2026-04-26
Blog Page 386

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek deitutako lau greba egunetatik lehena egin dute

LAB, ELA eta ESK sindikatuok grebara deitu dugu otsailaren 22, 23, 24 eta 25erako, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa dela eta. Lehen greba egunak %80ko jarraipena izan du.

2021eko maiatzaz geroztik, sektorearen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira EULEN enpresarekin, zerbitzuaren egungo arduradunarekin. Hainbat bileraren ondoren, negoziaketaren egoera erabateko blokeora iritsi da. EULEN enpresak argi utzi du negoziazio-mahaian ez duela inolako borondaterik langileei erosmen ahalmena ziurtatzeko. EULENek KPIarekin inolako loturarik ez duten planteamenduak egiten ditu, eta hau sindikatuontzat onartezina da.

Madrilgo inposizioak eta Jaurlaritzaren morrontzak langile publikoak pobretzen ditu

Gaurko EAEko Gobernu Kontseiluak bere menpe dauden langile publikoen eros-ahalmena beste % 4,5 jaistea erabaki du. Horren aurrean LABek honakoa jakinarazi nahi du:

-Iragarritako %2aren soldata igoera oso urrun gelditzen dela iaz KPIak izandako % 6,5eko igoeratik. Hau da, langile publikooi aurretik murriztutako eros-ahalmenari beste % 4,5eko mozketa bat egiten zaigu.

-2010ean Zapaterok eta Lopezek langile publikooi egindako % 5eko murrizketa sonatu hartatik gaurdaino ez da eros-ahalmena berreskuratzeko inolako borondaterik erakutsi Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Kontran, dagoeneko esplizituki onartu du langileok diru hori galduta dugula, eta ez duela halako zorrik duenik onartuko. Jaurlaritzak bere langileekin urte hauetan metatu duen zuzeneko zorra, Itzarri BGAEri zeharkako soldata ekarpenak alde batera utzita, % 9koa da dagoeneko.

-Langile publikoon soldatak eta egonkortasuna termino duinetara ez eramateko jartzen duen aitzakia legeen muga izan da beti. LABen iritziz, EAJ eta PSE Madrilen hartzen diren erabakien atzean ezkutatzen dira erantzukizunak gainetik kentzeko. Beste estrategia alderdikoien eta enpresarialen aurrean irmotasun handiagoa erakusten dute, sektore publikoa indartzea baino. Alderdi horientzat estrategikoa da sektore publikoa ahultzea pribatuaren mesedean.

-Lan erreformaren dekretuaren eztabaidan EAJk bertako negoziazio kolektiboa sutsu babestu badu ere, koherentzia noraino iristen zaion argi uzten du urtero Mahai Orokorraren negoziazioetan: birjartze tasak eta soldata igoerak Madrilek agintzen dituenak eta kito. Ez da inondik ere bere lehentasuna, txalo eta «eskerrik asko» huts batzuk eskaintzeaz gain.

Beraz, Euskal Herriko osasun, hezkuntza, zaintza, administrazio publikoak… babestu eta indartuko badira, langileok egin beharko dugu pandemian frogatu izan dugun bezala, agintarien utzikeriaren gainetik. Bide honetan LABek langileria eta jendarte osoa deitzen du hain zuzen etengabe antolatzen ari diren mobilizazioetan parte hartzera. Euskal Herrian zerbitzu publikoak publiko eta indartsu nahi ditugulako.

KPIaren, Eusko Jaurlaritzak agindutako soldata igoerak eta eros-ahalmenaren bilakaera, 2010eko % 5aren murrizketa eman zenetik. Madril zein Gasteizko gobernuetan zeuden gobernuko alderdiak ere aipatzen dira.

