2026-07-22
Blog Page 454

Arabako helduen egoitzetako mahaia, osatzeko bidean

Bi urte eta erdiko borrokaren ostean, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak negoziatzeko mahaia osatzeko bidean dago. Hain zuzen ere, enpresaburuen elkarteek sindikatuok egindako deiari erantzun diote, eta PRECOn ezarritako bileran izan dira. Patronalak zein ordezkaritza izango duen zehazteko dago oraindik, baina enpresaburuen elkarteek jakinarazi dute hurrengo bileran mahaiaren osaketa finkatuko dutela. Urriaren 13an izango da bigarren bilera, herrialdeko hitzarmen duin bat helburu.

Huerta de Peralta: sindikalismo borrokalaria nagusi!

Hauteskunde sindikalak izan dituzte Huerta de Peraltan, eta langileek sindikatuarekiko konfiantza berretsi eta areagotu dute. Lehen indarra gara alde handiarekin berriro, ordezkari bat gehiago lortuta. Enpresaren jarrera oldarkorraren aurrean, sindikalismo borrokalaria garaile!

Lan Ikuskaritzak UDAPA-ren aurkako zigor-prozedura administratiboa irekitzea ebatzi du prebentzio-arloko arau-hausteengatik #LortuDugu

Joan den abenduan UDAPAko langile batek lan-istripu bat izan zuen Gasteizko lantokian gaizki seinaleztatutako eta irekita zegoen zanga batera erorita. Erorikoaren ondorioz, langilea larri zauritu zen. Enpresa-batzordeak (ordezkari guztiak LABekoak dira) salaketa jarri ondoren, eta ikuskapen-jarduerak amaitu ondoren, Lan Ikuskaritzak UDAPAren aurkako zehapen-prozedura administratiboa hastea ebatzi du.

Ekainean, OSALANek egindako txostenean, honek ez zuen leku egokian uzten enpresaren prebentzio-ekintza; zehazten zuen ez zela behar bezala gauzatu lantoki berean bi enpresa edo gehiagotako langileek jarduerak egiten dituztenean Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean aurreikusitako eta beharrezkoa den “jardueren koordinazioa”. Langile guztiei ez zitzaizkien jakinarazi zangak eragindako arriskuak, eta, beraz, ez zitzaien jakinarazi beste maila batera erortzeko arriskua. Zeuden seinaleak kontraesankorrak ziren; izan ere, alde batetik, behin-behineko seinale batekin pasatzea debekatzen zuten, eta, bestetik, irteera horretatik ebakuazio-bidea adierazten zuten.

OSALANek egindako ikerketatik hurrengoa ondorioztatzen da: enpresak, prebentzio-ekintzari dagokionez, teorikoki espedientea formalki bete besterik ez zuela egin, baina egiaren orduan, praktikan ez zuela garatu edo aplikatu behar zuen bezala.

Era berean, Lan Ikuskaritzak istripua izan duen langilearentzako prestazioen errekargu-proposamena egin dio Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari, enpresak laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak urratu dituelako.

Uste dugu UDAPA kooperatiba bat den heinean, eta saltzen dituen balioen gainetik, langileen segurtasunari eta osasunari dagokienez, ohiko edozein enpresa pribatuk bezala jokatzen duela; langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik, produktibitateari eta epe laburreko onura ekonomikoari ematen dio lehentasuna. LABen ustez, beharrezkoa da prebentzioan inbertitzea. Istripua gertatu zenean jada publikoki salatu genuen. Norabide-aldaketa bat behar dugu, eredu-aldaketa bat, non langileen osasuna eta bizitza izango den elementu nagusia.

Garbiñe Aranburu: “Urkullu eta gu herri desberdinetan bizi garela ematen du”

LABeko idazkari nagusia Bizkaia Irratian elkarrizketatu dute, eta aktualitateko hainbat gairi buruz hitz egin du. Hemen elkarrizketa osorik entzuteko aukera.

Arabako helduen egoitzetako enpresaburuen elkarteak bilerara deitu ditugu PRECOn, irailaren 21erako

2 urte eta erdi baino gehiagoz astean 17 greba eta elkarretaratze egin ondoren, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak aldarrikatzen jarraitzen dugu LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok. Hala, agerraldia egin dugu Gasteizen, egoeraren berri emateko.

Hain zuzen ere, 30 hilabete hauetan bilerak egin ditugu Arabako Foru Aldundiarekin, egoitzen sektoreko hainbat ordezkarirekin eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin, baina oraindik ere lan baldintzak eta zerbitzua hobetuko dituzten neurrien zain gaude.

