Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren seigarren bilera. Aurreko bileran, patronalari eskatu zitzaion aitzakiak alde batera uzteko eta sindikatu guztiok gure plataformetan jaso ditugun gaiei erantzuteko: KPIaren gaineko soldata-igoerak, lanaldi-murrizketa, aldi baterako ezintasunen osagarriak, ordaindutako lizentzien hobekuntza, jarduera guztietarako subrogazioa, errelebo-kontratuaren aplikazioa, aparteko orduei buruzko neurriak, behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzeko neurriak, telelanaren erregulazioa…
Gaurko bileran patronalak uko egin dio sindikatuen eskaerei erantzuteari, eta hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatzea erabaki du, jarrera harroputz eta arduragabe batekin.
Azken hitzarmena sektorean 10 greba egun egin ondoren lortu zen, eta argi dago FVEMek bere jarrerarekin agertoki berera bultzatzen gaituela. Horregatik, LABen ustez, indarrak batzeko, aliantzak sortzeko eta sektorea aktibatzen eta mobilizatzen hasteko unea da.
FVEMek Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatu du
Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu
LAB eta ELA sindikatuok eta Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztutako adierazpen bateratua, gaurko agerraldiaren harira:
Azken 40 urteetan euskararen normalizazio politikek, muga eta gabezia guztiekin ere, garapena izan dute hainbat alorretan; lan mundua euskalduntzeko, ordea, enpresen boluntarismoa sustatzean oinarritutako politika apalak soilik garatu dira. Horren emaitza da, ezinbesteko esparrua izan arren, gaur gaurkoz %1era ere ez iristea euskara-planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzea. Gainera, behin eta berriro urratzen da langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea.
Adierazitako egoera kontuan izanik, eta lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko garrantziaz jakitun, orain urtebete ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko dinamika bat martxan jarri genuen. Saiakera horren abiapuntua akordioari aukerak ematea izan da. Horrela, hiru eragileek uko egin diogu gure eskaera propioak aldarrikatzeari ekimen honetan, patronala eta beste sindikatuak ere eroso egon zitezkeen abiapuntu baten bila. Hartara, ELArentzat, LABentzat eta Kontseiluarentzat horrela definitu genuen gutxieneko adostasunak eraikitzeko proposamena: 50 langiletik gorako lantokietanlangileen ordezkaritzak edo enpresarenak eskatzen dutenean enpresetako euskara-planari buruzko negoziazioa irekitzea. Neurri horrek, enpresa kopuru mugatu bati, baina Hego Euskal Herriko langilegoaren erdiari eragingo lioke.
Ohartzen ginen, proposamen horrek ez zuela enpresa horietan euskara-planak garatzeko bermerik eskaintzen, soilik horri buruz hitz egin behar izatea baitzekarren. Horrekin batera, ohartzen ginen euskara-planak abiatuta ere, halakoetan egin ohi denez, garatu beharreko neurriak adostasunez definitzera eramango gintuela gerora ere. Hau da, enpresak ez dituela konpromiso zehatzetara lotzen. Halere, enpresan euskararen normalizazio-prozesua egituratzeko eta sistematizatzeko urratsa egiteko aukera emango liguke. Enpresetan euskara-planak egin beharra mahai gainean jartzeko lehen urratsa iruditzen zitzaigun. Gainera, sindikatuok eskaera hori ahalik eta enpresa gehienetara eramateko zeregina eta konpromisoa hartu genuen.
Proposamen hori oinarri hartuta, harreman-erronda zabala egin genuen beste sindikatuekin, alderdiekin eta instituzioekin. Harreman horien helburua patronalari luzatu beharreko proposamenak ahalik eta babes eta bultzada zabalena eskuratzea izan zen. Harreman-erronda horren ondotik, sindikatu guztiak eta patronala biltzen dituen lanbidearteko akordiorako mahaia deitu genuen, proposamena bertan adosten saiatzeko. Bertan adostutakoak enpresa guztietan eragiten baitu.