Garbiñe Aranburu: “Negoziazio kolektiboan ere arrakala ematen da hitzarmen maskulinizatu eta feminizatuen artean”

“Hainbat modutan bereizten eta zatitzen da langilegoa. Lehen banaketa handia lan produktibo eta erreproduktiboen artekoa da; lan guztiei ez zaie aitortza bera egiten. Enpleguaren eremuan beste mailakatze handi bat ematen da, sexuen araberako lan banaketarekin, eta honek soldata arrakala eta lan baldintza kaskarragoak eragiten ditu. Sinestarazi nahi zaigu lan batzuk egokiagoak direla emakumeok egiteko, lan femeninoak eta lan maskulinoak existitzen direla naturalizatuz”.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzak dira hauek, soldata arrakalaren aurkako egunean Bilbon eta Iruñean egin ditugun ekimenen harira egindakoak. Hain zuzen ere, bi hiriburu horietan mobilizatu gara, CONFEBASK eta CEN patronalen aurrean, eta soldata arrakalarik gabeko hitzarmen duinak aldarrikatu ditugu bertan. Soldata arrakala eta negoziazio kolektiboaren arteko lotura bistaratu nahi izan dugu horrela; alegia, negoziazio kolektiboan ere ematen den arrakala salatu dugu.

Bilbon izan da Garbiñe Aranburu, Eusko Jaurlaritzaren eta CONFEBASK patronalaren egoitza lotu dituen mobilizazioan. Patronalak eremu feminizatuetako 20 bat hitzarmen blokeatuta dituela jakinarazi du. Kaltetutako sektore horietako batzuk irudikatu ditugu ekimenean: helduen egoitzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, jangelak, garbiketa, merkataritza eta etxeko langileak, besteak beste.

Idazkari nagusiaren hitzetan, “negoziazio kolektiboan ere arrakala ematen da hitzarmen maskulinizatu eta feminizatuen artean. Patronala eta instituzioentzat, emakume hauek bigarren mailako langile dira. Beraz, hitzarmen hauek bigarren mailako hitzarmenak direla dirudi, eta LAB ez dago egoera hau ontzat emateko prest”.

Azken urteetan, prekaritatearen kontrako borroken hauspotze bat eman da, baita blokeo egoeran egon diren hitzarmenak berritzeko borrokena ere. Patronalak ez du ezer oparitzen eta langileak greba eta mobilizazioak egin ahala berritu dira hitzarmenak; borrokaldi gogorren ondoren, kasu batzuetan. Honela gauzak, lan baldintzak eguneratuak dituzten langileen kopurua igo egin da. Baina, premisa hau ez dela berdin betetzen, sektore maskulinizatu eta feminizatuetan premisa hau ez dela modu berean bete ohartarazi du Garbiñe Aranburuk: “Sektore maskulinizatuetan hainbat hitzarmen eguneratu dira, akordio duinak lortu dira metalgintza, grafikagintza, papergintzn edota kale garbiketa bezalako sektoreetan. Eta zer gertatzen da sektore sektore feminizatuetan? Borroka eredugarriak aurrera eramaten ari dira, baina hitzarmenak hemen ez dira eguneratzen”.

Hau guztia ez dela kasualitatez gertatzen azaldu du Bilbon, CONFEBASK-en aurrean: “Erabaki politiko bat da, patronalaren erabaki politikoa. CONFEBASKeko buru den Zubiaurrek, inolako lotsarik gabe, askotan esan ohi du balio erantsi gutxiago omen dutela sektore feminizatuetako lan horiek. Horrek justifikatzen omen du soldata baxuagoak, soldata arrakala eta lan baldintza kaskarragoak izatea”.

Bada, LABeko ordezkariak azpimarratu bezala, bizitza sostengatzeko ezinbesteko lanak dira emakumeek gauzatzen dituztenak, eta inolako aitortzarik gabe egiten dituzte.

Ildo honetan, hitzarmenak berritzeko borrokarekin eta patronala presionatzen jarraituko dugula adierazi du idazkari nagusiak: “Ez dugu amore emango, patronala negoziazio mahaietan eseri araziko dugu eta hitzarmen duinak lortuko ditugu”.

