2026-01-21
Blog Page 399

Uruguaiko PIT CNT sindikatuarekin bildu gara, elkarren arteko harremanetan sakontzeko

LAB sindikatuak Uruguai-ko PIT CNT zentral sindikaleko Nazioarteko harremanetarako idazkari Jorge Bermudez-en bisita jaso du gaur. Euskal Herriko eta Uruguai-ko testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoaren inguruan hitz egin eta bi sindikatuen arteko harremanetan sakontzeko baliatu dugu topaketa.

Euskal Herria eta Uruguai harreman historiko dituen bi herri gara, historikoki elkarrekiko elkartasun handia izan dioguna.

Euskal Herria eta Uruguai, bi herrialdeen arteko harreman historikoengatik eta bi herrialdeen artean izan den elkarrekiko elkartasunagatik, milaka kilometrotara egonik ere elkarrengandik oso hurbil sentitzen diren bi herrialde dira. Ziur gaude bi sindikatuen arteko harremanek gure estrategia sindikalak hobetzeko balioko dutela, langile klasearen lan eta bizi baldintzak hobetzen laguntzeko bidean.

Sidenorren ere langileek ordaintzea nahi dutela salatu du Garbiñe Aranburuk

Iruñerriko Urban Sons dendetako langileek enpresak hasitako kaleratze kolektiboaren enplegu erregulazio espedientea salatu dute, euren lanpostuek indarrean jarraitzen baitute

Urban Sons markako langileek elkarretaratzea egin dute, orain Denin and Friends izena duen Iruñeko dendako atearen aurrean, euren egoera salatzeko.

Bi aste dira Urban Sons enpresak Nafarroako enpresak Iruñerrian dituen 3 dendak (Karlos III.a etorbidea, Morea eta Itaroa) itxi dituela. Baina ezustekoa etorri da, hain zuzen ere, kontratuak iraungitzeko enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldiko lehen egunean, hiru dendetatik bik ateak ireki zituztenean beste langile batzuekin, lan-jarduera bera izan arren: arropa eta osagarriak saltzea.

Denda horietako langileek, guztiak emakumeak izanik, beren lanpostua nola desagertu den entzun behar izan dute, dendak beste izen batekin funtzionatzen duen bitartean, baina altzari berberak erabiltzen jarraitzen dute, pertxa berberak, maniki berberak eta baita alfonbratxo bera ere, buelta emanda hori bai.

Beren egoera bidegabea onartezina da. Urban Sons enpresaren jabeak, Banur enpresa eraikitzailearen jabea ere badenak, enpresen ondorengotza ukatzeaz gain, langileek jaso beharko lituzketen kaleratzeagatiko kalte-ordainak ere ukatzen ditu, Fogasara joatera behartuz.

Egoera onartezina da, eta legeak baimentzen badu ere, argi dago marka horren jabeak, nahi izan balu, alde batetik, marka eskualdatzea negozia zezakeela, langileek beren lanpostuetan jarrai zezaten, edo, nahi izanez gero, legeak kaleratzeagatik ezartzen dituen kalte-ordainak ordain zitzakeela, bere jabetzako beste enpresa batzuen bidez.

Langileek beren lanpostuen alde mobilizatzen jarraituko dute. Lanpostu horiek egon, badaude, baina ukatu egiten zaizkie. LABen ustez, ez da onargarria enpresariek darabilten inpunitatea, legeek, gobernuek eta auzitegiek langileek jasaten dituzten gehiegikeria hauen aurrean justiziarik egin gabe.

Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko

LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, delako “Hispanitate Egunaren” ospakizuna inposatzen zaigun neurrian, egoitzak zabalik izango ditugu, eta ohiko ordutegi eta lan jarduerari eutsiko diegu.

Espainiak Amerikako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu.

