2026-01-02
Blog Page 268

Gaur LABeko bi kide deklaratzera deituak izan dira Gipuzkoako Helduen Egoitzetako grebetan errepide mozketa batean parte hartzeagatik

Argi diogu Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Helduen Egoitzak kudeatzen dituzten Patronalak direla epaituak izan behar luketenak, egoilarren eta sektoreko langileen eskubideen urraketa etengabeagatik, Covid-19aren izurritearen aurrean erakutsi duten arduragabekeria eta bihotzgabetasunagatik; haiek dira gertatutako guztiaren arduradun eta erantzule nagusiak.
Langile borroka kriminalizatzeko beste saiakera baten aurrean gaude.


LAB kontrabotere sindikatua da eta gure sindikalismo borrokalaria ez da ez instituzio ez patronalen gustokoa. Are gehiago, sindikalismo feminista da gurea, sektore feminizatuak, ertzerara eramanak izan diren funtsezko lanak aitortu eta emakume langile horien aldarrikapenak erdira ekartzeko lanean dihardu LAB, eta, emakume langileen borroka jo-puntuan dutela ere salatu nahi dugu gaurkoan.


Eta badira arrazoi gehiago ere, orokorragoak, saiakera hauen guztien atzean: borroka sozio-sindikala itzali, isildu nahia, noiz eta lantokietako borrokak ugaritzen ari direnean; langile borrokari galga jarri nahian dabiltza. Atxiloketek, jipoiek, isunek eta identifikazioek ez dute langile borroka geldiaraziko.


Lan eta bizitza duinaren aldeko borroka ez da delitua. Gaur ez dira soilik LABeko bi kide auziperatzen, euren lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea erabaki duten Helduen Egoitzetako milaka langile epaitzen ari dira. Prekarietatera kondenatu nahi dituzten instituzioen eta patronalaren aurrean planto egiten duten langileen kontrako erasoa da.
Eserialdian, okupazioetan, grebetan zein gehiegizko zerbitzu minimoengatik lan zentro barrutik borrokatu duten Gipuzkoako Helduen Egoitzetako langile guztiei hurrengo mezua helarazi nahi diegu: Borroka sindikala zigortzen duten bakoitzean elkartasunez erantzungo dugu, hortaz jarraitu dezagun indarrez kaleak astintzen, ekintza sindikala langileon eskubide eta interesak defendatzeko tresna baliotsua da. Defenda dezagun.


Borrokan jarraituko dugu. Langileen defentsan, lan eskubideen defentsan, sektore feminizatuek dituzten aldarrikapenak erdigunean jartzeko borrokan, LABen sindikalismo borrokalaria aktibatuz, garaipenak lortzeko borrokan.


Horregatik, Helduen Egoitzetako langileen lan baldintzak duintzeko oinarrizko aldarrikapen hauek mahaigaineratu nahi ditugu:


1-Herrialdeko hitzarmen bat sektoreko lan baldintzak berdindu eta hobetzeko.

2-Ratioak handitzea, lan baldintzak ez ezik zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. ¼. Langile bat lau egoiliarreko.

3-Pribatizazioarekin amaitzea. Diru publikoz finantzatutako zerbitzu publiko batean lan egiten duten langileen azpikontratazio eta prekarietatearekin amaitzeko.

GORA EMAKUME LANGILEEN BORROKA!!!

Lanuzteak Euskal Trenbide Sarean erosahalmena bermatzea eta langile guztien lan baldintzak hobetzea eskatzeko

Urtebete baino gehiago luzatzen ari diren negoziazioen ondoren, Euskal Trenbide Sareak –Eusko Jaurlaritzak sortu zuen erakunde publikoa da- ez du akordiorik lortu nahi, beraz, LAB eta ELAk (gehiengoa dugu enpresa batzordean) lanuzteak iragarri ditugu linea guztietan.

Sindikatuok ez dugu baztertu protesta indartzea, baldin eta enpresak ez baditu aintzat hartzen langileen aldarrikapenak. Lanuzteen deialdia egin dugu Euskotrenen egoitzaren aurrean hainbat elkarretaratze egin ondoren, Gipuzkoan zein Bizkaian. Lanuzteak ordutegi hauetan egiten ari dira: 01:00etatik 03:00etara; 10:00etatik 12:00etara; eta 20:00etatik 22:00etara.

