2026-01-24
Blog Page 365

Gaitzespena adierazi nahi dugu Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta EAEko hainbat udalerrik sustatutako Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko Bateratuaren aurrean

LABek arbuiatu egin du EUDELek babestutako ekimen hori. Hala erabaki dugu Durangon egindako Afiliatuen Batzarrean. EUDELek hautaketa-prozesu bateratuak sustatzen ditu, hainbat udaletako udaltzaingoetan hutsik dauden lanpostuak betetzeko.

Lehenik eta behin, udaletan negoziatzeko eskubidea urratzen delako, eta eztabaida esparru opakoetara eramaten delako, gure udalerrien errealitatearekin zerikusirik ez duten esparruetara. Ez da udal-plantillen ordezkaririk izan.

Udal-autonomiari eraso egiten zaio, eta enplegu-eskaintza publikoei buruzko eskumenak alde batera uzten dira. Udaltzainak eta gainerako udal-langileak bereizi egiten dira. Gainera, udal askotan bitartekotasun-tasa altuei buruzko problematika konpontzeari uko egiten zaio, eta, beraz, are prekaritate handiagoa sortzen da.

Planteamendu zentralizatzaile horrek gutxietsi egiten du udal singularitatea, eta udalerri bakoitzaren interesetatik urrun dagoen polizia-eredua inposatu nahi du, zerbitzuaren kalitatearen eta herritarrekiko hurbiltasun-harremanaren kaltetan.

Azken batean, LAB sindikatutik salatu nahi dugu beste behin ere langileen eta haien ordezkaritza sindikalaren bizkar jardun dela.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari exijitzen diogu udaltzaingoen definizioan eta karakterizazioan ez sartzeko, udal-eskumeneko gaiak baitira.

Era berean, ez zaigu onargarria iruditzen ekimenarekin bat egitearen aldeko apustua egin duten udalen jarduera, herritarrei kalitatezko zerbitzu komunitarioa, prebentiboa, euskalduna eta hurbilekoa eskaintzeko duten erantzukizunari ihes eginez.

Larunbaterako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Bilbon, Iruñean eta Lizarran deitutako mobilizazioekin bat egin eta bertan parte hartzeko deialdia egiten diegu langile guztiei

Madrileko gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin Pentsio erreformaren baitan 2021eko abenduan adostutakoak ez zituen urteetan aldarrikatzen ari garena jaso eta murrizketa berriei ateak zabalik utzi zizkien.

Hartutako neurrien artean, pentsioak KPIra lotzea aurrerapausu gisa saldu baziguten ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) adierazi bezala, 2022ko urtarrila igarota aurreikuspenak bete dira: %2,5eko igoera izan da kotizaziopeko pentsioetan eta %3koa gutxieneko zein kotizatu gabeko pentsiotean. Biak ala biak urte amaierako %5,5eko KPItik urrun. Bizitzaren garestitzea nabarmena den bezala, pentsioen eros ahalmena murriztu dela nabarmena da. 

Gutxieneko 1.080 eurotako pentsioa ez bermatzea, egun existitzen den genero arrakala gainditzeko neurririk ez hartzea, erretiro adinaren atzeratzea edota pentsio plan pribatuei ateak parez pare zabaltzeak, egungo pentsionistei ez ezik etorkizunean pentsioa izango dugun langile guztioi eragiten diguten erabakiak dira. 

Horregatik, larunbat honetan deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu euskal langileak. Madrileko Gobernu ustez progresistenak eskaintzen diguna guztiz ez nahikoa delako eta etorkizun duina izateko aukera erreal bakarra, hemengo indar harremanetan oinarritu eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko borroka egitea delako: Euskal Herrian posible eginez Madrilen ezinezkoa dena. 

Hego Euskal Herrian 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko momentua da

Madrilgo gobernuak, CCOOk eta UGTk akordioa iragarri dute Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) 35 euro igotzeko. Soldata igoerak beti albiste ona izan arren, zenbatekoa oso apala da, baita Espainiako Estatuko egoeraren aurrean ere. Zer esanik ez gurera etorrita: LABetik argi esan behar dugu ez diela Hego Euskal Herriko langileen beharrei erantzuten.