Agerraldian jakinarazi dugun bezala, “alderdi politikoetako kideek diote jendartearentzako funtsezko zerbitzua garela eta gure lanpostuak ezinbestekoak direla, konfinamenduan zehar izandako txalo zaparrada ospetsuen ildotik. Demagogia hutsa eta prekarietate bera. Pandemiaren aurretik ikusezinak ginen, orain bere propaganda politikoaren tresnak besterik ez gara. Horregatik, sindikatuek dei egiten diegu sektoreko enpresaburuen elkarteei datorren asteartean, irailak 21, 12:00etan PRECOn bilera bat egiteko”.

Datu esanguratsu bat eman dute euren baldintzen argazkia azaltzeko: Bizkaiko lankideek baino 200 ordu gehiago lan egiten dute urtean, hilean 400 euro gutxiago, eta, gainera, lanbide-kategorien arabera ez dagozkien zereginak egiten dituzte. Hau guztia esanda, herrialdeko hitzarmenaren aldeko aldarrian berretsi diar egoitzetako langileak.

Presoen eskubideen alde mobilizatu gara Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Hain zuzen ere, udan egindako etenaldiaren ostean, hileroko dinamikari eman diogu jarraipena, eta Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan, Espainiako Delegaritzaren aurrean.

Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu dugu. Hain justu, 2018ko abenduaren hasi genuen dinamika hau, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko helburuarekin.

Neurri hauek lehenbailehen martxan jartzea eskatzen dugu: euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea; gaixorik dauden presoak eta adinez nagusienak berehala kaleratzea; gradu aldaketa eta ohiko kartzela legerian aurreikusitako kartzela onurak eskura izatea inolako diskriminaziorik gabe eta salbuespen legeria oro gainditzea.

Aipatu neurriok premiazkoak dira eta ezin da gehiago itxaron. Kartzeletako salbuespen-egoerak, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bizikidetza demokratikoan aurrera egitea zailtzen du eta sufrimendu gehiago sortzen du.

Hego Euskal Herriko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzeko momentua heldu da

Atzo erabaki zen 15 euro igotzea Estatuko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS), Madrilgo Gobernua eta CCOO eta UGTren arteko akordioarekin. Soldata igoerak beti albiste ona izan arren, zenbatekoa oso apala da, baita Espainiako estatuko egoeraren aurrean ere. LABetik argi esan behar dugu ez dituela Hego Euskal Herriko langileen beharrak erantzuten.

Estatu mailan planteatzen ari diren igoerak oso urrun daude Hego Euskal Herrian dauden beharretatik. Bertoko bizitzaren kostuari ezin dio estatu mailan ezarri den LGSak erantzun. Hego Euskal Herriko egoerari egokitutako eta egoera horri erantzuten dion LGS ezarri beharko litzateke.

2020ko Greba Orokorraren ondoren eta honen indarra baliatuz, gehiengo sindikalak LGS propioa ezartzeko proposamena egin zion Confebaski, Akordio Interprofesional baten bitartez. Pandemia etorri zen eta proposamen horrek ez zuen garapenik izan. Orain, momentua da eztabaida horri berriz heltzeko. Euskal Herriko biztanleri osoak beharrezkoa du.

LABetik Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernua interpelatu nahi ditugu gai honen inguruan lan egin dezaten. Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia, Maria Chivite eta Ma Carmen Maeztu prest agertu beharko lirateke LGS propioa ezartzearen alde, baita hau lortzeko beharrezkoak diren pausoak emateko; bertako LGS lortzeak herri honetako biztanleriaren lan eta bizi kalitatea hobetuko luke, eta hori izan behar da Gobernu bien helburua.

Horrekin batera Confebask ere interpelatu nahi dugu. Orain dela urte ta erdi proposamen bat egin genien: LGSa propio bat ezartzea EAEn. Garaia heldu da eztabaida horri heltzeko eta horren inguruko pausoak emateko.

CEN patronala ere interpelatu nahi dugu, Nafarroan ere LGS propioa ezartzeko eztabaidari hel diezaion.

Estatu mailan dagoen eztabaidan, Estatuko Gobernuak, LGS ezartzerakoan, Europako Eskubide Sozialen Kartak ezarritako irizpidea hartu du: LGS soldataren bataz besteko %60a izatea.

LABek Hego Euskal Herrirako irizpide berdina defendatzen du. Hortik ezarri zen urteetan aldarrikatu den 1.200 eurotako gutxieneko soldata.

Baina heldu da garaia kopuru hori eguneratzeko. Europako Eskubide Sozialen kartak ezarritako irizpidea jarraituz, 2021ean Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.400 euro gordinetakoa izan beharko litzateke, 14 pagatan.

Bada garaia Hego Euskal Herriko eta bertoko begirako LGS bat ezartzeko. Langileak eta biztanleriak behar dugu.

Gobernu, patronal eta sindikatuak gai honi heldu behar diogu. LABek eztabaida hori bultzatuko du bertoko LGS lortu arte.

