2026-01-22
Blog Page 419

Plataforma digitaletan lan egiten duten banatzaileak EAEko Ostalaritzaren Esparru Akordioan sartu dira

Gaur, LAB sindikatuak ELArekin batera patronalarekin sinatutako akordioan riderrak EAEko Ostalaritzako Esparru Akordioan txertatzea lortu dugu. Egia da APP bidezko banaketa-enpresetako langileak Estatuko Ostalaritza Akordioan sartuta daudela eta herrialde bakoitzeko ostalaritza-hitzarmenak aplikatzea eska dezaketela, LAB Hego Euskal Herri osoan eskatzen ari den bezala. Hala ere, ondo bideratutako beste urrats bat eman da segurtasun juridikoaren alde. EAEko patronalarekin hasten da bidea, eta onarpen hori ez da sinbolikoa soilik izan behar, baizik eta herrialde bakoitzeko hitzarmen kolektiboetara eraman behar da.

Era berean, beste hitzarmen batzuk aplikatzeko aukera baztertzen da, hala nola Bizkaiko Supermerkatuetan Etxez Etxeko Banatzaileen Hitzarmena edo Estatuko Mezularitza hitzarmena.

Egoera horretan, LABek herrialde bakoitzeko Ostalaritzako Negoziazio Mahaietan orain arte planteatu dugun moduan, hurrengo puntu nagusiak defendatuz:

• Riderrak hirugarren kategoria edo taldean txertatzea. Honek suposatuko luke, herrialdearen arabera, 18.700 eta 21.500 euro arteko urteko soldata, lanaldi osoan lan eginez gero, eta 1.723 eta 1.750 ordu arteko urteko lanaldia.

• Subrogazioa txertatzea.
• Riderren lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzea langileon babesa handitzeko.

Azken hilabeteetako borroka kolektiboaren ondorioz eta Riders por Derechos Platafromarekin elkarlanean, jada garaipen txikiak lortu ditugu gure soldatapeko langileen izaera frogatzen duten sententziekin. Sententzia hauek hainbat ondorio dituzte jadanik: autonomoen kuoten itzulpenak, lan izaeraren aitortza, berronartzeak… Sententzien erabakiak aplikatzeko beharrezkoa da hainbat mugimendu egitea eta horri erantzuten diote LAB sindikatutik sortutako eman beharreko pausuen azalpen bideoak edo BiziLan plataforman irekitako sarrerak. Riders por Derechos Plataformatik eta LAB sindikatutik dei egiten dizuegu pausu hauek ematera. Adibidez, sail sindikaleko bi kidek 3.000 eta 7.000 eurotako autonomo kuoten itzulera jaso dute.

Osakidetzako garbiketako langile azpikontratatuak lan baldintza duinak exijituko dituzte

Osakidetzako garbiketa-langile azpikontratatuak joan den urritik mobilizatzen ari gara. Hasiera batean, Osakidetzako langileekin batera, kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatzeko eta garbiketa-zerbitzuan ematen ari ziren murrizketak salatzeko. Maiatzetik aurrera, bakarrik jarraitzen dugu, guretzako hitzarmen duin bat eskatzeko.

Txaloak eta eskerrak jaso ditugun arren, pandemia geldiarazteko egindako ahaleginagatik eta erakutsitako ausardiagatik, enpresek gure aldarrikapenak gutxietsi egin dituzte. Garbitzaileen egoera zaila zen osasun- zentroetan pandemiaren aurretik ere, lana nekeza da; bajak ez dira kubritzen, langileak ez dira nahikoak. Pandemiak errealitate hori gogortu besterik ez du egin. Minimoetan gaude. Hala ere, enpresak zirkinik egin gabe daude, bilera egin ondoren ez dute inoiz ezer eskaintzeko, hitzarmena blokeatuta mantentzeko estrategia argi batean. Osasun Sail Publikoak ere jarrera gaitzesgarria izan du enpresek bezala, eta ez dio erantzunik eman bidali zaizkion bilera-eskaera bati ere ez.

Hiru urteko negoziazioaren ondoren egoera kiribildua jarraitzen du. 2012an onartuta egon behar zuen karrera profesional bat eskatzen dugu, gure lanaldi partzialak luzatzeko aukera, lanpostu bakanteak geratzen diren heinean, lan-gainkarga berrikustea eta gure lanpostuetan segurtasuna eta osasuna.

