2026-01-14
Blog Page 315

Negoziatzera eseri nahi ez duten bitartean, borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute Arabako egoitzetako langileek

Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek greba eguna egin dute, LABek eta ELAk deituta, eta Aldundia eta patronala interpelatu dituzte berriro, 3 urtez hainbestetan egin duten bezala. 3 urte helburu batekin, patronalaren osaketa sektorearen baldintza duinak negoziatu ahal izateko. 3 urte gogorrak, non hilabetero enpresen eta erakundeen ateak jo dituzten.

Irailean, eta mobilizazio guztiei esker, mahai negoziazioa osatzeko helburua lortu genuen, baina, 10 hilabeteren ondoren, patronalak ez du inolako mugimendurik egin, sindikatuoi ez digu hobekuntza-proposamenik helarazi negoziatzera eseri ahal izateko. Azken negoziazio-mahaian, proposamen bat zutela jakinarazi zuten, inoiz irakurri ez duguna.

Grebarekin mezu argi bat bidali nahi diogu patronalari eta adinduen egoitzetako nagusi guztiei: sektorea duintzeko negoziatzera eseri nahi ez duten bitartean, prekarizatua eta feminizatua den sektore honetan langileok kaleetan borrokan jarraituko dugu.

“Oso larria da ikasleen datuak multinazional baten esku jartzea”

LAB sindikatua eta Ernai gazte erakundea EHUko Gizarte kontseiluaren bilkuraren aurrean elkarretaratu gara Bilbon, EHUko Zuzendaritza taldeak inposatu nahi duen neurri berria salatzeko. Izan ere, ikasleen posta elektronikoaren kontuak Microsoft Office 365-era migratu nahi ditu, zerbitzu hau pribatizatuz eta ikasleen pribatutasuna kolokan jarriz.

Aspaldidanik gauzatzen ari da azpikontratazioa EHUko hainbat alorretan, Informazio eta Komunikazio Teknologiei (IKT) lotutako zerbitzuetan barne. Duela gutxi jakin izan dugu 2022-23 ikasturtean ikasle guztiek O365 kontua derrigorrean izateko azken moldaketa teknikoak egiten ari direla, uztailaren 18an irekiko den matrikulazio-kanpainan bertan automatikoki gauzatzeko.

Honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu Ernai eta LABetik:

– EHUko zerbitzuen pribatizazioa salatzen dugu. Sistema publikoaren desegite progresiboaren beste pauso bat da, unibertsitate publikoa ahulduz transnazional baten onurako. EHUn baditugu informatikan adituak diren langileak eta baliabideak IKTak EHUn bertan kudeatzeko eta, nahikoak ez direnean, inbertsio handiagoa egin behar da baliabide propioetan, eta ez kontrakoa: enpresa pribatuetara diru publikoa bideratzea.

– Oso larria da ikasleen datuak multinazional baten esku jartzea. Pribatutasuna gordetzeko bermeak daudela esango badute ere, ikasleen datuen pribatutasuna kolokan egongo litzateke, etorkizunean informazio pertsonala non buka daitekeen ezin ziurtatu. Ikasleen ondoren, EHUko langileen kontuen migratzea etorriko litzateke, baita EHUko plataformetan dagoen lan-kudeaketari eta ikerketari lotutako informazioa Microsoft- en zerbitzarietara pasatzea ere.

– Erabaki honek ikasleen eta langileen Microsoft-ekiko menpekotasun teknologikoa nabarmenki areagotuko luke eta atzera buelta ia ezinezkoa bilakatuko litzateke.

– EHUko komunitate osoan eragiten duen erabaki hau ezkutuan gauzatzen ari dira, informazio ematea eta eztabaida ekidinez. Posta elektronikoak O365-era migratzean, ikasleriaren erabakitzeko eskubidea urratzen ari da. Parte-hartzerako jarrera irekiaren irudia eman nahi badute ere, ez dago gutxieneko parte-hartze prozesurik, ez ikasleekin ezta langileekin ere.

– Multinazional eta baliabide digital pribatuen menpekotasunaren aurrean, alternatiba badago, burujabetza teknologikoaren bidean zerbitzu publikoen indartzean eta software librearen erabilera orokortuan oinarrituta.