Lanuzteak eta greba eguna deitu ditugu USOAn, langile batzuk baztertzen eta diskriminatzen dituen hitzarmen kolektibo baten aurrean

LABek mugarri historikoa ezarri du, eta USOAn, 300 langile baino gehiago dituen Barakaldoko Udaleko enplegu-zentro berezian, lehen greba egitea proposatu du. Honen helburua da Gerentziak eta Barakaldoko Udalaren jarrera salatzea, presa baitauka langile batzuk baztertu eta diskriminatzen dituen Hitzarmen Kolektibo bat sinatzeko.

Gerentziak eta Udaleko gobernu-taldeak, negoziazioak hausten dituen ultimatum baten bidez, hitzarmen kolektiboa sinatu beharra ezarri dute irailaren 24rako. Zentzugabekeria horren aurrean, LABen erabakia da atzera ez egitea eta USOAko langileen eskubideak defendatzen jarraitzea.

Gaur egun, USOAko langile guztientzat aurreikusten da Barakaldoko Udaleko gainerako langileei urtero aplikatzen zaien soldata-igoera.

Hitzarmen berriaren negoziazioan, LABek USOAko langile guztientzako igoera lineala proposatu zuen, eta enpresaren helburua da, ordainetan, udalaren soldata-igoera USOAko plantillaren zati bati kentzea, langileen artean aldeak sortuz.

LABek uste du xantaia hori onartzeak etorkizunean enplegu-zentro bereziko langileei beste eskubide batzuk kentzea ekarriko duela, eta, horregatik, tinko eusten dio bere jarrerari. LABek Barakaldoko Udalaren soldata igoera eskatu du USOAko langile guztientzat.

Egoera horren aurrean, LABek honako mobilizazioak deitu ditu: irailaren 23an, 3 ordutako lanuztea 12:00etatik 15:00etara eta irailaren 24an, greba eguna eta prentsaurrekoa 10:30ean Barakaldoko Herriko plazan.

Langileen eskubideak defendatzea ez dela delitua aldarrikatu dugu Bilbon

Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren alde greba egitea eta lan eta bizi-baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten 3 langile epaitu dituzte, eta haiei babesa emateko mobilizatu gara Bilboko epaitegien aurrean, “Langileen eskubideak defendatzea ez da inoiz izango delitua” lemarekin”.

Bizkaiko Metalgintzan 10 greba egun egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun 7 langile daude inputatuta.

Hauxe da LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuok eginiko ohar bateratua, gaurko epaiketaren harira:

Gaur, epaitegi honetan, greba egitea eta lan eta bizi-baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten hiru langile epaituko dituzte. Denok gogoratuko duzuen moduan, Bizkaiko metalean 10 greba egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun  7 langile daude inputatuak, guztira 15 langile inputatu dituzte, baina horietako 8 absolbitu egin dituzte honetaz gain hainbat isun eta zigor ekonomiko jarri dira, kasu batzuetan Mozal Legea aplikatu delako. Gaurkoa ez da azken epaiketa izango, urriaren 4an beste bi langile epaituko dituzte eta kasu honetan Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek 23 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute.

  • Salatu nahi dugu akusazio horien guztien atzean dagoena (kasu batzuetan espetxeratzeko eskaerak barne): grebarako eskubidea kriminalizatu nahi da, lan eta bizi-baldintza duinak babesteko borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari aipua kendu nahi diote. 

Argi eta garbi aditzera eman nahi dugu kriminalizatzeko saiakera hori erabaki politiko baten ondorioa dela. Erabaki hori instituzioen eskutik etorri da, bereziki, Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzatik. Izan ere, gatazkan zehar patronalaren alde jarri zen zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten. Greba egun baten ondoren, Bilbon egin zen manifestazio baten ostean, greba deitu genuen sindikatuok indarkeriaren erabilera neurrigabe hori salatu genuen prentsa-ohar baten bidez. Orduan Eusko Jaurlaritzari eta FVEMri ohartarazi genien poliziaren bidea eta bide judiziala ez zirela erabili behar. Hala ere, gaur, irailaren 16an, 7 inputatu ditugu. 

Halaber, ez ditugu ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekarietatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten, oraintxe aipatu duguna bezalako eskubide urraketak gauzatu badituzte ere. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako. 

Bizkaiko metala ez da salbuespen bat, ordea. Jaurlaritzak berrikusi beharra dauka euren lanpostuen defentsan ari diren langileen aurka, azken hilabeteetan poliziak izan duen jarduera salagarria, euren artean ITP-PCB edo Tubacex-eko langileen kontrako erasoak. Azken bi gatazka hauetan, gutxienez 8 dira epaitegietan deklaratu behar izan dutenak eta litekeena da inputazio gehiago heltzea. Inork ezin ditu ahaztu Ertzaintzak ITP-PCBko ateetan jipoitutako langileen irudiak edo Tubacex-eko langileenak, Eusko Jaurlaritzaren aurrean poliziak erasotuak.

Langileen eskubideak, gure eskubideak defendatzea ez da sekula delitu izango. Hori dela eta, salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.