2026-01-21
Blog Page 321

Eskubide guztiak eskatzen ditugu pertsona guztientzat, egunero

Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, LABek arraza, erlijio, iritzi politiko, talde sozial, genero edo sexu-orientazio jakin bateko kide izateagatik jazarritako pertsona guztientzat asilorako eta babeserako eskubidea gauzatzearen alde egiten du.

Era berean, atzerritartasunaren eta nazioarteko babesaren arloko erregulazioak eta administrazio-prozedurak ez zaizkiela pertsona guztiei modu berean aplikatzen salatzen dugu. Eskaeren tratamenduan irizpide desberdinak daude, eta datuek hori berresten dute: Honduras (% 88 ukatu dira), Kolonbia (% 98 ukatu dira), Nikaragua (% 73 ukatu dira) edo Perú (% 97), Venezuela (% 97 onartu dira) eta Ukraina (% 90 onartu dira).

Euskal Herrian horrek berehalako ondorioak ditu migratutako, migrazio-igarotzako eta/edo asiloa eta aterpea eskatzen duten milaka pertsonaren bizitzetan.

Bidasoa ibaian heriotza gehiagorik ez. Joan den larunbatean jakin genuen beste gazte bat hil zela, aukerak bilatu nahian bizia galdu zuena. Gure lurraldean, gobernuek ukatu egiten dituzte aukera horiek sistematikoki.

Laneko esplotazio eta abusu gehiagorik ez. Atzo jakin genuen Durangoko eta Portugaleteko bazarren kasuaren salaketa, eta agerian utzi zuen administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonak kontratatzen direla eta mota guztietako urraketak jasaten dituztela.

Lehen eta bigarren mailako errefuxiaturik ez. Inolako diskriminaziorik gabeko pertsona guztientzako harrera eta babes segurua.

Pertsonen zirkulazio askea eta indarkeriarik gabeko bizi-baldintza duinak lortzea oinarrizko eskubidea da guztientzat. Administrazioaren ezegonkortasuna eta bizi-babesgabetasuna konbinatzen dira prekarizazio- zirkuituak eta lan-eskubideen urraketak elikatuz. Aski da bereizkeria eta gehiegikeriekin!

Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioek beren erantzukizuna dute horretan guztian. LAB sindikatuak politika publikoak eta harrera duineko azpiegitura eskatzen ditu, pertsona guztientzat (migratuak, migrazio- igarobidean daudenak eta/edo asiloa eta aterpea eskatzen dutenak) bizitoki-aukerak eta enplegua baldintza duinetan lortzea aurreikusten duena. Erregularizazioa posible eta egingarria da, borondate politikoa falta da.

Azkenik, bat egiten dugu gaurko egunaren inguruan gizarte-mugimenduek egindako deialdiekin, atzo Donostian eta gaur 19:00etan Bilbon (Arriaga plaza) eta Gasteizen (Andre Maria Zuria).

Eskubide guztiak pertsona guztientzat, egunero. Euskal Herria harrera herria. Babesleku izan gaitezen, inor baztertu gabe.

Elkarretaratzea egin dugu Lakuan eskola-jangeletan negoziazioa eskatzeko

Eskola-jantokietako LABeko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Lakuan, Gasteizko Gobernuaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza Sailari eskatzeko 2000ko martxoaren 22ko Agindua aldatzea, eskola-jantokiak arautzen dituena, eta baita eskola-jangelen funtzianamenduaren inguruko zirkularra aldatzea ere.

Adierazi dutenez, bada garaia eredu aldaketa bat negoziatzeko, hezkuntza-sistemako langiletzat hartuko gaituena, begiraleentzako eta office-sukaldaritzako ratio berriak (ikasgeletan aldaketa bat emango denean, eskola-jantokietan ez dago inolako asmorik), txanda bakoitzeko gutxieneko jantoki-ordutegia, jantoki-ordutegitik kanpoko lanaldiaren igoera, funtzioak definitzea, euskalduntzea, prestakuntza eta hori guztia negoziazio-mahai batean erabaki beharko litzateke, langileekin batera egin ez den bezala.

