2026-01-23
Blog Page 354

Erantzukizun politikoak exijitu ditugu, Gasteiz eta Iruñeko gobernuek osasungintza arloan errepikatutako erabaki okerrengatik

LABen ikasketa sindikaletarako fundazio Ipar Hegoak egoeraren azterketa egin ohi duen “Ikusmiran” seriearen zenbaki berri bat aurkeztu du, oraingoan “Osasungintza Hego Euskal Herrian. Eraldaketa baten beharra” leloarekin, konfinamendua ezarri zutenetik bi urte bete diren egunean. Hain zuzen ere, txostenak azken urteotan osasungintza sisteman egon den eboluzio kezkagarriaren inguruko datuak jaso ditugu. LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta sindikatuko analisietako arduradun Oihana Lopetegik eman duten irakurketaren berri, Osakidetzako LABeko ordezkari Maria Uretak eta Ana Tere Alvarezek lagunduta.

Igor Arroyoren hitzetan, “COVID-19aren pandemia nazioarteko fenomeno bat izan da. Hala ere, kudeatzeko modua desberdina izan da lurralde batetik bestera. Pandemia estres-test moduko bat izan da osasun-sistema publikoarentzat, eta azken hamarkadan salatzen genituen akatsak agerian geratu dira. EAEko eta Nafarroako Gobernuek ez dute behin bakarrik estropezu egin harri berarekin, hiru aldiz baizik”.

Lehen estropezuak azken hamarkadetan ezarritako osasun-politikekin du zerikusia. Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Azkuna eta Cervera buru zituen osasun-kontra erreforma abian jarri zenetik, laguntza-ahalmenaren galera eta eraispena etengabea izan da Osasunbideko eta Osakidetzako osasun-zentroetan. “Ikusmiran” txosteneko datuek erakusten duten bezala, EAE eta Nafarroa Europako batez bestekoaren azpitik daude osasun-inbertsioari, osasun-langileei eta bereziki erizainei eta ohe erabilgarriei dagokienez. “Beraz, pandemiak agerian utzi zituen murrizketa, desegite eta pribatizazio politikek ahuldutako osasun-sistemaren lotsak, batez ere lehen mailako arretan. Langileen profesionaltasunak eta entregak ezin izan du saihestu EAJ, UPN eta PSOEren politikek hondatutako osasun publikoko sistema baten kolapsoa”, azaldu du idazkari nagusi ondokoak.

Bigarren estropezua pandemia hasi ondoren ezarritako politikei buruzkoa da. Osasun-arloari dagokionez, langile kopuruaren igoera koiunturala ez da nahikoa izan lehen mailako arretan eta ospitaleetan agertu diren zuloak estaltzeko. Osasun-arduradunen aginduak maizegi aldatu dira, beldurra eta mesfidantza sortuz. Herritarrei pandemiaren bilakaeraren ardura eman zaie, erakundeen kudeaketaren gabeziak ezkutatzeko. Herritarren osasun fisiko eta mentalaren prebentzioa bezalako alderdiak axolagabe geratu dira. Eta, batez ere, Igor Arroyoren arabera, “hasiera-hasieratik hartu beharreko neurria hartzea saihestu da: osasun-baliabide pribatu guztien esku-hartze publikoa, salbuespenezko une bati aurre egiteko. Klinika eta farmazia pribatuek herritarren pairamenen kontura egin dute abuztua”.

Orain hirugarren etenduraren aurrean gaude: “Desinbertsioa eta osasun-sistema indartzeko koiunturazko neurrien desaktibazioa, bai eta aurretiko gabezien metaketa ere, pandemiaren bi urteko ondorioekin. Amorragarria da arduradun publikoek bi urte hauetan gertatutakoa kontuan hartu ez izana. Sindikatuoi entzungor egin digute, aho batez eskatu dugunean egiturazko neurriak hartzea eta inbertsio handiagoa egitea osasun publikoaren sisteman eta, bereziki, lehen mailako arretan”.

Horregatik, Igor Arroyok exijitu du Osasun Sailek, bereziki, eta Urkulluren eta Chiviteren gobernuek, oro har, erantzukizun politikoak har ditzatela herritarren aurrean, eta sindikatuen aldarrikapenei erantzun diezaietela.

