2026-01-22
Blog Page 417

Caixabankeko EEEa inmorala da

Nahiz eta kaleratze behartuak ezabatu, LABen eta ELAren iritziz Enplegu Erregulazio Espedientea inmorala da.

Enpresak 4.786 milioi euroko irabaziak izan ditu urteko lehen hiruhilekoan. Goirigolzarri presidenteak hirukoiztu egin du bere soldata. Eta akziodunen batzar orokorrean gai zerrendako zenbait puntu pertsona batzuen ordainsarien igoerei buruz ari ziren.

Eta, aldi berean, 123 enplegu baino gehiago suntsitu dira Euskal Herrian (52 Nafarroan, 18 Bizkaian, 18 Araban eta 15 Gipuzkoan). Estatu mailan, 6.452.

EEE horren bidez, enpresak landa-eremuetan presentzia gero eta txikiagoa izango du, eremu horietan finantza-bazterketan urratsak emanez. Bulegoen itxierarik ez badago ere, ordutegiak eta irekiera-egunak mugatuta egongo dira. Beste kasu batzuetan, pertsona erdiak egongo dira bulegoetan lanean. Koktel horrek bezeroentzat eta ingurukoentzat gero eta erabilgarritasun txikiagoa izatea ekarriko du.

Apirilean sindikatu guztiak bat etorri ginen EEEari ezetz esatean. LABek eta ELAk gauza bera pentsatzen jarraitzen dugu. EEE honek ez du inolako justifikaziorik eta inmorala da.

30 eguneko grebaren ondoren, Electroaceros enpresako langileak lanera itzuli dira, enpresak lantegia ixteko eskaera erregistratu baitu

Hilabeteko greba mugagabearen ondoren, Electroaceroseko gerentziak azkenean irtenbide bat aurkeztu du Agustinos industrialdeko fabrikarako, eta hori da merkataritza-arloko epaitegiari hartzekodunen lehiaketa bat eskatzea hura ixteko. Jakina, hori ez da nahi den irtenbidea, ez langileek ez sindikatuek, baina beharginek ulertu dute jada ez zuela zentzurik grebarekin jarraitzeak. LAB sindikatuak azpimarratu nahi du grebalariek lanpostuen aldeko borrokan erakutsitako duintasuna.

Enpresako langileen legezko ordezkaritzak hiru urte eman ditu enpresak inoiz aurkeztu ez dien bideragarritasun-plan baten atzean; are gehiago, hobekuntza ekonomikorako hartu beharreko neurri ugarien zerrenda bat idatzi zuten, eta gerentziak ez zion jaramonik egin. Enpresaren aldetik hartutako neurri bakarrak honako hauek izan ziren: arrazoi ekonomikoengatik lan-erregulazio partzial bat aurkeztea, aplikatu ez zuena; langileen gehiengoari soldata murrizten zion lan-baldintzen funtsezko aldaketa aplikatzeko borondatea; eta langileen nominak 2020ko abendutik atzeratzea, gaur egun langile guztiei maiatzeko nominatik zor zaien zenbatekoa barne.

Egoera horretan, ekainaren 1ean, Electroaceros S.A. enpresako langileek (Astibia familiaren jabetzakoa) aho batez greba mugagabea deitzea erabaki zuten batzarrean. Helburuak oso argiak ziren: apirileko nominaren erdia kobratzea -une horretan zor baitzieten-, maiatzeko nomina kobratzea, eta nagusia, gerentziak enpresan azken urteetan ematen ari zen kudeaketa txarrari irtenbide irmo bat ematea, langileei beren lanpostuak arriskuan jartzen ari zirela ikusten zuten-eta.

Ekainaren 27an, greba mugagabean ia hilabete igaro ondoren, gerentziak erregistratutako paperak aurkeztu zituen, merkataritza-arloko epaitegiari lantegia ixteko hartzekodunen konkurtsoa eskatzeko. Bai langileen ustez, bai LAB eta ELA sindikatuen ustez (enpresan ordezkaritza duten sindikatuak), enpresako gerentzia da itxieraren erantzule bakarra, kudeaketa txarra egin duelako eta harrokeriagatik ez dielako langile eta delegatuei aholkuak ematen utzi. Enpresa hiltzen utzi dute eta ez dute kontuan hartu 37 langilek -eta 37 familiak- lanpostua galduko dutela, 50 urtetik gorako batez besteko adinarekin.

