2026-04-25
Blog Page 395

Sektorean 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzen duen aurreakordioa sinatu dugu, Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen hitzarmenean #LortuDugu

LABek aurreakordioa sinatu du gaur Bizkaiko kontserba-sektorean, pandemian funtsezko sektoretzat jo den sektore erabat feminizatua. Hala ere, sektoreko langileak beti egon dira bigarren mailan eta erabat ikusezin.

Negoziazioa hasi zenetik argi izan genuen LABen sektoreko lan-baldintzak duindu behar zirela, eta gai nagusietako bat zen, funtsezkoak izan arren, sektoreko langileak ez zirela 1.200 euroko gutxieneko soldatara iristen. Aurreakordioa sinatu ondoren, gure helburua lortu dugu. Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, sektoreko langile bakar batek ere ez du 1.200 eurotik beherako soldatarik izango.

Hitzarmenaren indarraldia 2021etik 2024ra bitartekoa izango da, eta urte horietarako adostutako igoera %14,39koa da. Hitzarmena amaitzean, urte horietako KPIen batura itundutako igoera baino handiagoa bada, kategoria baxuenean urteko 17.250 euroko mugarainoko aldea bermatuko da. Bereziki azpimarratu dugu kategoria baxuenen lan-baldintzak duintzea. Aurreakordio hau sinatuta, peoi arruntaren kategoriak 964 euroko igoera izango du 2022an, 2021eko atzerapenez gain.

Lortu dugun beste puntu garrantzitsu bat sexu-jazarpenaren, sexu-arrazoiengatiko jazarpenaren eta sexu-orientazioagatiko jazarpenaren eta genero-identitate eta -adierazpenaren aurkako jarduera-protokolo bat egitea da. Protokolo hori nahitaez aplikatu beharko da protokolo propiorik ez duten enpresa guztietan. Hori oso urrats garrantzitsua da enpresa txikietako langileentzat, egoera horien aurrean babesgabeenak baitira.

Lortutako aurreakordioak beste puntu batzuetan ere hobekuntzak jasotzen ditu, hala nola ordaindutako lizentzietan, aldizkako kontratu finkoetan antzinatasuna indarrean dagoen legeriara egokitzean, batzorde paritarioa 6 hilabeteko epean (hitzarmena sinatzen denetik) biltzeko konpromisoan, lanbide-sailkapenaren sistema enpresen benetako funtzionamendura egokitzeko, txanda-kontratuaren aplikazioan aurrerapenak eginez.

LABen argi daukagu borroka eta mobilizaziorik gabe aurreakordio hau ezinezkoa izango zela; horregatik, sektoreko egoera prekarioa hobetzeko borrokan aritu diren langile guztiak zoriondu nahi ditugu, greban, piketeetan, manifestazioetan, herrietan lanean aritu direnak borroka hau ulertua izan dadin eta aurrera egiteko elkartasuna eta indarra jaso dezaten. Langileei esker izan da posible aurrera pausu hau eta ziur gaude hurrengo hitzarmenean ere horrela izango dela.

Kaleak hartu ditugu prekaritatea betikotzen duen lan erreforma atzera botatzeko

Manifestazio jendetsuak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, lan erreformaren kontra eta lan harremanetarako euskal esparruaren alde, euskal gehiengo sindikalak deituta. Bilboko manifestazioan eta ondorengo ekitaldian izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, eta, Kongresuan ez ezik, lantoki eta kaleetan ere eragin behar dela nabarmendu du.

Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko deia luzatu du: “Eraldaketa sozialerako burujabetza prozesua sustatzen jarraituko dugu. Euskal Herrian lan, bizi eta erabaki nahi dugu. Erabaki ahalmena aldarrikatu eta praktika soberanista garatu. Lan eta pentsio erreformei ezetz esatearekin batera, Euskal Herrirako Lan Kode bat bultzatuz, Gizarte Segurantzako lege propio bat aldarrikatuz“.

