2026-04-21
Blog Page 443

Lan munduan inposatzen dizkiguten armairuak apurtu!

Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a. Cisheteroaraua lantokietatik borrokatzeko konpromisoa badugu, apur ditzagun behingoz, lan munduan inposatzen dizkiguten armairuak. Batu gaitezen Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitu dituen mobilizazioetan.

Faxismoaren eta kapitalaren oldarraldiari langileon arteko elkartasun eta antolakuntzatik erantzutea, bai; ekainaren 28an eta gainontzeko egun guztietan kalean eta lamean askatasunez bizitzeko harreman eredu berriak eraikitzea, ere bai! Lan munduak inposatzen dizkigun armairuak apurtu!

Azken egunetan bizitako erasoak, trans* legeak azalarazitako muga politikoak, faxismoaren gorakada edota kapitalaren oldarraldia eta sistemaren zuriketa arrosa, denak ala denak langileon arteko elkartasun, defentsa sare eta antolakuntzatik erantzuteko unea da.

Horregatik, ekainaren 28a egun esanguratsua dugu kolektiboaren memoria aldarrikatu eta helburu eta borrokan berresteko: sexu aniztasunaren aldeko borroka egunero urratu beharreko bidea bada, LGTBI+ mugimendua eta langileen arteko elkarlanean sutuz izango da.

Cisheteroarautik kanpo bizi garenak ez kalean, ez eskolan ezta lan munduan ere ez gaude salbu. Lan munduan erreproduzitzen diren derrigorrezko heterosexualtiatea, ikusezintasuna, bazterketa, gorrotoa, aitortza eza eta erasoak dira inposatzen zaizkigun armairuak.

LABen jakitun gara, asko dugula egiteko langile klasearen sentsibilizazioan, ikusgarritasunean, elkartasunetik lan munduko diskriminazio eta eraso oro errotik eteteko, zein sexu aniztasunean lan eta bizitzeko eraldaketa sozial eta ekonomikoa sustatzeko.

Zentzu horretan, eta sindikatua sexu-genero zapalkuntzaren aurkako borrokarako tresna eraginkor izateko, urrats berriak emateko garaia dela diogu. Kapital, patronal eta enpresek inposatutako markoak borrokatzeko indarrak batu, tresnak berritu eta lan munduan sexu aniztasunaren aldeko harreman sareak eraikitzeko unea dela diogu.

Riders por Derechos plataformarekin elkarlanean, baliabide guztiak jarriko ditugu sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko

Autonomo faltsuak, ziurgabetasuna, epaiketak, sententziak, Riderren legea…  Sektorean mugimendu garrantzitsuak ematen ari diren eta emango diren garai hauetan, langileon antolakuntzaren beharra aldarrikatu nahi dugu. Aurreikusten dugu abuztuan kontratuak erregularizatuko direla eta ostean, kaleratzeak zein jardunaldien murrizketak eman ahal direla. Bakarrik antolakuntza eta borrokaz hobetuko ditugu gure lan baldintzak. Bada garaia gure egoera erregulatzeko, gure lan baldintza espezifikoak lan araudian barnebiltzeko. Urgentziazkoa da. Izan ere, bitartean egoera oso prekarioan jarraitzen dugu.

Borroka kolektiboaren ondorioz jada garaipen txikiak lortu ditugu gure soldatapeko langileen izaera frogatzen duten sententziekin. Sententzia hauek hainbat ondorio dituzte jadanik: autonomoen kuoten itzulpenak, lan izaeraren aitortza, berronartzeak… Sententzien erabakiak aplikatzeko beharrezkoa da hainbat mugimendu egitea eta horri erantzuten diote LAB sindikatutik sortutako eman beharreko pausuen azalpen bideoa edo Bizilan plataforman irekitako sarrera. Riders por Derechos Plataformatik eta LAB sindikatutik dei egiten dizuegu pausu hauek ematera. Adibidez, sail sindikaleko bi kidek 3.000 eta 7.000€ko autonomo kuoten itzulera jaso dute.