Horregatik, Ernai gazte erakundeak eta LAB sindikatuak publikoki salatu nahi dugu EHUko zerbitzuen pribatizazio egitasmo hau eta EHUko Zuzendaritza taldeari atzera egitea exijitzen diogu, O365 proiektua alde batera utziz eta unibertsitateko komunitatea osoarekin eztabaida prozesu bat martxan jarriz, etorkizuneko erronkei aurre egiteko norabidea denon artean zehazteko.

Era berean, EHUko komunitate osoari (ikasle zein langile) baita, era orokorrean, euskal gizarteari ere erabaki honen kontra agertzera dei egiten diogu.

EHUko zerbitzuen pribatizazioari ez!
Ez jarri EHUko ikasle zein langileen datuak enpresa pribatuen esku!

Nafarroako hirugarren adinekoen arretarako egoitzetako langileak kalera irten dira berriro, sektoreko lehen hitzarmena aldarrikatzeko

Nafarroako hirugarren adinekoen arretarako egoitza guztietako langileek bederatzigarren greba eguna egin dute, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta, hitzarmen sektoriala lortzeko bidean. 

Iazko maiatzean, mendekotasunaren sektoreko lau sindikatu nagusiek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) proposamen bateratu bat aurkeztu genien Nafarroako patronalei eta Gobernuari, Nafarroan hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmen honek Nafarroan 70 zentro baino gehiagotan banatuta dauden 4.500 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko balio behar du. Lan baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatu behar da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun eta lan osasun neurri eraginkorrak, sektorean putre funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Tutera.

Patronalek negoziazioan ematen diren aurrerapausoak blokeatzen jarraitzen dute, eta, beraz, mobilizazioek aurrera jarraituko dute lan baldintza duinak lortu arte eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte. Patronalen interes ekonomikoen gainetik jarri behar dira artatutako pertsonen eta arreta ematen dieten langileen interesak.

Diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da, eta, beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain. Mendekotasunaren sektorea adineko eta mendeko pertsonen arreta egokiarekin bateraezinak diren enpresa ereduetatik kanpo utzi behar da.

Iruñeko Udalak putre-funts bati esleitu dio etxerik gabeko pertsonentzako aterpearen kudeaketa

Aurten lehiaketara atera da Iruñeko Etxerik Gabeko Pertsonentzako Aterpearen kudeaketa. Zentro horrek bazterketa-egoera larrian dauden pertsonak artatzen ditu, arazo handiak eta askotarikoak baitituzte.

Aurten, berriz ere, partida handitu egin da, eta hori oso berri ona izan da. Baina lehiaketaren emaitza ikusi ondoren, zapore gazi-gozoa hartu du egoerak; izan ere, lehiaketa irabazi duen enpresa izan da prezioak gehien jaitsi dituena eta puntuazio tekniko txarrena lortu duena.

Irizpideen artean dago kalitate-prezio erlaziorik onena. Hori oso egokia izan daiteke, egiazkoa bada; baina gerta liteke, internetez zerbait erosten dugunean gertatzen denaren antzera, koska handia izatea espero dugunaren eta benetan jasotzen dugunaren artean. Oraingoan, berriz ere, arlo ekonomikoak pisu handiegia du; nahiz eta aurkeztutako 4 proiektuen artean puntuazio tekniko txarrena izan, prezioa asko jaisteak puntu asko eman ditu.

Harrigarria da erakundeek proiektu sozial horien kudeaketan dirua aurrezteko asmoa izatea; bidenabar esanda, inoiz pribatizatu behar ez ziren proiektuak dira. Udalak kalkulatu egiten du zenbat balio duen proiektu horrek edo errekurtso horrek, aurrekontu-partidetan horretarako beharko duen dirua bereizten du, eta kontu guztiak egin dituenean, honela dio: ea nork egiten duen hau merkeen… 140.000 € aurreztuta, bandera erraldoi bat eros dezakegu.

Zoritxarrez, aurten, alde teknikoan puntuaziorik txarrena lortu duen proiektuak irabazi du, baina merkeena zenez, atal horretan puntuaziorik altuena eraman zuen: Udalak 5. taldeari, estatuko putre-funts bati, esleitu dio Iruñeko Etxerik Gabeko Pertsonen Aterpetxearen kudeaketa. Eta hemen, berriro ere, pertsona ahulenak, arreta ematen dien langileak eta herritarrak dira galtzen dutenak. 

