2026-01-01
Blog Page 257

Enpresa transnazionalak kontrolatzeko eta giza eskubideak defendatzeko euskal zentroa sortzea aldarrikatu dugu

Ostegun honetan, otsailaren 23a, “Euskal Herriak Kapitalari Planto!” plataforman parte hartzen dugun nazioarteko elkartasuneko beste sindikatu- eta gizarte-erakunde batzuekin batera, elkarretaratzea egin dugu Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, Enpresa Transnazionalen eta Giza Eskubideen Euskal Zentroa sortzea aldarrikatzeko.

Plataformako kideok Ez Legezko Proposamen bat aurkeztu dugu Eusko Legebiltzarrak iritzia eman dezan oligopolio eta enpresa transnazional handiak babesten jarraitzeko edo naturaren eta herrien eskubideak babesteko. Horretarako, premiazkoa da euskal enpresa transnazionalek atzerrian dituzten jarduerak eta eraginak arautzea, baita Euskal Herrian jarduten duen atzerriko kapitalarenak ere.

Kapital-errentak lan-errenten kaltetan handitzearen aurrean, botere korporatiboaren zigorgabetasunaren eta enpresen arbitrariotasunaren aurrean, enpresen erantzukizunari buruzko funtsezko parametroak zehazteko eta, kasu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruan aplikatutako arau-formulak garatzeko gai den euskal zentroaren alde egiten dugu.

Zentro anitza behar dugu, elkar lanean eta eztabaida sozialen oinarritua, indarrak batzeko enpresa-batzordeen, ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen, ETEen, saltoki txikien, gizarte-mugimenduen, sindikatuen eta lurraren eta lurraldearen aldeko sareen artean, besteak beste. Egitura publiko-sozial bat, gure lurraldearen zati batean negozio-bolumen handia duten transnazionalen nazioarteko jarduketei buruzko kontuak emango dituena.

Giza eskubideen defentsa negoziaezina aldarrikatzen dugu, interes korporatiboen gainetik. Aski da espolioa, arpilatzea, aliantza publiko-enpresariala eta asimetria normatiboak, non pertsonen bizi eta lan baldintzak gero eta baztertuagoak dauden. Enpresa transnazionalen aurrean, kontroleko euskal zentroa orain!

Beste 10 eguneko greba deialdia egin dugu Bizkaiko nagusien egoitzetan

Helburua da Foru Aldundiari zaintzak kudeatu eta zerbitzua eskaintzeko eredu berri bat eskatzea, lan-baldintzen parekatzea eta ratio duin bat ekarriko lituzkeena.

“Aldundiak egoitzak kudeatzeko duen pribatizazio-politika horrek sakondu besterik ez du egiten instituzioek egoitzetako zaintza-langileei ematen dizkieten tratu txarretan”, salatu du LAB sindikatuak gaur egindako agerraldian.

LABek langileei borrokarako proposamena, bizi duten egoera salatzeko eta horren aurrean mobilizatzeko esparruak eskaintzen jarraitu nahi du. “Gaur, berriz ere, borrokarekin jarraitzera behartuta gaude”, adierazi dute: “Langileen egoerak okerrera baino ez du egin, eta Bizkaiko Aldundia zein patronala jotzen ditugu erantzule zuzentzat. Zaintzak ezin du negozio izaten jarraitu, gutxi batzuk aberasten diren bitartean beste asko pobretzen garelako. Langileen eta egoiliarren egoera jasanezina da, eta egungo ratioak ankerrak dira”.

Patronalek eta Aldundiak negoziatzeko borondaterik ez dutenez, mobilizatzeko beharra azpimarratu dute. “Gure lan-baldintzak sektore publikoko langileenekin parekatzea, gure lan-karga nabarmen murriztuko duen ratio duina eta sektorearen pribatizazio bortitza geldiaraztea” lortu nahiko lukete indarrak batzeko eta mobilizatzeko gaitasunaren bitartez.

