2024-04-27
HomeEkintza SindikalaBalioesten dugu Quesos La Vasco Navarrak atzera egin izana enpresako hitzarmena ez...

Balioesten dugu Quesos La Vasco Navarrak atzera egin izana enpresako hitzarmena ez aplikatzeko erabakian, baina salatzen dugu orain baldintza berriak aldebakarrez ezartzea

Azken hilabetean Olatzagutiko Quesos La Vasco Navarrako langileek egin dituzten mobilizazioen ondorioz, enpresak atzera egin du enpresako akordioa ez ezartzeko bere erabakian, eta lan baldintza berriak ezarriko dizkie langile guztiei, baldin eta horietako bakoitzak bere desadostasuna idatziz adierazten ez badu. LAB sindikatuaren ustez, garaipen txiki bat da enpresa mugitu izana; baina, era berean, salatzen du baldintza berriek ez dituztela langileen aldarrikapenak asetzen eta baldintza horiek inorekin adostu ez izana askatasun sindikalaren aurkako ekintza bat dela. Horregatik, LABek borrokarekin jarraitzeko beharra azpimarratu nahi du, lan baldintzak hobetzeko eta askatasun sindikalak bermatzeko.

Iragan apirilaren 30ean iraungi zen indarrean zegoen enpresa akordioa. Ordurarte, hamaika bilera egin ziren lan hitzarmenaren inguruan akordio berri bat erdiesteko asmoz baina ezinezkoa izan zen. Enpresak aurkeztu zuen azken akordioa ELA eta UGT sindikatuek babestu zuten, bakoitza delegatu batekin. Baina LAB sindikatuak (2 delegatu) eta CCOO sindikatuak (1), hau da, Enpresa Batzordearen gehiengoak enpresaren proposamena atzera bota zuen, onartezina baitzen. Zeuden hobekuntza eskasak absentismoari eta produktibitateari lotuak zeuden, apenas hobetzen zuten 1.000 €-ko soldata garbia, soldatak xurgatu zitezkeen eta ez zegoen konpromisorik behin hitzarmena amaituta berriz ere ez zutela hitzarmen estatalera joko bermatzen zutenak.

Batzordearen gehiengoaren babesa ukatua zela, enpresak langileak lan hitzarmen estatalera eraman zituen lan baldintzak gehiago prekarizatuz eta soldatak izoztuz. Horren aurrean LAB eta CCOO sindikatuek borrokara jo zuten, langile guztientzat lan baldintza duinak aldarrikatuz.

Hilabete bat eman dugu lanuzteak egiten eta mobilizatuz, enpresak ez du negoziatu eta akordiorik nahi izan greban geundenokin. Baina enpresak posizioa mugitzera behartua ikusi du bere burua, eta inorekin adostu gabe, maiatzean aurkeztu zuen azken proposamena aplikatzea erabaki du, idatziz ezezkoa adierazten ez duten langile guztiei.

Beraz, hilabeteko borroka baten ondorioz enpresak bere azken erabakia berrikusi eta inorekin adostua ez zegoen proposamena aplikatu du hobekuntza batzuk ezarriz. LABen ustez, erabaki hau borrokan aritu garenon garaipen txiki bat da. Baina eznahikoa da. Ziurrenik enpresaren helburua izan da langileak desaktibatzea eta horren aurrean erantzuten jarraitzea da gure ardura eta beharra. Erabaki hau ere askatasun sindikalen aurkakoa da, negoziazio kolektibo eskubidearen aurkakoa, demokratikoki aukeratuak izan diren enpresa komiteko kide guztien gainetik pasata hartutako erabakia.

Gure inguruan gauza bitxia da gertatutakoa, enpresak inorekin adostu gabe alde bakarreko akordio bat aplikatzea alegia. Beraz, grebak ondorioak izan ditu eta enpresa bere azken erabakia berrikustera behartua sentitu da. Horregatik borrokarekin jarraitzeko beharra inoiz baino gehiago ikusten dugu orain, lan baldintzak hobetzeko eta askatasun sindikalak bermatzeko. Borrokan jarraituko dugu lan baldintza duin batzuk lortu arte. Enpresak egin duen mugimenduak ez du berme juridikorik, langileentzat ez du ziurtasunik eta kanporatzen duen irudia hobetzeko marketing maniobra bat besterik ez da.

LABek uste du La Vasco Navarrako langileek behar dutela lan baldintza duinak bermatuko dituen akordio bat. Lan duin bat izateko eta kalitatezko produktu bat egiteko. Nahikoa da kaka zirindu eta pertsonak nahasteaz. Eta enpresak egin duen azkeneko maniobra ikusirik, espero dugu UGT eta ELA sindikatuek euren posizioa berrikustea; argitu beharko dute akordio indibidualen alde egiten duten edo negoziazio kolektibo eta eskubide sindikalen alde egiten duten.

Momentu honetan Enpresa Batzordearen batasunak eta langileon batasuna klabeak dira enpresa honetan gauzak aldatzen hasteko eta langileen eskubideak erdigunean ezartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.