Hala ere, hau borrokaren hasiera baino ez da. Laster ireki beharko diren hegoaldeko lau herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenetan, eta azken boladan egin dugun bezala, hurrengo puntu nagusiak defendatuko ditugu:

  • Riderrak hirugarren kategoria edo taldean txertatzea. Honek suposatuko luke, herrialdearen arabera, 18.700€ eta 21.500€ arteko urteko soldata, jornada osoan lan eginez gero, eta 1.723 eta 1.750 ordu arteko urteko lanaldia.
  • Subrogazioa txertatzea
  • Riderren lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzea langileon babesa handitzeko

LAB sindikatutik eta Riders por Derechos plataformatik baliabide guztiak jarriko ditugu langileon bizi baldintzak hobetzeko bidean. Azken hilabeteetan Euskal Herrian Riderren egoera erregularizatzeko bideari ekin diogu, eta horretan jarraituko dugu Euskal Herriko errealitateari egokituko diren hitzarmenak garatuz. Aipatu dugun bezala, urgentziazkoa da egoera lehen bai lehen erregularizatzea, bitartean egoera prekarioan lanean jarraitzen baitugu. Bide beretik, antolatzera eta sail sindikalak sortzera animatzen zaituztegu, historiak erakutsi baitigu borrokaren bitartez lortzen direla garaipen sozialak.

Defendatzen dugun garapen profesionaleko eredura hurbildu da Osakidetza

Osakidetzak gaurko bileran mahai gainean jarritako garapen profesionalerako ezohiko deialdiak LABek azken 12 urteetan historikoki defendatu duen garapen profesionaleko eredu berriaren ezaugarriak jasotzen ditu.

Langileen borrokak eta presioak bultzatu dute Osakidetza horrelako proposamen bat egitera, Osakidetzak berak bere garaian garapen profesionalerako deialdiak bertan behera uztean sortu zuen gatazka bati irtenbidea emateko. Horren ondorioz, eta Osakidetzan abian jarritako GP ereduaren ezaugarriekin batera, langileen soldaten arteko konparaziozko bidegabekeria onartezinak sortu dira.

Ildo horretan, gaur eskainitako ezohiko deialdiaren proposamena, gabezia askorekin oraindik, aurrerapausoa da Osakidetzak langileekin duen zorra konpentsatzeko eta guztiak parekatzeko urratsak ematen laguntzeko. Gure iritziz, deialdi honen ezaugarriek markatu behar dituzteOsakidetzak 2022an idatziz negoziatzeko konpromisoa hartu duen GP eredu berriaren oinarriak, ziurtatuta ere, halaber, deialdi arruntak egingo direla 2026ra arte, eredu berriaren negoziazioa amaitzen den bitartean.

Urte asko igaro behar izan dira, azkenean, LABek betidanik aldarrikatutako gakoetara hurbiltzen den Osakidetzak deialdi bat egin dezan: langile guztientzat, ebaluazio subjektiborik gabe, bizkarra ematen diena Osakidetzak berak bermatzen ez duen prestakuntzaren negozioari eta sal-erosketari.

Zentzu horretan, LABek positibotzat jotzen du ezohiko deialdi hau, baina Osakidetzak oraindik beste urrats batzuk eman behar ditu proposamena hobetzeko, Atzeraeraginaren gaian hobetzeko zain, plantillarekiko zorra konpentsatzeko modu gisa, gure ustez, langile guztientzako proposamena da, orainaldi berdinzaleagoa ekar diezaguke, eta bidea irekitzen digu etorkizuneko garapen profesionaleko eredu bidezkoago batera, LABek orain arte borrokatuko duen eredu berria.

Kontratazio Akordioa

Bestalde, Kontratazio Akordio berriaren proposamenak zaharkituta dauden eskema zaharretan oinarrituta jarraitzen du, eta onartezinak diren bi norabidetan aurrera egitearen aldeko apustua egiten jarraitzen du: entxufismoa eta kontratazioen opakotasuna, zerrenda espezifikoen aldeko apustu argi eta berrituaren bidez; eta euskararekiko mespretxua eta euskararen normalizaziorako

borondate falta, batez ere zerrenda laburren kontratuetan, gaur egun Osakidetzan egiten diren gehiengoak.

Azken puntu honi dagokionez, adierazi nahi dugu Osakidetzaren proposamenak ez lukeela bermatuko euskararen ezagutza egiten diren egiturazkoak ez diren behin-behineko kontratu gehienetan. Ezagutza hori “1. lehentasuneko” lanpostuetarako kontratuetan baino ez da lehenesten, hau da, pediatria-zerbitzuekin eta informazio-guneekin lotutako lanpostu batzuetan, baita biztanleria euskalduna duten herrietan ere ( % 70). Egiturazkoak ez diren gainerako behin- behineko kontratazioetan, ez da bermatzen eta Osakidetzak honako konpromiso hau baino ez du hartzen: “Dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duten izangaiak betetzen direla zainduko da, unitate bakoitzean ezarritako derrigortasun-ehunekora irits dadin”.

Kontuan hartzen badugu Osakidetzan euskara bermatzen ez duten horrelako 60.000 kontratu inguru egiten direla urtero, eta kontratu horietako askok hilabeteak edo denboraldi luzeak irauten dutela, erraz uler daiteke horrek Osakidetzan euskararen normalizazioari eragiten dion kalte larria, arreta euskaraz ez jasotzeagatik kexa gehien jasotzen dituen euskal zerbitzu publikoetako bat baita.

Ildo horretan, salatu nahi dugu euskararen normalizazioaren eta Euskara Planaren aurkako jarrera zenbait sindikaturen jarrera, bereziki sindikatu korporatiboak.

LABen iritziz, Osakidetzako Zuzendaritzak aukera bat galdu du erakundearen arazo handienetako bati, hots, kontratazioari, aurre egiten lagunduko dion kontratazio-sistema bidezkoago batean aurrera egiteko. Une honetan, kontratazioa prekarioa da, ez oso gardena edo batere gardena, eta ez du bermatzen euskaraz lan egin ahal izatea ezta herritarrek arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea ere.

Garbitzaile eta sukaldarien ordezkapenak bete gabe jarraitzen du EAEko Hezkuntza Sailak

Azkenengo asteetan, LABetik, behin eta berriz salatzen ari gara EAEko Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatzen dituen eskoletako sukalde eta garbiketa-zerbitzuan ordezkapenak ez direla betetzen ari.

Pandemian zehar oinarrizko zerbitzuak izendatu arren (ondorioz, kolektibo honi %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkiote deitutako greba egunetan), azken asteetan ikastetxe ezberdinetatik salatzen ari dira ordezkapenak ez betetzearen ondorioz izaten ari diren arazoak, zerbitzuaren kalitatea murriztea eta lan-karga handitzea.

Arazoak konpondu barik jarraitzen du eta egoera okerrera doa. Ikasleek oporrak hartu badituzte ere, ikastetxeetan jarduerak jarraitzen du, eta sukalde zein garbiketako langile-kolektiboak bestelako lanak ere baditu, sukaldeetako eta geletako garbiketa orokorrak, besteak beste. Pandemia garaiko kontingentzia planak bete ezinik, honek langileengan sortzen duen presioari ezin eutsi dabiltza.

Bestalde, zerbitzu hauek kontraten bidez pribatizatu diren kasuetan, arrazoi batengatik edo bestearengatik langileak falta direnean, Hezkuntza Saileko langileei egokitzen zaie lan-karga. Biak ala biak zerbitzu feminizatuak dira eta funtsezko langileek egiten dituzte, baina ikusezinak direnek.

Egoera hauek ahalik eta lasterren konpontzea exijitzen dugu. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari ardurak bete eta erantzukizunez joka dezala eskatzen diogu.

Euskaraz ikasteko eskubidearen alde mobilizatu gara Nafarroako Parlamentu aurrean

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, nafar guztien euskaraz ikasteko eskubidearen defentsan. 0-3, LH, NUP, Pirinioak, Zangozaldea, Tafallaldea, Castejon, Beriain, Arteko ikasketak, landa eremuko DBHn… herritarrek euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta behar dute izan.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak guraizeak dantzan jarri ditu hezkuntzan murrizketak egiteko. Bere biktimak, euskaraz ikasten duten ikasleak berriro ere, eta ez da kasualitatea. Oraingoan, ordea, teorian egoera zaurgarrian dauden ikasleen «banaketa orekatua» lortu nahi duen marko legal berrituaren testuinguruaren aitzakiapean datoz murrizketa horietako batzuk. Aitzakia honekin, D ereduko hainbat ikasle are kaltetuagoak suertatuko dira A-G ereduko ikasleekin alderatuta.

Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturteko aurrematrikula garaiari begira ikasleen harrera arautzen duen legezko markoa berritu du. Saldu duten bezala, helburua da egoerarik zaurgarrienean dauden eta hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea segregazioa murriztu eta aukera berdintasuna bermatzeko asmoz. Itxuran parte-hartzailea izan den prozesuaren bidez, gai hau arautzen duten Foru Dekretua eta Agindua berritu dira, baina funtsean LAB eta beste hezkuntza eragile guztien ekarpen gehienak bazterrean utziz. Izan ere, nagusiki jatorri sozioekonomikoagatik zaurgarriak diren ikasleen banaketa hutsa arautzera mugatu dira, diagnosi, prebentzio eta ikasleen arreta espezifikoari erreparatu gabe. Departamentuak, eskola segregatuetan ratioak jaisteko eta baliabide gehiago esleitzeko aukera aurreikusten badu ere, ez du inongo konkreziorik zehaztu nahi izan, norabide horretan zihoazen LABen ekarpenak atzera botaz. Guk dakigula, datorren ikasturtean inongo eskolatan ez dira ratio baxuagoak aplikatuko edo aparteko baliabideak esleituko behar espezifikoak dituzten ikasleak artatzeko.

Departamentuak bestelako segregazio motak baztertu eta ukatu ditu, hezkuntza-premia espezifikoak dituzten eta beste irtenbiderik jorratu gabe medikalizatzera kondenatuak diren ehunka ikasle nafarren aferari heldu gabe; edota Nafarroan oso larria den hizkuntza segregazioa gainditzeko inongo neurririk hartzeko aukera deuseztatuz.

Are gehiago, ikasleen harrera dekretuan ezarritako baremo berriak euskaraz ikasteko hautua egiten duten familiei ez dizkie bermatuko gazteleraz ikasi nahi duten familien eskubide berberak. Kontraesankorra badirudi ere, D ereduko ikasleak are baztertuagoak suertatuko dira «inklusibitatearen» izenean. Hona hemen adibide batzuk:

 Pirinioetako ikasleak 16 urterekin derrigortuta daude beraien herria uztera eta 80-90 kilometro mugitzera ikasketak jarraitu ahal izateko. Orain arte, Iruñeko ikastetxe batean tokia bermatzen zitzaien, baina hori bertan behera utzi du dekretu berriak, ikasleak plaza edukiko duten jakin gabe utzirik. Despopulazioak zigortutako eskualdeari ezarritako bigarren zigorra.

 Tafallaldean eta Zangozaldean DBH euskaraz ikasten duten ikasleek ezin dute ikasketekin Tafallan edo Zangozan jarraitu, A-G eredukoek bezala. Egunero Iruñerako autobusa ordaindu behar dute ozta-ozta Iturramako Ikastetxeko klaseetara heltzeko. Aurtengo baremo aldaketarekin, ez zaie bermatu tokia eskola horretan eta, beste ikastetxeetan sakabanatzeko arriskuaz gain, ez dute izanen garraio aukera egokirik klasera garaiz heltzeko. Bazterketa bikoitza: Tafallan edo Zangozan euskaraz ezin ikasi eta Iruñean ikastetxerik egokiena ez dute bermatua izango.

Baina ikasleen harrera dekretutik haratago, badira isilpean pasa nahi dituzten murrizketa gehiago, euskaraz ikasten duten ikasleen kontrakoak:

 D ereduan ikasi nahi duten Beriaingo ikasleei garraioa jartzen zitzaien Hegoalde Ikastolara joateko. Datorren ikasturtean horietako ikasle batzuei garraioa kenduko die departamentuak, bere hitza janez, eta Noaingo D-PAIra joatera derrigortuko ditu, PAI programa inposatuz. PAItik atera nahi zuten Castejongo ikasleei mila traba jarri eta Carlos Gimeno kontseilariak derrigortu ditu Lehen Hezkuntza PAI programan bukatzera, beraien gogoaren kontra. Aldiz, ez du erreparorik PAIn ez dauden ikasleak etapa erdian derrigorrez PAIn sartzeko.

