2026-05-03
Blog Page 287

Oraingoan ere lehen indarra izan gara Euskal Telebistan

Atzo hauteskunde sindikalak izan ziren Euskal Telebistaren bi egoitzetan, eta bietan irabazi genuen inoizko parte hartzerik handienarekin, EITB Median ere lehen indarra izaten jarraituz.

Bilbon botoek gora egin zuten eta Langile Batzordearen gehiengoari eutsi diogu, 17 ordezkaritik 9 lortuz. Miramonen izandako gorakada historikoa izan da, 35 boto gehiagorekin 7 ordezkari lortu baitigugu 9 kideko Langile Batzorderako. Ondorioz, zentro-arteko Langile Batzordean ere gehiengoa edukiko dugu datozen lau urteotako erronka garrantzitsuei heltzeko.

Beti garbi eduki dugu, klase sindikatu izanik, langile guztion estrategiarako tresna dela, eta hauteskunde prozesu bakoitzean jasotzen dugun langileen babesak horretan berresten gaitu.

Eskerrak eman nahi dizkiegu boto eman duten langile guztiei, eta batez ere noski, gurea bezalako sindikatu koherente batean konfidantza eman dutenei. Eskerrik asko eta zorionak guztioi.

Osakidetza defendatzera aterako gara kalera bihar

Osasun sistema publikoa desegitearen aurka mobilizatuko gara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, 12:00etan. Lan prekaritatea nabarmena da eta okerrera baino ez du egin azkenaldian. Bada, horrek kalitatezko zerbitzua bermatzeko oztopoak dakartza, eta beharginek haiek nahiz herritarrek pairatzen dituzte ondorioak.

Egoera horren baitan, Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa da. Bada, gogoan izan behar da kolektibo horrek 2019an ere egin zuela greba, garai hartan pairatzen zuten muturreko egoera salatzeko. Bitarte horretan, baina, arduradunek ez dute egoera onbideratzeko neurririk hartu, alderantziz. Gainera, osasun zentroetan gero eta nabarmenagoa da Lehen Arretaren gabezia horrek gainerako arloei eragiten dien kaleta, hala nola larrialdiei, gainkarga handia baitakar.

Horren guztiaren ondorioz, azken asteetan hainbat mobilizazio gauzatu dituzte Osakidetzako langileek, eta biharko eguna, larunbata, izango da hitzordu nagusia. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzaren plazatik (Bilbon), Andre Maria Zuriaren plazatik (Gasteizen) eta Bulebarretik (Donostian).

Martxoaren 8rako irakurketa: “Pribatizazioa, zaintzako langileon miseria! Langile publikoak gara”

Zaintza krisiaren ondorioak geroz eta agerikoagoak dira, eta ikusarazten ari da sistemaren gabeziak eta hutsegiteak; sistema hau ez da gai bizitzak sustengatzeko inor zapaldu gabe. Zalantzarik gabe esan dezakegu zaintzen egungo antolaketa soziala jasangaitza dela.

Argi eta garbi ikusi dugu zaintza lanak behar-beharrezkoak direla bizitzeko. Halaber, ikusi dugu zein garrantzitsua den zaintza lanak ikusaraztea eta dagokien balioa ematea jendartean. Hala izanik ere, argi dago, zenbat eta agerikoagoak izan, orduan eta handiagoak direla zaintzak kudeatzeaz arduratzen direnek jartzen dituzten trabak eta oztopoak.

Pribatizazioa eta zaintzak negozio bihurtzea izan dira krisiari eman zaizkion erantzunak. Ez dago egoerari buelta emateko asmorik; entzungorrak dira zaintza eredua, kudeaketa eta zerbitzua aldatzeko eskatzen dugunok esaten eta aldarrikatzen dugunaren aurrean.

Bizitza kaltetzen eta erasotzen duen sistema batean bizi gara, baina, espero genezakeen gutxienekoa da boterean daudenek ez sustatzea prekaritatea empresa pribatuen eta kapitalaren maila berean; funtsean, ordea, ikusi dugu gauza bera egiten dutela: krisi honek sortutako desberdintasunak konpontzeari uko egin diote.

