2026-05-05
Blog Page 338

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatuz, euskal hondartzetan izango gara igandean

Etxerat-ek deituta, elkarretaratzeak egingo dira igandean Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko 15 hondartzetan, euskal presoen eskubideen alde eta ezartzen zaien salbuespen politikaren kontra.


Etxerat elkarteak emandako azken datuen arabera, 177 euskal presoetatik 88 daude Euskal Herriko espetxeetan, 72 Espainiakoetan eta 18 Frantziakoetan. Horietatik 27 daude hirugarren graduan, 122 presok hala beharko luketen arren. Beste horrenbeste espetxe baimenei dagokienean: 151 euskal presok dute eskubidea, baina seiri bakarri eman dizkiete.


Halaber, askatasuna ukatzen jarraitzen diete gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamazazpi presori eta 65 uretetik gorako beste hamazazpiri. 32 urte baino gehiago daramate espetxean Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Unai Parotek.

Presoengan ez ezik haien senitarteko eta hurbilekoengan ere (uztailaren 17an Itziar Moreno presoaren lagun batek espetxera bidea —795 km— izandako istripua dugu azkena) eragina duen salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea eskatzen dugu LABetik eta horrexegatik, igandean euskal kostako hondartzetan izango gara.

Tubacexeko mobilizazioetan parte hartu zutenen aurkako jazarpena salatu eta auziperatutako hiru gazteen absoluzioa eskatzen dugu

Beste behin ere, Tubacexeko greban sortutako langileen elkartasuna zigortzen eta kriminalizatzen saiatzen ari dira. Ez da elkartasun hori zigortzeko lehen saiakera, ezta bigarrena ere; izan ere, bai grebak iraun bitartean, bai ondoren, isunak, mehatxuak, akusazioak eta neurrigabeko jarduerak ugariak izan dira, eta Tubacexeko langileek zein elkartasuna adierazi nahi izan dieten guztiek pairatu behar izan dituzte.

Oraingoan, fiskaltza da jarduten duena, eta Aiaraldeko hiru gazte solidariori 4 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen dizkiena, martxoaren 25ean Amurrioko Tubacexeko piketean gertatutakoagatik. Desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen dizkie, eta gaineratu du modu koordinatuan jardun zutela han zeuden ehunka pertsonen laguntzarekin.

Gogoan izan behar da, bere garaian salatu genuen bezala, martxoaren 25 hartan Ertzaintza izan zela jokaera erabat neurrigabea izan zuena, bertan zeudenak hainbat aldiz kolpatuz eta haien aurka kargatuz, baita buruaren parean foama jaurtiz ere.

Hiru gazte horiekiko akusazio eta salaketak ez datoz bat errealitatearekin, eta ez dira gertakari zehatz batzuen ondorio; aitzitik, langileen borrokaren eta elkartasunaren aurkako jazarpen-estrategiaren barruan kokatzen dira.

Aurreko aldietan ikusi dugun moduan, eta salatu izan den bezala, botere eta estamentu desberdinetatik egindako jarduera horiek guztiak langile-borroka eta klase-elkartasun oro kriminalizatzeko estrategiaren barruan daude, Tubacexen greban eta borrokan ikusi ditugu, Euskal Herrian azkenaldian bizi izan diren beste gatazka batzuetan bezala.

Horregatik guztiagatik, 3 gazte horien aurkako akusazioak eta inputazioak bertan behera uzteko eskatzen dugu, hala nola, langileenak edo Tubacex-eko pikete edo manifestazioetan parte hartu izan zuen edozein pertsona solidariorenak. Era berean, hiru pertsona horien absoluzioa eskatzen dugu, baita Tubacexeko greba eta lan-gatazkaren harira salatuak eta auzipetuak izandako guztien absoluzioa ere.