Ezin da zerbitzu bera eman diru gutxiagorekin. Gure ustez, bada garaia gizarte-zerbitzuen kalitatearen okerragotzea gelditzeko eta ongi legoke irizpide hori indar politiko guztien irizpide komuna izatea, baina adibide honetan ageri da zein diren bakoitzaren lehentasunak. Bada garaia zerbitzu publiko guztiak publifikatzeko, ez putre-funtsak sartzeko eta bazterkeria soziala jasaten duten pertsonekin negozioa egiteko.

Carlos Gimeno kontseilariaren dimisio eskaera berretsi dugu, Iruñeko eta Tuterako hizkuntz eskoletan murrizketak eginen dituztela-eta

LAB sindikatuak deituta, berrogei lagun inguruk elkarretaratzea egin dute gaur, Iruñeko Hizkuntz Eskolaren aitzinean, salatzeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Tuterako zein Iruñeko hizkuntza eskola ofizialetako 2022-2023 ikasturterako eskaintza murriztea erabaki duela, talde kopuruak gutxiagotuta. LABek uste du neurri hori euskarari egiten zaion enegarren erasoa dela Administrazioaren partetik, bai eta zerbitzu publikoen beste murrizketa bat ere, herritarrek hizkuntzak ikasteko duten eskubidea urratzen baitu. Hartara, duela zenbait egun egin zuen gisara, gaur ere Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu du.

Tuteran, taldeek gutxienez 10 lagunekoak izan behar dutelako baldintza ezarri omen du Departamentuak, bestela alde batera utziko ditu talde horiek. Horrezaz gain, Tuteran zein Iruñean, Hezkuntzak talde kopurua murriztuko du; horren ondorioz, herritarrek hizkuntza ikasteko eskaintza txikiagoa izanen dute. Neurri horrek, gainera, euskaran ez ezik, beste hizkuntzetan ere ikasketa prozesuaren jarraipena eragotzi lezake, gerta litekeelako talderik ez izatea maila batzuetan.

Horiek horrela, Tuterako Hizkuntza Eskolan, Hezkuntza Departamentuak 26tik 22ra jaitsiko omen du Ingeles Departamentuko talde kopurua, eta 6tik 3ra Euskara eta Alemanekoak; osotara, 10 talde gutxiago egonen dira, 3 irakasle gutxiago -haietako bat, Euskaran-. Bestalde, Iruñeko Hizkuntza Eskolan hauxe da aurreikuspena: Euskara Departamentuan 2 talde itxiko dituzte -aurretik beste bi jada itxi ziren-; Ingelesean 2, Alemanen 3 kenduko dituzte, eta 21 talde izatetik 18 talde izatera pasatuko dira. Frantses eta Italiera departamentuei ez zaie talderik kenduko heldu den ikasturtean, baina kontuan hartu behar da aurreko urteetan hainbat talde itxi zizkietela departamentu horiei.

Tuterako Hizkuntza Eskolako zuzendaritzak berak adierazi du Hezkuntza Departamentuak Erriberan egin nahi duen murrizketa gauzatzeak galera nabarmena ekarriko liokeela eskualdeari. LAB sindikatuak azpimarratu nahi du murrizketa horrek herritarrak ez ezik, langileak ere kaltetuko lituzkeela, eta ohartarazi nahi du azken murrizketa hau gehituko zaiela dagoeneko irakaskuntzan gertatzen diren eskubide urraketei; esaterako, adinagatik dagokien ordu lektiboen murrizketa ukatu zaie hainbat irakasleri.

Hizkuntza Eskola Ofizialen salaketa Gimenoren Departamentuak zenbait arlotan sortu duen hondamendiari eransten zaio: euskararen aurkako erasoak, PAI egonkortzea, Lanbide Heziketan ziklo elebidunen inposizioa, Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileak greba mugagabera bultzatu dituen prekaritate egoera, COVIDagatik ezarritako jardunaldiaren eta eskolaz kanpoko jardueren inposaketa, esparru guztietan negoziaziorik eta komunikaziorik eza, ikastola eta itundutakoei behin eta berriro entzungor egitea, Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna ez betetzea… Horrengatik guztiarengatik, LABek jarraitzen du Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatzen, ardurapean duen Departamentua behar bezala ez kudeatzeagatik.