Instituzio publikoek, Nafarroan zein EAEn, kapitalismoaren logikan gobernatzen dute, eta ahalik eta etekin handienak lortzea dute helburu; ez herritarrentzat, euren lagunak diren enpresentzat baizik. Haien esku uzten dituzte zaintza zerbitzuak, eta, hala, pribatizatzen ari dira.

Adineko pertsonen egoitzen kasuan, bistakoa da PNV eta PSNren gobernuek familia ardatz duten politiken eta zaintza zerbitzuen pribatizazioaren alde egin duela. Esku pribatuetan utzi ditu zaintza zerbitzuak; besteak beste, adinekoen egoitzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, aniztasun funtzionalaren sektorea eta esku hartze soziala. Ondorioak larriak dira, bai zerbitzuari dagokionez (kalitatea, eredua…) baita pribatizatutako zerbitzu eta egoitzen erabiltzaile eta langileentzat ere (lan baldintzak, ratioak, lan zama…)

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu egungo joerak geldiaraziko eta zaintzak demokratizatuko dituen zaintzarako euskal sistema publiko komunitario bat eraikitzeko adostasun sozialak bilatzea. Zaintza kapitalista eta patriarkalaren egungo erregimena eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesuarekin bat egiten dugu.

Pribatizatu dituzten zerbitzu publikoetan ardura zuzenak dituzten instituzio publikoei, berriz, eskatzen diegu desblokeatu ditzatela behingoz lan hitzarmen guztiak eta has daitezela sistema publikoari lapurtutako zerbitzuak berreskuratzeko publifikazio plana zehazten eta negoziatzen.

Emakumeok kalitatezko lan eta zerbitzu publikoak defendatzeko egiten ari garen borrokaren bidez, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Borrokatzen jarraituko dugu, orain arte bezala, negoziazio kolektiboan, interpelazio politiko instituzionala egiten eta Mugimendu Feministarekin aliantzak eraikitzen.

Eskatzen dugu:

> Debekatu dadila zaintza zerbitzuak pribatizatzea; lehentasunez, adineko pertsonen egoitzak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak.

> Adineko pertsonen egoitzen eta etxez etxeko zerbitzuen kudeaketa zuzena izan dadila, instituzioek euren gain hartuta, eta etxeko lanak erregulatu daitezela lan baldintzak ziurtatuko dituen hitzarmen kolektiboaren bidez.

> Zerbitzu hauek kudeatzen dituzten enpresak kontrolatu daitezela eta derrigorrezkoa izan dadila hitzarmenak negoziatzea eta zuzenean kudeatzen diren zerbitzuetan dauden lan baldintzak parekatzen direla ziurtatzea, publifikaziorako bidea egin bitartean.

> Zor patriarkala aitortzea eta ordaintzea zaintza lanetan aritu diren emakume guztiei, haiek egindako lana ordaindua edo ordaindu gabekoa izan.

> Egoera ez erregularrean dauden etxeko langile guztiak erregulatu daitezela.

LABen mobilizazioak herrialdeka:

  • ARABA. Gasteizen, 11:00etan Diputazioan
  • BIZKAIA. Bilbon, 10:30ean Udaletxetik Diputaziora
  • GIPUZKOA. Donostian, 11:30ean Bulebarretik
  • IPAR EUSKAL HERRIA. Baionan, 10:30ean tren geltokitik
  • NAFARROA. Iruñea, 11:00etan Parlamentuan

Era berean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak herri eta auzoetan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten dugu:

  • ARABA. Gasteizen, 19:00etan San Antonetik
  • BIZKAIA. Bilbon, 19:30ean Jesusen Bihotzetik
  • GIPUZKOA. Donostian, 18:30ean Antiguoko tuneletik
  • IPAR EUSKAL HERRIA. Baionan, 15:00etan Merkatu Plaza
  • NAFARROA. Iruñean, 20:00etan Antoniuttitik

Mobilizazioak Erandioko Udalean, kontziliazio neurriak negoziatzea eta hobetzea eskatzeko

Gaur, otsailak 23, Erandioko udal langileek asanblada eta mobilizazioa egin dugu LAB, ELA eta UGT sindikatuek deituta, EAJ-PNVk uko egin diolako Kontziliazio Plan bat negoziatzeari. Gaurko Plenoan gaia tratatzeko eta Kontziliazio Planaren negoziazioa sustatzearen aldeko erabakia hartzeko eskatu diegu alderdi politikoei.