Metro Bilbaoko akordioak plantilaren erosahalmena bermatu behar duela exijitzen dugu

Metro Bilbaoko ordezkari sindikalen gehiengoak bertako zuzendaritzarekin sinatutako aurreakordioaren aurrean, LABetik adierazten dugu aurreakordio hori ez datorrela bat gure ildoetako batekin, ez duelako benetako konpromisorik jasotzen 2023 eta 2024 urteetan plantilaren erosahalmena bermatzeko. Ondorioz, aurreakordioaren aurka agertzen gara. Okerra zuzenduz, plantilaren erosahalmena bermatuko duen akordioa sinatzea eskatzen dugu LABetik.

Egoera sozioekonomiko ezegonkorraren adierazle dira langabezia datuak

Hego Euskal Herrian langabeziak jaitsiera apala izan du, aurreko hilabetean baino 357 langabe gutxiago baitaude, %0,25 murriztu da langabezia. Herrialdeka, Gipuzkoa eta Araban behera egin badu ere, Bizkaian 25 langabe gehiago daude eta Nafarroan 91 gehiago. 25 urtetik gorakoen kasuan ere, langabeziak gora egin du %0,30 eta adin tarte honetako emakumezkoen kasuan %0,58.

Arretaz aztertzeko beste datua sektorekako azterketan kokatzen dugu. Izan ere, zerbitzuetan langabeziak gora egin du eta Hego Euskal Herrian 968 langabetu gehiago daude sektore honetan. Aurreikuspenak bi norabidetan hautsi dira kasu honetan: batetik, turismoaren eraginez uda garaian zerbitzu zein ostalaritzan landunek gora egiten dutelako eta, bestetik, azken hilabeteetako joera apurtu delako; izan ere, azken hilabeteetan zerbitzu sektoreko landunek gorakada izan dute. Pasa den astean publikaturiko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2022ko bigarren hiruhilabetekoan, komertzioan zein ostalaritzan, pasa den urteko datuen aldean %20,9 igo ziren landunak. Datuok egoera estruktural bilakatzen ote duten ikusteko, datozen hilabeteetako joerak gertutik jarraituko ditugu.

Hego Euskal Herriko langabezia tasa %8,87an kokatzen da, oraindik orain, Europar Batasuneko ekaineko bataz bestekotik (%6,6) gora.

Lan kontratuei dagokionean, uztailean sinatu ziren 98.090 kontratuetatik, %74,56a aldi baterakoak izan ziren eta mugagabeak, aldiz, %25,44.

Azken hilabeteetan errepikatzen ari gara, enpleguaren kalitatea bilakatu zaigula kezka iturri nagusia, prekarizazio eta ezegonkortasuna ahalbideratzen duten adierazle nagusienek gora egin baitute, estruktural bilakatuz: emakume eta gizonen arteko arrakala, langile migratuen langabezia tasa altua zein jatorriaren araberako diskriminazioa, lan baldintza kaxkarrak dituzten sektoreetan okupazioak gora egitea, epe luzerako langabezia… Bada, gaur gaurkoz Hego Euskal Herruian langabeziak modu apalean behera egin badu ere, hainbat joera hausten ari dira, langabeziaren goraka zenbait lurralde, sektore zein jendarte-eremuetan kokatuz (25 urtetik gorako emakumeak, etorkinak, zerbitzuak sektoreak…). Honi guztiari gehitu behar zaio oinarrizko elikagaien garestitzeak, KPI-aren etengabeko igoerak, soldata zein pentsioak neurri berean ez igotzeak, interes tasen igoerak (…) gure erosahalmenean sortzen duen galera.

Testuinguru ekonomiko, politiko eta sozial ezegonkor baten aurrean gaude eta epe motz-ertainean ez du hobera egingo langile klasearentzat. Horren adierazle ere bada lan zentroetako konfliktibitatea, irailetik aurrera areagotuko dena aurreikuspen guztien arabera. LAB sindikatuak langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko du, inork sostengatu ezin duen sistema errotik aldatzeko.