Hala, urtarrilaren 27ko Aldarrikapen Egunean esan bezala, lan erreformak argi berdea ikusiz gero, bake sozialik ez dela egongo ohartarazi du: “Lan erreforma aukera legala da patronalarentzat, baina aukera erreala izatea oztopatuko dugu”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “borroka ziklo berri bat elikatzen ari gara, eta izango dira mobilizazio eta greba berriak, izango dira konfluentziarako momentuak. Ez dugu etsiko, egin dezagun posible Euskal Herria erreformarik gabeko herria izan dadin, egin dezagun posible Euskal Herrian lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak izatea. Egin dezagun posible bizitza duina”.

Zentzu honetan, mobilizazioen hurrengo geltokia otsailak 2 izango dela nabarmendu du. Izan ere, lan erreforma Espainiako Kongresuan bozkatu bezperan, lantokietan mobilizatuko gara: “Azken minutura arte borrokan jarraituko dugu lan erreforma hau bazter dezaten”.

Iruzurra

Gauzak aldatu nahi badira, mobilizazioa ezinbestekoa dela nabarmendu du idazkari nagusiak, eta, Euskal Herrian egin bezala, Espainiako beste nazioetan ere sindikatu soberanistek bultzatutako protestak egon direla goraipatu du, beti ere prekaritatea betikotzen duen lan erreforma honen iruzurra salatzeko: “Espainiako Gobernuak kea saldu die langileei. Patronalaren neurrira egindako akordio bat saldu nahi dute, historikoa delakoan, prekarizazioa betikotzen duenean. Bada, ez, ez digute ziria sartuko”.

Historikoa patronalaren betoa ez onartzea litzatekeela esan du: “Elkarrizketa soziala tranpa bat bilakatu da. CCOO eta UGT sindikatuek badakite akordio honek ez duela ezer iraultzen, eta, hori jakinik, itxura soziala eman nahi diote langileentzat akordio txarra denean”.

Era berean, Jaurlaritza eta EAJ kritikatu ditu Garbiñe Araburuk: “Hitzarmenak blindatu bai, baina kaleratzeei buruz ere hitz egin behar da. Hainbat enpresak lan erreforma baliatuz kaleratzeak egin dituzte edo egin nahi izan dituzte. Borroka sindikal eta sozial eredugarriak izan dira enplegu suntsiketa geratu dutenak. Eta non egon dira Jaurlaritza eta EAJ? Behin eta berriz, Jaurlaritzak patronalaren bozeramaile papera hartu du, ez du lan erreformaren aurkako jarrerarik adierazi”.

Lan Ikuskaritzaren aurrean mobilizatu gara, etxeko langile batek Sopelan jasandako sexu erasoa salatzeko

Sopelan enplegatzaile batek etxeko langile bat bortxatu duela salatzeko, euskal gehiengo sindikaletik elkarretaratzea egin genuen ostegunean, herri horretan bertan. Bada, gaur, LABen Pikete Feministak Lan Ikuskaritzaren aurrean egin du protesta, Bilbon.

Hain zuzen ere, etxeko enpleguan ematen den klasismoa, arrazismoa eta matxismoa salatu ditugu.

Kaleratzeak eta esparruaren defentsan duen jarrera mantentzea eskatu diogu EH Bilduri eta orain arte izandako jarrera eskertu

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuon ohar bateratua:

Lan erreforma moldatzeko Madrilgo Elkarrizketa sozialeko mahaian lortutako akordioaren konbalidazioa landuko da Kongresuan hurrengo ostegunean, otsailak 3.

Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuok gogor kritikatu dugu akordio hori, ez dituelako bertan behera uzten PP-k eta PSOE-k 2010an eta 2012an ezarri zituzten Lan Erreformak, eta dekretu honen bitartez, langileentzat kaltegarrienak diren neurriak mantendu eta betikotuko dituztelako.

Kongresuan egingo den konbalidazioari begira, Madrilen ordezkaritza duten alderdi batzuekin erronda abiatu dugu, euskal langileek behar dituzten aldaketak bultza ditzaten.

