2026-08-21
HomeEkintza SindikalaOsasunarekin joan den udaberrian eta enpleguarekin orain, Jaurlaritza langileak abandonatzen ari dela...

Osasunarekin joan den udaberrian eta enpleguarekin orain, Jaurlaritza langileak abandonatzen ari dela salatu dugu

LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak eta Idazkaritza Juridikoko arduradun Ainhize Muniozgurenek, Jesus Gutierrez abokatuarekin batera, agerraldia egin dute, EAEko Auzitegi Nagusiak sindikatuak jarritako salaketa baten alde emandako epai garrantzitsu baten berri emateko. Hain zuzen ere, pandemiak eragindako joan den urteko itxialdian, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Madrilgo Gobernuak oinarrizkoak ez ziren zerbitzuen geldialdiarekin eginiko kudeaketa guztiz okerra izan zela onartu du epaitegiak.

Ainhize Muniozgurenek azaldu bezala, 10/2020 Errege Dekretuaren bidez berreskuratu beharreko ordainduriko baimena (PRR) ezarri zen martxan. Haren helburua zen oinarrizko zerbitzuak soilik mantentzea martxan, gainerako aktibitate oro geratuz 2020ko martxoaren 30etik apirilaren 9ra artean. 

Transmisiones La Magdalena enpresa nekazaritza arloan transmisiorako makinetarako zuhaitzen fabrikazioan jarduten da, eta, hasiera batean, aipatu dekretuaren baitan, ez zen oinarrizko zerbitzua. Horregatik, martxoaren 30 eta apirilaren 1ean langileei lanera ez joateko agindu zieten. 2020ko martxoaren 31n, ordea, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak “interpretaziozko nota” bat atera zuen, zeinarekin 10/2020 Errege Dekretuak albo uzten zuen inportazio eta esportazio aktibitatea ardatz zuten enpresak berriz lanean has zitezkeela jasotzen zuen. Horrela, aipatu dokumentuan oinarrituta, La Magdalenako langileei lanera itzultzeko agindu zieten apirilaren 2tik aurrera, argudiatuz enpresaren aktibitatearen %90a esportazioan datzala. 

LABetik demanda jarri genuen aldarrikatuz Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministerioak ateratako nota ez zela baliozkoa, eskumenik ez zuelako; eta, ondorioz, langileak lanera itzultzeko aginduak ez zuela oinarririk, ezin baitzen aipaturiko nota izan hori ahalbidetzen zuen marko juridikoa. Era berean, eskatu genuen aktibitatea berreskuratzearen neurria atzera botatzeko eta langileei integritate fisikoa zein morala urratua izanagatik 50.000 euroko indemnizazioa emateko. 

Bilboko arlo sozialeko 9.epaitegiak demanda atzera bota zuen; aldiz, otsailaren 9an, EAEko Auzitegi Nagusiak emaniko epaiak onartu egin du LABen errekurtsoa eta arrazoia eman digu: batetik, sententziak jaso du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak igorririko nota ez dela aplikagarri, ez baitzuen horretarako eskumenik; eta ondorioz, enpresaren jarduna ezin zen oinarrizkoa izan. Bestetik, enpresa langileei 50.000 euroko indemnizazioa ordaintzera kondenatu du euren integritate fisiko eta morala urratu izanagatik. 

Patronalaren interesak, osasunaren gainetik

Xabier Ugartemendiaren esanetan, epaiak argi uzten du, itxialdi garaian, “Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburu Arantza Tapiak eta Espainiako Industria ministro Reyes Marotok patronalaren interesak jarri zituztela langileen osasunaren gainetik; patronalak dirua irabazten jarrai zezan bermatzeko, langileak arriskuan jarriz. Eta ez du LABek esaten; EAEko Auzitegi Nagusiak esaten du, hots, langileen segurtasun fisikoaren oinarrizko eskubidea urratu dela”.

Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariaren hitzetan, “pandemiaren erdian, Jaurlaritzak patronalaren etekinak langileen eskubide eta bizitzaren gainetik jarri ditu. Osasunarekin joan den udaberrian eta enpleguarekin orain, Jaurlaritzak langileak abandonatzen ari da”.

Ardurak

Ardurak argitu daitezen, LABek bi ekimen jarriko dituela martxan aurreratu du Ugartemendiak:

-Fiskaltzaren esku jarriko dugu EAEko Auzitegi Nagusiak emandako sententzia, aztertu dezan ardura penalik ote dagoen Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko Sailak eta Espainiako Industria Ministerioak izandako jardunean.

 -Ordezkaritza dugun enpresetan araketa egingo dugu, jakiteko lanak martxan mantendu zituzten enpresen artean Errege Dekretuak baimentzen ote zien hori egitea edo ez; ezezkoa bada, beste pauso legal batzuk eman ahal izateko.

“Langileek ez dugu krisi hau ere ordaindu behar”, erantsi du Ugartemendiak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...