Era berean, sektorez sektore eta enpresaz enpresa bultzatzen ditugun borrokez gain, beharrezkoa da sektorearteko akordio bat lortzea beharrezkoa dela esan du, langile guztiei gutxieneko zoru bat eskaintzeko: “Sektorearteko akordio bat egitea proposatu dugu, gutxieneko soldata, soldata arrakala, lanaldi partzial inposatuak eta lanaldi murrizketa gisako gaien aurrean neurriak jasotzeko. Nagusiki, sexuen araberako lan banaketak eragindako sektore feminizatu eta prekarizatuetako langileak izango lirateke onuradunak, baita gazteak eta langile migratu eta arrazializatuak ere”.

Instituzioei deia

Instituzioei dagokienez, hauekin ere kritiko azaldu da Garbiñe Aranburu: “Ez ikusiarena egiten dute edota konplize zuzenak dira. Lan baldintzak eguneratu gabe dituzten langile hauetako asko zerbitzu publikoa eskaintzen duten azpikontratatako langileak dira eta emakumeen prekaritatea eta soldata arrakala ontzat ematen ari dira. Gainera, langileen grebarako eskubidea zapuzten dute, langileei protestarako eskubidea ukatzen zaie, greba kasuetan abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarriz. Funtsezkoak dira eta ezin diote lan egiteari utzi, baina egin dezatela miseriazko soldatak kobratuz”.

Hala, instituzioei dagokien erantzunkizuna bereganatu dezaten eskatzen diegu, soldata arrakala gisako gaiak agenda politikoan koka ditzaten. “Nahikoa da horrekin? Argi eta garbi ez. Instituzioei eta eragile politikoei ere dei zuzena egiten diegu. Ez da nahikoa soldata arrakala agendan kokatzearekin, ez ditugu mahai inguruak behar, politika publiko ausartak eta patronala interpelatzea behar dugu. Jendartearen erdia osatzen dugun emakumeak eskubideetan bigarren mailako herritar egin nahi dituen sistema honen aurrean, instituzioek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu. Bustitzeko garaia da”, erantsi du.

 

Elkarretaratzea egin dugu Iruñeko udaletxearen parean, eskola publikoen garbiketetan dagoen iruzurra salatzeko

Garbiketako langileek eta sindikatuko kideok egindako kontzentrazioan adierazi dugu azpikontratek egindako iruzurra milioi erdi euro ingurukoa dela. “Azpikontraten gaineko erabateko kontrolik eza erakusten duten kopuru eskandalagarriak dira horiek”, LABeko ordezkarien hitzetan.

Pleguak ez betetzearen inguruko polemika onartu zuten 82.000 €-ko partida baten ondorioz sortu zen. Partida hori ikastetxeetako kristalak eta lurzoruak garbitzera bideratuta zegoen, eta enpresek baldintza-agirietan behartuta zeuden hori egitera baina urteak zeramatzaten egin gabe. Horren ondorioz, LAB sindikatuak salaketa jarri zuen kontratazio organoaren aurrean; ondoren, Iruñeko Udalaren oposizioak salatu zuen kasua Batzordean.

Hala, gaur, LABek eta langileek salatu dute “lotsagarria dela Udalak enpresa horiei halako bi ordaintzea, langileak lanaldi murriztuekin mantentzen dituen bitartean”. Elkarretaratzeko parte-hartzaileek billeteak bota dituzte, teknikariek eta Gobernu taldeak atzeman ez duten iruzurra irudikatzeko.

Azkenik eskatu dute, zerbitzuak publifikatzen ez diren bitartean, aurreko legegitzaldian iruzurrari aurre egiteko abian jarritako azpi-kontratazioaren jarraipena egiteko foroa sindikatuei berriro irekitzea.

ISN-Volkswagenen dugun sail sindikalak 2019an sinatutako enpresa-ituna errespetatzeko eskatu dio enpresari

LAB sindikatuaren ISN-Volkswagen sail sindikaleko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Landabenen, Iruñeko fabrikako atean, ISN enpresari eskatzeko 2019an sinatutako enpresa-itunean adostutako KPIaren igoera ordain diezaien.

LAB sindikatuak gehiengoa du ISN-VWko Enpresa Batzordean, eta otsailaren 1az geroztik bildu da enpresarekin igoera hori ordaintzeko moduari buruzko akordioa bilatzeko. Enpresak uko egiten dio akordioari, nahiz eta enpresa-itunean jasota egon.