Bada, esan behar dugu, bide honen amaieran Confebasken ateak erabat itxita topatu ditugula. Izatez, lanbidearteko mahaiko bilera egiteari ere uko egin zion. Jarrera ulertezina eta deitoragarria iruditzen zaigu. Halaber, Nafarroaren kasuan, CEN patronalak ez du gutxieneko interesik agertu bide hau jorratzen hasteko. Horrekin batera, hori bezain ulergaitza iruditu zaigu alderdi politikoen aldetik Legebiltzarrean eginiko proposamena babesteko adostasunik lortu ez izana, ez eta instituzioen aldetik ere inolako babesik eta bultzadarik adierazi ez izana ere.
Horrek guztiak biziki kezkatzen gaitu, ez baitakigu eragile horiek ohartzen ote diren eremu sozioekonomikoa euskalduntzeak zer nolako erronka kolosala dakarren gaur egungo gizartean. Ez dugu ulertzen halako eskaera xumeari, gaia agendan kokatzeari, gaiari buruz hitz egin behar izateari, funtsean, elkarrizketari, ateak horrela ixtea. Eta atsekabetu gaitu gaur egun oraindik ere eragile bakoitza bere lubakitik aritu dela ikusteak, lankidetzarako proposamen zintzoari mesfidantzaz erantzunez.
Horregatik guztiarengatik, euren jarrerak berrikustera deitu nahi ditugu bidean elkarrizketatu ditugun eragile guztiak. Jarrera eta jokabide horiekin, borondate eta konpromiso falta horrekin, ez dugu uste langileen euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzea posible izango denik. Ez gaur egungo baldintzetan.
Gainera, askotan aipatu dugu, baina berriro gogorarazi behar dugu, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzeari begira une edo momentu estrategikoan gaude. Izan ere, datozen bi hamarkadetan Hego Euskal Herriko langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo da. Belaunaldi aldaketa gertatzera doa, eta beraz, abagune paregabea izango da eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko. Kontrakoa ere gerta liteke, ordea: neurri egokirik hartu ezean, belaunaldi hori erdaldunduko baitu eremu sozioekonomikoak. Eta, ondorioz, ezdeusean geratuko lirateke hezkuntzan belaunaldi hori euskalduntzeko egindako ahaleginak eta inbertsioak.
Hemen bildu garen hiru eragileon aldetik, argi eta ozen adierazi nahi dugu jasotako ezezkoek ez gaituztela geratuko. Ez dugu etsiko, eta ezezko horrek lantokietan Euskara Planak modu normalizatuan negoziatzea zaildu egingo duen arren, gure aldetik bide horretan urrats berriak egiteko asmo sendoa berresten dugu. Horretarako, ELA, LAB eta Kontseilua aukera eta bide berriak aztertzen ari gara. Oraingoz, CCOOrekin eta Adegirekin izan ditugun harremanetan mahai gaineratutako aukera batzuk lantzen jarraitzeko asmoa dugu. Horrekin batera, aurten Euskaraldia izango dugula baliatuz, enpresaz enpresa bertan parte hartzeko dinamika bateratua martxan jartzeko aukerak lantzen ari gara. Horrela, enpresek Euskaraldian izena eman dezaten lan egingo genuke eta, ondoren, enpresa horietan euskara-planak martxan jartzeko aukerak landuko genituzke.
KORRIKAk herri gogo indartsu eta konprometituaren milaka irudi erakutsi dizkigu. Eta, nola ez, bai eta bi mezu nagusi ere. Batetik, gure hizkuntzaren normalizazio-prozesuak presa duela, hartara, neurriak eta konpromisoak behar dira aurrera egingo badugu. Bigarrenik, hitzetatik ekintzetara jauzia egin beharra aldarrikatu dugu ehunka mila euskaltzaleok. Horrexegatik, beraz, lan munduaren euskalduntzean hitzetatik ekintzetara pasatzeko dei egin nahi diegu eragile guztiei.
Norbaitek sinets dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik?