Enpresaren azken erabakiaren berri izan ostean, langileen batzarrak erabaki du ez duela zentzurik grebarekin jarraitzeak, eta 30 egunez duintasun handiz borrokatu ondoren, uztailaren 1ean lanpostuetara itzuli dira, hartzekodunen lehiaketaren prozesuak bere bidea egin arte.

LABek azpimarratu nahi du langileek une oro borrokan erakutsi duten borondatea eta duintasuna, nahiz eta kontzentrazioren batean probokazioak izan diren eta gerentziak berandu aurkeztu duen bere egoerari irtenbidea, langileak elkartuta eta elkartasunez mantentzen jakin dute, nahiz eta azkenean enpresak konponbide latza eta tristea proposatu duen.

Oñatiko Stadler enpresako langileen batzarrak grebara deitu du, lanpostuen defentsan

Oñatiko STADLER, S.A. enpresak, pieza metaliko sinterizatuak eta automozioaren sektoreko fabrikatzaileak, EEE bat aurkeztu du. Horren ondorioz, 12 pertsona kaleratu nahi dituzte. Horretaz gain, gainontzeko langileontzat %30eko soldata murrizketak egin nahi dituzte.

Enpresaren asmo horien aurrean, langileek lanpostuak defendatzeko mobilizazioak hastea erabaki dute. Mobilizazio horiek uztailaren 8an hasiko dira, lan txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteekin, eta uztailaren 13an 24 orduko lanuztearekin jarraituko da. Uztailaren 16tik aurrera, greba mugagabea izango da.

STADLER, S.A.ko langileek aurrera eramango dituzten mobilizazioak, enpresaren egungo kudeatzaileen ezgaitasuna salatzeko eta murrizketak ekiditeko izango dira. Onartezina da zuzendaritza taldeak egindako kudeaketa txarraren ondorioak enpresako langile guztiei leporatzea.

Mercedeseko Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente prebentiboa baztertzen dugu

Gaur, uztailak 1, MERCEDES-BENZeko Zuzendaritzak ERTE bat aurkeztu du Gasteizko lantegiko langileentzat eta UGT-CCOO-Ekintza-PIMek sinatu dute. LABek ERTE prebentibo hau baztertzen du, enpresari erabateko malgutasuna ematen baitio eta langileei ordainarazi dielako enpresak alegatutako arazoa, enplegua bermatu gabe. Sindikatu horien jarrera ere arbuiatzen dugu, ERTEa itsu-itsuan onartzen dutelako, 141.000 unitate baino gehiago aurreikusita daudenean.

Gaurko bileran enpresako zuzendaritzak ERTEaren prozedura ireki du eta arrazoi produktiboetan motibatzen du 30 eguneko suspentsioa urte bukaera arte. Enpresak mehatxu zuzena helarazi du: planteatutako baldintza ekonomikoak bertan behera geldituko ziren gaur sinatu ezean, negoziatzeko borondate ona urratuz. Gure harridurarako, UGT-CCOO-Ekintza-PIMek berau onartu eta ERTEa sinatu dute dokumentazioa eta kausak aztertu gabe, informazio osoa eskatu gabe, alternatibak bilatu gabe eta negoziazio minimo bat garatu gabe. ERTE bat sinatu dute 141.000 unitate aurreikusten direnean, enpresaren arrazoiak ontzat emanez eta ondorioak aztertu gabe.

LABek ERTE prebentibo hau erabat baztertzen du. Enpresak oraindik orain bestelako neurriak eskura ditu balizko hornidura arazoei aurre egiteko eta horregatik ez dugu onartzen ERTE bat ezartzea modu prebentiboan, enpresak erabateko malgutasuna izateko asmoa duelakoan. Ez zaio nahikoa iruditzen langileak egun batzuetan etxera bidaltzea, gero larunbatak aktibatzea, txandak murriztea eta abar, eta orain dena nahi du.

Balizko hornidura arazo honen gainetik, bestelako problematika asko daude enpresan (kontratazioa, soldata eskala bikoitza, inposaketak, berdintasun falta, lan osasunaren falta,…) eta enplegua eta lan baldintza duinak bermatzea funtsezkoa da. Izan ere, gogorarazi behar dugu ERTEak ez duela jasotzen inolako enplegu bermerik, ez langile finkoentzat ez ebentualentzat ere (hauek masiboki kaleratu zituen enpresak abenduan).

Horrekin batera, argi adierazi nahi dugu langileei ordainarazten zaiela enpresak alegatutako arazo hau. Honek, irtenbidea topatu beharrean, hilabete asko baitira kontu hau ezaguna zela, langileon bizkarrera bota du, hauek diru sarrerak murriztuta izango dituztelarik, langabezia prestazioak kontsumituz… eta hori guztia aipatutako sindikatuen babesarekin.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu MERCEDESeko ERTE prebentibo honek ondorioak dituela azpikontratetan eta enpresa hornitzaileetan. Hortaz, hauetako enpresa batzuetan jada ERTEak aurkeztu dituzte eta aurreikusi daiteke gehiagotara ere zabalduko dela, langile hauei prekarizazioa areagotuz.

Balioesten dugu Quesos La Vasco Navarrak atzera egin izana enpresako hitzarmena ez aplikatzeko erabakian, baina salatzen dugu orain baldintza berriak aldebakarrez ezartzea

Azken hilabetean Olatzagutiko Quesos La Vasco Navarrako langileek egin dituzten mobilizazioen ondorioz, enpresak atzera egin du enpresako akordioa ez ezartzeko bere erabakian, eta lan baldintza berriak ezarriko dizkie langile guztiei, baldin eta horietako bakoitzak bere desadostasuna idatziz adierazten ez badu. LAB sindikatuaren ustez, garaipen txiki bat da enpresa mugitu izana; baina, era berean, salatzen du baldintza berriek ez dituztela langileen aldarrikapenak asetzen eta baldintza horiek inorekin adostu ez izana askatasun sindikalaren aurkako ekintza bat dela. Horregatik, LABek borrokarekin jarraitzeko beharra azpimarratu nahi du, lan baldintzak hobetzeko eta askatasun sindikalak bermatzeko.

Iragan apirilaren 30ean iraungi zen indarrean zegoen enpresa akordioa. Ordurarte, hamaika bilera egin ziren lan hitzarmenaren inguruan akordio berri bat erdiesteko asmoz baina ezinezkoa izan zen. Enpresak aurkeztu zuen azken akordioa ELA eta UGT sindikatuek babestu zuten, bakoitza delegatu batekin. Baina LAB sindikatuak (2 delegatu) eta CCOO sindikatuak (1), hau da, Enpresa Batzordearen gehiengoak enpresaren proposamena atzera bota zuen, onartezina baitzen. Zeuden hobekuntza eskasak absentismoari eta produktibitateari lotuak zeuden, apenas hobetzen zuten 1.000 €-ko soldata garbia, soldatak xurgatu zitezkeen eta ez zegoen konpromisorik behin hitzarmena amaituta berriz ere ez zutela hitzarmen estatalera joko bermatzen zutenak.

Batzordearen gehiengoaren babesa ukatua zela, enpresak langileak lan hitzarmen estatalera eraman zituen lan baldintzak gehiago prekarizatuz eta soldatak izoztuz. Horren aurrean LAB eta CCOO sindikatuek borrokara jo zuten, langile guztientzat lan baldintza duinak aldarrikatuz.

Hilabete bat eman dugu lanuzteak egiten eta mobilizatuz, enpresak ez du negoziatu eta akordiorik nahi izan greban geundenokin. Baina enpresak posizioa mugitzera behartua ikusi du bere burua, eta inorekin adostu gabe, maiatzean aurkeztu zuen azken proposamena aplikatzea erabaki du, idatziz ezezkoa adierazten ez duten langile guztiei.

Beraz, hilabeteko borroka baten ondorioz enpresak bere azken erabakia berrikusi eta inorekin adostua ez zegoen proposamena aplikatu du hobekuntza batzuk ezarriz. LABen ustez, erabaki hau borrokan aritu garenon garaipen txiki bat da. Baina eznahikoa da. Ziurrenik enpresaren helburua izan da langileak desaktibatzea eta horren aurrean erantzuten jarraitzea da gure ardura eta beharra. Erabaki hau ere askatasun sindikalen aurkakoa da, negoziazio kolektibo eskubidearen aurkakoa, demokratikoki aukeratuak izan diren enpresa komiteko kide guztien gainetik pasata hartutako erabakia.

Gure inguruan gauza bitxia da gertatutakoa, enpresak inorekin adostu gabe alde bakarreko akordio bat aplikatzea alegia. Beraz, grebak ondorioak izan ditu eta enpresa bere azken erabakia berrikustera behartua sentitu da. Horregatik borrokarekin jarraitzeko beharra inoiz baino gehiago ikusten dugu orain, lan baldintzak hobetzeko eta askatasun sindikalak bermatzeko. Borrokan jarraituko dugu lan baldintza duin batzuk lortu arte. Enpresak egin duen mugimenduak ez du berme juridikorik, langileentzat ez du ziurtasunik eta kanporatzen duen irudia hobetzeko marketing maniobra bat besterik ez da.

LABek uste du La Vasco Navarrako langileek behar dutela lan baldintza duinak bermatuko dituen akordio bat. Lan duin bat izateko eta kalitatezko produktu bat egiteko. Nahikoa da kaka zirindu eta pertsonak nahasteaz. Eta enpresak egin duen azkeneko maniobra ikusirik, espero dugu UGT eta ELA sindikatuek euren posizioa berrikustea; argitu beharko dute akordio indibidualen alde egiten duten edo negoziazio kolektibo eta eskubide sindikalen alde egiten duten.

Momentu honetan Enpresa Batzordearen batasunak eta langileon batasuna klabeak dira enpresa honetan gauzak aldatzen hasteko eta langileen eskubideak erdigunean ezartzeko.

Presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Gasteizen

Presoak hurbiltzea eta erregimen arrunta haien bizi-baldintzetan aplikatzea funtsezko urratsa da normalizazioaren bidean. Hala aldarrikatu dugu LAB, ELA, ESK, STEILAS eta HIRU sindikatuok Gasteizen, Foru plazan egindako elkarretaratzean. Premiazkoak dira azken hamar urteotan Euskal Herrian izan den aldaketaren araberako espetxe-politika berriak.

Ez dugu eskaera hori sindikatuok bakarrik egin, hainbat gizarte-eragilek eta alderdi politikok ere espetxe-legea betetzeko eta aplikatzeko eskatu dute. Ildo horretan zenbait urrats eman direla egia bada ere, oraindik bide luzea dago egiteko, batez ere gaixo dauden presoei dagokienez, bakoitzak duen arriskuarekin.

Elkarretaratzearekin ere elkartasuna adierazi nahi izan diegu uztailaren 12an Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten pertsonei. Guztiz anakronikoa da Espainiako Estatua kartzelak betetzen tematzea, urte gehiegi irauten duen gatazkaren konponbidea ekarriko duten erabaki politikoak hartu beharrean.

Buruntzaldeko garraio publikoko kontsezio berriarekin sortutako kaosa Gipuzkoako Aldundiak zerbitzu publikoei ematen dien garrantzi eskasaren isla da

Gaur hasi da Buruntzaldeko garraio publikoko kontsezio berria martxan. Kontsezio honetan, hainbat dira planteatuta dauden murrizketa zein aldaketak. Linea batzuk murriztu egin dira, ordutegiak aldatu dira eta autobus lineek dituzten izenek ere aldaketak jaso dituzte (lehen G1 zena orain BU11 izena dauka, adibidez).

Ordutegi eta linea aldaketa hauek erabiltzaileengan eragin zuzena dute. Erabiltzaile bat garraioaren ordutegiaren arabera antolatzen da; zein ordutan jaiki, zein ordutan etxetik atera, zein ordutan hartuko duen autobusa…

Autobusen ordutegiak aldatuz gero, erabiltzaile asko euren eguna berrantolatzera behartzen ditu. Zerbitzu pubiko bat izanik, herritarrek jakin beharko dute zerbitzuan honelako aldaketak gertatzen badira. Gaur ikusi ahal izan dugu erabiltzaile askok ez zekitela ordutegi aldaketak zeudenik, ezta lineetan aldaketak egin dituztenik ere. Honek jende asko lantokira berandu iristea eragin du.

Gipuzkoako Aldundia da kontsezio honen arduraduna. Gipuzkoako Aldundia da ordutegi zein lineetan egon diren aldaketak ezarri dituena. Gipuzkoako Aldundia izanik arduradun nagusia, ez dugu ulertzen nola den posible herritarrak inolako informaziorik gabe iritsi izana uztailaren 1ra. Ez dira ordutegi berriak banatu, ez da kanpaina komunikatiborik egin, ez dira beharrezko kontrasteak egin ez erabiltzaile zein langileekin ordutegi egokiak ezartzeko.

Gaur gertatu dena Aldundiak zerbitzu publikoei ematen dien garrantziaren isla da. Gipuzkoako Aldundiarentzat, garraio publikoa negozioa egiteko tresna bat besterik ez da. Buruntzako kontsezioarekin gertatzen ari dena honen erakusle garbia da.

LAB sindikatutik Gipuzkoako Aldundia garraio publikoarekin egiten ari dena eta bereziki Buruntzaldeko kontsezioarekin geratzen ari dena salatzen dugu.