Maiatzaren 27an greba deitu genuen. Greba horri administrazioek gutxieneko zerbitzuen % 100 inposatuz erantzun zioten.
Hala ere, oztopo guztiak gorabehera, mobilizatzen jarraitzea erabaki dugu, eta horregatik, datorren asteartean, ekainaren 29an, desinfekzio-uniformeak jantziko ditugu berriro, 11:30ean Gurutzetako Ospitalearen aurrean egingo den mobilizazioan.

Merkataritzako greban ozen aldarrikatu dugu: ez dugu onartuko azken saltzaileak, azken kutxazainak eta azken apal-betetzaileak izatea

EAEko merkataritza sektorean egindako greba dela eta, hauxe da Bilbo, Gasteiz eta Donostian egindako mobilizazioetan publiko egin dugun adierazpena:

LAB eta ELA sindikatuok greba egin dugu merkataritzaren sektorean, greba egin dugu enpresa handien diru-gosearen aurka, eta greba egin dugu merkataritza-kate handien aurka; izan ere, gure lanagatik onura handiak lortzen dituzten arren, kaleratzeekin eta lan-prekarietatearekin ordaintzen digute. Ez, greba hau ez da autonomo txikien aurkako greba bat, ezta saltoki txikien aurkakoa ere, saltoki txikien biziraupenaren aldeko greba bat da, enpleguaren aldeko greba bat eta ehungintzaren sektoreko langileen aldeko greba bat; gehienak emakumeak. Greba feminista bat da.

Greba honek eta mobilizazio honek alarma gorria pizteko balio behar digute. Gertaera oso berriek ondorio horretara garamatzate.

Zeren… zer gertatzen ari zaigu azken aldian merkataritzaren sektorean? Gertatzen ari dena da Inditex, El Corte InglĂ©s, Douglas, H eta M bezalako enpresa handiek, besteak beste, milaka milioi euroko mozkinak poltsikoratzen dituzten bitartean, ondo esan dut, milaka milioi euroko mozkinak (3.800 milioi euro inditex kasuan/1.200 milioi euroko mozkinak H eta M enpresetan 2019an, besteak beste), denden itxierak dakartzaten neurriekin datozela, gu kale gorrian utziz, langabeziara kondenatuz, gure lan baldintzak kaskartuz eta gure kontziliazio eskubideak zapalduz.

Hori da guretzat diseinatu duten etorkizuna, eta koartada gisa On line salmentan bliatu dute, kasu askotan lan-karga handiagoa dakarkigun salmenta, hain zuzen ere. Eufemismoak erabiltzen dituzte, hala nola, eraldaketa digitala, baliabideen egokitzapena, eta terminologia horrek benetan esan nahi duena da lanik gabe uzten gaituztela eta urteetan zehar geureganatutako eskubideak erasotzen dituztela.

Eta tristeena da enplegu-suntsiketa hori CCOO eta UGTren konplizitatearekin egiten dela, izan ere, bi sindikatu horiek aurrean jartzen dizkieten enplegu-erregulazioko espediente guztiak sinatu dituzte. Erakunde horiek milaka enplegu suntsitzea onartzen dute, eta hori oso larria da. Gainera, negoziazio kolektiboa lapurtu nahi digute lan-erreformak erabiliz, horregatik, berriro ere erreforma horiek indargabetzea exijitzen dugu.

Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen diogu behingoz indargabetu ditzala erreformak, gure lan-baldintzak hemen erabakitzea nahi dugulako, gure hitzarmenak hemen negoziatu nahi ditugulako eta EREak hemen negoziatu nahi ditugulako, erantzun sindikal antolatu eta irmoa dagoen toki bakarrean, H eta Mko emakumeek protagonizatutako gatazkaren parekoak gertatzen diren leku bakarrean, eta egin behar denaren bidea modu argian erakusten diguna: enplegu-suntsiketaren aurka borrokatu, EREak ez direlako kudeatzen, EREei aurre egin behar zaie.