Kudeatzailearen aldaketarekin Gasteizko kale-garbiketako zerbitzuan ditugun aldarrikapenei bide ematea eskatzen dugu

Gasteizko Kale Garbiketa Publikoaren eta Hiri Hondakin Solidoen Bilketaren Zerbitzuaren kudeaketan enpresa aldaketa errealitate bat da. Lizitazio-prozesu luze eta bihurri baten ondoren, azkenean CESPA-ONAINDIA ABEEari esleitu zaio zerbitzua, eta Gasteizko kontratarik garestienaren (26.855.000 euro urtean) kudeatzaile lanetan hasiko da azaroaren 1ean.

LABek argi baino argiago utzi nahi du oraindik zerbitzua kudeatzen duen ABEEak (FCC-GMSM) egindako kudeaketa. Izan ere, kontratu honek iraun duen bitartean guretzat berebiziko garrantzia duten gaiak konpontzeko borondate gutxi dagoela erakutsi du. ABEE honek Lan Segurtasunaren eta Osasunaren arloan hartutako neurriak eta erabakiak ez dira nahikoak izan, multinazional mota horientzako arriskuen prebentzioa kostu erantsia baino ez dela agerian utzi dute, eta ez daudela kostu hori berengain hartzeko prest. Bestalde, hitzarmen kolektiboan aitortutako gizarte-estaldurak, hala nola txanda-kontratuan hartutako erretiro partziala eta aitatasun-lizentzia, ez dira aplikatu eta bultzatu arauak agintzen duen bezala, langileen duintasunaren aurkako eskubide bat murriztuz.

Zerbitzuaren kudeatzaile-aldaketa horrekin batera, epe labur edo ertainean, neurri garrantzitsuak hartu behar dira. LABek lehentasunezkotzat jotzen du Arriskuen Ebaluazio bat egitea, plantilla osoak egiten dituen funtzio guztiak eta horien ondoriozko arriskuak benetan agerian jartzeko. Langileen eta erdi-mailako agintarien aldetik jasotako prestakuntza eskasak lan-giro desegokia eta rol-gatazka argiak sortu ditu (ABEE honek nahita sustatua). 

Langile guztiei egindako akusazioak eta lan-absentismoaren indize altu teorikoekin lotutakoak (FCC-GMSMko zuzendaritzak argi eta garbi aizundu ditu) izan dira enpresako gatazka-mailaren ardatza. LABek beti erakutsi du lan segurtasunarekin eta osasunarekin duen konpromisoa, eta lanpostu guztietan langileen osasuna hobetzera bideratutako prebentzio-neurrien bultzatzaile nagusia izan da. Plantillan sortu diren arazo nagusien sustraia bilatu da eta, batzuetan, aldi baterako ezintasunen indizeak gora egin ahal izan baituenak, ABEEaren zuzendaritzak proposatutako neurrien aurka agertuz, hauek ikuspegi ekonomikotik prozesu horiek arintzea baino bilatzen ez zutenak.

Datorren etapa berrian, CESPA-ONAINDIA enpresa esleipendun berria izanik, gure aldarrikapenak baliarazteko lan-eremu berriak ezartzen saiatu beharko dugu, nahiz eta jakin enpresa batzordearen baitan indar korrelazioa ez dela mesedegarriena. Gasteizko Kale Garbiketa Publikoaren eta Hiri Hondakin Solidoen Bilketaren zerbitzua funtsezko zerbitzua da, eta argi eta garbi ikusi da pandemiaren garai honetan, eta, horren ondorioz, askoz gehiago balioetsi behar dugu sektore horrek egunero egiten duen lana.

Herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Garbiñe Aranburuk, Galizako CIG sindikatuaren kongresuan

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Nazioarteko harremanetarako idazkari Koldo Saenzek osaturiko ordezkaritza batek Confederación Intersindical Galegak (Galizako CIG sindikatuak) Santiagon ospaturiko VIII. Kongresuan parte hartu du asteburuan.

Pandemiak ireki duen agertoki berrian ospaturiko kongresuak klase sindikalgintza abertzalearen sendotasuna bai Galizian zein nazioartean erakusteko balio izan du. 600 kongresu-kideren parte hartzea nahiz mundu osotik etorritako nazioarteko ordezkaritza zabala kongresuaren garrantziaren erakusle izan da.