 Castejonekin jarraituz, bertako D ereduko ikasleek entzumen eta mintzaira espezialista bat behar dute eta, momentuz, Hezkuntza Departamentuak ez die esleitu. Egoera hau A-G ereduan gertatzea pentsaezina da eta, borondaterik balego, erraz konpon liteke, entzumen eta mintzaira espezialista euskalduna jarriz.

 Batxilergoko D ereduko ikasleak derrigortuta daude astero lau ikas-saio gehiago egitera. Landa eremuko ikastetxeetan DBHko D ereduko ikasleei jantoki zerbitzua kendu eta batxilergokoekin batera garraio zerbitzua probesteagatik ikas-saio gehiago jartzen ari zaizkie bai ikasleei, baita irakasleei ere. Adibidez, datorren ikasturtean, eta beraien iritziaren kontra, Leitzan jantokia kenduko zaie DBHko ikasleei.

Panorama beltz honi gehitu behar zaio 0-3, Lanbide Heziketa edota unibertsitateko ikasketak gauzatu ahal izateko dauden aukera urriak, dauden ikasle euskaldunen portzentajearen oso azpitik. Lanbide Heziketan eta 0-3an, gainera, xisteratik atera dute asmakizun berri bat modalitate elebiduna, atzerriko hizkuntzarekin— euskararen egoera latza areagotzeaz gain langile, ikasle, familia eta, oro har, hezkuntzaren kalitatea okerragotzera datorrena. Hainbat alderdik errealitate soziologikoa euskal hiztunen eskubideak murrizteko soilik erabiltzen dute. Aldiz, errealitatea eta eskaria horien aldekoak direnean, beti daude beste aitzakia batzuk euskaraz ikasteko eskubidea urratzeko.

Hau guztia ere segregazioa da, eta egoera lazgarri sistemiko honi prebarikazioz eusten dioten erantzule politikoak daude.

Borroka sindikala ez dela delitua aldarrikatu dugu Barakaldoko epaitegien aurrean, eta ITP-PCBko kaleratzeen aurka mobilizatzeagatik auzipetutako Zigor Azpioleari babesa erakutsi diogu

ITP-PCBko langile eta LABeko kide Zigor Azpioleak Barakaldoko epaitegietan deklaratu behar izan du gaur, Sestaoko eta Barakaldoko lantegietako kaleratze kolektiboak salatzeko borrokaren harira enpresako zuzendaritzak hartutako bide errepresibo eta judizialaren baitan. Bide penaletik auzipetu dute.

Hain zuzen ere, Ertzaintzak borrokan ziren langileen aurka baliatutako indarkeria gutxi balitz, eta zuzendaritzak eskarmentu dinamika bati ekitea erabaki zuen, ez bakarrik greba mugagabea egin zuten lankideen aurka, baita langile guztien aurka ere. Zentzu honetan, enpresak testigantza faltsu batean eta Ertzaintzak idatzitako auto irregular batean oinarritu da Zigor Azpiolea auzipetzeko. Baliteke deriba hori hemen ez amaitzea, enpresaren asmoa baita lankide gehiago auzipetzea eta zigor judizial handienak bilatzea. Azken finean, enpleguari eusteko borroka kriminalizatzea eta ekintza sindikala zigortzea saiatzearen adibide argia da gertatutakoa, langileak beldurtzeko asmoz. LABetik oso argi dugu: borroka sindikala ez da delitua.

Akordiorik gabe amaitu da Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxean EEEa negoziatzeko kontsulta-epea

Amaitu da Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxeko EEEa negozitzatzeko kontsulta-aldia; lau bilera egin ostean, zentroko titularrek ez dute Ikastetxearen itxiera justifikatzen duten arrazoi ekonomikoak frogatu.

Bilboko Hijas de la Cruz itunpeko ikastetxeko arduradunek urtarrilean jakitera eman zutenez, 2021eko abuztuaren 31n ikastetxea itxiko dute, 162 urteko jardueraren ondoren, eta 200 familia inguru eta 41 langile kalean utzita. Azken 10 urteetan matrikulazioak behera egin duela eta horren ondorioz galera ekonomikoak dituztela argudiatu dute.

