2026-01-22
Blog Page 406

Automobilgintza sektoreko txipen faltak ez ditu justifikatzen langileen kontrako erasoak

Azken asteetan automozio sektorean lan etenaldiak ugaritzen ari dira. Euskal Herriko industriaren sektore garrantzitsuena da automobilgintza, eta bertako bi enpresa nagusiei eragiteaz gain (Mercedes eta Volkswagen), ehunka hornitzaileri eta azpikontratari eragiten die egoerak. EEE eskaerak ugaritzen ari dira. Geldialdi horien arrazoia Asian ekoizten diren txip falta da.

LABek salatu nahi du, beste behin ere, enpresek hartutako erabakien ondorioak langileak jasaten ari direla. Eta gainera, hori horrela izan ohi da soilik enpresa jardueran arazoak daudenean. Enpresek irabazi handiak metatzen dituztenean, automozio enpresa handiek urte luzez egin duten moduan, langileen egoerarengan ez da hobekuntzarik egon. Kontrara, lan erritmoen handitzea, azpikontratazioaren ugaritzea eta enpresa hornitzaileen prekarizazioa areagotu da. Orain, egun batzuetarako ekoizpena geldituko denean, langileek egoeraren ondorioak pairatu behar dituzte. Irabazietanez,bainagaleretanpartehartzenuztenzaielangileei.

Txip gabezia ez da soilik Asiako pandemiaren ondorio. Automozio enpresek ekoizpena mundu osoan zehar zabaldu dute, nahiz eta horrek ingurumenari egindako kaltea biderkatzen duen, irabaziak handitzeko helburuarekin. Erabaki horren ondorioak jasaten ari dira egun. Ekoizpen prozesuen birlokalizazioaren eztabaida abiatu beharreko zerbait da. Gainera, txipak egon badaude, nahiz eta automobilgintza sektorera ez diren ari bideratzen momentu honetan. Erabaki politiko-ekonomikoen ondorioa da beste sektore batzuetarako erabiltzea momentu honetan. Horregatik, uste dugu erabaki horren atzean, edo ondorioz, mundu guztian murrizketa eta lan baldintzak okertzeko saiakera egin nahi dutela.

LABek ez du onartuko egoera baliatuta enpresa nagusi, hornitzaile edo azpikontratetan murrizketarik ezartzea edo enplegua desagertzea. Unean uneko egoerei unean uneko akordioekin erantzun behar zaie, ez inposaketekin. Langileei dei egiten diegu lan baldintzen eta enpleguaren alde lan zentroetan antolatzeko.

13/13 sumarioko auzipetuen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu euskal langileei

Aste honetan hasi da berriro 13/13 sumarioaren baitan 7 euskal herritarren aurkako epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuei gure babes eta elkartasun guztia helarazi nahi diegu, eta bereziki gogoratu nahi dugu Juan Mari Jauregi LABeko kidea eta auzipetua, duela sei egun hildakoa. Izan ere, Jauregirengan eragin zuzena izan zuten 2010ean izandako atxiloketa eta jasandako tortura latzak. Sindikatuaren aldetik, gure doluminak adierazi nahi dizkiegu bere senide eta lagunei.

Datorren igandean, irailaren 12an, Donostian deitu den mobilizazioarekin bat egiten du LABek eta parte hartzeko deia egiten diegu euskal herritarrei. 13:30ean abiatuko da manifestazioa Donostiako Bulebarretik. Sindikatuko ordezkaritza zabala izango da mobilizazioan.

Euskal presoei laguntza juridiko eta soziala emateagatik fiskaltzak 77 urterainoko espetxe zigorra eskatzen du auzipetuentzat. 13/13auziazhitzegiterakoaninkomunikazio-aldikotorturasalaketak,etengabekoirregulartasunak… datozkigu gogora. Horregatik, orain baino lehen esana dugu epaiketara iritsi gabe, auzia artxibatua izan behar zuela. Auziaren beraren eta akusazioen larritasuna salatzearekin batera, eskakizun horretan berresten gara.

Lekuz kanpoko epaiketa baten aurrean gaude. Ez lehen ez orain martxan jarri behar ez lukeen epaiketa. Espainiako Estatuak gatazka politikoari irtenbide demokratiko bat eman gabe jarraitzen du. Salbuespenezko espetxe politika oraindik ez da amaitu, ezta salbuespenezko prozedura judizial eta polizialak ere. Larria bada iraganera begira jartzen gaituzten sumarioak oraindik itxita ez izatea, azken polizia operazioekin lotuta sor litezkeen berriengatik ere gure kezka adierazi nahi dugu. Errepresio bidearen amaiera eskatzen dugu.

Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko euskal herritar guztien eskubideak bermatzea ezinbestekoa da, guztienak, eta gisa honetako erasoek ahalegin hori zangotrabatu besterik ez dute egiten.

Auzipetuek adierazi bezala, zauriak ongi ixteko gatazkaren ondorioei heldu behar zaie, askatasunari, demokraziari, euskal jendarteari aukera berriak eman. LABetik ere horretan gaude. Salatzen, aldarrikatzen eta mobilizatzen jarraitzeko arrazoiak baditugu, beraz.

Tuterako Ospitalea: lan bera, soldata bera

Tuterako Ospitaleko langileek berriz ere erakutsi dute ez daudela ados, txanda berean lan berdina egin arren, soldata bera kobratzen ez duten profesionalen artean gertatzen ari diren bidegabekeriekin. Kontu hori sisteman errotuak dauden ekitate gabeko beste egoera askoren izebergaren punta besterik ez da, non kasu askotan bereizketak egiten baitira profesionalen artean, are kategoria bereko langileen artean ere.

Langileek, besteak beste, jaiegun berezien kontzeptuaren ordainketari buruz egiten duten aldarrikapena ez da berria, ez eta Tuterako Ospitaleko erreibindikazio berezi bat ere, Osasunbidea osoan gertatzen baitira horrelako bidegabekeriak. Jaiegun bereziak (Eguberriak, sanferminak, herrietako jaiegunak…) guardiako langileek bakarrik kobratzea –eta ez gainerako langileek– langileen zenbait ordezkarik negoziatutako prebenda bat da, legez ezarritako negoziazio-mahaietatik erabat kanpo adostu zutena.

Baina horrelako ordainketa-sistema diskrezionalak ez dira kolektibo batenak soilik; izan ere, askotan gertatzen da kategoria bereko bi lankidek soldata desberdinak izatea, baita ordutegi desberdinak ere, nahiz eta biek eginkizun berberak izan eta kategoria bereko lanpostuetan aritu.

LAB sindikatutik horrelako praktikak salatzen ditugu, eta, horien artean, bereziki, produktibitateen ordainketa. Izan ere, sistema hori ez da ez eraginkorra, ez bidezkoa, ez ekitatiboa.

Hemendik gure babes osoa “lan berdina, soldata berdina” aldarrikatzen duten langileei.

Lan heriotzak indarkeria patronala direla salatu du Garbiñe Aranburuk

Aktualitateko gaiei buruz elkarrizketatu dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusian, Hamaika Telebistan, “Gurean Gaur” saioan. Besteak beste, azken egunotan izandako lan heriotzei buruz galdetu diote, baita iragarritako Greba Orokorraren inguruan ere. Azken honi dagokionez, adierazi du borroka sindikalak ugaritu egin direla azkenaldian, eta borroka horiek guztiak konfluitzeko eta ofentsibara pasatzeko garaia dela.

Arabako Foru Aldundiaren aurrean salatu dugu lan heriotzen odolustea, Nafarroan beste lan heriotz bat gertatu den egunean

38 urtetako langile bat hil zen astelehenean, Zambranan, baso lanetan ari zela. Hildakoa Castellongo Contrachapados Archena enpresarentzat ari zen lanean, Arabako Foru Aldundiaren azpikontrata. Bada, foru erakundearen aurrean mobilizatu gara, euskal gehiengo sindikalak deituta, lan heriotza hau eta aurten Euskal Herrian gertatutako 45. lan istripu hilgarriak salatzeko.

Ostiralean, Iruñera eramango dugu lan heriotzen odolustearen salaketa, Nafarroan egunotan izandako lan istripu lazgarrien harira. Kasu honetan, Nafarroako Parlamentuan egingo dugu elkarretaratzea, 11:00etan, euskal gehiengo sindikalak deituta ere.

Garbiñe Aranburu: “Indarkeria patronala”

Hamaika TBn egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Gasteizen  gehiengo sindikalarekin batera atzo Zambranan hildako langileriaren heriotza salatzeko elkarretaratzearen ondoren eta Igantziko (Nafarroa) harrobian izandako beste laneko heriotza baten berri izan dugun egunean bertan. Harrobi honetan langile bat hil da materiala deskargatzen ari zen kamioi bat irauli ondoren. Gaur gertatutakoarekin, 46 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak

“Arazo larri baten aurrean gaude, askotan salatu izan duguna. Abuztua eta iraileko istripuen gorakadak ez dio koiuntura bati erantzuten, sakoneko arazoei erantzuten die. Horren atzean dauden arrazoiak askotan salatu izan ditugu. Hau guztia indarkeria patronala dela ulertu behar dugu, ekidin daitezkeen istripuei buruz ari gara. Laneko gaixotasunetan ere gorakada nabarmena ematen ari da”, adierazi du Aranburuk. 