Patronalaren eta Aldundiaren negoziatzeko borondate ezaren aurrean, eta iazko mobilizazio eta greben ondoren, LABek borroka-ziklo berri bati ekingo dio. Ziklo berri hau martxotik maiatzera luzatuko da.

Greba-egunak


Lehenengo greba eguna martxoaren 8a izango da. “Nagusien egoitzetan lan egiten dugun pertsona gehienak oso lan-baldintza txarrak ditugun emakumeak gara; beraz, argi eta garbi esan dezakegu Bizkaiko Foru Aldundiak, pertsonen zaintzan funtsezkoa den sektorea pribatizatzen duen politikarekin, boteretik langileak esplotatu eta gaizki tratatzen dituela”, azaldu du sindikatuak. Gaineratu dutenez, erakunde horrek bere erantzukizuna saihestu eta egoitzen kudeaketa esku pribatuetan uzten dute, eta enpresa horien helburu bakarra dirua irabazten jarraitzea da.

Bigarren greba apirilaren 3tik 5era izango da. Hiru egun horietan, Kalbarioko martxa egingo dute; langileek bizi duten egoeraren errudun diren patronal eta erakundeak interpelatuko dituzte oinezko ibilbidean.

Hirugarren lanuzte-deialdia, berriz, maiatzaren 15etik 20ra artekoa izango da. Greba-egun horietan, langileek txandakako baraualdia egingo dute jasaten dituzten baldintzak salatzeko.

Ziklo berri honen helburuak hauek dira:

– Bizkaiko egoitzetako langileak aktibatzea, batzea, hauspotzea eta laguntzea.
– Bizkaiko Aldundiari eta patronalari presioa egin eta salaketa areagotzea.
– Ematen dugun zerbitzua publifikatzearen beharra agenda sozialean txertatzen laguntzea.

Gaur, berriz ere, Sergio Murillori eta sektoreko enpresei esan nahi izan diete nazkatuta daudela nagusien duintasunarekin eta beharginen lan-baldintzekin negozioa egiten dutela ikusteaz.

“Inork ezin du zalantzan jarri zerbitzu publiko bat ematen dugula, funtsezko langileak garela. Patronalak eta Aldundiak uko egin diote negoziatzeari eta sektore-hitzarmenaren mahaia blokeatu dute”, adierazi dute. Bada, horren guztiaren aurrean honako eskubide hauek eskatu dituzte, besteak beste:

“- Benetako urratsak soldatak GUFErekin parekatzeko bidean. Gure lan berdina egiten duen langile publiko batek baino % 50 gutxiago kobratzen dugu. Horri gehitu behar zaio azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez, hilean 300 euro inguru pobreagoak garela.

– Gure lan-bizitzaren azken urteei, 55 urtetik aurrera, aurre egiteko neurriak: konpentsatutako murrizketak, erretiroak erraztea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…

– % 100eko baja-osagarria.

– Bajen ordezkapenak lehen egunetik.

– Laneko osasunari buruzko neurri errealak, besteak beste arrisku psikosozialei buruzkoak

– Zainduen eta langileen duintasuna bermatzeko ratioak ezartzen dituzten neurriak”.

LABek aurreko greba-zikloan alderdi politiko guztiei aurkeztu zien ratioen proposamena garatu du, baina, azaldu dutenez, orain arte ez dute izan hitz onetatik haratago doan erantzun zehatzik. Egungo ratioen aurrean, LABek gutxieneko ratioen proposamena helarazi du, egoitzak humanizatu daitezen. Besteak beste, neurri hauek proposatzen dituzte:

– Gaueko ratioa izatea 2 gerokultore/zaintzaile 15 egoiliarreko.

– Eguneko ratioa izatea gerokultore/zaintzaile bat 4 egoiliarreko.

– Erizaintza-zerbitzua egotea 24 orduz, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliarreko.

