2026-01-29
Blog Page 442

Nafarroan ez dago batere borondate politikorik Oinarrizko Osasun Laguntza indartzeko

Indurain kontseilariak eta Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak Oinarrizko Osasun Laguntzaren aldeko apustu argirik egin ez dutenez, garbi gelditu da Osasunbideko kudeatzaileek ez dutela batere asmorik Nafarroako herritarrei osasun arreta ekitatiboa eta eraginkorra emateko eta langile horien lan baldintzak duintzeko. LAB sindikatutik behin eta berriz salatu dugu ez dagoela batere borondate politikorik Oinarrizko Osasun Laguntza indartzeko eta dimentsionatzeko behar diren neurriei ekiteko, eta behar den guztietan salatzen jarraituko dugu.

Osasun Departamentuak pandemia aitzakia gisa erabili du aspalditik maila politikoan prestatzen ari ziren aldaketa batzuk egiteko. Azken hilabeteotan, ia ez da langilerik kontratatu osasun etxeetan, eta, bitartean, langileria arloko baliabide gehienak Iruñeko ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzura bideratu dira. Hori dela eta, Oinarrizko Osasun Laguntzako gainerako zerbitzu eta zentroak langilerik gabe, baliabiderik gabe eta beren lana modu polibalentean eta erabakigarrian betetzeko gaitasunik gabe geratu dira. Egoera are larriagoa da osasun etxeetako eta ospitaleetako langile asko txertaketa-kanpainara lekualdatu direlako, eta horrek arazoak sortuko ditu, bai pazienteei ematen zaien arretari dagokionez, bai langileen librantzetan eta oporretan.

Osasun etxeetan, plantillak gaizki dimentsionatuak daude, eta kolektibo eta zerbitzu jakin batzuen alde egiten da beste batzuen kalterako. Adibidez, Erizaintzako Zainketa Teknikarien kolektiboa osasun etxeetatik eta ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzutik ia desagertu da. Horrek garbi erakusten du gure agintariek ez dakitela zein diren kolektibo horren funtzioak eta gaitasun profesionala; irizpide argirik gabe sartu edo kendu dituzte osasun etxeetatik, eta ez dute inoiz jaso Oinarrizko Osasun Laguntzako Gerentziaren sostengua. Gerentzia hori ez da gai izan COVIDek sortutako egoera aprobetxatu eta osasun etxeek dituzten gabeziak optimizatzeko, eta unean-unean dagoen eskariari erantzuteko eredu baten alde egin dute, eredu prebentibo, irisgarri, jarraitu eta koordinatu baten alde egin beharrean.

Bestalde, kontratazioari buruzko hainbat kexa jasotzen ari dira, erakusten dutenak ez dagoela kontratazio prozesuak egiteko irizpide homogeneorik eta konparaziozko bidegabekeria handiak daudela zentro batzuen eta besteen artean. Antolaketa eta kudeaketa falta izugarria dela kausa, osasun etxeak babesik gabe gelditzen ari dira, bai aurrekontuen aldetik, bai langile-baliabideen aldetik.

LAB sindikatutik salatu nahi dugu egiturazko kontratu ugari sinatzen ari direla batere kontrolik gabe, eta produktibitateak modu arbitrarioan ordaintzen ari direla, gardentasun gutxirekin eta zenbait bururen onespenarekin, haiek ere kobratu baitituzte.

Horrek guztiak egiaztatu digu Oinarrizko Osasun Laguntzako Gerentziak eta kontseilariak berak ez dutela inolako interesik honako gai hauek jorratzeko: langileen lan baldintzak duintzea, kontratatzeko zailak diren lanpostuak betetzea, osasun txartelen ratioa gutxitzea, osasun etxe bakoitzeko erizainen ratioa handitzea, taldeetan profesional berriak sartzea eta beste kolektibo batzuk finkatzea, eta lehendik dauden profesionalak aintzat hartzea (bai ekonomikoki, bai lan arloan). Eta bitartean, aurrekontuak efizientzia gutxiko beste baliabide asistentzial batzuetara bideratzen dira.

Horren guztiaren aurrean, LABek beti babestuko ditu osasun sistema publikoa eta langileen lan baldintza duinak defendatzeko proposatzen diren mobilizazio eta aldarrikapen guztiak.

Patronala eta polizia eskuz esku aritu dira sindikalismo borrokalariaren aurkako operazioan

Operazio koordinatu batean, Espainiako Poliziak LAB sindikatuko 6 kide atxilotu ditu Nafarroan -bortz Iruñean eta bertze bat Altsasun-, martxoaren 8an CEN enpresaburuen elkartearen egoitzan eginiko protesta batengatik eta apirilaren 9an Garbiketen greba iragartzeko ISN enpresako kamioi baten gainera igotzeagatik.

