2026-06-21
Blog Page 378

Aniztasun funtzionalaren sektorerako Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioa zabaltzeko eskaria erregistratu dugu

Bizkaiko aniztasun funtzionaleko sektoreko delegatuek mobilizazioa egin dute gaur Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, eta 2.000 langile baino gehiagok osatzen duten sektore honetarako hitzarmenaren negoziazioa zabaltzeko eskaria erregistratu dute bertan.

Sektore honetako langile gehienak emakumeak dira, zerbitzu publiko eta funtsezkoa ematen dutenak eta prekaritate egoera larriak bizi dituztenak. Langile asko daude behin-behinekotasun egoeran eta lanaldi partzialekin, ez dute erretirorako neurririk, lan arriskuen eta lan osasuneko arazoak dituzte, kontziliaziorako neurri eta ratio ez-nahikoak, eros-ahalmenaren galera, etab.

Langile hauek aniztasun funtzionala duten pertsonentzako zerbitzuak ematen dituzte. Zerbitzuaren titularitatea Bizkaiko Foru Aldundiak duen aurren, entitate pribatuek kudeatzen duten zerbitzu publiko hau, Aldundiarekin dituzten hitzarmen eta diru-laguntzen bidez.

LABen ustez bada garaia sektore honetako arazoei erantzun kolektiboa emateko. Honi lotuta, hau da sektorerako lortu nahi duena:

  • Indarrak batzea sektoreko egiturazko gabeziak ezabatzeko: behin-behinekotasuna, lan-osasuna, jubilazioak, erantzunkidetasuna, ratioak…
  • Sektoreko langile guztientzat, gutxienez EAEko KPIaren gainetik egongo den soldata-igoera baten alde borrokatzea.
  • Langileen batasuna, erakundeen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean interlokutore izateko.
  • Gizartearen aurrean ahots propioa duen subjektu bat izatea, langileek egiten duten lanari eta aniztasun funtzionala duten pertsonei aitortza emateko.
  • Langileak posizio hobean jartzea enpresa-hitzarmenak hobetzeko, eta era berean, enpresa-hitzarmenik ez duten langileentzat oinarrizko baldintza duinak lortzea.
  • Madrilgo negoziazioen menpe ez egotea, non guk ordezkari gisa aukeratu ez ditugunak hartzen dituzte erabakiak.

LABek hainbat gogoeta eta kontraste egin ondoren eman du urrats hau, bai sindikatuaren barruan, bai kanpoan, eta ahalik eta adostasun handienak bilatzen jarraituko dugu. Hurrengo egunetan fase bat irekiko dugu, aipatutako negoziazio sektorialean planteatuko ditugun edukien zehaztapena partekatzeko.

Bigarren greba eguna egin dute Bizkaiko merkataritzako langileek

LAB, ELA eta ESK sindikatuok deituta, Bizkaiko ehungintza, larrugintza eta oinetakoen sektoreko langileek egunotarako deitutako hiru greba egunetatik bigarrena egin dute, patronalek hitzarmenaren negoziazioan planteatutako proposamen atzerakoien aurrean. Hala, piketeak egin dituzte goizetik.

Joan den ostiralean ere egin zuten greba eguna, eta maiatzaren 13rako greba eta mobilizazio egun berri bat dute iragarrita.

Langileak aldarrikapen hauek defendatzen ari dira:

-Soldata igoerak KPI-aren gainetik, eta aurreko urteetako atzerapenekin. 

-Lanaldi partzialentzako lanaldiaren egonkortzea. 

-Eraldaketa digitala gauzatzen duten enpresetako langileentzako lanaldi murrizketa, enplegua babesteko neurri gisa. Gero eta online salmenta handiagoa, orduan eta lanaldi txikiagoa. 

-Digitalizazioari lotutako kategoria eta funtzio berrien erregulazioa: bezero-arreta, paketeen prestaketa eta banaketa…

-Digitalizazioari lotutako lanentzako plusak.

-Genero-arrakalari aurre egiteko, Bizkaiko lurralde-eremuko lantokietarako Berdintasun Plana edukitzeko betebeharra. 

