2026-10-03
HomeEkintza SindikalaBenetako kontsolidazioaren eta hezkuntzako langileak babestearen alde mobilizatu gara Barakaldoko BECen

Benetako kontsolidazioaren eta hezkuntzako langileak babestearen alde mobilizatu gara Barakaldoko BECen

EAEko Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoetako zuzendari guztiak batu ditu BECen, goiza eta arratsaldea hartuko duen topaketa bat dela-eta. Zentzu honetan, aste honetan estabilizazio prozesuetarako plaza kopuruaren berri izan dugu, eta zifra horiek egonkortasunik ez dakartela salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu BEC-en kanpoaldean.

EAEko Hezkuntza Saila Ikastetxe Publikoetako zuzendaritzekin bilduko da gaur Barakaldoko BECen. Horren aurrean, LABeko irakaskuntzako ordezkariok elkarretaratzea egin dugu bertan “Benetako kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!” lemapean, abenduaren 28ko 20/2021 legeari lotuta egin beharreko egonkortze prozesuen inguruko negoziazioa amaitutzat eman eta kontsolidatuko diren lanpostuen kopuru ez-nahikoa eskaini baitu EAEko Hezkuntza Sailak.

Izan ere, aste honetan, hitz egiten jarraitzeko oraindik hilabeteko epea dagoelarik, negoziazioak itxi ditu Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak, aldebakarrez, eta aukera galdu du, Madrilek ezarritakoaren mugatik haratago, EAEko Hezkuntza Publikoak dituen beharrei erantzuteko. Berriz ere argi geratu da hemen erabaki beharrean, Madrilgo aginduetara egokitzeko mugatu dela Jaurlaritza.

Hori dela eta, gure ustez egiturazkoak diren lanpostu asko —aurrekontu zuzkidura dutenak— eta ezkutuan daudenak ez ditu aterako LEPera Administrazioak, ezta iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren sukaldari eta garbitzaileen lan metaketa kontratuak, heziketa berezian jardun erdian egiten dituen obra eta zerbitzu kontratuak edo irakasleen zerbitzu-eginkizunak betetzekoak direnak ere.

Argi dago emandako kopuruak ez direla nahikoak, eta ez diola irakaskuntza publikoan dagoen behin- behinekotasunaren abusuaren arazoari soluziorik emango. Eskolek ezegonkortasuna kudeatzen jarraitu beharko dute.

LABek eskatzen du maiatzak 31 arte dagoen eskaintzak egiteko epea negoziatzeko baliatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...