2026-01-25
Blog Page 382

Bizi baldintzen borroka erdigunean jarriko du Abiatu-k, Ekintza Sozialeko Komunitate berriak

“Gaurko eguna berezia da LAB sindikatua osatzen dugunontzat. Gaurkoa ez da edozein hitzordu. Gure istorio propioan mugarri berri bat jarri nahi dugu. Euskal Herriko langileriari tresna berri bat eskaini nahi diogu”.

Jauzi berri bat egin du sindikatuak. Ekintza Sozialeko Komunitatea aurkeztu dugu, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egindako ekitaldian, eta hasierako hitz horiekin ekin diogu bideari. Abiatu izena izango du tresna berriak.

Hain zuzen ere, enpleguaren eremua zabaldu eta, lan baldintzez gain, bizi baldintzei buruz hitz egin eta hauen inguruan borrokak sustatu nahi ditugu egitura berriarekin, egun piztuta dauden borroketan parte hartu eta ekarpena egiteaz gain, aliantzak indartzeko helburuarekin.

Bizi baldintzen borroka erdigunean jartzea ezinbestekoa da. Hala adierazi dugu aurkezpen ekitaldian: “Prekarizazio eta pobretze prozesuak ez dira soilik lantokietan ematen, eta gero eta lotura gehiago du lantokietatik kanpoko errealitateak barruko egoerarekin”.

Hauek dira gako nagusiak, LABeko Ekintza Sozialeko kide Endika Perez eta Iratxe Delgadoren hitzetan: “Borroken elkarrekintza sustatu. Kalea eta lantokia, lantokia eta kalea. Enplegua eta lana bere osotasunean. Enpleguaren eremua baldintzatzen duten zapalkuntzei aurre egitea. Eta, nola ez, hau guztia antolaketa modu berriekin, lan egiten dugun lekuaren arabera baino, bizi garen lekuaren araberakoa baizik. Horixe da martxan jartzen duguna. Horixe da Ekintza Sozialeko Komunitatea”.

Euren esanetan, “gurea sindikalismo borrokalaria da. Ez dugu performancetan geratu nahi. Lantokietan, gure ekintzaren bidez, langile-klasearen baldintza materialak hobetzeko borrokatzen dugu. Gizarte-ekintzaren eremuan, helburu bera dugu. Ez dugu salaketan bakarrik geratu nahi. Pixkanaka-pixkanaka, dinamikak sortzeko gai izan behar dugu, langileen bizi-baldintzak hobetzeko eta jendartea eraldatzeko prozesuan aurrera egiteko”.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ere hartu du parte aurkezpenean, eta egindako urratsaren garrantzia nabarmendu du. “Bizitza erdigunean jartzeko, sistema errotik aldatu behar da”, adierazi du. Hala, trantsizio ekosozialista eta feminista bat aldarrikatu du, eta burujabetza prozesua sustatzeko beharra azpimarratu du eraldaketa lortzeko.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “sindikatuak erakutsi du proposamen alternatiboak eta eraldatzaileak egiteko duen gaitasuna, Programa Sozioekonomikoarekin eta Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza propio baterako lege proposamenekin egin bezala”. Oraingoan Ekintza Sozialeko Komunitatea eratu dugu, “lan eta bizi baldintzen alde borrokatzeko, bizitza bizigarri baten alde aritzeko”.

Abiatu gara!

Hitzartzeak ez ezik, poesiarako tartea ere egon da. Olerki musikatuak oso ondo laburtu du komunitate berriaren izaera: “Ekintzetan baino elkarrekintzan sinisten dugulako; norbanakoan baino kolektiboan jardun nahi dugulako, eta gezurren eta mamuen gainetik, komunitate bat hezurmamitu nahi dugulako. Gure betiko habia utzi, eta abiatu gara; lantokiak zabaldu eta bizitokietara goaz. Gure jardunak ez duelako ez barru, ez kanpo; esparru guztietara heltzen delako baizik”.

“Badakigu zer eskatzen digun gorputzak: eskatzen digu guztiontzako etxebizitza, aldarrikatzen dugu ekologia, oinarritzen gara feminismoan eta amesten dugu burujabetzan. Eta borroka egingo dugu eskubideen globalizazioaren alde, hegoari iparra erakutsiz eta iparrari hegoak emanaz”.

