2026-07-17
Blog Page 408

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Herri Ekimen Legegilea Sustatzeko Batzordeko kideekin bildu gara, eta Gasteizko Legebiltzarrak Ekimena tramitera onar dezala eskatu dugu

LABen izenean, Ekintza Sozialeko idazkaritzako Josefina Roco “Txefi” eta Endika Perezek hartu dute parte Herri Ekimen Legegileko (HEL) sustatzaile diren hiru ordezkarirekin batera: Mikel Isasi, Angel Abalde eta Ignacio Funes.

Bileran iritziak partekatuta, Batzorde Sustatzaileak adierazi du azken lau hilabeteetan egindako lana arrakastatsutzat jotzen dutela. 22.075 sinadura bildu dira, eta, horri esker, 10.000 sinadura biltzeko legezko baldintza bete da, eta EAEn Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta baten HEL lege-proposamen gisa izapidetu dadin galdegin dute. 

Ildo berean, sustatzaileek adierazi dute espero dutela Legebiltzarrak orain ez baztertzea Herri Ekimen Legegilea, eta, aitzitik, gehiengoz edo aho batez lege gisa izapidetzea, eta politika sozial eta ekonomikorako tresna bihurtzea, gizarte hobe baterantz aurrera egitea ahalbidetuko diguna: pobreziarekin behin betiko amaitzeko eta bizitza erdigunean jartzeko gai izango dena. Bere aldetik, LAB sindikatuak bere programa sozioekonomiko berrituan jasotako ardatzak eta banaketa hirukoitzaren proposamena azaldu ditu.

BGOEren Sustatzaileak eta LABek bat egin dute proposamen horren inguruan izan daitezkeen ezberdintasunak sakonean eztabaidatzeko unea dela esatean, eta Eusko Legebiltzarra hori egiteko leku egokienetako bat dela uste dute. Horregatik, legebiltzar-taldeei eskatzen zaie HEL lege-proiektu gisa izapidetzearen alde bozkatzeko.

Era berean, kointzidentzia-maila handia izan da gure jendarteak bizi duen egoeraren diagnostikoan. Bat gatoz egungo gizarte-babeseko sistemak, egungo DSBEak bezala, ustez ezarri ziren hori konpontzeko gai ez direla ideiarekin.

Azkenik, bi aldeok konpromisoa hartu dugu, epe laburrean, pobreziarik gabeko gizarte bat, berdintasunezkoagoa, azken batean, jendarte hobe bat ahalbidetzeko ezarri behar diren tresnei buruz eztabaidatzen jarraitzeko.

Elkarretaratzea egin dugu, Lezkairuko eskola berrian D eredua jar dezaten eskatzeko

Elkarretaratzea egin dugu, Lezkairuko eskola berrian D eredua jar dezaten eskatzeko. Elkarretaratzea Lezkairuko eskola berria egiten ari diren tokiaren ondoan egin dugu.

LAB, STEILAS, ELA, SORTZEN eta Euskalgintzaren Kontseiluaren oharra:

Azken urteotan etxebizitza asko eraiki dira Iruñeko hegoaldeko auzoetan, batez ere Azpilagañan, Arrosadian eta Lezkairun. Familia askok haien seme-alabak euskarazko murgiltze ereduan matrikulatu nahi dituzte, baina, gaur egun, eremu horretan Hegoalde ikastolak bakarrik eskaintzen du D eredua, eta ez da aski eskari guztia estaltzeko.

2021eko otsailean, Lezkairuko ikastetxe berria eraikitzeko hitzarmena sinatu zenean, Hezkuntza kontseilariak esan zuen posible zela D eredua zabaltzea aipatu eskolan. Dena dela, azken mahai sektorialean horretaz galdetu genuen, baina ez ziguten erantzun.

Gainera, Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan xedatzen da ikastetxe publikoen sareak behar adinako gaitasuna lortu behar duela auzo eta zonalde guztien beharrak asetzeko, ikasleengandik hurbilen dauden ikastetxeetan eskolatzeko eta euskarazko eskaintza etengabe garatzeko mailaz maila. 

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu D eredua zabal dezala Lezkairuko eskola berrian, hurrengo martxoaren 7an irekiko den matrikulazio kanpainan, euskaraz ikastea denon eskubidea delako.

