2026-10-06
HomeEkintza SindikalaEsku-hartze Soziala kalera aterako da berriz sektoreko Nafarroako lehen hitzarmenaren defentsan

Esku-hartze Soziala kalera aterako da berriz sektoreko Nafarroako lehen hitzarmenaren defentsan

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea. Bortz enpresa horiek osatzen dute Espainiako OEIS patronala, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu duena, hain zuzen ere. Eta zentzugabekeriarekin aurrera jarraitzen duenez, LAB sindikatuak hainbat mobilizazio antolatu ditu, eta maiatzaren 17ko greba, eta langile guztiak kalera ateratzeko deia egin du, patronalaren bidegabekeria ozen eta indarrez salatzeko.

Greba behar bezala erregistratu da Lan Departamentuan eta patronal guztiei jakinarazi zaie. Eta egun horretako hiru txandetako langileek greba egiteko aukera izan dezaten, berez, lanuztea maiatzaren 16ko 20:00etan hasiko da, eta maiatzaren 17ko 23:59ean bukatuko. Grebaren helburuak dira OEIS patronalak hitzarmena inpugnatu izana salatzea, sektoreko bi mila langileren lan baldintzak defendatzea ―hitzarmenarekin nahikotxo hobetu direnak―, eta egoera sozial zaurgarrian dauden herritarrei ematen zaizkien gizarte zerbitzu publikoen kalitatea defendatzea.

Iragan martxoaren 26an egin zen gai honi buruzko lehen manifestazioa, eta greba baino lehen ere bi mobilizazio izanen dira. Bihar (maiatzak 7) manifestazioa izanen da Iruñean, 12:00etan, Gurutze Gorriaren egoitzatik abiatuta (Leire, 6).Maiatzaren 16an, 10:00etan, elkarretaratze zaratatsua eginen dute egoitza horren beraren ondoan. Maiatzaren 17ko grebaren barnean, goizeko bederatzietan Caritasek Iruñeko San Anton karrikan duen egoitza inguratuko dute langileek, eta 10:30ean elkarretaratzea hasiko dute (in)Justizia Jauregiaren aitzinean, ordubete geroago hasiko baita inpugnazioaren inguruko epaiketa.

LABen ustez, OEIS patronalak inpugnazioarekin zabaldu nahi duen mezua da mobilizatzeak eta antolatzeak ez duela ezertarako balio, eta langileen ahalegin guztia alferrikakoa dela. Horregatik, LAB sindikatuak adierazi du langile guztien parte-hartzea arras garrantzitsua dela, mobilizazioetan zein greban, patronalak langileen borondatea errespetatu behar duela ikus dezan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko suhiltzaileak kalera itzuliko dira berriz, lan-osasuna bermatzeko neurriak eskatzera

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek mobilizazioei ekingo diete berriro, eta bihar, urriaren 7an, kalera aterako dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere. 11:00etatik 12:00etara egingo dute mobiliizazioa, Batzar Nagusietatik abiatuta, Bilboko Hurtado Amezaga kalean eta Foru Jauregiaren aurrean amaituta, Kale Nagusian.

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.