2026-05-06
Blog Page 355

Grebara deitu ditugu Bizkaiko garbiketako langileak ekainaren 9, 10, 20 eta 21erako, urtean 15 paga izango dituen 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzeko

Martxotik hona sei greba egun egin ondoren, duela 30 urte grebara irteten ez zen sektore bat suspertzeko balio izan dutenak, eta negoziazioak bizi duen egoeraz jabetuta, LABek bat egiten du ekainerako garbiketa sektorean deitutako grebekin. Ekainaren 9, 10, 20 eta 21ean izango dira greba egunak.

Gaur jakin dugunez, patronalek hilaren 6rako aurreikusita zegoen bilera atzeratzea eskatu dute, eta bilera astebete geroago egitea: ekainaren 13an. Proposamen bat egiteko denbora gehiago behar dutela esan dute. Ia 20 bilera eta 6 greba egun ez dira nahikoak izan soldata duinak eta baldintza duinak nahi ditugula ulertarazteko. Beraz, datorren ostegun eta ostiralean berriro ere erakutsiko diegu.

Borroka historikoa egiten ari gara Bizkaiko garbiketa-hitzarmenaren alde. 12.000 langile inguruko sektorea da, feminizatua eta prekarizatua, eta azken hilabeteetan bere baldintzak duintzeko borrokarako prest dagoela erakutsi du. Gora garbitzaileak kolektiboarekin ekimenekin, okupazioekin, eserialdiekin, errepide mozketekin, kontzentrazioekin eta grebekin erakutsi dugu borrokatzeko prestutasun irmoa daukagula, eta horrela erakusten jarraituko dugu.

1.200 euroko gutxieneko soldatak nahi ditugu, eta, horretarako, beharrezkoa da patronala mugitzea eta gure aldarrikapenei erantzutea. Ez daitezela konfunditu, ez gara geldituko, ez dugu atzerapausorik emango, ezta bultzadarik hartzeko ere. Ekainaren 9, 10, 20 eta 21ean, garbitzaileak grebara itzuliko gara.

Ekainaren 9an beste greba egun bat egingo dugu Nafarroako egoitzen hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Iazko maiatzean, mendekotasunaren sektoreko lau sindikatu nagusiek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) proposamen bateratu bat aurkeztu genien Nafarroako patronalei eta Gobernuari, Nafarroan hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmen honek Nafarroan 70 zentro baino gehiagotan banatuta dauden 4.500 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko balio behar du. Lan baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatu behar da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun eta lan osasun neurri eraginkorrak, sektorean putre funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Patronalek negoziazioan ematen diren aurrerapausoak blokeatzen jarraitzen dute, eta, beraz, mobilizazioek aurrera jarraituko dute lan baldintza duinak lortu arte eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte. Patronalen interes ekonomikoen gainetik jarri behar dira artatutako pertsonen eta arreta ematen dieten langileen interesak.

Diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da, eta, beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain. Mendekotasunaren sektorea adineko eta mendeko pertsonen arreta egokiarekin bateraezinak diren enpresa ereduetatik kanpo utzi behar da.

Hau guztiagatik, ekainaren 9an langileak grebara eta mobilizazioetara itzuliko dira, Nafarroako Egoitzen Hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitera behartzeko. 11:00etan elkarretaratze zaratatsua deitu dute Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuaren aurrean, eta 15:15ean beste elkarretaratze bat Lan Auzitegiaren aurrean, Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren bileraren aurretik.

Osakidetzako zuzendaritzak lan eskubideak zapaltzeko eta herritarrenak murrizteko asmoa du osasun-zentro guztiak 17:00etan itxita

Atzo, Osakidetzak udako kanpainari ekin zion. Zuzendaritzak arduradun guztiei jakinarazi zien osasun zentro guztiak 17:00etan itxiko zirela. Neurri horrek lehen mailako arretako langileen eskubideak gutxiesten ditu, orain ikusi behar baitute nola aldatzen diren haien lan-karteldegiak oporrak planifikatuta dituztenean.

