2024-12-08
HomeEkintza PolitikoaUrkullu eta Chiviterekin batzartuko gara urriaren 31n eta azaroaren 21ean, hurrenez hurren,...

Urkullu eta Chiviterekin batzartuko gara urriaren 31n eta azaroaren 21ean, hurrenez hurren, Biltzar Nagusiaren ondorengo bilera errondaren baitan

Biltzar Nagusia burutu berritan, Euskal Herriko eragile sindikal, sozial, politiko eta arduradun instituzionalekin aldebiko bilerak egiten ari gara LABetik. Sindikatuaren interlokuzioa indartu eta harremanak normalizatu eta sendotzeko helburua du errondak.

Bilerak baliatu ditugu zuzendaritza berria aurkezteko, datozen bost urteetarako hartu ditugun erabaki nagusiak ezagutarazteko eta, bereziki, testuinguruaz gogoetak eta proposamenak partekatzeko.

Azken hilabeteetan, besteren artean, bizitzaren garestitzeak eta eros ahalmenaren galerak eraginda eta Ukrainako gerra luzatzeko hartu diren erabakiek areagotuta, testuinguru berezia bizi dugu langileok; ondorioz, prekarizazio eta pobretze prozesuak areagotzen ari dira. Krisi sistemikoak bizitza erdigunean jarri eta errotiko aldaketak eskatzen ditu. Kapitalaren eta elite ekomomikoen interesak albo batera utzi eta langile eta herritarrak babestuko dituzten politika eta erabaki politikoen beharraz aritu da LAB aipatu bileretan.

Langileok behar dugun trantsizio ekosozialista eta feministarako eta aberastasunaren banaketarako beharraz hitz egin dugu eta LABek krisiari aterabidea emateko eginiko proposamenen gainean eztabaidatu, sinergiak bilatzeko, adostasunak eraikitzeko eta akordioetarako prestutasuna adierazi dugu. Ez dugu inolako zalantzarik langileok behar ditugun akordio horiek behartu egin beharko ditugula. Horixe da LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berriaren bidea, langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko neurri zehatzak eta eraldatzaileak sustatzea eta langile guztiak ordezkatzeko bokazioz aritzea. Klase sindikalismo feminista eta antirrazista garatzen jarraituko du LABek, eta horrela adierazi diegu batzuei eta besteei.

Bilera errondaren baitan honako eragileekin aritu gara:

Sindikatuen artean ELA, CCOO (EAEkoa eta Nafarroakoa), UGT (EAEkoa eta Nafarroakoa), STEILAS, ESK, Etxalde, Ipar Euskal Herriko CGT, FSU, CFDT eta Solidaires. Sindikatuon artean desberdintasun sakonak dauden arren, LABek balioan jartzen ditu, Hego Euskal Herriko kasuan, sindikatu desberdinen eta eragile sozialen arteko elkarlanaren bidez lantoki eta sektoreetan ematen ari diren borrokak, eta fronte soziosindikalaren aldeko gure apustuan berresten gara. Baikorki baloratzen dugu ere Ipar Euskal Herrian Macronen Gobernuaren neurrien aurkako dinamika intersektorialean LAB hartzen ari den pisua.

Patronalari dagokionean CONFEBASK, CEN, ADEGI, CEBEK eta SEArekin egon gara. Azpimarratzekoa da, halaber, CEN patronalarekin harremanak normalizatu izana. Edozein kasutan ere, elkarte patronalen jarrera langileek behar eta LABek eskatzen dituen neurrietatik urrun dago. Urrun, aberastasunaren banaketarako eskakizunei erantzutetik. Gaur gaurkoz, muzin egiten diote 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeari edota soldata arrakala ezabatzeko neurriak jasoko lituzkeen akordio intersektorialen bidea arakatzeari. Hitzarmenetan eros ahalmena bermatzeko prestutasunik ere ez du LABek ikusi patronalarekin egindako bileretan. Gauzak honela, datozen hilabeteetan lan arloan gatazka ugari egongo direla aurreikusten dugu LABetik.

Alderdi politikoen artean, Podemos Nafarroa eta EH Bildu-rekin batu gara eta EH Bai-rekin ere bilduko gara. Agenda sozialari dagokionean lehentasunezkoak eta partekatuak diren neurri ekonomiko eta sozialak agenda politikoan borrokatu ditzaten eskatu diegu.

Eremu instituzionalari dagokionez, EAEko Lan eta Enplegu Sailarekin, Idoia Mendia Cueva buru, bai Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilariarekin ere bildu gara. Langileen aldeko politika publikoak egitea eta aberastasuna banatu eta bizi baldintzak duintzeko egiten ditugun proposamenen gaineko akordioak lortze aldera patronala interpelatzeko eskatu diegu.

Era berean, Euskal Herria osatzen duten hiru eremuetako instituzionaletako Lehendakariei ere bilera bana eskatu diegu. Dagoeneko Iñigo Urkullu Lehendakariarekin bilera data finkatua dugu: datorren astelehenean, urriak 31, Lehendakaritzan. Lehen aldia izango da LABek Urkullurekin bilera egiten duena. Halaber, bilera data jarrita dago Nafarroako Lehendakari María Chiviterekin, azaroaren 21ean izango da bilkura. Euskal Elkargoko Lehendakari Jean Rene Etxegarairekin ere biltzeko eskaera egin dugu eta data zehazteke dago. Krisi ekosozialari aurre egin eta aberastasunaren banaketarako proposamena aurkeztuko diegu LABetik hiru ordezkari instituzionalei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren...

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.