Eta LABek eta ELAk, erakunde gisa, betebeharrak ditugu. Hitzarmenen negoziazioa bultzatu behar dugu, mobilizazioa aktibatu. Eduki berriak sartu behar ditugu, enpresa horiek lortzen duten onuraren zati bat nahi dugu eta soldatetan islatu nahi dugu noski baietz, baina denbora ere islatu nahi dugu, hori baita enpleguak salbatzeko neurri bakarra. Aldarrikapenerako elementu nagusia hitzarmenetako gehieneko lanaldia murriztea da. Eta ez dugu hitz egiten 2 orduko murrizketa miserableez, ez, mozkin handiak dituzten enpresa horietan lanordu jaitsiera handiak egiteaz ari gara. Hori egin ezean, jende asko soberan dagoela esango digute, gu azken belaunaldia izatea lortuko dute, azken saltzaileak, azken kutxazainak eta azken apal-betetzaileak, eta hori ez dugu onartuko.

Amaitzeko, autonomoen eta saltoki txikietan lan egiten duten pertsonen enplegua salbatzeko aukera bat dela uste dugu. Merkatari txikiek aliatu izan behar dute merkataritzan lortu nahi duten monopolioaren aurkako borroka honetan, eta aliantzak ehuntzeko proposamena helarazi nahi diegu hemendik.

Online salmentaren inguruan sortzen diren kategoria eta funtzio berriak arautzea ere ezinbestekoa da, bestela sortzen den enplegu berria miseria eta prekarietate baldintzetan sortuko da eta ez dugu onartuko.

Digitalizazio-eredu sozialagoa eta inklusiboagoa eskatzen dugu. Baldintza hobeak eskatzen ditugu merkataritza-sektoreko langileentzako. Aldarrikapenerako aukera dago, eta horregatik eskatzen dugu gehieneko lanaldia murriztea, enplegu gehiago egon dadin, partzialitatearen hedapenaren aurrean lanaldi oso gehiago, gure osasuna babesteko lan-karga gutxiago eta nola ez, soldata duinak.

Lan munduan inposatzen dizkiguten armairuak apurtu!

Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a. Cisheteroaraua lantokietatik borrokatzeko konpromisoa badugu, apur ditzagun behingoz, lan munduan inposatzen dizkiguten armairuak. Batu gaitezen Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitu dituen mobilizazioetan.

Faxismoaren eta kapitalaren oldarraldiari langileon arteko elkartasun eta antolakuntzatik erantzutea, bai; ekainaren 28an eta gainontzeko egun guztietan kalean eta lamean askatasunez bizitzeko harreman eredu berriak eraikitzea, ere bai! Lan munduak inposatzen dizkigun armairuak apurtu!

Azken egunetan bizitako erasoak, trans* legeak azalarazitako muga politikoak, faxismoaren gorakada edota kapitalaren oldarraldia eta sistemaren zuriketa arrosa, denak ala denak langileon arteko elkartasun, defentsa sare eta antolakuntzatik erantzuteko unea da.

Horregatik, ekainaren 28a egun esanguratsua dugu kolektiboaren memoria aldarrikatu eta helburu eta borrokan berresteko: sexu aniztasunaren aldeko borroka egunero urratu beharreko bidea bada, LGTBI+ mugimendua eta langileen arteko elkarlanean sutuz izango da.

Cisheteroarautik kanpo bizi garenak ez kalean, ez eskolan ezta lan munduan ere ez gaude salbu. Lan munduan erreproduzitzen diren derrigorrezko heterosexualtiatea, ikusezintasuna, bazterketa, gorrotoa, aitortza eza eta erasoak dira inposatzen zaizkigun armairuak.

LABen jakitun gara, asko dugula egiteko langile klasearen sentsibilizazioan, ikusgarritasunean, elkartasunetik lan munduko diskriminazio eta eraso oro errotik eteteko, zein sexu aniztasunean lan eta bizitzeko eraldaketa sozial eta ekonomikoa sustatzeko.

Zentzu horretan, eta sindikatua sexu-genero zapalkuntzaren aurkako borrokarako tresna eraginkor izateko, urrats berriak emateko garaia dela diogu. Kapital, patronal eta enpresek inposatutako markoak borrokatzeko indarrak batu, tresnak berritu eta lan munduan sexu aniztasunaren aldeko harreman sareak eraikitzeko unea dela diogu.

Riders por Derechos plataformarekin elkarlanean, baliabide guztiak jarriko ditugu sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko

Autonomo faltsuak, ziurgabetasuna, epaiketak, sententziak, Riderren legea…  Sektorean mugimendu garrantzitsuak ematen ari diren eta emango diren garai hauetan, langileon antolakuntzaren beharra aldarrikatu nahi dugu. Aurreikusten dugu abuztuan kontratuak erregularizatuko direla eta ostean, kaleratzeak zein jardunaldien murrizketak eman ahal direla. Bakarrik antolakuntza eta borrokaz hobetuko ditugu gure lan baldintzak. Bada garaia gure egoera erregulatzeko, gure lan baldintza espezifikoak lan araudian barnebiltzeko. Urgentziazkoa da. Izan ere, bitartean egoera oso prekarioan jarraitzen dugu.