“Hori guztia prebentzio neurri egokiekin eta prekaritateari mugak jarrita ekidin daiteke. Guztiz onartezina dela iruditzen zaigu eta, batez ere, instituzioen arduragabekeria eta utzikerian jarri nahi dugu arreta, ez dutelako inolako neurririk hartzen egunero-egunero gure lantokietan gure lan-osasunaren urraketaren aurrean. Gure ekintza sindikalean prebentzio neurriak bete daitezen lana zorroztuko dugu eta, hortik harago, mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu bestelako neurriak har daitezen”, gaineratu du.

“Ez dira kausa naturalei egotzi ahal zaizkien heriotzak. Horregatik, are larriagoa suertatzen da horrelako datuak izatea. Gainera, kontuan izan behar da laneko heriotza bakoitzeko laneko gaixotasunen ondorioz hiltzen den langile kopurua ere biderkatu egiten dela. Laneko gaixotasunak ez dira estatistiketan agertzen. Heriotzera iritsi gabe ere laneko istripu larrien kopurua ere igotzen doa”. 

“Beraz arazo sozial oso larri baten aurrean gaude eta ezin da, inondik inora, ontzat eman egoera hau betikotzea. Are gutxiago, berriro ere, krisi testuinguru batean erdian gaudenean eta ikusten dugunean patronalak ez duenean prebentzioan inbertitzearen aldeko apusturik egiten, azken batean, zigor gabe sentitzen delako. Eta horrek eramaten du horrelako istripuak patronalarentzat jasangarriak izatera eta guk ez dugu onartuko. Instituzioek bestelako erabaki batzuk hartu behar dituzte. Ikuskaritza lanak indartu behar dira eta horretarako bitarteko gehiago behar da. Eta ardura politikoak ere eskatu behar zaizkio patronalari eta bestelako neurriak ere har daitzeke, prebentzio neurriak betetzen ez dituzten enpresekin ez azpikontratatzeko inolako lanik edo diru publikorik ez emateko”, adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

100 egun etxeko ospitalizazio zerbitzurik gabe Lizarrako osasun barrutian

Lizarrako etxeko ospitalizazio zerbitzua itxita dago oraindik, eta ez dago konponbiderako proposamen argirik. Zerbitzu hori duela hiru hilabete baino gehiago desegin zuten Yolanda Montenegro Lizarrako osasun barrutiko gerenteak eta Santos Indurain kontseilariak. Konponbide eta ekimen falta honek, halaber, Nafarroako herritar guztiei bidezko zaintza emateko interes faltaz ere esaten digu zer edo zer.

Iruñeko barrutian, etxeko ospitaleratzeak arinaldia ekarri die ohiko ospitaleratzeari eta etxean artatu zitezkeen pazienteei eta haien senideei; Lizarrakoan, berriz, senideen eta Garcia Orcoyen Ospitaleko barne-medikuntzako langileen gainean kargatu da presio asistentzial guztia. Gainera, presio horrek eragina izan du Oinarrizko Osasun Laguntzan. LABek eskatzen du berehalako neurriak hartzea eta zerbitzu hori berrezartzea; izan ere, orain 5. olatuak atsedenaldia duela dirudi, kopuruei dagokienez behintzat.

Egutegirik ez dagoenez, eta profesionalei Lizarrako etxeko ospitalizazioaren etorkizunari buruzko erantzunik eman ez zaienez, ez dago berehala irekitzerik; gainera, ez dago zerbitzua berriz abiatzeko berehalako asmorik. Lizarrako gerentziak eta Osasun Kontseilariak aipatzen duten profesional falta hori konpondu nahi dute barne-medikuntzako 7 fakultatibo espezialistaren oposizio-lehiaketaren bidez; horien destinoa Lizarrako osasun barrutia da (zerbitzu-eginkizunek eta “ezustekoek” ahalbidetzen baldin badute). 7 plaza horiek 2021eko urriaren 23an lehenbiziko oposizio-azterketa izango duten 16 plazen barruan egongo lirateke. Horri gehitu behar dizkiogu ondorengo izapideak (oposizioaldiaren behin-behineko eta behin betiko emaitza, lehiaketaldiaren behin-behineko eta behin betiko emaitza, azken emaitza, lanpostu hutsak aukeratzea, izendapen-proposamena eta plazak esleitzea). Kontuan hartuta aurreko prozesuak eta aldi berean egingo diren hautaketa-prozesuen kopurua, ondoriozta dezakegu ebazpena ez dela osatuko datorren urtearen hasiera baino lehen.