Kaltetutako pertsonen kontziliazio pertsonalaren eta familiarraren aurkako erasoa onartezina da hau, eta Osakidetzaren eskaintza bakarra urteotan lehen mailako arretak jasan behar dituen egiturazko arazoen aurrean, zuzendaritzak bere ohiko kanpaina eta iragarpen publizitarioekin izkutatzen dituenak.

Hau larria baldin bada, are larriagoa da lehen mailako arreta indartsua behar duten herritarrei osasun zerbitzuak are gehiago murriztea. EAJren eta PSEren gobernuaren pribatizazioaren ibilbide-orria ez da gelditzen, eta ordutegi- murrizketak eta sinesgarritasun falta oxigenoa dira osasun publikoaren disfuntzio programatuaren irabaziak dituzten negozio guztientzat.

Aurten, gainera, Osakidetzako lehen mailako arretako zentro guztien ordutegi-murrizketaz gain, salatu behar dugu landa- eremu askotan ordutegi-murrizketa horiek betikotu egin direla Gabonetako aurreko murrizketatik hona. Eta ohartarazi nahi dugu EAGak bezalako zentroak uda baterako itxi zirela eta ez zirela berriro ireki.

Osakidetzako zuzendaritzak osasun publikoa ahultzeko ibilbide-orri bat du, profesionalen eza aitzakiatzat hartuta, nahiz eta arazo hori prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren aldeko apustua egitearen ondorioa izan. Estrategia horren ondorioz, osasun publikoak arazo larri eta nabarmena izan du planifikazio faltarekin, langile faltarekin, prekaritatearekin, behin-behinekotasunarekin eta funtzionamenduarekin, eta arazo hori ezin da konpondu herritarren presio iraunkorrik eta alderdi sozialarekin beharrezko elkarrizketarik izan gabe.

Baina elkarrizketa hori ezin da iruzurrezko proposamenekin okertu. LAB ez da joango zuzendaritzak herritarroi eskaini behar dizkigun zerbitzuen itxierak eta murrizketak babesteko erabiltzen dituen eta lan eskubideak urratzen dituzten mahai sektorialetara.

Duela 19 urte hiltzat eman nahi izan zuten Gipuzkoako egurgintzako hitzarmena berpizteko konpromisoa hartu dugu

Gipuzkoako egurgintza sektorean lan egiten duten LABeko hainbat langile ordezkarik agerraldia egin dute, eta sindikatuak hartu berri duen konpromisoaren berri eman dute; 2003. urtetik hiltzat eman nahi izan den Gipuzkoako egurgintzako herrialdeko hitzarmena berpizteko konpromisoaren berri, hain zuzen ere.

Urteetan sektoreko lan baldintzek bizi izan duten utzikeria garaiak atzean utzi eta pauso bat aurrera emateko asmoz, sektoreko langileek eta sektoreak berak ere merezi duen hitzarmen duin eta beharrezko baten lorpena lantzen hastera goaz gaurtik aurrera.

19 urte igaro dira dagoeneko Gipuzkoako egurgintzako langileek hitzarmena berritu gabe dutenetik. Urte luze bezain gogorrak izan dira hauek sektorerako. 19 urte igaro dira soldatak izoztuta dituztenetik, bizi mailaren edo eros ahalmenaren %36,9a galdu dutenetik, urteko lanaldia ukitu gabe dutenetik eta erreferentziazko gainontzeko lan eta bizi baldintza guztiak errotik ahanzturan geratu direnetik.

Egurgintzako sektore hau guztiz desaraututa geratu da denbora honetan guztian, eta are eta okerrago 2013. urtean egurgintzako Espainiako hitzarmena indarrean sartu zenetik. Enpresa bakoitzaren lan harremanak hitzarmen ezberdinez arautuak daude gaur egun; enpresa barneko akordio bidez lan baldintzak adostea lortua dute batzuek, baina oraindik ere ugariak dira lan harremanetarako heldulekurik ez eta euren eskubideak babeslekurik gabe dituzten langileak.

