2026-01-19
Blog Page 299

Aldaketaren protagonista izatea eskaini diegu euskal langileei

Bizkaiko ordezkariekin ekitaldia egin dugu Bilbon. Lehena izan da gaurkoa, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkartuko baititugu gure ordezkariak datozen egunetan, gogoetak eta erronkak partekatu eta hauteskunde sindikalen epe trinkoari hasiera emateko. Donostian izango gara bihar, irailaren 29an; Gasteizen, urriaren 6an; eta Iruñean, urriaren 7an. Eta Ipar Euskal Herrian ere abian gara; kasu honetan, zerbitzu publikoetako hauteskunde sindikalen baitan.

Hauteskundeen “berezitasuna eta magia” azpimarratu nahi izan ditu Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak Bilboko ekitaldian, “urrats bakoitza langileen ahalduntze prozesu txiki bat” delako.

LABeko kideek Ilusioz eta indarrez heldu diote hauteskundeen erronkari; horren seinale, LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berria inoiz baino indartsuago heldu izana garai trinkora.

“Zabaltzen ari gara, indartzen. Eta gehiago indartzera goaz, hauteskundeotan Hego Euskal Herrian bigarren sindikatua izatetik gertuago egongo gara. CCOOrekin distantziak areagotzera goaz eta ELArekiko aldea murriztera”, adierazi du Arroyok.

Hain zuzen ere, UGTeta CCOOri Espainiako Estatuan ezarrita dagoen eredu politiko eta sozioekonomikoaren partaide izatea kritikatu die, eta zorrotz aritu da ELAren eredu sindikalari buruz, “erakundearen interesak klase interesen aurretik” jartzeagatik, elkarlan sindikalaren gainetik, eta gehien konfrontatzen duen sindikatua denaren irudia emateko aldebakarreko erabakiak hartzen dituelako. Grebak deitzen, greba eraginkorrak egiten baino indar gehiago jartzen du.

Eredu horien aldean “alternatiba sendoa” aurkeztu dugu ekitaldian, LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berriarena, hain zuzen ere, “klase interesak lehenesten dituena, langile guztienak orohar, eta sektorerik diskriminatu eta prekarioenenak, bereziki; burujabetza praktikara daramana; grebak deitu bakarrik ez, egin egiten dituena; ekintza sindikal eraginkorra duena, egiteko beste modu bat”.

Eta egiteko modu horrek emaitzak ematen ditu. LABek 171 langile borroketan parte hartu du azken lanurtean eta uztailetik hona 8 herrialdeko hitzarmen desblokeatzea lortu du, azkena Arabako metalgintzakoa, borroka historiko baten emaitza historikoa. Berriagoak eta zehatzagoak dira aste honetan bertan irabazitako borrokak, esaterako, Berriak Supermerkatuetako kaleratzeak atzera botatzea lortu denean edota Arrasateko lorezainen kasuan, 70 eguneko grebaren ostean hitzarmen duina itxi dutenean.

Aldaketa sozialerako bidea, trantsizio ekosozialista eta feminista abiarazteko proposamena definitua du LABek, Programa Sozioekonomikoa lekuko, eta aldaketaren protagonista izateko aukera eskaini nahi die langileei; eta eskaintzaz gain, konpromisoa, lantokiz lantoki, egunero, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraitzeko.

Hala, antolakuntza eta borroka kolektiborako deia egin dugusindikatutik; areago, LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berriaren parte izateko gonbita egin die Arroyok langileei, “zenbat eta sendoagoa izan LAB, orduan eta indartsuagoa izango baita euskal langile klasea”.

Suhiltzaileen Lan Eskaintza Publiko bateratuko irizpide onartezinak atzera botatzea #LortuDugu

LABek egindako eskari eta mobilizazioari esker, inskribatzeko baldintzetatik kendu egin dute izangaia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendari Nagusiari, delituei edo funtzio publikoak betetzeko ezgaitasunei buruzko txostenak eskatzeko baimena ematen zion laukitxoa betetzeko betebeharra.

