Sindikatuok manifestazioa egin dugu Galdakao-Usansoloko ospitalean, Transfuzioen Euskal Zentroko langileek pairatzen duten diskriminazioarekin amaitu eta Osakidetzako gainontzeko langileekiko soldata ekiparazioa eskatzeko.
Iñaki eta Rosa Mariren etxegabetzea salatu eta babesa adierazi nahi diegu Azora funts putreak Donostian kaltetutako bizilagun guztiei
Gaur Donostiako Ategorrieta 43ko eraikinean bizi diren bi bizilagunen etxegabetzea burutu dela eta beste behin ere babes polizial osoarekin eta bertaratutakoen aurkako biolentziaz aurrera eramana izan dela salatu nahi du LABek.
Bizilagunek hasieratik salatu dute Azora funts putrearen ofentsiba eta haien egoera, Donostian jasaten dugun etxebizitza problematikaren aurpegirik gordinena ezagutaraziz. Bizilagunek auzoan bizi eta zahartzeko eskubidearen alde abiatu duten borrokarekin bat egiten dugu eta LABen elkartasun oso adierazi nahi diegu etxegabetutako Iñaki eta Maria Rosari. Gainera, lehenbailehen etxebizitza alternatiba bat emateko exijitzen diogu udalari.
Azora funts putreak Immboliaria Vascongadaren pisuak erosiz Donostian lur hartu zuenetik hamarnaka bizilagunek etxebizitzaren espekulazioaren ondorioak pairatu behar izan dituzte, besteak beste % 33ko alokairu igoerak eta hilabeteko kontratu luzapenak, etxegabetzeko mehatxuak tarteko. Bestalde, duela 6 urte udal gobernuak etxegabetzerik gabeko hiri izendatu zuen Donostia eta orduz geroztik etxegabetze egoerak kudeatzeko mediazio marko baten baitan, EAJk arazoa errotik hartu beharrean, hirian halako gertakari antisozialek dakarten irudi desegokirik ez ematea lortu nahi izan du.
Gaurkoan, funts putreen botere eta interesen aurrean Eneko Goiaren itxurakera agerian geratu da. Beraz, lehenbailehen exijitzen dugu gobernuek etxebizitza eskubide subjektiboa gauzatzeko betebeharra berma dezaten.
Etxebizitzaren merkantilizazioa eta espekulazioa langileon bizi baldintzen prekarizazioan auzi zentrala da. Horregatik azken asteetan ABIATUren bidez martxan jarri dugun kanpainan eta etxebizitzaren auziaren lanketan esan bezala, beharrezkoa ikusten dugu etxebizitzen prezioak arautzea eta alokairu soziala lehenetsiz, parke publikoa handitzea, funts putre eta jabego handiak desjabetzea eta euren inpunitatearekin amaitzea eta etxegabetze GUZTIAK gelditzea.
Etxebizitza ez da negozioa, eskubidea da. Etxegabetze guztiak gelditzea eskatzen dugu.
Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege proposamena aurkeztu dugu Gasteizko Legebiltzarrean, enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren banaketa ardatz
LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendia eta analisietako arduradun Oihana Lopetegi Eusko Legebiltzarrean izan dira, Lan eta Enplegu Batzordean, sindikatuak osatutako Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege proposamenaren nondik norakoak azaltzeko.
Hain zuzen ere, aipatutako proposamena Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu genuen joan den urrian, eta LABek aldarrikatutako banaketa hirukoitza du oinarri; hots, enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren banaketa. Hala, Lan Kode eta Gizarte Segurantzako lege proposamenean banaketa hori modu orekatuan egiteko neurriak jaso ditugu.
LABeko ordezkariek azaldu dute Euskal Herri osorako den proposamen hau ez dela itxia, heldu beharreko eztabaida baten baitan kokatzen baitugu; zer nolako lan harremanak, zer nolako eskubide eta betebeharrak eta zer nolako babes sistema nahi ditugun zehazteko.
Xabier Ugartemendiaren esanetan, “eredu berri baten eraikuntzan kokatzen ditugu proposamen hauek, baina horrek ez du esan nahi gaurdanik ezin garenik hasi gure proposamenetan jasotzen dugun norabide horretan lanean”.