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu itzalpeko lanak egiten, sektoreko langileongana jo eta beraien iritziak bilduaz hitzarmen honen berpizte bat bilatzeko moduak, denborak eta grinak aztertu eta aukerak neurtzen. Eta dagoeneko esan genezake iritsi dela garaia. Iritsi da garaia egurgintzako langileek ere, beste Gipuzkoako sektore ugarik bezalaxe (izan metalgintza, eraikuntza, grafikagintza…), sektoreko langile guztiontzat oinarri izango den herrialde hitzarmen duin bat izan dezagun.

Ez da onargarria gutxieneko soldata edo hitzarmen estatala izatea egurgintzako langileentzat erreferentzia. Hori aldatzera goaz. Horregatik, deia egiten diegu sektoreko patronalei prekaritate basati egoera hau aldatu eta Gipuzkoako egurgintzako langileentzako lan hitzarmen duina negoziatzeko. Borondaterik ez balego, LABek mobilizazio antolatzeko bidea hartuko du.

Hori dela eta, hemendik eta irailera bitarteko bideorri bat dugu. Alde batetik, sektoreko langileekiko bide zuzena mantenduaz eta helburuak garbi izanik, gainontzeko sindikatu guztiekin harremanduko gara elkarrekin erronka berri eta potente honi aurre egiteko elkarlanak bilatzeko. Bestalde, sektoreko enpresak interpelatzeko bide bat jarriko dugu abian, benetan uste baitugu, aspaldian usteltzen utzia den lan harremanen arautzeak langileoi ez ezik, sektoreko enpresei ere onura soilik ekarriko diela.

Gipuzkoako Aldundiko eraikinetako garbitzaileek greba mugagabea egingo dute astelehenetik aurrera

LAB, ELA eta ESK sindikatuon oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikin eta lokalak garbitzen ditugun EULENeko langileak hemen elkartuko gara berriro.

19 egun daramatzagu greban, 19 egun greban, hitzarmen kolektiboan erosmeen ahalmena bermatzeko. Hilabeteak Aldundiaren eta Eulen enpresaren aurka borrokan, ez baitute KPIa bermatuko digun inolako akordiorik lortu nahi.

2021eko maiatzetik ari gara hitzarmena negoziatzen, helburu bakarrarekin: negoziazioa hasi aurretik baino pobreagoak izan ez gaitezen. Urte honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EULEN enpresak entzungor egin diete gure aldarrikapenei. Izan ere, hitzarmen kolektiboan erosteko ahalmena bermatzea besterik ez dugu nahi. Argiak, gasak, gasolinak edo oinarrizko elikagaiek etengabe gora egiten duten garai hauetan, plantilla honen asmoa fakturak hilaren amaieran ordaindu ahal izatea da, eta horretarako, KPIaren bermea funtsezkoa da.


EULEN enpresak, urtebeteko negoziazioaren ondotik, egin duen eskaintza ekonomiko bakarra honako hau izan da: 2021erako soldatak izoztea, 2022rako % 1,5 eta 2023rako % 1.75. Hiru urte horiek batuta ere, ez ginateke iritsiko 2022ko KPIaren erdira ere. Enpresak, noski, KPIarekin loturarik ez duten soldata-planteamenduak egiteaz gain, 2021erako, pandemia urterako,  soldatak izoztea planteatzen du.  Eta hori da zuen langileei egiten diezuen errekonozimendua? Soldata izoztea pandemia garaian egindako ahalegin guztien ondoren? Lotsagarria da.

ELA, LAB eta ESK sindikatuen ustez, ezin dira KPIa baino igoera txikiagoak eman. Kolektibo honek errespetua eta lan-baldintza duinak merezi ditu, eta, horretarako, ezinbestekoa da erosmen ahalmena ez galtzea.

