2026-04-20
Blog Page 449

Sektore feminizatuetako langileen lana aitortzea, duintzea eta babestea aldarrikatu dugu Deustuko zubian

Sektore feminizatuetako langileek bizi duten prekaritatea eta enplegu galera borrokatzeko dinamika bat abiatu dugu LABetik. Aste honetan hainbat ekintza gauzatuko ditugu herrialde ezberdinetan, emakumeak* isilarazi eta ikusezin bilakatzeko asmoekin nazkatu garela salatzeko.

Hala, Deustuko zubia blokeatu dugu gaur, Bilbon, euskal gobernu eta patronalei mezua argi bat zabaltzeko: premiazkoa da emakumeen enplegua baloratzea eta duintzea. Ondoan dagoen Zubiarte merkataritza gunean ere egin dugu ekintza, “No sobra nadie. Lana banatu, kapitala banatu!” lelodun pankarta zintzilikatuta. Deustuko zubian ere zintzilikatu dugu pankarta bat, “Esto no es digitalizaciĂłn, es precarizaciĂłn” leloarekin, kasu honetan.

Zerbitzu Pribatuetako federazioko idazlari Maddalen Doradorrek azaldu bezala, “garbitzaileak gara, duintasunetik urrun dauden lan baldintzak ditugunak; ostalaritzako langileak gara, gure politikoek gu kontuan hartu gabe ireki eta ixten dituztenak; merkatariak gara, enpresen irabaziak hazten ikusten ditugun bitartean, murrizketa eta kaleratzeak sufritzen ari garenak… jarduera ezberdinetako langileak gara, egunero-egunero are gehiago prekarizatuak eta tantaka kaleratzen gaituztenak, eta gure kaleratzeak ez dira inon ageri”.

Onartezina da azken urte honetan egiten ari den inprobisazioa. Euskal Herriko enpleguak babestu behar dira. “Bizitzak sostengatzen ditugunak gara, Euskal Herriak martxan jarraitzea ahalbidetzen dugunak. Beharrezkoa da gure lana aitortzea, duintzea eta emakumeen enplegua babesteko politikak egitea”, adierazi du Doradorrek.

Azken mezu bat ere helarazi dugu gaurko ekintzarekin: hau hasi besterik ez da egin. Borrokak hauspotu eta indartzeko garaiak datoz Euskal Herrira.

Presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Donostian, Izan Bidea dinamikaren baitan

Euskal gehiengo sindikalak deituta (LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CNT eta CGT-LKN), Donostiako Sagues eta Bulebar artean mobilizatu gara, euskal presoen eskubideen defentsan, Sareren Izan Bidea dinamikaren baitan.

Izan Bidea dinamika martxan dagoenetik, hamaika ekimen egin dira Euskal Herri luze-zabalean, eta gaurkoan Donostiara ekarri dugu; sindikatuok, kasu honetan. Izan ere, denbora daramagu salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatzen. Egun, bide bat hasia dagoela esan dezakegu, azken hilabeteetan ematen ari diren aldaketak direla eta. Aldaketa horiek, ordea, jendartearen aktibazioaren ondorioz etorri dira. Hortaz, uste dugu akordio eta aktibazioaren bidea garatzen jarraitzea ezinbestekoa dela, urrunketarekin eta gradu progresioaren blokeoarekin amaitzeko, besteak beste.

Zentzu honetan, sindikatuon ordezkariek gaurkoan nabarmendu bezala, “Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatu du. Jendarte zibilaren mobilizazioari nahiz instituzioen interpelazioei esker, urratsak ematen hasiak dira norabide horretan; ez nahiko genukeen bezainbeste, ez nahiko genukeen bezain azkar, baina urratsak ematen ari dira, euskal presoen gerturatzeari edota gradu aldaketari dagokionez. Prozesu hori bururaino eramatea eskatzen dugu, berriro ere, euskal preso guztiak Euskal Herriratuz, preso gaixo guztiak kaleratuz nahiz salbuespenezko neurri oro indargabetuz. Horretarako herritarron aktibazioa eta baita langileriarena ezinbesteko elementuak dira”.