Gabiñe Aranburuk hitza hartu du kongresuan, eta egungo egoerak eskatzen dituen erronkak nabarmendu ditu: “Herrien autodeterminazio eskubidea defendatzen duen sindikalismoa bat beharrezkoa dugu, aldaketa politikoaren aldeko apustua egiten duena”. Sindikalismo borrokalaria inoiz baino beharrezkoagoa dela berretsi du, eta Greba Orokorraren garrantzis azpimarratu du, erabakimena berreskuratu eta Madrilen esku ez uzteko.

Kongresuaren testuinguruan, LAB sindikatuko ordezkariok bilera egin dugu Galiza-ko CIG sindikatuarekin aktualitatearen inguruko hausnarketa elkar trukatu eta klase sindikalgintza abertzaleak aurretik dituen erronkei erantzuteko elkarlana sustatuko duten harremanetan sakontzeko.

Premiazko neurriak exijitzen ditugu, sektore guztietan hedatuta dagoen lan heriotzen sarraskiarekin bukatzeko

Beste lan heriotz bat gertatu da gaur, Arabar Errioxako Eltziego herrian oraingoan, ardogintza sektorean. Bodegas Eguiako 56 urteko langile batek (J.A.E.G.) lan istripua izan du goizean, jasotako lehen informazioen arabera, errobot-makina bat gainera erori eta harrapatuta gelditu ondoren. Larrialdi zerbitzuak bertaratu eta ospitalera eraman dute, baina bertan hil egin da. LAB sindikatuko delegatua zen aipatutako upategian. Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei.

Zentzu honetan, euskal gehiengo sindikalak deituta, datorren asteazkenean, urriak 13, elkarretaratzea egingo dugu Eltziegoko herriko plazan, 12:00etan, “Prekaritatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez” leloarekin. Zendutako langilea, herrian lan egiteaz gain, bertan bizi zen.

49 langile hil dira gutxienez Euskal Herrian, urtea hasi denetik. Odolusteak ez du etenik, eta agintariek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, isilik. Egiturazko arazo bat da lan heriotzena, ez da zori kontua, prekaritatea da. Hain zuzen ere, lan heriotzek ez dute diskriminatzen, sektore guztietan hedatuta dago odolustea, prekaritatea bezala. 

Lan heriotzak ez dira bakarrik eraikuntzan edo industrian gertatzen. Joan den astean arrantza sektoreko langile bat hil zen, ardogintza sektoreko bat oraingoan, azken hilabeteotako basogintza sektoreko adibideak hor ditugu, heriotz ez traumatikoak, in-itinere gertatutakoak eta lan gaixotasunak ahaztu gabe. Langile guztiak gaude arrisku bizian. Arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute behingoz, lehentasunez. Ezin dugu horrela jarraitu.

[IRITZIA] “Greba Orokorra, egoki baino egokiagoa” #OrainGrebaOrokorra

LAB sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok Greba Orokorraren beharraz hitz egin du: “Baliatu dezagun aukera enpresetan borroka sindikalak biderkatzeko, auzo eta herrietan mobilizazio soziala sustatzeko, eta gure Herrian aldaketa politiko eta sozialak bultzatzeko. Ikusle hutsak izan baino, izan gaitezen aldaketaren eragile”.

Iritzi artikulua osorik:

Euskal Herrian deitzear dugun Greba Orokorra oso egokia izango da elkarren osagarri diren bi ikuspuntutik: Lehenengoak euskal sindikalismoaren izaera eta ibilbidearekin du zerikusia.