Sindikatuok 2010 eta 2012 arteko hiru lan erreformak indargabetzeko eskaera ari gara helarazten, hauek aldebakartasuna eman ziotelako patronalari negoziazio kolektiboa indargabetzeko, langileak merke eta errez kaleratzeko, malgutasuna ezartzeko, estatalizazioa edota mugikortasuna inposatzeko, besteak beste. Hau da, langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna diren neurrian, hauek desagertu ondoren hasi beharko litzateke lan erreforma berri baterako negoziaketa.

Erabateko indargabetzearen bidean, bereziki larriak diren bi gai mahai gaineratu ditugu, berehala aldatu beharko liratekeenak: alde batetik, kaleratzeak egiteko erraztasunak eta, bestetik, euskal lan harremanen esparrua erasotzen duen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa.

Horrekin batera, aipatutako bi gaiak moldatu ahal izateko propasamen teknikoekin txosten bat ere helarazi diegu, bi helburu zehatzekin:

  1. Patronalak orain kaleratze objetiboak egiteko dituen erraztasunei mugak jartzea.
  2. Gure negoziazio kolektiboa errespetatua izatea, kanpo injerentziarik gabe.

Konbalidazioan, eta beti erabateko indargabetzearen bidean, bi gai horien moldaketa egongo ez balitz, ezetza ematea eskatu diegu.

Gaur EH Bildurekin egin dugu bilera, eta EAJ eta Podemos-ekin ere batzartuko gara datozen egunotan. Gehiengo sindikalaren izenean, ELA, LAB eta STEILASeko kide banak hartu dugu parte gaurko bileran.

EH Bilduri adierazi bi gaietan, kaleratzeak eta gure esparrua defendatzea, duen jarrera mantentzea eskatu diogu eta orain arte izandako jarrera eskertu diogu. Dekretuaren konbalidazioan ezezko jarrera mantentzea eskatu diogu eta berretsi diogu aldaketak eragiteko modu bakarra CEOErik gabeko testuinguru batean negoziatzea dela.

Urtarrilaren 30ean euskal langileak mobilizatuko dira Madrilgo akordiaren kontra eta moldaketak aldarrikatzeko, aurreko lan erreformek ezarri zituzten neurri atzerakoiak bertan behera uzteko. Otsailaren 2an berriro mobilizatzeko eguna izango dugu, lantokietan.

Beharrezkoa da euskal alderdiek euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea, eta langileok gure lan eta bizi baldintzak duintzeko behar ditugun aldaketak bultzatu eta defendatzea.

Osasun sistema publikoa indartzeko neurriak eskatzen dizkiogu Jaurlaritzari, ez COVID ziurtagiria ezartzea eta luzatzea

Pasa den igandean, Osakidetzako milaka langile eta erabiltzailek lehen arreta eta oro har osasun sistema publikoa indartzea eskatu zuten. Alabaina, eskari horri entzungor egin eta COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzera mugatu da Eusko Jaurlaritza.

LABen iritziz, osasun publikoaren ikuspegitik ez dago nahikoa justifikaziorik COVID ziurtagiria ezartzeko, kontutan hartuta euskal herritarren %90 inguru txertatua dagoela eta txertatuta dauden herritarrak ere birusaren eroale izan daitezkeela.

Gainera, elkarbizitzaren ikuspegitik ondorio ezkorrak izaten ari da herritarren eta langileen artean: txertatzea erabaki ez duten herritarrak estigmatizatu eta diskriminatu egiten ditu eta herritarren arteko arrakalak eragiten ditu, noiz eta pandemiari aurre egiteko herritarron arteko batasuna eta elkartasuna beharrezkoak ditugunean. Eta ikuspegi laboraletik, nahikoa justifikazio sanitariorik ez duen kontrol neurri bat aplikatzera behartzen ditu milaka eta milaka langile.

COVID ziurtagiriarekin kritikoak bagara ere, ez dugu bat egiten neurri honen kontra emandako zenbait erreakziorekin eta, zehazkiago, neoliberalismoak eragindako indibidualismoan sakonduz, norbanakoen “askatasuna” zaintza kolektiboaren gainetik jartzen duen diskurtsoarekin; eskuin muturrak baliatu nahi duen diskurtsoa, hain zuzen ere.