LAB sindikatuak salatu du patronala eta polizia elkarlanean aritu direla sindikalismo borrokalariaren aurkako operazio honetan, CEN patronalak eta ISN enpresak eginiko salaketa batzuen harira egin baitituzte atxiloketak.

Lerrok idazterakoan sei atxilotuetako bortz polizien esku jarraitzen zuten, horietako bat (Izaskun Juarez, LABeko Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria) 10:00ak aldera askatu baitute. Oraindik barnean daudenak gaur arratsaldean edo bihar goizean pasatuko omen dira epailearen aitzinean; dirudienez, Fermin Otamendi izanen da epaile hori. Bertze aldetik, Poliziak LABeko abokatuei jakinarazi dienez, polizia operazioa zabalik dago oraindik eta guztira 11 pertsona izanen dira atxilotuak. Horren harira, LABeko bozeramaile Imanol Karrerak Espainiako Gobernu Ordezkaritzari eskatu dio aurreikusita omen dituzten bertze atxiloketa horiek ez egiteko eta deklaratzera notifikazioen bidez deitzeko, “edozein demokrazia homologatutan egiten den gisara”.

LAB sindikatuak gogor eta irmo salatu nahi du Espainiako Poliziak gaur bere aurka egin duen operazioa. Bi protesta ekintza baketsu egiteagatik atxilotu dituzte sei sindikalistak. “Nahikoa zuten notifikazioa judiziala bidaltzea”, adierazi du Karrerak. “Baina, ez. Nahiago izan dute operatibo polizial handia muntatu eta atxiloketak eszenifikatu, Europako edozein bazterretan ohikoak diren protesta ekintzak egiteagatik”. Era berean, LABek gogor salatu nahi du sindikalismo borrokalariaren aurkako operazio honetan patronala eta polizia elkarlanean aritu izana, CEN enpresaburuen elkartearen eta ISN enpresaren salaketei kasu eginez egin baitu Poliziak operazioa, haien artean zerikusirik ez zuten bi protesta ekintza operatibo bakarrean lotuz.

Bertze aldetik, LABek nabarmendu nahi du nola Poliziak jomugan jarri dituen emakumeak protagonista zituen bi ekintza baketsu -atxilotuetako lau emakumeak dira eta bi ekintzetan soldata arrakala salatzen zen-, eta nola Poliziak atxiloketen bortizkeria erabili duen emakume sindikalista horien jarduera sindikala baldintzatzeko eta eragozteko eta, oro har, emakumeen borrokei zilegitasuna kentzeko.

LABen aurkako gaurko errepresioa ez da atxiloketekin bukatu. Izan ere, goizeko hamarrak aldera dozenaka herritar bildu dira Espainiako Poliziak Iruñean duen komisariaren inguruetara, atxilotuei bertatik bertara elkartasuna adierazteko, eta poliziek horietako hogei inguru identifikatu dituzte, “elkarretaratze ilegal batean parte hartzeagatik” isuna jarri ahal izateko. Imanol Karrera bera identifikatu dute -eta, beraz, isuna jarriko-, hedabideei adierazpenak egin eta gero.

Larunbatean, manifestazioa Iruñean

LAB sindikatuak hainbat ekimen abiatuko ditu sindikalismoaren aurka eginiko gehiegikeria hau salatzeko eta borroka sindikalaren beharra azpimarratzeko. Horien artean, eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatzen ez baditu, asmoa du bihar goizean elkarretaratzea egiteko Iruñeko (in)Justizia Jauregiaren parean eta larunbat arratsaldean manifestazioa egiteko; manifestazioa 17:00etan aterako litzateke, Iruñeko Baluarte plazatik.

Manifestazio bateratua egingo dugu Baionan, Maiatzaren Lehenean

Azken urteetan egin bezala, Maiatzaren Lehenean modu bateratuan mobilizatuko gara Ipar Euskal Herrian. Hain zuzen ere, beste sindikatu eta eragilerekin batera, agerraldia egin dugu Baionan, egun horretako mobilizazioen berri emateko. Hala, Maiatzaren Lehenean, 11:00etan, Lapurdiko hiriburuko Lan Burtsatik abiatuko dugu mobilizazio nagusia.