Espainiako sindikalismo nagusia 78ko erreformak eta patronalaren neurriko elkarrizketa sozialaren ereduak asimilatzen zuten bitartean, Hego Euskal Herrian joan den mendeko 90eko hamarkadatik aurrera (35 orduen eta soldata sozialaren aldarrikapenarekin 1999an egindako Greba Orokorra mugarri hartuta), gehiengo sindikal bat eratu da, lan-harremanen eta babes sozialeko esparru propioaren alde egiten duena, kontraboterean oinarritutako estrategiarekin, ekintza sindikalaren politizazioa eta mugimendu sozialekiko aliantza sustatuz; LABek 80. hamarkadan ia erabateko bakardadean defendatutako kontzeptuak dira horiek guztiak. Egindako bideari esker, euskal sindikalismoa egun autonomoagoa da, mobilizazio gaitasun handiagoa du eta Estatu mailako sindikalismoaren aldean emaitza hobeak lortzen ditu.

Hori esanik ere, euskal sindikalismoak bere eredu soziosindikal eta soziopolitikoa birpentsatu eta berregokitu beharra dauka; horretan ari gara LABen, errealitate berriei erantzun (krisi ekologikoa, energia krisia, digitalizazioarena) eta sektorerik prekarizatuenentzat ere tresna eraginkorra izateko lanean.

Epe motzean ditugun erronkei ekiteko LAB eta ELAren artean alde nabarmenak ditugu, agerikoa da. Hala ere, oinarrizko logika komuna partekatzen dugu, bai gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, bai, ahots propioz, gero eta zer esan handiagoa duten eragile sozialek; mugimendu feminista eta pentsiodunen mugimendua, kasu.

Logika komun horren baitan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bildutako eremu soziosindikalak murrizketa handien garaiari (2007-2013) aurre egin zion sei Greba Orokor eta borroka ugari sustatuz. Hego Euskal Herriko patronalak Lan Erreformak eta negoziazio kolektiboaren erreforma ezartzeko zituen asmoei eutsi eta baldintzatzea lortu genuen, eta euskal langileek 2016-2017 bueltan iniziatiba berreskuratu genuen, eliteek ahotan zuten “errekuperazio ekonomikoa”, izatekotan, langileentzat lan eta bizi baldintza hobeak bermatzeko izan zedin, aberastasuna eta boterea gero eta esku gutxiagotan pilatzeko joera irauliz.

Borroka sindikal haiekin batera, greba feministek eta pentsiodunen mugimenduaren sorrerak berebiziko ekarpena egin zuten bizitza kapitalaren gainetik jartzeko borrokan. Sinergia berriak sortu ziren eta haiei esker posible izan zen 2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorra, lan, bizi eta pentsio duinen alde. 

Pandemiak agerian utzi ditu osasunaren eta zaintzaren eremuko gabeziak, erakutsi du oinarrizko lan asko, gehienak, emakumeek egiten dituztela, baldintza prekarioetan; ezagutu ditugu langile asko eta askoren bizitzetan utzitako ondorio kaltegarriak.

Instituzioek orain pandemia osteko aroa aurreikusi dute, eta berriz ere, enpresen irabazietan jarri dute arreta, krisi ekologiko larriari bizkar emanda; aldi berean, lanaren, zaintza lanen eta ondasunen banaketari uko egiten jarraitzen dute.

Oinarrizko produktuen prezioa gora eta gora doa, baina soldatak ez neurri berean. Emakume langileen kontrako arrakala betikotzen ari da. Zaintza krisiak bere horretan jarraitzen du, erantzunik gabe. Finean, Kapitalaren interesak eta langile jendearenak aurreaz aurre ditugu berriro. Greba Orokorra palanka da erasora jotzeko, langileria boteretu eta, ofentsiban, borroka ziklo berri bati ekiteko.

Horrez gain, hasieran esan bezala, Greba Orokorraren egokitasuna indartzen duen bigarren ikuspuntua dugu: hurrengo hiru hilabeteetan Hego Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzetan eragina duten erabaki garrantzitsuak hartuko dira. Horietako asko (lan eta pentsio erreformak, Estatuko aurrekontuak, argindarraren prezioa) Estatu mailan erabakiko dira, eta beraz, esan gabe doa agerikoak direla egungo autogobernuak oinarrizko aferak lantzeko dituen mugak. Kontutan izanik Espainiako Patronalaren eta Erregimenaren gainerako botere faktikoen boterea, eta Estatuko sindikalismoa borroka estrategiarik gabe ari dela, guztia Estatuko jokalekuaren menpe uztea akats larria litzateke.

