2026-07-17
Blog Page 395

Gipuzkoako metalgintzan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa adostea exijitzen diogu ADEGIri

2020an sinatu zen Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean adostutako konpromisoen artean, sektorean berdintasuna landuko zuen batzordea eratzea izan zen. Batzorde horrek urgentziaz landu beharreko helburu bat jarri zuen: sexu jazarpenaren kontrako protokolo bat adostea.

Izan ere, nahiz eta enpresa guztiak egon derrigortuak sexu jazarpenari aurre egiteko neurriak adostera, errealitateak argi erakusten digu, enpresa txikiek (50 langile baino gutxiago dituztenek) berdintasun planak negoziatzeko derrigortasuna ez duten heinean, gai hauetan ez dutela inolako neurririk aplikatzen. Hortaz, sexu jazarpenaren kontrako protokoloa bertan adostea ia ezinezkoa bilakatzen da bertako emakumeak babesgabean utziz.

Urtebete egon gara bilerak egiten, 2021ko martxoaren 9an egin baikenuen lehen bilera, eta urtebete nahikoa izan da LABentzat errealitate gordinaz jabetzeko: ADEGIk ez du indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo adostu bat egitea nahi. Araugilea, hau da, derrigorrezkoa izango den ezer adosteari uko egiten dio ADEGIk.

Indarkeria matxistak aspaldi behar zuen lantokietatik kanpo, baina datuek egoera horretatik urrun gaudela erakusten dute. Ez da onargarria horrelako egoera larriak ematen direnerako protokolo bat zehazteari uko egitea, jakinik protokoloaren helburu nagusia biolentzia matxistaren prebentzioa, sentsibilizazioa eta erasoa eragotzi ez denean, berau jasan duen emakumea babestea dela.

Honengatik, LABetik exijitzen diogu ADEGIri bere jarrera alda dezan, eta indarkeria matxistaren kontra aplikatu beharreko protokolo bat adostu dezala. Egoeraren larritasuna kontuan izanda, LABek sektoreko emakumeekin erantzun bat prestatuko du.

Sindikalgintza Antirrazista Baterantz izeneko jaialdia egingo dugu larunbatean Durangon

Apirilaren 9an, larunbata, Durangoko Institutuan hitzordu garrantzitsua dugu. Hain zuzen ere, bertan egingo dugu Sindikalgintza Antirrazista Baterantz izeneko jaialdia, 10:30 eta 18:30ak bitartean.

Topaketa hau aitortza eta elkar ezagutza kolektiborako espazio bat izango da, LABetik arrazakeriaren aurkako gure praxi sindikala elkarrekin ehuntzen jarraitzeko. Une eta aukera ezberdinak egongo dira: esperientzien mahaiak, tailer praktikoak, gaikako saioak, herri bazkaria, kontzertuak eta arrazakeriaren aurkako azoka.

Langile migratuak eta arrazializatuak izango dira eguneko protagonistak, baita migratu ez diren delegatu zein liberatuek ere, beren tokitik eta kokapenetik. Entzuteko, ekarpenak egiteko eta partekatzeko eguna izango da, azken batean.

Denok eroso parte hartu ahal izateko, itzulpengintza, garraioa, haurtzaindegi zerbitzua, bazkaltzeko erraztasunak, ramadan daudenentzako aukera… egongo dira.

Arabako metalgintzan hiru greba egun egingo ditugu maiatzean, hitzarmen duin baten alde

Sindikatuon ohar bateratua, gaur egindako agerraldiaren harira:

Arabako metalaren negoziazioak 4 urte daramatza inolako aurrerapenik gabe. COVID-19aren krisiarekin negoziazioak gelditu ziren, baina ondoren patronalak beti aurkitu ditu aitzakiak aurrera ez egiteko. Ozen eta argi diogu: denbora honetan guztian SEAk bere horretan jarraitzen du.

Horren aurrean, LAB-ELA-CCOO akordio batera iritsi ginen iazko abenduan, Arabako Metalaren Hitzarmen Kolektibo duin bat izateko negoziazioak eta ekintza sindikalak bultzatzeko, eta, ondoren, USO-ESK-CGT batu zitzaizkion. 3 hilabete eta 4 bilera egin ondoren, SEAren egoerarekin bat datorren erantzunaren zain jarraitzen dugu, sektorean arazoak eta prekarietatea pilatzen ari baitira oraindik: bizitzaren garestitzeari aurre egin ezin dioten soldatak, lanaldi oso altua eta malgutasun handia, kontratazioan iruzurra, behin-behinekotasun handia eta ABLEak, azpikontratazioa gorantz, emakumeen diskriminazioa sektore oso maskulinizatu batean, lan istripu ugari egungo egoeretara egokitzea…

Horregatik guztiagatik, maiatzean hiru greba egun deituko ditugu, maiatzaren 18an hasita, eta ondoren, 24an eta 26an, patronala-SEA mugi dadin eta sektorearen arazoei erantzungo dieten edukiak lor ditzagun.

Plataforma bateratuak, besteak beste, honako aldarrikapen hauek ditu:

– KPIaren gaineko soldata igoerak, 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin 14 ordainsarietan. – Lanaldia nabarmen jaistea
– Azpikontratetako langileentzako subrogazioa
– Kontratazioko iruzurraren aurkako neurriak

– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
– Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak
– Lan osasuna bermatzeko neurriak
– Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan baldintza batzuk
– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Beraz, dei egiten diogu Arabako Metalaren Sektoreari maiatzaren 18an grebak egin ditzan, kalera irten dadin eta ekoizpena eten dezagun lan baldintza duinak lortzeko.

Langabezia-datuek enpleguaren ezegonkortasuna ezkutuan uzten dute

Aurtengo martxoan otsailean baino 1.975 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, 151.483 langabe hain zuzen ere. Igoera hori modu desorekatuan jasan dute langileek, gazteak eta migratuak izan baitira batez bestekotik gorako igoera izan dutenak. Gogoan izan behar dugu, emakumeak direla langabezia egoeran dauden gehienak, % 58 hilabete honetan.

Datu hauek enpleguaren eremuan gertatzen diren prekaritate egoeren isla dira. Izan ere, gogoan izan behar dugu enplegua sortzen den garaietan gazte eta migratuen enplegua dela lehena errekuperatzen, enplegu ezegonkor eta prekarioena, eta langabezia igotzen denean, kasu honetan bezala, langile horiek direla bazterrean uzten diren lehenak.

Datu ofizialek kontratazio finkoaren igoera bat erakutsi digute. Hala ere, Hego Euskal Herriko kontratazio guztiaren % 20a besterik ez dira. Edonola ere, datozen hilabete-urteetan enpleguaren ezegonkortasuna neurtzeko bestelako adierazle batzuk erabili eta sortzea ezinbestekoa izango da enpleguaren errealitatea ezagutzeko. Aldizkako kontratu finkoen igoera esanguratsua espero dugu, estatistiketan kontratu finko gisa ageri diren eta ezegonkortasun adierazle direnak. Izan ere, lan erreformak aldi baterako kontratatuei muga ezarri badie ere, beste modu bateko ezegonkortasun figurak zabaldu ditu, aldizkako kontratu finkoak egiteko posibilitateak zabalduz. Beraz, aldi baterako kontratuen gutxitzea aldarrikatzen duten diskurtso triunfalistekin adi egon behar dugu, atzean dauden ezegonkortasun egoerak ezkutatzen dituelako.

Testuinguru honetan ezin aipatu gabe utzi langabezia egoeren daudenez gain langile guztien bizi baldintzetan izaten ari diren atzerakadak. Azken hilabeteetan areagotzen ari den eros-ahalmenaren galera azpimarratuko dugu: soldatak, pentsioak igo gabe, edo KPI azpiko igoerekin, erregai, argindar zein oinarrizko produktuen prezioek gora egiten jarraitzen duten bitartean. Oraingoan ere langileok ari gara jasaten krisiaren ondorio latzenak, 2008an, pandemian eta jazotako beste krisietan bezala.

Ez zaio gehiegi axola izan langileon egoera Azpiazu jaunari, KPIaren azpiko soldata igoerak proposatu dituenean, argindarraren, erregaien edota produktu freskoen igoera aintzat hartu gabeko KPI deskafeinatua eskatuz. Patronalaren ordezkari gisa jokatu du herritarren gehiengoa osatzen dugun langileon interesak kontutan hartu gabe.

LABek langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu, KPIaren araberako soldata igoerak borrokatuz, langile guztientzat izango den sindikalismoa eginez, kalitateko enplegua eta lana bermatzea bultzatuz, horretarako banaketa hirukoitzean (enplegua, zaintza eta errentaren banaketa) oinarrituriko gure proposamenak eremu guztietan landuz.

Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko aldarria aterako dugu kalera Maiatzaren Lehenean

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Komunikazio idazkari Maider Jauregik agerraldia egin dute, Maiatzaren Lehenerako sindikatuak egingo dituen mobilizazioen berri emateko, “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin. Hainbat deialdi iragarri ditugu Hego zein Ipar Euskal Herrian.

Idazkari nagusiaren hitzetan, “Maiatzaren Lehen honetan, LABetik enplegua eta zaintzak banatzeko eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo dugu azpimarra. Izan ere, banaketa hirukoitzaren alde egiten dugu, zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzearen alde”.

Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen.

Aipatu egoera ez du pandemiak sortu, ezta Ukrainako gerrak ere. Kapitalismoa da. Hamarkadak daramatzagu politika neoliberalak jasaten, eta fase kapitalista berri batean murgilduta gaude. Fase berri hau aurrekoak baino bortitzagoa da.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “aspaldidanik ari gara esaten: egoera jasanezina bihurtzen ari da ikuspegi sozialetik zein ekologikotik. Planetak baliabide mugatuak ditu eta testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean. Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen”.

Pandemian osasuna eta ekonomia zaintzeaz hitz egiten ziguten bezala, orain antzeko paralelismoa egiten da, pertsonak eta ekonomia babesteaz ari direnean: “Kapitalismoan etorkizunik ez dugu langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu. Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu. Benetan pertsonak babestu nahi badira, langile klasea eta herri-sektoreak zaindu nahi badira, asmo hori eslogan hutsean uzterik ez dago. Bada ordua pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzeko”.

Idazkari nagusiak nabarmendu duen bezala, egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan. Batzuek zein besteek aurkeztutako neurriak guztiz askiezak dira. Gainera, laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere”.

Elite ekonomikoek, zehazki, oligopolio energetikoek boterea eta aberastasuna kontzentratzeko estrategia darabilte; instituzioek ezin dute hori onartzen eta babesten jarraitu. Energia ondasun publiko eta unibertsala da, ezinbestekoa guztiontzat.

Iraingarria da Iberdrola eta Petronorren gisako energia enpresak aberasten jarraitzea, herritarren kontura. Oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea exijitzen dugu, energiaren prezioa mugatzea. Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa.

“Eztabaida soziala bultzatu behar da eta neurri politikak hartu banaketarako, birbanaketarako. LABetik banaketa hirukoitzerako egiten dugun proposamena norabide horretan doa.”, azaldu du idazkari nagusiak.

Banaketa hirukoitza

Eta zertaz ari gara banaketa hirukoitzaz hitz egiten dugunean? Galderari horrela erantzun diogu:

– Lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz.

– Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu. Nola banatu aberastasuna?

  • Soldatak hobetuz. KPIaren araberako soldata igoerekin, eros-ahalmena ez galtzeko. Eta 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin. LABek ez du inolako errenta pakturik  onartuko langileok galdu dugun eros-ahalmena berreskuratzeko ez  bada. Gure proposamenean ere gehienezko soldata ezartzeko beharra jasotzen dugu, 1/3 proportzioaren araberakoa.
  • Zerbitzu publikoak hobetuz. Ez gatoz bat gastu militarra handitzeko asmoekin. Bizitza duinak bermatzeko inongo neurririk hartu ez eta, kontrara, bizitzak suntsitzeko diru gehiago jartzeko nahiarekin ere ez gaude batere ados.

Zerbitzu publikoen suntsiketari amaiera eman eta kalitatezko zerbitzu publikoak garatu behar dira osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitza politiketan, politika sozialetan. Zaintzarako zerbitzu publikoa garatzea ere ezinbestekoa ikusten dugu.

  • Erreforma fiskalarekin. Kapitalaren errentei eta enpresen irabaziei zergak igota.

Garbiñe Aranburuk erantsi bezala, “hori guztia hemen, Euskal Herrian, egin behar dugu posible. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea afera globala da, tokian toki sustatu beharrekoa, elikadura burujabetzan aurrera eginez, baita energia burujabetzan ere; burujabetza, langileen bizi-baldintzei dagozkien erabakiak hartzeko”.

Hauek dira Maiatzaren Leheneko LABen deialdiak:

  • Bilbo. 11:00etan, Zabalburutik
  • Donostia. 12:00etan, Easo plazatik
  • Eibar. 12:00etan, Untzaga plazatik
  • Gasteiz. 12:00etan, Andra Mari Zuria–Mateo Morazatik
  • Iruñea. 12:00etan, Gaztelu plazatik
  • Azkoien. 12.00etan, BMko aparkalekutik
  • Lizarra. 12.30ean, geltokitik
  • Tafalla. 13.00etan, Nafarroako Plazatik
  • Tutera. 12.30ean, Queiles pasealekutik
  • Doneztebe. 12.00etan, Avia gasolindegitik
  • Altsasu. 12.30ean, Foruen plazatik
  • Leitza. 12:00etan, Herriko plazatik
  • Baiona. 11:00etan, Lan Burtsatik   

Mobilizazio horien inguruan, espazio ludikoak prestatuko ditugu, errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilaka dadin.

Bestalde, nabarmendu nahi dugu aurten ez dugula plastiko serigrafiaturik erabiliko Maiatzaren Lehena iragartzeko. Ez dugu plastikozko 12.800 metro jarriko. Urrats asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat.

Osakidetzako Lehen Arretako zentroetan mobilizatu gara, kalitatezko osasungintza publikoaren defentsan

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta, elkarretaratzeak egin ditugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zentroetan, hilabeteotako dinamika mobilizatzailearen baitan. Apirilaren 8an eta maiatzaren 16ean beste bi greba egun egingo ditugu Osakidetzan, baina egun horien atarian hainbat protesta daude iragarrita. Urrutira joan gabe, larunbaterako bizitzaren eta osasun publikoaren alde deituta dauden mobilizazioekin ere bat egin dugu sindikatuok.

Bizkaiko merkataritzako langileek greba egingo dute apirilean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren aurrean

LAB eta ELA sindikatuon oharra, CEBEK aurrean egindako elkarretaratzearen harira, apirilean grebara dei eginez:

2007, 2015 eta 2018 dira larruaren eta oinetakoen, ehungintzaren eta, oro har, oinetakoen merkataritzako hitzarmenak berritu gabe ditugun urteak. Orduz geroztik, merkataritza-sektorea eraldaketa sakona jasaten ari da digitalizazioaren ondorioz, baina gure lan-baldintzak ez dira horretara egokitu. Azken hilabeteetan hainbat lan-eraso jasan ditugu enpresen aldetik: aldaketa nabarmenak, gehiago prekarizatu gaituztenak, gehiegizko lan-karga, funtzio berriak zabalduz, aitortu edo saritu gabe, neurri negoziatuak aplikatu dizkigute Madrileko enpresen neurrira, EREak jasan ditugu eta dendak itxierak ere bai…

Pandemiak eta egungo ezegonkortasun ekonomikoak ez dute lagundu, eta oinarrizko ondasun guztien prezioak gora egiten duen bitartean, gure soldatak mantendu egiten dira eta egunetik egunera balioa galtzen dute. Gero eta prekarizatuago eta gero eta pobretuago gaude. Hitzarmenen negoziazioa blokeatuta eta gero eta tentsionatuago dago.

Atzo amaitu zen merkataritzaren ultraktibitatearen luzapenaren epea. Herenegun, ehungintzako merkataritzaren negoziaziotik atera ginen, jarrerak are urrunago genituela. Patronalak elementu erregresiboak ezarri nahi dizkigu gure hitzarmenetan: KPIaren oso azpitik dauden soldata-igoerak, antzinatasuna ezabatzea, udako larunbat arratsaldeetan lan egitea, eta horri guztiari CECOBIk eta Bizkaidendakek bajak lehen egunetik % 100eraino ez osatzea planteatzen dute, gaixotzea zigortuz. Gure sektorean absentismoa oso handia dela argudiatu dute. Nola ez da altua izango, etengabeko antsietatean bizitzera behartzen bagaituzte? Hilaren amaierara iristeko ematen ez duten lanaldiekin, funtzio gehiagorekin eta langile gutxiagorekin? Pasatu berri dugun enplegu-erregulazioko espedientea azkena den jakin gabe?

Gure hitzarmenak berritu behar ditugu, baina ez edozein preziotan, hitzarmen duinen alde egingo dugu. Lanaldia murriztea baina soldata handitzea; kategoriak berritzea; ordaindutako lizentziak erraztea; partzialtasuna zigortzea. Horregatik ari gara urtarriletik kalean borrokan eta gaur Patronalaren aurrean batu gara, dirudienez, feminizatutako sektoreek hitzarmen duinak sinatu ahal izateko borrokaren bidez egin behar baita.

Argi daukagu urteetan zehar lortu ditugun eskubideei uko egingo diegula. Bada garaia soldatak eguneratzea eta gure baldintzak hobetzea aldarrikatzeko, urteak daramatzatelako izoztuta. Horregatik, hobekuntza horiek onartu arte ez gara geldituko, eta, behar izanez gero, grebara joko dugu apirilean.

Denok kalean egon behar dugu patronala mugitzeko eta mahaiak desblokeatzeko! Gora merkataritzako borroka!

“Inor ez etxerik gabe”, aldarrikatu dute Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko langileek

Gipuzkoako Esku-Hartze Sozialeko sektoreko langileen adierazpena (LAB, ELA, CCOO):

Joan den otsailetik ostegunero dozenaka pertsonek gaua igarotzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian etxegabezia arazoa salatzeko. Donostian esku-hartze sozialean lan egiten dugun langileok egunero bertatik bertara ikusten dugu arazoaren gordintasuna. Gizarte bazterkeria pairatzen duten pertsonen kopurua areagotzen ari da, batik bat herri honetan dugun etxebizitza larrialdiaren eta migrazio politika baztertzaileen ondorioz.

Gobernuen borondate eskasaren aurrean, auzoz auzo kalean bizi diren pertsonei afari beroak emateko borondatez antolatu dira bizilagunak. Afari solidarioen bidez gauero 120 pertsona inguruk bero jaten dute. Ekimenaren bultzatzaileek hasieratik salatzen ari dira jangela sozial baten falta ez ezik, etxerik gabeko pertsonentzako aterpeen falta.

Ostegunero kalean lo egiteko elkartzen direnekin batera, guk ere kalean lo egitea, 0 gradu izan ala 5 izan, zein gogorra den gogorarazi nahi diogu Donostiako udalari. Etxegabezia arazoari urte osoan zeharreko proposamen errealekin erantzuteko eskatzen diogu.

Oinarrizko beharrizanei erantzuteko, pobrezia, bazterkeria soziala, arrazakeria, etxegabezia bezalako egiturazko arazoei aurre egiteko gaur egungo politika sozialen norabidea aldatu behar dela uste dugu eta gizarte politikak indartzeko eskatzen dugu. Inbertsio eskasak eta azpikontratazioak, lan baldintzak okertzeaz gain, zerbitzu duina, harrera eta babes soziala eskaintzeko gaitasuna ahultzen du.

Errolda eskuratzeko eragozpenak, gazte izateari utzi eta kalegorrian aurkitzeak, azal kolore eta jatorriagatik poliziak jazarriak, aterpe eta lan duin bat eskuratzeko oztopoak, eta oro har, egoera administratiboa erregularizatzeko ezintasunak egunero pairatzen dituzten kide guzti hauen ondoan gaudela adierazi nahi dugu. Guzti horregatik, egoera hau aldatzeko honako neurriak eskatzen dizkiogu Donostiako udalari:

  1. Lehenbailehen Hotzaren Protokoloaren berrikuspena, La Sirena aterpetxea etxegabeentzako gutxienez neguko gau guztietan irekia izan dadin. Izotz arriskuaren iragarpenaren edota 0 graduen aurrean aktibatzen den protokoloa guztiz ez nahikoa da etxegabezia pairatzen duten pertsonen oinarrizko bizi beharrak bermatzeko.
  2. La Sirena aterpetxeko egiturazko hutsuneak 100%ean ordezkatu daitezela. Ordezkapenak behar bezala ez egitearen ondorioz aterpetxea ixtera ere heldu dira langilerik ez delako egon eta, beraz, udaletxeari eskatzen diogu lanpostuak ez amortizatzeko eta lan baldintza eta zerbitzu duin batzuk bermatzeko.
  3. Etxegabezia egoeran dauden pertsona guztientzako urte osoan zehar lotarako lekua. Urte osoan zehar Donostian 200 etxegabe inguru izaten ditugun honetan, ez da nahikoa arazoari erdizka erantzutearekin. Inor etxerik gabe eta kale gorrian egon ez dadin, baliabide eta inbertsio gehiago behar da.
  4. Hiriko politikak hiritarren behar izanen norabidean jartzea. Donostian areagotzen ari den gizarte bazterkeria, elikadura pobrezia eta etxebizitza larrialdiari politika publiko ausarten bidez erantzun: jangela soziala, aterpetxeak sustatu sektoreko lan baldintzak hobetuz, etxebizitza hutsak mugiarazi, etxebizitza prezioa mugatu, parke publikoa handitu eta alokairu soziala sustatu.

Gaurkoan esku-hartze sozialeko sektoreko langileak afari solidarioen eta ostegunetan kalean lo egitearen ekimenarekin bat egiten dugula adierazteko elkartu gara. Herritarren elkartasun ekimen eta antolakuntzaren balioei esker ari zaio egoera zailenei aurre egiten, eta aldiz, udalaren erantzukizun eta konpromiso sozialaren falta da agerian geratzen ari dena. Gure aldetik, guztiontzako hiri bizigarria eta bizi baldintza duinak sustatzeko lanean jarraituko dugu. Zentzu honetan, herritar dinamikak iganderako deitutako KALERA LOTARA mobilizazioan aprte hartzera dei egiten dugu.

Osakidetzak agerian utzi du eduki zehatzetan aurrera egiteko benetako proposamenik eta borondaterik ez duela, eta sindikatuekiko negoziazioa eten du

Osakidetzak bere jarrera immobilistan 180 graduko bira emango zuenaren itxaropenak ordu batzuk baino ez du iraun; izan ere, gaur goizean Gasteizen deitutako Mahai Sektorialean erakutsi du Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritzak ez duela benetako negoziazio-borondaterik. Jarrera horrek sindikatuekin izandako bilerak porrot egin duenez, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGTsindikatuek mahaitik altxatu eta alde egin behar izan dute.

Bileratik irten ondoren, sindikatuek adierazi dute “argi eta garbi dago proposamenik eta egitate zehatzik gabe ezin dela negoziazio errealik eta eraginkorrik egon, Osakidetzak berriro erakutsi duen bezala gaur goizean, Intersindikaleko kide garen sindikatuok gure eskaera nagusiak gogorarazteko idatzi bat bidali eta ordu batzuetara. Horien artean daude foro horretan bertan lortutako akordioak lehentasunez betetzea eta gatazka irekiak ixtea, hala nola Lehen Mailako Arretan daudenak, non ordutegiak berreskuratzea eta IUPak berriro irekitzea eskatzen dugun, eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan %4ko parekatzearekin, eta Urdulizen txandakako lanaren osagarria berehala ordaintzea, gainerako aldarrikapenei uko egin gabe”.

Gai horien artean, Osakidetzaren aurrekontua 2023 ekitaldirako handitzeko eskakizuna ere mantentzen da, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25a lehen mailako arretara bideratuz; plantillen dimentsionamendua milaka lanposturen sorrerarekin egokitzea, lan-kargak arrazionalizatzea eta herritarrei kalitatezko arreta ematea ahalbidetzeko; plantillak finkatu eta 24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitu, % 8ra jaitsi arte. Era berean, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak itzultzea eskatzen dute sindikatuek, baita Garapen Profesionalean aplikatutakoa ere.

Aldarrikapen horiez gain, honako hauek ere egin behar dira: arrisku psikosozialen ebaluazioa eta neurri zuzentzaileen aplikazioa, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan; malgutasuneko eta/edo lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko neurri eraginkor eta errealak abian jartzea; ospitaleratzearen osagarri diren gatazkak ebaztea (%4); berariazko osagarria; mantenimenduko langileen eskaerak eta Santiagoko aurre-larrialdien itxiera, erretiroaren aktibazioa errazten duten neurriak ahaztu gabe.

Negoziatzeko borondaterik eza

Sindikatuek nabarmendu dute, halaber, “gai horietako asko Osakidetzako Mahai Sektorialean aztertu direla lehenago ere, eta erraz konpon daitezkeela borondatearen arabera. Egoera hori dagoeneko adierazi dugu, eta horixe da deitutako lehen mobilizazioen arrazoia. Osakidetzak bileran esan du ezin dituela aldarrikapen batzuk onartu, ez daudelako aurrekontuan sartuta. Baieztapen onartezinak dira, kontuan hartuta atzo bertan Aspiazu sailburuak 605 milioi euro aurreztu direla aitortu baitzuen”.

Aldarrikapen horiei guztiei irteera emateko, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egutegi zorrotz eta eraginkor bat programatzea eskatu zuten atzo bertan, gai horiek guztiak negoziatu ahal izateko eta datozen hilabeteetan neurri zehatzak eta garrantzitsuak lortzeko. Horretarako, proposatu zen mahai sektorialen maiztasuna handitzea, gaur egun maiztasun hori hilean behin ezarrita baitago, gai horiek negoziatzeko eta konpontzeko foro praktiko bat izan dadin.

Sindikatuentzat, Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritzak azken hilabeteetan eta urteetan sortu duen egoera, negoziatzeko jarrera hutsarekin, oso larria da, eta, horregatik, Osasun Sailari eskatzen diogu, Osakidetza solaskide ona ez bada langileekin eta euskal herritarrekin irekitako gatazkei irtenbidea bilatzeko (aste honetan Arartekoak azpimarratu du Osakidetzak eskaintzen duen osasun-zerbitzuari buruz jasotako kexen kopurua handitu egin dela), beste pertsona bat edo batzuk bilatzea planteatu beharko duela, negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatzeko helburuarekin”, esan dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek.