2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaLangabezia datuek berretsi dute genero, adina edo jatorriagatik sortzen diren arrakalak egiturazkoak...

Langabezia datuek berretsi dute genero, adina edo jatorriagatik sortzen diren arrakalak egiturazkoak direla

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestan kaleratu diren datuen arabera, 2022ko 3. hiruhilabetean Hego Euskal Herrian 115.000 langabe daude. Langabezia tasa, aldiz, %8,5koa da.

Nafarroan, jatorriaren araberako arrakala nabarmendu behar dugu. Izan ere, langabezian dauden langile migratuen artean, Europar Batasunetik kanpoko jatorria dutenen langabezia tasa %32,21koa da, Europar Batasuneko jatorria dutenak baino 25,71 puntu gehiago. Herrialde honetan, elikagaien industriari lotuta dagoen prekarizazioaren ondorio garbia, non Europatik kanpoko jatorria duten langileen esplotazioa behin baino gehiago salatu dugun.

Genero arrakala ere mantentzen da, estrukturala da. Zentzu honetan, emakumeen langabezia tasa (%8,9) gizonena (%8) baino altuagoa da. Aurreko hiruhilabetean baino behin behineko kontratu gutxiago egon arren, emakumeen artean sinatu diren kontratuen %25,7a behin behinekoa izan da, gizonezkoen artean, aldiz, %17a. Beraz, kontratuei dagokionean ere, gizon eta emakumeen arteko arrakala estrukturala da.

Gazteen artean langabeziak gora egin du eta aurreko hiruhilabetan baino 16 eta 24 urte bitarteko 3.700 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Joera hau EAE eta Nafarroa Garaian gertatzen bada ere, Nafarroan azpimarratzekoa da duela urte bete baino 16-24 urte arteko langabe gehiago daudela. Adinean beste aldean kokatzen diren langileen kasuan ere gauza bera gertatzen da eta 55 urte baino gehiago dituzten 3.000 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilabetearekin alderatuz.

Langabezia datuek egungo ereduaren baitan genero, adina edo jatorriagatik sortzen diren arrakalak estrukturalak direla berretsi dituzte, lan bera egiteagatik langileon arteko ezberdintasunak areagotuz. Aniztasuna aitortuz, LAB sindikatuak langile klase osoarentzat eraginkorra izango den eskaintza du helburu eta praktikan gauzatzen ari gara.

Udazken gogorra aurreikusten den honetan, lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka sindikala lan zentro zein kalean hauspotzen ari gara. Lan zentroetan lan baldintzak hobetuko dituzten hitzarmen duinen aldeko borroka ziklo berriak piztu ditugu (helduen egoitzak, Bizkaiko metalgintza edota Osakidetzan). Bestetik, bizitzaren garestitzeari aurre egin, zerbitzu zein eskubide sozialen murrizketa salatu eta eredu burujabea aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu azaroaren 19an.

Lan eta bizi baldintza duinen konkistan aurrera jarraitzen dugu, egoera sozioekonomiko ezegonkor honek ez baitu aterabiderik izango langile klasea pobretu zein prekarizatuz, multinazional handiak zein IBEX35-eko enpresak aberasten jarraitzen duten bitartean. Langile guztiontzat onugarria, sozialki bidezkoa, ekologikoki iraunkorra eta demokratikoa izango den eredua lortzeko, lana, zaintza eta aberastasunaren birbanaketa lehentasun politiko, ekonomiko eta soziala da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.