Kontsulta aldian, titularrek aitortu duten bezala, 2020ko abenduaren 1ean hartu zuten ikastetxea ixteko erabakia. Erabakia hartzeko arrazoia ez da oinarritu txosten tekniko ekonomiko batean edo matrikulazioko datuetan. Kontsulta-aldian argi geratu denez, lehenik eta behin, ekonomiaz bestelako arrazoiengatik hartu zen erabakia, eta, gero, ad hoc justifikazio bat egin zuten. Harrigarria bada ere, EAEko Hezkuntza Sailak ikastetxe osoaren itxiera onartu zuen Hijas de la Cruzen jabeek itxiera justifikatzen zuen txostenik aurkeztu gabe.

LAB sindikatutik aipatutako egoera gogor salatu nahi dugu. Itundutako Hijas de la Cruzeko titularrek inolako justifikaziorik gabe ikastetxea itxi eta 41 langile kaleratzen dituzten bitartean, Bilboko Alde Zaharrean alternatibak proposatu bazizkioten ere, espazio eta hezkuntza-eskaintza faltagatik, Eusko Jaurlaritzak enplegua suntsitzea onartu eta auzoko hezkuntza- komunitatearen beharrak baztertzea ahalbidetu du.

Gure dinamika indartuko dugu Arabako metalgintzan lan-baldintza duinak lortzeko

Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da atzo. SEAk bere plataforma berria aurkeztu du, baina oso urrun gelditzen da sektorearen beharretatik. Hori dela eta, LABek bere dinamika indartuko du enpresetan eta sektorean metaleko hitzarmenenean lan baldintza duinak lortzeko.

Azken bileran adostu bezala, sindikatuok gure plataforma berrituak aurkeztu genituen apirilaren bukaeran. Atzo, SEAk horiei erantzuna eman behar zienez, bere plataforma berritua ere ekarri du. Hala ere, patronalaren plataforman ez da inolako aurrepausurik egon. Oso-oso urrun dago sektoreak dituen beharretatik eta ez die erantzuten sektorean dauden gai nagusiei:

– soldata igoerak eskasak dira, urte bakoitzean %1.

– ez du lanaldia jaisten, inguruko altuena izanda ere.

– ez du azpikontratetako langileen subrogazioa jasotzen.

– ez du ebentualitatea mugatzen.

– ez du borrokatzen iruzurra kontratazioetan.

– ez du baimenak hobetzen, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna errazteko.

– ez du inolako neurririk jasotzen lan osasuna hobetzeko, ezta bajan egonda soldata ez galtzeko ere.

– konpromiso errealik ez du hartzen emakumeen diskriminazioa eta soldata arrakala ezabatzeko eta beraien kontratazioa handitzeko.

– Praktikak eta formazio duala duintzeko ezer ere ez…

Gauzak horrela, LABek bere dinamika berrindartuko du enpresetan eta poligonoetan Arabako metalgintzan lan-baldintzak duinak lortzeko. Gure ustez, ezinbestekoa da langileen aktibazioa hitzarmen duin bat eskuratzeko eta horregatik, dinamikaneta ekimenetan parte hartzera animatzen ditugu.

Sokoa enpresako zuzendaritzaren soldata politika eta diskurtso bikoitza salatu ditugu

Ekainaren 26an, Hendaiako Sokoa enpresako akziodunen biltzar nagusia izango da, eta, horren harira, azken urte hauetan zuzendaritzak duen diskurtso bikoitza eta ezarri duen soldata politika salatu dugu, biltzarraren atarian egindako agerraldi batean.

Hain zuzen ere, akziodunak eta oro har jendartea sentsibilizatu nahi ditugu enpresan ematen den akziodunen interesen zein soldata politikaren arteko oreka nola hautsi eta okertu den ikustarazteko. Guk ez ditugu, Administrazio Kontseiluko presidenteak erran bezala, akziodunak langileekiko kontrajartzen, baina eragile guztien interesen arteko oreka justuago bat eman dadin eskatzen dugu.