Opositoreak onartzen duela azterketa psikoteknikoak tresna baliagarriak direla balorazioa egiteko ez dute kendu. Baina nahiz eta laukitxo hori bete, eskubide osoa du izangaiak gerora, psikoteknikoen emaitzen aurrean alegazio edo errekurtsoa sartzeko.

Presazko kontua zenez, eta izena emateko epea bukatu baino lehen egin behar genuenez, LABek bultzatu zuen mobilizazio hau. Hurrengo datetan, harremanetan jarriko gara suhiltzaileen taldeekin eta sindikatu guztiekin epe ertainean EAE mailan LEP hauen aurka mobilizazioak baloratzeko.

LABen ez dugu LEP bateratu hauen inposaketa onartuko eta, beharrezkoa denean, jarraituko du mobilizatzen.

Gipuzkoako grafikagintzan deitutako lehen greba egunak %80ko jarraipena izan du

Grafikagintzan 4 egun greba deitu ditugu eta gaur lehenengo eguna izan dugu. Grebaren jarraipena oso ona izan da, % 80aren jarraipenarekin. Gainera, kontzentrazioa egin dugu Tolosako Triangulo plazan. Irailaren 29an eta urriaren 4an eta 6an izango dira hurrengo greba egunak. Jada pasa den asteetan enpresetako langile batzarrak burutu ziren eta grebara sektoreko enpresa hauek atxikitu zirela aurreratu ziguten SAM, Corenso, Cicarsa, Mayensa, Comaypa, Tubo pack, Nueva editorial, Zelatun. Sektoreko langileek argi utzi dute, sektorerako hitzarmen duin bat nahi dutela.

Bizi dugun bizitzaren garestitze honen testuinguruan langileak ez daude prest beren erosmen ahalmena galtzeko eta hortaz, KPIari lotutako soldata igoerak eskatzen dituzte. Honekin batera, bestelako eskaerak egiten dituzte: Denboraldi mugatuko kontratuentzat mugapenak eta baita genero berdintasunean aurrera pausuak, besteak beste.

Zentzu honetan uste dugu, sektoreko lan kargak ez direla jaitsi eta sektoreko langileek eskatzen dituzten eduki hauek guztiz errealak eta posibleak direla. Gainera industriako beste sektoreetan sinatu dira hitzarmenak, metalean, papergintzan…. zergatik bada grafikagintzan ez ?

ADEGIri arduraz jarduteko eskatzen diogu, negoziazio mahaia lehenbailehen deituz eta hitzarmen duin bat bermatuko duen edukiak mahai gainean jarriz.

Hurrengo hitzordu garrantzitsua irailaren 29an izango da, bigarren greba egunean. 11:00etan, ADEGIren egoitzan elkarretaratuko gara, Donostian.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak sektore pribatua lehenetsi du diru publikoa banatzerako orduan

Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak guztiz baztertuta ditu Hezkuntza Departamentuak, eta berriro ere argi utzi du hori.  Oraingoan diru publikoa sektore pribatura bideratu du, hau izan dadin eta ez ikastetxe publikoak edo Nafar Lansare, gaitasun profesionalak egiaztatuko dituztenak.

Hezkuntza Departamentuak behin eta berriz agerian uzten du sektore pribatuaren aldeko jarrera, nahiz eta horrek maiz publikoari kalte eragiten dion. LAB sindikatuari guztiz ulertezina iruditzen zaio, eta horregatik, jokabide hau errefusatzeaz gain, salatu ere egiten dugu. Oraingoan diru publikoa sektore pribatura bideratu du, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialera zehazki esanda, horrek gaitasun profesionalak egiazta ditzan. Kasu honetan, horra, 900.000 euro bideratu ditu, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetara edo Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzura egin beharrean.

Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak 4 milioi euro baino gehiago eman zizkion Nafarroako Foru Komunitateari gaitasun profesionalen ebaluazioa eta egiaztapena finantzatzeko, eta horietatik laurden bat Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberarako izango da. Nafarroako Ganbera zuzenbide publikoko elkarte bat da, eta bazkideen interesak ordezkatzea, defendatzea eta sustatzea du helburu. Bazkideak Nafarroan kokatutako enpresak dira, merkataritzakoak, industriakoak eta zerbitzuetakoak. Bere jarduna kanpo-merkataritzara eta enpresen nazioartekotzera, enpresa-prestakuntzara eta aholkularitza ekonomiko, komertzial eta juridikora bideratuzen du. Laburbilduz, zuzenbide publikoko erakundea da, baina ez erakunde publikoa.

Ia bi urte igaro dira Nafarroak gaitasun profesionalak egiaztatzeko eskumenak dituenetik, baina LABen kezka handiz ikusten dugu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez duela bermatzen gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko zerbitzu gehienak Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen eta Nafar Lansareren bitartez eskaintzea. Eta are larriago begitantzen zaigu Nafarroako Merkataritza Ganberari 900.000 euro emateko gai izatea, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen edo Nafar Lansareren bidez egin beharko liratekeen akreditazioak kudeatzeko.

LABek, horregatik guztiagatik, Carlos Gimenok zuzentzen duen departamentuari esijitzen dio utz dezala behin betiko sektore pribatuaren aldeko jarrera eta egin dezala publikoaren alde apustu; modu sendo eta sinesgarrian egin ere! Are gehiago, guztiz ezinbestekoa da, gainera, Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoei eta bertako langileei beharrezko dituzten baliabideak eta lan-baldintza egokiak ematea. Izan ere, hori baita hezkuntza arautu eta egiaztagarria, duina eta kalitatezkoa izan dadila ziurtatzeko modu bakarra.

EAEko Hezkuntza sailak sektore feminizatuak gutxiesten ditu

EAEko Hezkuntza Sailak sektore feminizatuetan, heziketa bereziko hezitzaile eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboetan alegia, sortu duen anabasa salatzeko, elkarretaratzea egin du LABek Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean.

Alde batetik 2021eko ekainaren 30eko dekretuz ezarri zuten lanaldia murrizteko baimenen, aldi baterako eteteen eta eszedentzien iraupenari buruzko jarraibidea indarrean mantentzen eta, bestetik, eskoletako langileen hornikuntza oraindik burutu ez duela salatzen du LABek.

Aipaturiko jarraibidea irakasle funtzionarioei eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko lan-legepeko langileei zuzendutakoa bazen ere, irakasleen mahaian negoziatu ostean, ikasturte hasiera honetan Sailak bertan behera utzi du. Heziketa berezian eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboetan, aldiz, jarraibidea indarrean mantentzen duela adierazi digu administrazioak. Hori dela eta, LABek kolektibo feminizatuei negoziatzeko aukera ez ematea salatzen du.

Bestetik, Heziketa Berezian hutsik dauden hezitzaileen lanpostuen banaketa eta ordezkapenen kudeaketa salatzen ditu LABek, Ordezkoen araudia eta Ordezkagunea martxan jartzeko akordioan jasotakoak urratzen ari baita. Ikasturte hasieran libre geratzen ari diren bakanteak berandu, gaizki eta prozedurak errespetatu gabe banatzen ari dira, eta ordezkapenen banaketan mota ugaritako akatsak izaten ari dira; honek langileen eskubide eta bizitzan, eskolen antolakuntzan eta hezkuntzaren kalitatean duen eraginarekin. Gainera, administrazioa langileak gizarte segurantzan berandu alta ematen ari da; beraz, ezin izango dute nomina irailean kobratu, eta ondorioz bizitzaaurreraateratzekozailtasunakizangodituzte.

