2026-09-21
HomeEkintza PolitikoaConfebask-ek uko egin dio enpresetan euskara planak negoziatzeari

Confebask-ek uko egin dio enpresetan euskara planak negoziatzeari

Otsailaren 22an, LABek eta ELAk bilera izan genuen Confebaskekin, CCOOekin eta UGTrekin. LAB eta ELAren eskaera oso xumea izan zen: langileen ordezkaritzak edo enpresarenak Euskara Planak negoziatzea eskatzen duten lantokietan negoziazioa irekitzeko konpromisoa hartzea. Confebaskek uko egin zion aukera hau negoziatzeari.

Orain urtebete LABek, ELAk eta Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko dinamika bat jarri genuen martxan. Euskararen erabilera normalizatzeko plangintza enpresen %1ek du, eta euskararen erabilera lantokietan kale erabilera baino askoz murritzagoa da, enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatea baitakar, eta, horregatik, aldaketa bat ezinbestekoa da.

Adierazitako egoera kontuan izanik, LABek, ELAk eta Kontseiluak lan munduaren euskalduntzea norabide berri batean jartzeko saiakera egin dugu. Saiakera horren abiapuntua akordioari aukerak ematea izan da; hiru eragileok uko egin diegu gure eskaera propioak aldarrikatzeari ekimen honetan, patronala eta beste sindikatuak ere eroso egon daitezkeen abiapuntu baten bila. LABentzat, ELArentzat eta Kontseiluarentzat gutxieneko adostasun elementu izan beharko litzateke langileen ordezkaritzak edo enpresarenak eskatzen dutenean gaiari buruzko negoziazioa zabaltzea; plan hori martxan jartzeko obligaziorik gabe, baina adostasun baten bila.

Eskaera oso xumea izan arren, euskalduntzea protokolizatzea eta horri buruzko negoziazioak zabaltzea abiapuntu garrantzitsua da, eta horri eman diogu balioa ekimenaren bultzatzaileok. CCOOk eta UGTk eskaera propioak zituzten ekimen honen bueltan, eta negoziazioa martxan jartzeko prest azaldu ziren. Confebaskek, berriz, uko egin dio negoziazioa irekitzeari.

LABentzat, ELArentzat eta Kontseiluarentzat harritzekoa eta arduratzekoa da patronalaren jarrera. Arduratzekoa da negoziazio eskaera inposizio gisa hartzea eta harritzekoa Euskara Planak negoziatzea arazo gisa hartzea, jakinik ez dela akordiorako obligaziorik ezarri. Euskara Planen negoziazioak diagnostikoa eskatzen du eta tokian tokiko egoeraren arabera hobekuntzarako neurriak negoziatzea. Hori Confebaskentzat arazo da, eta oso larria da hori. Jarrera horrekin ezinezkoa izango da inoiz euskaraz lan egin nahi duten langileek horretarako aukera izatea. 

LABek, ELAk eta Kontseiluak ez dugu bukatutzat ematen ekimena; Confebasken ezezkoaren ondoren egoera hausnartu eta jarraipena emateko erabakiak hartuko ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.