Kalera irtengo gara martxoaren 3an, langile borroka bizirik dagoela aldarrikatzeko

Martxoaren 3an, 46 urte beteko dira Gasteizen langileek pairatutako sarraskitik. 46 urte geroago, oroimenak bizirik dirau, eta, LAB sindikatutik, urtero bezala, omenaldi propio bat egingo dugu datorren ostegunean, 11:30ean, San Frantzisko de Asis elizaren kanpoaldean, odolustea izan zen elizaren ondoan.

Bertan, omenaldi bat egingo dugu, eta abian diren borrokak ikustaraziko ditugu. Ondoren, lore eskaintza egingo dugu.

Martxoaren 3an, bestalde, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok omenaldi eta manifestazio bateratua egingo dugu; 18:30ean eta 19:00etan, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, agerraldia egin dugu egun horretari begirako irakurketa plazaratzeko.

Sindikatuon ohar bateratua:

Duela urtebete, hemen bertan, omenaldi bat egin genien Gasteizen eraildako langileei, baita ere sarraskia salatzen ari ziren manifestazioan hil zituzten bi pertsonei ere. (Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral,  eta Juan Gabriel Rodrigo Knafo y Vicente Anton Ferre).

Gaur, urte bat pasa ondoren, gauza asko gertatu dira, asko dira patronalak langile klasearen aurka egindako erasoak, EEE edo ERE basatiak, prekaritatea ohiko praktika bihurtuta, lan-istripuak, nolanahiko gabeko kaleratzeak, transfobia, jazarpen sindikala, generoagatiko soldata-diskriminazioa.

Horietako bakoitzaren aurrean, langile-mugimenduak egoera bakoitzak eskatzen zuen bezala erantzun du; Tubacexeko plantillaren moduko borroka eredugarriak ikusi ditugu, baina baita egoitzetako, etxez etxeko laguntzako, garbiketako, hezkuntzako langileak eta funtzio publikoko langileak ere.

Batzuek, irakurketa sinplista eginez, borroka bakoitza independentea dela interpretatzen dute, eta ez dute euren ondar aletxoaren ekarpena egiten aldaketa globalago bati, bai ekonomikoari, bai sozialari. Aldiz, guk badakigu mobilizazio bakoitza, greba bakoitza, lan-erantzun bakoitza kapitalaren urdailari emandako kolpe bat dela.

Martxoaren 3ko mobilizazioak, justizia eta erreparazioaren oroitzapena eta aldarrikapenaz gain, borroka horiei guztiei eta azken urteotan borroka historikoak izan dituzten sektore guztiei, pentsiodunen mugimenduari eta mugimendu feministari, tartea emango die. Metaleko, egoitzetako, etxez etxeko zerbitzuko lankideok, ikasleok, irakasleok, guztiok ibiliko gara Gasteizko kaleetan.                 

Hori guztia helburu bakar batekin: 76ko martxo hartan hasi zutenari amaiera ematea. Datorren martxoaren 3an, osteguna, arratsaldeko 18:30ean omenaldia hasiko da eta ondoren manifestazioa 19:00etan abiatuko da.

EAJ eta PSN interpelatuko ditugu martxoaren 8an, zaintzaren sektoreetako langileen lan baldintzen defentsan

Martxoaren 8an, Mugimendu Feministak arratsalderako deitutako mobilizazioekin bat egiteaz gain, kalera irtengo gara goizean, zaintzaren sektoreetako langileen lan baldintzen defentsan eta zaintza negozio iturri bilakatu dutenen kontra. Zentzu honetan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen EAJ buru duen Foru Aldundien aurrean mobilizatuko gara; Iruñean, berriz, PSN-ren egoitza aurrean. 11:00etan izango dira protestak.

Zaintzaren sektoreko langileek esklabotzatik gertu dauden lan baldintza prekarizatuak pairatzen dituzte. Honek erantzule argia du: pribatizatu eta zaintzak negozio bihurtzen dituena.

Gure kasuan, arduradun hori azken 40 urteetan EAEn agintean egon den alderdia da, EAJ, hain zuzen ere. Era berean, Nafarroan, gobernuko alderdi neoliberalek eta ultrakontserbadoreek urteetan zehar ildo berari jarraitu diote: pribatizatu, merkantilizatu eta jendearen premiak erabili irabaziak lortzeko. Milaka emakume langileren bizitzak prekarizatu eta enpresa pribatuentzako esleipenen bidez diru publikoa poltsikoratu dute. Zaintza, aberastasun iturri izan da batzuentzat.