LABeko sail sindikalak hainbat proposamen egin ondoren, atzo negoziazio-mahaitik altxatu zen, akordioa lortzea ezinezkoa zela-eta, horregatik egin dute gaurko kontzentrazioa. LABek espero du enpresak lehenbailehen erantzutea. Bertzenaz, langileek borrokarekin jarraitu beharko dute eta, segur aski, grebarako deia egin beharko dute, ez baitute onartzen blokeoa eta plantillarekiko konpromiso falta.

LOSUren inposaketen gainetik, Euskal Herriak bere unibertsitate esparrurako unibertsitate-lege propio eta burujabea behar du

LOSU (Ley Orgánica del Sistema Universitario) legea onartuko omen da hurrengo hilabeteetan Estatu espainiarreko Kongresuan. Lege honek Estatu espainiarreko unibertsitateen izaera eta funtzionamendua arautuko ditu urte batzuetarako, tartean Hego Euskal Herriko unibertsitateenak ere eta, jakina, bertan lan egin nahiz ikasten duten pertsona guztiengan izango du eragina.

Hori dela eta, LAB sindikatuak bere irakurketa plazaratu nahi du lege honen inguruan, oraindik behin-behinekoa den legeproiektuaren testuan oinarrituta.

Ez da gure legea. Ez da behar dugun legea

Euskal Herriak bere esparru unibertsitario propioa behar du, Euskal Herritik garatua eta euskal herritarren beharrei erantzutera bideratua. Irakaslego propioaren aldeko borroka luze baten ondoren, 2004tik EAEn dagoen Euskal Unibertsitate-legeak eskumen batzuk jasotzen baditu ere, Estatuko legearen menpe dago guztiz, Euskal Herriak behar duen unibertsitate-eredua garatzea eragotziz. Nafarroa Garaian egoera are okerragoa da, bertan NUPeko sorrera legea baino ez baitute unibertsitateesparruari dagokionez. Zentzu honetan, LOSUk ez du aldaketarik ekarriko eta, alderdi batzuetan, atzerapausoa suposatuko du. Legearen testuaren sarreran ukitu aurrerakoi batzuk antzematen badira ere, lege honek zentralista izaten jarraituko du, Euskal Herriaren zein beste nazioen herri izaera eta errealitate berezituaren gainetik pasatuz.

Era berean, unibertsitateko langileen lan-baldintzak Euskal Herrian arautu behar ditugu, gure lan-esparru propioa aldarrikatuz eta eraikiz.

LOSUk bide laborala baztertzen jarraituko du

Madrilek guztiz bereganatuta daukan eredu funtzionarial zentralistaren aurrean, LABetik lan harremanen arautegi propioa izatea defendatu izan dugu historikoki. Bide honetan, azken bi hamarkadetan EHUn figura laboralak garatzea eta alderdi askotan funtzionarioekiko parekatzea lortu bada ere, diskriminazio batzuk mantendu egiten dira oraindik. NUPen, EHUn ez bezala, plantilla egonkortzea ahalbidetuko lukeen berezko figura laboral iraunkorrik ez da garatu, eta LABetik jorratu beharreko bidea dela pentsatzen dugu. Egoera honetan LOSUren behin-behineko testuak jasotzen duen funtzionarioen ehunekoa %51tik %55era igotzeak EHUn irekitako bide laborala kaltetuko du, Estatu espainiarreko funtzionario bihurtzeko presioa areagotuko baita, NUPerako aurrerapausorik ez dakarren bitartean. Era berean, Errektoretzarako hautagai izateko aukera ukatzen zaie laboralei, nahiz eta kargu horretarako funtzionarioei eskatutako merituak izan, irakasle laboralekiko diskriminazioa bere horretan mantenduz. LOSUk indefinizio larrian uzten du figura laboralen etorkizuna, bide hori aukeratu nahi duten irakasle-ikertzaileen ibilbidea eta promozio aukerak zalantzaz beteta utziz.