Esku-hartze Soziala kalera aterako da berriz sektoreko Nafarroako lehen hitzarmenaren defentsan

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea. Bortz enpresa horiek osatzen dute Espainiako OEIS patronala, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu duena, hain zuzen ere. Eta zentzugabekeriarekin aurrera jarraitzen duenez, LAB sindikatuak hainbat mobilizazio antolatu ditu, eta maiatzaren 17ko greba, eta langile guztiak kalera ateratzeko deia egin du, patronalaren bidegabekeria ozen eta indarrez salatzeko.

Greba behar bezala erregistratu da Lan Departamentuan eta patronal guztiei jakinarazi zaie. Eta egun horretako hiru txandetako langileek greba egiteko aukera izan dezaten, berez, lanuztea maiatzaren 16ko 20:00etan hasiko da, eta maiatzaren 17ko 23:59ean bukatuko. Grebaren helburuak dira OEIS patronalak hitzarmena inpugnatu izana salatzea, sektoreko bi mila langileren lan baldintzak defendatzea ―hitzarmenarekin nahikotxo hobetu direnak―, eta egoera sozial zaurgarrian dauden herritarrei ematen zaizkien gizarte zerbitzu publikoen kalitatea defendatzea.

Iragan martxoaren 26an egin zen gai honi buruzko lehen manifestazioa, eta greba baino lehen ere bi mobilizazio izanen dira. Bihar (maiatzak 7) manifestazioa izanen da Iruñean, 12:00etan, Gurutze Gorriaren egoitzatik abiatuta (Leire, 6).Maiatzaren 16an, 10:00etan, elkarretaratze zaratatsua eginen dute egoitza horren beraren ondoan. Maiatzaren 17ko grebaren barnean, goizeko bederatzietan Caritasek Iruñeko San Anton karrikan duen egoitza inguratuko dute langileek, eta 10:30ean elkarretaratzea hasiko dute (in)Justizia Jauregiaren aitzinean, ordubete geroago hasiko baita inpugnazioaren inguruko epaiketa.

LABen ustez, OEIS patronalak inpugnazioarekin zabaldu nahi duen mezua da mobilizatzeak eta antolatzeak ez duela ezertarako balio, eta langileen ahalegin guztia alferrikakoa dela. Horregatik, LAB sindikatuak adierazi du langile guztien parte-hartzea arras garrantzitsua dela, mobilizazioetan zein greban, patronalak langileen borondatea errespetatu behar duela ikus dezan.

Kamioilari bat eta garbitzaile bat hil dira Iruñean, eta horrek are gehiago handitu du laneko ezbeharren zerrenda beldurgarria

LAB sindikatuak baieztatu ahal izan duenez, joan den ostiralean, apirilaren 30ean, kamioilari bat hilda agertu zen Volkswagen faktoriako hornitzaileen aparkalekuan, Landabenen (Iruñea). Azken horrekin, aurten lanean hildakoak 24 lirateke Euskal Herrian. Baina kontua da gaur ere jakin dela Nafarroako Unibertsitate Ospitalean garbitzaile bat hil zela asteartean. Beraz, dagoeneko 25 lagun hil dira lanean, 2022an. Langile klasearen odolusteak ez du etenik.

Lehenik eta behin, une latz hauetan, LAB sindikatuak bere elkartasuna adierazi nahi die bi hildakoen senide, lankide eta gertukoei.

LABen datuen arabera, Volkswageneko ekoizpen katean pieza batzuk falta zitzaizkiela ikusirik, kateako langileak enpresa hornitzailearekin jarri ziren harremanetan, eta honek bere kamioia geolokalizatu zuten. Ondoren, Foruzaingoak kamioilaria hilik aurkitu zuen, bere lanpostuan. Ez dakigu zehazki zenbat denbora igaro zuen langileak bertan. Dakiguna da pieza batzuen falta  izan zutelako topatu zutela hilotza, ez langilearen falta sumatu zelako.