Neurri horiek hartzeko, Aldundiaren eta enpresen borondatea baino ez da behar, sindikatuaren esanetan: “Adibidez, lau egoiliarreko zaintzaile bat egotearen neurriak 3.300 lanpostu berri inguru sortuko lituzke, eta Aldundiak 24 euro inbertituko lituzke eguneko egoiliar bakoitzeko”.

LABek uste du borroka honetan aliantzak ezinbestekoak direla, bai sindikatuenak, bai mugimendu sozialenak. Aliantza sozialei dagokienez, zaintza-zerbitzu publikoen egungo eredua aldatzeko borrokan ari diren sektoreekin lan egiten eta espazioak partekatzen saiatuko dira. Gatazka honi zentraltasun soziala ematen lagundu nahi dute, jendarte osoari eragiten dion xedeari ekarpena egiteko asmotan.

Makina arriskutsuek hiltzen dute, araudia betetzen ez dutelako

Goizean jakin dugunez, atzo Arrigorriagako Conformados FACME enpresan, 51 urteko langile bat pieza batek kolpatua hil zen. Beraz, 2023 honek dagoeneko 8 hildako langile utzi ditu Euskal Herrian; izan ere, gaur bertan Donibane Lohitzunen irakasle bat hil da bere lanpostuan.

Arrigorriagako istripuaren ezaugarriak aztertuta ulertu daiteke, enpresak makinen araudia ez betetzeagatik hil dela langilea. Izan ere, prentsa baten manipulazioan pieza bat jaurtikita ateratzeak segurtasun bitartekoen falta adierazten du. Makina batek eragiten dituen arrisku guztiak aurreikusirik egon behar dute eta arrisku horietako bakoitzarentzako neurriak hartu behar dira. Makina guztiek bete behar dituzte printzipio horiek, eta euren ekoizpena zaharra izanik ere, egokitu egin behar dira. Hau enpresariaren ardura da eta horrela dago adierazita araudian.

Hau horrela izanik ere, jakin badakigu Euskal Herriko industrian, oro har, makina gehienek ez dutela segurtasun araudiarekin betetzen eta langileok pairatzen dugun arrisku horiekiko esposizioa ohikoa dela. Hau gertatzearen arrazoia sinplea da, patronala ez du inork kontrolatzen. Lan osasunerako araudia ez dio inork betearazten; izan ere, horren eskumena eta betebeharra Jaurlaritzak izan arren, ez du gauzatzen. Aste honetan bertan salatu dugu lan istripu gehienak isunik gabe geratzen direla eta honen atzean erabaki politikoa dagoela.

Errealitate honek lanpostu arriskutsuak eta prekarioak sortzen ditu, patronalak kontrolik gabe jarduten duelako kapitalismoa muturreraino eramanaz, administrazioaren konplizitatearekin.

Egoera hau salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, heriotza honen aurrean egingo diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Pineko enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du ostiralean, astelehenean Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian izandako istripu larria salatzeko

Joan den astelehenean, otsailaren 20an, Pine Instalaciones y Montajes enpresako bi langilek istripu bat izan zuten Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian, eta ondorio oso larriak izan zituen bietako batentzat. Istripua salatzeko, Pineko enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du ostiralean, otsailaren 24an, 14:00etan, enpresak Zamudioko Ugaldeguren II industrialdean duen egoitzaren aurrean.

Larrien zauritutako langilea Gurutzetako Ospitaleko erredura larrien unitatean dago, eta esan dietenaren arabera, ez dago bizia galtzeko arriskuan, baina istripuak ondorioak utziko dizkio, eta sendatzeko prozesua luzea eta zaila izango da. Beste langileak zorte handiagoa izan zuen, sendaketak fabrikan egin ahal izan baitzitzaizkion, eta mutualitatetik igaro ondoren etxera bidali baitzuten.