Oso ontzat jo dugu Leitzako Torraspapel enpresan lortutako akordioa, langileek 22 eguneko greba egin ondoren #LortuDugu

LAB sindikatuak Leitzako Torraspapel enpresak aurkeztutako azken proposamena ontzat jo eta gero, langileen batzarrak atzo %75ko babesa eman zion akordioari; aldeko 213 boto izan ziren eta kontrako 70. Hartara, batzarraren erabakiari kasu eginez, LABeko bederatzi delegatuek akordioari babesa emanen diote. 22 eguneko grebaren ostean, langileak lanera itzuli dira gaur. LAB sindikatua pozik agertu da langileek eginiko borrokagatik, herriak eman duen  babesagatik eta borrokarekin lortutakoagatik.

Beste batzuen artean, hauexek dira akordioak jasotzen dituen lorpen nagusiak:

  • Proposamena blindatuta dago Rajoyren erreformaren aurrean.
  • Soldata igoerak:
    • 2021 500€
    • 2022 KPI (%6,5)
    • 2023 KPI. Baina KPI %6,5 etik behera geratuko balitz:
      • KPI 2022 < %3 1.000€ bermea
      • %3<KPI 2022<%4,5; 2022ko KPI +%2,5
      • 2022ko KPI >%4,5; 2022ko KPI
  • 12 orduko lanaldi-murrizketa jasotzen du, 4 ordu 2022rako eta 8 ordu 2023rako.
    • 2021: 1.704 ordu.
    • 2022: 1.700 ordu.
    • 2023: 1.692 ordu.
  • ABLE Aldi Baterako Lan Enpresen muga absentismo-portzentajera eta oporretara mugatzen da. Nolanahi ere, ABLE bidezko kontratazio hori ezin izanen da 6 hilabetetik gorakoa izan.
  • Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala murritzen da 1.1 kategoria kenduta. Emakume langile gehienak kategoria horretan zeuden eta goragoko kategoria batera pasatuko dituzte.
  • Lizentziak eta horien erabilpena hobetzen dira.
  • Ultraktibitatea jasotzen du; hitzarmena indarrean egonen da beste bat izan arte.

Hobekuntza horiengatik guztiengatik eta akordioan jasotzen diren beste batzuengatik, atzoko batzarraren ostean, batzarraren aginduari jarraikiz greba mugagabea bertan behera uztea erabaki da. Hurrengo egunetan LABeko ordezkariak aurreakordioaren erredakzioan sartuko dira buru belarri, adostutakoa errespeta dadin.

LAB sindikatuak borroka honetan parte hartu duten pertsona guztiak zoriondu nahi ditu; bai langileak eta baita Leitzako herri osoa ere: guztion esfortzurik gabe ezinezkoa izanen zen halako akordioa erdiestea. 22 eguneko grebak, alegia langile borrokak, lortu du akordioa aurrera ateratzea. Testuinguru konplexu batean, garai hauetan lortutako akordio hau eta erabilitako moldeak erreferentzia izan behar dira Nafarroako langile guztientzat. Enegarren aldiz frogatu da borrokak merezi duela. Eta LABek aurrerantzean ere bide beretik jarraituko du kalitatezko enpleguaren alde lanean eta borrokan.

Garbiñe Aranburu: “Sindikatuko emakumeak funtsezkoak zarete borroka sindikal eta sozialean”

Zaintzaren eremuan lan egiten duten hainbat emakume langile Altsasun bildu dira, “Bizitza posible egiten dugu, somos esenciales” lelopean, sindikatuak antolatutako topaketen harira. Hain zuzen ere, zaintzarekin lotutako sektoreetako borrokak, erabat feminizatutako sektoreetakoak, lehen lerrora eraman ditugu eta, bildutako guztien artean, lan horiek funtsezkotasunaren neurriko aldarrikapen sorta adostu dugu.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitzartzea egin du topaketetan, langileon funtsezkotasuna eta borroka grina aitortuz: “LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak zarete borroka sindikal eta sozialean. Ezinbestekoak zarete; funtsezkoak”.