Borroka kolektiboaren ondorioz jada garaipen txikiak lortu ditugu gure soldatapeko langileen izaera frogatzen duten sententziekin. Sententzia hauek hainbat ondorio dituzte jadanik: autonomoen kuoten itzulpenak, lan izaeraren aitortza, berronartzeak… Sententzien erabakiak aplikatzeko beharrezkoa da hainbat mugimendu egitea eta horri erantzuten diote LAB sindikatutik sortutako eman beharreko pausuen azalpen bideoa edo Bizilan plataforman irekitako sarrera. Riders por Derechos Plataformatik eta LAB sindikatutik dei egiten dizuegu pausu hauek ematera. Adibidez, sail sindikaleko bi kidek 3.000 eta 7.000€ko autonomo kuoten itzulera jaso dute.

Hala ere, hau borrokaren hasiera baino ez da. Laster ireki beharko diren hegoaldeko lau herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenetan, eta azken boladan egin dugun bezala, hurrengo puntu nagusiak defendatuko ditugu:

  • Riderrak hirugarren kategoria edo taldean txertatzea. Honek suposatuko luke, herrialdearen arabera, 18.700€ eta 21.500€ arteko urteko soldata, jornada osoan lan eginez gero, eta 1.723 eta 1.750 ordu arteko urteko lanaldia.
  • Subrogazioa txertatzea
  • Riderren lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzea langileon babesa handitzeko

LAB sindikatutik eta Riders por Derechos plataformatik baliabide guztiak jarriko ditugu langileon bizi baldintzak hobetzeko bidean. Azken hilabeteetan Euskal Herrian Riderren egoera erregularizatzeko bideari ekin diogu, eta horretan jarraituko dugu Euskal Herriko errealitateari egokituko diren hitzarmenak garatuz. Aipatu dugun bezala, urgentziazkoa da egoera lehen bai lehen erregularizatzea, bitartean egoera prekarioan lanean jarraitzen baitugu. Bide beretik, antolatzera eta sail sindikalak sortzera animatzen zaituztegu, historiak erakutsi baitigu borrokaren bitartez lortzen direla garaipen sozialak.

Defendatzen dugun garapen profesionaleko eredura hurbildu da Osakidetza

Osakidetzak gaurko bileran mahai gainean jarritako garapen profesionalerako ezohiko deialdiak LABek azken 12 urteetan historikoki defendatu duen garapen profesionaleko eredu berriaren ezaugarriak jasotzen ditu.

Langileen borrokak eta presioak bultzatu dute Osakidetza horrelako proposamen bat egitera, Osakidetzak berak bere garaian garapen profesionalerako deialdiak bertan behera uztean sortu zuen gatazka bati irtenbidea emateko. Horren ondorioz, eta Osakidetzan abian jarritako GP ereduaren ezaugarriekin batera, langileen soldaten arteko konparaziozko bidegabekeria onartezinak sortu dira.

Ildo horretan, gaur eskainitako ezohiko deialdiaren proposamena, gabezia askorekin oraindik, aurrerapausoa da Osakidetzak langileekin duen zorra konpentsatzeko eta guztiak parekatzeko urratsak ematen laguntzeko. Gure iritziz, deialdi honen ezaugarriek markatu behar dituzteOsakidetzak 2022an idatziz negoziatzeko konpromisoa hartu duen GP eredu berriaren oinarriak, ziurtatuta ere, halaber, deialdi arruntak egingo direla 2026ra arte, eredu berriaren negoziazioa amaitzen den bitartean.

Urte asko igaro behar izan dira, azkenean, LABek betidanik aldarrikatutako gakoetara hurbiltzen den Osakidetzak deialdi bat egin dezan: langile guztientzat, ebaluazio subjektiborik gabe, bizkarra ematen diena Osakidetzak berak bermatzen ez duen prestakuntzaren negozioari eta sal-erosketari.