Gizartean hausnarketa sakona ireki beharra daukagu ezinbestean. Honek atzetik dakartzan norbanako dramak ikusita, nola da posible gure ekoizpen sistema lan baldintza prekarioetan oinarritzea?  Zein baldintzapetan ari zen lanean Bulgariako kamioilaria? Zenbat egun zeramatzan lanean? Betetzen zituen zegozkion lan osasunerako arauak? Egiten zitzaion lan osasunerako Europan araututako jarraipen medikoa?

Garraioaren aktibitatea sakonki prekarizatua dago Europa osoan: lan egun luzeak, autonomo faltsuak, azpikontratazioa, banatze epe laburrak… Langilearen heriotzaren arrazoi ez traumatikoak ziurrenik zerikusia izanen du faktore psikosozialekin, sistematikoki patronalak gutxiesten duen faktore horrekin hain zuzen.

Gure ekoizpen sistema, gure sozioekonomia lurralde pobreetako lan baldintza prekarioetan oinarritua dago. Horixe da kapitalismoaren beraren funtsa. Horixe da irauli behar duguna, izan ere, kapitalismoakgauza guztien aurretik jartzen du kapitala, baita bizitzaren aurretik ere.

Horren aurrean, gako nagusia gainditu artean, badago bitarteko babes neurriak hartzeko aukera. Volkswagen bezalako enpresa kontratista batek baldintza-agirien bitartez, modu kontraktualean, bere bezero eta hornitzaileei lan osasuneko araudia betearazteko bidea dago.Borondate aktiboa besterik ez da behar horretarako. Hau da patronalari dagokion ardura bai legalki eta bai zor historiko gisara.

Garbitzaile bat hilik ospitalean

Kamioilariaren heriotza Euskal Herriko 24. lan heriotza da aurten (4.a Nafarroan). Zoritxarrez, etengabe hazten ari den zerrenda da hori. Izan ere, gaur berean 25. biktimaren berri izan dugu (5.a Nafarroan). Maiatzaren 3an, 20:30 aldera, Maju garbiketa enpresako 62 urteko langile bat Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko aldageletan hil zen, Iruñean. Heriotzaren arrazoiak ikertzen ari dira oraindik.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututuak zein Lan ikuskaritzak euren gabezia larriei konponbidea jarri behar diete.Eta ezagunak diren arrisku gune eta egoera jakin horietan beharrezko kontrol neurriak paratu behar dituzte.

Nafarroako Gobernuak du hemen erabaki politikoaren ardura. Ikuskapenen aurrekontua modu esponentzialean indartu behar du dagokion tresnak erabiliz. Era berean, ogasunaren ahalmena erabiliaz, beharrezko tresnak ezarri behar ditu lan osasun arauak betetzen ez dituzten enpresei hobariak kentzeko. Kontratazio publikoari dagokionez, bai Gobernu eta udalek lan osasunerako pleguak jaso behar dituzte arau hausteak irmoki zigortzeko. Langileon osasuna dago jokoan.

Azkenik, LAB sindikatuak dei egin nahi die langileei, azken bi heriotza horiek salatzeko antolatuko diren protesta ekitaldietan parte har dezaten.

Arabako metalgintzako langileak grebara deitzen ditugu

Gaur, maiatzak 5, bildu da Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea. Bertan ez da inolako aurrerapenik egon; hori dela eta, LABek dei egiten die Arabako metalgintzako langileei maiatzaren 18, 24 eta 26an deituta dauden grebekin bat egitera eta mobilizazioetan parte hartzera.

Gaurko bileran SEA patronalak soilik kontratazio inguruko proposamena ekarri du eta hortan, ebentualitatea handitzeko asmoa agerikoa da. Horretaz gain, ezer ez, beraz beste aukera bat galdu du benetan sektorearen arazoei erantzungo dizkien edukiak mahai gainean jartzeko.