2021. urteko lan istripu hilgarrien txostena aurkeztu genuen atzo, eta handik gutxira, beste bi lan heriotzen berri izan genuen; urteko 18 eta 19. lan istripu hilgarria Euskal Herrian, lan munduan bizi dugun errealitatearen isla. Aurretik, joan den astean, arrantzale bat hil zen Santoñako uretan, bihotzekoak jota, eta horixe salatu dugu Hondarribiako Kofradian gaur, euskal gehiengo sindikalak deitutako mobilizazio baten bitartez.
Egoera jasanezina da, astero langile bat baino gehiago hil egiten ari da, eta erakundeek ez dute sarraski hau agenda politikoan kokatzen. Ez da zori kontua, prekarietatea da.
Iruñean atzo Arrosadia auzoko obra batean hildako pertsona Construcciones Mariezkurrenako 52 urteko langilea zen. Gure datuen arabera, langilea paletak altxatzeko makina bat garbitzen ari zela, makinaren beso mugikorra gainera etorri zaio eta jo eta bertan hil du. Leioan atzo hil zen pertsona, berriz, CARBIZKAIA enpresako 49 urteko langileak, pintorea ofizioz, lan heriotz ez traumatiko baten ondorioz galdu zuen bizia.
Sektore guztietan gertatzen ari dira hildakoak, astero, eta hemen ez da ezer gertatzen. Egoera horren aurrean, norbaitek sinets dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz honi aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.
Langileok ezin dugu egoera hau normaltzat eman, ezta honetara ohitu ere.
Burujabetza, bakea eta eraldaketa aldarrikatu ditugu Aberri Egunaren harira
LAB sindikatuak adierazpen bat egin du 2022ko Aberri Egunaren harira, “Egin dezagun Euskal Herrian. Burujabetza, bakea, eraldaketa” izenburupean.
“Egin dezagun Euskal Herrian, Madrilen eta Parisen ezin dena: burujabetza eta autodeterminazioa, bakea eta eraldaketa”, adierazi dugu dokumentuan, eta sistemaren eskaintza “inperialismoa, gerra eta krisia” direla ohartarazi dugu.
Sindikatuaren hitzetan, “Elkarbizitza Demokratikorako ekarpena egitearekin batera, estrategia eraldatzailea eta independentista praktikara eraman nahi dugu, Estatuetan posible ez den hori, Euskal Herrian posible eginez, Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua (LHBSEE) eratzeko proposamenak eginez, Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako Legea gauzatu daitezen bidea egiteko ekimenak jorratuz, enplegu duinerako sektorearteko akordioa, esaterako”.
LABek langile guztientzako sindikalismoa garatu nahi du, eta horrek ezinbestean sindikalismo feminista eta antirrazista garatzea esan nahi du, “enplegua, zaintza lanak eta ondasuna, banaketa hirukoitzaren alde eginez, zaintza eta lana banatu eta duinduz, aberastasunaren birbanaketa bultzatuz. Lan eta bizi baldintzen aldeko borroka burujabetzaren aldeko aktiboa bilakatuko dugu, pedagogia independentista eginez”.
Amaitzeko, LABeko kidegoari Aberri Egunaren testuinguruan Euskal Herria Baterak ekimenak zein EH Bilduk eta EH Baik deituriko manifestaldietan parte hartzeko deia luzatu diogu.
Ez ditugu XIX. mendeko jokabideak onartuko
LAB eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren egoitzaren aurrean, Ansareo Servicios Integrales SL enpresa kontratistak lan sindikala garatzen ari ziren bi langile kaleratu dituela salatzeko, Carlos eta Aritz.
Zuzendaritzak jakin zuenean bi langileak lankideak antolatzen ari zirela enpresa horrek Ortuellako Granada industrialdean duen lantokian hauteskunde sindikalak sustatzeko, berehala kaleratu zituzten biak. Beste garai batzuetako moduak erabiliz, enpresako arduradunek lantokiko langile guztiak bildu zituzten eta Aritz eta Carlos euren lankideen aurrean kaleratu zituzten.