LABek eskola-jantokia ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuaren barruan egotea proposatu du, eta adierazi du eskola-jantokietako langileek ere erabakiak hartzen parte hartu nahi dutela, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-komunitateko gainerako langileek egiten duten bezala. Azken batean, jantokietako langileen hezkuntza-lana aitortzea eskatzen dute.

Adierazi dute nazkatuta dagoela Hezkuntza Sailak enpresetara etengabe bidaltzeaz, erantzukizuna berea baino ez denean. Nahikoa da eskola-jantokiekin negozioa egitea, lizitazioetan ondo frogatu den bezala, ez langileei ez zerbitzu hori erabiltzen duten haurrei axola ez bazaie ere. Zerbitzu hori funtsezkoa da, eta ez bigarren mailakoa, Bildarratz jaunak uste duen bezala.

Gainera, ez dituzte ahaztu itunpeko ikastetxeetako lankideak, eta EAEn kolektibitateen hitzarmen baterako negoziazio-eremu bat irekitzeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute. LAB sindikatuak oso argi dauka. Euskal Herriko langileen lan-baldintzak hemen negoziatzen dira eta ez Madrilen.

Hezkuntza Sailak jarrera berarekin jarraitzen badu, LABek batasun sindikalari dei egiten dio hezkuntza sailari aurre egiteko eta administrazioa negoziatzera esertzera behartzeko, eskola-jantokietako langileak ere hezkuntza-sistemako langileak baitira.

Bi langile hil dira bi egunetan

Azken bi egunetan bi lan heriotza berri ezagutu ditugu, bata ostegunean, eraikuntzako langile batena Lezaman eta bestea atzo Murgian, egoitza bateko langile batena. Bi heriotzak ez traumatikoak izan dira. Lehenik eta behin geure samina eta elkartasuna eskeini nahi genieke lankide, senide eta gertukoei une gogor hauetan. Laneko azken heriotza hauekin, gutxienez 40 dira laneko heriotzak Euskal Herrian urte hasieratik.

Lehen lan heriotza hilaren 16ean gertatu zen Lezaman, 56 urteko langileak bihotzekoak jota galdu zuen bizitza. Azken urteetan ikusten ari gara badagoela hazkunde bat arazo kardiobaskularrek eragindako heriotzetan, noski laneko arrisku faktoreek eraginda edo areagotuta. Ez da kasualitatea erritmo altuek, lanaldi luzeek eta produktibitate exijentziak eragindako albokalteek arrisku faktore hau haziarazi dutela, kapitalismoaren logika zitalaren barruan. Egun hauetan pairatzen ari garen muturreko eguraldi beroak arriskuak hareagotzen ditu eta honela ulertu daitezke bi egun hauetan eman diren bi laneko heriotzak, faktore askoren baturan, hain zuzen.

Egoitza batetako langilea hil da, bere lehen lan egunean.

Hilaren 17an, bere lehen lan eguna zelarik, ondoezik sentitu eta aldageletan zendu zen Murgiako egoitza batean 56 urtetako emakume langile gasteiztarra.

Aurreko kasuan azaldu dugun bezala, ez da kasualitatea ematen ari den egoera hau. Gero eta lan baldintza gogorragoak pairatzen ari gara eta honek eragina du gure osasunean. Zer esanik ez zaintza lanetan diharduten emakumeen kasuan. Egoera eta lan baldintzak edozein direlarik, gizarteak ezinbesteko dituen zaintza lanak aurrera eramaten dituzten emakumeak. Lan erritmo altuak, lanaldi luzeak, turnizitatea, NBEen ez egokituen erabilera muturreko beroa egonik ere, aldi baterako kontratuak lan iraunkorrak egiteko, prekaritate gordina, etab.

Bistan da arazo kardiobaskularren laneko faktoreak kontrolatzea edo gutxitzea ezinbestekoa dela. Faktoreak gorantz doazela eta premiezko neurriak behar direla. Osalan eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten diegu eskumenak eurenak diren heinean, jar ditzatela beharrezko baliabideak behingoz. Patronalari exigitzen diogu bete dezala lan osasuneko araudia eta egun bero hauetan errespeta ditzala termohigrometriako protokoloak.

Bide batez, LABek dei egiten du datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Horrela, astelehenean, ekainaren 20an, gehiengo sindikalak kontzentrazioa egingo du Idiazabalgo plazan, “Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez lemapean” 12:00etan, 14an herri honetan basogintza lanetan hil zen langilearen heriotza salatzeko.

Abesten duen langileria ez da inoiz hilko

Tantaz tanta, pausoz pauso, bagara, bagoaz. X. Biltzar Nagusia amaituta, aurrera begira jarri gara, bizi dugun krisi sistemikoari aurre egiteko erabaki berriak hartu ondoren. Etengabe birpentsatzen eta berritzen ari gara gure eredu sindikala. Ausardiarekin, determinazioarekin… eta musikarekin.

Abesten duen langileria ez da inoiz hilko, eta LAB bizirik, oso bizirik, dago. Hala adierazi nahi izan dugu Baiona-Miarritzen egindako Biltzar Nagusian, hitzordurako espreski egindako bideokliparekin. Iluntasunetik argirako bidea egiten ari gara langileen defentsan, eta egiten jarraituko dugu datozen bost urteetan. “Bella ciao” abesti iraultzailea hartu dugu bidaide, euskarazko aldaera sortuta.

Euskal sindikalismo berria aldarrikatu dugu Baiona-Miarritzen

X. Biltzar Nagusia amaitutzat eman dugu Baiona-Miarritzen, Nazio Komite berria aukeratu ondoren, %94ko babes zabalarekin. Aurrera begira jarri gara bigarren egunean, sindikalismo eraldatzaile baten bidean. Haize berria da LAB, euskal sindikalismo berria. Egiteko beste modu bat erakutsi dugu Biltzar Nagusian, eta egiteko beste modu bat ere gauzatuko dugu aurrerantzean, koordinazio bikoitzarekin.

Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo izango dira sindikatuko koordinatzaile orokorrak, idazkari nagusi baten ordez. Bien arteko elkarrizketarekin biribildu dugu bi ostegunean eta ostiralean egindako biltzarra, “Bagara bagoaz” leloarekin.

Bagara. Eta, zer gara ba? “Pentsamenduari hitza eta hitzari ekintza jartzen diotenak gara. Anitzak gara. Langileak gara. Eta gure eskuek, gure lanak sostengatzen du bizitza”, gogoetatu du Garbiñe Aranburuk.

“Bai, gure lanak mugitzen du mundua, baina, era berean, egiten dugun lanaren kontura aberasten dira kapitalistak. Enpleguan eta zaintzan egiten dugun lan eskergari esker aberasten dira. Esplotazio horren kontzientziatik jaio zen sindikalismoa munduko txoko guztietan, baita Euskal Herrian ere. Nazioarte mailako klase borrokaren oinordeko da LAB”, adierazi du Igor Arroyok.

Euskal Herria independente, sozialista, feminista eta euskalduna sortzeko aukera zabalik dugu. Sustraiei sendo eutsita, adarrak zabaltzeko unea da, loratzeko eta fruitua jasotzeko unea da. Hortaz aritu gara egun hauetan zehar. Bizi dugun krisi sistemikoari aurre egiteko, erabaki berriak hartu ditugu. Etengabe birpentsatzen eta berritzen ari gara gure eredu sindikala. Ausardiaz, determinazioz. 

Igor Arroyok azaldu bezala, LAB euskal langile ororen eskuetan jartzen dugun tresna da, “langile ororen lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokarako tresna. Ertzetan dauden langileak erdira ekarriko dituen sindikatua. Langile guztien sindikatua. Egoera salatzera mugatzen ez den sindikatua. Proposamenak egiten dituen sindikatua. Eraldatzaileak gara, bai. Euskal sindikalismo berria gara”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, etengabe, nabarmen hedatzen ari gara: “LAB zenbat eta sendoago, erabakigarriago, orduan eta indartsuago langile borroka, lantokietan eta kalean. Borroka ziklo berria abian jarri behar zela aldarrikatu genuen eta egin dugu. Enplegu suntsiketari muga jarri diogu. Zerbitzu publikoen eraispenari aurre egin diogu. Sektore feminizatuen borroka erdigunera ekarri dugu. Etxeko langileei zor zaien aitortza lortzeko bideari ekin diogu. Hamaika borroka piztu dugu Euskal Herria osoan zehar. Eta hamaika garaipen eskuratu”.

Borroka horiek guztiek, garaipen horiek guztiek, euskal langileok behar dugun eraldaketa sozial eta politikoa elikatzen dute. “Euskal Herrian posible egin dezagun, Parisen eta Madrilen ezinezkoa dena. Euskal Herrian posible egin dezagun premiazkoa den trantsizio ekosozialista eta feminista. LAB izango da horretarako akuilua. LAB izango da ezker independentismoaren erreferentzia sindikala. Euskal Errepublika aldarrikatzeaz gain, sindikalismotik ere Euskal Errepublika eraikitzera goaz. Euskal Lan Kodea, Euskal Gizarte Segurantza, euskal esparru sozioekonomikoa eskuratzera goaz. Bustitzeko prest gara, eta busti egingo gara”, zehaztu du Igor Arroyok.

Eta horrela bagoaz, sindikalismoari haize berria ematera. Ikusi eta ikasteko prestutasun osoarekin. Apaltasunez, baina harro. Bagoaz LAB euskal langile guztien etxe bihurtzera. Bagoaz diskriminazio orori aurre egitera. Bagoaz sindikalismo feministan sakontzera. Eta bagoaz, LAB sindikatu antirrazista bilakatzera.

Bagoaz, mugaren bi aldeetan, sindikalismo independentista zabaldu eta indartzera. Bagoaz lantokietan borroka eta greba gehiago antolatzera. Bagoaz borroka sozialetan murgiltzera. “Eta erronka hauei heltzeko, zuzendaritza sendo eta eraginkorra behar dugu. Kolegiatuagoa, feministagoa”, erantsi du Garbiñe Aranburuk.

Goiz hunkigarria

Biltzar Nagusiaren bigarren egunari gonbidatuen hitzartzeekin ekin diogu. EH Bai, EH Bildu, ELA, FSM… erakunde hauetako ordezkariek hartu dute hitza, besteak beste. Nazioarteko ordezkariek sinatutako adierazpen bat aurkeztu dugu ondoren; herrien autodeterminazioari buruzkoa, hain zuzen ere, Sahara eta Palestinako ordezkariek irakurrita. Nazioarteko emakumeen taldeak ere irakurri du beste adierazpen bat, emakumeen ahalduntzea ardatz.

Atsedenaldiaren ondoren, une hunkigarriak bizi izan ditugu, Musika, poesia eta dantza artean, LABeko emakumeei aitortza egin diegu, baita sindikatuko idazkari nagusi ohi Ainhoa Etxaideri ere.

Biltzar Nagusirako espreski osatutako bideoklipa proiektatu dugu ondoren; “Bella ciao” abestiaren euskal bertsioa, alegia. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyoren solasaldiaren ostean, Nazio Komite berria eszenatokian zela, abestia zuzenean interpretatu du bideoklipako abeslariak, bertaratutakoek lagunduta. Berriro ere, bagara, bagoaz!

Borroka ziklo berria abian dela hasi dugu Biltzar Nagusia

Gure 10. Biltzar Nagusia egiten ari gara osteguna eta ostirala artean Miarritzeko Halle D´Iraty aretoan, “Bagara bagoaz” goiburuarekin. 500 ordezkariren parte-hartzearekin, datozen 5 urteotarako lan-ildoak onartuko ditugu eta zuzendaritza berria hautatuko dugu bertan.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak agerraldia egin dute Biltzar Nagusiaren nondik norakoak azalduz.

