2026-01-13
Blog Page 299

Sarek urriaren 8rako antolatutako mobilizazioan eta jaialdian parte hartzeko deia luzatu dugu sindikatuok

Uztaila eta abuztuko etenaldiaren ondoren, gaur berrartu dugu sindikatuok kartzela politika aldatu eta salbuespen neurriak bertan behera uztea eskatzeko helburuarekin hilero egiten dugun Bilbo mailako mobilizazioa, Plaza Eliptikoan.

Sarek urriaren 8an Donostian “Etxera bidea gertu!” lemapean antolatu duen mobilizazio eta jaialdian parte hartzeko deia egin dugu.

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuon oharra, gaurko elkarretaratzearen harira:

Gaurko konzentrazio honekin kurtsoari hasiera ematen diogu. Hau “Izan bidea” ekimen sindikalaren barruan egiten ari garen dinamikaren 4. kurtsoa izango da jadanik.

Oraindik ere balioa ematen diogu sindikatu gehienok bat egiteari, sinatzaile guztien konpromisoari eta konstantziari, gure desberdintasunen gainetik aldarrikapen honetan batzen gaituena.

Gaurko egunean Sarek Urriaren 8rako antolatu duen ekitaldian parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.“Etxera bidea gertu!” lelopean egun osoko egitaraua antolatu du adin tarte guztientzat aproposa.

Egun berezi honen bitartez bi mezu nagusi helarazi nahi ditu. Batetik, leloak dioen moduan, euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu = prest gaudela.

Bestetik, lortutakoari garrantzia kendu gabe, oraindik ere urruntze politikarekin eta salbuespeneko espetxe politikarekin guztiz amaitzeko bidea egiten jarraitu behar dugula adierazi nahi dugu. Horretarako, Izan Bidea dinamikaren baitan gure buruei 3.127.326km egiteko ezarritako erronkari amaiera emango diogu egun horretan ere, azken kilometroak Donostiako kaleetan eginaz eta, ondoren, Ilunbera eramango gaituen manifestazio koloretsu bati ekingo diogu, azkenik jaialdiari paso emateko. Ondoren, ekitaldia Ilunben eta jaialdiaren hasiera ematea.

Sarek aldarrikapena eta festa batu nahi ditu urriaren 8an Donostian, urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro Donostian batuz. Hori hala, mobilizazio honetan parte hartzen dugun sindikatu guztiok dei egiten die herritarrei urriaren 8an goizetik Donostiara gerturatzeko, azken kilometroa egin, manifestazioan parte hartu eta Ilunbeko jaialdiaz gozatzeko.

Nafarroako Gobernuak eta Osasun Departamentuak Osasunbideko 350 langile kaleratu dituzte

Osasun Departamentuaren kudeaketa kaskarraren ondorioz, eta Nafarroako Gobernuak osasun publikoarekin eta herritarrekin duen konpromiso falta dela eta, azken honetan zifra onartezinak ikusten ari gara, asistentziaren kalitatea eta langileen eskubideak inola ere bermatzen ez dituztenak. LABek horren gaineko erantzukizun politikoak eskatzen ditu, eta, hori dela kausa, langile guztiei eta herritarrei gonbita egiten die parte har dezaten zerbitzu publikoak defendatzeko asmoz Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, Lizarran eta Tuteran eginen diren ekimen eta mobilizazioetan.

Nafarroako Gobernuak langileriaren eta ekonomiaren arloetan egin duen kudeaketa kaskarrak zenbaki gorritan utzi du Osasunbideko plantilla, funts guztiak itxaron-zerrendak murriztera desbideratuko baitituzte, kontratazio berriei ateak ixtearekin batera. Horregatik, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari exijitzen dio ez ditzala erabili orain arte ezinbestekoak ziren langile horiek bere kudeaketa kaskarrak eragindako zenbaki penagarriak zuzentzeko eta bere interes politikoen mesedetan.  