Zentzu horretan, LABek positibotzat jotzen du ezohiko deialdi hau, baina Osakidetzak oraindik beste urrats batzuk eman behar ditu proposamena hobetzeko, Atzeraeraginaren gaian hobetzeko zain, plantillarekiko zorra konpentsatzeko modu gisa, gure ustez, langile guztientzako proposamena da, orainaldi berdinzaleagoa ekar diezaguke, eta bidea irekitzen digu etorkizuneko garapen profesionaleko eredu bidezkoago batera, LABek orain arte borrokatuko duen eredu berria.

Kontratazio Akordioa

Bestalde, Kontratazio Akordio berriaren proposamenak zaharkituta dauden eskema zaharretan oinarrituta jarraitzen du, eta onartezinak diren bi norabidetan aurrera egitearen aldeko apustua egiten jarraitzen du: entxufismoa eta kontratazioen opakotasuna, zerrenda espezifikoen aldeko apustu argi eta berrituaren bidez; eta euskararekiko mespretxua eta euskararen normalizaziorako

borondate falta, batez ere zerrenda laburren kontratuetan, gaur egun Osakidetzan egiten diren gehiengoak.

Azken puntu honi dagokionez, adierazi nahi dugu Osakidetzaren proposamenak ez lukeela bermatuko euskararen ezagutza egiten diren egiturazkoak ez diren behin-behineko kontratu gehienetan. Ezagutza hori “1. lehentasuneko” lanpostuetarako kontratuetan baino ez da lehenesten, hau da, pediatria-zerbitzuekin eta informazio-guneekin lotutako lanpostu batzuetan, baita biztanleria euskalduna duten herrietan ere ( % 70). Egiturazkoak ez diren gainerako behin- behineko kontratazioetan, ez da bermatzen eta Osakidetzak honako konpromiso hau baino ez du hartzen: “Dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duten izangaiak betetzen direla zainduko da, unitate bakoitzean ezarritako derrigortasun-ehunekora irits dadin”.

Kontuan hartzen badugu Osakidetzan euskara bermatzen ez duten horrelako 60.000 kontratu inguru egiten direla urtero, eta kontratu horietako askok hilabeteak edo denboraldi luzeak irauten dutela, erraz uler daiteke horrek Osakidetzan euskararen normalizazioari eragiten dion kalte larria, arreta euskaraz ez jasotzeagatik kexa gehien jasotzen dituen euskal zerbitzu publikoetako bat baita.

Ildo horretan, salatu nahi dugu euskararen normalizazioaren eta Euskara Planaren aurkako jarrera zenbait sindikaturen jarrera, bereziki sindikatu korporatiboak.

LABen iritziz, Osakidetzako Zuzendaritzak aukera bat galdu du erakundearen arazo handienetako bati, hots, kontratazioari, aurre egiten lagunduko dion kontratazio-sistema bidezkoago batean aurrera egiteko. Une honetan, kontratazioa prekarioa da, ez oso gardena edo batere gardena, eta ez du bermatzen euskaraz lan egin ahal izatea ezta herritarrek arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea ere.

Garbitzaile eta sukaldarien ordezkapenak bete gabe jarraitzen du EAEko Hezkuntza Sailak

Azkenengo asteetan, LABetik, behin eta berriz salatzen ari gara EAEko Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatzen dituen eskoletako sukalde eta garbiketa-zerbitzuan ordezkapenak ez direla betetzen ari.

Pandemian zehar oinarrizko zerbitzuak izendatu arren (ondorioz, kolektibo honi %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkiote deitutako greba egunetan), azken asteetan ikastetxe ezberdinetatik salatzen ari dira ordezkapenak ez betetzearen ondorioz izaten ari diren arazoak, zerbitzuaren kalitatea murriztea eta lan-karga handitzea.

Arazoak konpondu barik jarraitzen du eta egoera okerrera doa. Ikasleek oporrak hartu badituzte ere, ikastetxeetan jarduerak jarraitzen du, eta sukalde zein garbiketako langile-kolektiboak bestelako lanak ere baditu, sukaldeetako eta geletako garbiketa orokorrak, besteak beste. Pandemia garaiko kontingentzia planak bete ezinik, honek langileengan sortzen duen presioari ezin eutsi dabiltza.

Bestalde, zerbitzu hauek kontraten bidez pribatizatu diren kasuetan, arrazoi batengatik edo bestearengatik langileak falta direnean, Hezkuntza Saileko langileei egokitzen zaie lan-karga. Biak ala biak zerbitzu feminizatuak dira eta funtsezko langileek egiten dituzte, baina ikusezinak direnek.

