2026-01-20
Blog Page 381

Abenduaren 17an beste greba egun bat egingo dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan

Helduen egoitzetako egoera jasanezina da eta ezinbestekoa da urgentziazko irtenbide bat bilatzea berandu baino lehen. Gehiegizko lan kargek ezinezko bihurtzen dute egoilarrek behar eta merezi duten kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzea. Gainera, herrialdeko lan hitzarmen kolektiborik ez egoteak diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoa eskaintzen duten langileen artean lan baldintza ezberdinak eta soldata arrakala izugarriak sortzea ere ekarri du berekin.

Elkartasun osoa adierazi nahi diegu asteartean greba eguna egin duten Bizkaiko egoitzetako langileei, haien borroka gure egiten dugulako. Egoera hau ez delako Txara Ieko, Gipuzkoako helduen egoitzetako, ez eta Bizkaiko helduen egoitzetako arazo bat, zaintza lanen merkantilizazioaren, lan prekaritatearen eta emakume langileen lanaren debaluazioaren ondorio estrukturala baizik.

Zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuek izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz. Hau ez da, beraz, langileon eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; Gipuzkoako jendarte osoari eragiten dion auzi soziala baizik. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea.

Urriaren 28an burutu genuen greba egunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz.

Azaroaren 12an, ordea, erantzunik jaso ez genuenez, beste greba egun bat egin genuen; oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ateak itxi zizkiguten muturren aurrean. Egun hartan, hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen Maite Peñak, baina gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri.

Argi geratzen ari da, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela inolako borondaterik langileekin eseri eta muturrekoa bihurtu den egoera honi irtenbide egoki bat bilatzeko.

Langile eta sindikatuok, ordea, ez dugu geldirik gelditzeko inolako asmorik; presio sozial eta sindikala biderkatzeko momentua da, Covid-19aren pandemiari aurre egin dioten emakume langileek merezi dutelako, gure aiton-amonek merezi dutelako eta Gipuzkoako jendarteak merezi duelako.

Horregatik, ostiral honetan, abenduaren 17an, egingo dugun greba eguneko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eseri eta negoziazio kolektiboa abian jarri arte honek ez duelako etenik izango. Ez gaudelako salgai. Zaintza ez dadin negozio izan.

Ratioak handitu! Herrialdeko Hitzarmena orain! Zaintza lanak aitortu! Zerbitzua duindu!

9:30ean, bilera Eskaera egingo dugu Txara II-Gizarte Politiketako Egoitzaren aurrean, piketeen bitartez; 11:00etan, elkarretaratzea egingo dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.

Greba egin dugu Bizkaiko helduen egoitzetan, patronalaren negoziatzeko borondate ezaren eta Aldundiaren erantzukizun faltaren aurrean

LABek greba-eguna deitu du Bizkaiko helduen egoitzen sektorean, patronalaren negoziatzeko borondate ezaren eta Aldundiaren erantzukizun faltaren aurrean. Bilbon, Batzar Nagusien aurrean egin dugu elkarretaratzea, Aldundia zuzenean interpelatzeko. Aldundiak egoitzetako lan gatazkaren ardura eta erantzukizuna bere gain hartzea exijitzen dugu. Hauek dira LABen aldarrikapenak:

– Gure lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzea: lan bera, baldintza berak. Zaintza lanen pribatizazioak eta, zentzu horretan, zahar egoitza pribatuek langileen lan eta bizi baldintzak prekarizatzen ditu. Benetako pausoak emateko unea da. Foru Aldundiari eta patronalari lan baldintza duinak exijitzen dizkiegu, adinekoen zaintza hobetuko dituztenak.

– Erabiltzaileei arreta duina emateko ratio justuak. Gaur egun, langile bakoitzeko zaindu behar ditugun erabiltzaile kopuruak egiten dugun zerbitzuaren kalitate falta dakar, eta egunero gure osasunari eraso egiten dio. Ez gara robotak, pertsonak baizik.