Estatu mailan planteatzen ari diren igoerak oso urrun daude Hego Euskal Herrian dauden beharretatik. Bertoko bizitzaren kostuari ezin dio estatu mailan ezarri berri den 1.000 euroko LGSak erantzun. Hego Euskal Herriko egoerari egokitutako eta egoera horri erantzuten dion LGS ezarri beharko litzateke.

Pasa den azaroan, Lan Erreforma berriaren eztabaida giroan, LAB sindikatutik Confebask eta CEN patronalei langileen lan baldintzak eta prekarietateari aurre egiteko, sektore arteko 5 akordio egiteko proposamena helarazi genien. Horien artean, Hego Euskal Herrian 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzearena zegoen, hori baita euskal langileriak, bizitza duina izango badu, behar duen gutxieneko kopurua.

LABek ohartarazi moduan, PPk inposaturiko lan erreforma ez dute bertan behera utzi, eta honek ezarri zituen neurri atzerakoienak indarrean mantentzen dira (kaleratzeak, prekarietatea, estatalizazioa, malgutasuna, aldebakartasuna, …). Begi bat Madrilen eta hanka biak Euskal Herrian ditugula diogu. Madrildik ez da lan erreformaren inguruko konponbidea etorri, eta LGSrena ere ez da handik etorriko.

LABen, astelehenean publikoki adierazi genuen bezala, argi dugu Euskal Herrian bilatu behar dugula lan erreforma indargabetu ez izanaren aurrean irtenbidea, baita langileok pairatzen dugun prekarizazio eta pobretzeari irtenbidea, adibidez LGS.

Horretarako negoziazio kolektiboaren indartzearekin batera, sektore arteko akordioen bidea irekitzera goaz. Akordio hauetariko bat izan behar da Hego Euskal Herrian 1.400 euroko LGSa ezartzea ekarri behar duena. Euskal Herritik Euskal Herrirako prekaritateari aurre egiteko eginiko neurria.

Patronala, Gobernuak eta alderdiak interpelatuko ditugu gai honekin. Gobernuak patronalaren interesez (irabaziak pilatzea) bakarrik arduratzen dira eta hori aldatu behar da; eta langileen interesak lehenetsi behar dituzte. Hego Euskal Herrian bertoko LGSa lortzearen aldeko posizioa hartu behar dute, hau bultzatu, eta patronala interpelatu.

Lan erreforma berriaren kontra agertu diren bertoko alderdiek ere eremu politiko eta sozialean, 1.400 euroko LGS lortzearen alde agertu behar dute; hori lortzeko beraien eskutan dagoen guztia egitea beharrezkoa da.

Erizainen oposizioaren porrotak Nafarroan argi erakutsi du beste eredu bat behar dugula

Erizaintzako oposizioaren emaitzak ez dira kasu isolatu bat: Osasunbideko beste hautapen-prozesu batzuen ildo beretik doaz. Gainditu dutenak ez dira % 15era iristen. LABen iritziz, emaitza horiek iraingarriak dira oposiziogileentzat. Horregatik, sarbide-sistema berehala aldatu behar da.

Ez da lehen aldia oposizio prozesu batek hain emaitza katastrofikoak dituela Osasunbidean. Hona adibide batzuk: iaz egindako fisioterapeuten oposizioa (non ez ziren eskainitako lanpostu guztiak bete azterketak oso zailak zirelako); 2015eko edo 2020ko zainketa-teknikarien azterketak (aurkeztutako guztien % 5ek eta % 10ek gainditu zuten, hurrenez hurren); erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten 2019ko oposizioa, non inpugnazioak onartu behar izan ziren gutxieneko kopuru batek prozesua gainditu zezan; edo fakultatibo espezialisten LEPa, non akordio batera iritsi behar izan diren lanposturik ez galtzeko.