Egoera horrek konponbidea behar du, berehala. Zaintzaren negozioarekin amaitu eta zaintzak demokratizatu behar ditugu. Diru publikoa egoitza pribatuetara desbideratzen da urtero: EAEn, 210 milioi eurotik gora; Nafarroan, 100 milioi euro inguru. Nafarroan dauden 72 egoitzetatik, 2 baino ez dira publikoak, eta EAEn, 370 zentroetatik % 90 pribatuak dira, eta 70 baino gehiago EAJko kargudun ohienak.

Datu argiak dira. Ezin diogu egoerari ezikusiarena egin. Diru publikoa esku pribatuetara desbideratzen da, lagunen enpresei emateko eta, bien bitartean, langileen baldintzak eta zaintzak behar dutenen arreta gero eta gehiago kaskartzen da. Ezin dugu egoera hau luzaroago onartu. Zaintzak ezin dira negozioa izan, gutxi batzuek zaintzaileen ustiapenaren eta zerbitzuaren okertzearen kontura irabaz dezaten.

Zaintzak eskubidetzat hartu behar dira: modu duin eta bidezkoan zaindu eta zaintzeko eskubidea, bai zaintzaileentzat, bai zainduak izaten ari direnentzat. Horixe da bizitza erdigunean jartzea. Gaur egun, gobernatzen duten alderdiek kontrakoa aukeratu dute: negozioa erdigunean jartzea.

Horren aurrean:

• Zaintzarekin zerikusi zuzena duen ezein zerbitzu pribatizatzeko debekua eskatzen dugu, adinekoen egoitzetatik eta etxez etxeko laguntzatik hasita.

• Negozio horiek kudeatzen dituzten enpresen gaineko kontrola eskatzen dugu, bai eta hitzarmenak negoziatzeko betebeharra ere. Halaber, eta enpresa horiek publifikatu arte, bertako lan baldintzak sektore publikotik zuzenean ematen diren zerbitzuetako lan baldintzekin pareka daitezela. Zaintza, eskubide gisa, ezin da esku pribatuetan geratu.

• Zaintza sistema publiko bat behar dugu, premia horiei guztiei erantzungo diena, eta langileek aspaldidanik jasaten duten egiturazko esplotazioarekin amaituko duena.

• Adinekoen egoitzak eta etxez etxeko laguntzaren kudeaketa zuzena eskatzen dugu, baita etxeko lanaren erregularizazioa ere, lan baldintzak babestuko dituen hitzarmen kolektibo baten bidez.

• Egoera irregularrean dauden etxeko langile guztien erregularizazioa.

Ez ditugu zaintzak eta zaintzaileak enpresa esplotatzaileen esku utziko, onura besterik ez baitzaie interesatzen, eta ez bizitza. Era berean, berriz pribatizatzeko eta zaintzak etxeetara itzultzeko familia-politikak salatzen ditugu; ez da irtenbide justua, emakumeak* zainketen erantzule bihurtzeko modua baino. Ez gaude xantaia hori onartzeko prest. Zaintzen birbanaketa justua eta berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu.

Gainera, hori guztia etxeko langileen esplotazioarekin batera gertatzen da. Egoera larrian daude, beren eskubideak ukatuta eta langiletzat hartu gabe. Atzerritartasun legeak hori guztia ahalbidetzen du. Egoera irregularrean dauden etxeko langile guztiak erregularizatzea eskatzen dugu. Hemen lan egiten dute eta hemen bizi dira.

Eskubide guztiak denontzat! Zaintza lan guztien pribatizazioa eta azpikontratazioa gelditu!

Ukrainako egoerak diplomazia serio eta konprometitua behar du

Errusiak Ukrainan egindako eraso militarra oso albiste txarra da, zoritxarrez iragarpen okerrenak egia bihurtu dituena. Egoera hau, besteak beste, azken asteetako gerra-tentsioaren gorakadarengatik eta nazioarteko akordioak etengabe ez betetzearen ondorioa da.

Errusiak Ukrainan egin duen esku-hartze militarrak mundua, munduko ordena berri baterantz doala, eta egoera horren ondorioen dimentsioa gaur egun ezezaguna dela agerian uzten du.