Dufauk eman du egunaren egitarauaren berri. Horrela, azaldu du sarrera ekitaldian zabalik diren borroka sindikalei aipamena egin diegula. Hainbat izan dira nazioartetik eta Euskal Herritik etorritako gonbidatuak, hala nola, alderdi politikoak, sindikatuak eta herri mugimenduetako ordezkariak. Nazioarteko ordezkaritziei dagokienez, 4 kontinentetako 28 herrialdetako 31 sindikatutako 48 ordezkari ere ari dira parte hartzen Biltzar Nagusian. Eta bezperan, ekainaren 15ean, Nazioarteko Konferentzia egin zuten Hendaian, “Klase sindikalismoaren erronkak egungo fase kapitalistan” izenburuarekin.

Biltzarraren lehen ariketa moduan, kudeaketa txostena aurkeztu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, azken bost urteotako bilana jasotzen duena. Biltzarkideen %99,13ko babesarekin onartu da.

Ondoren, aurkeztu diren 203 zuzenketak eztabaidatzeari ekin diote biltzarkideek. Zuzenketa horietatik 102 izan dira zuzenean onartutakoak, 115 adostuak, 47 bertan behera geratu direnak eta 19 ez onartuak, aurkeztutakoen %6,7 besterik ez.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Biltzar Nagusiaren aurretik egindako prozesuaren garrantzia nabarmendu du: “Ez ohikoa izan da prozedura. Entzuketa ariketak egin genituen militantziarekin hortik eta tesi nagusiak atera”. Aurrelan honetatik abiatuta idatzi da ponentzia, “sindikatu parte hartzaileagoa helburu. Goitik behera eraikitzen den sindikatua baino, zirkuluan eraikitzen dena. Guztion ekarpenak du balioa eta garrantzia eta zuzendaritza ardura ditugunok guztiak hartzen ditugu kontuan”, nabarmendu du Aranburuk.

Horren adibide, nazio komiteak aurkeztu dituen autozuzenketak aipatu ditu, eskualdeko batzarretan izan diren ekarpen eta gogoetak kontuan izan dituzte eta ponentzietan jasoak geratuko diren autozuzenketak egin dituzte. Lehenik eta behin, gazte prekaritatearen ingurukoa, LABek gazteen egoera iraultzeko duen borondatea indartuz. Bigarrenik, parte hartze instituzionalari dagokiona, interpelazio eta kritika politiko instituzionala indartzeko parte hartze ez normalizatuaz egiten dugun irakurketa zabalduz. Eta hirugarrenik, Nazio Biltzarra, Kongresutik kongresura zuzendaritza organo gorena izanik osaketarako irizpideak finkatuz.

Aurre prozesua desberdina izanik ere, egon da zuzenketak egiteko tartea. Jasotako zuzenketa kopuru altuak eta onartu gabe geratu diren apurrek agerian uzten dituzte hainbat elementu, Aranburuk zerrendatu dituenak. Lehenik, LABek datozen urteetan garatu beharreko ildo soziopolitikoaren gaineko eta planteatzen diren tesi nagusiekiko adostasun maila handia. Bigarrenik, “sindikatu bizia garela, jende militantea dugula eta LABeko komunitatearentzat kongresua ez dela tramite hutsa”. Eta hirugarrenik, “zuzendaritzak adostasunetara iristeko duen borondate eta gaitasuna oso handia dela”.

Azken bost urtetako lanaren balantzea egiten duen kudeaketa txostenak onarpen zabala izan du. “Bere momentuan hartu genituen erabakiak egokiak izan zirela eta hartu genituen erabakien gehiengoa praktikara eraman dela irudikatzen du honek”, idazkari nagusiaren hitzetan.

Berrikuntza ekarri dugu

Orain bost urteko kongresutik hona, LABek sindikalismora berrikuntza ekarri du. “Gure inguru hurbilean kapitalismoaren eta bizitzaren arteko talka sindikalismora ekartzen lehenak izan ginen. Birdefinitze honek, pentsatu eta aritzeko moduetan, paradigma aldaketa oso bat suposatu zuen”, adierazi du LABeko arduradun nagusiak.