Unibertsitatearen gobernantza-eredua demokratizatu gabe eta menpekotasuna areagotuta

Historikoki mantendu den gobernantza hierarkizatuari bere horretan eutsiko dio LOSUk, irakasle iraunkorrei ordezkaritzaren gehiengoa emanez eta beste kolektibo batzuen ordezkaritza minorizatuz. Klaustroaren eskuduntzek nahiko murriztuta jarraituko lukete, parte-hartzeak oso mugatuta eta aldaketarako aukerak gauzatzeak larriki zailduta. Klaustroa eta Gobernu Kontseilua demokratizatu behar dira, eztabaidatzeko eta parte-hartzeko gune bilakatuz. LOSUn ez da aurrerapausorik izango zentzu horretan. Gizarte Kontseiluak Gobernu Kontseiluan duen ordezkaritza handitu egingo du LOSUk. Gizarte Kontseiluaren osaketa demokratikoagoa bilatu ordez (ordezkari gehienak erkidegoen legebiltzarrek aukeratzen dituzte unibertsitatearen presentzia oso txikia izanik), neurri honek unibertsitateen kanpoko kontrola areagotzeko balioko du eta ez EHUren, NUPen eta jendartearen interesei hobeto erantzuteko.

Irakasle-ikertzaileen baldintzetan zalantzak eta mehatxuak

LOSUk aldi baterako irakasleen kopurua jaisteko neurri desberdinak dakartza baina ez da argi geratzen neurri horien finantziazio iturriak zeintzuk izango diren. Eta aipatu beharrekoa da baita ere, lanpostu finkoa lortzeko eskatzen den kanpoan egin beharreko 9 hilabeteko egonaldia emakumezkoen karrera profesionalean arrakala areagotzeko bide izan daitekeela.

Euskararako hobekuntzarik ez

Euskarak gure unibertsitateetan duen egoera hobetzeko ere ez du balioko lege berri honek. Ez da inon jasotzen irakaskuntza programetarako gutxieneko ehunekorik, ez eta pertsonalarentzako edo oposaketetako epaimahaientzako gutxieneko jakintza mailarik ere.

LABen eskaerak gai honetan erantzukizuna duten eragileei

EHUko eta NUPeko zuzendaritzek erantzukizun handia dute gai honetan. Beste erakunde eta eragileekin dituzten harremanak eta entitate batzuetan (CRUEn kasu) duten parte-hartzea baliatu beharko lukete presioa egiteko. LABetik eskaera hauek zuzentzen dizkiegu EHUko eta NUPeko zuzendaritza taldeei:

• Unibertsitatearen autonomia defendatzeko kanpoko kontrol politikoaren aurrean.
• EHUn bide laborala defendatzeko, ezarri nahi duten funtzionarioen portzentajearen kontra eginez eta langile laboralek funtzionarioek baino eskubide gutxiago ez izatea bermatuz.
• Nafarroan bertan kudeatuko den kontratupeko figura iraunkor bat sortzeko.
• EHUk eta NUPek behar duten finantzaketa publikoa eskatzeko eta lortzeko.
• Euskal jendarteak dituen erronka eta beharrei erantzun behar dien euskal esparru unibertsitario zein ikerketa eremu propioa aldarrikatzeko.

Era berean, Madrilen ordezkaritza daukaten euskal alderdi politiko guztiei euskal unibertsitate sistemaren defentsan presioa egiteko eskatzen diegu. Batetik, irakasle-ikertzaile funtzionarioen transferentzia EAEra eta NFKra ekartzeko borrokatzeko eskatzen diegu. Bestetik, bide laborala defendatzeko, LOSUk kaltetu ez dezan, hots, funtzionarioekiko betebehar berdinak izanik, eskubideetan ere berdinduak izan daitezen.

Inposaketen gainetik, Euskal Herriak bere unibertsitate esparrurako unibertsitate-lege propio eta burujabea behar du.

Altueretako erorketen ondoriozko lan heriotzak marka guztiak apurtzen ari dira

Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Bilbon, urteko 9. hildakoa lan istripuan hain zuzen. 47 urteko eraikuntzako langilea aldamiotik erori zen larunabatean, 6. solairuko altueratik. Aurtengo 4. hildakoa altueratatik erorita Euskal Herrian. LAB sindikatutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familiari, gertukoei eta langileei.