LAB sindikatuko kideok beti salatu izan dugu pribatizazio-estrategia ez dela tamaina handiko zerbitzuak ixtea edo langile gehiegi inplikatzen dituzten zerbitzuak ixtea (horiek ere egiten dira, baina). Aitzitik, osasun publikoaren kalitatea higatzeko estrategia garbi baten bidez egiten da, kalitate-plusa dakarten baliabideak ezabatuz; horrekin batera, larrialdi-zerbitzuak eta ospitaleratze-plantak masifikatu egiten dira, edo Oinarrizko Osasun Laguntzan arreta galdu egiten da.

Eskatzen diegu etxeko ospitalizazioak eragindako herritarrei eta profesionalei ez dezatela onartu “bigarren mailakoak” izatea; aldarrikatzen dugu osasun barruti guztiak hornitzea zerbitzu zein baliabide nahikoz, izan ere, sobera frogatua baitute eraginkorrak direla. Horrez gain, egoera horren erantzule egiten dugu, alde batetik, Yolanda Montenegro Lizarrako gerentea (ez baitie batere garrantzirik eman sindikatuen eta langileen salaketeei) eta, bestetik, Osasun Departamentua, Santos Indurain andrea buru duela (frogatzen ari baitzaigu ez dela gai izan UPNren garaitik ditugun gabeziak konpontzeko).

Industriaren trantsizioa nola ez den egin behar erakutsi digu Eusko Jaurlaritzak Arcelor Mittal Zumarragan

LABek komunikabideen bidez jakin du Eusko Jaurlaritzak Arcelor Mittal multinazionalari Zumarragan zuen lantokiko zati handiena erosi diola 7 milioi euroren truke. Adierazgarria da Eusko Jaurlaritzak ez jakinarazi izana bertan lanean dauden langileekin zer gertatuko den.

Eusko Jaurlaritzak propagandarekin ezkutatu nahi duen industria politika ezaren erakusle argia dela deritzogu eta Euskal Herriko industrian eman behar den eraldaketa nola ez den egin behar erakusten digu.

Hasteko gogoratu nahi dugu Espainiako lan erreformaren aplikazio bortitzaren aitzindarietako bat izan zela Arcelor Mittal Zumarragako lantokiaren itxiera. 300 lanpostu zuzen eta zeharkako 200 lanpostu desagertzea ekarri zuen bidegabeki. Prozesu horretan, Eusko Jaurlaritza lagun izan zuen multinazional indiarrak eta ez zuen inolako konpromisorik hartu itxieraren aurrean.

Itxiera gertatu zenean salatu genuen Arcelor Mittalek kutsatutako lurrak ez tratatzeko trikimailua zela altzairutegia biltegi moduan erabiltzea, eta denborak arrazoia eman digu: Herrigunetik gertu dauden kutsatutako lurrak bere horretan mantendu dira.

Orain, era onartezinean, Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro eman dizkio Arcelor Mittali lurren truke, eta multinazionalari dagozkion deskontaminazio lanak guztion artean ordainduko ditugu. Kaleratutako langileek beraiek, euren zergak ordaintzean, Arcelor Mittali dagokionaren zati bat ordainduko dute. Lan erreformaren bidez ehundaka lanpostu desagertzearen truke saria eman zaio Arcelor Mittali. 2021 urteko lehen 6 hilabeteetan 5.312 milioi euroko irabazi garbia izan duen Arcelor Mittal multinazionalari. Inolako konpromisorik eskatu gabe.

Lur horietan etorkizunean jarduera berriak egin ahal izatea ongi ikusten dugun arren, ez da onargarria Zumarragako herria eta eskualdean sekulako ondorioak utzi dituen itxiera bidegabearen erantzule den Arcelor Mittal horrela saritzea.

Industriaren trantsizioaren beharraz hitz egiten duten garaiotan, LABentzat egin behar ez den trantsizioaren eredua da Arcelor Mittal: langileak kaleratuak lan erreformaren erabilera perbertsoaz, eta instituzioak, enplegua babestu beharrean, bere gain hartu du enpresa jarduerak ingurumenean eragindako kalteen ardura.

Zumarragako alkateak aipatu duen duen balizko proiektu berriaren inguruan ez dute sindikatuekin inolako hartu emanik izan, eta LABek zuhurtziaz jaso du, ohikoa izaten ari baita horrelako iragarpenak arinkeriaz ematea.