Hortaz, gogorarazi nahi dugu SEAk KPItik azpiko soldata igoerak proposatzen dituela, langileek erosahalmena galtzea, noiz eta bizitzaren garestitzea oso nabaria denean. Horretaz gain, patronalak ez du inolaz ere lanaldia jaitsi nahi, inguruko metaleko hitzarmenen aldean altuena bada, alde handiz. Prekaritatea bere horretan mantendu nahi du, azpikontratetako langile guztien subrogazioa bermatu gabe, ebentualitatea eta ABLEen gehiegizko erabilpena mugatu gabe. Pertsonak erdigunean jartzeko proposatutako lan baldintzen hobekuntzak ere ez ditu onartzen, eta gainera lan osasunean eta berdintasunean kosterik gabeko neurriak proposatu ditugunean bi gai garrantzi hauek adosteko, patronalak uko egin du.

Beraz, SEAren jarrera ikusita, LABek Arabako metalgintzako langileei dei egiten die maiatzaren 18an, 24an eta 26an LAB, ELA, CCOO, USO, ESK, CGT sindikatuok deitu ditugun grebekin bat egiteko eta mobilizazioetan parte hartzeko. 18ko manifestaldia zehaztuta dago jada 11:30ean Bilbo Plazatik. Apirilaren 8ko lanuztean plantilak lehendabiziz aktibatu ondoren, orain borroka indartu behar da Arabako metalgintzan lan baldintza duinak lortzeko.

Lan heriotzen odolustearen salaketa Ondarrora eraman dugu

Etxebizitza batean eraberritze lanetan zebilen langile batek duela egun batzuk galdu zuen bizia, Ondarroan. Lan heriotzen odolusteak ez du etenik, egunotako lan istripu hilgarriak lekuko. Halaxe salatu dugu Ondarroan bertan, euskal gehiengo sindikalaren izenean, “Lan istripu gehiagorik ez. Prekaritatea hiltzailea” leloarekin.

Bestalde, Ernairekin batera, Ondarroako lan heriotza salatzeko ekimena egin genuen atzo.

Aurten, gutxienez, 23 langile hil dira lanean Euskal Herrian.

Benetako kontsolidazioaren eta hezkuntzako langileak babestearen alde mobilizatu gara Barakaldoko BECen

EAEko Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoetako zuzendari guztiak batu ditu BECen, goiza eta arratsaldea hartuko duen topaketa bat dela-eta. Zentzu honetan, aste honetan estabilizazio prozesuetarako plaza kopuruaren berri izan dugu, eta zifra horiek egonkortasunik ez dakartela salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu BEC-en kanpoaldean.

EAEko Hezkuntza Saila Ikastetxe Publikoetako zuzendaritzekin bilduko da gaur Barakaldoko BECen. Horren aurrean, LABeko irakaskuntzako ordezkariok elkarretaratzea egin dugu bertan “Benetako kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!” lemapean, abenduaren 28ko 20/2021 legeari lotuta egin beharreko egonkortze prozesuen inguruko negoziazioa amaitutzat eman eta kontsolidatuko diren lanpostuen kopuru ez-nahikoa eskaini baitu EAEko Hezkuntza Sailak.

Izan ere, aste honetan, hitz egiten jarraitzeko oraindik hilabeteko epea dagoelarik, negoziazioak itxi ditu Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak, aldebakarrez, eta aukera galdu du, Madrilek ezarritakoaren mugatik haratago, EAEko Hezkuntza Publikoak dituen beharrei erantzuteko. Berriz ere argi geratu da hemen erabaki beharrean, Madrilgo aginduetara egokitzeko mugatu dela Jaurlaritza.

Hori dela eta, gure ustez egiturazkoak diren lanpostu asko —aurrekontu zuzkidura dutenak— eta ezkutuan daudenak ez ditu aterako LEPera Administrazioak, ezta iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren sukaldari eta garbitzaileen lan metaketa kontratuak, heziketa berezian jardun erdian egiten dituen obra eta zerbitzu kontratuak edo irakasleen zerbitzu-eginkizunak betetzekoak direnak ere.

Argi dago emandako kopuruak ez direla nahikoak, eta ez diola irakaskuntza publikoan dagoen behin- behinekotasunaren abusuaren arazoari soluziorik emango. Eskolek ezegonkortasuna kudeatzen jarraitu beharko dute.

LABek eskatzen du maiatzak 31 arte dagoen eskaintzak egiteko epea negoziatzeko baliatzea.