Pine Instalaciones y Montajes enpresako batzordeak istripu hori salatu nahi izan du, baita segurtasun-batzordeari gertatutakoaren berri eman ez izana ere, beste kanal batzuetatik izan baitute gertatutakoaren berri. Halaber, gertatutakoa argitzeko ikerketa sakona egiteko, batzorde gisa egindako urrats guztietan presente egoteko eta gertakari horiek errepika ez daitezen prebentzio- eta prestakuntza-neurriak hartzeko eskatu dute.

Argitu dute, zoritxarrez, istripu larri bat baino gehiago izan dutela dagoeneko, eta heriotza ekarri duenik ere bai tartean.

Jazotako istripua salatzeko eta bi lankideei elkartasuna adierazteko, datorren ostiralean, 14:00etan, Zamudioko Ugaldeguren II industrialdean egingo den elkarretaratzera deitu dute.

Amaitzeko, istripua izan dutenei babesa adierazi nahi izan diete, bai eta haien senideei, lagunei eta lankideei ere, eta azkar osatzea opa diete.

Greba deialdiak Envasesen, hitzarmenaren defentsan

Laudion kokatutako lantegiaren enpresa-batzordea, LABek ordezkatua, hitzarmen kolektibo berria negoziatzen ari da. Joan den urtarrilean bilerak hasi ondoren, batzordeak plataforma bat aurkeztu zuen, langileen eskaerak eta negoziazio-ildoak jasotzen zituena.

Hitzarmena negoziatzen hasi aurretik, plantillarekin batera gutxieneko batzuk ezarri genituen negoziazio berri honetarako. Gutxieneko horien artean daude soldata-bermea eta antzinatasuna nahiz lanbide-kategoria bezalako eskubideen bidez sortu den soldata-eskala bikoitza konpontzea. Hasieratik argi utzi genuen puntu horiek ezinbestekoak zirela etorkizuneko hitzarmen bat sinatzeko. Aitzitik, enpresak aldarrikapen horiek jasotzen ez zituen plataforma batekin erantzun zuen, eta, gainera, jada lortutako lizentzietan eta eskubide sozialetan atzerapen garrantzitsuak planteatzen zituen.

Horregatik guztiagatik, gaur egindakoarekin batera, otsailaren 28rako eta martxoaren 2rako, 7rako eta 9rako 24 orduko lanuzteak deitu ditugu. Izan ere, enpresak une honetan planteatutako atzerapauso batzuk kendu baditu ere, oraindik ez ditu bermatu eskatutako gutxienekoak.

Mezu argia helarazi nahi dugu negoziazio honi begira; izan ere, Envaseseko langileok aurrera egin nahi dugu momentuz konponbiderik gabe arrastaka daramatzagun lan-baldintzak hobetuko dituzten alderdiak konpontzen. Horrez gain, ondare duina utzi nahi diegu etorkizunean Envasesen lanean hasten diren langile guztiei.

Lan berdinagatik berdin kobratzea eskatu dugu, soldata arrakalaren aurkako egunean

Gizon eta emakumeen* arteko soldata arrakalaren kontrako egunean, mobilizazioak egin ditugu Bilbon, Jaurlaritzatik Confebask patronalaren egoitzaraino, eta Iruñean, Parlamentuaren aurrean “Lan berdina, soldata (des)berdina” lemarekin. Bilbon, 9 minutuz blokeatu dugu Confebask-en sarrera, soldata arrakala %90eraino iristen dela salatzeko. Iruñean, pankarta bat zintzilikatu dugu.

