2026-09-26
HomeEkintza SindikalaHezkuntza publikoan egiazko negoziazioa eskatu dugu Nafarroan

Hezkuntza publikoan egiazko negoziazioa eskatu dugu Nafarroan

Joan den martxoaren 6an, grebaren iragarpenarekin batera, deialdia egin dugun sindikatuok negoziazio-bilera baterako eskaera egin genion Hezkuntza Departamentuari. Ez genuen erantzunik jaso. Aste bat geroago bigarren deialdi bat egin genuen, eta egun batzuen buruan, bilera bat eduki genuen, joan den ostiralean. Bertan, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia eta Hezkuntza kontseilaria bera falta zirela nabarmendu nahi dugu. Departamentuko ordezkarien jarrera edozein negoziazioren aurkakoa
izan zen.

Sindikatuon eskaeren aurrean, ratioen jaitsiera lineala, lan-gainkarga murriztea, plantilaren egonkortasuna handitzea eta erosahalmena berreskuratzea, Departamentuak ez zuen proposamenik ekarri. Are gehiago, lehenengo premisa izan zen ez dutela inbertsio ekonomikoa dakarren ezer negoziatuko, eta horrek erakusten du edozein negoziazioren aurrean dagoen jarrera itxia; ulertezina, azken hilabete hauetan administrazioko beste talde batzuekin lan-baldintzak eta soldata-igoera negoziatu direnean. Hezkuntza publikoak ez al du inbertsio gehiago merezi?

Bestalde, astebetean 40 irakasle talde batzartu dira aldarrikapen horiek eztabaidatzeko, eta osotara 100 asanblada baino gehiago egitea aurreikusten da. Irakasleak erreibindikazio horiekin guztiz bat datozela egiaztatzen ari gara, klaustro askok bere atxikimendua eman baitute.

Hezkuntza Departamentuaren jarrera arduragabea ikusirik, dei egiten diogu María Chivite lehendakariari sindikatu deitzaileekin zuzenean negoziatzeko, berak, zenbait adierazpenetan, elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu baitu eta ildo horretan jarraitzeko konpromisoa hartu baitu.

Sindikatu deitzaileok prest gaude egiazki negoziatzeko. Nolanahi ere, ez dugu amore emango hezkuntza-kalitatea mantendu eta hobetzeko ezinbestekoak diren gutxieneko aldarrikapen hauetan. Hori gertatu arte, aurrera jarraituko dugu aurreikusitako mobilizazio guztiekin, eta hezkuntza-komunitateko gainerako eragileak deitzen ditugu batu daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.