Egoera hauek ahalik eta lasterren konpontzea exijitzen dugu. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari ardurak bete eta erantzukizunez joka dezala eskatzen diogu.

Euskaraz ikasteko eskubidearen alde mobilizatu gara Nafarroako Parlamentu aurrean

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, nafar guztien euskaraz ikasteko eskubidearen defentsan. 0-3, LH, NUP, Pirinioak, Zangozaldea, Tafallaldea, Castejon, Beriain, Arteko ikasketak, landa eremuko DBHn… herritarrek euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta behar dute izan.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak guraizeak dantzan jarri ditu hezkuntzan murrizketak egiteko. Bere biktimak, euskaraz ikasten duten ikasleak berriro ere, eta ez da kasualitatea. Oraingoan, ordea, teorian egoera zaurgarrian dauden ikasleen «banaketa orekatua» lortu nahi duen marko legal berrituaren testuinguruaren aitzakiapean datoz murrizketa horietako batzuk. Aitzakia honekin, D ereduko hainbat ikasle are kaltetuagoak suertatuko dira A-G ereduko ikasleekin alderatuta.

Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturteko aurrematrikula garaiari begira ikasleen harrera arautzen duen legezko markoa berritu du. Saldu duten bezala, helburua da egoerarik zaurgarrienean dauden eta hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea segregazioa murriztu eta aukera berdintasuna bermatzeko asmoz. Itxuran parte-hartzailea izan den prozesuaren bidez, gai hau arautzen duten Foru Dekretua eta Agindua berritu dira, baina funtsean LAB eta beste hezkuntza eragile guztien ekarpen gehienak bazterrean utziz. Izan ere, nagusiki jatorri sozioekonomikoagatik zaurgarriak diren ikasleen banaketa hutsa arautzera mugatu dira, diagnosi, prebentzio eta ikasleen arreta espezifikoari erreparatu gabe. Departamentuak, eskola segregatuetan ratioak jaisteko eta baliabide gehiago esleitzeko aukera aurreikusten badu ere, ez du inongo konkreziorik zehaztu nahi izan, norabide horretan zihoazen LABen ekarpenak atzera botaz. Guk dakigula, datorren ikasturtean inongo eskolatan ez dira ratio baxuagoak aplikatuko edo aparteko baliabideak esleituko behar espezifikoak dituzten ikasleak artatzeko.

Departamentuak bestelako segregazio motak baztertu eta ukatu ditu, hezkuntza-premia espezifikoak dituzten eta beste irtenbiderik jorratu gabe medikalizatzera kondenatuak diren ehunka ikasle nafarren aferari heldu gabe; edota Nafarroan oso larria den hizkuntza segregazioa gainditzeko inongo neurririk hartzeko aukera deuseztatuz.

Are gehiago, ikasleen harrera dekretuan ezarritako baremo berriak euskaraz ikasteko hautua egiten duten familiei ez dizkie bermatuko gazteleraz ikasi nahi duten familien eskubide berberak. Kontraesankorra badirudi ere, D ereduko ikasleak are baztertuagoak suertatuko dira «inklusibitatearen» izenean. Hona hemen adibide batzuk:

• Pirinioetako ikasleak 16 urterekin derrigortuta daude beraien herria uztera eta 80-90 kilometro mugitzera ikasketak jarraitu ahal izateko. Orain arte, Iruñeko ikastetxe batean tokia bermatzen zitzaien, baina hori bertan behera utzi du dekretu berriak, ikasleak plaza edukiko duten jakin gabe utzirik. Despopulazioak zigortutako eskualdeari ezarritako bigarren zigorra.

• Tafallaldean eta Zangozaldean DBH euskaraz ikasten duten ikasleek ezin dute ikasketekin Tafallan edo Zangozan jarraitu, A-G eredukoek bezala. Egunero Iruñerako autobusa ordaindu behar dute ozta-ozta Iturramako Ikastetxeko klaseetara heltzeko. Aurtengo baremo aldaketarekin, ez zaie bermatu tokia eskola horretan eta, beste ikastetxeetan sakabanatzeko arriskuaz gain, ez dute izanen garraio aukera egokirik klasera garaiz heltzeko. Bazterketa bikoitza: Tafallan edo Zangozan euskaraz ezin ikasi eta Iruñean ikastetxerik egokiena ez dute bermatua izango.