Jardunaldiei amaiera emateko, sindikatuak konpromiso irmoak hartu ditu, adostutako aldarriei lotuta: publifikazioa, zaintza sistema publiko komunitarioa eta feminismoa lan harremanetan gauzatzeko aldarriak, besteak beste.

Osatu dugun adierazpenari helduta, Angela Davis ekintzaile feministaren esaldi bat ekarri dugu gogora lehenik: “Justizia sozialaren aldeko borrokaren bizkarrezurra izan dira beti emakumeak”.

Ondoren, gure gogoetaren berri eman dugu: “Funtsezkoak gara, bai. Bizitzeko behar diren ezinbesteko gauza horiek egiten ditugulako. Ikusi nahi ez diren horiek, ordaintzen ez diren horiek. Etxean egiten ez direnean miseriazko soldata eta baldintzen truke egiten ditugun horiek. Funtsezkoak, sistemarentzat?”.

“Zainduko dugu, heziko dugu, bizitzaz gozatzeko eta bizitza goxatzeko lan egingo dugu. Baina ez gaudelako zaintzari kateatuak bizitzeko prest. Gauzak aldatzeko, Euskal Herri aske eta feminista eraikitzeko, zaintza eskubidea aitortzeko, zaintzaren negozioa desegiteko borrokatzen dugu. Borrokak egiten gaitu funtsezko!”, adierazi dugu.

“Langileak gara, emakumeak, borrokalariak. Funtsezkoak izan gara justizia sozialaren borrokan. Eta funtsezkoak izango gara justiziazkoa den zaintza lanak berrantolatzeko borrokan. Hori gure konpromisoa. Hori eskatzen dugun konpromisoa!”, erantsi dugu.

Grebara deitu dugu martxoaren 17rako, Bizkaiko helduen egoitzetan langile gehiago eta sektore publikoko langileekin parekatzea eskatzeko

LABek elkarretaratzea egin du Bilbon, GESCA helduen egoitzetako patronalaren aurrean, honek duela aste batzuk adierazitakoa salatzeko.

Ane Escondrillas LABeko bozeramaileak adierazi duenez, “GESCA gezurretan ari da ratioari buruz hitz egiten dutenean, egoiliar bakoitzeko bi langile daudela dioenean”. Gogorarazi duenez, une honetan bi langile daude ia 30 erabiltzaile artatzeko, eta langile falta eta lan-kargak ikaragarriak dira sektorean. “Hitzarmenean eman zen ordutegi-murrizketa langileek beren ahaleginarekin eta osasunaren kaltetzearekin betetzen dute. Ordutegia jaisteak ez du kontratazio gehiago ekarri. Premiazkoa da ratioa berrikustea eta hobetzea”, adierazi du.

Era berean, GESCArekiko desadostasuna agertu du patronalak adierazi duenean zerbitzu hori bide pribatutik baino ezin dela mantendu. LABen ustez, adinekoen egoitzetako zerbitzuak publikoa izan beharko luke, eta sektoreko langileek beren lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatu beharko lituzkete. Diru publikoa egoitzak eraikitzera bideratu da, orain titularitate pribatukoak, eta enpresa pribatuetara ere bideratzen da. Horrela, sektore pribatuko egoitzetako lan-baldintzak sektore publikoko langileenekin lehenbailehen parekatzea eskatu du LABek.

Kolektibo horren lan-baldintzek ia 3 urte daramate izoztuta. “Pandemian txalotu egin gintuzten, baina gure lan-baldintzek okerrera baino ez dute egin”, adierazi du Escondrillasek.

LABeko ordezkariaren hitzetan, “langileok ezin gaitu inork manipulatu. Badakigu zer sufritzen dugun gure lanpostuetan, eta hala kontatzen eta salatzen dugu”. Hala, LABek martxoaren 17rako deitu duen greba egunean parte hartzeko deia egin du, “GESCA patronalari, LARESi eta ELBEri eta Bizkaiko Aldundiari aurrean izango gaituztela esateko”.