Maddi Isasi Idazkari Feminista Bilbon egon da, eta salatu du lan beragatik eta balio bereko lanagatik ez dela berdin kobratzen gaur egun Euskal Herrian, lan berdinagatik soldata desberdina aldarrikatuz. Soldata arrakala egiturazkoa dela adierazi du Isasik: “Soldata arrakala datu ofizialek esaten diguten baino askoz altuagoa da, sektore feminizatu eta maskulinizatuen artean egiten badugu konparaketa, kasu batzuetan %90era iristen baita”. Adibide zehatzak ere jarri ditu.  Gipuzkoan, eraikuntzako biltegiko peoiak, helduen egoitzetako pareko kategoria duen langile batek baino %90,30 gehiago kobratzen du. Beraz, ia ia soldata bikoitza du. Nafarroan, metaleko peoi arruntaren soldata, helduen egoitzatako kategoria bereko langilearen soldata baino %81,45 handiagoa da.

“Hori sexuaren araberako lan banaketa bat dagoelako gertatzen da”, gaineratu du Isasik, “enpleguak eta lanak nork egiten duen arabera baloratzen dira eta ez lan horren edukien arabera. Horrela emakumeok* egiten ditugun lanei balio sozial, ekonomiko eta politiko gutxiago aitortzen zaie, debaluatuak daude”.

Iruditegi horrekin apurtu nahia ere adierazi du LABeko ordezkariak: “Emakumeok* egiten ditugun lanek balioa dute, bizitza sostengatzeko balio dute hein handi batean eta hori aldarrikatzen dugu, merezi eta behar duten balioa aitortzea. Zapalkuntza ardatz gehiagorekin gurutzatzen denean, izan jatorria, aniztasun funtzionala… generoagatiko soldata arrakala handitu egiten da”.

Sindikatuaren aldarrikapenak ere zerrendatu ditu:

  1. Soldata arrakalarekin amaitzeko, sexuaren araberako lan banaketarekin apurtzea: lan produktiboa ez da erreproduktiboa baina inportanteagoa ezta balio handiagokoa. Zaintza lanei balio haundiagoa ematea.
  2. Zor patriarkala ordaintzea.
  3. Emakumeon* lanen debaluazioa iraunarazten duten patronalak zein instituzioak ardura hartzea. Sektore maskulinizatu zein feminizatuen arteko soldatak parekatzeko konpromisoa.
  4. Zaintzarako euskal sistema publiko-komunitarioa.
  5. Emakume* migratu eta arrazializatuen egoera jasotzen duten estatistikak sortzea eta enplegu eta eskubideen arteko lotura apurtzea. Inor ez da ilegala!
  6. Pribatizatutako sektore publikoko zerbitzuetan alderdi politikoen borondatea egoerari buelta emateko (publifikazioak, gutxieneko lan baldintza esleipenetan… enpresa pribatuei muga zehatzak jartzea…).

Patronala eta instituzioak jo ditu egoeraren erantzuletzat: “Patronalak soldata arrakalaren erantzule eta iraunarazle diren bezala, instituzio publikoak ere erantzule zuzenak dira: Zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean, zaintza lanekin negozioa egiten duten bakoitzean…”, gaineratu du Isasik.

Helduen egoitzetan lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzua duintzeko ordua dela adierazi diogu Gipuzkoako Aldundiari

Gaur Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Arduradunak Zestoako Udal Liburutegian Liburu Berdearen (GFAren Helduen Egoitzetarako Plan Orokorraren) aurkezpena burutu du.

LABetik, zaintza sektoreetako langileekin batera, gaurko aurkezpenaren izaera elektoralista eta gezurtia salatu nahi dugu. PNVren hitz politen atzean, zerbitzu publikoen pribatizazio eredua, lan baldintzen prekarizazio prozesua eta zaintzaren negozioa ezkutatzen dituztelako.

LABetik argi dugu kalitatezko zaintza zerbitzu publikoak jasotzeko eta zaintza lanak baldintzarik duinenetan burutzeko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugula; bide horretan, Gipuzkoako Helduen Egoitzetako Hitzarmena eta ratioen hobekuntza ezinbesteko baldintzak direlarik.