Dena den, etorkizunean proiektu berririk ezartzeko aukerarik balego, LABentzat instituzioak ezin dira finantzaketa edo lur sailak eskaintzera mugatu. Inbertsoreei dagokie lan baldintzen, enpleguaren eta ingurumenaren inguruko bermeak eskatzea.

Enpresaburuei eta Nafarroako Gobernuari eskatu diegu benetako bultzada eman diezaiotela zahar egoitzen hitzarmen kolektiboaren negoziazioari

Nafarroako zahar egoitzen lehenbiziko hitzarmen sektorialaren aldeko elkarretaratzea egin dugu sindikatuok Iruñean, arratsaldean aurreikusitako negoziazio mahaiaren harira, patronalaren eta Nafarrroako Gobernuaren artekoa.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuon oharra, mobilizazioa dela eta:

Joan den maiatzaren 18an Nafarroako Hirugarren Adinekoen Zentroen lehen sektoreko hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen. Uda igaro da eta negoziazio horretan ezin izan da aurrera egin ia ezer ez.

Gaur, helburu argi batekin kontzentratzen gara. Foru Komunitatean zehar 70 zentro baino gehiagotan banatutako 4.500 langile baino gehiagok uste dugu ezinbestekoa dela berehala gure hitzarmen kolektiboaren negoziazioari bultzada bat ematea gure lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea ahalik eta azkarren hobetzeko. 

Joan den maiatzaren 25ean, sektoreko langileen 1.500 sinadura baino gehiago aurkeztu genizkion Nafarroako Gobernuari zuzeneko erantzukizuna baitu Gobernuak. Sinadura horiek langileen konpromisoa eta aldarrikapena erakusten dute Nafarroako hitzarmen propioa lortzeko eta horrela prekarietatetik urruntzeko.

Une honetan, Nafarroan, kudeaketa pribatuko enpresen esku daude zaintza profesionalizatuak, onura ekonomikoa lehenesten baitute pertsonen zaintzaren gainetik. Beharrezkoa da eredu publiko, doako eta unibertsal baterantz igarotzea esparru honetan.

Batez ere emakumeei dagokien zaintza-lana duindu behar dugu eta lortu nahi dugun hitzarmen kolektiboa, prozesu horretan, aurrerapausoa izango da langileei dagozkien eskubideak emateko.

Negoziazio-mahaian dauden LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek enpresaburuei eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu benetako bultzada eman diezaiotela sektoreko hitzarmen kolektibo honen negoziazioari. Era berean, eskatzen diegu ahaleginak egin beharko luketela sektoreko langileen lan-baldintzak eta zerbitzua bera hobetzen amaituko duen negoziazioa bizkortzeko, horrek eragina izango baitu gure adinekoei ematen zaien laguntzaren kalitatean.

“In itinere” istripuak lan istripuak ere badira

Azkoienen 37 urteko langilea hil da moto istripuz lanera zihoala. 2021ean Euskal Herrian hildako 45. langilea da, horietatik 5 lanerako joan-etorrietan. Lan heriotzen odolusteak ez du etenik, azken egunotako lan heriotzak lekuko.

LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoaren senide, lagun, eta lankideei. Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, sistema kapitalistan ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta behin behinekotasunaren emaitza dira. 2020. urtean, 77 hildako izan genituen Euskal Herrian. 2021. urtean, gutxienez, 45 hildako ditugu jada. Bistan da ardura duten patronal eta instituzioek ez dutela neurririk jartzen osasuna eta bizitza galdu ez ditzagun.

Azpimarratu nahi dugu “In itinere” arriskuak enpresetako prebentzio planetan zein arrisku ebaluaketetan, lan arrisku bezala identifikatua egon behar duela, dagozkion neurri prebentiboak emanaz. Formakuntzak ere arrisku hau aintzat hartu behar duela eta beharrezko neurriak inplantatu behar direla.

Borroka sindikalari esker “in itinere” istripuek lan istripu kalifikazioa dute, honek eragina du prestakuntza eta gainerako eskubideetan. Beraz, horrelako istripuak ematean, bere larritasuna edozein izanik, enpresari eta mutualitateari betebehar horiek jakinarazi eta betearazi behar zaizkie.

LAB sindikatutik argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta jendarte osoarena den izurrite honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu bat.

Nafarroan azken egunetan 3. hildako langilea delarik, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGTk Iruñean deitutako mobilizazioan parte hartzeko deialdia luzatu nahi genioke langileriari. Ostiralean izango da, irailaren 10ean, 11:00etan Nafarroako Parlamentu aurrean. Honi gehitu behar zaio asteazkenean, 12:00etan, Gasteizen egingo dugun elkarretaratzea.