Zailtasunak ditugu istripuaren inguruko informazio teknikoa edukitzen izan ere, orain bi egun gertatu arren, OSALAN-ek ez digu inongo txostenik iritsarazi.

Zalantza handiak sortzen zaizkigu dena den, aldamioen araudia aldatu zenetik babes perimetrala duten aldamioak erabili behar direlako eta hala ere, altuerako erorketak behin eta berriz ematen ari dira. Honela, “errekurtso prebentiboaren” ardura guztiz desitxuratu du patronalak Lan Ikuskaritza eta Osalanen utzikeriari esker eta errealitatean, inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten direnik segurtasun ikuspegitik. Errealitate honek sortzen ditu emaitza beldurgarri hauek, esan bezala urtea hasi denetik 4 langile hil dira altueretatik erorita.

Beste datu esanguratsua da istripua larunbatean eman zela. Jakina da gehiegizko ordu eta lan karga ere arrisku faktore direla. Kontrolatzen al du administrazioak lan orduak errespetatzen diren? Identifikaturik al daude arrisku gehigarri horiek enpresaren segurtasun planean?

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lanistripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Erakundeei azalpenak eskatzen dizkiegu, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz. Modu honetan beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio-politikak egin ditzaten. Tamalez badakigu praktikan, laneko ikuskaritza eta Osalan ez direla inon ageri. Bestalde, sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat eman ezta honetara ohitu ere.

Azkenik, dei egiten dugu asteazken hontan, otsailak 23, Deustuko Botika Viejako 17.ean goizeko 11:30ean gehiengo sindikalak antolatu duen mobilizazioan parte hartzea.

PAGNAko Gerentzia kudeaketa pribatuko eredu bat sustatzen ari da bere egoitza publikoetan

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (PAGNA) egoitza publiko bakarrak El Vergel (Iruña), Santo Domingo (Lizarra) eta Centro San José (Iruñea) dira. Duela gutxi arte, kudeaketa-ereduetan erreferenteak ziren, langile-ratio altuenak eta plantillarentzako lan-baldintza hobeak baitzituzten, eta horrek kalitate handiko zerbitzua eskaintzea zekarren.

Bada, hobetu daitekeena hobetu beharrean, bikaina zena okerragotzen ari dira. Egoitza pribatu eta itunduetako ratioak ez dira handitzen. Ez dute ezarri Europako gainerako herrialdeekin bat datorren ratiorik, Egoitzei buruzko Dekretu berrian. Ez dira laguntzen ari sektoreko hitzarmen bat negoziatzen, bertan lan egiten duten pertsonen lana duintze aldera. Ez dute helburutzat kudeaketa publikoaren eredukoak berdintzea edo hobetzea. Ez dute Nafarroako Egoitza Publikoen Sarerik sortu nahi. Justu kontrakoa egiten ari dira. Arlo publikoan jarri dute jomuga, eta Nafarroako Gobernuaren hiru egoitza publiko bakarrak desegiten ari dira.

Erretiroa hartzen duen langilearen plaza amortizatzen den plaza da. Lehendabizi, aldi baterako ezintasunak, ordu sindikalak edo oporrak ordeztu gabe uzten hasten dira, plaza baztergarriak direla erakusteko.

Lotsagarria da funtzionatzen duen zerbait ukitzea, zertarako eta langileen borondate onaren eta bokazioaren kontura kostuak aurreztu nahi dituen eredu bihurtzeko. Eredu horrek lan-kargak handitzen ditu, eta langileen osasuna arriskuan jartzen du. Ordutegiak eta lanaldiak aldatzen ari dira, eta horrek ez du ahalbidetzen familia eta lana ongi uztartzea. Lan-baldintzak gero eta gehiago okertzeko mehatxua egiten ere ari dira. Maila baxuko langileek beren mailari ez dagozkion erantzukizunak hartu behar izaten dituzte. Azken batean, publikoa dena hondatzen ari dira.

Eraisketa hori gelditzeko eskatzen dugu. Kalitatezko eredu publiko baten alde.

Balia dezagun aukera eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza hitzarmena erdiesteko

2022ko urtarrilaren 24an publiko egin zuen dekalogoan oinarrituriko ekarpenak aurkeztu dizkio LABek EAEko Hezkuntza Akordiorako oinarriak ezartzen dituen zirriborroari.

LABek beharrezkotzat jotzen du Euskal Herrian oro har eta zehazkiago EAEn Hezkuntza Akordio zabal bat egitea. Azken hamarkadetan euskal hezkuntzan sortu diren arazo eta arrakalak gainditze bidean jartzeko beharra eta aukera dagoela uste dugu. Eta ikuspegi horretatik ari gara egiten gure ekarpena. 

Zehaztasun maila handiagoa eskatzen badute ere, Hezkuntza Batzordeak aurkeztutako zirriborroan badira norabide egokian kokatzen diren hainbat kontu, hala nola, kuotak desagertzeko asmoa, euskalduntzearen aldeko borondatea edota herri mailako eskolaratze eta planifikazio batzordeak sortzea esaterako. 

Hala ere, hezkuntza hitzarmenaren helburu nagusiak gehiago definitu behar direla uste dugu. Hainbat puntutan interpretazio desberdinei ateak irekiak uzten dizkio. Abiapuntua zehaztasun handiagoz definitu ezean, kontrakoak izan daitezkeen bi bide desberdin har daitezke: ituntze-sistemaren kontsolidatu ala egungo eredu duala gainditze bidean jarri. Bigarren hau da LABen apustua: euskal eskola publiko komunitarioko konfluentzian aurrera egitea. 

Azkenik, langileei lan baldintzei dagozkion gaiek konkrezio handiagoa eskatzen dutela uste dugu. Eremu honetan ere aldaketa sakona beharrezkoa dela uste dugu, hezkuntza lan guztiak aitortu (ik. 4. puntua), lan baldintzen eremuan ere konfluentziarako urratsak emanez eta beharrezkoak diren baliabideak jarriz.

Hona hemen Hezkuntza Batzordearen zirriborroari aurkeztu dizkiogun ekarpen nagusiak:

1. Eskola publikoaren aldeko jarrera argia izan behar da. Eskola publikoa erdigunean jarri eta berau ardatz duen hezkuntza-sistema eraikitzeaz aritu beharko litzateke testua, titularitate publikoa eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea uztartuko dituen sare bakarreranzko trantsizio bide gisa. Egun indarrean dagoen eredu dualetik sare bakarrerako bidea egitea planteatzen dugu, konfluentziatik -eta ez sareen elkarbizitza eta betikotzetik- sortutako bidea eginez. Deszentralizazioan oinarrituriko publikotasun berri batean oinarrituko litzatekeena.

Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3) hezkuntza sistemaren barruan eta eskola mapetan integratu eta  Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna bermatu behar da.

2. Hezkuntza sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsalarekin amaitzeko konpromiso sendoa behar da, kontrol publikoa indartuz. Hezkuntza-sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsalarekin amaitu eta finantziazio publikoa jasotzen duten ikastetxeei baldintzak ezartzea egoki ikusten dugu. Batetik, finantziazio publikoa jasotzen duen ikastetxeak ezin du kuotarik kobratu, doakotasuna bermatu beharko luke eta bestelako betebeharrak ere bete behar ditu. Segregazio oro gainditu eta inklusiboak izatea, euskarazko murgiltze eredua bermatzea, laikoa izatea, hezkidetza egiturazko izatea, edota parte hartzea bultzatzea.

Kontrol publiko hori bermatzeko, ez da nahikoa doakotasun erreala edota euskalduntzea bezalako gurariak aurkeztea gero ez badira hauen ebaluazioak garatuko, instituzioen auditoriak eta ikuskaritza propioak behar dira eta testuan agertu behar dira. 

Era berean, ikastetxe batek finantziazio publikoa jasotzen duenean, horrek nolabaiteko isla izan behar du titularitatean. Honela, trantsizio gisa, baldintza eta betebehar berberak izango lituzketen ikastetxez osatutako sistema berria sortuko litzateke eta denak egongo lirateke udal eta eskualde mailako planifikazio publiko bateratuan txertatuta. Matrikulazioekin dagoen lehiarekin nahiz segregazio joera ororekin amaitzeko, udal mailako planifikazio eta eskolaratze prozedura bateratua martxan jarriz. 

3. Hizkuntza eta hezkuntza-sistemaren curriculumaz. Zirriborroan aipatzen da euskara ardatz izango duen hizkuntza eredu bakarra ezartzeko asmoa. LABen ustez, zehaztapen gehiago behar da: euskararen murgiltze eta mantentze eredua definitu eta ezarri behar da hezkuntza komunitate osoarentzat 0 urtetatik Lanbide Heziketa bitarte.

Euskal Curriculumaren inguruko gogoeta sakonagoa egin beharko litzateke. Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala berritzearekin batera, curriculum feminista, berdinzale eta antiarrazista baterako diseinua jaso beharko litzateke. 

Programa-kontratuei dagokionez, Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Sailarekin hezkuntza egitasmoa burutzeko beharrezko dituen baliabideak adostu ditzakeen arren, hezkuntza-sistemak egiturazko curriculuma izan behar du, hezkidetza, aniztasunaren trataera eta inklusioa, laikotasuna eta euskara eta euskal kultura ikastetxe guztien hezkuntza egitasmoaren oinarri izan behar dira. Klase-sozialen, sexu-generoaren edo/eta arrazializazioan oinarrituriko zapalkuntzei hezkuntzak era integral eta kritikoan erantzun behar die, ezin da hautazkoa izan. Aipatutakoaz gain, mekanismoak ezarri beharko dira programa-kontratuak ikastetxeen arteko lehia sustatu ez dezaten eta segregazio-iturri bilakatu ez daitezen. 

4. Hezkuntzako langileez eta lan-baldintzez. Irakasleei buruz bakarrik ari da zirriborroa, eta gainontzeko hezkuntza langileak -haur-hezitzaile, heziketa bereziko profesional, jantokiko begirale, sukaldari, garbitzaile, administrari eta atezainak- alboratzen ditu. Langile guztion aitortza ezinbestekoa da, publiko zein azpikontratatu.

Era berean, irakasle-ikasle zein hezitzaile-ikasle ratioen jaitsiera jaso beharko luke testuak, ikasle bakoitzari eskainitako arreta eta hezkuntza kalitatea hobetzeko eta jaiotze kopuruaren beherakadaren aurrean enpleguari eusteko neurri gisa. 

Hezkuntza lana eraginkortasunez garatu ahal izateko, ezinbesteko tresnak bermatu behar dituzte instituzioek, besteak beste, langileon egonkortasuna eta kontsolidazioa, azpikontratazioarekin bukatzea, ratioen jaitsiera, etengabeko prestakuntza (lehentasunez: euskalduntze eraginkorrerako estrategiak, ikasle etorkinak eskolan murgiltzeko programak, inklusioa eta aniztasunaren trataera, hezkidetza, berrikuntza pedagogiak) eta kontziliaziorako neurriak.

Finantziazio publikoa jasotzen duen edozein ikastetxek klausula laboral batzuk bete beharko ditu, administrazio publikoaren finantziazioa jasotzeagatik bete beharrekoak:

  • Langileen sarbiden aukera berdintasuna bermatzea, hezkuntza-sistemako langile guztiak sarbide bakarra helburu. Sarbide bakar horretan ziurtatu beharra dago gaitasun eta merituetan oinarrituriko hautagai guztien arteko aukera berdintasuna, prozesuaren gardentasuna nahiz kontratazioaren gaineko kontrol publikoa (hezkuntza komunitatearena) eta gainbegiratze sindikala.
  • Lan-baldintzak homologatzea eta ekiparazioa.
  • Pribatizaturiko eta azpikontrataturiko egiturazko langilerik ez izatea