Urte hasieran Aldundiarekin bildu ginen. Bilera horretan gure nahiak azaldu genizkion administrazioari, atera behar zituen pliego berrietan jaso zitzan. Baina hilabete hauetan eta batez ere azken grebetan administrazioaren aldetik ikusi duguna zera da, gure aldarrikapenak pleguetan jaso ordez, beren arma guztiak erabili dituztela greba eta kolektiboaren borroka oztopatzen saiatzeko.

Foru Aldundia da gure zerbitzuaren azken arduraduna, eta bera da, erantzukizunez, gatazka honetan parte hartu beharko lukeena, akordioak lortzeko. Baina ikusten duguna da, beste behin ere, administrazio publikoak esku hartu duela gatazkan langileen interesen aurka eta patronalaren interesen alde. Eta hemendik, beste behin, bere jarrera salatu nahi dugu.

Gipuzkoako Ogasunak 1.234,2 milioi euro bildu ditu urteko lehen lau hilabeteetan, aurreko urteko aldi berean baino 209 milioi gehiago. Baina, non erabiltzen da diputazioaren diru hori, nora bideratzen da gipuzkoarron diru hori? Partida horren % 0.02arekin gure aldarrikapenak beteta daudela ziurtatzen dizuegu. Hau ez da diru kontua, hau borondate politiko kontua da.

Baina badakigu administrazio publikoarentzat eta enpresa pribatuarentzat gutxieneko zerbitzuak dekretatzeko baino ez garela funtsezkoak. Gutxieneko zerbitzuetan inbertitu zuten energiaren laurdena inbertitu izan balute akordio batera iristeko, ziur aski gaur ez ginateke hemen egongo. Baina ez, haientzat funtsezkoak soilik zerbitzu minimoetarako izaten jarraitzen dugu, emakume gaixo haiek izaten jarraitzen dugu, haiek ikusten ez gaituztenean komunak garbitzen dituztenak, beren zaborra ateratzen dugunak eta dena prest jartzen dutenak haiek iristen direnerako. Emakume pobre ikusezin horiek izaten jarraitzen dugu, eta ez dugu eskubiderik soldata duinak izateko, ezta KPIri lotutako soldata-igoerak izateko ere.

Ba asko sentitzen dugu, baina gaixotik ez dugu ezer, badakigu pobre, isilik eta geldi nahi gaituztela, baina hemen borrokarekin jarraitzeko prest dagoen talde bat dago, erosteko ahalmena galtzea onartuko ez dugulako borrokatzeko prest, behin eta berriz oihukatu dugu: KPI gabe ez dago hitzarmenik.

Horregatik guztiagatik, datorren astelehenean, ekainaren 6an, greba mugagabea hastea beste aukerarik ez dugu. Greba mugagabea KPIa ziurtatzeko eta, beste behin ere, Diputazioari eta EULENi argi uzteko aurrean gaituztela, emakume antolatuak garela eta azkeneraino borrokatzeko prest gaudela, KPIrik gabe ez baita hitzarmenik egongo, borroka hau irabazi egingo dugu!

Bereziki lan baldintza prekarioak nagusitzen diren sektore zein kolektiboetan egin du langabeziak behera

Gaur publiko egin diren datuen arabera, langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian. Joan den hilabetean baino 3.566 langabe gutxiago daude. Herrialdeetako datuak aztertuta, jaitsiera handiena Nafarroan izan da, %4,1eko jaitsierarekin.

Langabeziak orokorrean behera egin badu ere, batik bat gazteen langabeziak egin du behera gehien, %9,8 hain zuzen ere. Datua bere horretan ona izan arren, gazteen enpleguaren kalitatea kezka iturri da, lan baldintza prekario eta ezegonkorrak izan ohi dituzte.