Lan ikuskaritzak Hermanos Echevarria Idoeta, S.A. enpresa prebentzio-neurrien faltagatik zigortzea #LortuDugu

Lan ikuskaritzak bi zigor larri eta prestazioen % 30eko errekargua jarri dizkio Berriatuan kokatuta dagoen Hermanos Echevarria Idoeta, S.A. kontserba-enpresari, prebentzio neurririk ezagatik eta bertako langile batek izan zuen istripuagatik. Joan den 2022ko maiatzean, kontserba-enpresako langile batek istripua izan zuen karga-jasogailu batekin, eta ondorioz, lesio handiak izan zituen eta oraindik sendatzen ari da.

Karga-jasogailuak katigamendu mekanikoko gailu bat zuen, eta karga-jasogailua dagokion solairuan ez badago, atea ez da irekitzen, blokeatuta geratzen da. Baina karga-jasogailuak huts egin zuen egun batzuk lehenago, eta ez zen ezer egin. Istripuaren egunean, atea blokeatzeko katigatze horrek ez zuen behar bezala funtzionatu, karga-jasogailua 0 solairuan egon ez arren atea ireki egin baitzen.

Lanaren antolaketa txarra eta oinarrizko mantentze prebentiborik eza dira istripu horren arrazoiak, eta erraz ekidin zitekeen. Izan ere, lan ikuskaritzak berak egiaztatu du enpresak adierazten duela karga-jasogailuak ez zuela inolako prebentziozko mantentze-lanik egiten, eta ez zuela betebehar horren berri.

Baina istripuaren ondoren, karga-jasogailua mantentzeko kontratua egin da enpresa batekin. Konponketak egin zituen enpresa bera da, eta segurtasun-frogagiri berriak sartu zituen. Beti bezala, enpresek berandu jarduten dute, langileok osasuna galdu dugunean.

2017ko ebaluazio bat zegoen, ez zegoen lanpostuaren arrisku espezifikoei eta enpresako arrisku orokorrei buruzko prestakuntzarik, eta ez dago ohiko lanposturako gaitasun-ziurtagiririk. Gainera, karga-jasogailua fabrikatzaileak kontraindikatutako kontuetarako erabiltzen zen, eta ateak blokeatzeko sistemen funtzionamendu desegokiagatik eta mantentze-faltagatik prebentzio-araudiaren bi arau-hauste larri ekarri ditu horrek. Eta prestazioen % 30eko errekargu-proposamena egin da, langileak jasandako osasun-kalteen eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legeria haustearen arteko kausalitate-harremanaren ondorioz.

Enpresetako prebentzio faltak, lanaren antolaketa txarrak eta utzikeriak gaixotasuna eta heriotza dakarzkie langileei. Horregatik, lanean jarraituko dugu lanpostuetan osasuna gal ez dezagun eta gertatuz gero arduradunek ordaindu dezaten.

Historiatik ikasi behar da, eta langile bakar batek ere ezin du osasuna eta bizitza galdu lanera joateagatik.

Garbiñe Aranburu: “Langileak aktibatu eta antolatzea behar-beharrezkoa den honetan, borroka ziklo berria martxan jartzeko apustua egin dugu”

LABeko koordinatzaile orokorra ETB1 telebista kateko “Egun On Euskadi” saioan izan da gaur goizean. Odei Esnaolak luzatutako galderei erantzunez, sindikatuak aurten hainbat sektoretan abian jarriko dituen mobilizazio dinamikak nabarmendu ditu, besteak beste. Izan ere, langileok bizi dugun krisia egiturazkoa dela gogorarazi du, baita azkenaldian geroz eta modu gordinagoan azalarazi dela ere, bizitzaren garestitzea edota zerbitzu publikoetako murrizketak tarteko.

Bizkaiko metalgintzan puri-purian dagoen borroka edota gaur bertan Ipar Euskal Herrian erretretaren erreformaren aurka egindako greba ere izan ditu mintzagai Aranburuk. Azken horri lotuta, azpimarratu du pentsioen arloan ere “beste erasoaldi baten aurrean” aurkitzen dela langile klasea.

Hemen ikus daiteke elkarrizketa osorik (43:00 minututik aurrera): https://www.eitb.eus/eu/nahieran/bideoa/212786/

LABen Youtube-ko kontua hackeatua izan da

LAB sindikatuaren Youtubeko kanala hackeatua izan da eta une honetan geurea ez den edukia du. Arazoa konpontzen ari gara. Luze gabe berriro martxan izango dugulakoan, barkatu erazgozpenak.

Erretiro pentsioen erreformaren aurka greba egin dugu Ipar Euskal Herrian

Macronen gobernuak iragarritako neurrien aurka 13.000 pertsonatik gora atera dira kalera gaur Ipar Euskal Herrian, LABek eta intersindikalak deitutako greban. Mobilizazio nagusia Baionan egin dute, geltokitik abiatuta, eta bertan interes kapitalistei baino erantzuten ez dien gobernu liberalaren hautu politikoa salatu dute.