Edozein kasutan ere, COVID ziurtagirian fokoa jartzeak kudeaketa instituzionalaren gabeziak estaltzeko helburua du; erantzukizuna berriro ere herritarrengan jarrita, Gobernuen kudeaketa okerra ezkutatzeko. Nola uler liteke, pandemia hasi eta bi urtera, Osakidetzako lehen arreta kolapsatua egotea? Nola uler liteke, Eusko Jaurlaritzak osasun sistema publikoan egindako murrizketen ondorioz herritarren osasunari jarraipena egiteko protokoloei uko egin zaion bitartean, milaka langileri eraginkortasunik ez duen kontrol neurri bat aplikatzera derrigortzea? Nola begiratu liteke beste alde batera, Osakidetzako milaka eta milaka osasun langile eta herritar kalera ateratzen ari direnean?

LABen iritziz, pandemiari begirako politika publikoak berehala zuzendu beharra dago. Honako neurri hauek hartzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari:

1. COVID pasaportea bertan behera utzi. Botere publikoek txertaketaren aldeko mezu pedagogikoa igorri beharko lukete, jarrera zigortzaile oro baztertuz.

2. Konfinatutako seme-alabak dituzten langile guztientzako lan baimena ezarri, zaintzaren ikuspegitik ez ezik hirugarren baten kutsatze arriskua eragozteko.  

3. Kutsatze tasa murrizteko prebentzio neurriak eraginkorrak hartu

-Doako PCRak, CO2 neurgailuak, aforoen arauketa edota detektatze goiztiarrerako osasun protokolo eta baliabideen hobekuntza.

-Ikuspegi prebentiboz herritarron osasuna sustatzeko neurriak hartu, besteak beste, elikadura, kirola eta arlo sikosozialari dagokionean.

-Lantokietan lan osasuna lehentasuntzat hartu. Mutuak alboratu eta prebentzio sistema publikoa ezarri. Beharrezkotzat jotzen den lan jardueretan, doako PCRak jarri txertatu nahiz txertatu gabeko langileentzat, lan ordutegiaren barruan.

-Garraio publikoa hobetu eta areagotu, masifikazioak ekidinez.

4. Osasun eta zaintza sistema publikoa indartu.

-Lehen mailako arretan ratioak jaitsi, baliabideak areagotu eta enplegua egonkortu.

-COVID kasu larriei aurre egiteko baliabideak areagotu (ZIUak, larrialdiak…).

-Osasun baliabide pribatuak (txertoen ekoizpena eta banaketa barne) publifikatu, gutxi batzuen etekinei begira baino herritar guztien osasunari begira egon daitezen.

-Zaintza sistema publiko komunitarioa eratu. Adineko egoitza eta bestelako gizarte zerbitzuak publifikatu, ratioak jaitsi, lan baldintzak hobetu eta eredu bizigarriagoa eraiki. Adineko egoitzetako Nafarroako lan hitzarmena ezarri.

5. Pandemiak langile jendearen artean eragindako ondorio ekonomikoei aurre egin

-Enpleguaren defentsa, oinarrizko errenta duina, etxegabetzeen debekua, energiaren merkatzea…

-Oinarrizko lanetan ari diren emakumeekiko dagoen zor patriarkala aitortu eta euren lan-baldintzak hobetu.

Urtarrilak 30 eta otsailak 2, lan erreforma honi ezetz esateko hurrengo geltokiak

LABek ostegunean antolatutako Aldarrikapen Eguna pasa da, baina gure aldarriek eta mobilizazio dinamikak bere horretan jarraitzen dute. Hain zuzen ere, igandean, urtarrilak 30, eta asteazkenean, otsailak 2, euskal gehiengo sindikalarekin batera kaleak eta lantokiak hartuko ditugu berriro, lan erreforma honen aurka eta lan harremanetarako euskal esparruaren alde.

Igandean manifestazioak egingo ditugu, 12:00etan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan; datorren asteazkenean, berriz, lan erreforma Espainiako Kongresuan bozkatu bezperan, mobilizazioak egingo ditugu lantokietan.