Datuak sektoreka aztertuz, kopuru absolutuetan, zerbitzuak sektorea da langabe kopurua jaitsiera handiena izan duen sektorea, Hego Euskal Herrian 1.709 langabe gutxiago hain zuzen ere. Proportzioak aztertuz, ordea, lehen sektorean jaitsi da gehien langabezia, % 8,94, alegia.

Nafarroan, aipatzekoa da langile migratuen langabeziaren jaitsiera, aurreko hilabetearekin alderatuz % 16,93 jaitsi baita. Zehatzean, langile migratuen langabezia lehen sektorean jaitsi da gehien Herrialde honetan lehen sektoreak izan duen langabezia jaitsierarekin (% 14,47) elkar-lotzen badugu datua, sortu den enpleguaren baldintzak kezka iturri nagusi bilakatzen da.

Estatu espainiarreko datu estatistikoek adierazten digute behin-behinekotasunak behera egin duela, baina kontutan hartu behar dugu kontratu mugagabeen % 36,2a aldizkako finkoak direla. Lautik bakarra jardunaldi osoan. Hego Euskal Herrian kontratu finko guztietatik % 20 dira aldizkako finkoak, apirila erdialdean kaleraturiko azken datuen arabera.

Lan erreformaren ondorioak nabaritzen hasiak gara eta esan dezakegu aldizkako kontratu finkoak ugaltzeko joera nagusitzen ari dela, ezegonkortasun forma berriak legez estaltzeko aukerari bide emanez. Era berean, lan erreformarekin iruzurra egiteko zirrikituak ere handitu direla salatu nahi dugu. EAE-ko Lan Ikuskaritzak 9.950 aldizkako kontratu errebisatzea eskatu die 3.559 enpresei, aldizkako kontratu finkoak modu irregularrean erabiltzeagatik (aldi baterako kontratuak kateatzeko baimendutako gehieneko aldiak gainditzen dituztelako). Patronalaren interesen araberako lan erreforma honek ez du langileontzat paradigma aldaketarik suposatu eta ikusteke dago lan baldintzetan izango duen eragina.

Bestetik, zerbitzu publikoetan martxan jarri diren egonkortze prozesuek behin-behinekotasunarekin ez dute amaituko, prekaritate zein ezegonkortasuna estruktural bilakatuz. Legeak ezarritako behin-behineko tasa %8ra murrizteko betebeharra ez da bermatuko. Modu honetan, erakunde publiko handietan batik bat (Osakidetza edota hezkuntzan kasu) behin-behineko tasa % 20tik gora geldituko da.

Langileak prekarizatu eta pobretzen gaituen ereduan sakontzeko erabakia hartuta dago. Pandemia eta Ukrainiako gerra tartean egonik ere, oinarrian dagoena arazo bera da: sistema hau, kapitalismoa, bidegabea ez ezik, bideraezina ere badena. Kapitala eta Bizitzaren arteko talka betean, kapitala metatzen jarraitzeko pertsonak zein natura bidegabeki ustiatzen duen kapitalismoa.

LAB sindikatuaren X. Biltzar Nagusian berretsiko dugun bezala, bizitza duina ziurtatzeko Euskal Errepublika Sozialista, Feminista eta Euskalduna behar dugu. Norabide horretan, eredu ekonomiko eta sozial berri baterako errotiko aldaketak borrokatzea dagokigu. Tantaz tanta, bagara-bagoaz.

“Egoera gero eta larriagoa da”

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren aldeko grebak, Tubacex, PCB eta Petronorreko lan gatazkak… azken hilabeteotan egondako hainbat gatazketan salatutako langileek agerraldia egin dute Bilbon, hainbat sindikaturen babesarekin. Bertan, manifestu bat aurkeztu dute, baita hemendik aurrerako ekimenen berri eman ere.