“Sindikalismo feministan praktikara eramateko aurrera urrats handiak eman ditugu. Ari gara, langile migrante eta arrazializatuen esplotazio egoerak borrokatzen eta sindikatu antirazista bilakatzeko urrats berriak ematera goaz. Azken batean, sindikatua langile kolektibo guztiarentzat tresna eraginkor izatea dugu helburu”, zehaztu du.

LABen ararabera, bizitza da erdigunean jarri behar dena. Langileok errotiko aldaketak behar ditugu, aldaketa horiek borrokatu egin behar ditugu, eta hemen, Euskal Herrian, egin behar ditugu posible.

Mobilizazio ziklo berri bat martxan jartzea izan da sindikatuaren egiteko eta lehentasun azken hilabete hauetan eta Biltzar Nagusira helburu hori lortuta iritsi garela esan dezakegu, Aranbururen arabera. “Azken kurtsoan sektore edo enpresa desberdinetan, 100 grebatik gora izan dira Euskal Herrian. Borrokaren bidez, enplegu suntsiketa mugatzea eta langileen soldata eta lan baldintzak hobetzea lortu dugu hainbat eta hainbat eremutan”.

Horrela amaitu du agerraldia LABeko idazkari nagusiak: “Biltzar Nagusi hau puntu eta jarrai bat izango da. Aurrekoak ekarri zituen berrikuntza horietan sakondu eta norabide horretan erabaki berriak hartzera goaz”.

[ARGAZKI GALERIA] Borrokan jarraitzeko asmo betez bildu gara Baiona-Miarritzen

Abian da Baiona-Miarritzeko X. Biltzar Nagusia, “Bagara bagoaz” leloarekin. Bi egunez, ekainaren 16an eta 17an, aurreko biltzarrean hartutako erabaki nagusiak berretsi eta horiek garatzeko erabakiak hartuko ditugu.

Borroka, borroka eta borroka dugu ardatz, eta izaera horretatik tiraka ekin diogu biltzarrari. Kurtso honetan zehar 100 lantoki baino gehiagotan grebak deitu eta kalera atera gara. Kalean gaude. Lan eskubideen alde, enpleguaren defentsan, diskriminazioaren kontra… Agindu genuen eta bete dugu. Abian da borroka ziklo berria Euskal Herrian.

Borrokak merezi du. Eta borrokan jarraitzeko asmo betez bildu gara Baiona-Miarritzen. Datozen bost urteetarako LABen ardatzak, erronkak eta lan ildoak finkatuko dituzten erabakiak hartuko ditugu biltzarra bukatu bitartean.

“Kapitalismoak porrot egin du”

Baiona-Miarritzeko X. Biltzar Nagusiaren bezperan, Nazioarteko Konferentzia antolatu dugu Hendaian, mundu osoko hainbat herrialdetatik etorritako ordezkari sindikalekin, “klase sindikalismoaren erronkak egungo fase kapitalistan” izenburupean. Hainbat adierazpen adostu ditugu bertan; egungo koiunturari buruzko adierazpen orokorra, tartean.

Pais Valencia, Palestina, Galiza, Txipre, Portugal, Asturies, Kuba, Sahara, Austria, Kanaria Uharteak, Panama, Argentina, Catalunya, Suitza, Brasil, Korsika, Martinika, Kanakia, Andaluzia, Aragoi, Frantzia, Nikaragua, Italia, Groenlandia, Irlanda, Guadalupe, Sardinia, Aosta Gaza-Palestina… hainbat herrialdetatik hurbildu dira Euskal Herrira, hainbat sindikaturen ordezkari gisa.

Zerrenda luzea da: Intersindical Valenciana, National Union of Palestinian Workers, New Unions, Condeferacion Intersindical Galega, PEO, CGTP IN, Corriente Sindical de Izquierda, Central de Trabajadores de Cuba, UGT Sario, Left Block Austrian Trade Union, Federation Intersindical Canaria, Federacion Autentica de Trabajadores, CTA-Autonoma, Intersindical Catalana, UNIA Ginebra, Central dos Trabalhadores e Trabalhadoras do Brasil, STC, UGTM, USTKE, Intersindical Alternativa de Catalunya, Central Unitaria de Traballadoras, Sindicato Andaluz de Trabajadores, Colectivo Unitario de Trabajadores, Solidaires, Central Sandinistas de Trabajadores, Unione Sindicale di Base, SIK, Trade Unionists for a New and United, Ireland, UGTG, CSS, SAVT, ILCU…

Elkartasun keinu asko izan dira konferentzian. Irudian, erdian, Palestinako ordezkarietako bat.

Orotara, 4 kontinentetako 28 herrialdetako 31 sindikatutako 48 ordezkari.

Hausnarketarako eta eztabaidarako unea

LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok ongi etorria eman die bertaratutakoei: “Herriak agindu dezala, eta ez kapitalak”. Arroyok salatu du kapitalismoa bidegabea dela, “esplotazioan oinarritzen delako, herriak epaitzen dituelako, kulturak eta ekosistemak desegiten dituelako eta emakumeak zapaltzen dituelako. Baina, ez da bakarrik bidegabea, bideraezina ere bada”.

LABeko Nazioarteko arduradun Koldo Saenzek hartu du hitza ondoren, eta mezu argi bat zabaldu du: “Kapitalismoak porrot egin du”.

Konferentzian bildutako ordezkarien hitzartze eta hausnarketekin aurrera egin du jardunaldiak, sindikalismo borrokalariak dituen erronkak hizpide, klase elkartasunetik eta elkarlanetik abiatuta. Izan ere, krisi ekonomikoa, edo azken urteotako krisi-segida, gaur egungo mundu kapitalistaren elementu iraunkorra da, eta bat egiteko eta elkarrekin aritzeko beharra ezinbestekoa da munduko langile-klase osoak aspaldidanik jasaten dituen erronkei eta erasoei aurre egin ahal izateko.

Arabako metalgintzan funtsezko edukiak exijitzen ditugu

Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da. Bertan, SEAk aurrerapen txiki-txikiak aurkeztu ditu, ziuraski greben eta mobilizazioen presioaren ondorioz. Mugimendu eskas horien aurrean, LABek pisuzko edukiak exijitzen ditu hitzarmen duin bat adosteko. Hortaz, beste sindikatuekin batera aztertuko ditugu hurrengo pausuak, argi edukita ganorazko edukirik gabe, mobilizazio berriak egongo direla.

Gaurkoan, SEA patronalak aurrerapen txiki-txikiak eman ditu, gehienak izan dira aurretik ahoz esandakoak idatzira pasatzea. Ziuraski, greben eta mobilizazioen presioaren ondorioz egin ditu mugimendu txikiok. Izan ere, momentuan grebak gutxietsi nahi izan bazituen ere, kontzientea da sektoreak sekulako erantzuna eman zuela.

Edonola ere, LABen ustez, mugimendu eskasak dira, SEAren eskaintza gutxi aldatzen dutenak. Horien aurrean, LABek pisuzko edukiak exijitzen ditu Arabako metalgintzan hitzarmen duin bat adosteko. Hortaz, guretzat, besteak beste, honako edukiak egon beharko ziren:

  • –  Soldaten eguneraketa eta KPIrekin lotutako soldata igoerak.
  • –  Igoerak soldata errealetan.
  • –  Lanaldiaren jaitsiera nabarmena.
  • –  Bajen osagarriak hobetzea.
  • –  Subrogazioa gehiago zabaltzea
  • –  Bestelako neurriak pertsonak erdigunean jartzeko.

Hori guztia dela eta, LABek beste sindikatuekin batera aztertuko ditu hurrengo pausuak, garrantzi handia ematen batiogu lortutako batasun sindikalari. Edonola ere, argi daukagu: ganorazko edukirik gabe, mobilizazioekin jarraituko dugu, beti ere ekimen eragikorrenak bilatuz Arabako metalgintzan lan baldintza duinak lortzeko.