Erreforma honek, izan ere, erretiroa hartzeko legezko adina 62 urtetik 64ra luzatzea aurreikusten du, baita hemendik 2027ra kotizazio denbora 43 urtera igotzea ere. Horrek, beraz, denbora-tarte luzeagoan zehar lan gehiago egin behar izatea ekarriko luke, tarte laburragoan eta gutxiago kobratzearekin batera. “Erretreta erreforma onartezina da”, adierazi du Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuaren bozeramaile den Argitxu Dufauk: “Azken finean beti egokitzen zaigu langileoi faktura ordaintzea, eta bitartean, aberatsak ez dira inoiz horren aberats izan”.

Izan ere, gaurkoan gogorarazi dugun bezala, banaketa sistema ez dago arriskuan, gaur egun soberakinak eragiten baititu. Are, defizitarioa balitz ere, dirua dagokion lekutik eskuratu eta modu justuan birbanatu beharko litzateke. Itzulitako dibidenduek gailurra jotzen dutenean gehiegizko irabaziak zergapetu behar dira, eta soldatak eta kotizazioak areagotu, zerga iruzurraren aurka borrokatzearekin batera. Horrez gain, noski, gizonen eta emakumeen arteko soldata berdintasuna baldintzarik gabe ezarri behar da.

Honen guztiaren harira, LABek honako exijentzia hauek plazaratu ditu gaur: 37,5 urteko kotizazioa 60 urteko erretretarako, eta gutxieneko pentsioa behintzat gutxieneko soldataren pare egon dadila; ikasketa urteak aintzat hartzea; patronalari eskainitako opari fiskalen amaiera; soldaten igoera, eta bertako negoziazio eremuak aurrera eramatea.

Dufau pozik azaldu da greba deialdiak izandako erantzunarekin, eta adierazi du aurrerantzean mobilizazio dinamikek jarraitu egingo dutela, “borroka molde osagarriak” asmatu beharraz batera.

Arabako esku-hartze sozialeko III. hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Udan lortutako aurreakordioan, negoziazioan zehar aldarrikatutako KPIaren bermea izan den aldarrikapen nagusiena jasotzen zuen testua sinatu genuen. Harrezkero, konplikatuegiak izan diren bilera ugari egin ditugu eta azkenean, gaur sinatu dugu hitzarmena. LABentzat, lehenik eta behin, azpimarratu beharrekoa da, sektoreko langile eta sindikatuko kideek bi urte hauetan egin dituzten 3 greba eta hamaika mobilizazioen emaitza direla akordioak jasotzen dituen hobekuntza guztiak.

Edukei erreparatuta, langileen aldarrikapen izan diren hainbat hobekuntza jasotzen ditu hitzarmenak; %12,9ko soldata-igoera hitzarmenaren indarraldiko lau urteetan eta KPIaren eguneratzea hitzarmenaren iraunaldiaren bukaeran, 30 orduko lanaldi murrizketa iraunaldi osoaren zehar, antzinatasun plusaren igoera eta igande eta gaueko plusen arteko bateragarritasuna, zaintzagatiko lanaldi murrizketen metatzeko eskubidea edota 2 urtez lanpostua gordetzea zaintzagatiko eszedentzietan.

Hauetaz gain, badira beste hainbat hobekuntza hitzarmenaren edukietan. Beraz, ukaezina da, testuak sektoreko lan-baldintzak hobetzen dituen akordioak jasotzen dituela.

Funtzio soziala betetzen duten gizarte erakundeez osatutako patronal zurrun baten aurrean topatu garela adierazi nahi dugu. AISAk, negoziazioak iraun dituen bi urte luze hauetan, ohiko patronal baten jarrerak izan ditu. Sektoreko lan baldintzen hobekuntzen aldeko eta egungo gizartearen aniztasunari egokituak dauden proposamen ugari onartzeari uko egin dio “patronal sozial” honek. Are gehiago, kontratazioari dagokionez, AISAren asmo prekarizatzaileak, estuki zainduko ditugu LABetik.

Bi urte hauetan egindako borrokarekin egiaztatu dugun moduan, ezinbestekoa da sektorea antolatua egotea. Zentzu honetan, LABeko kideok, negoziazio mahaian zein kalean, proposamenak egiteko eta aurrera eramateko adierazi dugun prestutasuna nabaria izan da. Gure oinarri den afiliazioaren presentzia, sektorean duen ordezkaritza baino handiagoa izan da egindako borroketan.

Egin dugun lana balorean jartzeko unea da eta zentzu honetan, LABen sektoreko gehiengo sindikalak iraultzeko lan egiten jarraituko dugu eta langileen beharrez erantzukizunez jarduteko.

LAB sindikatutik langileei helarazi nahi diegun mezurik garrantzitsuena da borrokak merezi duela. Sektoreko langileek egindako greba zein mobilizazioek eragin zuzena izan dute negoziazio prozesuan, eta hori da hain zuzen ere gauzatzen dugun eredu sindikalaren oinarria. Zuekin bagara!

Gora langileon borroka! Eta gaur ere, gora Arabako esku-hartze sozialeko langileeen borroka.

SMN sindikatuak defendatzen dituen medikuen esklusibotasuna kentzearen aurka agertu gara

Gogoan izan behar dugu PSN prest dagoela hori gauzatzeko, baldin eta grebarako deialdia bertan behera uzten badute. LABen ustez, profesional kopuru txiki bati mesede egiteko neurria da, eta zerbitzu publikoak pribatizatzeari ate onartezina irekitzen dio.

Pertsonal fakultatiboaren esklusibotasuna ezabatzeari buruzko eztabaidak, egoitza parlamentariora iritsi denak, argi uzten ditu Espainiako Estatuan orokortu den neurri baten atzean ezkutatzen diren interesak. Hiru erkidegok jarraitzen dute esklusibotasuna mantentzen: Nafarroa, Galizia eta Asturias; eta eztabaida beste erkidego batzuetan zabaltzen ari da, EAEn adibidez.

Neurri horrek 50 profesional ingururi eragingo lieke une honetan; hala ere, sektore eta kolektibo batzuek interes handiak dituzte, eta horiek gainerako langile fakultatiboen lan- eta antolamendu-hobekuntzen gainetik jartzen ari dira aldarrikapen hori.

Errebindikazio horiek esklusibotasuna ezabatzea aurreikusten dute, profesional batzuek beren jarduera osasun publikoan eta pribatuan uztartu ahal izan dezaten, esklusibotasun-osagarria jasotzeari utzi gabe. LAB sindikatuaren ustez, neurri horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake osasun-zerbitzu publikoetan, beste erkidego batzuetan frogatu den bezala. Ezin da osasun publikoa defendatzeko diskurtsorik erabili eta, bien bitartean, neurri pribatizatzaileak erraztu.

Horren adibide garbia da eremu publikoan lan egin dezaketen eta egiten duten espezialitateak, aldi berean kontsulta pribatuetan jarduten dutenak. Tamalez, oro har, bat datoz itxaron-zerrenda handiena duten espezialitateekin. Osasunbidean badaude bi jarduerak bateragarri egiten dituzten zuzendari medikoen eta zerbitzuburuen kasuak.

Osasun publiko eraginkorra bermatzeko, langile guztien lan- eta ordainsari-baldintzak hobetu behar dira.

Gure sindikatuak gogorarazi nahi die eragile politikoei Nafarroako osasun publikoaren egoera delikatua dela, funtsen hornidura eta kudeaketa lehiakorra eta eraginkorra behar baititu. Ez da neurri korporatibista eta pribatizatzaileetan erori behar, profesional gutxi batzuei bakarrik egiten baitiete mesede. Neurri horiek ez dira bidezkoak, onartezinak dira, negoziazio-mahaietatik kanpo tratatzen ari dira, eta langileen artean ezinegona sortzen dute.

Suhiltzaileen EPEaren lehenengo azterketaren ebazpenaren aurka helegitea tarteratu zutenek hirugarren azterketan parte hartu ahal izatea #LortuDugu

Gaur egin da suhiltzaileen EPEaren hirugarren azterketa, Arkauteko Akademian. Bertan egon gara hautagaien aurkezteko eskubidea gauzatzen zela bermatzeko. Izan ere, hasiera batean, Arkautek debekatu zien helegiteak aurkeztu zituzten hautagaiei azterketa honetan parte hartzea.

Suhiltzaileen kolektibotik erakutsitako mobilizatzeko gaitasunak eta presio sindikalak, ehunka helegite aurkezteko laguntza emanez, eta kautelazko neurri bezala azterketara aurkeztu ahal izatea eskatuz, eskubide hori onartzera behartu du Arkaute.

Horren ondorioz, kautelazko neurriak eskatu dituzten hautagai guztiek, azterketa egin ahal izan dute. Langileen presioak eta ekintza sindikalak emaitza izan du, lortu dugu!

Txapuza izaten ari den EPE honen aurka jarraituko dugu borrokatzen!