Errekurritu egingo dugu Osakidetzako iruzurrezko EPEaren ikerketa ixten duen Autoa

Gasteizko instrukzioko 2.Epaitegiko magistratuaren erabakia lotsagarria eta sinesgaitza iruditzen zaigu. Amaiera faltsua eman dio ikerketari, inkognita handiak airean utzita. LABek eskatutako luzapen-eskaerari eta eginbideei uko egiteak gertaerak argitzeari uko egitea dakar, eta prozesu judizial honetako 4. magistratu-aldaketaren ondoren LAB sindikatuak zituen susmo txarrak gauzatu egiten dira. LABek eta gainontzeko akusazioek egindako luzapen-eskaerak kontutan ez hartzea eskatu zuten auzipetuen gustokoa da epaia, dudarik gabe.

LAB izan da eragile nagusia ikerketak iraun duen lau urteetan, eta egindako eginbide gehienak gure sindikatuak eskatuta egin dira. Sindikatuak egindako lanaren eta iruzurraren dimentsioari buruz dugun ezagutzaren ondorioz, baiezta dezakegu instrukzioa luzatzeko gure eskaera ez onartzea oztopo kezkagarria dela EPE garbiak nahi ditugunontzat. Ikerketa puntu honetan ixteak zigorgabetasun-espazio garrantzitsuak egonkortzen ditu filtrazioak egin dituztenentzat eta filtrazio horiek sustatzen eta babesten dituen Osakidetzako zuzendaritzarentzat. Izan ere, sare klientelar baten bidez erakundearen kontrola mantentzeko erabiltzen dira filtrazioak. Sare honetan, Osakidetzako zuzendaritzaren planen aurrean amore ematen dutenei enplegu publikoko lanpostuekin saritzen zaie.

LABek eskatutako eginbide batzuei buruzko erantzunik ez dugu oraindik. Egiteke dauden eginbide horiek prozedura berriak eragin ditzakete, eskatutako deklarazioetatik eta dokumentaziotik ondorioztatzen direnak, baina egungo magistratuak ikerketa ixtea erabaki du. LABen ustez arduragabekeria da, eta epailearen funtzioa bera zalantzan jartzen du.

LABeko zerbitzu juridikoek datozen egunetan erreforma-errekurtso bat aurkeztuko dute auto judizial honen aurka. Auto horretan ikerketa amaitutzat ematea lehenetsi da, LABek eskatutako eginbideen eta eginbide horietatik eratorri daitezkeen ikerketen aurrean jarrera hartu beharrean. Bestalde, itxuragabekeri hutsa da epaileak adieraztea ez duela izan LABek eskatutako eginbideen berri sindikatuak egindako luzapen-eskaera jaso arte, eginbide eskaerak berak karguaren jabetza hartu aurretik egin zirela argudiatuz.

Herritarrok guztiontzat justizia-zerbitzu berdinak izateko eskubidea dugu, epaitegietako langileen ordezkapenen, bajen, mugikortasunen eta abarren mende egon gabe.

Herritarrek eskubidea dute fakultatiboen EPEan zer gertatu zen jakiteko, eta instrukzioak jarraitu egin behar du egia jakin ahal izateko. 2016-17 EPEan, zergatik aurreratu ziren aurreikusitako datara soilik fakultatiboen probak?, zergatik Osakidetzako zuzendaritzak, anonimoki, izendatu zituen azterketak IVAPen izenean egin zituztenak? zergatik izendatu ziren jadanik aurretik beste EPEetan irregulartasun-salaketak jasoak zituzten pertsonak? Zergatik onartu zen EPEko hautagaien senideak azterketa-erredaktore izatea? Zergatik ez ziren fiskaltzara bidali frogatuak zeuden filtrazioak? Zergatik 3 urtez ezkutatu zizkioten epaitegiari filtratzaileekin eta filtrazioen onuradunekin egin ziren ezkutuko bilerak? Zergatik bidali ziren mezu elektronikoak EPEko jarraibideak ez betetzeko baimena emanez?