LAB sindikatuak, NATO-n sartzeko erreferendumean Euskal Herriak esan zuen bezala, gerrari ezetz esan dio, eta, hortaz, Errusiari liskarrak eta ekintza militarrak eteteko dei egiten diogu. Gatazkan inplikatuta dauden alde guztiei alde guztientzat egokiak izango diren nazioarteko akordio berriak lortzeko bide diplomatiko guztiak agortzea, akordio horiek betetzea eta inork desiatzen ez duen hondamendia izango litzatekeen gerrari ateak ixtea eskatzen diegu.

Anbulantzien zerbitzua publiko izatea eskatu dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

Garraio Sanitarioko Zerbitzuko langileek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren kudeaketa salatu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, eta zerbitzua publiko egiteko eskatu dute. Euren eta zerbitzuaren egoerari buruzko eztabaida egin dute Legebiltzarrean, eta, horren harira, LAB, ELA, UGT, CCOO, ESK eta CNT sindikatuok deituta mobilizatu dira.

Pandemia baino lehenagotik salatu dugu anbulantzia-baliabideak urriak direla herritarren behar guztiak asetzeko, baina Osasun Sailetik entzungor egiten dute, eta, zerbitzua indartu beharrean, murriztu egiten dute, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuei dagokienez, kudeatzen duten enpresa pribatuen emaitzen kontuen onura gero eta handiagoa baita. Onura hori egungo baliabideak handitzeko erabil liteke, Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartuko balu, onura pertsonala baino bilatzen ez duten enpresa pribatuak aberasteko erabili beharrean.

Horregatik, zerbitzuaren publifikazioaren bidez hobetzeko borrokan jarraituko dugu. Garraio sanitarioaren sektorea publikoa izatea eta ez azpikontratatua, eta zerbitzua herritarren eskura egotea, eta ez enpresa pribatuen onuren esku, langile guztiak subrogatuak izateaz gain.

Jokin Bildarratzen sailak ezezko borobila eman dio kalitatezko jangela zerbitzua eskaintzeari eta jangelako langile guztien lanpostuak eta lan baldintzak bermatzeari

Protesta egin dugu Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, ikastetxe publikoetako eskola-jangeletako langileen lanpostuak arriskuan daudela ohartarazteko.

Salatu dugu Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari ez zaizkiola batere axola  ikasleak eta jangelako langileak, eta hala erakutsi du berriro ere LAB sindikatuarekin izandako bileretan.

Jokin Bildarratzen sailak ezezko borobila eman dio kalitatezko jangela-zerbitzua eskaintzeari eta jangelako langile guztien lanpostuak eta lan-baldintzak bermatzeari.

Ikastetxe publikoko jangeletako langileen etorkizuna oso iluna da. Gure lanpostu asko desagertuko dira eta gure lan-baldintzak nabarmen okertuko dira.

Hau esanda, LAB sindikatuak langileei eta gainerako sindikatuei dei egiten die indarrak batzeko, Hezkuntza Sailari ozen eta argi esateko: edo langileen ordezkariekin lanpostuak mantentzea negoziatzera esertzen da, ratioak eta lanaldien igoera aldatuta, edo aurrez aurre izango gaituzte.

Salatu dugu Espainiako estatuko OEIS patronalak Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena inpugnatu duela

Sei urteko borrokaren ondoren eta bi urte negoziatzen ibili ondoren, 2021eko urtarrilaren 8an LAB sindikatuak, CCOO eta UGT sindikatuekin eta ANEIS patronalarekin batera, akordio historikoa lortu zuen sektorea duintzeko, eta, hala, Nafarroako esku-hartze sozialaren lehenengo hitzarmen sektoriala sinatu zen. Orain, Espainiako Estatuko OEIS patronalak (Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren arloko Erakundeen Estatuko Elkartea) hitzarmen hori salatu du. Epaiketa apirilaren 26an izanen da Nafarroako Auzitegian. OEISen barruan elkarte hauek daude: Gurutze Gorria, Cáritas, Acción contra el Hambre, Secretariado Gitano eta Asociación Española contra el Cáncer. Orain salatzaile gisa agertzen diren enpresa horiek ez zuten bere garaian hitzarmenaren negoziazio prozesuan parte hartu nahi izan, jakinaren gainean egonda eta gonbidatu bazeuden ere.