Baina ez gaitezen horregatik eszeptizismo desmobilizatzaile betean erori, eta ez ditzagun gutxietsi, mugatuak izanda ere, Estatu mailan lor daitezkeen onurak. Kontrakoa, euskal eremu soziosindikalak bere gaitasun osoa aktibatu behar du hiru zentzutan: Lehenik, esparru politikoa presionatzeko, azken hamarkadetako murrizketak atzera bota eta gehiago egin ez ditzaten. Bigarrenik, lan eta bizi baldintzei buruz hemen, Euskal Herrian, erabakitzea aldarrikatzeko —EAEko langile klasearen %71 eta Nafarroako langileen %52 ordezkatzen ez duen elkarrizketa sozial eredu eta eremuari aurre eginez—; eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa lehengoratzeko. Hirugarrenik, Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko.

Lan erreforma indargabetzea eskatu behar dugu, Lan Kode Propioa aldarrikatzearen batera; eskatu behar dugu lanbide arteko akordioaren bidez 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea, borroka sindikalak sustatzen ditugun bitartean, prekaritatea borrokatu eta eskubideak irabazten joateko. Estatu mailako pentsio sisteman inposatutako murrizketak atzera botatzea exijitu behar dugu, eta aldi berean, EAEko eta Nafarroako Gobernuak pentsio apalenak 1.080 eurotaraino osagarritzera behartu eta Gizarte Segurantza propioa aldarrikatu. Bertoko Gobernuak zerga-erreformari heldu eta zerbitzu publikoetan inbertsio gehiago egitera bultzatu behar ditugu, enplegua egonkortu eta ratioak hobetzeko erabakiak behartu; zaintza sistema publiko-komunitarioaren sorreran aurrera egin dezaten lortu behar dugu; eta erabil ditzatela euren baliabideak babes sozialeko sistema hobetzeko, egungoak ez baitu eragotzi pobreziaren mugan gero eta jende gehiago egotea.

Horregatik guztiagatik diogu Greba Orokorrak ez behin, bi aldiz egokia dela. Baliatu dezagun aukera enpresetan borroka sindikalak biderkatzeko, auzo eta herrietan mobilizazio soziala sustatzeko, eta gure Herrian aldaketa politiko eta sozialak bultzatzeko. Ikusle hutsak izan baino, izan gaitezen aldaketaren eragile.

Grebara joateko prest gaude, Nafarroako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa desblokeatu ezean

Agerraldia egin dugu sindikatuok, joan den maiatzean hasitako negoziazioaren egoeren berri emateko. LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok plataforma bateratu bat aurkeztu genuen, eta, hilabete batzuk geroago, patronalak ez du Nafarroako helduen egoitzetako lehen hitzarmena negoziatzeko borondaterik. Nafarroako Gobernuak, berriz, erantzukizun publikoa izan arren, patronalaren jarrera babestu besterik ez du egin.

Egoera hau ikusita, urriaren 21ean, elkarretaratzea egingo dugu LARES erakundearen egoitzaren aurrean, hots, sektoreko patronal nagusienetako baten aurrean.

Nafarroan 4.500 langilek egiten dute lan sektorean, herrialdean dauden 70 zentrotan. Hitzarmen bat aldarrikatzen dugu eurentzat, sektoreko lehena litzatekeena, lan baldintza duinak izan ditzaten, zerbitzu duina eskaini ahal izateko.

Urriaren 14an, hurrengo negoziazio mahaia dago. Sindikatuok ohartarazi dugu, bilera horretan aurrera egiten ez bada, mobilizazioak areagotuko ditugula; greba egitea ere aurreikusten dugu hemendik eta urte bukaera arte.