Jokabide horrek oso argi uzten digu, bi lankideen ekintza sindikala eteteaz gain, enpresaren helburua haratago zihoala. Enpresak jokabide horrekin bilatzen duen benetako asmoa langile guztien artean beldurra zabaltzea da.
Ansareo Servicios Integrales Ansareo familiaren jabetzakoa den enpresa-holdingeko enpresetako bat da. Talde honek zerbitzuak emateari lotutako hainbat enpresa biltzen ditu (estolderia, lorezaintza eta beste batzuk), eta horien bezero nagusiak administrazio publikoak dira. Horien artean, Ur Partzuergoa edo Bilbo hiriko udala bera nabarmentzen dira, baita Bizkaiko udal ugari ere.
LAB eta ESK sindikatuok argi eta garbi esan nahi dugu atsedenik gabe borrokatuko dugula Carlos eta Aritzen berronartzea lortu arte. Ez ditugu onartuko XIX. mendeko jokabide mota hauek.
ISNNko langileek enpresarekin hitzarmen bat sinatzera eraman duen borroka balioetsi dugu
Iragan martxoaren 16an, ISNN enpresako langileek —ISN taldekoak eta, aldi berean, Volkswagenen azpikontratakoak—greba hasi zuten hitzarmen berrirako hobekuntzak aldarrikatzeko. Horretarako, errebindikazio nagusia, hobekuntza sozialez gain, soldaten berrikuspena zen, lantegi horretako soldata okerrenetakoa baitzen. Eta hori lortu egin da, ISNNko langileen borrokari esker, eta LABek hori nabarmendu nahi du.
ISNNk fabrikatik ateratzen diren autoei zorroak eta babesak jartzen dizkie, bezerora iritsi arte babestuta egon daitezen. Greban, grebalariek hainbat mobilizazio egin zituzten, eta Volkswagenek Iruñeko Landaben industrialdean duen plantaren ateetan bildu izan ziren hainbatetan. Greba, plantillaren borrokaren adierazle nagusia, ia %100ean babestu zuten, eta LABen ustez hori azpimarratzea merezi du.
Baina, era berean, ELAk Greba Batzordean eginiko kudeaketa kritikatu nahi du LABek. Martxoaren 16an hasi zen lanuztea ELAk (2), LABek (1) eta UGTk (1) deitu zuten; CCOO (1) kanpoan gelditu zen. Bada, Batzordeko lehen sindikatuak alde batera utzi du talde-lana, eta borroka monopolizatu eta monetizatu nahi izan du, bertze askotan egin izan duen bezala. Nabarmentzekoa da bere inmobilismoa eta blokeoa plantillako bertze sektore batzuek zerbait proposatu dutelarik. plantilla bera etsiaraziz eta bere izaera asanblearioa ez errespetatuz.
Iragan ortziralean, apirilaren 8an, Greba Batzordearen gehiengoa (ELA 1, LAB 1 eta UGT 1), ordu arte grebaren aldeko apusturik egin ez zuen sindikatu bakarrarekin batera (CCOO 1), akordio batera iritsi zen enpresarekin. Baina hori baino lehen, ELAko ordezkari bat enpresarekin bildu zen, Batzordeko gainerako kideei jakinarazi gabe eta plantillako ia inorekin kontsultatu gabe.
Bada, hala eta guztiz ere, gainerako delegatuak bilerara joan ziren eta LABek ontzat jotzen duen enpresarekin akordio batera iritsi ziren. KPIaren 2022 eta 2023rako soldata-igoerak lortu dira, eta hori, kontuan hartuta bizi ditugun denborak eta plantillaren egoera, ontzat jo behar da.
Beraz, eta azkenik, akordioa nola egin zen kontuan hartuta ―ELAko delegatuetako baten sinadura duena―, LABek ez du ulertzen hitzarmena ez sinatzeko ELAk hartu duen azken erabakia.
