2026-01-18
Blog Page 281

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak, hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio-printzipioaren alde mobilizatu dira Legebiltzarraren aurrean

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileok 5 urte inguru daramatzagu hitzarmenik gabe. Enpresa emakidadunekin berrogeita hamar bat bilera egin ditugu honezkero, hala ere, hauek ez dute inoiz akordio batera heltzeko borondaterik erakutsi.

Gure hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin benetan homologatzea aldarrikatzen ari gara. Hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta errelebo- kontratuari lotutako erretiro partziala. Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak, berez, Osakidetzako langileen baldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean.

Are gehiago, berriki jakin dugu, sektoreko enpresa nagusiaren ahotik, Osakidetzako zuzendaritzak adierazi duela ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, karrera profesionaleko osagarria, alegia. Beraz, gertaera honek azken hamarkadetan zehar indarrean egon den homologazio-printzipioa haustea suposatzen du gure iritziz.

Horregatik, sektoreko langileok gure hitzarmenaren defentsan, eta finean, homologazioaren alde mobilizatzera behartu gaituzte. Ziur gaude borrokaren bidez bakarrik lortuko dugula guri aldarriei kasu egin diezaioten. Horrela, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok Legebiltzarraren aurrean mobilizatu gara, izan ere Legebiltzarreko Osasun Batzordean parte hartzeko eskaera erregistratu dugu. Gure aldarriei kasurik egin ezean, sindikatu deitzaileok ez dugu hurrengo asteetan mobilizazioa gogortzea baztertzen.

APNABI elkarteko langileek lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte

APNABI irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Bizkaian autismoa duten pertsonei laguntza emateaz arduratzen da, eta ematen diren zerbitzu gehienak Bizkaiko Foru Aldunditik (BFA) datorren diru publikoarekin finantzatzen dira. 350 langile ditu eta LABekoak dira enpresa-batzordeko ordezkari guztiak.

Mila egun baino gehiago daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta denbora horretan langileak ikusten ari dira nola ari den larriagotzen euren egoera ekonomikoa, hilabete amaierara iritsi ezin izateraino.

Azaroaren 21an eta 22an lanuzte eta mobilizazioak egin zituzten hitzarmen duina eskatzeko eta beste horrenbeste egin dute gaur, azaroaren 23an.

Hain zuzen ere, manifestazioa egin dute Bilbon, Jesusen Bihotzetik hasita, elkartearen egoitza nagusiraino, “APNABIk pobretu egiten gaitu, Aldundia konplizea” leloarekin.

Hamarnaka lantokiren aurrean mobilizatu gara, sektore publikoaren lan baldintzak berton erabakitzearen alde

“Sektore publikoan enplegu duina, eros ahalmena bermatu, berton erabaki” lelopean LABen daramagun mobilizazio dinamikaren barruan, hamarnaka mobilizazio egin ditugu Hego Euskal Herriko lantokietan. Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkaria Bilbon egon da, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean eta mobilizazioen zergatia zehaztu du: “Langile publikook geure lan baldintzak hemen erabakitzea, erosahalmena bermatuta izatea eta enplegu duina nahi ditugulako”.

Madriletik inposaketa baino ez dator, eta gure erakunde publikoak oso eroso daude inposaketa horiek aplikatzen. Baina Madrili men egite horren atzean, gure erakunde publikoko agintariek berton negoziatzeko duten borondate falta ezkutatzen da.

EAEko zein Nafarroako gobernuek, aldundiek, udaletxeek, eta beste hainbat erakundek, ez dute langileekin ezer adostu nahi. Lan baldintzak inposatzea da nahi dutena.

Nahikoa da! Euskal Langile publikook geure lan baldintzak berton negoziatzeko eskubidea dugu. Entzun dezatela argi eta garbi gure agintari politikoek.

Berton negoziatu geure enplegua hobetzeko eta egonkortzeko; erosahalmena bermatzeko; zerbitzu publikoak ez pribatizatzeko eta ez murrizteko, indartzeko baizik. Hau da, benetan kalitatezko zerbitzu publikoak izateko.

LAB enplegu eta zerbitzu publiko duinak lortzeko borrokarekin konprometituta dago, eta hauek defendatzeko borrokarekin jarraituko du. Dei egiten diegu gure erakunde zein alderdi politikoei konpromiso berdina hartu ditzaten, eta langile publiko guztiei helburu hauen aldeko borrokara batzeko.

Hamarnaka mobilizazio Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan

Araban, Amurrio eta Laudioko Udaletan eta Gasteizi dagokionez, Lakuan, Tuvisan eta Osakidetzako bulego nagusian egingo dira mobilizazioak. Bizkaian, Durango, Bilbo, Bermeo, Gernika, Ondarroa, Lekeitio, Galdakao, Arrigorriaga, Erandio eta Leioako udaletan mobilizatu da LAB; baita Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean ere. Gipuzkoan, Donostia, Pasaia, Oiartzun, Orereta, Ordizia, Tolosa, Andoainen eta Antzuolako udaletan eta Dbuseko hiriburuko kotxeretan. Eta Eibarren, Haurreskolak Partzuergoan. Azkenik,  Nafarroari dagokionez, Iruñean mobilizatuko da sindikatua, Gobernuaren Jauregiaren aurrean.

Patronalak ez du erakusten Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko borondaterik

Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaiaren bilera egin da, eta bertan izan gara, oraingoan ere, sektoreko langileen eskubideak eta hitzarmen duin bat aldarrikatzen. 18 bilera eta 6 greba-egun egin ondoren, FVEMek sektoreari mobilizatzen eta borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dio utzi. 

Lanuzteak deitu ditugu ALSEn, Mercabilbaoko sarreren kontrolaz arduratzen den enpresan

Mercabilbaoko sarreren kontrolaz arduratzen diren ALSE Servicios Auxiliares SL azpikontratako langileek nahikoa dela esan dute, eta mobilizazioei ekingo diete euren lan-baldintzen defentsan. Horrela, LABek, langileak antolatuta dauden sindikatuak, egunean 4 ordutako lanuzteak deitu ditu abenduaren 7an eta 9an, 04:00etatik 08:00etara, eta 6 ordutakoak abenduaren 23an eta 30ean, 03:00etatik 09:00etara.

Lehenik eta behin, enpresa publikoko langileek historikoki egiten zituzten funtzioak betetzen dituzte, baina lege- baldintza askoz okerragoekin.

Bigarrenik, lan egiten duten baldintza materialak jasanezinak bihurtu dira, batez ere ezarritako sistemen funtzionamendu txarrak eta egiten duten lanaren muturreko fiskalizazioak eragiten dituzten arrisku psikosozialen ondorioz.

Hirugarrenik eta azkenik, azken urtean, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa nola aldatzen zen ikusi dute, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatara kondenatuta egotera pasatuz.

Arabako metalgintzako hitzarmena sinatu dugu

Gaur, azaroaren 21ean, irailean aurreakordioa sinatu genuen sindikatuok, LAB, CCOO eta UGTk, SEArekin hitzarmena erdietsi dugu. Orain, Lan Delegaritzaren eskuetan dago, eta hurrengo asteetan argitaratuko da Arabako Aldizkari Ofizialean. Gogorarazi nahi dugu hitzarmenaren argitaratze momentuan dagoeneko sektorean ez dauden baina 2022an zehar Arabako metalgintzan lan egin duten langileei ere egokitu ahal zaiela bertan jasotakoa.

LABetik akordioan lortutakoaz berresten gara, sektorearen mobilizazioari esker lortu den akordio historikoa. Orain, enpresaz-enpresa berau lantzeko hautua egiten dugu, eta erronka horretan bidelagunak izateko gure prestutasun osoa eta zintzoa zabaltzen diogu sektoreari. Itxurakeria eta korporatibismoen gainetik, zuekin bagara!

Indarkeria matxistari aurre egiteko tresna eta protokolo eraginkorrak exijituko ditugu azaroaren 25ean

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Honen harira, LABetik gure irakurketa plazaratu dugu eta egun horretan egingo ditugun mobilizazioen ezaugarritzea jakitera eman dugu. Aurten ere badugu zer borrokatu. Emakumeok* lantokietan aske izateko eskubidea aldarrikatzearekin batera, protokoloak sustatu ditzaten eskatuko dugu enpresetan. Sindikatuak ere txapak sortu ditu, emakume* langileek soinean eraman ditzaten, “Lantokietan aske!” leloarekin.

Sistema kapitalista heteropatriarkalak indarkeria matxista erabiltzen du emakumeak* menpeko posizio batean mantentzeko, modu sistematikoan, baita lan munduan ere. Izan ere, gure lantokiak jendartearen isla dira: hierarkietan eta botere harremanetan oinarritzen den errealitatea,  generoen arteko desberdintasunak emakumeon diskriminazio iturburu bihurtzen dituena.

Indarkeria matxistak forma espezifikoa hartzen du lan munduan:

  • Nahiz eta gero eta eraso gehiago salatzen diren, indarkeria matxista ezkutuan geratzen da askotan, zigor eta mehatxuzuzen eta zeharkakoen ondorioz: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, jazarpen sexuala eta sexista…
  • Lantokiak indarkeria matxistarako leku “aproposa” dira, botere harreman ezberdinak gurutzatzen direlako, zapalkuntza ardatz bat baino gehiagok elkar zeharkatzen dute eta honek ahulezia eta babesgabezia egoera larriagoan jartzen ditu hainbat pertsona eta kolektibo.
  • Gainera, kapitalak, indarkeria matxista erabiltzen du doan egiten dugun lanaz jabetzekoeta, lan munduan, esplotazio hutsezko enpleguetara lotuta izateko, mehatxuen bitartez baldintza hobeak lortzeko protesta ez dezagun edo esplotazio hori salatu ez dezagun.

Ezkutuan mantenarazi nahi duten errealitate honen aurrean, LAB-etik hiru ideia azpimarratu nahi ditugu:

1. Protokoloak ezinbesteko tresna dira lantokietan indarkeria matxistari aurre egiteko.

Emakume eta gorputz identitate disidenteak zapaltzen dituen biolentzia sistemikoaren aurrean, babesgabe eta egoera hauei aurre egiteko tresnarik gabe aurkitzen gara gehienetan. Protokoloak dira sexuan oinarritutako jazarpenari eta sexu-orientazioan edo genero-identitate nahiz adierazpenean oinarritutako jazarpenari aurre egiteko ditugun tresnarik eraginkorrenak. Ezin ditugulako emakumeak* babesgabe eta bermerik gabe utzi indarkeria matxista salatzerako orduan, honetarako lantokietan sistematizatutako prozesuak eta protokoloak beharrezkoak dira.

2. Edozein neurri ez da nahikoa eta edozein neurrik ez du bermatzen lantokiak emakumeontzako* espazio libreak izatea.

Enpresa asko daude protokolorik ez dituztenak. Baina beste asko eta asko ere badaude indarkeria matxistaren kontrako edozein neurri hartzen dituztenak, inolako bermerik gabe. Guk horren aurrean protokolo eraginkorrak exijitzen ditugu:lanketa bat izango dutenak eta langileekin negoziatutakoak. Plantilla osoarentzat formazioan eta sentsibilizazioan oinarritutako protokoloak, ez legea nolanahi betetzeko neurri eraginkorrak, papera betetzeko. Protokolo errealak behar ditugu, indarkeria mota guzti horiek prebenitzeko eta aurre egiteko. Hauek langileen parte hartzearekin diseinatu behar dira, edukiak zabaldu, kontzientziazio lana egin, eta ondo aplikatu.

3. Borondate politiko falta nabaria da, enpresak eta erakundeak derrigortzeko protokolo eraginkorrak martxan jartzera.

Gaur egun indarrean dauden legedi guztien arabera, indarkeria matxistaren aurkako protokoloak ez dira derrigorrezkoak enpresa eta lantokietan: Indarkeria matxistarik gabeko lantokiak  ahalbideratzeko neurriak hartzea proposatzen du eta neuri hauek negoziatuak izan behar direla esaten badu ere, enpresak ez daude behartuak. Modu honetan enpresa bakoitzaren borondatearen esku utzita eremu honetan egin beharreko inbertsioak. Jarrera hauen atzean dagoen borondate politiko falta ere salatzen dugu.

Aberastasunaren banaketa, prezioen kontrola eta bizitza duinak aldarrikatuz kalera atera gara

“Pobretzeari STOP! Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, pentsionistekin eta beste hainbat eragile sindikal eta sozialekin batera.  Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinen alde irten gara kalera eta bizitzaren garestitzearen aurrean, aberastasunaren banaketa aldarrikatu dugu.

Euskal Herrian langileen erdia baino gehiago egoera prekarioan bizi da, enplegu duinik gabe eta 1.400 euro baino gutxiagoko diru-sarrerekin. Pentsionisten artean egoera ez da hobea, %34aren diru-sarrerak ez dira 1.000 eurotara iristen. Gero eta herritar gehiago dago pobrezian edo pobrezia arriskuan, nagusiki emakumeak. 

“Argazki hau ontzat eman da; langileon kontrako lapurreta eta aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan pilatzea ontzat ematea politika publiko klasisten ondorioa da” salatu du Bilbon, Garbiñe Aranburu LABeko Koordinatzaile Orokorrak, politika neoliberalak sortutako egoeran duten erantzukizuna seinalatuz.

Enpresarien mesedetan egina dagoen fiskalitatearen aurrean zerga-erreformaren beharra aldarrikatu du Aranburuk, hain zuzen ere, enpresaren irabaziak gehiago zergapetzeko: “Ez dago zerga politika birbanatzailerik, eta zerbitzu publikoen eraispena eta ahultzea ematen ari da”, gogorarazi du, izan ere, zerbitzu publiko asko pribatizatu dira, negozio bihurtu, bereziki zaintzaren eremuan. “Osasungintza publikoan ez dira profesionalak falta,  inbertsioak behar dira”, gehitu du. 

Erreformek prekaritatea legezko egin dutela eta, azken lan erreformarekiko kritiko agertu da LABeko bozemalea: “ez du eskubideak berreskuratzea ekarri”. 

Norabide aldaketaren beharrari azpimarra egin diote gaurko manifestazioen deitzaileek. Aranbururen esanetan, gobernu eta alderdi sistemikoen aldetik “ez dago ez erabakirik, ez borondate politikorik herritarren bizitza duinak erdigunean jarriko dituzten poltika pubilkoak bultzatzeko”. Edonola ere, horren aurrean argi du LABetk bidea: “antolakuntzak eta borrokak bakarrik lor dezakete egoera iraultzea. Asko dira aberastasunaren banaketa bidezkoagren alde borrokan ari diren sektoreak eta enpressetako langileak, eta kalean ere ari gara mobilizatzen”. Gaurko eguna, horren adibide. 

Gurean ere, hitzez ekiteko garaia!

Hemen da Euskaraldia eta LABek arduraz, gogoz eta emozioz ekin dio ariketari. Orain dela 20 baino gehiago LAB sindikatuak erabaki zuen sindikatuaren lan eta komunikazio hizkuntza euskara izango zela. Erabaki horren aurretik euskararen normalizazioan lan handia egina bagenuen, erabakiaren ostean EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri genuen martxan sindikatu barruko jardueran zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko. Eta horretan sakontzen jarraitzen dugu.

Lan munduan, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatze bidean urratsak eman izan ditugu ere. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko hizkuntza politika eraginkorrak behar ditugu eta horregatik, ELA eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, lankidetza iraunkor bat abiatu genuen.

Sindikatu barruan ere lan munduan hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu nahi ditugu eta sindikatu barruko prozesuetan eta lan munduan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egingo dugu.  

Horregatik, LABek, aurreko edizioetan bezala, Euskaraldiarekin bat egiten du eta horretan eragile aktiboa izatea erabaki du. LAB sindikatuko kideok, urte osoan zehar bezala, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 15 egunez, euskara erein egingo dugu kalean zein lanean, langileok euskararen erabileran hazteko.