Aurkezpena amaituta, kale ekintza bati ekin diogu. Herritarrengana jo dugu, galdetegi bat eskuan, egunerokoan zer nolako egoerak bizi dituzten jasotzeko, bizi baldintzak eta prekaritatea ardatz. Kale inkesta Bilboko gune hauetan egin dugu: Areatzan, Plaza Zirkularreko Primark-en, Atxurin eta San Nicolasen. Komunitateari jarri diogun izena dioen moduan, ABIATU gara!

Argitaratu berri den Grafikagintzako estatuko hitzarmena gaitzesten dugu, estatalizazioa eta prekaritatea dakartzalako

CCOO sindikatuak FEIGRGRAF, AFCO eta Editoreen Gremioarekin adostutako Grafikagintzako Estatuko Hitzarmena argitaratu berri da Estatuko Aldizkari Ofizialean.

LABetik akordio hori gaitzetsi nahi dugu, lan baldintzen estatalizazioan eta prekarizazioan urratsa suposatzen duelako.

Lan erreforma indarrean egotearen ondorio nagusienetariko bat estatuko hitzarmenek lehentasuna izatea da, eta hitzarmen honetan ere hori baliatzen dute. Izan ere, soldaten egitura, oporrak, lan kategoriak eta lanpostuen zehaztapena, esaterako, espreski debekatzen baitu herrialdeko hitzarmenetan arautzea.

Hitzarmenaren edukiari dagokionez, hain da kaskarra UGTk ez duela sinatu: LABek onartezintzat jotzen du kategoria baxuenetan 14.045 â‚¬ko urteko soldata gordina jasotzen den hitzarmenaren berritzean jasotakoa: 2021 urterako, nahiz eta %5,5 den une honetako KPIa, ez da inolako igoerarik jasotzen, eta 2022 urterako %1eko soldata igoerak adostu dituzte. KPIa altuagoa balitz, 2022an %1,5 artekoak lirateke soldata igoerak. Hau da, miseriazko soldatak zituztenek bi urtean sekulako eros ahalmena galduko dute. Beharbada, 2022an ez dira Gutxieneko Lanbidearteko Soldatara helduko.

Gainontzekoan ez dago inolako aldaketarik: aparteko orduak arautzen dira, hortaz, bultzatu, lanaldia handia da (1.768 ordu) eta berdintasunaren alorrean legeak esaten duena jasotzen dute besterik gabe.

Hitzarmen estatalen aurrean bertan erabakitzea aldarrikatzen dugu, horretarako eskubidea dugulako, eta estatuko hitzarmenek prekarizazioa dakartelako.

Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu. Egin dezagun Euskal Herrian Madrilen egin ezin dena.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek soldata parekatzeko aldarrikatu dute

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (TGEEZ) langileek aste honetarako deitutako bigarren greba eguna egin dute, ostegunean egindako mobilizazioei jarraipena emanez. LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuok langileek jasaten duten diskriminazioa salatu dugu, bai eta Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari berria, Luisa Larrauri, erakusten ari den negoziatzeko gaitasun eza ere.

Soldatak parekatzea da mobilizazioen aldarri nagusia. Osakidetzak TGEEZko langile guztiei ordaindu beharko lieke ospitaleko gainerako langileek kobratzen duten %4ko osagarria, atzeraeraginezko izaerarekin, eta, horrela, berehala ezabatuko litzateke kolektibo horrek jasaten duen diskriminazioa.

[IRITZIA] “Sindikalismo borrokalariaren taupada berri bat”

LABeko Ekintza Sozialeko kide Endika Perezek, Iratxe Delgadok eta Josefina Roco ‘Txefi’-k larunbatean Bilbon aurkeztuko dugun Ekintza Sozialeko Komunitatearen izaerari buruz idatzi dute:

Garai likidoak omen dira gaurkoak. Konpromisoak eta komunitate loturak desegin eta norberekeria nagusitzen diren sasoiak. Badira hogei urte Historiaren amaiera iragarri zigutela.