Pausoz pauso, ibilian-ibilian, etxerako prozesu hori azkartu nahi dugu, eta oraindik bide luzea dugu egiteko, “oraindik ere, preso eta senide gehiegi daudelako ehundaka kilometroek bereizita, baita 18 larriki gaixo diren preso ere. Graduen progresioa ematen hasi bada ere, hirugarren gradua gutxi batzuei soilik ezarri zaie eta asko dira 3/4 beteak izan arren, espetxean jarraitzen duten presoak edota Frantzian jada bete duten zigorra Espainian berriro betearazten zaien presoak ere… beraz, oraindik badugu lana eta  salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko eskatzen jarraitu behar dugu”. 

Hala, langile eta herritarrei ondorengo asteetan sindikatuok deituko ditugun gainontzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diegu, Izan Bidea dinamikak ez baitu etenik. Denok izan behar dugu bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiek azken muturreraino eramateko. “Aldarrikatzen, mobilizatzen eta adostasunak bilatzen jarraituko dugu. Etxerako bidea egiteko bultzada izan gaitezen”, erantsi dugu mobilizazioaren amaieran. 

Sindikatuok bilera errondari ekin diogu alderdi politikoekin, EAEko sektore publikoaren egoera larriaren berri eman eta euren erantzukizuna aldarrikatzeko

LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuon oharra:

Apirilaren 22an sektore publikoan greba orokorra deitu genuen sindikatuok hala eskatuta, gaur, ekainaren 3an, ekin diogu bilera errondari Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten honako talde politikoekin: EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosekin. Bihar, berriz, PSE eta PP-Ciudadanos alderdietako ordezkariekin bilduko gara.

Batzarretan, sindikatuetako ordezkariok azaldu dugu zergatik bultzatu ditugun EAEko sektore publikoan mobilizazio eta greba-egunak, eta sektore publikoak bizi duen egoera larriaren berri eman diegu: sektore publikoan 120.000 langile baino gehiago daude azpikontratatuta, eta kontratatutako langileen % 40k behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen du. Hori gure erakundeek sektore publikoa pribatizatzeko egindako apustuaren ondorio garbia dela adierazi diegu.  

Beharrezkoa da gure erakundeek eta alderdi politikoek behingoz irtenbide bat bilatzea, beren esku baitago konponbidea, eta hori lortzeko, behin-behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langile publiko baino gehiago kontsolidatu behar dira, eta behingoz zerbitzu publikoen alde egin, enplegu publikoa sortuz eta pribatizazioari bidea moztuz.

Helburu hori lortzeko eta mobilizazioen dinamikaren barruan, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok manifestazioak deitu ditugu ekainaren 5ean EAEko hiru hiriburuetan. Manifestazioak 11:30ean izango dira; Gasteizen, Diputazio plazatik; Donostian, Boulevardetik; Bilbon, Arriagatik. Sindikatu deitzaileok langile publiko guztiak eta herritarrak animatzen ditugu bertan parte hartu dezaten; guztion artean lortuko dugu helburua.

Ekainaren 10 eta 12an egingo ditugu Ekintza Sozialeko Komunitatea elkarrekin eratzeko eta saretzeko topaketak

Ekainaren 10ean, Gasteizen egingo ditugu topaketak, eta, ekainaren 12an, Atarrabian, Basaurin eta Irunen. Izena eman behar da aldez aurretik, hemen, bertan parte hartzeko.

Ekintza Sozialeko Komunitateko kide izateko izen ematea zabaldu genuen duela aste batzuk, “Lantokitik herrira! eraldaketarako tresna” goiburupean. Zabaldu dugun ibilbide honen baitan lehen geltokia ekaineko topaketak izango dira. Topaketa hauek lehen elkargune bat izan nahi dute, komunitatea nolakoa izango den eta zertan jardungo duen definitzeko bide honetan.

Baina ez hori bakarrik, topaketa hauetan hausnarketa eta ekintza uztartuko ditugu eta horregatik herrialde bakoitzeko asanbladaren ostean mobilizazio eta ekintza ezberdinak egingo ditugu. Izan ere, Ekintza Sozialeko komunitatea praktikarako sortu dugu.