Diputazioa zuzenean interpelatzen dugu, bera delako lan gatazka honetan bitartekari lana eta irtenbideak bilatu behar dituena.

Aplikatu diren gutxieneko zerbitzu minimoak gure grebarako eskubidea urratu dute. Eskubideak lapurtzen dizkigute, ikusezin bihurtzen gaituzte, ez gaituzte negoziazioan interlokutore gisa antzematen, eta orain grebarako eskubidea lapurtzen digute, %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatuz. Gu %100 hori ematen ari gara gaur hemen, salatzen eta mobilizatzen, baldintza duin batzuengatik eta gure lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzeko.

LABen argi daukagu zein den jarraitu beharreko bidea. Hitzarmena negoziatzeko bide bakarra dago, borroka, lan zentroetan eguneroko lana, mobilizazioak, salaketa soziala eta aliantzekin jarraituko dugu. Borroka da bide bakarra!

Gipuzkoako Aldundiko garbiketako langile azpikontratatuek mobilizazioei ekin diete

LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

Gipuzkoako Foru Aldundiko garbikuntzako langile azpikontratatuek mobilizazioak hasi dituzte enpresari benetako negoziazioa eta kolektiboaren erosmen ahalmena ez galtzea eskatzeko.

Hitzarmen berriaren negoziazioa 2021ko maiatzean hasi zen. Azpikontratatutako kolektibo honek, Aldundiko zuzeneko garbitzaileekin alderatuta, 6.000€ gutxiago kobratzen ditu. Azpikontratatutako enpresa bateko langile izate hutsagatik. Berriz ere ikusten dugu administrazioak azpikontratazioaren bidea hartu duela kostuak merkatzeko.

Baina administrazioak ez ezik, enpresa esleipendunak ere, EULENek, 6.000 euroko soldata-arrakala izanik, azpikontratei soldatak izoztea proposatzen du. Azaroko KPIaren itxiera % 5,5ekoa izan denean, 2021erako soldatak izoztea proposatzen du enpresak, % 1eko igoera 2022rako eta % 1,5ekoa 2023rako.

Enpresa-batzordeak uste du planteamendu hori onartezina dela. Pandemia garaian, birusik ez hedatzeko garbitzaile hauen lana funtsezkoa izanik, onartezina iruditzen zaigu soldatak izoztea. Baina ez bakarrik, soldata-igoera KPIarekin ez lotzea jokoaren arauak aldatzea da, eta ez dugu onartuko.

Badakigu egoera honen erantzuleak enpresa eta Gipuzkoako Aldundia direla, azken batean. Administrazio horri bilera eskatu diogu egoera azaltzeko, eta gaur egun ez digu erantzun.

Horregatik guztiagatik, langileek elkarretaratzea egin dute EULEN enpresaren atarian, benetako negoziazioa eskatzeko eta erosteko ahalmena ez galtzeko.

Garbiñe Aranburu: “Greba deklaratibo batetik harago, ez da greba erreal baterako inolako borondaterik egon”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan egon da, aktualitateko hainbat gairi buruz hitz egiteko. Greba Orokorrari buruz, LAB sindikatuak egindako irakurketa berretsi du: “Konstatazio bat egin dugu. LABek ez dio grebari uko egin, egoera zein den jakinarazi dugu, iruditzen zaigulako langile eta herritarren aurrean zintzo jokatzea dagokigula. ELArekin izandako hartu emanetan determinazio falta ikusi dugu Madrileko erabaki horietan eragiteko eta presionatzeko. Guretzat ikuspegi anitzagoa eta zabalagoa izan beharko luke balizko grebak eta mobilizazio ziklo berriak. Greba ezin da mehatxu huts bilakatu; benetan presionatu eta eragin nahi badugu Madrilgo erabakietan ere, ezin da denbora pasatzen utzi, eta konstatazio bat da urtea amaitu baino lehen grebarako aukera ez dagoela”.

