2024-03-28
HomeEkintza SindikalaBeste 10 eguneko greba deialdia egin dugu Bizkaiko nagusien egoitzetan

Beste 10 eguneko greba deialdia egin dugu Bizkaiko nagusien egoitzetan

Helburua da Foru Aldundiari zaintzak kudeatu eta zerbitzua eskaintzeko eredu berri bat eskatzea, lan-baldintzen parekatzea eta ratio duin bat ekarriko lituzkeena.

“Aldundiak egoitzak kudeatzeko duen pribatizazio-politika horrek sakondu besterik ez du egiten instituzioek egoitzetako zaintza-langileei ematen dizkieten tratu txarretan”, salatu du LAB sindikatuak gaur egindako agerraldian.

LABek langileei borrokarako proposamena, bizi duten egoera salatzeko eta horren aurrean mobilizatzeko esparruak eskaintzen jarraitu nahi du. “Gaur, berriz ere, borrokarekin jarraitzera behartuta gaude”, adierazi dute: “Langileen egoerak okerrera baino ez du egin, eta Bizkaiko Aldundia zein patronala jotzen ditugu erantzule zuzentzat. Zaintzak ezin du negozio izaten jarraitu, gutxi batzuk aberasten diren bitartean beste asko pobretzen garelako. Langileen eta egoiliarren egoera jasanezina da, eta egungo ratioak ankerrak dira”.

Patronalek eta Aldundiak negoziatzeko borondaterik ez dutenez, mobilizatzeko beharra azpimarratu dute. “Gure lan-baldintzak sektore publikoko langileenekin parekatzea, gure lan-karga nabarmen murriztuko duen ratio duina eta sektorearen pribatizazio bortitza geldiaraztea” lortu nahiko lukete indarrak batzeko eta mobilizatzeko gaitasunaren bitartez.

Patronalaren eta Aldundiaren negoziatzeko borondate ezaren aurrean, eta iazko mobilizazio eta greben ondoren, LABek borroka-ziklo berri bati ekingo dio. Ziklo berri hau martxotik maiatzera luzatuko da.

Greba-egunak


Lehenengo greba eguna martxoaren 8a izango da. “Nagusien egoitzetan lan egiten dugun pertsona gehienak oso lan-baldintza txarrak ditugun emakumeak gara; beraz, argi eta garbi esan dezakegu Bizkaiko Foru Aldundiak, pertsonen zaintzan funtsezkoa den sektorea pribatizatzen duen politikarekin, boteretik langileak esplotatu eta gaizki tratatzen dituela”, azaldu du sindikatuak. Gaineratu dutenez, erakunde horrek bere erantzukizuna saihestu eta egoitzen kudeaketa esku pribatuetan uzten dute, eta enpresa horien helburu bakarra dirua irabazten jarraitzea da.

Bigarren greba apirilaren 3tik 5era izango da. Hiru egun horietan, Kalbarioko martxa egingo dute; langileek bizi duten egoeraren errudun diren patronal eta erakundeak interpelatuko dituzte oinezko ibilbidean.

Hirugarren lanuzte-deialdia, berriz, maiatzaren 15etik 20ra artekoa izango da. Greba-egun horietan, langileek txandakako baraualdia egingo dute jasaten dituzten baldintzak salatzeko.

Ziklo berri honen helburuak hauek dira:

– Bizkaiko egoitzetako langileak aktibatzea, batzea, hauspotzea eta laguntzea.
– Bizkaiko Aldundiari eta patronalari presioa egin eta salaketa areagotzea.
– Ematen dugun zerbitzua publifikatzearen beharra agenda sozialean txertatzen laguntzea.

Gaur, berriz ere, Sergio Murillori eta sektoreko enpresei esan nahi izan diete nazkatuta daudela nagusien duintasunarekin eta beharginen lan-baldintzekin negozioa egiten dutela ikusteaz.

“Inork ezin du zalantzan jarri zerbitzu publiko bat ematen dugula, funtsezko langileak garela. Patronalak eta Aldundiak uko egin diote negoziatzeari eta sektore-hitzarmenaren mahaia blokeatu dute”, adierazi dute. Bada, horren guztiaren aurrean honako eskubide hauek eskatu dituzte, besteak beste:

“- Benetako urratsak soldatak GUFErekin parekatzeko bidean. Gure lan berdina egiten duen langile publiko batek baino % 50 gutxiago kobratzen dugu. Horri gehitu behar zaio azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez, hilean 300 euro inguru pobreagoak garela.

– Gure lan-bizitzaren azken urteei, 55 urtetik aurrera, aurre egiteko neurriak: konpentsatutako murrizketak, erretiroak erraztea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…

– % 100eko baja-osagarria.

– Bajen ordezkapenak lehen egunetik.

– Laneko osasunari buruzko neurri errealak, besteak beste arrisku psikosozialei buruzkoak

– Zainduen eta langileen duintasuna bermatzeko ratioak ezartzen dituzten neurriak”.

LABek aurreko greba-zikloan alderdi politiko guztiei aurkeztu zien ratioen proposamena garatu du, baina, azaldu dutenez, orain arte ez dute izan hitz onetatik haratago doan erantzun zehatzik. Egungo ratioen aurrean, LABek gutxieneko ratioen proposamena helarazi du, egoitzak humanizatu daitezen. Besteak beste, neurri hauek proposatzen dituzte:

– Gaueko ratioa izatea 2 gerokultore/zaintzaile 15 egoiliarreko.

– Eguneko ratioa izatea gerokultore/zaintzaile bat 4 egoiliarreko.

– Erizaintza-zerbitzua egotea 24 orduz, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliarreko.

Neurri horiek hartzeko, Aldundiaren eta enpresen borondatea baino ez da behar, sindikatuaren esanetan: “Adibidez, lau egoiliarreko zaintzaile bat egotearen neurriak 3.300 lanpostu berri inguru sortuko lituzke, eta Aldundiak 24 euro inbertituko lituzke eguneko egoiliar bakoitzeko”.

LABek uste du borroka honetan aliantzak ezinbestekoak direla, bai sindikatuenak, bai mugimendu sozialenak. Aliantza sozialei dagokienez, zaintza-zerbitzu publikoen egungo eredua aldatzeko borrokan ari diren sektoreekin lan egiten eta espazioak partekatzen saiatuko dira. Gatazka honi zentraltasun soziala ematen lagundu nahi dute, jendarte osoari eragiten dion xedeari ekarpena egiteko asmotan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.