Hauek dira hitzorduak:

-Ekainak 10:

. Gasteiz, 17:00, Simon Bolivar plaza.

-Ekainak 12:

. Atarrabia, 10:00, Atargi ikastola.

. Basauri, 10:00, Pozokoetxe parkea.

. Irun, 10:00, Dunboa ikastetxea.

Arabako merkantzia garraioetako hitzarmenaren aktibazioaren alde mobilizatu gara

Mahai negoziatzailea osatzen dugun sindikatuok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dugu, Arabako Garraioaren Elkartearen egoitzaren aurrean, patronalari negoziaziora itzul dadin exijitzeko.

Manifestaziora deitu dugu Olaztin, Quesos La Vasco Navarran hitzarmen duin bat aldarrikatzeko

La Vasco Navarra enpresan gehiengo sindikala osatzen dugunok komunikabideak deitu nahi ditugu Olaztin larunbat honetan ekainak 5, eguerdiko 12:00etan, egingo dugun manifestaziora. Manifestazioa Olaztiko plazan hasi eta enpresaren aurrean bukatuko da.

Martxa honekin mobilizazio dinamika bati hemango diogu hasiera, larunbatean manifestazioa, eta datorren astean ekainaren 10ean bi orduko lanuzteekin hasiko gara arratsaldeko txandan, ondoren ekainaren 11ean bi orduko lanuztea egingo dugu goizeko eta gaueko txandan. Ekaina osoan zehar lanuzteak deitu ditugu astelehen eta ostegunetarako.

Dinamika honen arrazoia lan hitzarmen duin baten aldeko negoziaketen blokeoari aurre egitea da. La Vasco Navarra enpresa, enpresa errentagarria da, azken hamar urteak irabaziekin amaitu duen empresa alegia. Esate baterako 2019an, 950.000€ ko irabaziak izan zituen. 2019. eta 2018. urteetan 140.000 € -ko irabaziak banatu dituzte bazkideen artean. 2020Ko datuak oraindik ez ditugu, baina pandemia garai hauetan lan erritmoak kontutan izaten baditugu eta ABLE bidez eginiko kontratazioen igoera, argi geratzen zaigu egoerak obera egin duela.

Egoera honetan enpresak erabaki du gure aldarrikapenik ez onartzea, aldarrikapen hauek enpresa batzorde guztiak (LAB 2, CCOO 1, ELA 1 y UGT 1) aukeztu genituen langileen gehiengoak babestu ostean. Hala ere, ELA eta UGT dinamikatik jauzi izanak atsekabetzen gaitu, hala ere, borrokara gehitzeko ateak zabalik dituzte.

Enpresak azkeneko proposamen bat egin zigun, %1,75eko igoera proposatu zuen soilik nominan hitzarmen estatalari eragiten ziena. Beraz hitzarmen estatalean agertzen ez diren kontzeptuei ez die eragiten proposamenak, are gehiago, kontzeptu hauek absorbitzeko aukera aurreikusten zuen proposamenak. Aurkeztu zituzten beste hobekuntza batzuk, lotuak daude absentismoa edo produktibitatea bezalako kontzeptuei.

Egoera honek uzten duen errealitatea hau da: enpresako langile gehienek 1000€ inguruko soldata netoa dute eta 1770 ordu lan egiten dituzte urtean. Beste alde batetik, hizarmenaren gainetik kobratzen ari diren pertsonak euren komplementuak absorbitzen direla ikusten dute inongo obekuntza izango duten espektatibarik gabe.

Langileon eskaeren aurrea, enpresak, enpresa hitzarmenetik erortzea erabaki du eta lan hitzarmen estatala aplikatzen hasi da honek dakarren lan eskubideen kalte guztiarekin

Enpresak langileak erasotzea erabaki du bere posizioa mantendu asmoz, lan baldintzak kaxkartzen jarraitu nahi du, negozioa ahalik eta gehien esplotatzeko asmoz eta akziodunek euren irabaziak banatzen jarrai dezaten.