Bat egiten dugu “Euskararen Eguna Administrazioan” ekimenarekin

Ostiral honetan, maiatzak 6, Nafarroako Administrazioetako Euskararen Eguna ospatuko da, Administrazioetako korrika batzordeek deituta. LABek bat egiten du ospakizun horrekin, eta, hala, langile guztiei dei egiten diegu Iruñeko Udal plazan 13:00etan eginen den batzar-elkarretaratzean parte hartzera. Hori errazteko, batzar orduak eskatu dira 12:30etik 15:30era arte.

Behin-behinekotasunak behera, ezegonkortasun forma berriak gora

Apirilean langabeziak beherantz egin du, hilabete honetan aurrekoan baino 2.503 langabe gutxiago daude inskribatuta enplegu bulegoetan Hego Euskal Herrian. Jaitsiera handiena Nafarroako Foru Erkidegoan izan da nabarmen, %2,83ko jaitsierarekin. Hego Euskal Herrian %1,65 izan da jaitsiera.

Adin tarte guztietan egin du behera langabeziak. Gazteen langabezia izan da ordea gehien jaitsi dena, %3,97 hain zuzen ere. Datua bere horretan positiboa izan arren, eremu honetan enpleguaren kalitateak kezkatzen gaitu gehien, gazteen enplegua baita prekarioena eta ezengokorrena. Koiunturaren arabera sortu eta suntsitzen dena, Udaberriko oporretan esaterako.

Sektoreei dagokionez eraikuntza izan da langabeziak gora egin duen sektore bakarra. Beherantz egin dutenen artean lehen sektorea izan da enplegu gehien sortu duen sektorea.

Behin-behinekotasunak nabarmen egin du behera. Hala ere oraindik kontratu berri guztien %70 baino gehiago behin-behinekoak dira, Estatu Espainoleko datuetatik gora.

Ezegonkortasuna, ordea, forma berriak hartzen ari da. Azken lan erreforma egonkortasunaren erreforma bezala saldu diguten arren, prekaritateak eta ezegonkortasunak behin-behinekotasunaren eremua gainditzen duela esan beharrean gaude. Are gehiago erreformaren ondoren, ezegonkortasunak forma berriak hartzeko aukera zabaldu baitu; esaterako, aldizkako finkoen kontratuak zabaltzen. Estatistiketan finko gisa agertzen zaizkigun arren, obra edo behin-behineko kontratuak ordezkatzeko formula berria da. Urtean hiru hilabete soilik lan egiten duen langilea finko gisa agertuko zaigu, lanera noiz eta zein baldintzatan itzuliko den ziurtasunik gabe.

Martxoan, lan erreforma aplikatzeko muga-epea izan dute enpresek, eta dagoeneko nabaria da aldizkako finkoen kontratuek gorantz egin dutela, kontratu finkoak baino askoz ere proportzio handiagoan. 2022ko Urtarrilean kontratu mugagabeen %4,6 soilik bazen aldizkakoa, Martxoan (Apirileko daturik ez dugu oraindik) %9,9ra igo zen aipatu proportzioa. Hego Euskal Herriko datuak hilabete erdialdean izango ditugu. Estatu Espainoleko Apirileko datuek zera diote, kontratu mugagabe guztien %34 dela aldizkako finkoa.

Edonola ere, enplegu prekarioa errealitate konplexua eta dimentsio askotakoa da: ezegonkortasuna, iraupen laburreko nahi-gabeko lanaldi partzialei loturiko azpienplegua, soldata baxuak, gizarte-babesean eta lanari loturiko eskubideetan izaniko murrizketak etab.

Ez da posible errealitate hau lan erreforma eznahiko eta partzial baten bidez eraldatzea. Estatistikak hobetu ahal izango dituzte, baina ez langileon errealitatea. LABek bere proposamena mahaigaineratu du: ondasunen, zaintzen eta enpleguaren birbanaketa oinarri izango duen lan kode eta gizarte segurantzarako lege propioa. Langileon bizitzak bizigarriak izan daitezen. Â