LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok hainbat zentrotan elkarretaratzeak deitu ditugu martxoaren 18rako, ostirala, osasun publikoak eta bertako profesionalek bizi dituzten arazo larriei aurre egin eta konponbidea ekarriko duen benetako negoziazio baten aldeko borrokari jarraipena emateko.
LAB, ELA eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, ASELBI patronalaren aurrealdean. Elkarreratzearekin, Bizkaiko garbikuntzako soldata arrakala salatu dugu. Horregatik, gizonak gehiengo diren eta baldintza hobeak dituzten kale garbitzaileen lanbidearen arroparekin joan dira emakume langileak.
Bizkaiko garbitzaileek deitutako greba egunen aurrekari gisa antolatu dugu mobilizazioa. Patronalari argi geratu behar zaio, bere eskaintza ez dela langileen aldarrikapenetara hurbildu ere egiten eta horien alde borrokatzeko prest gaudela.
Borrokan dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako helduen egoitzetan. Bada, beste herrialdeetan egin bezala (Bizkaian, urrutira joan gabe, ostegunean egingo dugu greba), Araban ere grebaren bidea hartu dugu. Agerraldia egin dugu data iragartzeko: martxoaren 30.
LAB eta ELA sindikatuok deitu dugu grebara, hitzarmen duin baten defentsan. Negoziazio mahaia blokeatuta dago, patronalak ez dituelako lan baldintzak hobetu nahi. Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan baino lan baldintza kaskagarroak ezarri nahi ditu.
LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok agerraldi bateratua egin dugu, EAEko Hezkuntza Akordioaren zirriborroarekin gure desadostasuna azaltzeko, legea eraginkorra izan dadin jaso beharko lituzkeen edukiak aldarrikatzeko eta aurreikusitako mobilizazioen berri emateko, “hezkuntzako langileok gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako”. Antolatutako protesten artean greba egun batera deitu dugu, martxoaren 25erako.
Sindikatuon ohar bateratua:
Gaur, hemen, bildu garen sindikatuak, ELA, LAB, STEILAS eta CCOO, hezkuntza akordioaren zirriborroarekiko gure desadostasuna azaldu eta prozesu honetan eragitera etorri gara. Gure aldarrikapenak eta ondorioz, guk ordezkatzen ditugun langileak, aintzat hartzea eskatzen dugu. Hori horrela, guretzat hezkuntza legea eraginkorra izan dadin jaso beharko lituzkeen edukiak jarraian zerrendatzen ditugu:
Aldarrikapenak
–Publikoa ardatz izango duen hezkuntza lege bat nahi dugu. Egungo hezkuntza-sistema duala gainditu behar da eta Euskal hezkuntza-sistema publiko baterako bidea sustatu. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz gisa kokatu behar da. Hezkuntza-sistemarako publifikazio-marko orokor eta adostua bat ezarri behar da, bertako langileen eta ikasleen eskubideak bermatuz eta baita langileen parte hartzea eta adostasuna prozesuan zehar ere.
-Hezkuntza lege propioa nahi dugu. Horretarako EAEko Hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratu eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotu beharko litzateke.
-Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza lege bat nahi dugu. Hezkuntzan inbertsioa handitzea aurreikusi behar da, Europako bataz bestekoa erreferentzia gisa hartuz eta gutxienez BPGren %6ra bidea eginez. Ratioak jaitsiz, eta 0-18 urte tarteko hezkuntzaren doakotasuna bermatuz. Haur hezkuntzako 0-3 zikloak unibertsala, doakoa eta publikoa izan behar du, eta Hezkuntzan integratua egon behar du.
-Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu. Segregazioari aurre egiteko neurri sorta urgentziaz onartu behar da, besteak beste, matrikulazio prozesu gardenak, irregulartasunik gabekoak eta ikasleak ez-segregatzeko helburua luketen administrazioaren menpeko matrikulazio bulego publiko eta bakarra ezartzeaz ari gara, eskualde, herri eta hiri guztietan.
–Euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen Hezkuntza legea nahi dugu. Hezkuntza-sistemaren oinarri gisa honako hauek ezarri behar dira:euskal curriculuma; hezkidetza; laikotasuna; ekitatea; inklusioa; pentsamendu kritikoa; eta parte hartzea. Horretaz gain, euskararen murgiltze eta mantentze eredu orokortua, ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko diona eta ikastetxe bakoitzaren ingurune soziolinguistikoaren arabera egokiturikoa, tokian-toki euskara indartzea helburu izanik; ikasle euskaldun-eleanitzak heztea helburu izanik. Oinarri hauek bete beharko dituzte diru publikoa jasotzen duten eskola guztiek, ituntze-sistema unibertsalarekin bukatuz. Diru publikoaren parte-hartze eta kontrol publikorako mekanismoak lehentasunez ezarri behar dira, auditoria eta ikuskaritzen bitartez.
–Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu. Hezkuntzako langileon lanpostuak mantendu, prestakuntza eta lan-baldintza egokiak ezarri behar dira; publikoan langileen egonkortasun eta kontsolidaziorako prozesuak eginez eta itunduetako langileen lan-baldintzak parekatzeko homologazioa. Langileen sarbideari dagokionez, aukera berdintasuna, meritu eta gaitasunen araberako sarbidea ere bermatu behar da, aurretiaz sindikatuekin adostua.
–Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu. Azpikontratazio eta pribatizazio prozesuekin bukatu behar da. Hala eskola publikoetan nola itunduetan azpikontratazioa mugatu (jangela, garbiketa, eskolaz kanpokoak…), eta botere-korporatibo digitalei mugak ezarri behar zaizkie (datuen erabilera debekatuz zein software propioa sustatuz).
–Hezkuntza lege parte hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena. Gizartearen eta Hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatu behar da, langileona barne, baita Hezkuntza Legearen eraikuntzan bertan ere.
Horregatik guztiagatik, eta hezkuntzako langileok gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako, antolatu ditugun ondorengo mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Mobilizazioak PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA lelopean deituko ditugu, “Hezkuntza legea langileokin eraiki”.
Mobilizazio egutegia:
Martxoak 18, elkarretaratzea, 10:30ean, Legebiltzarraren aurrean
Elkarretaratzea egin dugu dendaren aurrean, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deituta.
Martxoaren 7an, Pozaseko denda ixteko eta langile guztiak kaleratzeko erabakiaren berri eman zion enpresa zuzendaritzak Enpresa Batzordeari. Aipatzekoa da joan den urtarrilaren 15ean, DIA Supermerkatuetako zuzendaritzak Bizkaiko beste lantoki batzuetara lekualdatu zituela ohiko langileak, eta Pozasen 6 langile birkokatu zituela. Martxoaren 19an kaleratuko dituzte.
Dia Supermerkatuen zuzendaritzak Pozasen dendan egindakoa ezkutuko enplegu erregulazioko espediente bat da, antzinatasuna duten langileak birkokatzean helburu argi bat baino ez baitute: denda hustutzea eta langile horien kaleratzea merkatzea.
Dia Supermerkatuetako Enpresa Batzordeak bere gaitzespena eta ezinegona adierazi du kaleratze horren aurrean, eta baloratu ez diren beste aukera batzuk ere badaudela adierazi du; izan ere, denda hau ixten bada ere, lantoki gehiagotan jar daitezke langileak,enpresak egin ohi duen bezala.
Aurten hiru lantoki itxi dira (urtarrilaren 29an, Bilboko Juan de Ajuriagerraren denda; otsailaren 19an, Getxoko Gantea denda; martxoaren 5ean, Bilboko Castañosen denda) eta plantilla guztiak birkokatu dira.