Prentsa ohar hau sinatzen dugun sindikatuentzat guztiz onartezina da, langileei eta zonaldeari esker irabaziak dituen empresa honek aberastasuna modu justuan banatu nahi ez izatea, langileentzat eta zonaldearentzat onuragarri izan daitekeen banaketa. Beraz ohar hau sinatzen dugun sindikatuok borrokarako hautua egiten dugu, enpresaren txantailari aurre egiteko eta langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz. Horregatik, langileei ez ezik eskualde osoari dei egiten diegu helburu hauekin egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Aldi berean UGT eta ELA sindikatuak euren posizioa berraztertzera eta dinamika honekin bat egitera deitzen ditugu. Batasuna baita langileok dugun tresna garrantzitsuena empresan bizi den egoerari buelta emateko.

Sektore feminizatuetan prekaritatea kronifikatu egin dela ohartarazi du Idazkaritza Feministak

Orain dela urtebete osasun krisi batek gure bizitzak astindu zituen, bizitza versus kapital gatazka ageriago utziz. Argi gelditu da bizitzak zeintzuk eta zein baldintzetan sostengatzen ditugun. Baina, nahiz eta ezinbestekoak garen, berez txarrak ziren lan baldintzak ez dira hobetu. Prekaritatea kronifikatu egin da sektore feminizatuetan.

Horregatik, bizitzak erdigunean jartzen duen gure ildo feminista ezinbestekoa da. Zaintza lanen egoera irauli behar dugu, emakume* langileon lan baldintzak salatu eta borrokatu behar ditugu, sektore feminizatuak lehen lerrora ekarriz. Eta norabide honetan kokatzen dugu etxeko langileen lan baldintzen aldeko borroka.

Beraz, esan dezakegu kurtso korapilotsu honetan, aurrera egiten jarraitu dugula, eta honen guztiaren berri jaso dugu LABen BULETIN MOREAn. Idazkaritza Feministaren buletinaren bigarren zenbakia da honako hau. Lehenengoa, hemen irakurgai.

Prekaritate eta langabezia tasak oso altuak dira

Txertaketak aurrera egin ahala eta murrizketak murriztu ahala, jarduera-erritmoa berreskuratzen ari da, batez ere mugikortasun-mugek gehien eragiten dieten sektoreetan. Hori guztia kontuan hartuta, eta maiatzean udako kanpaina hastearekin batera, Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du, eta, ondorioz, langabezia jaitsi egin da.

Hala ere, Enplegu Zerbitzu Publikoek zabaldutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 161.178 langabe daude oraindik, hau da, pandemiaren hasieran baino ia 10.000 gehiago. Gainera, beste 28.267 pertsona daude lan-erregulazioko egoeran.

Nolanahi ere, krisiaren unerik latzenak gainditu ondoren, komeni da arreta-gunea lan-merkatuak azken hamarkadetan izan dituen eta langile-klaseak jasaten dituen arazoetan jartzea.

Lehenik eta behin, langabezia-tasa handia aipatu behar dugu, Europar Batasuneko bi estatutan baino ez baita gainditzen: Espainiakoan eta Italiakoan. Bereziki larria eta kezkagarria da gazteen egoera, %37tik gorako langabezia-tasarekin ia hirukoiztu egiten baita Europar Batasuneko batezbestekoa.

Era berean, prekaritatearen Europako rankingaren buruan gaude, baina azken lau hamarkadetan onartutako erreformek ez dute lagundu lan-segmentazioa eta aldi baterako kontratazioaren abusua murrizten. Hori horrela, sinatutako aldi baterako kontratuen bolumenak kontratazio osoaren %90etik gorako mailan geldituta jarraitzen du.

Era berean, langabeziagatiko babes-sistemaren estaldura-maila txikiak aipatu behar dira. Zehazki, ofizialki langabezian dauden hiru pertsonatik batek soilik jasotzen du langabezia-prestazioren bat.

Egoera horri buelta ematen hasteko, azken lan-erreforma indargabetu beharko da; baina horrek ez du esan nahi neurri hori nahikoa denik, helburua ez baita aurreko egoerara itzultzea.