Lan guztien aitortza
Lan Kodean lan guztiak, zaintzakoak barne, aitortzeko eta berriz birbanatzeko beharra planteatzen dugu. Era berean, lanaren sexu-banaketarekin amaitzeko proposamenak eta soldatak eta enplegua duintzeko neurriak jasotzen dira. Enplegua, zaintza eta aberastasuna banatzeko proposamenak dira, esan bezala.
Gizarte Segurantzaren Legean, berriz, pentsio publikoak eta gizarte-babes duina ziurtatzeko neurriak jasotzen ditugu.
Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzeko LABek egindako ekarpena da, azken batean.
Hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu berriro Arabako metalgintzako langileentzat
Auto karabanak egin ditugu, hitzarmen duin baten defentsan, azken asteetan egindako mobilizazio dinamikari segida emateko.
Auto karabanak, elkarretaratzeak, propaganda banaketa enpresetan eta poligonoetan… denetarik egiten ari gara, modu bateratuan, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuak. Manifestazio jendetsu bat ere egin genuen Gasteizen, non 1.500 pertsona inguru bildu ziren metalaren hitzarmen duin baten alde, lan-baldintza duinen alde.
Negoziazioan 3 urte baino gehiago eman ondoren, azken bileran SEA patronalak bere benetako aurpegia erakutsi zuen: lehen baino igoera makurragoak eta KPIarekin loturarik gabe, lanaldia jaisteaz ezer ez, ezta subrogazioaz ere, ez dute prekaritatearekin, ABLEen gehiegizko erabilpenarekin eta behin-behinekotasunarekin amaitu nahi, ez dute benetako berdintasunerako neurri eraginkorrik jasotzen, ezta lanean gure osasuna bermatzeko ere, Formazio Duala eta praktikak duintzeko hobekuntzarik ez, errelebo-kontratua ere ez dute onartzen…
Baina Arabako metalgintzako langileek argi diote: Aski da! Nahikoa da! Patronalaren immobilismoaren aurrean, bide bakarra geratzen zaigu: borroka. Borrokatu behar dugu gure helburuak lortzeko:
- Soldata duinak, orain bizitzaren kostua igotzen zaigunean.
- Lanaldia jaistea.
- Azpikontratetan subrogazioa.
- Kontratazioan prekaritatearekin amaitzea.
- Emakumeen diskriminazioa ezabatzea.
- Gure laneko osasuna bermatzea.
- Errelebo-kontratua, erretiro duina errazteko, plantilak be- rrituz.
- Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna bultzatzea.
- Formazio Duala eta praktikak duintzea.
Azken batean, Arabako metalgintzan lan-baldintza duinen alde borrokatu behar dugu. Argi izan behar dugu soilik gure aktibazioarekin mugiaraziko ditugula enpresaburuak. Arabako metalgintza borrokan dago: Gasteizko kaleetan zehar mobilizatu gara, baina borroka areagotu egingo da.
Mobilizazioekin jarraituko dugu, aktibazioarekin, enpresetan, poligonoetan, kaleetan, baita ezer alda ez dadin negoziazioa bahitzen dutenengana ere. Eta noski, grebak egingo ditugu, patronala mugituko da presioa egiten badiogu eta greba funtsezkoa izango da: metalgintzako enpresak geldituko ditugu gure eskubideak aktibatzeko.
Gure esku dago: aukera historikoa dugu Arabako metalgintzan lan-baldintza duinak lortzeko. Sei sindikatu gara, dozenaka batzorde eta ordezkari sindikal, milaka langile… lortuko dugu!
“Garbiketako langileak gelditzen bagara, dena gelditzen da”
LAB eta ESK sindikatuok babestutako Gora Garbitzaileak kolektiboak hirugarren ekintza egin du hiru asteko epean, Bizkaiko garbitzaileen lan eskubideen defentsan. Oraingoan, eserialdia egin dute Bilboko sarrera nagusietako batean, Juan de Garai kalean, zirkulazioa moztuz. “Garbiketako langileak gelditzen bagara, dena gelditzen da”, adierazi dute, eta matxoaren 31an garbiketan deitutako grebarako deia egin dute.
Gora Garbitzaileak kolektiboaren oharra, ekintzaren harira:
Gora Garbitzaileak aurrera doa. Martxoaren 31ko garbiketa-greba berotzeko asmoz, beste ekintza bat egin du Juan de Garai kalean; Bilboko sarreretako batean, alegia.