Ezkutuko enplegu erregulazioko espediente horren aurrean, DIA Supermerkatuetako Enpresa Batzordeak salaketa publiko eta sindikalak abiarazi ditu gertaera larri horiengatik, eta talde juridikoak lanean ari dira kaleratze guztiak ahalik eta lasterren baliogabetzeko.
LABen ikasketa sindikaletarako fundazio Ipar Hegoak egoeraren azterketa egin ohi duen “Ikusmiran” seriearen zenbaki berri bat aurkeztu du, oraingoan “Osasungintza Hego Euskal Herrian. Eraldaketa baten beharra” leloarekin, konfinamendua ezarri zutenetik bi urte bete diren egunean. Hain zuzen ere, txostenak azken urteotan osasungintza sisteman egon den eboluzio kezkagarriaren inguruko datuak jaso ditugu. LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta sindikatuko analisietako arduradun Oihana Lopetegik eman duten irakurketaren berri, Osakidetzako LABeko ordezkari Maria Uretak eta Ana Tere Alvarezek lagunduta.
Igor Arroyoren hitzetan, “COVID-19aren pandemia nazioarteko fenomeno bat izan da. Hala ere, kudeatzeko modua desberdina izan da lurralde batetik bestera. Pandemia estres-test moduko bat izan da osasun-sistema publikoarentzat, eta azken hamarkadan salatzen genituen akatsak agerian geratu dira. EAEko eta Nafarroako Gobernuek ez dute behin bakarrik estropezu egin harri berarekin, hiru aldiz baizik”.
Lehen estropezuak azken hamarkadetan ezarritako osasun-politikekin du zerikusia. Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Azkuna eta Cervera buru zituen osasun-kontra erreforma abian jarri zenetik, laguntza-ahalmenaren galera eta eraispena etengabea izan da Osasunbideko eta Osakidetzako osasun-zentroetan. “Ikusmiran” txosteneko datuek erakusten duten bezala, EAE eta Nafarroa Europako batez bestekoaren azpitik daude osasun-inbertsioari, osasun-langileei eta bereziki erizainei eta ohe erabilgarriei dagokienez. “Beraz, pandemiak agerian utzi zituen murrizketa, desegite eta pribatizazio politikek ahuldutako osasun-sistemaren lotsak, batez ere lehen mailako arretan. Langileen profesionaltasunak eta entregak ezin izan du saihestu EAJ, UPN eta PSOEren politikek hondatutako osasun publikoko sistema baten kolapsoa”, azaldu du idazkari nagusi ondokoak.
Bigarren estropezua pandemia hasi ondoren ezarritako politikei buruzkoa da. Osasun-arloari dagokionez, langile kopuruaren igoera koiunturala ez da nahikoa izan lehen mailako arretan eta ospitaleetan agertu diren zuloak estaltzeko. Osasun-arduradunen aginduak maizegi aldatu dira, beldurra eta mesfidantza sortuz. Herritarrei pandemiaren bilakaeraren ardura eman zaie, erakundeen kudeaketaren gabeziak ezkutatzeko. Herritarren osasun fisiko eta mentalaren prebentzioa bezalako alderdiak axolagabe geratu dira. Eta, batez ere, Igor Arroyoren arabera, “hasiera-hasieratik hartu beharreko neurria hartzea saihestu da: osasun-baliabide pribatu guztien esku-hartze publikoa, salbuespenezko une bati aurre egiteko. Klinika eta farmazia pribatuek herritarren pairamenen kontura egin dute abuztua”.
Orain hirugarren etenduraren aurrean gaude: “Desinbertsioa eta osasun-sistema indartzeko koiunturazko neurrien desaktibazioa, bai eta aurretiko gabezien metaketa ere, pandemiaren bi urteko ondorioekin. Amorragarria da arduradun publikoek bi urte hauetan gertatutakoa kontuan hartu ez izana. Sindikatuoi entzungor egin digute, aho batez eskatu dugunean egiturazko neurriak hartzea eta inbertsio handiagoa egitea osasun publikoaren sisteman eta, bereziki, lehen mailako arretan”.