Bat egiten dugu uztailaren 2ko Pirinioetako Bidea ekimenarekin, Euskal Herriaren autodeterminazioa eta erabateko burujabetzaren alde

2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku dira antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República, laguntzaile.

Euskal herritarrok 115 gailur argiztatuko ditugu Pirinioetako Bidean, Jaizkibeletik Benasqueraino. LABek bat egiten du ekimenarekin, horrela Txamantxoia eta Vignemale mendiak argiztatuko ditu eta ordezkaritza zabala izango du Jaizkibelen.

Ekimen honen helburuarekin bat egiten du LABek, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatu nahi dugulako herrion autodeterminazio eskubidearen alde.

LABentzat oso garrantzitsua da euskal herritarrok, herri gisa, nazio gisa, gure etorkizuna erabaki ahal izatea, eta horren alde egiten ari gara, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa baita. Gure ustez, erabakitzeko eskubidea behar dugu egoera laboral eta soziala errotik aldatzeko. Langileok erabaki, herriak erabaki, gure etorkizunaren jabe izateko.

Lizarran, osasun arreta arriskuan ote?

LAB sindikatuak behin baino gehiagotan salatu ditu Lizarrako osasuneskualdea kudeatzeko politikak. Eskualde hori azken urteotan egungo kudeatzaileek hartutako erabaki txarren ondorioak pairatzen ari da, eta, horren ondorioz, Lizarraldeko herritarren osasunarreta are zigortuagoa eta ahulagoa gelditu da, bigarren mailakotzat hartzen baitute behin eta berriz.

Azken hilabete honetan, Lizarra aldeko osasunzerbitzu publikoetako profesionalek eta herritarrek kexa ugari egin dituzte osasun arreta dela-eta, besteak beste:etxeko ospitalizazioa ixteko saiakera (gure sindikatuak salatua), kirurgia handi anbulatorioaren hedadura txikia, itxaron-zerrenda luzeagoak, ospitalizazio-solairuen eta larrialdien egoera, Oinarrizko Osasun Laguntzako azpiegituretan eta arretan dauden arazoak…

García OrcoyenOspitalean egiten ari diren obrekin, kaos-egoera berriz nagusitu da. Testuinguru horretan, osasun eskualde honen hurrengo urteetako jardunbidea zehaztuko duen plan zuzentzailean gutxieneko adostasunik ez egoteak, batetik, eta egungo kudeatzailetzak plantillari egotzi nahi dizkion datu negargarriek, bestetik, zerbitzu-buru gehienen ezinegona eragin dute. Oso esanguratsua da ikusteaizendapen libreko karguak betetzen ari diren pertsona horiek –hau da, kudeatzailetzak berak behatzez izendatu dituztenak– Osasunbideko zuzendariekin eta ordezkari politikoekin bildu direla adierazteko ez daudela gustura egungo kudeatzailetzak sortutako egoerarekin, agintekeriaz eta eztabaidarako aukerarik eskaini gabe jokatzen ari delako.

Beldur gara erabaki penagarri horien guztien ondorioz Lizarrako osasun eskualdeko langileak jasaten ari diren lanbaldintzen atzean ez ote dagoen egungo kudeatzailetzarengogoeta gaitasun falta baino gehiago, hau da, horren atzean ez ote dagoen askoz ere zabalagoa den proiektu bat García Orcoyen Ospitalea espezialitate-zentro huts bihurtzeko.

Izan ere, badira hainbat erabaki pentsarazten digutenak lehendik ongi pentsatutako estrategia baten aurrean egon gaitezkeela: kirurgia handi anbulatorioaren garapena, ospitalizazio-oheen murrizketa, etxeko ospitalizazioa Iruñetik kudeatzeko saiakera, itxarote-zerrenda gero eta luzeagoak, hemodialisia eta beste zerbitzu berri batzuk ezartzeko ekimenik eza, Iruñera gero eta maizago egiten diren deribazio kirurgikoak, Errioxarekin sinatutako hitzarmenak mugatik hurbil dauden herriei arreta emateko eta jarduera hara deribatzeko… Argi dago ez zaiela interesatzen Lizarrako osasun eskualdeabaliabidez eta langilez hornitzea.