LAB sindikatutik salatzen dugu horrelako emaitzak Osasunbideko kategoria guztietan gertatzen direla, eta hainbat faktoreren emaitza direla: batetik, epaimahaien jardunari lotutako faktoreak, probak prestatzeko ahalmen osoa dutelako (proba errazak edo zailak jartzea), inolako kontrol-mekanismorik gabe. Bestetik, bibliografiarik gabeko gehiegizko gai-zerrendak, non oposiziogileen gaitasunak eta trebetasunak ez diren baloratzen. Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da meritokrazian eta ikastaroetan oinarritutako sistema bat dela, erakunde jakin batzuen interesen aldekoa; izan ere, erakunde horiek gero eta “premia” gehiago sortzen dituzte, eta lehia areagotzen dute. Horren ondorioz, oposiziogileak gurpil-zoro batean sartzen dira: gainditzeko, ordaindu behar dute, eta merezimenduak izateko, ordaindu behar dute.

Bestalde, onartu beharra dago ezen, oposizioa jende askok gaindituz gero eta gainditu duten guztien merezimenduak baloratu behar izanez gero, administrazioa blokeatuta geldituko litzatekeela, sustatu duten meritokraziagatik eta baloratzen den ikastaro, argitalpen eta master kopuru izugarriagatik. Kasu horretan, prozesua izugarri luzatuko litzateke, modu onartezinean, are gutxiago enplegua egonkortzeko LEP baten “atarian” gauden honetan.

LAB sindikatuak LEPak aurrera eramateko beste eredu bat aurkeztu du behin baino gehiagotan, plantillak benetan egonkortzea ekarriko duena. Merezimendu-lehiaketetan, lan egindako denbora eta euskararen ezagutza bakarrik baloratzea proposatzen dugu, eta administrazioak berak sortutako ikas-materiala eta bibliografia eskaintzea, baita galdera-sortak ere, kategorien arabera. Era berean, oraingoak bezalako emaitzak zuzentzeko mekanismo konpentsatzaileak aurreikusi beharko lirateke. Bestalde, ikastaroak, masterrak, argitalpenak eta abar baloratzeko, lanbide karrera dugu. Gainerakoa negozio hutsa da; prestakuntza hori ordaintzeko dirua dutenen eta ez dutenen arteko aldea nabarmentzeko sistema bat.

Laster ahaztu da Administrazioa garai bateko txaloez eta plantillak egindako ahaleginaz. Laster ahaztu da oposizio honetako epaimahaia bere lankideez, kasu askotan muga eta arazo handiak izan dituztenak oposizio hau prestatzeko. Lekutan dira gure kudeatzaileek egindako errekonozimenduak. LAB sindikatuak Nafarroako Osasun Zerbitzuan dagoen behin-behinekotasun indize onartezinari (% 64koa) bukaera ematea ahalbidetuko duten hautapen-prozesuen alde egiten du. Gure ustez, Osasunbidean lanean 10 urte baino gehiago daramatzan profesional batek sobera ongi frogatu du badakiela lan egiten.

Sinplifikatzeko borondatea behar da, eta salerosketan ibiltzeko gogo gutxiago. Helburuak argi daude: plantilla egonkortzea, lan-baldintza duinak lortzea eta langileen ziurgabetasuna konpontzea. Prozesu honetako emaitzek, tamalez, osasun sistema publikoarekiko motibazio falta, mesfidantza eta utzikeria zabaldu besterik ez dute egiten langileen artean.

“Ez dugu utziko murrizketa politikekin jarrai dezaten”

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Osakidetzaren egoitza nagusiaren aurrean, geure haserrea adierazteko. LABeko ordezkari Jesus Oñatek adierazitakoaren arabera, “ez dugu utziko urtetan ezartzen ari diren murrizketa politikekin jarrai dezaten”.

Hain zuzen ere, Osakidetzan bi greba egun egingo ditugu otsailaren 25 eta 28an, eta manifestazioak deitu ditugu hiriburuetan, otsailaren 26rako, osasun-sistema publikoaren desegitearen eta prekarizazioaren kontra. Gasteizen egin dugun elkarretaratzea dinamika mobilizatzaile horren baitan gauzatu dugu, Osasun Sailaren immobilismoa eta konponbiderik eza salatzeko.

Lacteos de Navarra enpresako ia langile guztiek babestu dute hurrengo hiru urteetarako hitzarmen-akordioa, lan-baldintza onak bermatzen dituena #LortuDugu

Zenbait hilabetez negoziatzen eta mobilizatzen aritu ondoren, Kaiku taldeko Lacteos de Navarrako langileen %98k oniritzia eman dio zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen artean lortutako hitzarmen-aurreakordioari (LABen gehiengoa du, 9 kideko 6 kiderekin), zeinak lan-baldintza onak bermatzen baititu hurrengo hiru urteetarako —bertzeak bertze, KPIaren soldata-igoerak eta dagozkien atzerapenak—. LABek zorionak eman nahi dizkie langileei, baldintza duinen alde tinko eta etengabe borrokatu baitira.