Sukalde eta garbitzaileen kolektiboetan ordezkapenak ez dira lehenengo egunetik bete eta oraindik ere plaza hutsak banatzen ari dira. Gainera, sortu berriak diren jardun erdiko bakanteek zentro askotan ez dute asetzen dagoen beharra; beraz LABek osora pasatzea eskatzen du. Bestalde, ikusteke dago jangeletan bazkaltiarren kopuruaigotzendenkasuetan,lanerreformakmugatudituen lanmetaketakontratuenordezzeindenbeharrei erantzuteko baliabideak hornitzeko administrazioak egingo duen proposamena.

Halaber, Sukalde eta garbitzaileen kolektiboan Ordezkagunea martxan jartzeko abiatuta dagoen negoziazioa bukatzea eta lehenbailehen zabaltzea eskatzen dugu.

Egoera honi guztiari, gehitu behar zaio Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetatik ez zaizkiela kontsultak erantzuten ari, baliabide eta pertsonal faltagatik. Lakuak ere ez ditu LABek egindako erreklamazioak eta bileren eskaerak erantzuten. Gardentasun falta dago.

Gauzak horrela, kudeaketan sortu duen anabasari irtenbidea eman eta Lan legepeko langileen eremuan lanaldia murrizteko baimenen, aldi baterako eteteen eta eszedentzien iraupenari buruzko jarraibidea ahalik eta lasterren indargabetzea eta lan hitzarmen berria eta kontsolidazio LEParen negoziazioa abiatzea eskatzen dio LABek Hekuntza Sailari.

Langileak gaixotzen ari da Autlan EMD enpresa

Oñatiko AUTLAN EMD enpresan Manganesoarekin eta Azido Sulfurikorekin lanean aritu dira azken 70 urteetan.

2017ko otsailean enpresak prebentzio ordezkariei neurri higienikoen inguruko emaitzak jakinarazi zizkien. Emaitza horiek esaten dutena da bi substantzia toxiko horiek nabarmen gainditzen dituela baimendutako gehieneko estandarrak.  Hodei azidoek arnasbideetan minbizia eragiten dute, eta manganesoak nerbio-sistemari eragiten dio. Egoera larri horren aurrean, enpresak urte bat baino gehiago uzten du pasatzen, lehenengo musukoak ekarri arte.

2018an, LABek lan ikuskaritzan salaketa jarri zuenetik enpresako prebentzio zerbitzuek denbora pasatzen utzi dute, substantzia horiek osasunean izan dezaketen kaltea aztertu gabe, eta beharrezko neurri prebentiboak hartu gabe. Are eta gehiago, behin baino gehiagotan eskatu arren neurketak egiteko enpresako beste zonalde batzuetan, enpresak ukatu egin digu eskaera hori, osasunerako arriskurik ez zegoela esanez.

2021eko irailean frogatu zen enpresako zonalde ia guztietan manganeso eta laino azido kontzentrazioak daudela; horrek esan nahi du 34 pertsona egon direla substantzia toxiko hauen eraginpean.  

Enpresaren iniziatiba faltaren ondorioz eta Osalan, Inspekzioa, IMQ, Mutualia eta antzeko erakundeei egindako errekerimendu, bilera eta bisiten ondoren, 2022an, arnasbideetako patologien lan-jatorria aitortu zaie AUTLANeko 5 langileri.

Orain langile hauek AUTLANen egiten duten lanerako “ez gai” izendatu dituzte. Horrek esan nahi duena da kale gorrian gelditu daitezkeela indemnizazio ziztrin batekin. Langile hauek enpresak gaixotu ditu, eta orain kale gorrian gelditu daitezke, horrek langilearengan eta bere familiarengan dakarren ziurgabetasun egoerarekin.

Hori dela eta, atzo, Eibarko epaitegiaren aurrean bildu gara, AUTLAN EMD enpresaren aurkako epaiketa burutu delako. Bai epaiketan eta baita kaleko konzentrazio honetan salatu nahi izan duguna da enpresak onartezina den zabarkeriaz jokatu duela denbora luzez. Langile batzuen kasuan, atzera bueltarik ez duen gaixotasunen aurrean aurkitzen gara. Hori dela eta, gaixotuak izan diren langileentzat lanpostu bateragarrien egokitzapena edota irteera pizgarriak eta duinak ahalbidetzea exigitzen diogu enpresari.