Udalean ordezkaritza dugun hiru sindikatuok adostutako Plan zirriborro bat aurkeztu genuen negoziaziorako oinarri modura, baina Funtzio Publikoko arduradunaren erantzuna da ez dutela gai horri buruz ezer negoziatuko, hori Negoziazio Kolektiboko kontua dela eta Udalean ez dutela lan-hitzarmenari dagokion gairik negoziatuko.

Orain, kontziliazioaz eta zaintzaz horrenbeste hitz egiten den garai honetan, egokia ez ezik ezinbestekotzat ere jo dugu hitzetatik ekintzetara pasatzea. Baldintza hobeak behar ditugu lana eta bizitza-pertsonala uztartzeko, zaintza lanak arintzen lagunduko duten neurriak negoziatzea eta adostea aldarrikatzen dugu. Aldiz, gure errealitatea bestelakoa da: Lan-egutegietan ere atseden egunak kendu dizkigute eta, horregatik, asteazkenero, udaletxe aurrean biltzen gara, protestan.

Erandion indarrean dagoen lan-hitzarmena, UDALHITZ, duela 15 urtekoa da, 2008koa, eta, hortik gora, legez behartuta dauden hobekuntzak besterik ez ditu onartzen EAJ-PNVk. Are gehiago, Funtzio Publikoko saila hitzarmenaren alde bakarreko interpretazioak egiten ari da, langileen kalterako.

Enpresa transnazionalak kontrolatzeko eta giza eskubideak defendatzeko euskal zentroa sortzea aldarrikatu dugu

Ostegun honetan, otsailaren 23a, “Euskal Herriak Kapitalari Planto!” plataforman parte hartzen dugun nazioarteko elkartasuneko beste sindikatu- eta gizarte-erakunde batzuekin batera, elkarretaratzea egin dugu Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, Enpresa Transnazionalen eta Giza Eskubideen Euskal Zentroa sortzea aldarrikatzeko.

Plataformako kideok Ez Legezko Proposamen bat aurkeztu dugu Eusko Legebiltzarrak iritzia eman dezan oligopolio eta enpresa transnazional handiak babesten jarraitzeko edo naturaren eta herrien eskubideak babesteko. Horretarako, premiazkoa da euskal enpresa transnazionalek atzerrian dituzten jarduerak eta eraginak arautzea, baita Euskal Herrian jarduten duen atzerriko kapitalarenak ere.

Kapital-errentak lan-errenten kaltetan handitzearen aurrean, botere korporatiboaren zigorgabetasunaren eta enpresen arbitrariotasunaren aurrean, enpresen erantzukizunari buruzko funtsezko parametroak zehazteko eta, kasu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruan aplikatutako arau-formulak garatzeko gai den euskal zentroaren alde egiten dugu.

Zentro anitza behar dugu, elkar lanean eta eztabaida sozialen oinarritua, indarrak batzeko enpresa-batzordeen, ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen, ETEen, saltoki txikien, gizarte-mugimenduen, sindikatuen eta lurraren eta lurraldearen aldeko sareen artean, besteak beste. Egitura publiko-sozial bat, gure lurraldearen zati batean negozio-bolumen handia duten transnazionalen nazioarteko jarduketei buruzko kontuak emango dituena.

Giza eskubideen defentsa negoziaezina aldarrikatzen dugu, interes korporatiboen gainetik. Aski da espolioa, arpilatzea, aliantza publiko-enpresariala eta asimetria normatiboak, non pertsonen bizi eta lan baldintzak gero eta baztertuagoak dauden. Enpresa transnazionalen aurrean, kontroleko euskal zentroa orain!

Beste 10 eguneko greba deialdia egin dugu Bizkaiko nagusien egoitzetan

Helburua da Foru Aldundiari zaintzak kudeatu eta zerbitzua eskaintzeko eredu berri bat eskatzea, lan-baldintzen parekatzea eta ratio duin bat ekarriko lituzkeena.

“Aldundiak egoitzak kudeatzeko duen pribatizazio-politika horrek sakondu besterik ez du egiten instituzioek egoitzetako zaintza-langileei ematen dizkieten tratu txarretan”, salatu du LAB sindikatuak gaur egindako agerraldian.

LABek langileei borrokarako proposamena, bizi duten egoera salatzeko eta horren aurrean mobilizatzeko esparruak eskaintzen jarraitu nahi du. “Gaur, berriz ere, borrokarekin jarraitzera behartuta gaude”, adierazi dute: “Langileen egoerak okerrera baino ez du egin, eta Bizkaiko Aldundia zein patronala jotzen ditugu erantzule zuzentzat. Zaintzak ezin du negozio izaten jarraitu, gutxi batzuk aberasten diren bitartean beste asko pobretzen garelako. Langileen eta egoiliarren egoera jasanezina da, eta egungo ratioak ankerrak dira”.

Patronalek eta Aldundiak negoziatzeko borondaterik ez dutenez, mobilizatzeko beharra azpimarratu dute. “Gure lan-baldintzak sektore publikoko langileenekin parekatzea, gure lan-karga nabarmen murriztuko duen ratio duina eta sektorearen pribatizazio bortitza geldiaraztea” lortu nahiko lukete indarrak batzeko eta mobilizatzeko gaitasunaren bitartez.

Patronalaren eta Aldundiaren negoziatzeko borondate ezaren aurrean, eta iazko mobilizazio eta greben ondoren, LABek borroka-ziklo berri bati ekingo dio. Ziklo berri hau martxotik maiatzera luzatuko da.

Greba-egunak


Lehenengo greba eguna martxoaren 8a izango da. “Nagusien egoitzetan lan egiten dugun pertsona gehienak oso lan-baldintza txarrak ditugun emakumeak gara; beraz, argi eta garbi esan dezakegu Bizkaiko Foru Aldundiak, pertsonen zaintzan funtsezkoa den sektorea pribatizatzen duen politikarekin, boteretik langileak esplotatu eta gaizki tratatzen dituela”, azaldu du sindikatuak. Gaineratu dutenez, erakunde horrek bere erantzukizuna saihestu eta egoitzen kudeaketa esku pribatuetan uzten dute, eta enpresa horien helburu bakarra dirua irabazten jarraitzea da.

Bigarren greba apirilaren 3tik 5era izango da. Hiru egun horietan, Kalbarioko martxa egingo dute; langileek bizi duten egoeraren errudun diren patronal eta erakundeak interpelatuko dituzte oinezko ibilbidean.

Hirugarren lanuzte-deialdia, berriz, maiatzaren 15etik 20ra artekoa izango da. Greba-egun horietan, langileek txandakako baraualdia egingo dute jasaten dituzten baldintzak salatzeko.

Ziklo berri honen helburuak hauek dira:

– Bizkaiko egoitzetako langileak aktibatzea, batzea, hauspotzea eta laguntzea.
– Bizkaiko Aldundiari eta patronalari presioa egin eta salaketa areagotzea.
– Ematen dugun zerbitzua publifikatzearen beharra agenda sozialean txertatzen laguntzea.

Gaur, berriz ere, Sergio Murillori eta sektoreko enpresei esan nahi izan diete nazkatuta daudela nagusien duintasunarekin eta beharginen lan-baldintzekin negozioa egiten dutela ikusteaz.

“Inork ezin du zalantzan jarri zerbitzu publiko bat ematen dugula, funtsezko langileak garela. Patronalak eta Aldundiak uko egin diote negoziatzeari eta sektore-hitzarmenaren mahaia blokeatu dute”, adierazi dute. Bada, horren guztiaren aurrean honako eskubide hauek eskatu dituzte, besteak beste:

“- Benetako urratsak soldatak GUFErekin parekatzeko bidean. Gure lan berdina egiten duen langile publiko batek baino % 50 gutxiago kobratzen dugu. Horri gehitu behar zaio azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez, hilean 300 euro inguru pobreagoak garela.

– Gure lan-bizitzaren azken urteei, 55 urtetik aurrera, aurre egiteko neurriak: konpentsatutako murrizketak, erretiroak erraztea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…

– % 100eko baja-osagarria.

– Bajen ordezkapenak lehen egunetik.

– Laneko osasunari buruzko neurri errealak, besteak beste arrisku psikosozialei buruzkoak

– Zainduen eta langileen duintasuna bermatzeko ratioak ezartzen dituzten neurriak”.

LABek aurreko greba-zikloan alderdi politiko guztiei aurkeztu zien ratioen proposamena garatu du, baina, azaldu dutenez, orain arte ez dute izan hitz onetatik haratago doan erantzun zehatzik. Egungo ratioen aurrean, LABek gutxieneko ratioen proposamena helarazi du, egoitzak humanizatu daitezen. Besteak beste, neurri hauek proposatzen dituzte:

– Gaueko ratioa izatea 2 gerokultore/zaintzaile 15 egoiliarreko.

– Eguneko ratioa izatea gerokultore/zaintzaile bat 4 egoiliarreko.

– Erizaintza-zerbitzua egotea 24 orduz, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliarreko.

Neurri horiek hartzeko, Aldundiaren eta enpresen borondatea baino ez da behar, sindikatuaren esanetan: “Adibidez, lau egoiliarreko zaintzaile bat egotearen neurriak 3.300 lanpostu berri inguru sortuko lituzke, eta Aldundiak 24 euro inbertituko lituzke eguneko egoiliar bakoitzeko”.

LABek uste du borroka honetan aliantzak ezinbestekoak direla, bai sindikatuenak, bai mugimendu sozialenak. Aliantza sozialei dagokienez, zaintza-zerbitzu publikoen egungo eredua aldatzeko borrokan ari diren sektoreekin lan egiten eta espazioak partekatzen saiatuko dira. Gatazka honi zentraltasun soziala ematen lagundu nahi dute, jendarte osoari eragiten dion xedeari ekarpena egiteko asmotan.

Makina arriskutsuek hiltzen dute, araudia betetzen ez dutelako

Goizean jakin dugunez, atzo Arrigorriagako Conformados FACME enpresan, 51 urteko langile bat pieza batek kolpatua hil zen. Beraz, 2023 honek dagoeneko 8 hildako langile utzi ditu Euskal Herrian; izan ere, gaur bertan Donibane Lohitzunen irakasle bat hil da bere lanpostuan.

Arrigorriagako istripuaren ezaugarriak aztertuta ulertu daiteke, enpresak makinen araudia ez betetzeagatik hil dela langilea. Izan ere, prentsa baten manipulazioan pieza bat jaurtikita ateratzeak segurtasun bitartekoen falta adierazten du. Makina batek eragiten dituen arrisku guztiak aurreikusirik egon behar dute eta arrisku horietako bakoitzarentzako neurriak hartu behar dira. Makina guztiek bete behar dituzte printzipio horiek, eta euren ekoizpena zaharra izanik ere, egokitu egin behar dira. Hau enpresariaren ardura da eta horrela dago adierazita araudian.

Hau horrela izanik ere, jakin badakigu Euskal Herriko industrian, oro har, makina gehienek ez dutela segurtasun araudiarekin betetzen eta langileok pairatzen dugun arrisku horiekiko esposizioa ohikoa dela. Hau gertatzearen arrazoia sinplea da, patronala ez du inork kontrolatzen. Lan osasunerako araudia ez dio inork betearazten; izan ere, horren eskumena eta betebeharra Jaurlaritzak izan arren, ez du gauzatzen. Aste honetan bertan salatu dugu lan istripu gehienak isunik gabe geratzen direla eta honen atzean erabaki politikoa dagoela.

Errealitate honek lanpostu arriskutsuak eta prekarioak sortzen ditu, patronalak kontrolik gabe jarduten duelako kapitalismoa muturreraino eramanaz, administrazioaren konplizitatearekin.

Egoera hau salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, heriotza honen aurrean egingo diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Pineko enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du ostiralean, astelehenean Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian izandako istripu larria salatzeko

Joan den astelehenean, otsailaren 20an, Pine Instalaciones y Montajes enpresako bi langilek istripu bat izan zuten Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian, eta ondorio oso larriak izan zituen bietako batentzat. Istripua salatzeko, Pineko enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du ostiralean, otsailaren 24an, 14:00etan, enpresak Zamudioko Ugaldeguren II industrialdean duen egoitzaren aurrean.

Larrien zauritutako langilea Gurutzetako Ospitaleko erredura larrien unitatean dago, eta esan dietenaren arabera, ez dago bizia galtzeko arriskuan, baina istripuak ondorioak utziko dizkio, eta sendatzeko prozesua luzea eta zaila izango da. Beste langileak zorte handiagoa izan zuen, sendaketak fabrikan egin ahal izan baitzitzaizkion, eta mutualitatetik igaro ondoren etxera bidali baitzuten.

Pine Instalaciones y Montajes enpresako batzordeak istripu hori salatu nahi izan du, baita segurtasun-batzordeari gertatutakoaren berri eman ez izana ere, beste kanal batzuetatik izan baitute gertatutakoaren berri. Halaber, gertatutakoa argitzeko ikerketa sakona egiteko, batzorde gisa egindako urrats guztietan presente egoteko eta gertakari horiek errepika ez daitezen prebentzio- eta prestakuntza-neurriak hartzeko eskatu dute.

Argitu dute, zoritxarrez, istripu larri bat baino gehiago izan dutela dagoeneko, eta heriotza ekarri duenik ere bai tartean.

Jazotako istripua salatzeko eta bi lankideei elkartasuna adierazteko, datorren ostiralean, 14:00etan, Zamudioko Ugaldeguren II industrialdean egingo den elkarretaratzera deitu dute.

Amaitzeko, istripua izan dutenei babesa adierazi nahi izan diete, bai eta haien senideei, lagunei eta lankideei ere, eta azkar osatzea opa diete.

Greba deialdiak Envasesen, hitzarmenaren defentsan

Laudion kokatutako lantegiaren enpresa-batzordea, LABek ordezkatua, hitzarmen kolektibo berria negoziatzen ari da. Joan den urtarrilean bilerak hasi ondoren, batzordeak plataforma bat aurkeztu zuen, langileen eskaerak eta negoziazio-ildoak jasotzen zituena.

Hitzarmena negoziatzen hasi aurretik, plantillarekin batera gutxieneko batzuk ezarri genituen negoziazio berri honetarako. Gutxieneko horien artean daude soldata-bermea eta antzinatasuna nahiz lanbide-kategoria bezalako eskubideen bidez sortu den soldata-eskala bikoitza konpontzea. Hasieratik argi utzi genuen puntu horiek ezinbestekoak zirela etorkizuneko hitzarmen bat sinatzeko. Aitzitik, enpresak aldarrikapen horiek jasotzen ez zituen plataforma batekin erantzun zuen, eta, gainera, jada lortutako lizentzietan eta eskubide sozialetan atzerapen garrantzitsuak planteatzen zituen.

Horregatik guztiagatik, gaur egindakoarekin batera, otsailaren 28rako eta martxoaren 2rako, 7rako eta 9rako 24 orduko lanuzteak deitu ditugu. Izan ere, enpresak une honetan planteatutako atzerapauso batzuk kendu baditu ere, oraindik ez ditu bermatu eskatutako gutxienekoak.

Mezu argia helarazi nahi dugu negoziazio honi begira; izan ere, Envaseseko langileok aurrera egin nahi dugu momentuz konponbiderik gabe arrastaka daramatzagun lan-baldintzak hobetuko dituzten alderdiak konpontzen. Horrez gain, ondare duina utzi nahi diegu etorkizunean Envasesen lanean hasten diren langile guztiei.