Gaur, martxoak 16, goizeko 8:30ean, dozenaka langilek trafikoa eten dugu Bilboko sarreretako batean. Atzo Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren beste bilera bat ospatu zen, eta berriro ere egiaztatu genuen enpresek ez dutela gure soldatak duintzeko asmorik.
Funtsezkoak gara, guk geldituko bagina, garbitzeari utziko bagenio, jarduera asko gelditu ere egin beharko lukete. Hori sinbolizatzeko, Bilboko trafikoa eten dugu 10 minutuz.
Era berean, pankarta bat zabaldu dugu, honako hau zioena: “Hitzarmen duina garbitzaileontzako. Garbitzaileok geldituz gero, dena geldiaraziko dugu. Martxoak 31 GREBARA!”.
Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran subiranotasuna, ekonomiaren kontrol publikoa eta pertsonen mugikortasun librea eskatu ditugu, lan- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko
Gaur Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala batzartu da, Nafarroako egoera ekonomiko eta soziala eta hartan Ukrainako gerrak izan duen eragina aztertzeko. LAB sindikatuak bere ekarpenak helarazi dizkio Nafarroa Garaiko lehendakariari eta eskatu dio Espainiako Gobernuari jarraipena alde batera uzteko eta politika propioak garatzeko. Haien artean: “gerrari ez” konpromisoa; esku-hartze publikoa ekonomian, oinarrizko zerbitzuen prezioak eta erosteko ahalmena kontrolatzeko; eta pertsonen mugikortasun librea bermatzea, langileentzako lan eta bizi baldintza duinak ziurtatzeko.
Joan den larunbatean 36 urte bete ziren Nafarroak NATO-ri ezezkoa eman zionetik. Orduko hartan, nafarren %52,7k bertan jarraitzearen aurka bozkatu zuen. LABen aburuz, “ez” hori “gerrari ez”-aren sinonimoa da, egungo bakerako giltza da. Herrien arteko elkartasunaren logikan eraikiko diren nazioarteko harremanak aldarrikatzeko etorkizuneko aukera da. Nafarroako herritarrek adierazitako borondate horrekin bat, Ukrainaren inbasio errusiarra irmoki salatzen dugu, eta Ukrainako lurraldetik berehala ateratzea eta eraso militarrak bertan behera uztea eskatzen dugu. Ukrainako langile-klasearekin ere bat egiten dugu.
Gerraren eta haren ondorioen aurka gaude. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu mezu eta praktika belizistetatik aldentzeko, eta Espainiako Gobernuak Ukrainara armak bidaltzea gaitzesten dugu, baita gerrako jauntxoak zigortu ordez herrialde askotako langile-klaseak zigortzen dituzten zehapenak gaitzetsi ere. Diplomazia ausarta eta errealista behar da nazioarteko akordio berriak bilatzeko, akordio horiek betearaziko dituena eta eskualdean egonkortasun aldi bat irekiko duena.
Aurten, Foru Hobekuntzak 40 urte bete ditu. Orduan, markatutako gutunekin jokatu zuten, iruzur eta gabezia demokratiko argian Nafarroako herritarrei erreferendumean haren onespena adierazteko eskubidea kendu baitzieten. Hori erraten dugu lehenik pandemiak eta gero gerrak erakutsi dutelako beharrezkoa dela Nafarroak autogobernu handiagoa izatea, subiranotasuna izatea erakunde, ekonomia eta gizarte arloetan bere erabakiak eta politikak hartu ahal izateko.
LABek egungo eredutik eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizioa aldarrikatzen du. Hamaika proposamen egin ditu norabide horretan; baina, tamalez, ez du batere erantzunik lortu. Akordioak egin behar dira langile-klasearen, gehiengo sozialaren, lana eta bizitza zentroan jartzeko.
NBEk hiru milioira igo ditu Ukrainako errefuxiatuak. 2021ean, 2.026 migratzaile hil edo desagertu ziren Mediterraneoko uretan, Europarako bidean, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen datuen arabera. Eta, urrutira joan gabe, iragan larunbatean pertsona bat desagertu zen Bidasoa ibaia igeri egiten zehartzakatzen saiatzen ari zela; laugarren hildakoa izanen litzateke urtebete baino gutxiagoan. Langileen mugikortasun librea ahalbidetuko duten migrazio-politikak garatzeko gaitasuna aldarrikatzen du LABek, bai eta harrera-politika eskuzabala eta burujabea ere, inklusiboa izanen dena. Pertsonen mugikortasun librea bermatzea, oinarrizko eskubideaz gain, munduko langileen bizi baldintza duinak bermatzeko bidea da.