Egia esan, inoiz ez ditugu bizi izan langile jendearen aldeko haize ufadak. Edo nahi baino gutxiagotan izan dira. Kapitalismo berantiarraren fase honetan, zibilizazio krisiaren zantzuak areagotzen direla dioten gogoetak irakurri eta entzuten ditugu han-hemenka. Aldaketa klimatikoak eta krisi energetikoak eragindako kolapso ekologikoaren berehalako mehatxua, edo bizitza sostengatzeko lanen merkantilizazioa eta gutxiestea, zein lan horiek egiten dituzten emakumeak* ikusezin bihurtzeko joerak izan daitezke zantzuetako batzuk. Baita enplegua, etxebizitza, elikadura, oinarrizko bizi baldintza bezalako eremuetan gertatzen ari den prekarizazioa edota gorputzen, herrien eta Ipar-Hego globaleko arrakala ere. Horiek guztiek zein burujabetza eta demokraziaren desjabetze prozesuak, etorkizuna eraldatu nahi dugunontzat arreta eremu dira ezinbestean; baita erronka saihetsezinak ere.

Zurrunbilo honen erdian aurkitzen gara, nola ez, Espainiak eta Frantziak menpeko gaituzten Kantauri itsaso hegoaldeko lur zatitxo honetan bizi garenak ere. Eta joera globalen erdian bada heldulekurik ez dagoela dioenik, ditugun apurrak estu oratzea beste aukerarik ez dugula. Mezua argia da, beraz: dagoeneko dena dago galduta eta gure bizitzen okertzea onartzea dagokigu, ez dago beste aukerarik. Halakoak zabaltzen dituztenen interesak, ordea, aski ezagunak zaizkigu, zorionez.

Ez gaude prest iruzurrari men egiteko. Eta badugu, gainera, egoerari modu aktibo eta eraginkorrean aurre egiteko errezeta (horren zati bat, behintzat): elkartasun antolatua eta babes kolektiborako arma den sindikalismo borrokalaria. Bai. Sindikalismoa. Ez edonolakoa, noski. Osagai ezinbestekoak ditu: kontrabotere den eta borrokalaria den sindikalismo feminista behar du izan, baita klase sindikalgintza, larrialdi ekologikoaren aurrean modu aktiboan proposamenak egiteko gaitasuna duena, bizitzaren prekarizazio, pribatizazio, merkantilizazio eta espekulazio prozesuen aurrean lubaki berriak eraikitzeko etengabeko ahaleginean egongo dena eta bere emantzipazio proiektuan sortu den komunitate horri lotuko zaiona ere. Guzti horrek, gure ustez, enpleguaren esparrua gainditu eta aldaketa erradikalak sustatzeko bokazioa duen sindikalismo baterantz garamatza.

Borroka eremu berriak zabaltzen zaizkigu, baita hauetan jarduteko modu berrien beharrizana ere. Kapitalak, bizitza, pertsona eta planetaren bioaniztasuna kolokan jartzen ditu, deslotuak diruditen arren estrategia beraren parte diren prozesu anitzen bidez. Horregatik, garrantzitsuak zaizkigu borroka integrala gauzatu eta gatazka honetan behar bezala jarduteko bitartekoak, eta sindikalgintza tresnetariko bat izan behar dela sinetsita gaude.

Bide horretan, LAB sindikatuan jauzi berri baterako prestatzen ari gara aspalditik. Lau urte dira ekintza sozialeko egitura sortu genuela, egiten ari garen gogoetan oinarritutako antolaketa abiapuntu gisa. Orain, gure ekintza soziosindikala, lehen muga handiekin heltzen ginen lekura eramateko proposamena hezurmamituz goaz, komunitatea eta bizitza garatzen diren esparru anitz horietara, hain zuzen. Beharrezkotzat jotzen dugu auzo eta herrietan antolatzeko dugun gaitasuna biderkatzea, eta, horretarako, gure burua birpentsatzen jarraitu eta sindikatua lurraldean hedatzeko apustuari heldu diogu. Ez hori bakarrik; kapitalaren ofentsibaren aurrean, borrokak saretu eta osotasun batetik ulertu behar ditugula sinetsita gaude, eta gure kasuan horrek enpleguaren esfera zabaldu eta berau bizi-baldintzei, ekoizpen eta erreprodukzio prozesu, diskriminazio eta metabolismo bio-ekosozialaren ondorio diren zapalkuntza ardatz ugarirekin lotuta eta zeharkatuta ulertzea dakar. Erronka itzelak deskribatzen dituzten hitz handiak dira, eta denbora daramagu horiei aurre egiten eta formula berriak probatzeko saiakeran.

Gauzak horrela, antolaketarako espazio berri bat kokatzeko saiakerari heldu nahi digu, kapitala-bizitza kontraesana oinarri hartuta gure jardun soziosindikala eraginkorrago bilakatzeko asmoz. Sorreratik gure sindikatuaren izaera soziopolitikoa, militantziaren inplikazioa eta lantokiaz gaindi ehun sozialarekin izandako lotura estua berezko ezaugarriak izan badira ere, egiten ari garen apustu honek norabide horretan sakondu eta eguneratzeko anbizioa dauka.

Amaiera hitzak baieztapen batekin idazten ditugu. LAB sindikatuan ez gara datorrenari begira geratzen diren horietakoak. Proposamenen garaia da, konpromisoena eta datorrenari aurre egitekoa. Gure gaitasunetatik eta umiltasun osoz, baina batez ere ilusio eta konpromiso zintzoz, gure ustez erabilgarria izango den tresna aurkezten dugu, ekinez alternatibak eratzeko asmoa duena eta batez ere ziklo politiko-ekonomiko-ekologiko eta sozial honetan erantzutera mugatu baino gehiago, honetan eragin eta eraldatzeko asmoa duena. Abenduaren 11n, 11:00etan, sindikalgintza borrokalariari taupada berri bat eskainiko diogu Bilboko Bidebarrieta liburutegian. LAB sindikatuko ekintza sozialeko komunitatea jaio da. Ez ezazu hutsik egin.

Grebara deitu dugu Bizkaiko adinekoen egoitzetan abenduaren 14rako

Egoitzetako langileen lana funtsezkoa da jendartearentzat, eta horrela aitortzea eskatu dugu Bilbon egindako agerraldian. Lan-baldintzak langile publikoekin parekatzea eta ratio gizatiarrak izatea exijitu dugu.

Zaintzak merkantilizatzeak miseria baino ez dakarkie adinekoei, eta prekarizazioa sektoreko langileei. Gaur egun, zaintza negozio bat da, enpresek dirua irabazten dute erabiltzaile-plaza berri bakoitzarekin, eta Aldundia da gurpil horren arduraduna, gutxi batzuk aberastu eta sektoreko 5.000 langile baino gehiago prekarizatu eta esplotatzen gaituena.

Enpresek dirua eta irabaziak soilik ikusten dituzte guk zaintza eta lana ikusten ditugun tokian. Langileak gara eta ematen dugun zerbitzu publikoa onartzea eskatzen dugu. Hauek dira gure aldarrikapenak:

– Egoitzetako langileen lan-baldintzak langile publikoekin parekatzea. Lan-baldintzak hobetzeko eta, ondorioz, adinekoen zaintza hobetzeko benetako urratsak emateko unea da. Orain da unea, honek izan behar du parekatzearen negoziazioa.

– Ratio gizatiarragoak. Gaur egungoak baztertzen ditugu, eskasak eta ez gizatiarrak direlako. Osasunaren aurkako erasoa dira, egoitzetako langileak ez gara robotak, pertsonak baizik. Eta egunero eraso egiten diote zaintzak jasotzen dituzten adinekoen duintasunari. Langile gehiago behar da.

LABen ustez, gatazka honen azken irtenbidea adinekoak zaintzeko zerbitzua publifikatzea da.

Pribatizazioa inposatzen du Aldundiak

Urtebeteko antzerkiaren ondoren eta patronalarekin 10 bilera egin ondoren, emaitza borondaterik eta nagusitasunik eza da, eta negoziaziorik ez dago. Aldundiak adinekoen zaintza pribatizatzea inposatzen du, eta bera da Bizkaiko egoitzetan bizitzen ari denaren erantzule nagusia.

Egoera horren aurrean, LABek egoitzen sektorean abenduaren 14rako greba egun baterako deialdia erregistratu du. LABen ustez, gatazka honek batasun sindikal indartsu eta argia eskatzen du. Aldarrikapenak eta borrokarako gaitasuna partekatzen ditugun sindikatuen erantzukizuna da sektoreko langileentzako mobilizazio-eskaintza bateratua egitea. LABek bere gain hartu du norabide horretan duen konpromisoa, eta gehiengo sindikalari gonbita egin dio diagnostikoa eta agenda mobilizatzailea partekatzeko.

Sektoreko langile guztiei dei egiten diegu abenduaren 14an mobilizatu daitezen. Beharrezkoa da aipatutako egoera eta zainketak jasotzen dituzten pertsonena ikusaraztea eta erdigunean jartzea.

LABek elkarretaratzea egingo du abenduaren 14an Bilboko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean, 10:30ean.

Greba eskubidearen urraketa salatu dugu Urkabe Benetan enpresan

Oreretan kokatuta dagoen Okin taldeko Urkabe Benetan enpresako langileek bi orduko lehen lanuzte egun arrakastatsua egin dute gaur. 91 langilek egiten dute lan bertan eta jarraipen ia erabatekoa izan du lanuzteak.

Ekoizpeneko langile guztiek lanuztea egin duten arren, greba batzordea lantoki barrura bertaratu denean, ordea, bulegoko langile batzuk ekoizpenean lanean zeudela ikusi ahal izan du.

LABek Urkabe Benetango zuzendaritzaren jarrera salatzen du, eta Lan Ikuskaritzan salaketa aurkeztu dugu, greba eskubidearen funtsezko urraketa delako.

PasadenmartxotikdaramateenpresaitunanegoziatzenEnpresaBatzordea(LABeko3 kide eta ELAko 2) etaenpresa zuzendaritzak, enpresaren egoera ona izan arren, soldatak izoztu, antzinatasunak murriztu eta Aldi Baterako Enplegu Enpresen (ABLE) erabilpena kronifikatu nahi dute. LABentzat onartezina da ABLEen bidez, langileak erabili eta botatzeko mukizapiak modura tratatzea, eta aberastasuna banatu eta prekaritatea mugatzeko konpromisoak eskatzen dizkio zuzendaritzari.

Trikimailuak trikimailu, langileek borrokan jarraitzeko prestutasuna adierazi dute prekaritatearen kontra eta lan baldintzak hobetzeko, eta hortaz, hurrengo egunetan mobilizazioekin jarraituko dute:

-Abenduak 10ean bi orduko lanuztea.

-Abenduaren 13, 14 eta 15ean lau orduko lanuztea.

-Abenduaren 16 eta 17an egun guztiko greba.

Urkabe Benetanen prekaritaterik ez!

Nafarroako espazio eszenikoetako teknikariek greba egingo dute abenduaren 18an

LAB sindikatuak, Nafarroako espazio eszeniko nagusietan ordezkaritza duenak, dei egiten die espazio eszeniko publikoetan zerbitzu teknikoa ematen duten azpikontratetako teknikariei abenduaren 18an greba egiteko, sektorean pairatzen diren lan baldintza kaskarrak salatzeko. Greba baino lehen, kontzentrazioa egonen da Iruñean abenduaren 12an, igandearekin, Gayarre Antzokiaren parean, 18:30ean.

LAB sindikatuaren iritziz, kultur espazio publikoen kudeaketa ez litzateke lizitatu behar enpresa esleipendunetako langileei baldintza duinak bermatzen ez dizkieten pleguekin. Ordutegi-erabilgarritasuna, egutegi irekia, aldakorra eta ikuskizunen programazioaren mende dagoena, eta lan horren idiosinkrasia berezia konpentsazio bat eta berme batzuk izan behar dituzte langileek.

Hona hemen espazio eszenikoetako teknikarien aldarrikapen nagusiak:

Hitzarmen bat sortzearen alde

Sektorea erregularizatu behar dugu, eta Nafarroarako sektoreko hitzarmen bat sortzen aurrera egin. Horretarako, politikarien inplikazioa eskatzen dugu, arazo horri aurre egiteko; izan ere, baldintza agirietan ezarritako baldintzek lan-hobekuntzarako eskaeretan aurrera egitea eragozten digute, eta, aldi berean, bidezko hitzarmen bat sortzea eragozten dute. Halaber, arte eszenikoetako kontratazio publikoko jardunbide egokien kode bat sortzea eta haren jarraipen eraginkorra egitea, tarifak, ordutegiak, funtzioak eta abar arautzeko. Administrazioa edo haren mendeko erakundeak dira enpresak eta teknikariak kontratatzeko eragile nagusiak, eta bere gain hartu behar dute gai horretan duten erantzukizuna. Ziurtatu behar da lehiaketetako baldintzek bermatu behar dutela enpresek lan-baldintza duinak eskaini ahal izanen dizkietela langileei.

Bidezko baldintza agiriak

Lizitazio-agiriek teknikarien lan-errealitatea kontuan har dezatela eskatzen dugu. Espazio eszenikoen behar teknikoak asetzeko gai diren eta, aldi berean, azpikontratatutako enpresei beren langileei lan-egutegi eta lan-baldintza duinak emateko gai diren gutxieneko lan-ekipoak aurreikusi eta ziurtatzea.