Baina ikasleen harrera dekretutik haratago, badira isilpean pasa nahi dituzten murrizketa gehiago, euskaraz ikasten duten ikasleen kontrakoak:

• D ereduan ikasi nahi duten Beriaingo ikasleei garraioa jartzen zitzaien Hegoalde Ikastolara joateko. Datorren ikasturtean horietako ikasle batzuei garraioa kenduko die departamentuak, bere hitza janez, eta Noaingo D-PAIra joatera derrigortuko ditu, PAI programa inposatuz. PAItik atera nahi zuten Castejongo ikasleei mila traba jarri eta Carlos Gimeno kontseilariak derrigortu ditu Lehen Hezkuntza PAI programan bukatzera, beraien gogoaren kontra. Aldiz, ez du erreparorik PAIn ez dauden ikasleak etapa erdian derrigorrez PAIn sartzeko.

• Castejonekin jarraituz, bertako D ereduko ikasleek entzumen eta mintzaira espezialista bat behar dute eta, momentuz, Hezkuntza Departamentuak ez die esleitu. Egoera hau A-G ereduan gertatzea pentsaezina da eta, borondaterik balego, erraz konpon liteke, entzumen eta mintzaira espezialista euskalduna jarriz.

• Batxilergoko D ereduko ikasleak derrigortuta daude astero lau ikas-saio gehiago egitera. Landa eremuko ikastetxeetan DBHko D ereduko ikasleei jantoki zerbitzua kendu eta batxilergokoekin batera garraio zerbitzua probesteagatik ikas-saio gehiago jartzen ari zaizkie bai ikasleei, baita irakasleei ere. Adibidez, datorren ikasturtean, eta beraien iritziaren kontra, Leitzan jantokia kenduko zaie DBHko ikasleei.

Panorama beltz honi gehitu behar zaio 0-3, Lanbide Heziketa edota unibertsitateko ikasketak gauzatu ahal izateko dauden aukera urriak, dauden ikasle euskaldunen portzentajearen oso azpitik. Lanbide Heziketan eta 0-3an, gainera, xisteratik atera dute asmakizun berri bat modalitate elebiduna, atzerriko hizkuntzarekin— euskararen egoera latza areagotzeaz gain langile, ikasle, familia eta, oro har, hezkuntzaren kalitatea okerragotzera datorrena. Hainbat alderdik errealitate soziologikoa euskal hiztunen eskubideak murrizteko soilik erabiltzen dute. Aldiz, errealitatea eta eskaria horien aldekoak direnean, beti daude beste aitzakia batzuk euskaraz ikasteko eskubidea urratzeko.

Hau guztia ere segregazioa da, eta egoera lazgarri sistemiko honi prebarikazioz eusten dioten erantzule politikoak daude.

Borroka sindikala ez dela delitua aldarrikatu dugu Barakaldoko epaitegien aurrean, eta ITP-PCBko kaleratzeen aurka mobilizatzeagatik auzipetutako Zigor Azpioleari babesa erakutsi diogu

ITP-PCBko langile eta LABeko kide Zigor Azpioleak Barakaldoko epaitegietan deklaratu behar izan du gaur, Sestaoko eta Barakaldoko lantegietako kaleratze kolektiboak salatzeko borrokaren harira enpresako zuzendaritzak hartutako bide errepresibo eta judizialaren baitan. Bide penaletik auzipetu dute.

Hain zuzen ere, Ertzaintzak borrokan ziren langileen aurka baliatutako indarkeria gutxi balitz, eta zuzendaritzak eskarmentu dinamika bati ekitea erabaki zuen, ez bakarrik greba mugagabea egin zuten lankideen aurka, baita langile guztien aurka ere. Zentzu honetan, enpresak testigantza faltsu batean eta Ertzaintzak idatzitako auto irregular batean oinarritu da Zigor Azpiolea auzipetzeko. Baliteke deriba hori hemen ez amaitzea, enpresaren asmoa baita lankide gehiago auzipetzea eta zigor judizial handienak bilatzea. Azken finean, enpleguari eusteko borroka kriminalizatzea eta ekintza sindikala zigortzea saiatzearen adibide argia da gertatutakoa, langileak beldurtzeko asmoz. LABetik oso argi dugu: borroka sindikala ez da delitua.