LABeko Ipar Euskal Herriko bozeramaile Eñaut Aramendi kezkatuta azaldu da etorkizunean eman daitezkeen kaleratzeen inguruan, eta borroka beste biderik ez dagoela berretsi du. “Sistema honi ezin zaio eutsi, ez sozialki, ez ekologikoki. Ezinbestekoa da borrokatzea”, adierazi dugu LABeko kideok, Euskal Herri mailan egindako irakurketarekin bat.

“Prekaritateak emakume aurpegia du zerbitzu publikoetan”

LABek pikete feministaren mobilizazioa egin du Bilbon, Basurtuko ospitaleko sarreran. Apirilaren 22ko greba egunaren bezperetan, EAEko administrazioetako langileek bizi duten behin-behinekotasuna salatu dugu, eta gaitz horren barruan emakumeak kaltetuenak direla nabarmendu dugu.

Zerbitzu Publikoen Federazioko ordezkari Eider Casanovak hartu du hitza protestan: “Prekaritateak emakume aurpegia du zerbitzu publikoetan. Zerbitzu publikoetan ematen diren pribatizazio prozesu guztiak kolektibo feminizatuetan ematen dira; orokorrean behin-behinekotasun tasa handia bada, tasa hori are eta altuagoa da kolektibo feminizatuetan; zerbitzu publikoetan soldata arrakala ere badago, emakumeok garapen profesionalerako ditugun arazoak bere horretan mantentzen direlako eta zaintzarako baimenak, lizentziak eta abar emakumeon bizkar gainean erortzen direlako. Horregatik, argi esan nahi dugu konponbide eraginkorrak behar ditugula, eta, hori lortzeko, tresnak behar ditugu; legeak, alegia. Zaintza sistema publiko bat behar dugu, bizitza sostengatzeko emakumeon lanen aitortza egiteko”.

Aktibazioaren beharra berretsi nahi dugu, Arabako metalgintzako lan baldintzak duintzeko

Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da 14 hilabete pasatu ondoren. Bileran, LABek funtsezko aldarrikapenak berretsi ditu. Arabako enpresa askotara ere eraman ditugu aldarrikapenok.

Azkenengo bileratik 14 hilabete pasatu direnean gaur bildu da berriro Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea, hain justu LABek azken asteetan aktibazioa bultzatzeko dinamika bat abiatu duen testuinguruan. Bileran LABek negoziatzeko bere prestasuna agertu du eta sektoreko arazoei erantzuteko Arabako metalgintzako hitzarmenak jaso behar dituen aldarrikapenak defendatu ditu:

– Soldata duinak, gutxienez 1.200 euro garbi hilean, eta igoera ziurtatuz sektore osoan.
– Lanaldia jaitsi, lana banatzeko.
– Prekarietateari aurre egitea, ebentualitatea jaitsiz, kontratetan subrogazioa bermatuz, ABLEak baztertuz eta praktikak eta formazio duala duinduz.
– Lan baldintza duinak, malgutasuna jaitsiz eta baimenak hobetuz.
– Emakumeen diskriminazioari aurre egiteko neurri eraginkorrak.
– Lan osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak eta bajan egonda soldata ez galtzea, are gutxiago bajak lanekoak badira.
– Lan erreformari eta estatalizazioari aurre egitea.

LABen ustez, oso adierazgarria da SEAk ezer ez eramatea mahai negoziatzailera. 14 hilabete pasatu dira aurreko bileratik eta ez dira batere mugitu negoziazioa hasi zenetik.

Hori ikusita, LABek berretsi nahi du aktibazioa erabat beharrezkoa dela Arabako metalgintzan lan baldintzak duintzeko. Horren kontura, gaur bertan, Arabako metalaren bileraren egunean, sektoreko aldarrikapenak eraman ditugu Arabako enpresa askotara (Mercedes, Sidenor, Ferrovial-Michelin, SNA Europe, Condesa, Laminaciones Arregui, WEC, SDA Factory,…) eta zenbait poligonotara.

Dinamika honekin jarraituko dugu hurrengo asteetan enpresetan, poligonoetan eta kaleetan, soilik langileen aktibazio eta mobilizazioren bitartez lortuko baitugu metalgintzako hitzarmen duin bat.

Atxiloketak demokrazia batean ez gaudenaren seinale direla adierazi du Imanol Karrerak

LABeko sei kide atxilotu ditu gutxienez Espainiako Poliziak Iruñean, goizean, martxoaren 8arekin eta Nafarroako garbiketa sektorearen prekaritatearekin lotutako protesta ekintza batzuk aitzakia hartuta. Atxiloketa gehiago egon daitezke, “mehatxuak, behartzea eta errepide segurtasuna” delituak leporatuta, besteak beste. Atxiloketak gertatu bezain pronto, Iruñeko komisaldegiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, atxilotuak askatzeko exijitzeko. Espainiako Poliziak identifikazioak egin ditu bertan.