Azkenfinean, onartezina baita Gipuzkoako Foru Aldundiak diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoen pribatizazioaren bitartez enpresen interes ekonomikoak lehenestea, kalitatezko zaintza sistema publiko, doako eta komunitarioa lehenetsi beharrean.

Greba deitu dugu Osasunbidean martxoaren 23rako

Joan den otsailaren 15ean, Osasunbideko eta Foru Administrazioko milaka langilek eta Zerbitzu Publikoen defentsarekin konprometitutako herritar askok Iruñeko kaleak bete zituzten, zerbitzu horiek ematen dituzten langileentzako lan-baldintza duinak aldarrikatuz. Goizeko kontzentrazioak, Nafarroako Jauregiaren ondoan, eta arratsaldeko manifestazioak parte-hartze handia izan zuten, eta greba-egun baten arrakastaren benetako adierazlea izan ziren. Bestalde, greba-egun hori ezin da parametro konbentzionaletan neurtu, Administrazioan enpresari kalte egiten dion ekoizpen-jarduerarik geldiarazten ez den unetik, beti gehiegizkoak izaten diren gutxieneko zerbitzu batzuez gain.

Hala ere, eta aldarri hori gorabehera, Nafarroako Gobernuak sindikatuen eskaerak benetan negoziatzeari uko egiten jarraitzen du. Osasun Sailak eta greba-batzordeak hilaren 15a baino lehen izandako bilera bakarra ezin etsigarriagoa izan zen, Administrazioak mahai gainean jarritako aldarrikapen guztiak bata bestearen atzetik arbuiatuz eta sindikatuek beren planteamenduei egindako alegazio bakar bat ere onartu gabe.

Hilaren 17ko Mahai Orokorraren bilera ere ez zen desberdina izan, eta Osasun Sailak Medikuen Sindikatuarekin lortutako akordioa inposatzen jarraitu zuen, beste proposamen sindikal batzuei buruz hitz egin nahi izan gabe.

Nafarroako Gobernuak legealdi osoan iruzur egin digu, ordainsari igoerarik ezin dela egin esanez. Orain medikuen soldata hamahiru milioi euroko kostuarekin igoko du eta uko egiten dio edozein soldata hobekuntza plantillara hedatzeari, krisi ekonomikoaren testuinguruan, non langile publikoek gasaren, erosketa-saskiaren, gasolinaren eta hipotekaren igoera handiari aurre egin behar baitiote, gainerako herritarrei gertatzen zaien bezala.

Administrazioak uko egiten dio desberdintasun ugariak zuzentzeari, langileen zati bati prestakuntzan emandako denbora konpentsatzeari, zerbitzu publiko hobea eskaini ahal izateko. Baina bai ordea, beste kolektibo batzuei karrera profesionalaren bidez konpentsatzen die. Eta, era berean, ez ditu sindikatuak plantillak behar bezala egituratu eta dimentsionatuko dituen antolaketa-eredu bat eraldatzen parte hartzea nahi.

Administrazioak Medikuen Sindikatuarekin baino ez du negoziatzen, eta, Osasuneko zuzendari nagusiaren beraren arabera, greba deitu baino lehen egiten du, hau da, edozein negoziazio-eremu legitimotatik kanpo. Gainerakoei bere antzerkiaren parte izatea baino ez digu eskaintzen, figurante soil gisa.

Horregatik, LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuok, otsailaren 15ean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan greba deitu zutenek, gobernuaren itxikeriaren eta negoziatzeko borondate ezaren aurrean, baina langileek hilaren 15eko mobilizazioei emandako babes zalantzagabeak ematen dien legitimazioarekin, martxoaren 23an beste greba-egun bat deitu behar dute, lantokietan batzarrak eta beste protesta-ekintza batzuk egin ostean.

Era berean, egungo Osasuneko zuzendari nagusiaren solaskide gisa konfiantza erabat galdu dutela jakinarazi dugu, medikuen kolektiboarekin zerikusirik ez duen edozein eskarirekiko entzungor, proposamenen klasismo nabarmena eta sindikatuekiko tratu desberdina direla-eta. Hori dela eta, greba-batzorde honekiko interlokuzioa ez izateko eskatzen dugu, greba gertatzen denean. Bada garaia funtzio publikoa azaltzeko, eta ez Artundo jaunak, zergatik ezin den Osasunbidean plantilla osoarentzat lan-hobekuntzarik ezarri. Zergatik, kolektibo batzuentzat aurrekontua badago eta ez beste batzuentzat. Zergatik ez du, eta ez du lehentasunik izan Osasunbideko plantillak, eta zergatik jarraitzen duen mantentzen eta kreditua ematen Osasuneko zuzendari nagusi honek, agerian utzi baitu ez dagoela tresna negoziatzailerik eta interesik kalitatezko osasun-sistema publiko bat balioesteko eta garatzeko, ustezko “hobekuntzen” banaketa interesatu, elitista eta ezeraginkorraz harago.

Gorabideko batzordeak 6 greba-egunetarako deialdia egin du, enpresako zuzendaritzak negoziatzeko borondaterik ez duela ikusita

Gorabideko enpresa batzordeak, LABeko 15 ordezkari, ELAko 5 ordezkari eta ESKko 3 ordezkariz osatua, oso positibotzat jo du otsailaren 8ko greba-eguna. Grebaren eragina oso handia izan zen, eta 400 langile mobilizatu ziren Bilboko kaleetan. Orain, enpresaren zuzendaritzak negoziatzeko borondaterik ez duela ikusita, 6 greba egun deitu dituzte, otsailaren 28an eta martxoaren 1, 27, 28, 29 eta 30ean.

Enpresaren zuzendaritzaren jarrera salatzen dute, akordio batera hurbilduko dituen negoziazio serio bati aurre egin nahi ez diolako. Egoera horren aurrean, 6 greba-egun deitu behar izan dituzte.

Gorabide, adimen desgaitasuna duten pertsonen familiek osatutako elkarteak, 37 zerbitzu kudeatzen ditu Bizkaia osoan. Enpresa honetan 600 pertsonak lan egiten dute eta aniztasun funtzionala duten ia 5.000 lagun artatzen dituzte.

Zerbitzuaren ardura, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gizarte Ekintza Sailaren arduraduna den Sergio Murillorena da.

Gorabideko zuzendaritzak, hitzarmenaren negoziazioa blokeatu du. Honen ondoren, langileek enpresari eskaera minimo batzuk dituen plataforma aurkeztu diote:

  • Erosteko ahalmena ziurtatuko duen soldata igoera, gutxienez KPIaren igoera aplikatuta.
  • % 40ko behin-behinekotasuna murriztuko duten neurriak hartu.
  • Baldintza ezegonkorren aurrean kalitatezko lanaldia.
  • Kontziliazio neurriak langileontzat.

Gogoratu nahi dute, pandemiak iraun duen 2 urte hauetan, langileak ezinbestekoak izan direla; momentu oro erakutsi dutela beren konpromisoa, eta Gorabideko zuzendaritzak, hori eskertu ordez, muzin egin diola eurekin akordioa lortzeari, 2019tik hona erosteko ahalmena 300 euro murriztu dela jakin arren.

Hori guztia gutxi ez balitz, Gorabideko zuzendaritzak inposaturiko lan egutegiak barne hitzarmenean jasotako kontziliazio neurriak mugatzen ditu.

Beraz, Gorabideko zuzendaritza eta Txema Franco gerentearen akordioetarako borondate ezaren ondorioz, otsailaren 28rako eta martxoaren 1, 27, 28, 29 eta 30erako deitu dute greba.

Bukatzeko, zera adierazi nahi dute: enpresak bere horretan jarraituz gero, behar diren greba egunak antolatuko dituztela akordioa lortu arte.