2024-04-23
HomeEkintza PolitikoaLangabezia-datuek enpleguaren ezegonkortasuna ezkutuan uzten dute

Langabezia-datuek enpleguaren ezegonkortasuna ezkutuan uzten dute

Aurtengo martxoan otsailean baino 1.975 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, 151.483 langabe hain zuzen ere. Igoera hori modu desorekatuan jasan dute langileek, gazteak eta migratuak izan baitira batez bestekotik gorako igoera izan dutenak. Gogoan izan behar dugu, emakumeak direla langabezia egoeran dauden gehienak, % 58 hilabete honetan.

Datu hauek enpleguaren eremuan gertatzen diren prekaritate egoeren isla dira. Izan ere, gogoan izan behar dugu enplegua sortzen den garaietan gazte eta migratuen enplegua dela lehena errekuperatzen, enplegu ezegonkor eta prekarioena, eta langabezia igotzen denean, kasu honetan bezala, langile horiek direla bazterrean uzten diren lehenak.

Datu ofizialek kontratazio finkoaren igoera bat erakutsi digute. Hala ere, Hego Euskal Herriko kontratazio guztiaren % 20a besterik ez dira. Edonola ere, datozen hilabete-urteetan enpleguaren ezegonkortasuna neurtzeko bestelako adierazle batzuk erabili eta sortzea ezinbestekoa izango da enpleguaren errealitatea ezagutzeko. Aldizkako kontratu finkoen igoera esanguratsua espero dugu, estatistiketan kontratu finko gisa ageri diren eta ezegonkortasun adierazle direnak. Izan ere, lan erreformak aldi baterako kontratatuei muga ezarri badie ere, beste modu bateko ezegonkortasun figurak zabaldu ditu, aldizkako kontratu finkoak egiteko posibilitateak zabalduz. Beraz, aldi baterako kontratuen gutxitzea aldarrikatzen duten diskurtso triunfalistekin adi egon behar dugu, atzean dauden ezegonkortasun egoerak ezkutatzen dituelako.

Testuinguru honetan ezin aipatu gabe utzi langabezia egoeren daudenez gain langile guztien bizi baldintzetan izaten ari diren atzerakadak. Azken hilabeteetan areagotzen ari den eros-ahalmenaren galera azpimarratuko dugu: soldatak, pentsioak igo gabe, edo KPI azpiko igoerekin, erregai, argindar zein oinarrizko produktuen prezioek gora egiten jarraitzen duten bitartean. Oraingoan ere langileok ari gara jasaten krisiaren ondorio latzenak, 2008an, pandemian eta jazotako beste krisietan bezala.

Ez zaio gehiegi axola izan langileon egoera Azpiazu jaunari, KPIaren azpiko soldata igoerak proposatu dituenean, argindarraren, erregaien edota produktu freskoen igoera aintzat hartu gabeko KPI deskafeinatua eskatuz. Patronalaren ordezkari gisa jokatu du herritarren gehiengoa osatzen dugun langileon interesak kontutan hartu gabe.

LABek langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu, KPIaren araberako soldata igoerak borrokatuz, langile guztientzat izango den sindikalismoa eginez, kalitateko enplegua eta lana bermatzea bultzatuz, horretarako banaketa hirukoitzean (enplegua, zaintza eta errentaren banaketa) oinarrituriko gure proposamenak eremu guztietan landuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.

Desgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Nafarroako Gobernuarekin itundutako desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroetako langileok mobilizatu egiten gara VI. sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera publikoki salatzeko.