Hala, ELAk Greba Orokorrari ateak itxi dizkiola berretsi du, eta adierazi du ez duela ulertzen zeri itxaron behar zaion greba aurrera eramateko: “Akatsa da Madrilen adosten ari den horren zain geratzea”. Idazkari nagusiaren iritziz, “greba deklaratibo batetik harago, ez da greba erreal baterako inolako borondaterik egon”.

Lan erreforma ere izan du hizpide: “Hasieratik oso garbi esan dugu, eta horrela izango dela pentsatzen dugu, lan erreformaren guztizko indargabetzerik ez dela egongo, are eta gutxiago patronalarekin adostasun bat bilatzen bada eta patronalari beto eskubidea ematen bazaio. Momentu honetan, ikuskizun dago lan erreforma horretatik zein puntu ukituko diren eta nolako sakontasunean”. Garbiñe Aranbururen esanetan, “Madrilera begira egotea baino, askoz emankorragoa izango litzateke Euskal Herrian bide propio bat elikatzea, bertan ditugun indar harremanetan oinarrituta, eta markio propio bat edukiz betetzen joateko”.

Aurrekontuei dagokionez, EH Bilduren akordioei esker hobekuntzak izan direla azaldu du, baina euskal langileen interesei ez zaiela behar bezala begiratzen kritikatu du.

Bestalde, LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo ere elkarrizketatu dute Hamaika Telebistan, eta Garbiñe Aranbururen hitzak berretsi ditu: “Greba baztertu baino, zintzotasun ariketa bat egitea da erabaki duguna, euskal langileei eta Euskal Herriari gauzak zertan diren esatea”.

Bizi baldintzen borroka erdigunean jarriko du Abiatu-k, Ekintza Sozialeko Komunitate berriak

“Gaurko eguna berezia da LAB sindikatua osatzen dugunontzat. Gaurkoa ez da edozein hitzordu. Gure istorio propioan mugarri berri bat jarri nahi dugu. Euskal Herriko langileriari tresna berri bat eskaini nahi diogu”.

Jauzi berri bat egin du sindikatuak. Ekintza Sozialeko Komunitatea aurkeztu dugu, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egindako ekitaldian, eta hasierako hitz horiekin ekin diogu bideari. Abiatu izena izango du tresna berriak.

Hain zuzen ere, enpleguaren eremua zabaldu eta, lan baldintzez gain, bizi baldintzei buruz hitz egin eta hauen inguruan borrokak sustatu nahi ditugu egitura berriarekin, egun piztuta dauden borroketan parte hartu eta ekarpena egiteaz gain, aliantzak indartzeko helburuarekin.

Bizi baldintzen borroka erdigunean jartzea ezinbestekoa da. Hala adierazi dugu aurkezpen ekitaldian: “Prekarizazio eta pobretze prozesuak ez dira soilik lantokietan ematen, eta gero eta lotura gehiago du lantokietatik kanpoko errealitateak barruko egoerarekin”.

Hauek dira gako nagusiak, LABeko Ekintza Sozialeko kide Endika Perez eta Iratxe Delgadoren hitzetan: “Borroken elkarrekintza sustatu. Kalea eta lantokia, lantokia eta kalea. Enplegua eta lana bere osotasunean. Enpleguaren eremua baldintzatzen duten zapalkuntzei aurre egitea. Eta, nola ez, hau guztia antolaketa modu berriekin, lan egiten dugun lekuaren arabera baino, bizi garen lekuaren araberakoa baizik. Horixe da martxan jartzen duguna. Horixe da Ekintza Sozialeko Komunitatea”.

