2024-04-25
HomeEkintza SindikalaOsasunbidean hobekuntza laboral eta ekonomikoak sinatzea #LortuDugu, horien artean karrera profesionala garatzea...

Osasunbidean hobekuntza laboral eta ekonomikoak sinatzea #LortuDugu, horien artean karrera profesionala garatzea eta langile guztiei jaiegun bereziak ordaintzea

LAB sindikatuak, parte hartzen duen Osasunbideko intersindikalaren barnean, hobekuntza garrantzitsuak sinatu ditu gaur Osasun Departamentuarekin. Hobekuntza horien artean, antolakuntza eta ekonomia eskaerak daude; eta, horrez gain, lan-gainkargaren eta plantillen dimentsionamenduaren arloko ekimenak planteatzen diren mahai guztietan parte hartu ahal izatea, bai Arreta Espezializatuan bai Lehen Arretan. Sinadurarekin, intersindikalak martxoaren 23ko greba bertan behera uzten du. Aurrekontu bat eskatzen dugu orain, hartutako neurri guztiei lehenbailehen aurre egiteko.

Osasun Departamentuak aurreko hilabeteetan izan duen negoziazio tamalgarriak, Osasun aurrekontuaren zati bat hipotekatu baitu, ifrentzua izan du gaurkoan, eta Osasunbideko langile guztien baldintzak hobetuko dituzten proposamenak onartu ditu gaur; ezin zen bertze modu batean izan. Osasun Departamentuak, Funtzio Publikokoak eta, azken finean, Nafarroako Gobernuak sinadura horren bidez aitortu bertzerik ez dute egin legez ezarritako negoziazio bideak ezin direla alde batera utzi. Kontuan hartu behar da neurri horietako batzuek talde parlamentarioen bermea dutela eta hurrengo legegintzaldian neurri horiek gauzatzeko konpromisoa.

Hauek dira onarturiko hobekuntzetako batzuk:

  • Antolakuntza, eta plantillaren tamainaren zein lankargaren egokitzea, Lehen Arretan zein Arreta Espezializatuan: berehala lan-talde bat eratzea erabaki da, irizpide objektiboen arabera plantillaren beharrak aztertzeko 2023. urterako eta hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako, bereziki kontuan hartuta ordezkapenak, jarduera maximoak eta lan-gainkargak dituzten zentroak ziurtatzeko beharrak.
  • Jaiegun berezien osagarria: Egun horietan lan egiten duten langile guztiek ordainsari bera jasoko dute, titulazioaren maila edozein dela ere. Ordu bakoitzeko 22 euro ordainduko zaizkie.
  • Esklusibotasuna: Indarrean dagoen araudia mantentzen da, arauak ukitzen dituen profesional guztien baldintzetan aldaketarik egin gabe. Informazio gardena eta eguneratua izateko behar diren baliabideak sortuko dira.
  • Mailen kokapena: Funtzio Publikoaren eta ordezkaritza sindikalaren arteko lan taldea, Osasuneko mahai sektorialean ordezkaturiko sindikatuen eskaerak transmitituko zaizkiona.
  • Karrera profesionala: 2023ko Aurrekontuei buruzko Foru Legearen hogeita laugarren xedapen gehigarrian ezartzen da “osasun arloko langile guztien karrera profesionala arautzeko arau-markoaren proposamena. Eta 2023ko lehen lauhilekoan ekiteko konpromisoa, langileen legezko ordezkaritza aintzat hartuta…”. Osasunbideak hitzematen du arau-testuaren zirriborroa Osasuneko Mahai Sektorialean aurkeztuko duela, legean ezarritako denbora-esparruan eztabaidatzeko, negoziatzeko eta, hala badagokio, onartzeko, hau da, 2023. urteko lauhileko hau bukatu baino lehen.
  • Osasun arlokoak ez diren langileak: 2023. urtean plantillaren legezko ordezkaritzarekin landuko da karrera profesionala gaur egun onartua ez dutenentzako karrera hori arautuko duen eta gutxika-gutxika ezarriko duen arau marko bat. Osasunbideak Osasun Departamentuari, eta oro har Nafarroako Gobernuari, arau marko horri dagokion partida 2024ko aurrekontuen aurreproiektuan esleitzea.
  • Lehen Arretako desafioetan parte hartzea: Osasun Departamentuak konpromisoa hartzen du Osasun Mahai Sektorialaren parte-hartze aktiboa errazteko eta bermatzeko Lehen Arretaren Erronkan eta Lehen Arretako Ekintza Planean, bereziki horiek ezarri eta garatzeko lanetan.
  • Osasuneko Mahai Sektorialaren deialdia: Osasunbideak konpromisoa hartzen du apirilaren bigarren hamaborztaldian osasun mahai sektorial baterako deia egiteko. Behar den aurrerapenarekin, gainontzeko osasun langileen karrera profesionalari buruzko foru legearen zirriborroa igorriko zaie sindikatuei, eztabaidatu, negoziatu eta mahai sektorialean onetsi dezaten.
  • Horri guztiari bertze lorpen batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola: kanosoak, lanaldi-murrizketak, eta promozioa.

LAB sindikatua adi egonen da Osasun Departamentuak ildo horietan adierazitako konpromisoak bete ditzan, luzamendutan ibili gabe, eta ez du onartuko langile guztientzako lan-hobekuntzak eragotziko dituen negoziazio korporatibista gehiagorik. Eta, nola ez, zerbitzu publikoen aldeko ekimen guztietan parte hartzen jarraituko du, eta zerbitzu publikoen pribatizazioa edo langileen arteko bidegabekeria helburu duten azpijoko guztiak salatuko ditu. Argi gera dadila LABek erne jarraituko duela, osasun sistema publikoari egin dakizkiokeen eraso berrien aitzinean.

Kontuan harturik Nafarroako Parlamentua laster deseginen dutela, aurrekontua “bertze” interes batzuekin konprometituta dagoela eta egungo arduradunek negoziatzeko gaitasunik ez dutela, guztiz arduragabetzat jo dugu oraingo mobilizazioekin jarraitzea, mobilizazio horiek langileei kalte ekonomikoa bertzerik ez bailiekete ekarriko. Orain, lan handiko bertze etapa bat hasi da, sinaturikoa ahalik eta berme handienarekin ezar dezaten eta egin gabe gelditu diren hobekuntza berriak aldarrikatzeko. Etapa horretan, Osasunari buruzko Foru Lege berri baten beharra agerian geldituko da, eta, horretan, sindikatu honek parte hartzeko eskatuko du.

LABek berriz frogatu du negoziatzeko eta borrokatzeko duen gaitasunak hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera eman diola. Eta, bide horretan, bereziki eskerrak eman nahi dizkie langileei eta gizarteari hilabete hauetan eman dioten babesagatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.