Arabako metalgintzan azpikontratatutako pertsonentzat subrogazio-eskubidea aldarrikatu dugu

Elkarretaratze bana egin dugu LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok, Gasteizko Mercedes eta Michelin enpresen aurrean, Arabako metalgintzan azpikontratatutako pertsonentzat subrogazio-eskubidea eskatzeko. Horregatik mobilizatu gara bi enpresa horien aurrean, horiek baitira Araban azpikontratazioaren bitartez gauzatzen den prekarizazioaren adibiderik handienak.

Azpikontratazioa beste estrategia bat da patronalen prekaritatearen aldeko apustuan, lan-baldintzak jaitsi ahal izateko. Horren aurrean, sindikatuok argi daukagu Arabako metalgintzaren negoziazio mahaian egoera horretan dauden pertsona guztien subrogazio-eskubidea hitzarmenean artikulatzeko exijitu behar dugula.

Hori dela eta, negoziazio mahaian proposamen zehatz bat aurkeztuko dugu sindikatuok, eta bertan planteatuko dugu Arabako metalgintzak subrogazioa langile guztientzako eskubidetzat hartzea.

Hirugarren greba eguna egin dugu Nafarroako adinekoen egoitzetan, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko lehen hitzarmenaren defentsan

Urtarrilaren 13an eta otsailaren 23an egin bezala, adinekoen arretarako Nafarroako egoitza guztietako langileek greba eguna egin dute, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta, hitzarmen sektoriala lortzeko bidean. Arratsalderako deitu ditugu manifestazioak: Iruñean, autobus geltoki zaharretik (18:00); Tafallan, San Seberino egoitzatik (18:00); eta Tuteran, Foruen plazatik (18:30).

Hitzarmenak Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan lan egiten duten 4.500 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak hobetzeko balio behar du. Lan-baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatzen da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak, sektorean putre-funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Urtarrilaren 11n elkarretaratzea egin genuen Nafarroako Parlamentuaren aurrean, urtarrilaren 13an lehen greba eguna egin zen, otsailaren 23an bigarren greba eguna, eta gaurkoan, martxoak 10, hirugarren greba eguna izan da.

Osakidetzako garbiketa-azpikontratetako langileek mobilizazioa egin dute Txagorritxuko ospitalean, hitzarmenaren alde

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langile azpikontratatuok 4 urte daramagu hitzarmenik gabe. Denbora horretan, ezin konta ahala aldiz bildu gara enpresa esleipendunekin, baina enpresa horiek ez dute inolako borondaterik erakutsi akordio batera iristeko.

Gure hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin benetan homologatzea aldarrikatzen ari gara. Hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta txanda kontratuari lotutako erretiro partziala. Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak berez Osakidetzako langileen aldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean.

Are gehiago, azken hamarkada hauetan arautu zaigun homologazio-printzipioarekin amaitzeko aitortu gabeko asmoa dagoela uste dugu. Zentzu horretan, homologazioa arriskuan dagoela uste dugu. Enpresek zurrun eta irmo jokatzen dute, eta badirudi Osakidetzak egungo blokeoa babesten duela, azken horren zuzendaritzak ez baitio erantzuten egin dizkiogun bilera-eskaera ezberdinei.

Horregatik, sektoreko langileok gure hitzarmenaren defentsan mobilizatzera behartu gaituzte. Ziur gaude borrokaren bidez bakarrik lortuko dugula guri aldarriei kasu egin diezaioten.

Europako egungo egoera sozial, politiko eta ekonomikoari buruzko gogoeta partekatu dugu Europako Ezkerraren Alderdiko ordezkariekin

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz-ek bilera izan dute Europako Ezkerraren Alderdiko (European Left Party) zenbait ordezkarirekin, egungo egoera sozial, politiko eta ekonomikoaren inguruko gogoeta partekatzeko eta harremanak sakontzeko. Alderdi horretako presidente Heinz Bierbaum izan da gurean, Waltraud Fritz eta Liliana Pinto kideekin batera.

Europako egungo testuinguruaren kokapena egin dugu ikuspegi subiranista batetik, Europako Funtsen eta pandemiaren kudeaketari buruz hitz egin dugu, ultra-eskuindarren gorakada izan dugu hizpide eta Ukrainako gerrak ekarritakoa eta ekar dezakeenari buruz ere aritu gara, besteak beste. Bizitza eta pertsona nahiz herri guztien eskubideak esparru guztietan erdigunean jarriko dituzten politikak borrokatzea ezinbestekoa dela adierazi dugu, eta, era berean, ezkerretik alternatiba soziala nola osatu izan dugu hizketagai.