Langileen oharra:

Joan den urtarrilean manifestu bat argitaratu genuen, hainbat lan-gatazkatan errepresioak eragindako langileen ezinegona jasotzen zuena. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari dei egiten zitzaion patronalarekin lerrokatzeko estrategia horri amaiera eman ziezaion eta langile klasearen mobilizaziorako eta grebarako eskubidea errespeta zezan. Horrelako egoerei elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez ekitearen aldeko apustua egiten genuen. Dinamika bat jarri genuen martxan, gertakari horiek publikoki salatzeko, eta sindikatuen eta gizarte- mugimenduen atxikimendua eta konplizitatea jaso genuen, baita Enplegu Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun eta Herrizaingo Sailarekin elkarrizketa-bide bat irekitzeko asmoa ere.

Zoritxarrez, ikusi dugu nola jarraitu den errezeta berarekin Alconza edo Artiacheko gatazketan, eta zigor ekonomikoak iristen jarraitzen duten Tubacex eta Petronorri dagokienez. Nabarmentzekoa da Bizkaiko Metalaren Hitzarmeneko bi grebalariren aurkako kondena-epaia, zeinaren aurka errekurtsoa aurkeztu baita. Gainera, urtarrilaren amaieran bilera bat izan genuen Laneko sailburuordearekin, baina ezin dugu balantze positiborik egin. Egoera horri buelta emateko borondate falta nabarmena ikusten dugu, eta horren froga dira arestian aipatutako adibideak. Segurtasun eta Herrizaingo Sailarekin biltzeko eskaerari dagokionez, esan behar da erantzunik ere ez digutela helarazi.

Egoera gero eta larriagoa da. EAEko egungo gobernu-taldeak Mozal legearen aurka adierazpen publikoak egiten dituen bitartean, borrokan ari diren langileen eskubideen aurka zakarki aplikatzen du. Josu Erkoreka bozeramaileak, duela gutxi idatzizko hedabide baten eskainitako elkarrizketan, Tubacexen emandako poliziaren jokabidea defendatu du. Hau, arduragabekeri hutsa eta enpleguaren defentsarako eskubidea indarraren bidez desaktibatzeareko apustu argia da.

Horregatik, argi daukagu horrelako jardueren aurka agertzeko beharra zabaltzen jarraitu behar dugula. Akatsa litzateke langileek euren gain hartzea hauen aurkako mehatxuak, isunak eta ekintza judizialak. Jarduteko modu horren helburua ez da soilik oraina oztopatzea, baizik eta hurrengo belaunaldiak zalantzazko etorkizun batera kondenatzea. Bizi-baldintzak egunetik egunera okertzen ari diren testuinguru honetan, gure gatazketan zuzenean lagundu eta parte hartu duten gazteak epaituko dituzte, batzuk espetxe- eskaerekin, datozen asteetan, beren bizitzetan prekarietatearen hedapena salatzeagatik. Desproposamen horren aurrean, gure babesa adierazi nahi dugu eta datozen egunetarako deitu dituzten mobilizazioekin bat egin.

Amaitzeko, joan den urtarrilean egin genuen bezala, dei egin nahi diegu herritar guztiei ekainaren 7an, 09: 15ean, Berroeta Aldamarreko (Bilbo) epaitegien aurrean egingo dugun elkarretaratzean parte har dezaten, Aitor eta Arkaitz grebalarien aurkako akusazioak salatu eta Eusko Jaurlaritzari hauen baliogabetzea exigitzeko. Biak Bizkaiko metalaren hitzarmena lortzeko borrokan aritzeagaitik daude auzipetuta, eta 23 hilabeteko zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.

AITOR- ARKAITZ, ZUEKIN GAUDE!

Sexu lanari buruzko mahai inguru bat egingo dugu Donostian, Sexu Langileen Nazioarteko Egunaren etorrerarekin

Sexu Langileen Nazioarteko Egunaren harira, hitzaldi bat antolatu dugu Donostian, arratsalderako, beste eragile batzurekin elkarlanean. Mahai ingurua sindikatuaren Groseko egoitzan izango da, 18:30ean.