Euren esanetan, “gurea sindikalismo borrokalaria da. Ez dugu performancetan geratu nahi. Lantokietan, gure ekintzaren bidez, langile-klasearen baldintza materialak hobetzeko borrokatzen dugu. Gizarte-ekintzaren eremuan, helburu bera dugu. Ez dugu salaketan bakarrik geratu nahi. Pixkanaka-pixkanaka, dinamikak sortzeko gai izan behar dugu, langileen bizi-baldintzak hobetzeko eta jendartea eraldatzeko prozesuan aurrera egiteko”.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ere hartu du parte aurkezpenean, eta egindako urratsaren garrantzia nabarmendu du. “Bizitza erdigunean jartzeko, sistema errotik aldatu behar da”, adierazi du. Hala, trantsizio ekosozialista eta feminista bat aldarrikatu du, eta burujabetza prozesua sustatzeko beharra azpimarratu du eraldaketa lortzeko.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “sindikatuak erakutsi du proposamen alternatiboak eta eraldatzaileak egiteko duen gaitasuna, Programa Sozioekonomikoarekin eta Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza propio baterako lege proposamenekin egin bezala”. Oraingoan Ekintza Sozialeko Komunitatea eratu dugu, “lan eta bizi baldintzen alde borrokatzeko, bizitza bizigarri baten alde aritzeko”.

Abiatu gara!

Hitzartzeak ez ezik, poesiarako tartea ere egon da. Olerki musikatuak oso ondo laburtu du komunitate berriaren izaera: “Ekintzetan baino elkarrekintzan sinisten dugulako; norbanakoan baino kolektiboan jardun nahi dugulako, eta gezurren eta mamuen gainetik, komunitate bat hezurmamitu nahi dugulako. Gure betiko habia utzi, eta abiatu gara; lantokiak zabaldu eta bizitokietara goaz. Gure jardunak ez duelako ez barru, ez kanpo; esparru guztietara heltzen delako baizik”.

“Badakigu zer eskatzen digun gorputzak: eskatzen digu guztiontzako etxebizitza, aldarrikatzen dugu ekologia, oinarritzen gara feminismoan eta amesten dugu burujabetzan. Eta borroka egingo dugu eskubideen globalizazioaren alde, hegoari iparra erakutsiz eta iparrari hegoak emanaz”.

Aurkezpena amaituta, kale ekintza bati ekin diogu. Herritarrengana jo dugu, galdetegi bat eskuan, egunerokoan zer nolako egoerak bizi dituzten jasotzeko, bizi baldintzak eta prekaritatea ardatz. Kale inkesta Bilboko gune hauetan egin dugu: Areatzan, Plaza Zirkularreko Primark-en, Atxurin eta San Nicolasen. Komunitateari jarri diogun izena dioen moduan, ABIATU gara!

Argitaratu berri den Grafikagintzako estatuko hitzarmena gaitzesten dugu, estatalizazioa eta prekaritatea dakartzalako

CCOO sindikatuak FEIGRGRAF, AFCO eta Editoreen Gremioarekin adostutako Grafikagintzako Estatuko Hitzarmena argitaratu berri da Estatuko Aldizkari Ofizialean.

LABetik akordio hori gaitzetsi nahi dugu, lan baldintzen estatalizazioan eta prekarizazioan urratsa suposatzen duelako.

Lan erreforma indarrean egotearen ondorio nagusienetariko bat estatuko hitzarmenek lehentasuna izatea da, eta hitzarmen honetan ere hori baliatzen dute. Izan ere, soldaten egitura, oporrak, lan kategoriak eta lanpostuen zehaztapena, esaterako, espreski debekatzen baitu herrialdeko hitzarmenetan arautzea.

Hitzarmenaren edukiari dagokionez, hain da kaskarra UGTk ez duela sinatu: LABek onartezintzat jotzen du kategoria baxuenetan 14.045 €ko urteko soldata gordina jasotzen den hitzarmenaren berritzean jasotakoa: 2021 urterako, nahiz eta %5,5 den une honetako KPIa, ez da inolako igoerarik jasotzen, eta 2022 urterako %1eko soldata igoerak adostu dituzte. KPIa altuagoa balitz, 2022an %1,5 artekoak lirateke soldata igoerak. Hau da, miseriazko soldatak zituztenek bi urtean sekulako eros ahalmena galduko dute. Beharbada, 2022an ez dira Gutxieneko Lanbidearteko Soldatara helduko.

