2026-10-31
HomeEkintza PolitikoaErretiro pentsioen erreformaren aurka greba egin dugu Ipar Euskal Herrian

Erretiro pentsioen erreformaren aurka greba egin dugu Ipar Euskal Herrian

Macronen gobernuak iragarritako neurrien aurka 13.000 pertsonatik gora atera dira kalera gaur Ipar Euskal Herrian, LABek eta intersindikalak deitutako greban. Mobilizazio nagusia Baionan egin dute, geltokitik abiatuta, eta bertan interes kapitalistei baino erantzuten ez dien gobernu liberalaren hautu politikoa salatu dute.

Erreforma honek, izan ere, erretiroa hartzeko legezko adina 62 urtetik 64ra luzatzea aurreikusten du, baita hemendik 2027ra kotizazio denbora 43 urtera igotzea ere. Horrek, beraz, denbora-tarte luzeagoan zehar lan gehiago egin behar izatea ekarriko luke, tarte laburragoan eta gutxiago kobratzearekin batera. “Erretreta erreforma onartezina da”, adierazi du Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuaren bozeramaile den Argitxu Dufauk: “Azken finean beti egokitzen zaigu langileoi faktura ordaintzea, eta bitartean, aberatsak ez dira inoiz horren aberats izan”.

Izan ere, gaurkoan gogorarazi dugun bezala, banaketa sistema ez dago arriskuan, gaur egun soberakinak eragiten baititu. Are, defizitarioa balitz ere, dirua dagokion lekutik eskuratu eta modu justuan birbanatu beharko litzateke. Itzulitako dibidenduek gailurra jotzen dutenean gehiegizko irabaziak zergapetu behar dira, eta soldatak eta kotizazioak areagotu, zerga iruzurraren aurka borrokatzearekin batera. Horrez gain, noski, gizonen eta emakumeen arteko soldata berdintasuna baldintzarik gabe ezarri behar da.

Honen guztiaren harira, LABek honako exijentzia hauek plazaratu ditu gaur: 37,5 urteko kotizazioa 60 urteko erretretarako, eta gutxieneko pentsioa behintzat gutxieneko soldataren pare egon dadila; ikasketa urteak aintzat hartzea; patronalari eskainitako opari fiskalen amaiera; soldaten igoera, eta bertako negoziazio eremuak aurrera eramatea.

Dufau pozik azaldu da greba deialdiak izandako erantzunarekin, eta adierazi du aurrerantzean mobilizazio dinamikek jarraitu egingo dutela, “borroka molde osagarriak” asmatu beharraz batera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....