2021eko abenduaren 29an, 24 orduko bigarren lanuztearen egunean, aurreakordio bat lortu zen hurrengo greba-egunak bertan behera uzteko. Bertan, KPIaren soldata-igoerak bermatzen ziren, dagozkien atzerapenekin, enpresak malgutasuna sortzeko asmoa ken zezan, hurrengo urtean orduak emanez eta kategoria berririk sartu gabe.

Hurrengo lanuzteak bertan behera uzteko baldintza lortutako akordioaren edukia izan zen, eta gainerako hitzarmena epe laburrean negoziatzea. Eta hilabete eskasa izan da, negoziazio gogorren ondoren aurrerapauso nabarmenak lortu baitira.

Alde batetik, enpresak hitzarmenaren egungo baldintzak okertzeko egiten zituen proposamen guztiak kendu dira, hala nola malgutasuna handitzea, produkzio-egunak luzatzea edo langile batzuen eguneroko lanaldia egokitzea norberaren aukerako egunak murrizten.

Eta horrez gain, soldatetatik harago dauden baldintzak hobetzea lortu da, lana eta familia bateragarri egiteko hobekuntzak eginez, egutegiak eta lan-txandak gehiago antolatuz, mutualitateak kontingentzia arruntetarako erabiltzea debekatuz, telelana arautuz eta bertze hobekuntza sozial batzuk eginez.

Horren ondorioz, ia langile guztiek eman dute hurrengo hiru urteetarako lan-baldintza onak bermatzen dituen hitzarmen kolektiboa sinatzearen aldeko botoa.

LAB sindikatuak Lacteos de Navarrako langileak zoriondu nahi ditu, bere lan-baldintzak defendatu dituztelako eta baldintza horiek hobetzeko borrokatu direlako, enpresa-hitzarmena nabarmen hobetzea eta urte hasiera honetan hain lehiatua izan den erosteko ahalmena bermatzea lortuz.

Prekaritateak makina matxuratu arriskutsuak erabili arazten dizkigu langileoi nahiz eta honen arriskua ezagutu

Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Barakaldon, urteko 2. hildakoa udalerri honetan, hain zuzen. Oraindik datu gutxi dugun arren, jakin dugu 62 urteko eraikuntzako langilea obran lanean ari zela altueratik objektu bat erori eta azpian jota hil zuela atzo. Antza denez, kargak igotzeko gailua behar bezala ez zebilelako gertatu zen. Hildako langileak Construcciones y reformas Andrasa enpresarentzako azpikontratatuta ziharduen lanean Portugaleko JPSP izeneko enpresan. Berriro ere beste istripu hilgarri bat eraikuntzaren eta birgaitzearen sektorean. LAB sindikatutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familiari, gertukoei eta lankideei.

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan- istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Hildako langile berri horrekin, gutxienez 7 langilek galdu dute bizia aurten Euskal Herrian, 2022tik hilabete eta erdi igaro ez denean, eta horietatik 3 eraikuntza sektorekoak dira.

Prentsak ohartarazi duenez langileak azpikontratatuta ziharduen lanean. Nahiz eta kargak igotzeko gailuak arazoak zituen eta jakin, zergatik ez du aktibitatea geldituarazi obrako “errekurtso prebentiboak”? Prekaritatea jaun eta jabe den honetan, langile askok bere burua behartuta ikusten dute egoera arriskutsu horietan lanean jarraitzen. Lana bizitzaren aurretik alegia. Salatu nahi dugu azpikontratetan diharduten langileek are zailtasun gehiago dituztela euren eskubideak betearazteko baita lan osasun arloan ere, horregatik, istripu eta gaixotasun profesionalak pairatzeko arrisku handiagoa dute. Hau onartezina da.