11:00etan, Maiatzaren Lehenaren aurkezpena genuen iragarrita Iruñeko LABen egoitzan, baina prentsaurrekoa bertan behera utzi behar izan dugu, besteak beste, atxilotuen artean agerraldian hizlari izan behar zuen Izaskun Juarez, Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria, atxilotuen artean zegoelako. Goizean zehar utzi dute aske.

11:00etan, dena den, agerraldia egin dugu Nafarroako bozeramaile Imanol Karreraren bitartez, atxiloketei buruz hitz egiteko. LABeko kideak adierazi du demokrazia batean ez gaudenaren seinale direla atxiloketak, eta, abokatuek ohartarazi bezala, polizia operazioa oraindik irekita dagoela jakinarazi du. Gogor salatu du sindikalistak ekintza publikoak egiteagatik izan direla atxilotuak, eta hori egin dela emakume langileen eta sindikalismoaren ahalduntzearen aurka joateko. Fokoa egindako ekintza publiko horien arrazoietan jarri behar dela nabarmendu du; hots, funtsezkoak diren emakume langileen eta garbitzaileen aldarrikapenetan. Sindikalista borrokalariak atxilotu bai, baina “bitxia da nola Polizia ez den CEN patronalaren egoitzara joaten lan istripu bat dagoenean”, erantsi du Imanol Karrerak.

Atxilotu batzuk polizia etxetik atera dituzte eta autoetan sartu, pentsatzekoa da auzitegira eramateko; Zerbitzu Pribatuetako federazioko kide Imanol Salinas, tartean.

Atxiloketen harira, erreakzio ugari izan dira. LABeko Idazkaritza Feministak salatu du ez dugula onartuko sindikatuaren kontrako inolako erasorik emakume* langileen defentsan egiten ditugun ekintzengatik. Bilbon, LABeko pikete feministak mobilizazioa egin du zerbitzu publikoetako apirilaren 22ko greba dela eta. Bada, bertan, Zerbitzu Publikoetako Federazioko ordezkari Eider Casanovak Nafarroan izandako atxiloketak salatu ditu, eta berretsi du emakumeen langileen eskubideen defentsan jarraituko dugula lanean.

Euskal Herriko eta Nazioarte mailako hainbat eragile eta sindikatuen artetik ere jaso ditugu salaketa, elkartasun eta babes mezuak.

Covid-19aren kontrako txertoa mutualitateek eman ahal izatea salatu dugu

Mutualitate patronalak desagertuta egon dira pandemiaren momenturik gogorrenetan eta orain, hilabetez eskatzen egon direna lortu dute, enpresetan covid-19aren kontrako txertoa jartzeko aukera. LABen iritziz, osasun sistema publikoak jarri beharko luke txertoa, azken honen aldeko eta mutualitateen negozioaren kontrako jarrera batek eskatuko lukeen moduan.

Gizarte Segurantza lankidetza hitzarmena zehazten ari da CEOE Fundazioa eta mutualitateekin osasun sistema publikoa indartzeko formula bezala. Argudiatzen du hemendik lasterrera askoz txerto gehiago iritsiko dela eta osasun zentro publikoek ez dutela baliabide nahikorik izango txertaketa guztiak egiteko.

Pribatizazioaren aldeko apustua egin dute berriro, hau da, enpresarien elkarte pribatuak diren mutualitate patronalen negoziorako aukerak zabaltzearena, azken hauek langileak covid-aren aurka txertatzea onartuz.

Hitzarmenaren xehetasunak ezagutzen ez ditugun arren, finantzazio bide berri bat zabaldu da horretarako eta material suntsikorra eta prestakuntza emango zaizkie mutualitateetako langileei.

Euren baliabide humano zein materialak erabiltzeagatik mutualitateek egingo dituzte gastuak Gizarte Segurantzak ordainduko ditu eta horretarako partida bat onartuko da, hau da, diru publikoa bideratuko da esku pribatuetara.

Txertaketaren pribatizazio honek beste albo-kalte batzuk izan ditzake, gure intimitaterako eskubidea arriskuan jarri dezaketenak. Izan ere arriskua dago, pandemiaren aitzakian, mutualiteateei aukera emateko norbanako historia klinikoak lortzeko. Urteak daramatzate hori eskatzen eta langileen osasunerako eskubideen kontrako eraso larria ekarriko luke honek.

Beste arrisku bat ere egon daiteke, mutualitateak auzitan jarri ahal duelako langileak duen askatasuna txertoa hartu edo ez hartzeko, aukera egongo litzatekeelako lanean edo kontratua berritzerako orduan, bere erabakia helburu diskriminatorioetarako erabiltzeko.

Txertoa osasun zentro publikoetako lehen mailako arretako zentroetan jartzeak soilik bermatu ahal du txertaketa osasun publikoak zehaztutako irizpideen arabera egitea, arrisku gehien duten kolektiboak edo gaixotasun larrienak dituztenak lehenetsiz.

Lan osasun osasun publikoaren atal bezala ikusi behar da eta ez modu partzializatuan. Horretarako, gaitasun arauemailea eskatzen dugu Euskal Herrian erabaki ahal izateko laneko segurtasun eta osasun politikak. Horrela, babes eta prebentziorako sistema publiko propioa garatu ahal izango dugu, pertsonen osasuna izango duena lehentasun eta mutualitate patronaletatik librea izango dena.

Tafallako Hermanitas egoitzan gertatzen ari den jazarpen sindikala salatu dugu

Hermanitas de los Ancianos Desamparados egoitzan kaleratutako langileak berronartzeko eskatu dugu. Hain zuzen ere, lanean bi urte baino gehiago eman dituzten zenbait langile kaleratu dituzte, inolako aurreabisurik gabe, burofax baten bitartez.

Enpresa mehatxuak eta kaleratzeak erabiltzen ari da langileen eskubideak murrizteko, eta saiatzen ari da lantokian ordezkaritza sindikala izateko duten eskubidea gauzatu ez dezaten. Enpresak langileak antolatzen ari zirela jakin zuenetik, oso zaila izan da egoitza horretako lana, langileek etengabe mehatxuak jasan dituztelako. Aste honetan, hiru lankide kaleratu dituzte.

LAB sindikatuak eta langileek gogor salatu nahi dugu egoera. Ezin gara geldirik geratu enpresak langile-klasearen eskubideak urratzeko egiten duen ahaleginaren aurrean, eta borroka honetan bat eginda gaude. Ez dugu dirurik edo apurrik nahi, lan duina eta lan-baldintza duinak nahi ditugu, eta, horregatik, aurrera egingo dugu ordezkaritza sindikala lortzeko eta gure lankideak gurekin batera lan egitera itzultzeko.

Lanaldi partzialeko langileen 2019a baino lehenagoko pentsioak berriz kalkulatzeko atea ireki dugu #LortuDugu

2019a baino lehenago pentsioak erregularizatzeko eskatzen duen epaia helarazi berri du EAEko Auzitegi Nagusiak, LABek aurkeztutako erreklamazioak ontzat hartuz. Hortaz, Gizarte Segurantzari eskatu diogu epaia aintzat hartu eta langileen pentsioak ofizioz berrikus ditzala. Aldarri horrekin, mobilizazioa egin dugu Bilbon. Gizarte Segurantzaren egoitzan bertan.

2019an Europako Auzitegiaren eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epai banak lanaldi partzialean jardun zuten langileen pentsioari ezarririko partzializate koefizientea legez kanpokoa zela ebatzi zuten. Hain zuzen, epai horiek zioten praktika hori diskriminatzailea zela, nagusiki emakumeak izanda lanaldi partzialean diihardutenak, birritan zigortzen baitzituen, gutxiago kobratzen zutelako bai kopuruan eta bai denboran.

LABek beti aldarrikatu du lan egindako egun bakoitzagatik lan egun hori bera, osoki, kotizatutzat eman behar dela ondorio guztietarako, baita pentsio ororen kalkulurako ere.

Aurretik aipatutako bi epai horiek aurrera begirako pentsioei soilik eragingo zietela ezartzen bazuten ere, LABek erreklamazioak aurkeztu zituen. Bada, orain, 2019a baino lehenago pentsioak ere erregularizatzeko eskatzen duen epaia helarazi berri du EAEko Auzitegi Nagusiak. Horrela, 2019a baino lehenagoko pentsioak berriz kalkulatzeko atea ireki da, LABen ekimenez, auzitegiak erabaki duelako legez kanpo eta erabat injustuki kalkulaturik izan direla.

Gaurko mobilizazioan, LABeko Idazkaritza Feministako kide Zaloa Ibeasek Gizarte Segurantzari eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia aintzat hartu eta 2019a baino lehen lanaldi partzialean jardun duten langileen pentsioak ofizioz berrikusteko, ez baita ulergarria administrazio publiko batek diskriminatzailea dela ebatzia izan den praktika mantentzea.