LABen iritziz, salaketa hau oso larria da, gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitateari zuzenean eragiten diolako, eta, orobat, sektorean aritzen diren 1.600 langile ingururen lan eskubideen aurka egiten duelako. Hitzarmenari esker, langile horiek egiten duten lan sozial eta profesional goraipagarria aitortua eta duindua izatea lortu zen.

LABek bere esku dagoen guztia eginen du hitzarmena defendatzeko, langileekin eta prest dauden gainerako eragileekin batera. Badakigu berri hau ez dela atsegina, baina ziur gaude antolakuntzaren eta borrokaren bidez lortuko dugula egoerari buelta ematea, hitzarmenaren negoziazioan egin genuen bezala. Bi hilabete ditugu borroka egiteko.

Idazki honen bidez sektoreko langile guztiei dei egin nahi diegu hurrengo egunetan eginen diren batzarretan parte hartzera, egoera denen artean aztertzeko, zalantzak argitzen saiatzeko eta OEISek egin digun eraso honi nola erantzun erabakitzeko.

Batzarrak:

  • Otsailak 25, ostirala
    • 10:00 Katakrak (Kale nagusia), Iruñea
    • 17:00 LABen egoitza (Arga ibaia 12-14) Rotxapea, Iruñea
  • Otsailak 28, astelehena
    • 10:00 Katakrak (Kale nagusia), Iruñea
    • 17:00 Katakrak (Kale nagusia), Iruñea
  • Martxoak 2, asteazkena.
    • 17:00 La Rúa gizarte etxea. Tutera

Confebask-ek uko egin dio enpresetan euskara planak negoziatzeari

Otsailaren 22an, LABek eta ELAk bilera izan genuen Confebaskekin, CCOOekin eta UGTrekin. LAB eta ELAren eskaera oso xumea izan zen: langileen ordezkaritzak edo enpresarenak Euskara Planak negoziatzea eskatzen duten lantokietan negoziazioa irekitzeko konpromisoa hartzea. Confebaskek uko egin zion aukera hau negoziatzeari.

Orain urtebete LABek, ELAk eta Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko dinamika bat jarri genuen martxan. Euskararen erabilera normalizatzeko plangintza enpresen %1ek du, eta euskararen erabilera lantokietan kale erabilera baino askoz murritzagoa da, enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatea baitakar, eta, horregatik, aldaketa bat ezinbestekoa da.

Adierazitako egoera kontuan izanik, LABek, ELAk eta Kontseiluak lan munduaren euskalduntzea norabide berri batean jartzeko saiakera egin dugu. Saiakera horren abiapuntua akordioari aukerak ematea izan da; hiru eragileok uko egin diegu gure eskaera propioak aldarrikatzeari ekimen honetan, patronala eta beste sindikatuak ere eroso egon daitezkeen abiapuntu baten bila. LABentzat, ELArentzat eta Kontseiluarentzat gutxieneko adostasun elementu izan beharko litzateke langileen ordezkaritzak edo enpresarenak eskatzen dutenean gaiari buruzko negoziazioa zabaltzea; plan hori martxan jartzeko obligaziorik gabe, baina adostasun baten bila.

Eskaera oso xumea izan arren, euskalduntzea protokolizatzea eta horri buruzko negoziazioak zabaltzea abiapuntu garrantzitsua da, eta horri eman diogu balioa ekimenaren bultzatzaileok. CCOOk eta UGTk eskaera propioak zituzten ekimen honen bueltan, eta negoziazioa martxan jartzeko prest azaldu ziren. Confebaskek, berriz, uko egin dio negoziazioa irekitzeari.

LABentzat, ELArentzat eta Kontseiluarentzat harritzekoa eta arduratzekoa da patronalaren jarrera. Arduratzekoa da negoziazio eskaera inposizio gisa hartzea eta harritzekoa Euskara Planak negoziatzea arazo gisa hartzea, jakinik ez dela akordiorako obligaziorik ezarri. Euskara Planen negoziazioak diagnostikoa eskatzen du eta tokian tokiko egoeraren arabera hobekuntzarako neurriak negoziatzea. Hori Confebaskentzat arazo da, eta oso larria da hori. Jarrera horrekin ezinezkoa izango da inoiz euskaraz lan egin nahi duten langileek horretarako aukera izatea. 

LABek, ELAk eta Kontseiluak ez dugu bukatutzat ematen ekimena; Confebasken ezezkoaren ondoren egoera hausnartu eta jarraipena emateko erabakiak hartuko ditugu.