Erakundeei azalpenak eskatzen dizkiegu, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz. Modu honetan beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio-politikak egin ditzaten. Tamalez, badakigu praktikan laneko ikuskaritza eta Osalan ez direla inon ageri. Bestalde, sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat eman, ezta honetara ohitu ere.

Azkenik, dei egiten dugu ostegun arratsalderako herri eragileek deitu duten elkarretaratzean parte hartzera. Mobilizazioa 19:00etan izango da Barakaldoko Bide Onera plazan, langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea lehentasun izango duen eredu baten alde. Honetaz gain, euskal gehiengo sindikalak ere elkarretaratzea egingo du laneko heriotza honen aurrean. Ostiralean izango da, otsailararen 11n, 11:30ean Barakaldoko Bide Onera plazan.

Sektore prekarioetara gehiago zabaltzeko afiliazio sistema berritu dugu

Duela bost urte sindikalismoa birpentsatu eta langile sektore berrietara gerturatzeko egindako apustuak bere fruituak eman ditu. Bost urtetan %12,4ko afiliazio hazkundea izan dugu eta jada 46.178 afiliatu ditugu. Hauteskunde Sindikalei dagokienez, gehien hazi den sindikatua gara eta maximo historikoetan gaude. Halaxe jakinarazi dute LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak. Bide honetan sakonduz, diru-sarreren araberako kuota sistema ezarri dugu, sektore prekarioenen afiliazioa errazteko asmoz. 

Izaskun Garcia Bordagarai Antolakuntza Idazkariak bost urteko afiliazio datuak aurkeztu ditu: 2017an 41.083 afiliatu zituen LABek; 2021an, aldiz, 46.178. Horietatik, 19.758 (% 42,78) emakumeak eta 26.222 (% 56,78) gizonak. Parekorik ez duen afiliazio igoera da hau: 5.095 afiliatu gehiago bost urtetan, % 12,4ko igoera. 

“Esanguratsua da azken bost urte hauetan izandako afiliatu berri horietatik % 56 emakumeak izatea”, adierazi du Garciak “sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean emandako urrats feministen ondorio”. Hego Euskal Herriko hauteskunde sindikalei dagokionez, LABek 4.668 ordezkariekin itxi du urtea, horietatik % 37,22a emakumeak eta % 62,78a gizonak. Iaz baino 150 gehiago eta duela bost urte baino 433 gehiagoarekin bukatu dugu 2021a. Portzentaietan inoizko emaitzarik onena lortu du, % 19,24. 

EAEri erreparatuta, aurreko urtean baino 108 ordezkari gehiago eta duela bost urte baino 264 gehiago lortuta, bigarren postuari eutsi egiten dio.

Nafarroari dagokionez, aurreko urtean baino 50 ordezkari gehiago eta duela bost urte baino 169 gehiago eskuratu ditu LABek. %17,29ko portzentaia lortuta, LAB lehen sindikatutik zazpi puntura dago.

Diru sarreren araberako afiliazio kuotak, sektore prekarioetara gehiago gerturatzeko

Aurreko Biltzar Nagusian sindikalismoa sektore prekarioetara gerturatzeko egindako ahaleginean sakondu asmoz, kuota sistema berritu egin du LABek. “Lan eta bizi baldintzen prekarizazioaren eraginez, Sindikatuak inoiz baino beharrezkoagoak diren honetan, LAB langile guztiontzako tresna eraginkorra izan eta LABen afiliatzeak denon eskura egon behar du”. 

Igor Arroyo Idazkari Nagusi ondokoak afiliazio sistemaren irizpide berriaren balio politikoa azpimarratu du: “Justizia sozialaren oinarrizko premisetako baten arabera berritu dugu gure afiliazio politika: bakoitzak ahal duen neurrian, bakoitzari behar duen neurrian; eta beti ere klase elkartasuna oinarri izanda”.

Honela, langile bakoitzak duen diru-sarreren araberako kuota ezarri du LABek, diru-sarrera gutxiago dutenen sindikalizazioa errazteko asmoz. “Inor ez dadila geratu babes sindikalik gabe bere egoera ekonomikoaren ondorioz” aldarrikatu du Arroyok. 