Bidezko subrogazioa

Bidezko subrogazio-irizpidearen arabera, fakturazioa ez ezik, sektoreko lan-errealitate berezira egokituko dena eta subrogatu beharreko langileen lanaldiak errespetatuko dituena. GAYARRE ANTZOKIAN %4, %15, %34 EDO %40KO SUBROGAZIORIK EZ!

Lizitazio-lehiaketak geldiaraztea

Teknikarien lan-errealitatea kontuan hartu eta bidezko subrogazio-irizpideak adostu arte abian dauden lizitazio-lehiaketak geldiaraztea edo kentzea.

Lan-prekaritatea salatzea

Sektorean pairatzen ditugun lan-baldintza eskasak salatzeko eginen dugu planto, batez ere kontziliazio familiar eta sozialari dagokienez. Egoera hau gaitz endemikoa da sektorean, eta sektoreko hitzarmenik ezaren eta administrazioak lizitazio-lehiaketetan ezartzen dituen baldintzen ondorio da.

  • Urteko lan-egutegirik gabe, ez sei hilean behin, ez hamabost egunean behin. Nekez iristen da asteko egutegia izatera, eta horrek epe laburrerako edozein plan egitea eragozten du.
  • Astean egun jakin bat libre ez izatea.
  • Esleitutako txandarik gabe. Goizez, arratsaldez eta gauez lan egiten dugu, edo hiru txanden zati batean egun berean. 10, 12, 14 eta 16 orduko lanaldiak egiten ditugu batzuetan.
  • Ordutegi jakinik gabe. Ordutegiak aldatu egiten dira ikuskizunaren beharren arabera. Astelehenean 09:00etan sar gaitezke, asteartean 12:00etan, asteazkenean 17:00etan…
  • Irteera-ordutegiak gutxi gorabeherakoak izaten dira. Irteera-ordua egun berean alda daiteke, ikuskizunaren edo ekitaldiaren beharren edo ezustekoen arabera.
  • Lanean 13 egun jarraian kateatu ditzakegu.
  • Ohikoa da hainbat egunez jarraian 10, 11 edo 12 orduko lanaldiak kateatzea; beraz, benetan desagertu egiten gara gure familia- edo gizarte-ingurunetik.
  • Ez dugu gehieneko lanordu kopururik, ez astean, ez hamabostean, eta batzuetan ezta hilean ere.
  • Antzinatasunik gabe, gaueko plusik gabe, jaiegunetako plusik gabe… Soldata baxuak ez datoz bat, inolaz ere, merkatuko prezioarekin eta pairatzen ditugun lan-baldintzekin.

Beste behin ere, lehen mailako arretan murrizketak eginez egin nahi dio aurre pandemiari Sagardui sailburuak

LAB sindikatuarentzat, Osakidetzaren arduragabekeriak ez duela mugarik. Hilabete luzeetako pandemia-egoera egon eta 4.000 langile kaleratu ondoren, Sagardui sailburuak proposatzen duen konponbide bakarra lehen mailako arretan murrizketak egitea da.

Badirudi Osasun Saila pandemiaz egiten ari den kudeaketaren helburua dela ordain dezaketen pazienteak sektore pribatura ihes egitera bultzatzea eta herri-klaseak bertan behera uztea, EAEko herritarrentzako arreta giza baliabideekin eta baliabide materialekin indartzea baino.

Sailak, aspaldian, ahalegin handiak egin ditu lehen mailako arreta benefizentziatik gertuago dagoen sektore bihurtzeko, herritarrek osasunerako dituzten eskubideei kalitatez eta duintasunez erantzuten dien sektore batean baino. Osakidetzako kudeatzaileen arduragabekeriak disimulurik gabe erasotzen die EAEn bizi diren pertsona guztien osasunerako eskubideei, bereziki pertsona ahulenenei. Pandemiaren kudeaketa eta lehen mailako arretaren ahultze-estrategia argia kriminala da, Sailak bertan behera utzitako populazio-sektore osoekin.

Antola daitezkeen lekuetan protesta-ekintzak egitera deitzen ditu herritarrak LABek, Osasun Saila eta Eusko Jaurlaritza lehen mailako arreta ahultzeko eta desegiteko garatzen ari diren erasoaldiari aurre egiteko.