Grebak bultzatuko ditugu Arabako metalgintzan
Gaur, apirilak 12, berriro bildu da Arabako Metalaren Negoziazio Mahaia. Lehenengo bilera zen ostiraleko lanuzteen ondoren baina patronala ez da mugitu. Horrenbestez, LABek maiatzeko grebak bultzatuko ditu, langileen aktibazioa lan baldintza duinak lortzeko bide bakarra baita.
Aurreko ostiralean 5 sindikatuk (LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT) Arabako metalgintzan lanuzteak bultzatu ostean, langileak aktibatzeko unea baitzen, gaur Negoziazio Mahaia bildu da berriro. Ostiralean sektoreko langileek interpelazio zuzena helarazi zioten SEA patronalari baina berriro ere aukera galdu du.
Gaurkoan, Plataforma adostu genuen LAB, ELA eta CCOO sindikatuok urratsak eman ditugu Berdintasuna eta Lan Osasuneko arloak adosteko baina patronalak ez ditu onartu, ezta sektoreko bestelako arazoei (soldata baxuak, lanaldi luzeena, malgutasun handia, prekaritatea, ebentualitatea, lan istripuak, bajan egonda soldata galtzea, kontziliazio eta erantzukidetasunerako zailtasunak,…) erantzunik eman ere. Ez du negoziatzeko borondate errealik erakusten.
Horren ondorioz, LABek, beste sindikatuekin batera, maiatzerako jada iragarrita ditugun grebak bultzatuko ditu enpresak gelditzeko eta kaleak betetzeko. Izan ere, gure ustez, sektorean lan baldintza duinak lortzeko langileen aktibazioa ezinbestekoa da.
Osakidetzari ohartarazi diogu ez garela mahaira itzuliko gure aldarriei buruzko proposamen zehatzak egon arte
LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra:
Pasa den apirilaren 1ean egindako bileraren erabateko porrotaren ondoren (horretan Osakidetzak berriro ere agerian utzi zuen negoziatzeko borondate eza eta inposaketaren eta propagandaren bidearen aldeko apustua) pasa den ostiralean, Lehen Arretako greba-egunean, Osakidetzaren jakinarazpen bat jaso genuen. Bertan, jakinarazi zigun Mahaia apirilaren 27an biltzeko deialdia egingo zuela, eta bilera horretan aztertu nahi ditugun gaiak jakinarazteko deia egin zigun.
Lehenik eta behin, azpimarratu behar da mugimendu horrek berriro ere agerian uzten duela mobilizazioak eta grebak bakarrik lortzen dutela Osakidetza bere posizioetatik mugitzea. Azken bileran erabateko immobilismoa erakutsi ondoren, greba egunean bertan, beste bilera-data bat jakinarazi zigun, grebaren eragina gutxitzeko eta orain arte erakutsi ez duen negoziazio-borondatea erakusteko ahalegin batean.
Jakinarazpen horretan, Osakidetzak dei egiten digu bileran aztertu nahi ditugun gaiak zehaztu ditzagun. Osasun Sailak soberan ezagutzen ditu gure aldarrikapenak, horien zer eta nola. Horietako asko Osakidetzako Mahai Sektorialean jorratu dira bilera ezberdinetan, eta erraz konpon daitezke borondatea badago. Horregatik, azken bileran, Osakidetzari bi eskaera egin genizkion: batetik, berehala gauza daitezkeen eskaerak gauzatu eta abian jartzea; eta, bestetik, gainerako gaien negoziaziorako egutegia egitea, jakitun izanik gai horiek ezin direla negoziatu bilera bakar batean.
Zehazki, eskatzen dugu berehala bete daitezela Mahai Sektorialean hartutako akordioak, besteak beste, Garapen Profesionalekoa; %4 eta txanda osagarria parekatzea; Lehen Arretaren egoerari heltzea eta EAGetako ordutegiak berreskuratzea; eta gainerako aldarrikapenen negoziaziorako egutegi bat egitea. Jakina denez, bi orduko bileraren ondoren, non ez zen inolako aurrerapausorik eman, sindikatuok Mahaia uztea erabaki genuen.