Garraio publiko eta kalitatezkoa nahi dugu, eta horretarako beharrezkoak diren neurri guztiak implementatatu ditzala eskatzen diogu Aldundiari.

Cortesko kale garbitzaileen kaleratzea salatu dugu, subrogaziorako eskubidea urratzeagatik

Cortesko Udalak ekainaren 1etik aurrera kaleak garbitzeko zerbitzua mankomunatzea erabaki ondoren, zerbitzua egiten ari ziren bi langileak isilbidezko kaleratze-egoeran daude, ez Erriberako Mankomunitatea, ez eta kontrataren adjudikaziodun FCC Medio Ambiente-Grupo Rubio ABEE ere, ez baitira haiekin harremanetan jarri haiek subrogatzeko. LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean Tuteran, Erriberako Mankomunitatearen egoitzaren aitzinean, bi langile hauei eginikoa salatzeko eta administrazio publikoei inplikazioa eskatzeko enpleguaren eta lan eskubideen defentsan.

Enplegua suntsitu eta lan-baldintzak prekarizatzen dituen bertze adibide bat. Eskutik helduta doazen eta elkar elikatzen diren bi fenomeno. Izan ere, alde batetik, enpleguaren suntsipena lan-baldintzak prekarizatzeko erabiltzen da, eta, bertzetik, sektore prekarizatuenak dira ahulenak eta enpleguaren suntsiketa horrek erraz zigortzen dituenak. Suntsipen hori, gainera, kasu askotan, eta bereziki zerbitzuen sektorean, ez da nabarmen gelditzen, tanta-jario isil gisa gertatzen baita. Eta kontua ez da langileak kaleratzeak merke ateratzen zaizkiela, baizik eta ekonomikoki errentagarria ateratzen zaiela.

Kasu honetan, gainera, afera bereziki lazgarri egiten duten zenbait inguruabar salatu behar ditugu. Lanaldi partzialeko bi langile dira, eta Estatuko hitzarmen bat aplikatzen zaie. Horietako batek desgaitasunagatiko hobaridun kontratua du, eta bertzea, berriz, ospitaleratuta dago, gaixotasun oso larri batekin. Zerbitzua eskaintzetik ateratzen den enpresak egun batetik bertzera jakinarazi die Udalaren erabakia eta subrogatu egin behar direla. Hala ere, enpresa esleipenduna eta inplikatutako administrazioak ez dira haiekin harremanetan jarri, eta ez dira haietaz arduratu, hitz erdirik gurutzatu gabe. Hitzarmen aplikagarriak eta Nafarroako Kontratu Publikoen Legeak subrogaziorako eskubidea aitortzen dieten arren, eskubide hori urratu egin zaie, eta bereziki mingarria izan da tratuan.

Zentzu horretan, herritarrengandik gertuen dauden administrazioek izan beharko luketenen utzikeria eta arduragabekeria salatzen ditugu. Ez dute nahikoa zuzenean kudeatu beharko litzatekeen zerbitzu publiko estruktural bat pribatizatzea eta azpikontratatzea, eta, gainera, ez dute batere kontuan hartzen zer egin dezaketen irabazi-asmoko eta begirune gutxiko enpresek merkantzia huts gisa tratatzen dituzten langileekin. Horrela defendatzen ditu administrazioak enplegua eta lan-eskubideak?

Bihar, uztailak 2, adiskidetze-ekitaldia izanen da Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuan. Bertan espero dugu FCC Medio Ambiente – Grupo Rubio aldi baterako enpresa-elkarteak langile horiek subrogatuak izateko duten eskubidea onartzea eta berriz hartzea. Bertzenaz, LABek egoera salatzen jarraituko du, inplikatutako enpresa eta erakundeak interpelatzen eta kaleratuak defendatzen, bai juridikoki, bai eskura dituen baliabide guztiekin.

Adibide berri honek berresten digu enplegu eta azpikontratazio politika publikoetan 180ºko bira egin behar dela, enplegu-suntsiketa horri alfonbra gorria eta onura ederrak jartzen dizkioten lan-erreformak indargabetu behar direla eta lan-harremanen esparru propioa ezarri behar dela, enplegu-eskubidea gutxiengo baten interes partikularraren gainetik benetan bermatuko duen lan-kode batean oinarrituta.

Nafarroako Enplegu Planak ez ditu jasotzen langileen aldarrikapen nagusiak lan duina bermatzeko, eta uko egiten dio sindikatu guztiekiko elkarrizketan oinarritutako eredu berri bati

Enplegu planen berreskuratzea Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren bidez, iragan legealdian, Nafarroa Sumak ordezkatzen duen eskuin muturraren, PSNren, CEN patronalaren, CCOO eta UGT sindikatuen eskakizun sistematikoa izan zen. Baina Nafarroako langileen beharrak bere osotasunean erdigunean jarriko dituen eta sindikatu guztiekiko elkarrizketan oinarritutako beste eredu baterantz aurrera egingo duen etapa berri bat ireki beharrean, gaur Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan  2021-2024 bitarteko Enplegu Plana sinatzeak aurreko etapa gogoratzera garamatza, zeinetan CENek, CCOOk eta UGTk Nafarroako Gobernuarengandik jasotako diru publikoa beren egiturak eta jarduera finantzatzeko erabili baitzuten.

PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen Nafarroako Gobernuak Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren aldeko apustua egiten du gutxiengo sindikal batekin (CCOO eta UGTren ordezkaritza sindikalaren batura %48ren ingurukoa da), eta alde batera uzten du Nafarroako langileriaren zati handi bat. Esparru horren izaera antidemokratikoaren erakusgarri da gainerako sindikatuok ez dugula bertan parte hartzeko eskubiderik, eta, horretarako, parte hartzeko, CENeko enpresaburuek zein CCOO eta UGT sindikatuek gonbidatu behar gaituztela, gure autonomia eta askatasun sindikala urratuz.

Ondorioz, LABek ezin izan du Enplegu Planaren konfigurazio orokorrean parte hartu, CEN, CCOO eta UGT sindikatuek eta Txibiteren Gobernuak markoarekin temati jarraitzen dutelako. Hala ere, LAB sindikatuak SNE-NLren planean parte hartu du. Hala ere, LAB Nafar Lansareren planaren aurka agertu da, ez duelako langabeen kontratazioan aukera-berdintasuna bermatzen (gazteak, emakumeak eta migratzaileak, batez ere). Alegia, praktikan erakutsi dugu arazoa ez dela markoa, edukia baizik.


Akordioaren zehaztapenak ezagutu eta aztertu gabe ere, LAB sindikatuaren premiazko balorazio honetan, funtsari dagokionez, nabarmendu nahi du mahaiaren beste aldean ez dagoela akordioak lortzeko prest dagoen enpresabururik. Gobernuak, CEN patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek propaganda egingo dute, kalitatezko enpleguaz, berdintasunaz, prestakuntzaz eta laneko arriskuen prebentzioaz hitz egingo dute. Hala ere, ezin gaituzte engainatu, negoziazio mahai batetik gatoz eta enpresaburuek uko egiten diote arazo horiek konpontzeko benetako neurri eraginkorrak hartzeari. Horrela, ez dira jasotzen 2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren aldarrikapen eta eduki nagusiak. Horrela, bada, enpleguaren arloko plan baten aurrean gaude, eta ez dio heltzen prekarietatea ezabatzeari eta enplegu duina bermatzeari. Hala, ez du ezer esaten soldatei buruz (Gobernuari eskatzen diogu bete dezala EH Bildurekin lortutako akordioa, 1.200 euroko gutxieneko soldata erreferentzia izan dadin Nafarroan), lanaldiari buruz (35 ordu), azpikontratazioetan subrogazioa bermatzeko edo arrakala matxistarekin amaitzeko.

Azkenik, Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figurari dagokionez, CEN, CCOO eta UGTri Nafar Lansaren ematen zitzaizkien pribilegioen eta hitzarmenen amaierarekin bere garaian baloratu genuen bezala, Gobernuak norgehiagokaren bidez gauzatzea proposatzea urratsa bat da. Hala ere, Gobernuari ohartarazi nahi diogu erne egongo garela, CCOO eta UGT sindikatuentzako finantzaketa-tresna bihur ez dadin eta edukia izan dezan. Horri dagokionez, gogorarazi nahi dugu aurreko Gobernuak, Manu Aierdiren departamentuaren bidez, 400.000 € eman zizkiela enpresetara 120 bisita egiteko. Horrek esan nahi du sindikatu bakoitzak 3.300 euro inguru jaso zituela enpresa bat bisitatzen zuten bakoitzean. Baina, konparazio batera, Institutu Publikoari bisita bakoitza 500 euro inguru kostatzen zaio, eta kopuru horrekin 24 teknikari kontrata ditzake.