Baina horretaz gain, lanean jarraituko duten langileen osasuna babestea exigitzen dugu. Salatu nahi dugu ez dugula nahikoa borondaterik ikusten enpresaren partetik, benetako neurri eraginkorrak eta beharrezko inbertsioak egiteko. Behin betikoz lanera kutsatzen ari garen beldurrez joateari utzi nahi diogu.

FVEMek akordiorako beste aukera bat galdu du Bizkaiko metalgintzan

Gaur, irailaren 26an, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, Bizkaiko Metagintzako Hitzarmena negoziatzeko 12. bilera burutu da. Patronalak aurreko bileran egindako proposamen bera jarri du mahai gainean, inongo aldaketarik gabe, egungo hitzarmena okertzen duten hainbat proposamen atzerakoi mantenduz gainera, malgutasuna kasu. Soldata igoerei dagokionez, eskaintzen dituen soldata igoera baxuak mantentzen ditu, ez du KPI-a ziurtatzen… hori guztia metalgintzako langileon eros-ahalmena nabarmen murriztu den garaiotan.

Urriaren 13rako deitu da mahai negoziatzailearen hurrengo bilera. Greba deialdiekin ezin dela negoziatu dioen patronala bera ari da hitzarmena blokeatu eta akordioetarako edozein aukera oztopatzen. Beste herrialde edo sektore batzuetan erdietsi diren akordioek agerian uzten dute FVEMeko zuzendaritzaren jarrera dela akordioetara heltzeko oztopo nagusia.

Mugitu nahi ez badute, mugiarazi beharko ditugu. LABetik argi daukagu Bizkaiko metalgintzako langileen eros- ahalmena eta lan baldintzak defendatuko ditugula, eta ez dugula etsiko sektorean akordio duin bat lortu arte.

Lan Harremanetarako Kontseiluaren aurrean mobilizatu gara Bilbon, EAEko kolektibitateetako hitzarmenaren defentsan

Ekainean jakinarazi genuen LABek erabaki zuela Lan Harremanetarako Kontseiluaren bidez beste bilera bat egitea patronalarekin eta sektorean ordezkaritza duten gainerako sindikatuekin, EAEko kolektibitatetako hitzarmen baterako negoziazio-mahaia eratzeko. Hasiera batean irailaren 8an zen, baina, patronal estatalaren azken uneko ezintasuna ikusita, gaur, irailaren 26an, egitea erabaki da.

LAB sindikatuaren aldarrikapen historikoa da EAEko kolektibitateetako langileek sektoreko hitzarmen propioa izatea eta hitzarmen estatala eta ostalaritzako hitzarmen kolektibo probintzialak aplikatzeari uztea. Orain, Bizkaiko ostalaritza-hitzarmenaren borrokaren buru izan nahi dutenek 6 hilabeteko luzapena sinatu zuten, inolako hobekuntzarik gabe, eta inolako hobekuntzarik esaten dugunean bada ezer ez. Sinatu ez zuen sindikatu bakarra gu izan ginen. Eta zer esan Gipuzkoako ostalaritzako hitzarmenari buruz. 2010. urtean amaitu zen indarraldia. 12 urte Gipuzkoan ostalaritzako hitzarmenik gabe eta patronalak eta gehiengoa duen sindikatuak mahaian blokeatzen.

Gogoratu behar dugu pandemia garaian ostalaritza itxita egon zela, baina kolektibitateetako enpresek, gehienek diru publikoarekin kontratu publikoak kudeatzen dituztenek, beren jarduerarekin jarraitu zuten eta, beraz, dirua irabazten.

Eta zer esan kolektibitateetako hitzarmen estatala aplikatzen duten enpresei buruz. Estatalizazioa prekaritatearen sinonimoa da. 2020az geroztik, CCOOk eta UGTk luzapenak sinatu dituzte, langileen lan-baldintzak hobetu gabe. Orain, bi urtez soldatarik igo gabe egon ondoren, 2022rako %3 adosten dute uztailetik aurrera hitzarmena sinatu zeneko KPIa %10,8koa izanda.

LABek uste du orain inoiz baino beharrezkoagoa dela EAEko langile guztientzako kolektibitateetako hitzarmen propio baten alde borrokatzea. Ezin gara konformatu patronalek eta orain arte ostalaritzako hitzarmenak sinatu dituzten sindikatuetako batzuek eskaintzen dizkiguten apurrekin. Ez gara subrogatzeko eskubidearekin bakarrik konformatzen, gehiago nahi dugu, soldata hobea, lizentzien hobekuntzak, estatalizazioarekin amaitzea, ratioak, parekatzeak… eta hori sektorearentzako hitzarmen propio batekin baino ez da posible.

Gaur, irailak 26, patronal estatalarekin eta ostalaritza elkartearekin izandako bileran, sektorean negoziazio mahai bat irekitzeari uko egin diotela adierazi dute. Estatuko patronalak multinazionalek eta estatuko enpresek (Eurest, Sodexo, Serunion, Garbilan, Sukalgarbi…) estatalizazioarekin jarraitzea nahi du, eta euskal patronalak (Ostalaritza Elkartea, Ausolan, Gasca, Baska, Tamar, Askora, Aibak…), ostalaritzako hitzarmen probintzialak jarraitzea. Bada, argi eta garbi esan diegu LAB sindikatuak ez duela etenik izango kolektibitateetako hitzarmena EAEko langileentzat lortu arte, eta bere esku dauden bitarteko sindikal guztiak erabiliko dituela horretarako.

Gaude elkarteko langileek bere historiako lehen lanuztea egin dute, hitzarmenik gabe 1.000 egun daramatzatela salatzeko

Gaude elkarteak aniztasun funtzionaleko pertsonekin egiten du lan, 150 langile ditu eta LABeko 9 ordezkarik osatzen dute bere enpresa-batzordea. Gaur, bi ordutako lanuztea egin dute langileek, 9:00etatik 11:00etara, hitzarmenik gabe 1.000 egun daramatzatela salatzeko. Egun historikoa izan da elkartean, dituen 40 urteetan langileek egin duten lehen lanuztea izan baita.

Orain arte, hitzarmen bakarra egon da Gauden, 2018an sinatua eta 2019an iraungi zenetik, berritu gabekoa. Langileek salatzen dute zuzendaritzak ez duela hitzarmena berritzeko konpromisorik erakutsi eta adierazi dute udalek eta Bizkaiko Foru Aldundia ere egoeraren erantzule direla, Gaudek erakunde hauentzat egiten duelako lan.

Langileek % 14ko eros ahalmena galdu dute urte hauetan eta aldarrikapen zehatzak dituzte. KPIari lotutako soldata igoera, kontratu finko gehiago (behin-behinekotasun tasa handia eta lege iruzurrean egindako kontratazioak daude elkartean), langile guztientzako prestakuntza, euskalduntze-prozesua, lan-segurtasuna hobetzea, soldata-eskala bikoitzak haustea eta hautaketa-prozesu argi, garden eta objektiboak izatea.

Salatzen dute egoera antzekoan daudela aniztasun funtzionalaren sektoreko beste erakunde batzuk, hala nola, Gorabide, FEKOOR, APNABI edo Madres Mercedarias. Erakundeek, udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute konpromiso argirik hartu egoera hauei konponbidea emateko eta zerbitzua nahiz sektorea prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dute. Finantzaketa emateaz arduratzen dira, bai proiektuen bidez, bai diru publikoaren bidez, eta, ondoren, beste alde batera begiratzen dute sektorea eta sektoreko langileak prekarizatu eta lan eta bizi baldintzak kaskartzen dituztenean.