Bada, hiru greba-egun deitu ondoren eta, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan, apirilaren 19tik 22ra bitartean greba deituta daukagula, maiatzak 16rako ospitaleen eta osasun mentalaren sarean, berriro exijitu diogu Osakidetzari berehala bete ditzala abian jar ditzakeen eta zehaztu ditugun aldarrikapenak, eta gainerako edukiak negoziatzeko egutegi bat ezar dezala.
Gogoan izan behar da, Mahai Sektoriala utzi ondoren, edukirik eta negoziaziorik ez zegoelako, pasa den apirilaren 1ean, negoziatzeko gure borondatearen erakusgarri, Osakidetzak deitutako bilerara joatea erabaki genuela. Hala ere, Osasun Sailari ohartarazi nahi diogu, bileran bertan adierazi genuen bezala, ez garela Mahaira itzuliko gure aldarrikapenei buruzko proposamen zehatzak egin arte. Horregatik, dei egiten diogu Osakidetzari bere plantillaren lan-baldintza eskasak duintzeko urratsak eman ditzan, eta bide horretan, gure aldarrikapenei buruzko proposamen zehatz bat bidal diezagun.
Onartezina da Osakidetzak gure aldarrikapenak aintzat ez hartzea eta bitartean, Eusko Jaurlaritzak 2021ean 605 milioi euro aurreztu dituela azpimarratzea, Osakidetzak Lehen Arretan arazo bat dagoela ukatzea eta Arartekoak herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzuari buruz jasotako kexen kopuruaren gorakadaren berri ematea.
Premiazkoa da Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023ko ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), aurrekontu horren %25 Lehen Arretara bideratuz; plantillen dimentsioa egokitzea, milaka lanpostu sortuz, eta 24.600 langilek baino gehiagok jasaten duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte; galdutako erosahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne; arrisku psikosozialen ebaluazioa eta neurri zuzentzaileen aplikazioa, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan; malgutasun edota kontziliazio neurri eraginkor eta errealak martxan jartzea; konpontzeke dauden gatazkak ebaztea, hala nola, %4, txanda osagarria, mantenimenduko langileen eskaerak eta Santiagoko larrialdien itxiera; eta erretiroa aurreratzeko neurriak martxan jartzea.
LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok negoziatzeko borondate irmoa berretsi nahi dugu, baina Osakidetzari ohartarazi nahi diogu eskatutako norabidean urratsik eman ezean, mobilizazioekin jarraituko dugula eta ez garela Mahai Sektorialera itzuliko.
Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina abiatu dugu Nafarroan ere, langileek bizi duten problematika errotik aldatzeko asmoz
LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina aurkeztu du, joan den martxoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egindakoaren ildoan. Une honetan, babestutako etxebizitzak sustatzeko lege proposamena eztabaidagai dago Parlamentuan, etxebizitza legearen garapenaren baitan. Gaur gaurkoz, LABen ustez, labur gelditzen da proposamen hori, ez baitio erantzuten etxebizitzarekin langileek bizi duten problematika errotik aldatzeko asmoari.
ABIATU: LAB sindikatuak Ekintza Sozialeko komunitatea antolatzeko sortu duen tresna, lantokiez harago herri eta auzoetan langileon bizi baldintzak borrokatzeko tresna. Eta Abiaturen lehenbiziko kanpaina etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina izango da. Izan ere, etxebizitza eskubidea bermatzea ezinbestekoa da langile jendearen oinarrizko bizi baldintzak duintzeko. Aitzitik, gaur egun etxebizitza eskubidea merkantilizatu eta espekulaziorako eta aberastasuna metatzeko erabiltzen ari da, ondorio sozial larriak eraginez. Langile jendeak ezinbestekoa du kalitatezko etxebizitza duinerako sarbide unibertsala bermatua izatea. Etxebizitza duinik gabe, nekez eskura daitezke bestelako eskubide sozialak. Etxebizitza eskubidea ukaturik, bizitzaren prekarizazioa kronifikatzen da.
