2024-12-07
HomeEkintza PolitikoaZaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko aldarria aterako dugu kalera Maiatzaren Lehenean

Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko aldarria aterako dugu kalera Maiatzaren Lehenean

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Komunikazio idazkari Maider Jauregik agerraldia egin dute, Maiatzaren Lehenerako sindikatuak egingo dituen mobilizazioen berri emateko, “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin. Hainbat deialdi iragarri ditugu Hego zein Ipar Euskal Herrian.

Idazkari nagusiaren hitzetan, “Maiatzaren Lehen honetan, LABetik enplegua eta zaintzak banatzeko eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo dugu azpimarra. Izan ere, banaketa hirukoitzaren alde egiten dugu, zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzearen alde”.

Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen.

Aipatu egoera ez du pandemiak sortu, ezta Ukrainako gerrak ere. Kapitalismoa da. Hamarkadak daramatzagu politika neoliberalak jasaten, eta fase kapitalista berri batean murgilduta gaude. Fase berri hau aurrekoak baino bortitzagoa da.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “aspaldidanik ari gara esaten: egoera jasanezina bihurtzen ari da ikuspegi sozialetik zein ekologikotik. Planetak baliabide mugatuak ditu eta testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean. Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen”.

Pandemian osasuna eta ekonomia zaintzeaz hitz egiten ziguten bezala, orain antzeko paralelismoa egiten da, pertsonak eta ekonomia babesteaz ari direnean: “Kapitalismoan etorkizunik ez dugu langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu. Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu. Benetan pertsonak babestu nahi badira, langile klasea eta herri-sektoreak zaindu nahi badira, asmo hori eslogan hutsean uzterik ez dago. Bada ordua pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzeko”.

Idazkari nagusiak nabarmendu duen bezala, egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan. Batzuek zein besteek aurkeztutako neurriak guztiz askiezak dira. Gainera, laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere”.

Elite ekonomikoek, zehazki, oligopolio energetikoek boterea eta aberastasuna kontzentratzeko estrategia darabilte; instituzioek ezin dute hori onartzen eta babesten jarraitu. Energia ondasun publiko eta unibertsala da, ezinbestekoa guztiontzat.

Iraingarria da Iberdrola eta Petronorren gisako energia enpresak aberasten jarraitzea, herritarren kontura. Oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea exijitzen dugu, energiaren prezioa mugatzea. Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa.

“Eztabaida soziala bultzatu behar da eta neurri politikak hartu banaketarako, birbanaketarako. LABetik banaketa hirukoitzerako egiten dugun proposamena norabide horretan doa.”, azaldu du idazkari nagusiak.

Banaketa hirukoitza

Eta zertaz ari gara banaketa hirukoitzaz hitz egiten dugunean? Galderari horrela erantzun diogu:

– Lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz.

– Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu. Nola banatu aberastasuna?

  • Soldatak hobetuz. KPIaren araberako soldata igoerekin, eros-ahalmena ez galtzeko. Eta 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin. LABek ez du inolako errenta pakturik  onartuko langileok galdu dugun eros-ahalmena berreskuratzeko ez  bada. Gure proposamenean ere gehienezko soldata ezartzeko beharra jasotzen dugu, 1/3 proportzioaren araberakoa.
  • Zerbitzu publikoak hobetuz. Ez gatoz bat gastu militarra handitzeko asmoekin. Bizitza duinak bermatzeko inongo neurririk hartu ez eta, kontrara, bizitzak suntsitzeko diru gehiago jartzeko nahiarekin ere ez gaude batere ados.

Zerbitzu publikoen suntsiketari amaiera eman eta kalitatezko zerbitzu publikoak garatu behar dira osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitza politiketan, politika sozialetan. Zaintzarako zerbitzu publikoa garatzea ere ezinbestekoa ikusten dugu.

  • Erreforma fiskalarekin. Kapitalaren errentei eta enpresen irabaziei zergak igota.

Garbiñe Aranburuk erantsi bezala, “hori guztia hemen, Euskal Herrian, egin behar dugu posible. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea afera globala da, tokian toki sustatu beharrekoa, elikadura burujabetzan aurrera eginez, baita energia burujabetzan ere; burujabetza, langileen bizi-baldintzei dagozkien erabakiak hartzeko”.

Hauek dira Maiatzaren Leheneko LABen deialdiak:

  • Bilbo. 11:00etan, Zabalburutik
  • Donostia. 12:00etan, Easo plazatik
  • Eibar. 12:00etan, Untzaga plazatik
  • Gasteiz. 12:00etan, Andra Mari Zuria–Mateo Morazatik
  • Iruñea. 12:00etan, Gaztelu plazatik
  • Azkoien. 12.00etan, BMko aparkalekutik
  • Lizarra. 12.30ean, geltokitik
  • Tafalla. 13.00etan, Nafarroako Plazatik
  • Tutera. 12.30ean, Queiles pasealekutik
  • Doneztebe. 12.00etan, Avia gasolindegitik
  • Altsasu. 12.30ean, Foruen plazatik
  • Leitza. 12:00etan, Herriko plazatik
  • Baiona. 11:00etan, Lan Burtsatik   

Mobilizazio horien inguruan, espazio ludikoak prestatuko ditugu, errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilaka dadin.

Bestalde, nabarmendu nahi dugu aurten ez dugula plastiko serigrafiaturik erabiliko Maiatzaren Lehena iragartzeko. Ez dugu plastikozko 12.800 metro jarriko. Urrats asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren...

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.