Honela, 2.000 eurotik gehiagoko soldata dutenek apur bat gehiago ordainduko dute, soldata baxuagoak dutenek afiliatzeko aukera izan dezaten. Eta batzuk nahiz besteek sindikatuaren baliabideak erabiltzeko aukera berdina izango dute, nork bere beharraren arabera: aholkularitza sindikala, aholkularitza juridikoa, formakuntza, parte hartze espazioak eta greben ondoriozko diru-sarreren galerei nahiz isunei aurre egiteko balio duen borroka kutxa.

“Ideia honek sindikatuen muinarekin harremana du. Sindikatuak badira langile bakoitzaren egoerari konponbidea emateko tresnak. Baina sindikatuek, batez ere, langileon arteko elkartasuna praktikan jartzeko eta klase bezala ahalduntzeko tresnak behar dute izan”, adierazi du Arroyok, eta afiliatzeko deia egin du: “izan norberak pairatzen duen egoerari aurre egiteko, izan langile klase osoaren eskubideak defendatzeko, langile orok afiliatuta egon beharko luke. Gaurtik aurrera, zailago duten horiei errazago jarriko diogu”. 

Honako hau da LABek ezarritako kuota sistema berria:

KUOTA 1 (5 euroko kuota): 

DSBE (gaur egun 706€) jasotzen duten edo hau baino diru sarrera apalagoak dituztenak. 

KUOTA 2 (9,11 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, DSBEaren (gaur egun 706€) eta LGSren (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata: gaur egun 965€) arteko zenbatekoa jasotzen dutenak.  

KUOTA 3 (13,66 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, hilean LGS (965€) eta 1.200€ artean jasotzen dituzten langileak. 

KUOTA 4 (18,30 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, hilean 1201€ eta 2000€euro jasotzen dituzten langileak. 

KUOTA 5 (21,33 euroko kuota): 

Enplegua edo pentsio bidez, 2001€ baino gehiago jasotzen dituzten langileak.

Erabat gaitzesten dugu Bilboko metroko geltokien garbiketa-zerbitzuko langile batek lanean ari zela jasandako eraso matxista

LAB Ilunion (garbiketa kontrata) eta LAB Metro Bilbaotik erabat gaitzesten dugu metroko geltokien garbiketa-zerbitzuko langile batek lanean ari zela jasandako eraso matxista. Gure babes osoa emakumeari, eta behar duen guztian laguntzeko prestasuna eta eskaintza ere bai. Era berean, bi atal sindikalek Sestaoko talde feminista EMARIk deitutako mobilizazioarekin bat egin dute. Asteazkenean izango da protesta, 19:00etan, udaletxe aurrean.

Zoritxarrez, sektore feminizatuek, garbiketakoak, besteak beste,  indarkeria jasateko arrisku handia dute. Askotariko indarkeria, hala nola, enpresena (azpikontratazioa, subrogazioak…), erakundeena (ez-ikustea, zerbitzu publikoak ez sustatzea eta sortzea,  babesik ez, eskubide-bermerik ez…), jendartearena (egiturazko matxismoa, familietan, etxeetan, doan egiten dugun lana, edo pandemian “funtsezko” izendatu dituzten sektoreetan, non nagusiki emakumeak aritzen garen), baita sindikatuena ere, zergatik ez esan. Azken alderdi horrek izugarri kezkatzen gaitu, gainera, zuzenean ukitzen gaituelako, kasu honetan.

Gure ardura  da Metro Bilbaon gure alboan lanean ari diren pertsonen lana segurua eta duina izan dadin zaintzea eta ziurtatzea. Lankide ditugu, eta baten aurka jotzea denon aurka jotzea da. Enpresa-batzordeoi kostatzen ari zaigu elkarrekin irtetea. Penagarria eta gehiago. Azkar eta tinko erantzun behar dugu, kontu akzesorioetan denbora galdu barik. Beste eraso batzuen aurrean bestela erantzun izan dugu. Enpresa-batzordeak eta sindikatuak zer eta zelan erantzun koordinatu eta adosteko gai ez izateak agerian utzi du emakumeen aurkako indarkeria ez zaigula asko axola. Alferrik dira enpresen eta sindikatuen berdintasun-planak eta martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko adierazpenak, benetan erantzun behar dugunean koherentziaz, zintzotasunez eta konpromisoz jokatzen ez badugu.