Duela gutxi, Nafarroako Gobernua toki entitateekin eta tokiko eragileekin bildu zen Lizarraldeko despopulazioaren aurkako borrokari buruzko foro batean. Topaketa horretatik ez zen inolako alternatibarik atera despopulazioaren aurka borrokatzeko funtsezko puntuetako bat indartzeko, hots, kalitatezko osasunarreta bermatzea.

LAB sindikatutik, Lizarrako osasun eskualdeanzabaltzen ari den egoera salatzen dugu, eta eskualdeko egungo kudeatzaileen lana errefusatzen dugu, Lizarraldeko osasunarreta bermatzeari begira egiten ari diren politika negargarrien erantzule nagusiak diren aldetik. Era berean, langileak pairatzen ari diren koakzioak salatzen ditugu, bai eta nagusiek erakusten duten antolaketa-gaitasun faltaren ondorioz jasaten ari diren antolakuntza ezin kaskarragoa ere. 

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu konpon ditzala behingoz Lizarraldeko kudeatzaileak aspaldidanik eragiten ari diren kudeaketa arazo larriak, eta eskualde horretako osasun arreta bermatu eta indartzearen aldeko apustu garbia egin dezala, bai azpiegituretan, bai langileei dagokienez. Era berean, herritarrak eta langileak animatzen ditugu “borroka”egin dezaten arreta publiko, hurbil eta kalitatezkoaren alde.

Melillako mugan gertatutakoa Espainia nahiz Marokoko gobernuei egotzi eta Europako Batasunaren migrazio-politika arrazista eta hiltzailea salatzen dugu

Pasa den ekainaren 24ean 37 pertsonek Nador eta Melilla artean dagoen mugan bizitza galdu zuten. Baliteke hildako kopuruak gora egitea, oraindik orain ehunkada pertsonek ospitalean jarraitzen baitute, haien osasun egoeraren inguruko inolako informaziorik ez dagoen arren. LAB sindikatuak, Espainiar estatuaren eta Marokoren ardura den erailketa politika hau eta ezkutuko genozidioa gaitzesten ditu.

Nazioarteko itunek eta potentzien arteko gerrek interes berberak dituzte. Duela hiru hilabete eskas bi gobernuek sinatutako akordioaren arabera, Sanchezek, Estatu espainoleko historiako presidenterik aurrerakoienak, saharar herriaren burujabetza Marokoko monarkiari oparitu zion, eta akordio honen ezkutuko edukiek ziotenaren harira, Marokok bere gain hartzen zuen Espainiako hegoaldeko mugaren zaintza. Ordutik hona, Marokoko segurtasun- indarren esku-hartzea areagotu egin da, baita Espainiako lurraldean ere. Geopolitika global baten banaketa, mesede eta prebendak dira, berauen ondorio larriak betikoek ordaintzen dituztelarik. Gutxien axola dutenak eta ordena globalaren mehatxutzat hartzen direnak hain zuzen ere. Bestalde, Ukrainako gerraren ondorioz izandako gorakada belikoak, Afrikako lurraldean ere ondorio izugarriak ditu. Uzten galerak, erregaiaren garestitzea eta behartutako exodoaren handitzea milaka pertsonarentzat.

Euskal Herrian gehiegi dira Irun eta Hendaia banatzen dituen muga zeharkatzen saiatzen gazte gehiegik bizitza galdu dute. Honen guztiaren sustraiak berdinak da; lurraldeen militarizazioa, arpilatzea eta herri nahiz komunitateen espoliazioa sustatzen duten Europa Gotorlekuko gobernuak eta eliteen politikak.

Ukrainatik ihesi datozen errefuxiatuen erregularizazio masiboa, merkatuaren beharren eta interes geo-politikoen arabera pertsona erregularitzako prestutasuna eta oinarrizko eskubideak kriminalizatu, baztertu eta urratzen dituen migrazio-politika sistema kolonial, inperial eta biozida horren txanpon berdinaren bi aldeak dira. Hesiek, elur-jausiek, beroan egindako itzulketek, etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrolek, indarkeria polizial, militar eta judizialak, migrazio-prozesuan dauden pertsona guztientzako harrera- eta enplegu-politikarik ezak egoera konpontzeko borondate politikoa falta berresten dute.