Horregatik, Igor Arroyok exijitu du Osasun Sailek, bereziki, eta Urkulluren eta Chiviteren gobernuek, oro har, erantzukizun politikoak har ditzatela herritarren aurrean, eta sindikatuen aldarrikapenei erantzun diezaietela.
LAB sindikatuak Leitzako Torraspapel enpresak aurkeztutako azken proposamena ontzat jo eta gero, langileen batzarrak atzo %75ko babesa eman zion akordioari; aldeko 213 boto izan ziren eta kontrako 70. Hartara, batzarraren erabakiari kasu eginez, LABeko bederatzi delegatuek akordioari babesa emanen diote. 22 eguneko grebaren ostean, langileak lanera itzuli dira gaur. LAB sindikatua pozik agertu da langileek eginiko borrokagatik, herriak eman duen babesagatik eta borrokarekin lortutakoagatik.
Beste batzuen artean, hauexek dira akordioak jasotzen dituen lorpen nagusiak:
Proposamena blindatuta dago Rajoyren erreformaren aurrean.
Soldata igoerak:
2021 500€
2022 KPI (%6,5)
2023 KPI. Baina KPI %6,5 etik behera geratuko balitz:
KPI 2022 < %3 1.000€ bermea
%3<KPI 2022<%4,5; 2022ko KPI +%2,5
2022ko KPI >%4,5; 2022ko KPI
12 orduko lanaldi-murrizketa jasotzen du, 4 ordu 2022rako eta 8 ordu 2023rako.
2021: 1.704 ordu.
2022: 1.700 ordu.
2023: 1.692 ordu.
ABLE Aldi Baterako Lan Enpresen muga absentismo-portzentajera eta oporretara mugatzen da. Nolanahi ere, ABLE bidezko kontratazio hori ezin izanen da 6 hilabetetik gorakoa izan.
Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala murritzen da 1.1 kategoria kenduta. Emakume langile gehienak kategoria horretan zeuden eta goragoko kategoria batera pasatuko dituzte.
Lizentziak eta horien erabilpena hobetzen dira.
Ultraktibitatea jasotzen du; hitzarmena indarrean egonen da beste bat izan arte.
Hobekuntza horiengatik guztiengatik eta akordioan jasotzen diren beste batzuengatik, atzoko batzarraren ostean, batzarraren aginduari jarraikiz greba mugagabea bertan behera uztea erabaki da. Hurrengo egunetan LABeko ordezkariak aurreakordioaren erredakzioan sartuko dira buru belarri, adostutakoa errespeta dadin.
LAB sindikatuak borroka honetan parte hartu duten pertsona guztiak zoriondu nahi ditu; bai langileak eta baita Leitzako herri osoa ere: guztion esfortzurik gabe ezinezkoa izanen zen halako akordioa erdiestea. 22 eguneko grebak, alegia langile borrokak, lortu du akordioa aurrera ateratzea. Testuinguru konplexu batean, garai hauetan lortutako akordio hau eta erabilitako moldeak erreferentzia izan behar dira Nafarroako langile guztientzat. Enegarren aldiz frogatu da borrokak merezi duela. Eta LABek aurrerantzean ere bide beretik jarraituko du kalitatezko enpleguaren alde lanean eta borrokan.
Zaintzaren eremuan lan egiten duten hainbat emakume langile Altsasun bildu dira, “Bizitza posible egiten dugu, somos esenciales” lelopean, sindikatuak antolatutako topaketen harira. Hain zuzen ere, zaintzarekin lotutako sektoreetako borrokak, erabat feminizatutako sektoreetakoak, lehen lerrora eraman ditugu eta, bildutako guztien artean, lan horiek funtsezkotasunaren neurriko aldarrikapen sorta adostu dugu.
Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitzartzea egin du topaketetan, langileon funtsezkotasuna eta borroka grina aitortuz: “LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak zarete borroka sindikal eta sozialean. Ezinbestekoak zarete; funtsezkoak”.
Jardunaldiei amaiera emateko, sindikatuak konpromiso irmoak hartu ditu, adostutako aldarriei lotuta: publifikazioa, zaintza sistema publiko komunitarioa eta feminismoa lan harremanetan gauzatzeko aldarriak, besteak beste.
Osatu dugun adierazpenari helduta, Angela Davis ekintzaile feministaren esaldi bat ekarri dugu gogora lehenik: “Justizia sozialaren aldeko borrokaren bizkarrezurra izan dira beti emakumeak”.
Ondoren, gure gogoetaren berri eman dugu: “Funtsezkoak gara, bai. Bizitzeko behar diren ezinbesteko gauza horiek egiten ditugulako. Ikusi nahi ez diren horiek, ordaintzen ez diren horiek. Etxean egiten ez direnean miseriazko soldata eta baldintzen truke egiten ditugun horiek. Funtsezkoak, sistemarentzat?”.
“Zainduko dugu, heziko dugu, bizitzaz gozatzeko eta bizitza goxatzeko lan egingo dugu. Baina ez gaudelako zaintzari kateatuak bizitzeko prest. Gauzak aldatzeko, Euskal Herri aske eta feminista eraikitzeko, zaintza eskubidea aitortzeko, zaintzaren negozioa desegiteko borrokatzen dugu. Borrokak egiten gaitu funtsezko!”, adierazi dugu.
“Langileak gara, emakumeak, borrokalariak. Funtsezkoak izan gara justizia sozialaren borrokan. Eta funtsezkoak izango gara justiziazkoa den zaintza lanak berrantolatzeko borrokan. Hori gure konpromisoa. Hori eskatzen dugun konpromisoa!”, erantsi dugu.
LABek elkarretaratzea egin du Bilbon, GESCA helduen egoitzetako patronalaren aurrean, honek duela aste batzuk adierazitakoa salatzeko.
Ane Escondrillas LABeko bozeramaileak adierazi duenez, “GESCA gezurretan ari da ratioari buruz hitz egiten dutenean, egoiliar bakoitzeko bi langile daudela dioenean”. Gogorarazi duenez, une honetan bi langile daude ia 30 erabiltzaile artatzeko, eta langile falta eta lan-kargak ikaragarriak dira sektorean. “Hitzarmenean eman zen ordutegi-murrizketa langileek beren ahaleginarekin eta osasunaren kaltetzearekin betetzen dute. Ordutegia jaisteak ez du kontratazio gehiago ekarri. Premiazkoa da ratioa berrikustea eta hobetzea”, adierazi du.
Era berean, GESCArekiko desadostasuna agertu du patronalak adierazi duenean zerbitzu hori bide pribatutik baino ezin dela mantendu. LABen ustez, adinekoen egoitzetako zerbitzuak publikoa izan beharko luke, eta sektoreko langileek beren lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatu beharko lituzkete. Diru publikoa egoitzak eraikitzera bideratu da, orain titularitate pribatukoak, eta enpresa pribatuetara ere bideratzen da. Horrela, sektore pribatuko egoitzetako lan-baldintzak sektore publikoko langileenekin lehenbailehen parekatzea eskatu du LABek.
Kolektibo horren lan-baldintzek ia 3 urte daramate izoztuta. “Pandemian txalotu egin gintuzten, baina gure lan-baldintzek okerrera baino ez dute egin”, adierazi du Escondrillasek.
LABeko ordezkariaren hitzetan, “langileok ezin gaitu inork manipulatu. Badakigu zer sufritzen dugun gure lanpostuetan, eta hala kontatzen eta salatzen dugu”. Hala, LABek martxoaren 17rako deitu duen greba egunean parte hartzeko deia egin du, “GESCA patronalari, LARESi eta ELBEri eta Bizkaiko Aldundiari aurrean izango gaituztela esateko”.