EAEko errestaurazio kolektiboko hitzarmenaren mahaia blokeatuta

LAB eta ELA sindikatuon ohar bateratua:

ELA eta LAB sindikatuek EAEn -Errestaurazio Kolektiboaren sektoreko ordezkarien % 83rekin- Euskal Ostalaritza Federazioaren eta Estatuko patronalaren ezezkoarekin egin dute topo: sektorerako hitzarmenerako negoziazio mahaia eratzeko bilera egiteari uko egin diote.

Kolektibitateetako enpresek eta Euskal Ostalaritza Federazioak ezezko borobilarekin erantzun diote mahaia irekitzeko aukerari. Uste dute EAEko egungo Ostalaritzako Esparru Akordioak dagoeneko arautzen duela probintzia bakoitzeko Ostalaritzako hitzarmenen esparruan kolektibo hori, eta, gainera, ulertzen dute ez direla betetzen baldintza legalak sindikatuen asmoei erantzuteko, lan erreforman jasotakoaren arabera.

Bestalde, Estatuko patronalek, Food Service Españak, uko egin diote mahaia osatzeari, eta, Euskadiko Federazioak bezala, esan su planteamenduak ez duela legezkotasun babesik, lan erreforman oinarrituta, negoziatzeko eta aplikatzeko lehentasuna lehendik dagoen estatuko hitzarmenak duela ulertuta.

CCOOk egungo negoziazio esparrua eta Estatuko Hitzarmena defendatu du, eta UGTk EAEko hitzarmena negoziatzeko asmoa agertu du.

ELAk eta LABek negoziazioaren euskal esparrua defendatzen jarraituko dute, ulertzen baitute Errestaurazio Kolektiboko hitzarmenaren negoziazioa parte hartzaileen borondatearen mende dagoela soilik, eta ez patronalak erabili nahi dituen ustezko ilegaltasunen mende, eremu bakar bati, Estatukoari eusteko helburuarekin.

Egungo egoera Zapateroren eta Rajoyren gobernuek onartutako lan erreformen isla da, egungoak aldatuko ez duena. Horregatik, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak dakarrenaren beste adibide bat da; izan ere, patronalen diru goseak eta CCOO eta UGT sindikatuen premia zentralistak eraginda, milaka langilek ezin dute erabaki nork ordezkatzen dituen eta non negoziatzen den, lan baldintza prekarioak pairatuz.

ELA eta LABentzat lan erreformak ezin du jarraitu Estatuko hitzarmenen lehentasunari eta hitzarmen horiek langileentzako dakarten prekarietateari babesa ematen, eta erreforma horiek berehala aldatzea eskatzen dute, euskal esparruan negoziatzea lehenetsiz, lan baldintzak hobetzeko berme gisa.

ELAk eta LABek beharrezko urratsak egiten jarraituko dute negoziazio hori errealitate izan dadin, eta dei egiten diete sektoreko langile guztiei urtarrilaren 30ean mobilizatzera, beren lan baldintzak defendatzeko, lan erreformaren eta erreformaren aldaketaren aurka.

Prozesua gidatu behar zuen anonimotasuna hausteko Osakidetzako EPEko traumatologia-azterketetan erabilitako gako-hitzak aurkitu ditugu

Aste honetan Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiari jakinarazi diogu traumatologiako azterketetan oso aurkikuntza garrantzitsua izan dela eta ondorioz, luzapen bat eskatu diogu Osakidetzaren 2016-17 EPEan filtrazioak ikertzen jarraitzeko. Hilabete asko dira LABek ikertutako kategorietan gainditu zuten jatorrizko azterketa guztiak eskatu zituela, baina ez zen gure eskaera aintzat hartu, magistratuaren irizpidearen arabera, ez ziotelako ezer garrantzitsurik ekarriko auziari. Hala ere, onartu egin zuen LABek traumatologia-azterketetarako egindako eskaera, lekukoen deklarazioak baitzeuden esaten zutenak azterketek fotokopiak ziruditela.

Traumatologiako azterketa horiek duela hilabete iritsi ziren, eta LAB sindikatuak zuzendutako analisiaren ondoren, azterketako kasu praktiko bakoitzerako hitz oso zehatz bat identifikatu dugu; ziurrenik, proba zuzendu beharko lukeen anonimotasuna hausteko beharrezkoak diren kontsignak edo gako-hitzak izango lirateke. LENKE, MASON, LICHMAN edo REAGAN MORREY hitzek, azpimarratuta eta letra larriz, puntuazio ona atera behar zuten pertsonak begiratu batean identifikatzeko balio zuten. 70 puntu baino gehiago atera zituzten pertsonen % 95ak hitz gako horiek erabili zituzten.

Aurkikuntza garrantzitsu hori ikusita, espero dugu magistratuak bere irizpidea berraztertzea ikertutako 21 kategorietako azterketak aztertzearen garrantziari buruz, eta 6 hilabeteko luzapena onartzea, merezi bezala aztertu ahal izateko.

Era berean, 70 puntu baino gehiago lortu eta hitz gako horiek erabili zituzten traumatologiako 48 izangaien lanpostuaren kokapen geografikoa eskatu dugu. Eskaera honen helburua da pertsona horiek epaimahaiko kideekin duten lotura aztertzea. Debagoienean, adibidez, zerbitzuburuak azterketaren osaketan parte hartu zuen, eta haren agindupeko guztiek erabili zuten hautemandako seinalea, eta ariketaren notarik altuenak izan zituzten. Osakidetzak ez zituen egoera horiek bere garaian ikertu, nahiz eta jakin epaimahaikideak, ariketako kasuak ezagututa, Astoria hotelean ezkutuan bildu zirela azterketa egin baino egun batzuk lehenago.

LABek ziurtasun osoa du azterketek filtrazioen behin betiko ebidentziak gordetzen dituztela, eta horregatik tematu gara jatorrizko dokumentu horiek kausara ekartzeko. Orain arte, jatorrizko dokumentuak lortu ditugun bi kategoria bakarretan anomalia eta kointzidentzia larriak identifikatu dira, azaltzen oso zailak filtrazio bat izan ez bada.

Osakidetzak ez zuen filtrazio-zantzurik ikusi traumatologian, ezta beste kategoria batean ere, egoera lotsagarriak izan arren, eta erabateko zigorgabetasuna dagoenean baino posible ez direnak. Osakidetzak egindako ikerketa fartsa erakundearen jardunaren beste ebidentzia bat da. Erakundeko zuzendariek berme-mekanismo bat sustatu eta blindatu zuten, filtrazioak gerta zitezen, eta filtrazio horiek hainbat modutan ezkutatzen saiatu ziren, izkutuko bilerak eta bi urte baino gehiagoz ikerketari izkutatakoak barne; esate baterako, kirurgia plastikoko iragazlearekin eta haren hautatuarekin egindako bileretan, Osakidetzako eta HAEEko zuzendariek parte hartu zuten. LABen pertseberantziak eta sindikatuak eskatuta egindako eginbideek egoera horiek argitara ateratzea lortu dute, iragarpen guztien aurka. Osakidetzako lehengo zuzendaritzaren agerraldiak –berriro eskatu dugunak- bakarrik argitu ahal izango ditu 2018an sustatzen zen LEP ereduaren inguruko zalantza handiak, Darpon sailburuaren ahotan Osakidetzaren historiako bermatzailerik eta garbiena izan zena.

Hala eta guztiz ere, HAEEk azterketetan parte hartzearen ondoriozko garbiketa itxuraren ondoren, fakultatibo espezialistak hautatzeko prozesuen funtsa azalera atera da, eta plazen banaketa diskrezionala are gehiago blindatzen zen ezarritako neurriekin. Darponek, Mujikak, Balerdik, Sotok, Arcelayk eta Apariciok oraindik ere erantzun ugari dituzte argitu gabeko galderen inguruan, eta, beraz, LABentzat, iritzi publikoa edo eragindako milaka hautagaientzat ez da ulergarria pertsona

horietako bakar bati ere deklarazioa hartu ez izana, nahiz eta fiskaltzak berak ere egoki ikusi zuen Balerdi, Soto eta Arcelayri buruzko hasierako salaketa-idazkian.

Akusazioko aldeei dei egiten diegu luzapen-eskaera horrekin bat egin dezaten, milaka kaltetu dituen eta herritarren bizitzan hain garrantzitsua eta hain presente dagoen Osakidetza bezalako erakunde baten oinarri demokratikoak serioski konprometitzen dituen ikerketa bat modu faltsuan itxi ez dadin.

Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako langile guztiak dei egiten ditugu ekintza-batasunaren alde egin dezaten, herrialde osorako garbiketa hitzarmen duin bat lortzeko

LAB sindikatuan kezkatuta gaude. Kezkatuta gaude Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa Hitzarmenaren negoziazioa hartzen ari den noraezarekin. Negoziazioa hasi zenetik urtebete igaro denean, egoera larritu egiten ari da, akordio posible batetik oso urrun gaude eta nolabaiteko blokeoa sumatzen hasi da. Larritasun hori agerian geratu da azken bileran; izan ere, patronalek ez dute proposamen berririk ekarri.

Garbiketa-hitzarmena Bizkaiko hitzarmen garrantzitsuenetako bat da, 11.000 langile baino gehiagoren lan-baldintzak arautzen dituen aterkia, alegia. Bere kasa uztea, egunero, uniformea jantzi eta ogia irabazteko etxetik irteten diren ehunka langile prekaritatera kondenatzea da.

LAB sektore horren aldeko borroka eredugarri bat egitearen aldekoa da. Horrela erakutsi dugu hasieratik. Garbiketako langile guztien lan-baldintzak hobetzeko aktibazioaren, mobilizazioaren eta konfrontazioaren aldeko apustua egin dugu.

Bizkaiko garbitzaile guztientzako hitzarmen duin bat lortzeko konpromiso irmoa dugu, eta helburu horrekin mobilizatzen ari gara azarotik. Hitzarmen probintziala blokeatuta dago. Eta bada nor, blokeo hori dela eta, zentroetako akordioak lortzeari begira negoziazio propioak hasi dituena.

Kezkatuta gaude ikusten dugulako nola deitzen diren greba mugagabeak udaletan, museoetan, unibertsitateetan, etab. Baina kolektibo hauei ere garbiketa hitzarmena aplikatzen zaie. Urtebetetik negoziatzen ari garen hitzarmen bera aplikatzen zaie. Joan den azarotik mobilizatzera eraman gaituen hitzarmen bera aplikatzen zaie. Kide hauen borrokari balioa kendu barik, galdera bat: Zergatik ez borroka horiek guztiak batu?

Hitzarmen sektoriala lurzorua da, eta garbiketaren sektorean lan egiten dutenentzat gutxieneko baldintzak arautzen ditu. Udal-zentroak garbitzen dituzten soldatak ezartzen ditu, baina baita portalak garbitzen dituztenenak ere. Guggenheim museoa garbitzen dituztenen lan baldintzak arautzen ditu, baina baita goizeko 6etan banku-bulegoak garbitzen dituztenenak ere, nahiz eta ordu horietan oraindik gaua izan, nahiz eta inork ikusten ez dituen. Garbiketa-hitzarmena ez da gutxi batzuentzako hitzarmena, gainerako guztien hitzarmena baizik.

Bere kasa uztea, interes mediatiko handiagoa pizten duten lekuetan zentroko negoziazioak irekitzen diren bitartean, akats larria da. Sektorea banatzen jarraitzea eta gutxi batzuentzat hobekuntzak lortzea esan nahi duelako, beste guztietaz ahazten garen bitartean; plurienplegatuetaz, komiterik gabeko enpresetakoetaz, lurralde osoan zehar bajak betetzen dituztenetaz, ahazten gara bitartean.

LABek dei egiten die sektore honetako langile guztiei ekintza-batasunaren alde, indarrak batzearen alde eta Bizkaia osorako garbiketa-hitzarmen duin bat lortzeko elkarrekin mobilizatzearen alde.

Aurrean dugu patronala, guri ezer ez emateko prest. Baina elkarrekin garatezinak gara. Batu gaitezen, areagotu ditzagun mobilizazioak, goazen denak batera lanzentroak hustu eta kaleak betetzera.