    â€˘ Ez da egia dirurik ez dagoela: pandemia bitartean, 30 milioi euro baino gehiago erabili dira produktibitateak ordaintzeko. Diru banaketa hori, LABek askotan salatu duen bezala, ez da eraginkorra izan, eta gutxi batzuen mesederako izan da. Gehienen iritziz, konponbide txarra izan da. Gainera, agintarien bulegoetan negoziatu da, osasungintza publikoaren defentsan batere interesik ez duten eragile batzuek bultzatuta, arlo horren espoliazioa besterik bilatzen ez duten horiexek, hain zuzen.  

    â€˘ Ez da egia langile gehiegi daudela. Urteak daramatzagu plantilla dimentsionatu gabe, eta langileria arloaren kudeaketa ezin txarragoa izan da. Medikuak eta erizainak falta dira, eta ratio egoki eta proportzionatu bat ere bai. Baina gainerako kategorietan ere langileak falta dira, eta ez dezagun ahaztu haiei esker ematen zaiela erantzun egokia sortzen ari den lanari.

    â€˘ Ez da egia itxaron-zerrendak murrizten saiatu direnik. Kontsulta espezializatuetako eta arlo kirurgikoko jarduera ez da pandemiaren aurreko egoerara itzuli. Jarduera hori kudeatzen duten zerbitzuetako buruek ez dute inolako kontrolik jardueraren gainean, eta horren jakitun dira. Egoera horren erantzuleak dira profesionalen zuzendariak, zentroetako gerenteak eta Osasun Departamentua, ezarri duten kudeaketa medikoaren sistema erabat zaharkitua dagoelako eta ahultasun asko dituelako.

    â€˘ Ez da egia itxaron-zerrendak handitzea zerbait puntuala dela; aitzitik, ongi pentsatutako estrategia baten ondorioa da. Zerrendak gutxitzeko balio dutela argudiatuz, peoi-bilketa handiak egin behar dira (aparteko orduak), eta horrek neurri gabeko gastua ekarriko du. Itxaron-zerrenda luze horien onuradun nagusia osasungintza pribatua da, bai eta aparteko orduak nolanahi kudeatzeko ardura dutenak ere. Batzuk etengabe kexatzen dira, baina inolako konponbiderik aurkeztu gabe. Horren aurrean, orain adabakiak jarri nahi dira, baina arazoa errotik konpondu gabe.

Osasunbideko ia 400 langile kalera joanen dira, eta LAB sindikatuak egoera hori salatu nahi du langile guztien aurrean eta nafar herritarren aurrean. Horren erantzukizuna politikoa da, iniziatibarik ez dagoelako eta Nafarroako Gobernua kudeaketa negargarria egiten ari delako osasunaren eta langileriaren arloetan. Gobernu honek –aurretik Navarra Sumakoak eta langileen ordezkari batzuek egin zuten bezala– ez du inolako neurririk hartzen gure osasungintza eta gure zerbitzu publikoak kalitatezkoak izan daitezen. Izan ere, osasun sistema publikoaren pastela eta interes ekonomikoak oso handiak eta oso erakargarriak dira eragile askorentzat.

Basakeria horren aurrean, LABek exijitzen du kanporatutako langileak berriz kontratatuak izan daitezela eta sortzen ari den ohiko eta ohiz kanpoko jarduera zorrotz kontrolatua izan dadila, eta, orobat, argitu daitezela ekonomiaren eta langileriaren arloko kudeaketa penagarriaren ondoriozko erantzukizun politikoak.

Hori guztia salatzeko, LABek mobilizazio hauetarako deia egiten du:

Irailaren 30ean, 11:00etatik 11:30era bitarte, elkarretaratzeak eginen ditugu leku hauetan:

 -Vianako Printzea Kontsulten Zentroan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zabalgunean.

-Lizarrako GarcĂ­a Orcoyen Ospitalearen ate nagusian.

-Tuterako Reina SofĂ­a Ospitalearen ate nagusian.

Mobilizazio horietan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Kudeaketa interesatu gehiagorik ez!

Kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu!

Xedapen gehigarriak proposatuko ditugu, EAEko Hezkuntza Legeak langileen eskubideak berma ditzan

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarrek agerraldia egin dute,  EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren balorazioa egiteko eta urriaren 6rako, Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren defentsan, egingo dugun mobilizazioa iragartzeko (Gasteiz, Bilbo plaza, 12:00). Izan ere, langileen aldarrikapenak kontuan izan eta Hezkuntza Legean eragiten jarraitzeko mobilizazioaren beharra dagoela azpimarratu dugu.

Hezkuntza Legeak Euskal Eskola Publiko Komunitariorako, sare publiko eta berri baterako, trantsizio bidea izan behar duela uste dugu, eta horretarako Hezkuntza Legearen zirriborroak baduela zer hobetu iritzi dugu.

1. Hezkuntza Sistema Propio bat garatzeko dituen gabeziak zuzendu behar dira

  • Ez du ezer esaten Euskal Herriak bere hezkuntza sistema burujabea eratzeko duen eskubideaz. Indarrean dagoen Autonomia Estatutuak ez du hezkuntza gaietan eskuduntza osorik barnebiltzen; beraz, hezkuntza eskumen osoaren transferentzia eta hezkuntza gaietan erabaki ahalmen osoa beharrezkoa dela jaso behar da.
  • Euskal currriculuma garatu eta hezkuntza-sistema osoan ezarri behar da. Lege-proiektuak jaso beharko luke, epe motzean. Jaurlaritzak bere eskumen guztiak baliatuta, adituekin eta eragileekin elkarlanean, euskal curriculuma osatzea eskatzen dugu.
  • Langileria propioa izan eta arautzeko eskubidea jaso behar da.

2. Langileen eskubideei dagokienez, xedapen gehigarriak proposatuko ditugu. Atal honetan legeak gabezia handiak dituela uste dugu

  • Titularitate publikoko ikastetxeetako langileei dagokienez, Hezkuntza Sailak enpleguari eutsi eta egun dagoen langileen lanpostu zerrenda ezingo du gutxitu lege hau indarrean dagoen bitartean.
  • Itundutako ikastetxeen langileak langile publikoekin homologatzea planteatuko dugu, baita zerbitzuetako langileen lan-baldintzak langile publikoen baldintzekin homologatzekoa ere.
  • Sarbide gardenerako araubidea arautu behar da urtebeteko epean. Prozedura arautu honek, gardena izan dadin, derrigorrez jasoko ditu meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioak bermatu eta eskaintzen publizitatearen inguruko betebeharrak.
  • Pribatizaturiko zerbitzuen errebertsioa eta publifikazio prozesuak. Legea indarrean jarri eta urtebeteko epean, errebertsio prozesuez aritzeko plangintza garatuko du. Lehentasunez, azpikontrataturik dauden garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileen lehengoratzea.

3. Eskola publikoak hezkuntza sisteman ardatz izan behar duela aldarrikatzen dugu

  • Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa berehala aurkeztea eskatzen dugu. Bertan, azpiegituretara edo edo lan baldintzen alorrean dauden beharretara bideratzen den inbertsioa kuantifikatuko da.
  • Publifikazio araudia zehaztu behar da, horrela nahi duten ikastetxeek, beti ere alde sozialarekin negoziatuta, aukera izan dezaten.
  • Haurreskolak Patzuergo Publikoa indartu eta hedatu egingo da. Bertatik bermatuko da eskaintza unibertsal, kalitatezko eta doakoa.

4. Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatzen duten ikastetxeen betebeharrak gehiago zehaztea eskatzen dugu

  • Euskalduntzea: gai honetan zehaztasun falta sumatzen dugu. Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu bakarra ezarri behar da, egungo hizkuntza ereduak gaindituz.
  • Laikotasuna: oso modu lausoan agertzen da. Ez du bermatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo.
  • Inklusioa: segregazioari aurre egiteko asmo eta neurri batzuk jaso arren, hemen ere zehaztasuna falta da. Ikasleak onartzeko prozedura bakar bat arautu behar da eta horretan Udal Hezkuntza Kontseiluaren eskumenak zehazteko zuzenketa planteatzen dugu.

Zehazten diren betebeharrak, betearazteko kontrol mekanismoak, ez dira batera argiak. Diru publikoaren erabilera egokia ziurtatzeko, auditoria ekonomiko lanak egingo dituen administrazio unitate berri bat sortzea proposatzen dugu. Era berean, ez du ezer esaten, baina legean jaso behar da betebeharrak betetzen ez dituzten ikastetxeei ituna kendu egingo zaiela.

Neurri hauen guztien gauzapena posible izan dadin, hezkuntzarako inbertsio nahikoa bideratu beharko da. Lege bidez, hezkuntza arloan urtero dagoen aurrekontu-proiektua ezin da BPGren %6a baino gutxiagokoa izan.

Amaitzeko, Euskal Eskola Publiko eta Komunitarioa helburu, Hezkuntza Legea bide horretan trantsiziorako legea izan dadin, eragiten jarraitu beharra dago. Horretako mobilizazioa beharrezkoa dela uste dugu. LABek urriaren 6an Gasteizen mobilizazio propioa deituko du (Bilbo plaza, 12:00), eta jarraituko du bestelako eragile sindikal eta sozialekin ere norabide honetan adostasunak bilatzen.

Arcelorrek langileetaz irri egiten jarraitzen du

Atzo eta gaur egindako negoziaketa bileretan enpresak entzungor egin die sindikatuok egindako dokumentazio eskariari.

Azken bi egunetan burututako kontsulta epeko bileretan alde sozialeko ordezkariok hainbat dokumentazio ekonomiko eskatu egin diogu Arcelorreri. Enpresak dokumentazio hori ez du erraztu eta bere harridura adierazi du bi egunetan, esanez ez duela ulertzen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente (ABEEE) produktibo batean informazio ekonomikoa eskatzea.

LABen garbi dugu Arcelorrek aurkeztutako ABEEE espekulatiboan enpresaren egoera ekonomikoak izugarrizko garrantzia duela, bere planteamendua altzairu eta argindarraren prezioen igoera koiunturaletan oinarritzen delako, eta ziur gaudelako badituzten irabazi ekonomiko basatiak nahikoak direla horiek asumitzeko eta ez dela inongo beharrik langileak prekarizatzeko.

Aipatutako eskaerei ihes egiteko nahian, enpresak aipatu egin du soldatak % 75 bitarte konpentsatzeko prest dagoela. Alde sozialetik argi eta garbi adierazi diogu edozein planteamendu egin baino lehenago eskatutako informazioa ematea ezin bestekoa dela.

Mahaia datorren asteko ostegun eta ostiralean elkartuko da berriro, espero dugu ordurako alde sozialaren eskaerak kontuan hartu izana.

Grebara deitu dugu irailaren 28rako Arabako helduen egoitzetan

LAB eta ELA sindikatuok deituta, Arabako helduen egoitzetako langileek greba eguna egingo dute datorren irailaren 28an, hitzarmen duin baten alde.

Negoziazioa blokeatuta dago otsailetik, eta patronalak ez du proposamenik egin, joan den uztailean agindutakoaren kontra. Hain zuzen ere, Aldundiak bi aldeak elkartzeko deitutako bilera hartan patronalak negoziazio berri baterako deialdia eta proposamen ekonomiko bat egiteko konpromisoa hartu zuen, eta ez du bete.

Hala, mobilizazioa beste biderik ez dugu eta irailaren 28an, greba egunaren baitan, manifestazioa egingo dugu 11:00etan, Gasteizko erdigunetik.

Bi sindikatuon irakurketa:

LABek eta ELAk beste greba-egun bat deitu dute Arabako egoitza pribatuetan, irailaren 28rako. Bertan, manifestazioa egingo da goizeko 11etan Albertia Campus egoitzatik (Nieves Cano), Gasteizko erdigunean dauden egoitzetan barrena, Aldundira iritsi arte.

Negoziazioa blokeatuta dago 2022ko otsailetik, LAB eta ELA, eta negoziazio mahaitik altxatzea erabaki genuen patronalak plataformako edozein artikulu aldatzeari uko egin ondoren. Azken horrek egoitza pribatuen eta hirugarren adinekoen etxebizitza komunitarioen sektoreko langileen prekarietatea betikotzen du, sektoreko langileek 2026an 1200 euro kobratzea nahi baitu, azken bi urte hauetan KPIren % 16ko karga metatuarekin eta 1742 orduko lanaldi nekagarria landuz.

Blokeo horren ondoren, Aldundiak bi aldeak (sindikatuak eta patronala) bilera batera deitu gintuen uztailean, negoziazioaren egungo egoera aztertzeko. Hortik atera zen enpresaren partetik negoziazio mahai berri baterako deialdia lehenbailehen egiteko konpromisoa, eta patronalak sindikatuei proposamen ekonomiko berri bat helarazteko konpromisoa hartu zuen. Gaur egun oraindik ez dugu berririk, eta, beraz, agerian uzten digu patronalak negoziatzeko duen jarrera eskasa.

Patronalaren pasibotasun horren aurrean, LAB eta ELA ez gaude prest sektoreko langileen egoera kaskarra luzatzeko. Hiru urte kalean, asteazkenero, kosta egin zitzaigun negoziazio-mahai bat lortzea, egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen probintziala negoziatzeko; beraz, ez gara geldituko mahaia berpiztu arte, negoziatzen jarraitu arte eta egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak behin betiko duindu arte.

LABek eta ELAk berriz ere aldarrikatzen dugu premiazkoa dela sektore feminizatu honetako langileak saritzea eta balioestea. Sektore hori funtsezkoa da, eta emakume horiek adinekoen bizitzari eusten diote. Eskatzen dugu behingoz behar bezala arautzea zainketa-sektore honen lana egiteko baldintzak, Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langileek betetzen duten funtsezko funtzioa duinduz.

Horregatik guztiagatik, beste greba-egun bat deitu dugu asteazkenerako, irailaren 28rako, eta horri hainbat dinamika, mobilizazio eta greba-egun gehituko zaizkio datozen hilabeteetan, patronalak negoziazioak aurrera egiteko konpromisorik hartzen ez badu. badu.

Correoseko enplegu finkapenaren testuinguruan ematen diren iruzurrak salatu ditugu

Correoseko enplegu finkapena iragartzen den bakoitzean ematen diren engainu ugarien berri eman nahi du bertako LABen atal sindikalak. Akademiek salerosketari ekiten diote gai-zerrendak eta ikastaroekin, eta herritarren beharraz eta prekaritateaz baliatzen dira dirua egiteko, datuak eta abar lortzeko. Askotan, enpresaren argazkiak edo logotipoak erabiltzen dituzte. Era berean, Correoseko sindikatu batzuek gai- zerrendak saltzeko eta afiliazioak eskatzeko izena eman dute, azterketaren aitzakiarekin.

Batzuek ikusarazten dute oposizioa dela, baina ez da horrela, eta jendeak pentsa dezake funtzionario-plaza baterako dela. Deituko diren plazak lan-kontratudun finkoak izango dira. Erretiro-adinen, soldaten, ordutegien eta lanaldien inguruko egia erdiak. Ez dute zalantzarik edozer esaten jendeak izena eman dezan.

Orain arte egia izan den gauza bakarra da Estatuan 7.757 plaza deituko direla. Gauza asko falta dira argitaratzeko, hala nola probintzia bakoitzean ateratzen diren plazak eta mota (oinez egindako banaketa, motordun banaketa, bezeroarentzako arreta, agentea/sailkapena, lanaldi partziala edo lanaldi osoa), azterketari emango zaion puntuazioa, mozketa-nota, merezimenduen araberako puntuazioa, azterketa-data edo azterketan sartuko diren gaiak.

Correosek 2022ko maiatzaren 27an argitaratutako oinarrietan honako hau irakur daiteke: “Correosek eduki propio eta ofizialak prestatu eta argitaratuko ditu oinarri hauen arabera, eta horiek merkaturatu eta publiko orokorraren esku jarriko ditu sarrera-prozesu honen lehen fasean”.

“Correosek ez du bere gain hartzen gaur egun editatuta dauden eduki edo gaien gaineko erantzukizunik edo espezializatutako liburu-dendetan, oposizio-akademietan edo antzekoetan merkaturatuak”.

LABek Correosen webgune ofizialean argitaratuko diren oinarri ofizialei itxarotea gomendatzen du, eta ez ematea datu pertsonalik, dirurik, etab. enpresei eta sindikatuei, putreak bezala beren egoera hobetu nahi duten lan-prekaritate handiko pertsonez baliatzen baitira.

Antolatzeko eta borrokara batzeko deia luzatzen diegu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate hitzarmen baten alde grebak egiten eta negoziazio kolektiboaren baitan borrokan bi helburu argirekin: batetik, lan baldintza duinak lortzea gipuzkoarroi eskaintzen diguten zerbitzua kalitatezkoa eta goxoa izan dadin, eta bestetik, sektore feminizatu eta prekarizatu honi gizartean behar duen lekua eta aintzatespena ematea.

Borroka luze honen bidean, langileon negoziazio kolektiborako gaitasuna nabarmen murriztu zuen grebarako eskubidea urratuz, %100 zerbitzu minimoen inposatzeak. Eta orain, % 7ko ordezkaritza duen UGTk hitzarmena gutxiengoan sinatzeak egoera hori areagotu du, negoziazio kolektiboa izan beharko lukeena guztiz desitxuratuz.

Langileriaren gehiengoaren aurka sinatu dute eta gehienen baldintzak ez ditu hobetuko. Gainera, langileen arteko ezberdintasunetan sakonduko du. Sektore guztiarentzat lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat behar dugu, bai langileok bai gipuzkoarrok ere.

Honen guztiaren aurrean, LAB sindikatuak adierazi nahi du Patronalak eta Diputazioak erantzukizun zuzena dutela langileen prekarizazioan, hauek zerbitzu publikoen pribatizazioaren mesedetan, lotsarik gabe ari direlako langileen lan baldintzak okertzen eta langileen eskubideak urratzen. Oraingoan ere, UGT izan dute ezinbesteko aliatu sektore honetako langileenganako enegarren traizioa burutzeko.

Bestalde, LAB sindikatutik gure babesa adierazten diogu ELAk hasitako bide judizialari.

Gure indarrak eta baliabideak, langileen eskubideak zentroz zentro eta herriz herri defendatuz eta borrokatuz jarriko ditugu; eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak bilatzen duen pribatizazioaren aurka tinko borrokatuko dugu.

Langile hauek Gipuzkoako helduen zaintza kalitatezkoa eta duina izateko borrokan ari dira, gipuzkoar guztion eskubideen alde, eta merezi dute errekonozimendua eta lan baldintza duinak bermatuta izatea.

Deialdia egin nahi dugu, herri bakoitzean kokatzen diren zentroetako langile, egoilar, senide eta gizarte mugimenduak batu eta antolatu gaitezen zaintza lanak erdigunean jarriz gure eskubideen alde eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurka.

“Ez gara egongo erosteko ahalmena galtzea dakarten itunetan”

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak elkarrizketatu dituzte Radio Popular eta Radio Vitorian, hurrenez hurren, eta lorpenak erdiesteko mobilizazioa dela bidea berretsi dute, hainbat lan gatazka adibide.

Sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute ez dugula onartuko langileek eros-ahalmenik galtzea: “Sindikatuak onartuko ez duen marra gorri bat da”. Izan ere, koordinatzaile orokorren hitzetan, “ez gara egongo langileek erosteko ahalmena galtzea dakarten itunetan”.

Gipuzkoako elikagaigintza sektoreko langileek Adegira eraman dituzte euren aldarriak

LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok deituta, elkarretaratzea egin dugu Donostian, Adegi patronalaren aurrean, Gipuzkoako elikagaigintzako hitzarmenaren defentsan. Langileek funtsezkoak direla aldarrikatu eta hitzarmen duin baten alde mobilizatzen jarraituko dutela jakinarazi dute.

Sindikatuon oharra, gaurko protestaren harira:

Azken bilera joan den irailaren 16ean egin zen, eta bertan ere ez genuen ADEGIren proposamenik izan, bere ezezko mugiezina edukirik gabe dago eta betoak soilik jaso ditugu: ez lanaldi-murrizketari, ez igoerak soldata errealean jasotzeari eta ez dute kpi-a ere jartzen mahai gainean. Beraz, negoziazioa (nahiz eta hasi berria den) blokeatuta dago jada.

Dakizuenez, martxoaren 17an Gipuzkoako elikagaien industria eta merkataritzako hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen, eta apirilaren 29an lehenengo bilera egin zen. Bertan, sindikatuek egindako plataforma bateratua aurkeztu genion patronalari, sektoreko langileen eskaera guztiak jasotzen zituena. Hona hemen plataforman aurkeztutako aldarrikapenetako batzuk:

• KPI + % 3ko soldata-igoera eta gutxieneko soldataren igoera

• Lanaldi-murrizketak (urteko lanaldia murriztea, atsedenaldia benetako lan-denbora izatea…)

• Gauean lan egiteagatik plusa, lanaldi zatitua izateagatik plusa, kilomentrajea, etab.

• Sailkapen profesionalak birplanteatzea

• Partzialtasunaren aurreko neurriak (ordu gehiago finkatzea eta lanaldia luzatzeko prozedura)

• Hobekuntzak lizentzietan eta eszedentzietan

• Eta askoz eskaera eta aldarrikapen gehiago

Badakigu aurkeztu dugun eta defendatuko dugun plataforma anbiziotsua dela, baina gelditu ez den sektore bateko langile guztien errealitatea islatzen du, pandemiaren garaian eta gaur egun bizi dugun abagunean lehen lerroan egon dena. Egiaztatu dugu, beste behin ere, enpresak aberastu egin direla zuetako bakoitzaren lanaren eta ahaleginaren kontura.


Ekainaren 8an berriro elkartu ginen patronalaren erantzuna jasotzeko, eta ADEGIk ordubete eman zuen kalifikazioak entzuten, hala nola: «Neurrigabeko proposamena», «Plataforma irreala eta abusuzkoa» edo «hau ez da negoziatzen hasteko oinarri bat». FEDERACION MERCANTIL da alderdi sozialak egindako proposamenari erantzuna eman zion bakarra. Eta, hala ere, ezer gutxi baloratu dezakegu kontuan hartuta ptronal honek ez duela gehiengorik eraginkortasun orokorreko hitzarmen bat sinatzeko.

Datorren urriaren 20ean beste bilera bat dugu. Sindikatuok eduki proposamen bat ekartzeko eskatu diogu patronalari. Baina argi dugu erosteko ahalmena bermatzeko, hala nola beste arlo batzuetako lan-hobekuntzak eskuratzeko, beharrezkoa dela kaletik presioa egitea.

Horren aurrean, sindikatuok langileen alde defendatzen eta negoziatzen jarraituko dugu. Hobekuntzak soilik onartuko ditugu, atzerapausorik ez!