Nolanahi ere, argi dago enplegua sortzea eta prekaritatea amaitzea ez direla propaganda instituzionalerako tresna gisa sortutako enplegu-planen eskutik etorriko, eta are gutxiago laneko protesten aurkako polizia-errepresioa areagotzetik.

Ikerketa egiteko eskatu diogu Osasunbideari hemoderibatuak zeramatzan gaztearen lan heriotzaren gorabeherak argi ditzan

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aurrean, erakunde horrek azpikontratatutako langile batek izandako lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, azpikontratazioak prekaritatea sortzen duela salatu dugu.

Osasunbideak badu egitura eta baliabide nahikorik osasungintzarekin lotura duten zerbitzu guztiak kalitatez emateko. Azpikontratazioak ondorio latzak ditu, eta Osasunbidea da erantzulea, kasu honetan.

Aurten, gutxienez, 24 langile hil dira jada lanean Euskal Herrian. Sarraskiak ez du etenik.

Iragan maiatzaren 17an Erriberrin gazte bat hil zen auto istripu batean. Gazte hura, une hartan, hemoderibatuak garraiatzen ari zen Nafarroako Ospitaleguneko odol bankutik Tuterako odol bankura. Alegia, Osasunbidearendako lanean ari zen, azpikontrataturiko enpresa baten bidez. Horregatik, LAB sindikatuak Osasunbideko langile batzordearen segurtasun eta osasun bileran eskatu du Erriberriko istripua lan istripu gisa aitortzeko eta bere inguruko gorabehera guztiak argitzeko.

Hain zuzen ere, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aitzinean, Erriberriko lan heriotza salatzeko. Lehenik eta behin, sindikatuek salatu dute ez azpikontrataturiko enpresak ez Osasunbideak ez dutela Erriberriko heriotzari buruzko inolako informaziorik eman.

Erriberriko istripuan lanean aritu ziren su-hiltzaileek bertan aurkitu zuten odol garraiatua Iruñeko odol bankura eraman zutelarik, orduantxe jabetu zen bertan lan egiten duen LABeko afiliatu bat istripu hura lan istripua zela. Sindikatuari abisua eman zion, eta erakundeei informazioa eskatzen hasi ginen orduan. Aitzitik, gauza handirik ez dugu oraingoz lortu. Informazio falta hori dela eta, LABek eta bertze sindikatuek ikerketa bat egiteko eta istripua gertatu zeneko inguruabarrak argitzeko eskatzen dugu, bai eta langileak garraio enpresa esleipendunarekin duen kontratu-harremana eta haren lan-baldintzak, ibilgailuaren jabetza eta hark hemoderibatuak garraiatzeko baldintzak betetzen ote zituen eta bidaiatzen zuen ibilbidea egokiena ote zen argitzeko ere.

Osasunbideak ezin ditu zerbitzuak azpikontratatu -kasu honetan hemoderibatuen garraioa- eta gero horiek egiteko baldintzak ahaztu, esleipenak irizpide ekonomikoetan soilik oinarrituta, beste alderdi soziolaboral batzuk kontuan hartu gabe, eta beharrezko kontrolak egin behar ditu zerbitzuak lan-baldintza duinetan egiten direla bermatzeko.

Horregatik sindikatuok eskatzen dugu ikerketa bat egitea eta garraio enpresa esleipendunak eta Osasunbideak beren gain har dezatela heriotza honen aurrean dagokien erantzukizuna.

Osasunbideak beharrezko egitura eta baliabideak ditu -eta ez balitu, izan beharko lituzke-zerbitzu horiek zuzenean kudeatzeko, eta kalitatezko osasun-zerbitzua bermatzeko. Horregatik, Osasunbideak azpikontrataturiko zerbitzuak barneratzea eskatzen dugu, langileen lan-baldintzak prekarizatzearen kontura etekinak handitzea baino bilatzen ez duten enpresak, behingoz, osasungintzatik desargertzeko. Prekaritatearen ondorioak oso latzak baitira, kasu honetan bezala, langile baten heriotza izateraino.