Garrantzi handiko gaiak, eginbide berriak ekar ditzaketenak, baina zoritxarrez egungo magistratuaren autoak atea ixten die. Zentzugabekeria eta bidegabekeria da enplegu publikora iristeko oinarrizko printzipio demokratikoak (berdintasuna, meritua eta gaitasuna) errespetatzen dituzten EPE garbiak finkatu eta inpunitate-eremuak ezabatu nahi ditugunontzat.

Gasteizko instrukzioko 2.Epaitegiko magistratuaren erabakia lotsagarria eta sinesgaitza iruditzen zaigu. Magistratuak amaiera faltsua eman dio ikerketari, inkognita handiak airean utzita. LABek eskatutako luzapen-eskaerari eta eginbideei uko egiteak gertaerak argitzeari uko egitea dakar, eta prozesu judizial honetako 4. magistratu-aldaketaren ondoren LAB sindikatuak zituen susmo txarrak gauzatu egiten dira. LABek eta gainontzeko akusazioek egindako luzapen-eskaerak koLAB izan da eragile nagusia ikerketak iraun duen lau urteetan, eta egindako eginbide gehienak gure sindikatuak eskatuta egin dira. Sindikatuak egindako lanaren eta iruzurraren dimentsioari buruz dugun ezagutzaren ondorioz, baiezta dezakegu instrukzioa luzatzeko gure eskaera ez onartzea oztopo kezkagarria dela EPE garbiak nahi ditugunontzat. Ikerketa puntu honetan ixteak zigorgabetasun-espazio garrantzitsuak egonkortzen ditu filtrazioak egin dituztenentzat eta filtrazio horiek sustatzen eta babesten dituen Osakidetzako zuzendaritzarentzat. Izan ere, sare klientelar baten bidez erakundearen kontrola mantentzeko erabiltzen dira filtrazioak. Sare honetan, Osakidetzako zuzendaritzaren planen aurrean amore ematen dutenei enplegu publikoko lanpostuekin saritzen zaie.

Aurreakordioa sinatu dugu Arabako gizarte eskuhartzeko sektorean #LortuDugu

Azkenengoz berri on batekin gatoz gaur Arabako gizarte eskuhartzeko sektorearentzat! KPIa izan den, aldarrikapen nagusiena jasotzen duen aurreakordioa sinatu dugu gaur. Negoziazioa iraun duen hilabete guzti hauetan zuek guztiak sostengatu duzuen borrokaren fruituak jaso ditugu gaur. Langileon borrokak, negoziazio prozesuan duen eraginaren isla da gaur sinatu dugun aurreakordioa. Beste behin ere, LAB sindikatutik helarazi nahi dizuegun mezurik garrantzitsuena da hain zuzen ere, borrokak merezi duela!

Hitzarmenak langileen aldetik eskatzen den soldata-igoera jasotzen du, % 12,9koa hitzarmenaren indarraldiko lau urteetan, honela banatuta:

– 2021. % 0,9. 2022. % 3,4. 2023. % 4,5. 2024. % 4,1.

LAB sindikatuak, borrokari eutsi dio beste behin ere, mahai negoziatzailean beharrezkoak izan diren exigentzietan jarraituz, sektorearen erosteko ahalmena bermatuko duen eta esku hartze sozialeko sektore osoaren lan-baldintzak benetan hobetuko dituen akordio bat lortzeko. Zorionak egin duzuen lan guztiagatik! Lortu dugu!

Tafallako AHTren obretan zauritutako langilearen heriotza salatu dugu

LABek uztailaren 15ean, Tafallan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan lanean ari zela, oso larri zauritutako langilearen heriotzaren berri izan du. Aurten, gutxienez, 46 langile hil egin dira dagoeneko Euskal Herrian.

Lehenik eta behin, LABek doluminak eman nahi dizkie langilearen senideei eta gertukoei. Heriotza hori bereziki krudela eta mingarria da, ez baita beharrezkoa, alferrikako azpiegitura baten obrak baitira.

Salatu nahi dugu, halaber, egun horietan, Nafarroan hainbat sute larri suertatzen ari ziren bitartean eta jarduera asko geldirik zeudela, AHTren arduradunek jarduerarekin jarraitzea erabaki zutela, langileei arrisku handiko bero-baldintzetan lan egitera behartuz eta, ondorioz, lan-istripu bat izateko aukerak biderkatuz.

Euskal Herrian AHT eraikitzeko lanetan lan-istripuz hil diren pertsonak ugariak izan dira, lan horiek egiteko lan baldintza eskasak agerian utziz.

Horregatik guztiagatik, LABek istripua gertatu zeneko inguruabarrei buruzko ikerketa serio eta sakona eskatu du, egon zitezkeen erantzukizun guztiak argituz.

Era berean, Euskal Herriko AHTaren obra guztiei segurtasun arloko auditoria bat egitea exijitzen dugu.

Eta, azkenik, alferrikako azpiegitura hori geldiaraztea eskatzen dugu, diru publikoa eta baliabide naturalak ez ezik, langileen bizitzak ere irensten baititu.

Bizitzaren garestitzearen aurrean ez dugu langileak babesteko neurririk ikusten, partxeak baizik

Langileontzat bizitzaren garestitzeak ez du etenik Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian azken hilabeteetan inflazio-indizeek azken 30 urteetako baliorik altuenak hartu dituzte. Argindarraren prezioaren igoera bizkorra bizitzen ari gara eta oinarrizko elikagaien prezioak ere gorantz doaz etengabe, hala nola, ogiaren prezioa ( %6,5 igo da), arrautzena (%11 garestiago) eta olioarena (%32 garestiago). Estatuek eta enpresa-oligopolioek sortu duten krisiari ematen zaion erantzunarekin bizitzaren garestitze orokorra eta, ondorioz, bazterketa soziala areagotzen ari dira.

Hori gertatzen ari da finantza erakundeak eta energia enpresak euren irabaziak handitu eta handitu ari diren bitartean: Iberdrolak 3.900 milioi euro irabazi zituen 2021ean (2022ko lehen sei hilekoan %36ko igoera izan du), Endesak 1.900 milioi euro, Naturgyk 1.214 milioi euro, Bpk 6.615 milioi euro; Repsolek 2.539 milioirekin, iazko irabazkiak bikoiztu ditu aurten. BBVAk 3.001 milioiko irabaziak izan ditu lehen seihilekoan, iazko irabaziekiko %57ko igoera alegia, eta Kutxabankek 163,2 milioi, iaz baino %30 gehiago.

Euskal Herrian ere langile eta herri sektoreon eskubideen galera progresiboa ematen ari da; energiaren afera, aipatu bezala, adierazgarria da. Eta negurako aurreikuspenak ez dira hobeak. Langile askok eta askok zailtasunak izango dituzte neguan elikatu, alokairua edo hipoteka ordaindu edo berogailua pizteko.

Bizimoduaren garestitzea ez da koiunturala. Kapitala etengabe berrantolatzen ari da, herri-sektoreen eskubideak ukatuz, lurraldeak arpilatuz, eta herriak desjabetuz, herrion burujabetza ukatuz. Horren isla da gurean gertatzen ari dena ere. Ez da kontsumo eta garapen eredua zalantzan jartzen, eta larrialdi ekologikoari erantzun egokia emateko baino, enpresetara bideratzen ari dira diru publikoa, baldintzarik gabe.

Eusko Jaurlaritzatik zein Espainiako Gobernutik sustatzen ari diren talka-neurriak (asteon iragarritakoak azkenak) ez dira, esaten duten moduan, langileak babesteko neurriak, partxeak baizik, sakoneko egoerari heltzeko bokaziorik gabeak. Ez diote aberastasunaren birbanaketaren eztabaidari heltzen.

Pedro Sanchezen Gobernuak aurkezturiko neurriak koiunturalak dira eta ez dute oligopolio energetikoaren eta bankaren boterea zalantzan jartzen.

EAJren Gobernuari dagokionean, berriro kontzertu ekonomikoa CONFEBASKen interesak zaintzeko erabiltzen duela erakusten digu. PFEZa moldatzeko planteatu dituen neurriak ez dira progresiboak, ez dute inflazioaren gorakadak langileoi eragindako eros ahalmenaren galera bere osotasunean kontuan hartzen. Kontzertu ekonomikoak aukera ematen du bestelako zerga politika bat egiteko, kapital errentak gehiago zergapetzeko eta irabazi enpresarialak zergapetzeko, aberastasunaren banaketa justuagoa sustatzeko, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Horri uko egiten dio, patronalaren interesak zaintzea du helburu EAJren Gobernuak, eta eskuineko alderdiak eskatzen ari diren politikak bere egiten ditu, eta hala, langileak presionatzen ditu soldaten eros ahalmenaren galera edo lan baldintzak kaskartzea onar ditzaten.

Gauzak horrela, LABetik honakoa aldarrikatzen dugu:

-Politika publikoen norabide aldaketa. Langile klasearen eta herri-sektoreen interes eta beharrak lehenestea.

-Aberastasunaren birbanaketa sustatzea, natura eta pertsona ustiatzen dituen sistemaren ordez bizitza erdigunean jarriko duena, aberastasuna, zaintza-lanak eta enplegua banatuz.

-Euskal Herrian lana eta energiaren produkzioa, banaketa eta kontsumoa antolatzen duen eredu sozioekonomikoaren aldaketa erradikala. Sektore energetikoaren eta finantza erakundeen kontrol publiko eta soziala, energia eskubide bat izan dadin eta ez merkantzia. Energia burujabetzan aurrera urratsak emateko burujabetza politikoa, honekin lotura duten eremuetan aurrera urratsak. Hori guztia hemen, Euskal Herrian posible egitea, burujabetzaren bidetik.

-Aurreko puntuetan jasotakoak garatzeko bidean, trantsizio ekosozialista eta feminista, lehentasunezko gai hauek oinarri: erabakitzeko eskubidea, gehiengo sozialen prekarizazio eta pobretzearen arrazoi egiturazko eta sistemikoei aurre egitea, lan guztien aitortza eta banaketa, pentsio duinak bermatzeko sistema propioa eta euskal zaintza sistema publiko- komunitarioa.

Aurreakordioa erdietsi dugu Gipuzkoako zerbitzuguneen hitzarmena berritzeko #LortuDugu

Zerbitzuguneetako sektoreko hitzarmenean bi urte eta erdi baino gehiagoan negoziatu ondoren, gaur, 2022ko uztailaren 29an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu du hitzarmen kolektiboa berritzeko eta edukia honako hau da:

• Indarraldia: 2020-2024, ultraktibitate mugagabearekin.

• KPIaren soldata-igoerak indarraldiko urte guztietarako.

• Ordaindutako lizentziak eguneratzea.

• Berdintasun-plana.

Irailean, hitzarmenaren sinadurarekin batera berretsiko den aurreakordio honek, 2020 urtetik aurrerako erosahalmena berreskuratzea ahalbidetuko die sektoreko langileei, eta 2024 urtera arte luza dezaten bermatuko du.

Izurritearen garaian funtsezko sektore izendatu zuten sektore honetan lortutako aurreakordioa oso positibotzat jotzen du LABek, prekaritatearen aurkako borrokan aurrerapauso nabarmena dela iritzi baitio.

LABek borrokan jarraituko du etorkizun hurbilean aurreakordio honetan adostu ezin izan ditugun baina konpromisoarekin, antolaketarekin eta borrokarekin lortuko ditugun sektoreko langileen aldarrikapenak lortzeko.