LAB sindikatutik, Europa mailan ultraeskuin arrazista eta xenofoboaren boterearen hedapenaren zati gisa, Espainiako estatuaren hegoaldeko mugan gertatutakoa gaitzesten dugu eta Europako nahiz estatu mailako sarraski-politikak salatzen ditugu. Klase internazionalista eta arrazakeriaren aurkako gure elkartasun osoa egiturazko genozidio hau pairatzen duten herri, komunitate eta pertsonekiko.

Azkenik, bat egiten dugu gertatutako salatzeko gizarte-mugimenduek egindako deialdiekin, atzo Donostian eta Bilbon, eta gaur arratsaldean 19:00etan Iruñean (Sarasate pasealekuan, PSNren egoitzaren aurrean) eta Gasteizen (Andra Maria Zuria).

Mugetan heriotza gehiagorik ez! Gerrari ez! Euskal Herria harrera herria!

Lezoko Bekoerrota eta Altzateko kiroldegietako langileen lehen lan ituna lortu dugu #LortuDugu

Lezoko Bekoerrota eta Altzateko kiroldegiko langileek zentroko lehen lan ituna izatea lortu du LABek. Langileen lan baldintzak hobetzeaz gainera, galdutako erosmen ahalmena berreskuratu dute. Lorpen hau oso positibotzat jotzen dugu, langileen lan-baldintzak duintzen dituen akordioa lortu dugulako.

4 urte eta 9 hilabetetarako akordioa lortu da, honako baldintzak barne bilduta:

– Langileen arteko desoreka gaindituta. Langile guztiei aplikagarri izanen zaie Gipuzkoako Titulartasun Publikoko Kirol-Instalazioen hitzarmena, honela egun langileek bizi duten arrakala gaindituz.

Baldintza hori ezinbestekoa dela uste dugu; izan ere, baldintza horrekin, Udalak, enpresen konplizitatearekin, ezin izango du Gipuzkoako Lokalen, Ikuskizunen eta Kirolen hitzarmena aplikatzen jarraitu. Hitzarmen honen bidez, langile askoren lan-baldintzak gehiago pobretzen ziren, eta lehen eta bigarren mailako langileak betikotzen ziren. Hau gainditzea lortu dugu, langileen arteko arrakala gainditzea da, guztien lan baldintzak homologatuz.

– Soldata igoerak. Langile ororentzat, 2022 maiatzaren 1etik 2026. urtera arte, soldata igoera KPI+%1 izango da. Honez gain, 2026. urteko urtarrilak 1erako soldataren igoera %20koa ez bada, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera 2026. urterako aurreikusitako soldata igoera gaindituko da, %20ko soldata igoera lortzeko.

Baldintza honek, langile orok igoera nabarmena izateaz gainera, 10 urteetan galdutako eros ahamena berreskuratzea ahalbideratzen die. Gainera, urtero KPIaren igoera bermatzea lortu dugu, soldatak KPIaren arabera eguneratzearen garrantzia nabarmenduz, honako neurria beharrezkoa baita, langileen pobretzea saihesteko.

– Lizentziak. Norberaren gauzak egiteko ordaindutako baimen egun bat.
– Aldi baterako ezintasunak. Ezintasun guztietarako, enpresak soldata errealaren %100eraino konpentsatuko ditu langileak, ordainsariak barne.

Honez gain, hitzarmen honetan xedatzen ez diren lan baldintza oro, Gipuzkoako Titulartasun Publikoko Kirol- Instalazioen hitzarmenak xedatuko ditu.

Hitzarmenarekin lortutako baldintzak ezinbestekotzat jotzen ditugu, langile hauek bizi duten prekarizazioa gainditzeko hastapen pausuak direlako.

Azkenik, Lezoko Bekoerrota eta Altzateko langileak zoriondu nahiko genituzke LABetik, egindako borrokaren ondorioz garaipena lortu dutelako.