Une honetan, babestutako etxebizitzak sustatzeko lege proposamena eztabaidagai dago Nafarroako Parlamentuan, etxebizitza legearen garapenaren baitan. LABek lege proposamenaren inguruko azterketa sakona egin eta bere proposamenak helaraziko dizkie eragile eta alderdi politikoei.Gaur gaurkoz, lege proposamen horren inguruan esan dezakegu labur gelditzen dela. Ez dio erantzuten etxebizitzarekin bizi dugun problematika errotik aldatzeko asmoari. Nafarroako Gobernuak etxebizitza eskubidea onartuta baldin badu ere, ezin du bermatu eta horrela politika asistentzialistak garatzea besterik ez zaio geratzen.
Etxebizitza parke publiko nahikorik ez eta lege proposamen honen bidez egoera aldatu nahi du. Horretarako alokairua sustatu nahi du. Gobernuak berak egindako azken txostenak argi adierazten duenez etxebizitza publikoaren eskaria 11.000 pertsonatik gorakoa da. Horietatik 7.500 baino gehiago alokairu-eskaerak dira (% 67). Hala ere, etxebizitzen parke publiko osoa batez ere babes ofizialeko etxebizitzena (BOE eta PTE) erosteko da. Hau da, salmenta-prezio mugatua dute, baina etxebizitza esku pribatuetan uztea dute helburu. Alokairu babestua eskatzen duten pertsona gehienak (%74) alokairu librean bizi dira. ISA neurgailua edota alokairuen erregistroa sortzea urratsak izan daitezke, baina ez dira inondik inora ere nahikoak. Besteak beste, ISAn ezartzen diren irizpideek oraindik ere Europa eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ezarritako gehienez diru sarreren %30eko neurgailua ez dutelako aintzat hartzen.
Etxebizitza parkea handitzeko, administrazioak jabego handien desjabetzea egiteko baldintza zailak mantentzen ditu, erabilerarik gabeko etxeak gurean oraindik ere kopuru handian baldin badaude ere.
Eraiki zein egokitu beharreko etxeei begira, ez da kontuan hartzen eskatzaileen kopuru handi bat bakarrik bizi diren pertsonak edo familia gurasobakarrak direla (%72,3). Erosteko Babes Ofizialeko Etxebizitzen eskaera osoaren %62 bakarrik dauden pertsonak dira. Guraso bakarreko familien %9,6. Alokairu-eskariaren kasuan, %66,5 (%43 bakarrik bizi diren pertsonak; %23,5 guraso bakarreko familiak). Ikuspegi ekologikoaz gain, zaintza beharrak ere kontuan izan behar dira politika publikoen garapenerako, eta hauek ez dira inon agertzen.
Kontua ez da lege bat edo beste. Kalitatezko etxebizitza izatea eskubidea da, horrela dauka ere onartuta Parlamentuak, baina egun eskubide izatetik urrun kokatzen da: pribilegioa da. Nafarroako herritarren erdia baino gehiago da alokairuan edota hipoteken bidez oraindik ere etxebizitza gastuei haien diru sarreren zati handiegia bideratu behar diotenak.
Horregatik, ABIATU ekintza sozialeko komunitatearen bidez kanpaina honi hasiera eman diogu Nafarroan: egoera sozializatu, salaketa ekimenak antolatu eta proposamen politikoak egiteko. Hauek dira LABen aldarrikapen nagusiak:
- Etxebizitza eskubide subjektibo erreala bilakatzea. Horretarako etxebizitza desmerkantilizatzeko politikak behar ditugu.
- Alokairu sozial arautua lehenestea.
- Gehienez, diru sarreren %30 etxebizitza gastuetarako dela bermatu, %15 larrialdi egoeran edota etxebizitza publikoetan.
- Parke publikoa handitu, horretarako jabego handiak desjabetu.
- Etxegabetze guztiak, hipoteka zein alokairuzkoak, gelditzea.

