza asko daude hobetzeko gipuzkoako eraikin eta lokaletako gabikuntzako sektorean, baina banku sozialak hiru zutabe nagusi lehenetsi ditu: soldata-arrakalarekin amaitzeko pausuak ematea, sektoreak pairatzen duen partzialitatearen aurka neurriak hartzea eta etorkizunean eman daitezken murrizketen aurkako neurriak hartzea.


Hala ere, badakigu borroka egitea baino ez digutela uzten, borrokatzea, gure lan-baldintzak hobetu eta sektorearen prekarizazioarekin amaitzeko. Kaleak hartzeko unea da, beste behin erakusteko gure lan-baldintzak ez doazela lotuta enpresen onurekin. Funtsezko sektorea gara, eta horregatik merezi ditugu lan-baldintza duinak!

Horregatik guztiagatik, martxoaren 15, 16, 17 eta 18 lau greba egun egingo ditugu. Lau greba egun, patronalari eskatzeko, unea dela hitzetatik ekintzetara pasatzeko, unea dela soldata-arrakalarekin amaitzeko eta negoziazio honi merezi dugun seriotasunez heltzeko!

Urkulluren aurrean mobilizatu gara, murrizketen aurka

Iñigo Urkullu lehendakaria Zuiara gerturatu da, osasun etxe berriaren inaugurazioa dela eta. Bada, lehendakariaren aurrean egin dugu protesta, osasungintza publikoaren defentsan. Hain zuzen ere, elkarretaratzea egin dugu murrizketen aurka eta zerbitzu publikoak indartu ditzatela aldarrikatzeko.

Pankarta erraldoi bat jarri dugu Nafarroako Ospitalegunean, garbiketen iruzurra salatzeko eta garbitzaileen plantilla handitzea eskatzeko

Gaur goizean, LAB sindikatuko hainbat kidek pankarta handi bat jarri dute Nafarroako Ospitaleguneko Ama-Haurren Ospitalearen fatxadan, Iruñean. Pankarta horretan, garbiketako langileen “plantilla handitzea” eskatzen zen, eta ISS enpresa kontzesionarioak garbiketen zerbitzuan eginiko “iruzurra” salatzen zen. Pankartan ere ospitaleko garbitzaileek jasaten duten egoeraren erantzuletzat jotzen zen Osasunbidea.

Herritarrek Bideko Ama bezala ezagutzen duten ospitaleko garbitzaileek hilabeteak daramatzate langile nahikorik ez dagoela salatzen, bai baldintza-agiriak ez betetzeagatik, bai COVID garbiketarako hornidura ez izateagatik. Zerbitzuaren enpresa kontzesiodunak, ISSk, etekinak pilatzen ditu gaixoaldiak eta oporrak ez estaltzearen kontura, eta, beraz, lanean jarraitzen duten langileen lan-kargak handitu egiten dira.

LABek Osasunbideaaren erantzukizuna ere salatu nahi du, langileen soldata estaltzen ez duten lizitazioak esleitzen baititu.

LABek, langileekin batera, iruzur hori salatzen jarraituko du, gero eta modu sendoagoan, plantilla behin betiko handitzea lortu arte. Ama Birjina ez zaigula agertuko baitakigu… Borroka izanen da gure bide bakarra.

Enplegu publikoa egonkortzeko Kidego eta Eskalen Lege proiektua Jaurlaritzaren beste txapuza bat da

Gaur LABeko zerbitzu publikoetako ordezkariak Gasteizko parlamentuko batzordean egon dira Jaurlaritzak aurkeztutako Kidego eta Eskalen Lege proiektua baloratzeko. EAEko eremu publikoan dagoen behin-behinekotasun maila jasangaitzari irtenbidea emateko Eusko Jaurlaritza aurrera eramaten ari den politika onartezina da. Lanpostu Deialdi Publikoek ez dute erretiratzen den langile kopurua asetzeko ez nahikoak direnean, behin-behinekotasunean dauden langileen egoera konpontzeko beste txapuza bat baino ez du aurkeztu, bere Kidego eta Eskalen Lege proiektu honen bi xedapen gehigarriekin.

LABek aspalditik aldarrikatu du egonkortasunaren bidean kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat dela. Esan bezala, Jaurlaritzak lege baten bidez baino, Kidego eta Eskalen lege baten bi xedapen gehigarri horien bidez gainetik kendu nahi izateak ez du arazoa konponduko hainbat arrazoirengatik:

    • Ez nahikoak dira, gehiegikeria pairatzen duten langile asko kanpoan utziko dituelako.

    • Gehiegikeria edo abusua jasaten egon diren langileentzako deialdiak ez ditu txanda itxirako gordetzen.

    • Espainako Estatuko Aurrekontu Legearen menpe jarraitzen dugu, izan ere soilik 2016 urtera arteko lanpostuak soilik kontsolidatu ahal izango ziren.

    • Lanpostu Zerrendetan agertzen ez diren lanpostu ugari dago, eta ez dira jasotzen.

Behin-behinekotasunarekin egiten diren gehiegikeriak salbuespen egoera larritu egin du, eta aipatu txanda itxirako eskubidea zehazte aldera, LABek ezaugarri hauek nabarmantzen ditu:

    • Hiru urtez lanpostu estruktural batean daudenak.

    • Ordezkapen edota programa kontratuetan daudenak, baldin eta kontratu horien legezko iraunaldia amaitu bada.

    • Lanpostu berdinerako behin-behineko kontratuen metaketa izan dutenak.

LABen proposamena salbuespeneko Kontsolidazio Lege Propio bat da, salbuespen egoeran gaudela  jabetuta, eta honek jaso beharko luke:

    • Abusuan dauden lanpostu guztien kontsolidazioa bideratuko duena.

    • Abusuan dauden langile guztiak kontutan hartuko dituena.

    • Prozesu hauek egiteko modu ezberdinak arautuko dituena:

        ◦ Merezimenduen lehiaketa, proba praktikoen nolakotasuna.

        ◦ Oposizio fasearen balioa malgutzea.

        ◦ Adin batetik aurrera salbuespenak aurreikustea.

        ◦ Lan poltsen araudiak egonkortasunaren beharretara moldatu ahal izatea.

Eusko Jaurlaritzak ez du arazoa errotik konpontzeko borondaterik. Urte mordoa darama arazoa konpondu baino, okertzen, eta epaitegiak eta borroka sindikalak izan dira azkenean bere gehiegikeriak geldiarazi dituztenak. Hau da, txapuza eta zerbait egiten ari denaren itxura,  eta propaganda hutsarekin eroso dago Jaurlaritza. Madrildik etorritako azken injerentzia judizialak indar gehiago ematen dio etengabe errepikatzen dugun aldarria, hots, legebiltzarrak ahalmen legegile guztiak erabili behar dituela benetako lege propioa, berme juridikoekin, aurrera ateratzeko. LABek berriro deitzen ditu langile publiko guztiak enplegu publikoaren eta lan baldintzen alde borrokatzen jarraitzeko, eta elkarlan sindikala bultzatzeko konpromisoari heltzen jarraitzen du.

Martxoaren 4rako greba deitu dugu EAEko zerbitzu sozialetan zaintza lanak aitortzea eskatuz

Pandemiak argi utzi du gizarte zerbitzuak zein garrantzitsuk diren bizitza mantentzeko. Orain arte, ordea, negozioa egiteko aukeratzat hartu izan dira botere ekonomikoen aldetik. Nabarmena izan da azken urteetan bai erabiltzaile zein langileen bizi kalitatea okerrera joan dela, pribatizazioak sortzen duen diru-gosea dela eta. Testuinguru honetan, Gorka Berasategi Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkariak adierazpenak egin ditu Bilbon martxoaren 4ko greban parte hartzeko deialdia luzatuz.

Gizarte zerbitzuen sistemak eredu aldaketa oso bat behar du. Urteak daramatzagu langile, erabiltzaile eta erabiltzaileen senitartekoak administrazio ezberdinak interpelatzen. Zaintzen ez duen eredua alde batera utzi behar da, negozioa eta pribatizazioa alboratuz. Gizarte zerbitzuak publifikatu eta zerbitzu hauen kalitatea bermatuko dituzten arauak onartu behar dira instituzioetan. Langile eta erabiltzaileen iritzia kontutan hartzea beharrezkoa da.

Gizarte zerbitzuak geroz eta gutxiago dira publiko eta geroz eta gehiago pribatu. Lan hauetan aitortza faltak prekarietatea areagotzea eragiten du. Lan zama jasanezinak, behin-behinekotasuna, soldata baxuak…patronalek negoziazio kolektiboa blokeatuta daukate. Ezinbestekoa da beraz langile hauen aldarrikapenak azalaraztea; horregatik dei egin nahi  dugu hurrengo martxoak 4ean deituta dagoen gizarte zerbitzuen greban parte hartzera, beste batzuen artean aldarrikapen hauen alde egiteko:

  • Gizarte zerbitzu guztiak publifikatu, langile guztiak subrogatuz.
  • Gizarte zerbitzuen eredua aldatu behar da; besteak beste, sarbidea erraztu eta orokortuz, arreta sistemak arautu eta pertsonen autonomia sustatu.
  • Erabiltzaile eta langileen parte hartzea sustatu.
  • Langileen lan baldintzak hobetzeko erabakiak hartu behar dira, lan hitzarmenak desblokeatuz eta ratioen dekretuak behar bezala eguneratuz. 
  • Gizarte-zerbitzuen multzoa arautu behar da, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte-hartzearekin.
  • Behar besteko aurrekontu-hornidura bermatu behar da, gizarte-zerbitzuen eta zainketa-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko, kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa.