2024-04-25
HomeEkintza Soziala"Inor ez etxerik gabe", aldarrikatu dute Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko langileek

“Inor ez etxerik gabe”, aldarrikatu dute Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko langileek

Gipuzkoako Esku-Hartze Sozialeko sektoreko langileen adierazpena (LAB, ELA, CCOO):

Joan den otsailetik ostegunero dozenaka pertsonek gaua igarotzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian etxegabezia arazoa salatzeko. Donostian esku-hartze sozialean lan egiten dugun langileok egunero bertatik bertara ikusten dugu arazoaren gordintasuna. Gizarte bazterkeria pairatzen duten pertsonen kopurua areagotzen ari da, batik bat herri honetan dugun etxebizitza larrialdiaren eta migrazio politika baztertzaileen ondorioz.

Gobernuen borondate eskasaren aurrean, auzoz auzo kalean bizi diren pertsonei afari beroak emateko borondatez antolatu dira bizilagunak. Afari solidarioen bidez gauero 120 pertsona inguruk bero jaten dute. Ekimenaren bultzatzaileek hasieratik salatzen ari dira jangela sozial baten falta ez ezik, etxerik gabeko pertsonentzako aterpeen falta.

Ostegunero kalean lo egiteko elkartzen direnekin batera, guk ere kalean lo egitea, 0 gradu izan ala 5 izan, zein gogorra den gogorarazi nahi diogu Donostiako udalari. Etxegabezia arazoari urte osoan zeharreko proposamen errealekin erantzuteko eskatzen diogu.

Oinarrizko beharrizanei erantzuteko, pobrezia, bazterkeria soziala, arrazakeria, etxegabezia bezalako egiturazko arazoei aurre egiteko gaur egungo politika sozialen norabidea aldatu behar dela uste dugu eta gizarte politikak indartzeko eskatzen dugu. Inbertsio eskasak eta azpikontratazioak, lan baldintzak okertzeaz gain, zerbitzu duina, harrera eta babes soziala eskaintzeko gaitasuna ahultzen du.

Errolda eskuratzeko eragozpenak, gazte izateari utzi eta kalegorrian aurkitzeak, azal kolore eta jatorriagatik poliziak jazarriak, aterpe eta lan duin bat eskuratzeko oztopoak, eta oro har, egoera administratiboa erregularizatzeko ezintasunak egunero pairatzen dituzten kide guzti hauen ondoan gaudela adierazi nahi dugu. Guzti horregatik, egoera hau aldatzeko honako neurriak eskatzen dizkiogu Donostiako udalari:

  1. Lehenbailehen Hotzaren Protokoloaren berrikuspena, La Sirena aterpetxea etxegabeentzako gutxienez neguko gau guztietan irekia izan dadin. Izotz arriskuaren iragarpenaren edota 0 graduen aurrean aktibatzen den protokoloa guztiz ez nahikoa da etxegabezia pairatzen duten pertsonen oinarrizko bizi beharrak bermatzeko.
  2. La Sirena aterpetxeko egiturazko hutsuneak 100%ean ordezkatu daitezela. Ordezkapenak behar bezala ez egitearen ondorioz aterpetxea ixtera ere heldu dira langilerik ez delako egon eta, beraz, udaletxeari eskatzen diogu lanpostuak ez amortizatzeko eta lan baldintza eta zerbitzu duin batzuk bermatzeko.
  3. Etxegabezia egoeran dauden pertsona guztientzako urte osoan zehar lotarako lekua. Urte osoan zehar Donostian 200 etxegabe inguru izaten ditugun honetan, ez da nahikoa arazoari erdizka erantzutearekin. Inor etxerik gabe eta kale gorrian egon ez dadin, baliabide eta inbertsio gehiago behar da.
  4. Hiriko politikak hiritarren behar izanen norabidean jartzea. Donostian areagotzen ari den gizarte bazterkeria, elikadura pobrezia eta etxebizitza larrialdiari politika publiko ausarten bidez erantzun: jangela soziala, aterpetxeak sustatu sektoreko lan baldintzak hobetuz, etxebizitza hutsak mugiarazi, etxebizitza prezioa mugatu, parke publikoa handitu eta alokairu soziala sustatu.

Gaurkoan esku-hartze sozialeko sektoreko langileak afari solidarioen eta ostegunetan kalean lo egitearen ekimenarekin bat egiten dugula adierazteko elkartu gara. Herritarren elkartasun ekimen eta antolakuntzaren balioei esker ari zaio egoera zailenei aurre egiten, eta aldiz, udalaren erantzukizun eta konpromiso sozialaren falta da agerian geratzen ari dena. Gure aldetik, guztiontzako hiri bizigarria eta bizi baldintza duinak sustatzeko lanean jarraituko dugu. Zentzu honetan, herritar dinamikak iganderako deitutako KALERA LOTARA mobilizazioan aprte hartzera dei egiten dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.