Gainontzekoan ez dago inolako aldaketarik: aparteko orduak arautzen dira, hortaz, bultzatu, lanaldia handia da (1.768 ordu) eta berdintasunaren alorrean legeak esaten duena jasotzen dute besterik gabe.

Hitzarmen estatalen aurrean bertan erabakitzea aldarrikatzen dugu, horretarako eskubidea dugulako, eta estatuko hitzarmenek prekarizazioa dakartelako.

Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu. Egin dezagun Euskal Herrian Madrilen egin ezin dena.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek soldata parekatzeko aldarrikatu dute

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (TGEEZ) langileek aste honetarako deitutako bigarren greba eguna egin dute, ostegunean egindako mobilizazioei jarraipena emanez. LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuok langileek jasaten duten diskriminazioa salatu dugu, bai eta Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari berria, Luisa Larrauri, erakusten ari den negoziatzeko gaitasun eza ere.

Soldatak parekatzea da mobilizazioen aldarri nagusia. Osakidetzak TGEEZko langile guztiei ordaindu beharko lieke ospitaleko gainerako langileek kobratzen duten %4ko osagarria, atzeraeraginezko izaerarekin, eta, horrela, berehala ezabatuko litzateke kolektibo horrek jasaten duen diskriminazioa.

[IRITZIA] “Sindikalismo borrokalariaren taupada berri bat”

LABeko Ekintza Sozialeko kide Endika Perezek, Iratxe Delgadok eta Josefina Roco ‘Txefi’-k larunbatean Bilbon aurkeztuko dugun Ekintza Sozialeko Komunitatearen izaerari buruz idatzi dute:

Garai likidoak omen dira gaurkoak. Konpromisoak eta komunitate loturak desegin eta norberekeria nagusitzen diren sasoiak. Badira hogei urte Historiaren amaiera iragarri zigutela.

Egia esan, inoiz ez ditugu bizi izan langile jendearen aldeko haize ufadak. Edo nahi baino gutxiagotan izan dira. Kapitalismo berantiarraren fase honetan, zibilizazio krisiaren zantzuak areagotzen direla dioten gogoetak irakurri eta entzuten ditugu han-hemenka. Aldaketa klimatikoak eta krisi energetikoak eragindako kolapso ekologikoaren berehalako mehatxua, edo bizitza sostengatzeko lanen merkantilizazioa eta gutxiestea, zein lan horiek egiten dituzten emakumeak* ikusezin bihurtzeko joerak izan daitezke zantzuetako batzuk. Baita enplegua, etxebizitza, elikadura, oinarrizko bizi baldintza bezalako eremuetan gertatzen ari den prekarizazioa edota gorputzen, herrien eta Ipar-Hego globaleko arrakala ere. Horiek guztiek zein burujabetza eta demokraziaren desjabetze prozesuak, etorkizuna eraldatu nahi dugunontzat arreta eremu dira ezinbestean; baita erronka saihetsezinak ere.

Zurrunbilo honen erdian aurkitzen gara, nola ez, Espainiak eta Frantziak menpeko gaituzten Kantauri itsaso hegoaldeko lur zatitxo honetan bizi garenak ere. Eta joera globalen erdian bada heldulekurik ez dagoela dioenik, ditugun apurrak estu oratzea beste aukerarik ez dugula. Mezua argia da, beraz: dagoeneko dena dago galduta eta gure bizitzen okertzea onartzea dagokigu, ez dago beste aukerarik. Halakoak zabaltzen dituztenen interesak, ordea, aski ezagunak zaizkigu, zorionez.