Bertzalde, oinarrizko zerbitzuen prezioak, hala nola gasa, erregaia edo elektrizitatea, izugarri igo dira. Hori dela eta, Europako Batasuneko atzerri eta segurtasun politika erkideko goi-ordezkariak, Josep Borrel kezkagarriak, norbanakoaren erantzukizuna eskatzen du, eta etxeko berogailua jaisteko eskatzen digu, gasaren kontsumoa murrizteko. Ana Botín ikaragarri aberatsak, berriz, kontatu digu etxeko berogailua 17 gradutara jaitsi duela, gainerako gizartea horretara bultzatzeko. Azkenik, CENeko enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek soldatari eustea proposatu dute. Hala ere, jarrera horien hipokresiaren adibide bat jartzearren, Iberdrolako enpresaburu lehendakari Ignacio Galánek 30.000 euro irabazi zituen egunean 2021ean.
Haiek gure bizitza eta lan baldintzak mugatzea proposatzen diguten bitartean, LAB sindikatuak egungo logika gainditzea eta Nafarroako gizarte gehiengoarentzat lan eta bizitza duinak ahalbidetzea proposatzen du. Ekonomiaren jarduera estrategikoetan eta oinarrizko zerbitzuetan kontrol publikoa eta soziala bermatzea proposatzen dugu, bai erregulazioaren bidez, bai jabetzaren bidez, prezioak espekulazioaren aurrean kontrolatzeko. Era berean, soldatei eustearen aurrean aberastasuna banatzea proposatzen dugu. Hau da, bidezko erreforma fiskala (kapitalaren errentei %1 eta %10 arteko errekargua; Sozietateen gaineko Zergaren kenkariak kentzea eta %35eko tasa nominala; PFEZn kapitalaren errentei laneko errentei ematen zaien tratamendu bera ematea eta gehienezko tasa %60ra igotzea) eta Nafarroako langileen erosteko ahalmena bermatzea.
Osakidetzan mobilizatzen jarraituko dugu kalitatezko osasun publikoaren alde eta bertako langileei profesional gisa dagozkien eskubideen alde
LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok hainbat zentrotan elkarretaratzeak deitu ditugu martxoaren 18rako, ostirala, osasun publikoak eta bertako profesionalek bizi dituzten arazo larriei aurre egin eta konponbidea ekarriko duen benetako negoziazio baten aldeko borrokari jarraipena emateko.
Hauek dira deitutako mobilizazioak:
Araba: 11:00etan, Txagorritxu; 13:00etan, Lakuabizkarra Osasun Zentroa
Bizkaia: 11:00etan, Galdakaoko ospitalean; 13:00etan, Deustuko anbulategian
Gipuzkoa: 11:00etan, Donostiako Ospitalean; 13:00etan, Elgoibarko Osasun Zentroa
Bizkaiko garbikuntzako langileak soldata arrakalaren kontra mobilizatu dira
LAB, ELA eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, ASELBI patronalaren aurrealdean. Elkarreratzearekin, Bizkaiko garbikuntzako soldata arrakala salatu dugu. Horregatik, gizonak gehiengo diren eta baldintza hobeak dituzten kale garbitzaileen lanbidearen arroparekin joan dira emakume langileak.
Bizkaiko garbitzaileek deitutako greba egunen aurrekari gisa antolatu dugu mobilizazioa. Patronalari argi geratu behar zaio, bere eskaintza ez dela langileen aldarrikapenetara hurbildu ere egiten eta horien alde borrokatzeko prest gaudela.
Arabako helduen egoitzetan ere egingo dugu greba, martxoaren 30ean kasu honetan
Borrokan dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako helduen egoitzetan. Bada, beste herrialdeetan egin bezala (Bizkaian, urrutira joan gabe, ostegunean egingo dugu greba), Araban ere grebaren bidea hartu dugu. Agerraldia egin dugu data iragartzeko: martxoaren 30.
LAB eta ELA sindikatuok deitu dugu grebara, hitzarmen duin baten defentsan. Negoziazio mahaia blokeatuta dago, patronalak ez dituelako lan baldintzak hobetu nahi. Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan baino lan baldintza kaskagarroak ezarri nahi ditu.