Osakidetzak berriro erakutsi du ez duela negoziatzeko borondaterik osasungintza publikoaren arazo larriei aurre egiteko

Osakidetzak berriro erakutsi du gaur ez daukala negoziatzeko borondaterik, eta ez duela inolako asmorik gure osasun-sistema publikoaren arazo larriei heltzeko eta konpontzeko; izan ere, arazo horiek langileek jasaten dituzte egunerokoan, baina horrek zuzeneko eragina du ere herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan.

Hala, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok birritan deia egin arren, Osakidetza ez da gaurko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan deitutako bilerara joan, eta sindikatuok bakarrik hartu dugu parte bileran. Gainera, ez digu erantzunik eman atzo bertan etortzeko egindako errekerimenduari. Izan ere, Osakidetzako zuzendaritzara bidalitako komunikazio bateratu batean jakinarazi genion gaurko bilera mantentzen genuela eta joateko eskaera egin genion.

Osakidetzako egiturazko arazo larriak konpontzera bideratutako aldarrikapen batzuen inguruan deitutako mobilizazioen ondoren, jarraipen masiboa izan zuten mobilizazio batzuk, Osasun Sailak uko egin dio mobilizazio horiek deitu dituzten sindikatuekin biltzeari, eta negoziazioa edukirik gabeko eremu batera bideratu nahi du. Esparru horretan, gainera, bi eguneko greba deialdia egin ez duten beste sindikatu batzuk daude ere.

Osasun Sailaren apustua normaltasunaren irudia ematea da eta errealitatea propaganda-ekintzen bidez ezkutatzen saiatzea. Gaur, egungo egoera iraultzeko ezinbesteko urratsak ematen hasteko negoziazio-bilera batera joateari uko egin dioten bitartean, Osasun Sailburuak osasun-langileei eskainitako plaza bat inauguratu du. Osakidetzako langileek ez dute propaganda-ekintza hutsen beharrik, herritarrei kalitatezko arreta eskaini ahal izateko lan-baldintza duinak behar dituzte. Baina argi dago Osasun Sailak ez diola entzuna eman nahi langileen zein gizartearen aldarriari, azken asteetako mobilizazioetan agerian geratu den aldarria.

Hamaika aldiz azpimarratu dugu egoera oso larria dela eta irtenbideak premiazkoak eta beharrezkoak direla, eta horietako askok berehalakoak izan behar dutela. Hala ere, ikusten dugu Osakidetzak negoziazioa luzatu nahi duela, eta, beraz, baita konponbideak ere. Osasun Sailak itxaron dezake, langileek eta herritarrek ezin dute gehiago itxaron.

Ematen diguten erantzun bakarra da dena ondo dagoela eta Mahai Sektorialak behar bezala funtzionatzen duela. Osakidetzarentzat egungo Mahai Sektoriala da egokiena: informazioa emateko esparru bat, non gai zerrenda inposatzen zaigun gure aldarrikapenak barneratu gabe, formatu telematikoan naiz eta pandemiak momentuan hori ez justifikatu, non ez zaigun dokumentazioa aldez aurretik bidaltzen aztertu ahal izateko eta negoziatu ahal izateko. Hori da Mahai ideala Osakidetzarentzat.

Salatu nahi dugu, gainera, Osakidetzako zuzendaritza berriarekin urteetan zehar salatu ditugun arazoak areagotu egin direla. Esan dezakegu edukiei eta formei eusteaz gain, egoerak okerrera egin duela azken hilabeteetan, eta sindikatuekiko mespretxua gero eta handiagoa dela. Mespretxu hori herritarrei ere zabaltzen zaie.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok negoziazio kolektiboarekiko konpromisoa erakutsi dugu, eta “zero mahai” bat egiteko eta egoera bideratzeko saiakera bat egin dugu. Saiakera horren aurrean, beste aldeak ez du erantzun eta ez da bilerara joan.

Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda-ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik ematen ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu.