2026-08-20
HomeEkintza PolitikoaCarlos Gimeno kontseilariaren dimisio eskaera berretsi dugu, Iruñeko eta Tuterako hizkuntz eskoletan...

Carlos Gimeno kontseilariaren dimisio eskaera berretsi dugu, Iruñeko eta Tuterako hizkuntz eskoletan murrizketak eginen dituztela-eta

LAB sindikatuak deituta, berrogei lagun inguruk elkarretaratzea egin dute gaur, Iruñeko Hizkuntz Eskolaren aitzinean, salatzeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Tuterako zein Iruñeko hizkuntza eskola ofizialetako 2022-2023 ikasturterako eskaintza murriztea erabaki duela, talde kopuruak gutxiagotuta. LABek uste du neurri hori euskarari egiten zaion enegarren erasoa dela Administrazioaren partetik, bai eta zerbitzu publikoen beste murrizketa bat ere, herritarrek hizkuntzak ikasteko duten eskubidea urratzen baitu. Hartara, duela zenbait egun egin zuen gisara, gaur ere Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu du.

Tuteran, taldeek gutxienez 10 lagunekoak izan behar dutelako baldintza ezarri omen du Departamentuak, bestela alde batera utziko ditu talde horiek. Horrezaz gain, Tuteran zein Iruñean, Hezkuntzak talde kopurua murriztuko du; horren ondorioz, herritarrek hizkuntza ikasteko eskaintza txikiagoa izanen dute. Neurri horrek, gainera, euskaran ez ezik, beste hizkuntzetan ere ikasketa prozesuaren jarraipena eragotzi lezake, gerta litekeelako talderik ez izatea maila batzuetan.

Horiek horrela, Tuterako Hizkuntza Eskolan, Hezkuntza Departamentuak 26tik 22ra jaitsiko omen du Ingeles Departamentuko talde kopurua, eta 6tik 3ra Euskara eta Alemanekoak; osotara, 10 talde gutxiago egonen dira, 3 irakasle gutxiago -haietako bat, Euskaran-. Bestalde, Iruñeko Hizkuntza Eskolan hauxe da aurreikuspena: Euskara Departamentuan 2 talde itxiko dituzte -aurretik beste bi jada itxi ziren-; Ingelesean 2, Alemanen 3 kenduko dituzte, eta 21 talde izatetik 18 talde izatera pasatuko dira. Frantses eta Italiera departamentuei ez zaie talderik kenduko heldu den ikasturtean, baina kontuan hartu behar da aurreko urteetan hainbat talde itxi zizkietela departamentu horiei.

Tuterako Hizkuntza Eskolako zuzendaritzak berak adierazi du Hezkuntza Departamentuak Erriberan egin nahi duen murrizketa gauzatzeak galera nabarmena ekarriko liokeela eskualdeari. LAB sindikatuak azpimarratu nahi du murrizketa horrek herritarrak ez ezik, langileak ere kaltetuko lituzkeela, eta ohartarazi nahi du azken murrizketa hau gehituko zaiela dagoeneko irakaskuntzan gertatzen diren eskubide urraketei; esaterako, adinagatik dagokien ordu lektiboen murrizketa ukatu zaie hainbat irakasleri.

Hizkuntza Eskola Ofizialen salaketa Gimenoren Departamentuak zenbait arlotan sortu duen hondamendiari eransten zaio: euskararen aurkako erasoak, PAI egonkortzea, Lanbide Heziketan ziklo elebidunen inposizioa, Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileak greba mugagabera bultzatu dituen prekaritate egoera, COVIDagatik ezarritako jardunaldiaren eta eskolaz kanpoko jardueren inposaketa, esparru guztietan negoziaziorik eta komunikaziorik eza, ikastola eta itundutakoei behin eta berriro entzungor egitea, Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna ez betetzea… Horrengatik guztiarengatik, LABek jarraitzen du Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatzen, ardurapean duen Departamentua behar bezala ez kudeatzeagatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...

Elkartasun bidaia Kubara

LAB sindikatuaren ordezkaritza bat La Habanan izan da Fidel Castro Ruzen jaiotzaren 100. urteurreneko ekitaldietan. Iraultza kubatarraren buru izandakoari buruzko konferentziaren testuinguruan, gure elkartasuna...