Ez gaude prest iruzurrari men egiteko. Eta badugu, gainera, egoerari modu aktibo eta eraginkorrean aurre egiteko errezeta (horren zati bat, behintzat): elkartasun antolatua eta babes kolektiborako arma den sindikalismo borrokalaria. Bai. Sindikalismoa. Ez edonolakoa, noski. Osagai ezinbestekoak ditu: kontrabotere den eta borrokalaria den sindikalismo feminista behar du izan, baita klase sindikalgintza, larrialdi ekologikoaren aurrean modu aktiboan proposamenak egiteko gaitasuna duena, bizitzaren prekarizazio, pribatizazio, merkantilizazio eta espekulazio prozesuen aurrean lubaki berriak eraikitzeko etengabeko ahaleginean egongo dena eta bere emantzipazio proiektuan sortu den komunitate horri lotuko zaiona ere. Guzti horrek, gure ustez, enpleguaren esparrua gainditu eta aldaketa erradikalak sustatzeko bokazioa duen sindikalismo baterantz garamatza.

Borroka eremu berriak zabaltzen zaizkigu, baita hauetan jarduteko modu berrien beharrizana ere. Kapitalak, bizitza, pertsona eta planetaren bioaniztasuna kolokan jartzen ditu, deslotuak diruditen arren estrategia beraren parte diren prozesu anitzen bidez. Horregatik, garrantzitsuak zaizkigu borroka integrala gauzatu eta gatazka honetan behar bezala jarduteko bitartekoak, eta sindikalgintza tresnetariko bat izan behar dela sinetsita gaude.

Bide horretan, LAB sindikatuan jauzi berri baterako prestatzen ari gara aspalditik. Lau urte dira ekintza sozialeko egitura sortu genuela, egiten ari garen gogoetan oinarritutako antolaketa abiapuntu gisa. Orain, gure ekintza soziosindikala, lehen muga handiekin heltzen ginen lekura eramateko proposamena hezurmamituz goaz, komunitatea eta bizitza garatzen diren esparru anitz horietara, hain zuzen. Beharrezkotzat jotzen dugu auzo eta herrietan antolatzeko dugun gaitasuna biderkatzea, eta, horretarako, gure burua birpentsatzen jarraitu eta sindikatua lurraldean hedatzeko apustuari heldu diogu. Ez hori bakarrik; kapitalaren ofentsibaren aurrean, borrokak saretu eta osotasun batetik ulertu behar ditugula sinetsita gaude, eta gure kasuan horrek enpleguaren esfera zabaldu eta berau bizi-baldintzei, ekoizpen eta erreprodukzio prozesu, diskriminazio eta metabolismo bio-ekosozialaren ondorio diren zapalkuntza ardatz ugarirekin lotuta eta zeharkatuta ulertzea dakar. Erronka itzelak deskribatzen dituzten hitz handiak dira, eta denbora daramagu horiei aurre egiten eta formula berriak probatzeko saiakeran.

Gauzak horrela, antolaketarako espazio berri bat kokatzeko saiakerari heldu nahi digu, kapitala-bizitza kontraesana oinarri hartuta gure jardun soziosindikala eraginkorrago bilakatzeko asmoz. Sorreratik gure sindikatuaren izaera soziopolitikoa, militantziaren inplikazioa eta lantokiaz gaindi ehun sozialarekin izandako lotura estua berezko ezaugarriak izan badira ere, egiten ari garen apustu honek norabide horretan sakondu eta eguneratzeko anbizioa dauka.

Amaiera hitzak baieztapen batekin idazten ditugu. LAB sindikatuan ez gara datorrenari begira geratzen diren horietakoak. Proposamenen garaia da, konpromisoena eta datorrenari aurre egitekoa. Gure gaitasunetatik eta umiltasun osoz, baina batez ere ilusio eta konpromiso zintzoz, gure ustez erabilgarria izango den tresna aurkezten dugu, ekinez alternatibak eratzeko asmoa duena eta batez ere ziklo politiko-ekonomiko-ekologiko eta sozial honetan erantzutera mugatu baino gehiago, honetan eragin eta eraldatzeko asmoa duena. Abenduaren 11n, 11:00etan, sindikalgintza borrokalariari taupada berri bat eskainiko diogu Bilboko Bidebarrieta liburutegian. LAB sindikatuko ekintza sozialeko komunitatea jaio da. Ez ezazu hutsik egin.