Egun honen harira, LAB sindikatuak bere irakurketa plazaratu nahi du:

Sexu langileak 1975tik borrokatzen ari dira euren jardueraren ondoriozko eskubideak onar daitezen, gainontzeko langileei bezalaxe. Jabetzen gara jarduera horrek ezaugarri bereziak dituela, badakigu sexualitatea errealitate konplexua dela eta ez dugula guztiok berdin ulertzen eta kudeatzen. Horregatik eskatzen dugu ekonomikoki errealistak diren lan-alternatibak egotea jarduera utzi nahi dutenentzat, legediak enpresaburuaren zuzendaritza-boterea deuseztatzea eta, jakina, gizakien salerosketa amaitzea. Azken puntu honi dagokionez, gizakien salerosketa prostituzioa deslegitimatzeko baliatzen duten ikuspegietatik urrun gaude, eta azpimarratu nahi dugu ez dela jarduera honetan bakarrik bukatu behar praktika horrekin, gizakien salerosketa sektore ekonomiko guztietan amaitu behar da.

Orain, sexu langileak klandestinitatera behartuko dituzten bi lege ezartzearekin mehatxatu dute: sexu askatasunaren legea batetik, lege abolizionista bestetik. Legislazio eredu honek baditu aurrekariak beste herrialde batzuetan, ez dute gizakien salerosketarekin bukatu eta ez dira gutxiago sexu lanetan ari diren pertsonak. Lege hauetan esaten dena esaten dela ere, ez dute baliorik izan emakumeak babesteko; eta kontran, bazterketa, zahurgarritasuna eta estigma egoerak larritu ditu.

Praktikak erakusten duenari begiratuz, “Putxs en lucha” elkartean, LAB sindikatuan eta eskubideen aldeko mugimenduan pentsatzen dugu neurri abolizionistek ez dituztela sexu langileen eskubideak kontutan hartzen. Horregatik, eredu antipunitibista bat defendatzen dugu, Angela Davisek dionari jarraituz, kontzeptu honek bere jatorrian zuen esan nahia berreskuratuz. Gu pobreziaren, mugen eta kartzela sistemaren abolizionistak gara.

Haurreskolak Partzuergoan oposaketak gainditu eta behin-behinekotasunean dauden langileak finko bilakatzea lortzen ari gara #LortuDugu

LAB sindikatuak Haurreskolak Partzuergoaren behin-behinekotasun tasaren abusuaren aurrean sartutako demandetatik, momentuz 30 ebatzi dira langileen alde. Epaitegiak aitortu du aldeen arteko harremana lan legepeko finkoa dela.

2021ko abenduan Auzitegi Gorenak argitaratutako ebazpen judizial batek aukera ematen digu ezaugarri berdinekin dauden langileen egoera salatu eta finkotasuna eskatzeko. Auzitegi honek langile finko izateko eskubidea aitortzen die aldi baterako langileei, kontratazioaz abusatu egin denean eta abusu egoeran dauden langile horiek berdintasuna, meritu eta gaitasuna jada frogatu dituztenean.

Gauzak horrela, gainontzeko lan legepeko langileak dituzten kolektiboetan egin duen bezala, LAB sindikatuak Haurreskolak Partzuergo publikoan lanpostuak betetzeko 2008 eta 2009an burutu ziren hautaketa-prozesuak gainditu izan arren, plazarik gabe gelditu eta gaur gaurkoz aldi baterako kontratazioan abusu-egoeran dauden langileen egoera salatu genuen.

Orain ikusteko dago Haurreskolak Partzuergoak ebazpena errekurrituko duen; bitartean, LAB sindikatutik gure eskubideak negoziazio kolektiboaren bitartez, kaleetan, enpresetan, erakundeetan eta epaitegietan lortzeko lanean jarraituko dugu.